102. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

424/2023 EBAZPENA, apirilaren 21ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, baldintzak eta prozedura ezartzen dituena, zuzeneko ordainketa bidez, Nafarroan prestazio ortoprotesikoa kudeatzen laguntzen duten establezimenduen erregistroan inskribatutako establezimendu banatzaileari fakturatzeko.

Martxoaren 29ko 33/2023 Foru Dekretuaren bidez, prestazio ortoprotesikoa arautzen da, kanpoko ortoprotesien modalitatean, eta Nafarroan prestazio ortoprotesikoa kudeatzen laguntzen duten establezimenduen erregistroa sortzen da. Dekretu horren 8.1.a) artikuluaren arabera, establezimendu banatzaileari zuzenean ordaintzea da modalitate posibleetako bat.

Establezimendu banatzaileari zuzenean ordaintzeko aukera hori gauzatzeko, ordainketa hori egiteko baldintzak eta prozedura ezarri behar dira, aipatutako foru dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

Martxoaren 29ko 33/2023 Foru Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz,

EBAZTEN DUT:

1. Martxoaren 29ko 33/2023 Foru Dekretuaren bidez onetsitako katalogoan jasotako produktu ortoprotesikoak zuzenean ordainduko zaizkio establezimendu banatzaileari, ebazpen honen eranskinean aurreikusitako baldintzetan eta prozedurarekin bat.

2. Agintzea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1. c) eta 126.3 artikuluetan xedaturikoarekin bat.

Iruñean, 2023ko apirilaren 21ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

ERANSKINA.–ESTABLEZIMENDU BANATZAILEARI ZUZENEAN ORDAINTZEKO BALDINTZAK ETA PROZEDURA

Ukitutako erakundeak:

Zuzeneko ordainketaren modalitateari atxiki ahal izateko, establezimendu banatzaileek Laguntzen duten establezimenduen erregistroan inskribatuta egon behar dute, martxoaren 29ko 33/2023 Foru Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat (foru dekretu horren bidez, prestazio ortoprotesikoa (kanpoko ortoprotesien modalitatea) arautu zen, eta Nafarroan prestazio ortoprotesikoa kudeatzen laguntzen duten establezimenduen erregistroa sortu).

Banaketari buruzko datuak:

Zuzeneko ordainketaren modalitate hori erabili ahal izateko, ezinbestean, banatutako produktuek bat etorri behar dute Osasun Departamentuak kasuan kasuko establezimenduari emandako berariazko baimenean jasotako produktu-motarekin, bat etorriz urriaren 10eko 1277/2003 Errege Dekretuarekin (haren bidez, osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduen baimenei buruzko oinarri orokorrak ezarri ziren) eta irailaren 1eko 214/1997 Foru Dekretuarekin (haren bidez, osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduak sortu, eraberritu edo lekuz aldatu eta horien funtzionamendurako baimenak arautu ziren).

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak aplikazio informatiko bat jarriko du establezimendu laguntzailearen esku, prestazioaren kudeaketa integrala errazteko.

Establezimendu laguntzaileak une oro honako baldintza hauek bete beharko ditu produktua banatzeko:

–Medikuaren agindua, Prestazio ortoprotesikoen Extraneten erregistratua.

–Estatuko Osasun Sistemaren Produktu Ortoprotesikoen Eskaintzan (NOMENCLÁTOR) sartutako produktuak.

–Finantzaketaren gehieneko zenbatekoak.

–Preskripzioaren indarraldia.

–Banatutako produktuek bete beharko dituzte osasun produktuei buruzko araudiaren arabera aplikatu beharreko etiketatze-baldintza guztiak.

Banaketaren justifikazioa:

Banaketa egin ondoren, establezimenduak honako frogagiri hauek emanen ditu:

–Erabiltzaileari:

  • Tiketa edo entrega-agiria.
  • Osasun produktuak arautzen dituen urriaren 16ko 1591/2009 Errege Dekretuaren adostasun-adierazpena.
  • Bermea duten produktuetan, haren zigilua eta informazio-orria, ulertzeko moduan idatzita eta desgaitasunen bat duten pertsonentzat eskuragarri, produktua modu arruntean erabilita ahalik eta ondoen kontserbatzeko gomendio zehatzak ematen dituena, baita erabilera okerra saihesteko ohartarazpenak ere, bat etorrita prestazio ortoprotesikoaren arduradunak ezarritakoarekin.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari:

  • Establezimendu laguntzaileak banatutako produktuaren erregistroa Prestazio ortoprotesikoen Extraneten.
  • Jatorrizko preskripzioari atxikitako produktuaren barra-kodea edo zigilua, produktuaren serie-zenbakia eta lote-zenbakia adierazita, halakorik izanez gero.
  • Neurrira egindako produktuen kasuan, banaketaren arduradunak eta erabiltzaileak sinatutako entrega-agiriaren kopia.

Fakturazioa:

–Maiztasuna: hilean behin.

–Faktura: aurreko hilean egindako banaketek osatua.

–Bidaltzeko modua: faktura elektronikoa FACe plataformaren bidez.

–Ordainketa: banku-transferentzia bidez.

–Modalitatea: fakturazio indibiduala edo elkargo/elkartearena.

Fakturatzeko prozedura Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuari:

1. Aurrefakturazioa.

Establezimendu banatzaileak Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuari bidaliko dio dokumentazio hau, paperean entregatuko dena, salbu eta (TXT) fitxategia, enkriptatuta bidaliko baita posta elektronikoz:

–Aurrefaktura, FACen bidez izapidetu aurretik bidalia.

–Banatutako eta fakturan sartutako preskripzioen originalak, eta horiek banatu izanaren egiaztagiria.

–(TXT) fitxategia, informazio honekin banatutako produktu bakoitzeko:

  • Establezimenduaren kodea (RECESS baimen-kodearen arabera)
  • Fakturaren ordena (zenbaki korrelatiboa, banatutako jatorrizko preskripzioekin bat etorriko dena)
  • Fakturazio-aldia: HHUUUU.
  • Banaketaren data: EEHHUUUU.
  • Preskripzioaren identifikatzailea.
  • Pazientearen NAIKPa.
  • OTIa.
  • Preskripzioko produktuaren kodea.
  • Banatutako produktuaren kodea.
  • Produktuaren zenbatekoa (PSP).
  • Fakturaren zenbatekoa. (O-NOZek finantzatu beharreko zenbatekoa, PSPren araberako zenbatekoa; produktuaren FGZ; pazientearen ekarpena, produktuak baldin badu; pazientearen OTIa).

Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuak, lankidetzaren hasieran, hala TXT fitxategiaren ezaugarriak nola eskatutako gainerako dokumentuaren ereduak emanen dizkie establezimendu interesdunei.

2. Egiaztatze prozesua.

Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuak honako egiaztapen hauek eginen ditu:

–Fakturazio-lerroak berrikusiko ditu.

–Establezimenduari jakinaraziko dizkio hautemandako gorabeherak, zuzen ditzan eta behin betiko faktura bidal dezan FACe bidez.

–Fakturazio-lerroak garaiz eta behar bezala berrikusi ezin badira, faktura egiten duen establezimendu laguntzaileari jakinaraziko dio osorik ordainduko dela.

3. FACe bidez fakturatzea.

Establezimendu laguntzaileak FACe bidez bidaliko du behin betiko faktura, bai eta zuzenketa faktura ere, hala badagokio, gorabeherak dituzten fakturen lerroengatik.

Iragarkiaren kodea: F2306436