102. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

44/2023 FORU AGINDUA, apirilaren 27koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2022ko ekainean Nafarroako Foru Komunitatean izandako suteek nekazaritzako ekoizpenetan eragindako galerak konpentsatzeko laguntzen oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 691651.

2022ko ekainean, udaberriaren hasieratik zetorren prezipitaziorik ezak eta, hari gehituta, maiatzaren bigarren hamabostaldian eta ekaineko lehen egunetan izan ziren muturreko tenperaturek Nafarroako Foru Komunitatean larritasun handiko suteak eragiteko moduko baldintzak ekarri zituzten.

Sute horiek aldi berean gertatu ziren Nafarroako Foru Komunitateko hainbat udalerritan, noiz eta neguko zerealaren eta beste belarki-labore estentsibo batzuen uztaldia hasi berritan, hala nola koltzarena, ilarrena eta babena.

Sute horien ondorioz, 16.000 hektarea baino gehiago erre ziren, eta horietatik 2.000 hektarea baino gehiago belarki-labore estentsiboak ziren, gehien-gehienak biltzeko zeudenak.

Egoera horren aurrean, Ministro Kontseiluaren 2022ko ekainaren 27ko Erabakiaren bidez, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitatea babes zibileko larrialdi batean larri kaltetutako eremu deklaratu zuten, gertatutako suteen ondorioz.

Nafarroako Gobernuak eta Nekazaritzako Aseguruen Estatuko Entitateak (ENESA) elkarrekin sustatzen dute nekazariek eta abeltzainek nekazaritza aseguruak izenpetzea, uste baitute nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpenek dituzten arrisku ugariak kudeatzeko tresnarik onena direla. Horretarako, baliabide ekonomiko handiak bideratzen dituzte aseguruen kontratazioaren kostua diruz laguntzeko, haiekin hainbat ezbehar estaltzen baitira, besteak beste, suteak.

Belarki-labore estentsiboen gaineko aseguru-lerroaren asegurua oso hedatua dago Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritza sektorean, eta, beraz, suteengatik galdutako ekoizpen gehienek bazuten galera horiek hein batean estaltzen dituen asegurua.

Hala ere, kanpaina honetan, batez ere Ukrainako gatazka belikoak ekarri duen merkatuaren egoera dela-eta, desoreka handia dago galdutako ekoizpenengatik ordaintzen den kalte-ordainen prezioaren eta merkatuan lortuko zuketen prezioaren artean. Horrek guztiak esan nahi du, aurreko urteetako merkatuko erreferentzia prezioen arabera ordaindu direnez gero ezbeharragatik ekoizpenetan izandako galeren kalte-ordainak, ez direla estali nekazariek kanpaina honetan izan dituzten ekoizpen kostuak, oso handiak izan baitira aipatu gatazkaren ondorioz.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 10eko 11/2009 Foru Legeak 2. artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuan dagokion unean eskumena duen departamentuak foru agindu baten bidez prestatuko du udal eta herritar kaltetuen zerrenda, izan ditzaketen laguntzekin batera. Gobernu Kontseiluak berretsi beharko du foru agindua, egiten duen lehenbiziko bilkuran.

Gai honetan eskumena duen departamentua Lurralde Kohesiorako Departamentua da, aintzat hartuz haren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuan xedatutakoa. Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 28ko 48/200 Foru Aginduaren bidez, 2022ko ekainaren 15a eta 23a bitartean Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako suteek kaltetutako udalerrien zerrenda onetsi zen.

Hondamendi naturalek eragindako kalteak konpentsatzeko laguntza hauek Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 37. artikuluaren esparruan sartzen dira; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2022ko L 327. EBAO, abenduaren 21ekoa).

Erregelamendu horren aplikazio eremuak laguntza horietatik kanpo uzten ditu gauzatu gabe dagoen berreskuratze agindu baten mende dauden onuradunak, Batzordeak laguntzak legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren. Nolanahi ere, krisi egoerak konpentsatzeko laguntzen testuinguruan, esate baterako, hondamendi naturalek eragindako kalteak konpentsatzeko laguntzetan, garrantzitsua da azkar jardutea. Horregatik, era horretako egoeretan ez da aplikatu behar laguntzetatik baztertzea.

Bestalde, krisian dauden enpresei emandako laguntzak, oro har, erregelamendu horren aplikazio eremutik kanpo geratu behar dira; izan ere, krisian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu laguntzei buruzko gidalerroen arabera ebaluatu behar dira horrelako laguntzak. Hala ere, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduak adierazten duen bezala, Tratatuaren 107. artikuluaren 2. apartatuko b) letraren arabera, erregelamendua krisian dauden enpresei ere aplikatu behar zaie, baldin eta laguntzak hondamendi naturalek eragindako kalteak konpentsatzeko badira.

Konpentsatu beharreko kalteak apartekoak direla ikusita, bidezkoa da laguntza hauen interes publikoa deklaratzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen ondorioetarako.

Ikusirik Nekazaritza Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuaren oniritzia.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2022ko ekainean Nafarroako Foru Komunitatean izandako suteek nekazaritzako ekoizpenetan eragindako galerak konpentsatzeko laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen I. eranskinean jasotzen den moduan, eta laguntzari uko egiteko eredua onestea, II. eranskinean jasotzen den moduan.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua onestea, bai eta entitatearen gobernu organoen osaerari eta kargudunen ordainsariei buruzko ereduak ere. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinetan daude jasota eredu horiek, eta bederatzigarren oinarrian ezarritako esteken bidez eskura daitezke.

3. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen dute, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.

4. Foru agindu honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 400.000 euroko gastua baimentzea 2023ko Nafarroako gastuen aurrekontuko "Suteek nekazaritzako ekoizpenetan eragindako kalteentzako laguntzak" izeneko 710000 71200 4700 412109 partidaren kargura.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta oinarri arautzaile hauek Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean (NGDDB) erregistratzea.

6. Laguntza hauek izenpetutako aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak dira betiere, ordena horretan, baita Estatuaren edo Europar Batasunaren esparruan antzeko egoerei aurre egiteko egon daitezkeen beste laguntza batzuenak ere, eta, bereziki, Espainiako Gobernuak aplikatuta ezartzen ahal direnenak. Horretarako, koordinazio egokia izan beharko da bi administrazio publikoen artean, baliabide publikoak modu eraginkorrean kudeatzea zailtzen duten gainjartzeak edo irizpide desberdinak egon ez daitezen.

Ondorio horietarako, balizko onuradunek, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, polizen titular diren aseguru-etxeetan tramitatu beharko dituzte konpentsazioak, eta, bidezkoa bada, Estatuko zein Europar Batasuneko administrazioei ere eskatu dagozkien laguntzak.

7. Salbuetsitako laguntzaren neurriari buruzko informazio laburtua igortzea Batzordeari, jakinarazpen elektronikoa egiteko duen sistemaren bidez, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako formatu normalizatuan, esteka batekin batera, laguntzaren neurriaren testu osoa eskuratu ahal izateko, aldaketak barne, indarra hartu eta hogei egun balioduneko epean.

8. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2023ko apirilaren 27an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA.–2022KO EKAINEAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN IZANDAKO SUTEEK NEKAZARITZAKO EKOIZPENETAN ERAGINDAKO GALERAK KONPENTSATZEKO LAGUNTZEN DEIALDIA ETA OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehen oinarria.–Laguntzen araubide honetatik salbuesteko baldintzak.

1. Laguntzen araubide hau Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 37. artikuluan jasotzen diren aplikazio eremuaren, salbuesteko baldintzen eta laguntza kategorien esparruan sartzen da; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2022ko L 327. EBAO, abenduaren 21ekoa).

2. Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 1.4.a.i), 1.4.b) eta 1.5.f) artikuluetan 37. artikulu horretarako ezarritako salbuespenekin, laguntza hauek aipatu erregelamenduaren aplikazio eremutik kanpo geratzen dira honako kasu hauetan:

a) Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, berreskuratze agindu baten zain dauden enpresentzako banakako laguntzak ematen diren kasuan.

b) Aipatu a) letran jasota dauden enpresei ad hoc emandako laguntzen kasuan.

c) Batzordearen abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluan definitzen diren moduan krisiak jota dauden enpresentzako laguntzak direnean.

3. Laguntzen araubide honek 2023ko abenduaren 31ra arte iraunen du.

Bigarren oinarria.–Deialdiaren xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea 2022ko ekainean Nafarroako Foru Komunitatean izandako suteek nekazaritzako ekoizpenetan eragindako galerak konpentsatzeko laguntzetarako, nekazaritza sektorean jardunean diren enpresa txiki eta ertainei zuzenduta.

2. Oinarri arautzaile hauetan ezarritako laguntzak izenpetutako aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak izanen dira beti, ordena horretan, baita Estatuaren edo Europar Batasunaren esparruan antzeko egoerei aurre egiteko aplika daitezkeen beste laguntza batzuenak ere.

Hirugarren oinarria.–Onuradunak, betekizunak eta betebeharrak.

1. Laguntza hauen onuradun izanen dira jardunean diren nekazaritzako ustiategi txiki eta ertainen titularrak, baldin eta ustiategiek enpresa txiki eta ertainen izaera badute, Batzordearen abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera, eta Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 28ko 48/2022 Foru Aginduan zehaztutako lurralde esparruan kokatuta badaude, foru agindu horren bidez onetsi baitzen 2022ko ekainaren 15a eta 23a bitartean Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako suteek kaltetutako udalerrien zerrenda.

2. Nekazaritzako ekoizpenetan izandako galerak konpentsatzeko laguntza hauek bideratuko dira ezbeharraren unean nekazaritzako aseguruen poliza bat, belarki-labore estentsiboetarako 309. lerrokoa, izenpetua zuten laboreetarako, eta Agroseguro SAk egindako balorazioen arabera, betiere.

3. Betebeharrak:

a) Hala bada, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinaraztea xede bererako beste dirulaguntza batzuk, edozein administraziorenak, eskatu edo lortu direla.

b) Administrazioaren kontrolak erraztea eta baimena ematea laguntzak kalkulatzeko behar diren datu guztiak egiazta ditzan.

c) Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

d) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntzak jaso izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

Laugarren oinarria.–Laguntzak eskatzea.

1. Laguntza eskaeratzat hartuko da kaltetutako titularrak ezbeharraren deklarazioarekin egindakoa eta dagokion tasazio akta, Agroseguro SAk egina, 2021. urteko Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Planeko (42. Plana) 309. lerroko aseguru polizari dagokionez.

Horretarako, foru agindu honetan ezarritako laguntza eskaerak izapidetu eta kudeatzeko helburu hutsarekin, laguntzaren eskatzaileak bere datuak hirugarrenei lagatzeko baimena aurkeztu beharko du, Agroseguro SAri berariaz baimena emateko bere poliza izapidetzetik datozen datuak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuari laga diezazkion.

Datuak lagatzeko baimen hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuan aurkeztu behar da, III. eranskinean jasotako ereduaren arabera, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik 15 eguneko epean. Eskatzailea pertsona juridikoa bada, telematikoki igorri beharko du, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluarekin bat. Aldiz, eskatzailea pertsona fisikoa bada, aurrez aurre aurkezten ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egoitzan (González Tablas kalea 9, Iruña, Nafarroa), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutako edozein lekutan.

Beren datuak lagatzeko baimen hori ematen ez duten kaltetuek dagokion laguntza eskaera aurkeztu beharko dute, ezbehar deklarazioarekin eta Agroseguro SAk egindako tasazio aktarekin batera, 2021. urteko Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Planeko (42. Plana) 309. lerroko aseguru polizari dagokionez.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hilabeteko epean, onuradunen behin-behineko zerrenda argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen katalogoan.

Titularrek 5 eguneko epea izanen dute, onuradunen behin-behineko zerrenda hori argitaratzen denetik, laguntzari uko egiteko. Horretarako eredua foru agindu honen II. eranskinean dago (Uko egiteko eredua).

3. Onuradunek edo zerrendan agertzen ez diren interesdunek epe bera izanen dute akatsak, omisioak edo egoki iritzitako bestelako gorabeherak alegatzeko, eta, horretarako, kasuan kasuko agiriak aurkeztu beharko dituzte.

4. Epea igarota eta aurreko 2. eta 3. puntuetan aipatutako alegazioak ebatzita, foru agindu honen zazpigarren oinarrian zehaztutakoari jarraituko zaio.

Bosgarren oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoak.

1. Agroseguro SAk kalteei buruz egindako tasazioaren datuetan oinarrituta kalkulatuko da 309. lerroan aseguratutako nekazaritzako ekoizpenetan suteek eragindako galerak konpentsatzeko laguntza.

2. Jaso beharreko laguntzaren zenbatekoa izanen da Agroseguro SAren kalte-ordaina jasotzen duten ekoizpenak ondoko indize hauekin biderkatzearen emaitza:

LABOREA

INDIZEA
(euro/tona)

Gari biguna

47

Gari gogorra

102

Tritikalea

65

Garagarra

47

Oloa

48

Ilarra

30

Babak

76

Baba beltzak

36

Zalkea

75

Koltza

105

Indizeen kalkulua Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 37. artikuluaren 7. eta 8. puntuetan xedatutakoaren arabera zehaztu da, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuak (INTIA) kalteei buruz egindako ebaluazioan oinarrituta.

3. Laguntzek eta galerak konpentsatzeko jasotako bestelako ordainketek, aseguru polizen ondoriozko ordainketak barne, ezin dute egin kostu diruz lagungarrien %100 baino gehiago.

Seigarren oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.

1. Foru agindu honetan araututako laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira, laguntza araubidean onartuak izateko baldintzak betetzen dituztenen artean.

2. Baldin laguntzak hartzeko baldintzak betetzen dituzten eskaera guztietako zenbatekoa handiagoa bada deialdi honetarako baimendutako gastuaren zenbatekoa baino, zenbatekoa hainbanatu eginen da, halatan non eskura dagoen zenbateko osoa banatuko den onartutako eskaeren artean, oinarritzat harturik eskatzaile bakoitzari dagokion gehieneko laguntza. Betiere, kostu diruz lagungarrien intentsitate portzentajea izanen da gehieneko laguntza.

Zazpigarren oinarria.–Deialdiaren antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.

1. Nekazaritza Zerbitzuak egiaztatuko du eskatzen diren beharkizunak betetzen ote diren, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.

2. Eskaerak ebaluatu eta gero, Nekazaritza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpenaren proposamena eginen du. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak bete dituztela frogatzeko txostena aurkeztuko da. Ebazpen-proposamena egiteko unean, laguntza eskatzen duenak egunean izan beharko ditu Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

3. Laguntzak eman eta ordainduko dira beharrezko egiaztapenak egin ondoren. Egiaztapen horietan sartuko da aseguruen kalte-ordainengatik jasotako zenbatekoak eta lurzati eta helburu bererako emandako laguntzak egiaztatzea, eta, halaber, eskatzailearen kontularitzako informazioa, trazabilitatekoa eta tratamenduen erregistrokoa kontuan hartzen ahalko da.

4. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du dirulaguntzak emateko ebazpena, arrazoituta, eta ebazpen horretan, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira.

5. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.

1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte.

2. Onuradunek konpromiso hauek hartuko dituzte:

a) Hartutako laguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuan jasotzea, indarra duen araudiaren arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

b) Baimena ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari 2022an beste dirulaguntza publikorik jaso den egiaztatzeko.

c) Baimena ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari onuradunaren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egiaztatzeko.

d) Laguntza ongi eman dela eta ondorengo konpromisoa betetzen dela egiaztatzeko Administrazioak egin behar dituen kontrolak onartzea.

e) Kudeaketa organoari jarraipen eta ebaluaziorako adierazleak prestatzeko beharrezkoak diren datuak ematea.

Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen gardentasun betebeharrak.

1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako erakunde pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/1+Declaracion+de+obligacion_eus.pdf

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

3. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hamargarren oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Laguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, 2023ko abenduaren 31 baino lehen.

2. Dirulaguntza ordainduko da organo kudeatzaileak laguntzen helburua betetzen dela egiaztatu ondoren. Horretarako, administrazio egiaztapenak eginen ditu nekazaritzako ustiategien erregistroko datu-baseetan, jarduera ekonomiko hori egiten jarraitzen dela egiaztatzeko. Emandako dirulaguntza ordainduko da behin zenbateko guztiak jakinda eta horiek deialdian erabil daitekeen diru-kopuruarekin alderatu ondoren, horrela, beharrezkoak diren murrizketak eta doikuntzak aplikatzen ahalko baitira, foru agindu honen seigarren oinarrian horri buruz xedatutakoaren arabera; eta, halaber, onuradunak gardentasun betebeharrak bete dituela egiaztatu ondoren.

Hamaikagarren oinarria.-Laguntzak metatzea.

1. Laguntza hauek bateragarriak eta subsidiarioak dira Foru Administrazioak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin. Onuradunak jakinarazi egin beharko ditu bai helburu bererako eskatzen dituen laguntzak bai azkenean lortzen dituenak.

2. Aurreko atalean zehaztu bezala laguntzak metatzen badira, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluak xedatzen duena bete beharko da.

3. Laguntzak honako hauekin metatzen ahal dira:

a) Estatuko beste edozein laguntza, baldin eta laguntza neurri horiek kostu diruz lagungarri eta identifikagarri desberdinei buruzkoak badira.

b) Estatuko beste edozein laguntza, kostu diruz lagungarri berberei dagokiena, zati batean edo osorik, baldin eta metaketa horrek ez badu gainditzen erregelamenduaren arabera laguntza horri aplikatzen ahal zaizkion laguntza intentsitaterik edo laguntza zenbatekorik handienak.

4. Laguntza hauek ezin dira metatu, kostu diruz lagungarri berberetarako, 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 145.2 eta 146. artikuluetan jasotako ordainketekin, baldin metaketa horrek berekin badakar Erregelamendu horretan ezarritako laguntzen intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

5. Estatuko laguntza hauek ezin dira metatu kostu diruz lagungarri berberetarako de minimis laguntzekin, baldin eta metaketa horrek berekin badakar Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren III. kapituluan ezarritako laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

6. Nekazaritzako ekoizpen potentziala berreskuratzeko inbertsioetarako laguntza –14.3.d) artikuluan jasoa– ezin da metatu 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 37. artikuluan jasotako kalte materialak konpentsatzeko laguntzarekin.

Hamabigarren oinarria.–Diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Deialdi honetan eskatutako betebeharrak bete ezean, dirulaguntza osorik edo zati batean itzuli beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketen, arau-hausteen eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluei jarraituko zaie.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, organo kudeatzaileak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamahirugarren oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea eta txostenak.

1. Foru agindu honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda zerbitzuen katalogoan argitaratuko da, zehazki, 2022ko ekainean Nafarroako Foru Komunitatean izandako suteek nekazaritzako ekoizpenetan eragindako galerak konpentsatzeko laguntzen fitxan.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak konpromisoa hartzen du laguntzen araubide honen aplikazioari buruzko urteko informazioa Batzordeari helarazteko, nekazaritza sektorean kalteak eragin zituen hondamendi naturalari buruzko informazio meteorologikoa barne.

3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hamar urtez gordeko ditu, laguntza ematen den egunetik aurrera, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkoak diren informazioaren eta dokumentazioaren erregistro xehatuak.

4. Ondorio horietarako, onuradunek datuen tratamenduari buruzko arauetan ezarritako eskubideak izanen dituzte, zehazki, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoak eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoak; izan ere, erregelamendu horren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko erregelamendu orokorra).

II. ERANSKINA.–LAGUNTZARI UKO EGITEKO EREDUA

USTIATEGIAREN TITULARRAREN DATUAK. USTIATEGI ZK.:

Deiturak eta izena:

NANa:

Honako hau ordeztuz:

IFZ:

Posta helbidea:

Posta kodea:

Posta elektronikoaren helbidea:

Telefonoa:

Herria:

Udalerria:

ESKATZEN DU:

Uko egitea 2022ko ekainean Nafarroako Foru Komunitatean izandako suteek nekazaritzako ekoizpenetan eragindako galerak konpentsatzeko laguntzei.

.............................................(e)n, 2023ko ............................................aren ........(e)(a)n.

Aitortzailearen sinadura,

III. ERANSKINA.–DATUAK HIRUGARRENEI LAGATZEKO BAIMENA

III. eranskin honetan agertzen diren pertsona eta entitateek BAIMENA EMATEN DUTE berariaz eta beren adostasuna adierazten dute Agroseguro SAk Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuari laga diezazkion haien datu pertsonalak, datozenak kaltetutako titularrak diren aldetik egin duten ezbehar deklaraziotik eta, orobat, hari lotuta Agroseguro SAk egindako tasazio aktatik, 2021. urteko Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Planeko (42. Plana) 309. lerroko aseguru polizari dagokionez, eta, nolanahi ere, 2022ko ekainean Nafarroako Foru Komunitatean izandako suteek nekazaritzako ekoizpenetan eragindako galerak konpentsatzeko laguntzak izapidetzeko eta kudeatzeko baino ez. Horretarako, beren ORDEZKARITZA ............................................................................... jaunaren/andrearen esku uzten dute, foru agindu honen laugarren oinarrian xedatutako ondorioetarako.

.............................................(e)n, 2023ko ............................................aren ........(e)(a)n

IFK / IFZ

PERTSONAREN EDO SOZIETATEAREN IZENA

SINADURA

Iragarkiaren kodea: F2306906