102. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

53/2023 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena eta eraikuntzako administrazio baimena ematen baitira Lodosako udal mugartean energia elektrikoa ekoizteko 8,25 MW-ko "Alba Renova C1" izeneko parke eolikoa eta haren ebakuazioko azpiegiturak eraikitzeko.

1.–2020ko abenduaren 23an egindako eskaera.

2020ko abenduaren 23an, Albayalde Renova SLk, Solar Fotovoltaica Navarra SLren ordezkari gisa, aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen energia elektrikoa ekoizteko 8,25 MW-ko (8,65 MWp) "Alba Renova C1" izeneko instalazioa eta haren ebakuazio azpiegiturak eraikitzeko, Lodosako udal mugartean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen dutena aplikatuz.

Aurkeztutako aurreproiektuan azaltzen zen "Alba Renova C1" instalazio fotovoltaikoa egitura finkoen gainean jarritako 16.170 modulu fotovoltaikok osatuko dutela.

"Lamparilla" instalazio fotovoltaikoarekin komunak diren ebakuazioko instalazioak, beste espediente baten xede, osatuko dituzte 20/66 kV-ko Transformazio Zentro batek eta 66 kV-ko linea elektriko batek, lotura egiteko han dagoen "Quel-Alcanadre 66 kV" linea elektrikoraino (I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes, SAUren jabegokoa).

2.–Aurreproiektuaren informazio publikoa.

Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluarekin bat etorriz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen Solar Fotovoltaica Navarra SL-ren eskaera, iragarkia argitaratuz 2021eko 63. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 11n, bai eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren webgunean ere.

3.–Kontsulten tramitea.

Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.3 artikuluarekin bat, 2021eko martxoaren 2an Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Ingurumen Eraginaren Atalari bidali zizkion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko Solar Fotovoltaica Navarra SL-k bidalitako eskaera eta hari erantsitako dokumentuak.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua betez, kontsulta egin zitzaion Lodosako Udalari.

Era berean, txostena eskatu zitzaien Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalari.

4.–Jasotako txostenak eta alegazioak.

Eskatutako txostenen, egindako kontsulten eta jendaurreko informazio tramitearen esparruan, txosten eta alegazio hauek jaso ziren:

–Txostenak:

  • 1. txostena.–Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzua, 2021eko ekainaren 15ekoa.
  • 2. txostena.–Lodosako Udala, 2021eko martxoaren 18koa.
  • 3. txostena.–Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala, 2021eko ekainaren 10ekoa (Lurraldearen Antolamenduaren Atalak eskatua).

Aurreko txostenen edukia ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da.

–Alegazioak:

  • 1. alegazioa.–Sustrai Erakuntza Fundazioa, 2021eko apirilaren 30ekoa.
  • 2. alegazioa.–Gurelur elkartea, 2021eko maiatzaren 4koa.
  • 3. alegazioa.–Nafarroako Ekologistak Martxan elkartea, 2021eko maiatzaren 5ekoa.
  • 4. alegazioa.–Nafarroako Ekologistak Martxan - Ongaiz elkartea, 2021eko maiatzaren 5ekoa.

Alegazio horien edukia ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen da.

5.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Bat etorrita abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluarekin, 2021eko abuztuaren 24an Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak arestiko txostenak eta alegazioak bidali zizkion Solar Fotovoltaica Navarra SLri.

6.–Epez kanpo jasotako txostenak.

4. apartatuan aipatutako txosten eta alegazioez gain, 2021eko abuztuaren 26an Ondare Arkitektonikoaren Atalaren txostena jaso zen (4. txostena) eta sustatzaileari bidali zitzaion 2021eko abuztuaren 30ean.

7.–Eraikuntzako administrazio baimenaren eskaera.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua aintzat hartuta, 2021eko azaroaren 22an Solar Fotovoltaica Navarra SLk eraikuntzako administrazio baimenaren eskaera aurkeztu zuen, hari erantsiz proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa aldatua, Ingurumen Eraginaren Atalak (000100492021000010 espedientea) eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak (0003-OT12-2021-000061 espedientea) eskatutakoaren arabera, eta dokumentazio hori bi Atal horiei bidali zitzaien.

Aurkeztutako dokumentazioan adierazten da "Alba Renova C1" instalazio fotovoltaikoa azkenean kokatuko dela Lodosako 6. poligonoko 321. lurzatian, eta 1. poligonoko 1814. lurzatian. Era berean, ebakuazioko azpiegiturak aldatzen dira, eta planteatu da lurpeko linea elektriko bat, 66 kV-koa eta 1.810 metrokoa, barneko azpiestaziotik Lodosan dagoen azpiestazio transformatzaileraino (I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes, SAU-ren jabegokoa).

8.–Jendaurreko bigarren aldia.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluarekin bat, jendaurrean jarri zen "Lamparilla" eta "Alba Renova C1" instalazio fotovoltaikoen ebakuazio azpiegiturak aldatzen zituen dokumentazioa, iragarkia argitaratuz Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 2023ko 31. zenbakian, otsailaren 14an, eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiko web orrian.

9.–Kontsulten bigarren tramitea.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluekin bat, otsailaren 13an, kontsulta egin zitzaien Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua betez, kontsulta egin zitzaion Lodosako Udalari.

Egun berean, "Lamparilla" eta "Alba Renova C1" instalazio fotovoltaikoen ebakuazio azpiegituren lurpeko linearen proiektuari zegozkion separatak tramitatu ziren, eta txostenak eskatu zitzaizkien Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes, SAUri eta Eólica Lodosa SLri.

10.–Jasotako txostenak eta alegazioak (jendaurrean jartzeko bigarren aldia).

Honako txosten hauek jaso ziren:

–Txostenak:

  • 2 bis txostena.–Lodosako Udala.
  • 4 bis. txostena.–Ondare Arkitektonikoaren Atala.
  • 5. txostena.–Eólica Lodosa SL.

Aurreko txostenen edukia ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da.

–Alegazioak: ez da alegaziorik jaso.

11.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Bat etorrita abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluarekin, 2023ko martxoaren 30ean Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak aipatu diren txostenak eta alegazioak bidali zizkion Solar Fotovoltaica Navarra, SLri.

12.–Ingurumen eraginari buruzko txostena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikulua betez, Ingurumeneko zuzendari nagusiak otsailaren 28an emandako 130E/2022 Ebazpenaren bidez, ingurumen eraginari buruzko txostena eman zen, bertan adieraziz Lodosa C1 eta Lodosa Lamparilla eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuek "ez dutela eragin nabarmenik ingurumenean, Ingurumen Eraginari buruzko Txosten honetan adierazitako terminoetan, eta beraz, ez dutela behar ingurumen ebaluazio arrunta", eta honako baldintza hauek adierazten zituen, besteak beste:

–Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko dira.

–Lurraren topografiak moduluen ezarpena errazten du, eta ez da eginen eremuaren inongo aldaketa topografikorik, edo oso txikiak izanen dira. Obra zibileko lur mugimenduak obraren sarbideak prestatzeko behar direnak bakarrik izanen dira; lurzorua soiltzea, sasi garbitzea, eta landare lurrak kendu, bildu eta ondoren berriz jartzea; azpiestazioa, moduluak eta ebakuazioko egiturak zimentatzeko indusketak; barne bideak; zangak ireki eta ixtea eta ingurua hesitzea.

–Ebakuazioko goi tentsioko linearen lur azpiko kondukzioa han dauden bideen ondotik eramanen da, eta obra bukatuta bideak leheneratuko dira, haien baliagarritasuna erabat berreskuratzeko. La Tejeria erreka zeharkatzeko lanak udan eginen dira, eta saihestuko da materialak, hormigoia edo solidoak ur ibilgura eramatea.

–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza erabiliko da, eta behar berezia izanez gero, sasi garbitzea makineriaz egitea baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

Ondoren, 2022ko maiatzaren 5ean, Ingurumen Eraginaren Atalak txostena eman zuen flora mehatxatuaren presentziari buruz, non "sustatzaileari eta organo nagusiari jakinarazten zaie Narcisius dubius flora katalogatuaren espeziea badela eguzki parke fotovoltaikoa ezarri nahi den eremuan". Erantsia dago Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuko Lizarra Hegoaldeko Barrutiak ofizioz egindako ikuskapenaren akta, detektatu diren landare multzoen kokapenak eta proiektua gauzatuz gero hartu beharreko neurriak azaltzen dituena.

13.–Lurzoru urbanizaezineko baimena.

2022ko urtarrilaren 26an, Solar Fotovoltaica Navarra SLk lurzoru urbanizaezineko jardueren baimena eskatu zuen. Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak eskaera hori Lurraldearen Antolamenduaren Atalera bidali zuen.

2022ko maiatzaren 10ean, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak errekerimendua bidali zuen (0001-OT02-2022-000065), eta sustatzaileak 2022ko abuztuaren 4an erantzun zuen.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren apirilaren 17ko 153E/2023 Ebazpenaren bidez, lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eman zen proiekturako.

14.–Aurretiazko administrazio baimena eta eraikuntzako administrazio baimena proposatzea.

Espedientean jasoa dago Solar Fotovoltaica Navarra SLren gaitasun legezkoa, teknikoa eta ekonomikoaren egiaztagiria.

Era berean, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen duenarekin bat, Solar Fotovoltaica Navarra SLk banaketa sarearen kudeatzailearen baimena du sarbidea eta konexioa egiteko.

Espedientean dagoen dokumentazio guztia aintzat hartuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Ebazpen honen I. eta II. eranskinetan adierazitakoaren arabera informatzen du.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura behar bezala egin dela, eta proposatu du Solar Fotovoltaica Navarra, SLk eskatutako aurretiazko administrazio baimena eta eraikuntzako administrazio baimena ematea.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio baimena ematea Solar Fotovoltaica Navarra SLri, energia elektrikoa ekoizteko "Instalación Solar Fotovoltaica Alba Renova C1" izeneko 8,25 MW-ko (8,65 MWp) instalazioarentzat eta haren ebakuazio azpiegiturentzat Lodosako udal mugartean, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 28ko 130E/2022 Ebazpenean eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 17ko 153E/2023 Ebazpenean ezarritako baldintzak betetzearen menpe.

2. Aurkeztutako proiektuak onestea ("Alba Renova C1" eguzki instalazio fotovoltaikoaren proiektua, Aitor Rodríguez Centenok sinatua; "Alba Renova" 66/20 kV 20 MVA-ko azpiestazio tranformatzaile berriaren proiektua, David Remírez de Ganuza Satrústeguik sinatua; eta "FV Alba Renova C1 eta FV Lamparilla" parkeen ebakuazioko 66kV-ko goi tentsioko lurpeko linearen proiektua, David Remírez de Ganuza Satrústeguik sinatua), lanak egiteko hogeita hamasei hilabeteko epea emanez.

3 Instalazioak aurkeztutako dokumentazioari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute honako hauetan xedatutakoarekin: Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua; Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua; eta Behe tentsiorako Erregelamendu elektroteknikoa onesten duen abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretua.

4 Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak ustiatzeko baimena eskatu beharko du. Eskaera horri obra amaierako ziurtagiria erantsi beharko zaio, teknikari eskudunak izenpetua, bai eta aplikatzekoa den araudian adierazitako gainerako dokumentazioa ere.

5 Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

6. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurralde Antolamenduaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura eta Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

7 Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

8. Ebazpen hau jakinaraztea elkarte hauei: Solar Fotovoltaica Navarra SL; I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU; Sustraia Erakuntza Fundazioa; Gurelur; Nafarroako Ekologistak Martxan; Ongaiz Ekologistak Martxan; eta Eólica Lodosa; eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, espediente zenbakia adieraziz.

9 Ebazpen hau jakinaraztea Lodosako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta ohartaraztea beronen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko apirilaren 18an.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA.–JASOTAKO TXOSTENAK

Ondoren, kontsulten izapidearen eta jendaurreko aldien ondorioz jaso diren txostenen zerrenda eta haien eduki laburbildua jaso ditugu:

1. txostena.–Lurraldearen Antolamenduaren Atala.

2021eko ekainaren 15ean, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 0003-OT12-2021-000061 txostena eman zuen:

2 eta 2 bis txostenak.–Lodosako Udala.

Lodosako Udalak, bere bi txostenetan, adierazi du proiektua bateragarria dela indarra duen hirigintza plangintzarekin. Hirigintzaren ikuspegitik, lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak dira, eta horien ezarpenak 1/2017 LFDaren (LAHFLTBO) 117. artikuluan ezarritako prozedura bete beharko du.

3. txostena.–Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala.

Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalak, 2021eko ekainaren 10ean, adierazi zuen "Solar Fotovoltaica Navarra SLk sustatzen duen Alba Renova eguzki instalazio fotovoltaikoa Lodosako udal mugarteko 6. poligonoaren 321. lurzatian jartzeak (0003-OT12-2021- 000061 espedientea) ez duela ukipenik eragiten orain dauden ureztalurretan, baina ukipen larria eragiten duela Nafarroako Foru Komunitateko Ureztalurren Planean, eta beraz, bateraezina dela ureztalurren Foru Planean eremu horretarako aurreikusten diren balio eta erabilerekin".

Erantzuna: espedientean jaso da Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak martxoaren 24an emandako 194/2023 Ebazpena; haren bidez baimen espresua ematen da Solar Fotovoltaica Navarra SLk eskatutako "Alba Renova C1" eta "Lamparilla" eguzki instalazio fotovoltaikoak Lodosako udal mugarteko 6. poligonoko 321. lurzatian eta 1. poligonoko 1814. lurzatian, hurrenez hurren, jartzeko proiektuentzat, lurzati horiek kendu ondoren Nafarroako Kanalaren 1. fasearen hedapeneko Eremu Osagarritik.

4. eta 4. bis txostena.–Ondare Arkitektonikoaren Atala.

Ondare Arkitektonikoaren Atalak eman dituen bi txostenetan jakinarazi duenez, "aurkeztutako dokumentazioa ikusita ez dago Ondare Arkitektonikoaren Atalari dagokion eraginik".

5. txostena.–Eólica Lodosa SL.

Eólica Lodosa SLk, 2023ko martxoaren 17an eta 21ean aurkeztutako idazkietan, honako hau adierazi zuen:

1. Eguzki instalazio fotovoltaikoaren kokapena parke eolikoarekiko:

La Lomba parke eolikoa eta planteatu diren proiektuen arteko hurbiltasun fisikoa handia izanik, ez da ulertzen Eólica Lodosa SLri horren berri ez ematea lehenago.

2. Eólica Lodosa hobetu eta garatzeko etorkizuneko aukerak kaltetzea.

Proiektatu diren azpiegiturek deuseztatuko lukete Eólica Lodosa SLk La Lomba parke eolikoa hibridatzeko proiektuak egiteko aukera. Era berean, ezinezkoa izanen litzateke Eólica Lodosa SLren instalazioaren potentzia handitzea.

3. Ukipena La Lomba PEaren ebakuazioko azpiegiturari.

"Lamparilla" eta "Alba Renova C1" instalazio fotovoltaikoen ebakuazioko lineari dagokionez, ez dirudi logikoa denik marraketa bera aukeratzeak, guztiz bat eginez lehendik dagoen azpiegitura baten marraketarekin (La Lomba PEaren ebakuazio linea). Beste alde batetik, ebakuazio linearen marraketa, separatan irudikatu den moduan, ez dator bat egun ustiatzen ari den lurpeko ebakuazio linearen egiazko marraketarekin.

Gauzak horrela, Eólica Lodosak ondorio hau adierazten du:

–Haren irudiko, bateraezina da "Lamparilla" eta "Alba Renova C1" eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuak planteatu den kokapenean baimentzea. Era berean, bateraezina jotzen du sustatzaileak instalazio fotovoltaikoaren ebakuaziorako diseinatu duen marraketa, eta orobat, Lodosa azpiestazio transformatzailearekiko konexioa egiteko proposatu duen konponbidea ere.

Aurkeztu den planteamenduak arazo larriak eragiten dizkio parke eolikoaren funtzionamenduari, eta arrisku nabarmena pertsonentzat, eta gatazka handia, instalazioetan matxurak eta kalteak eragiten badira.

Otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuaren ITC LAT-07 instrukzioak emandako irizpide orokorraren arabera, "Eroale biluzien aireko lineak", instalazio fotovoltaiko berriak ezin dira kokatu 122 metro baino hurbilago, aerosorgailu bakoitzaren oinarritik.

Hori guztia dela eta, Eólica Lodosa SLk gaian eskuduna den erakundeari eskatzen dio baimenik ez emateko aurkeztutako proiektuei, eta Solar Fotovoltaica Navarra SLri eska diezaion beste kokapen eta marraketa bat aurkezteko.

–Solar Fotovoltaica Navarra SLk planteatutako instalazioei baimena ematen bazaie, Eólica Lodosa SLk bere esku gordetzen du egoki iruditzen zaizkion legezko ekimenak abiarazteko eskubidea, eta orobat, Solar Fotovoltaica Navarra SLri eskatzekoa bere gain har ditzan instalazioen hurbiltasunak eragiten ahal dituen istripuen era guztietako erantzukizunak, ekoizpena galtzeagatik irabazietan izaten ahal diren galeren kostu guztiak, instalazioen gastu finkoak, gerta daitezkeen geldialdietan, lanesku propioaren (edo azpikontratatuaren) gastuak, kudeaketa lanak, aseguruak, konpainiaren irudiari geldialdi luzeengatik eragindako kalteak, geldialdiaren ondoren martxan jartzeak eragiten dituen kostuak, edo bestelako edozein kalte; guztiak Solar Fotovoltaica Navarra SLri ordainaraziko zaizkio, Eólica Lodosa SLk egindako kuantifikazio onenaren arabera.

Erantzuna:

Proiektuko 66kV-ko lurpeko lineak La Lombako parke eolikoaren ebakuazio azpiegiturari eragiten ahal dion ukipena dela eta, sustatzaileak dio bidearen zabalera aski dela dagoen linea eta proiektuan planteatzen den linea hartzeko. Otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuaren ITC-LAT 06 instrukzioan ezarritako segurtasun distantziak gordeko dira, zehazki, 5. kapituluan jasotakoak, "5. Gurutzatzeak, hurbiltasunak eta paralelotasunak".

Instalazio fotovoltaikoei buruz adierazitako gainerako alegazioei dagokienez, sustatzaileak hau adierazi du:

–Ingurumena Zaintzeko Planak ezartzen du aerosorgailu bakoitzaren prospekzio eremua zirkularra izanen dela. Eremu horren diametroa errotorearen diametroa baino %10 handiagoa izan behar da, gutxienez. Sustatzailearen arabera, La Lomba PEren aerosorgailuen errotorea 82 metrokoa da (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Mehatzeen Zerbitzuan dauden datuen arabera txikiagoa da) eta beraz, Ingurumena Zaintzeko Planaren arabera, prospekzio eremuaren radioak 45 metrokoa beharko luke. Sustatzaileak plano berri bat aurkeztu du, non frogatzen duen instalazio fotovoltaikoa eta haren hesia 1 eta 2 aerosorgailuetatik 45 metroko radioko eremutik kanpo geratzen direla.

Otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuaren ITC-LAT 07 instrukzioak adierazten duenez, eroale biluzien aireko linea elektrikoen segurtasun arrazoiengatik, ezin da aerosorgailu berririk jarri hegalen zortasun eremuan, aerosorgailuaren osoko altueran handituta, pala barne dela, gehi 10 metro, definitzen den lur zerrendan. Sustatzaileak argitzen du ez plaka fotovoltaikoen instalazioak, ez haien egiturak ez hesiak ere, inoiz ezin direla hartu eroale biluzien aireko linea elektrikotzat, eta beraz, ITC-LAT 07 instrukzioa ez litzatekeela aplikagarria.

–Sustatzailearen arabera, ustiapenaren maniobra eremua, dauden aerosorgailuen eta etorkizuneko parke fotovoltaikoaren hesiaren artean geratzen dena, aski da Eólica Lodosa SLren txostenean jasotzen diren maniobrak egiteko. Aerosorgailuetarako sarbidea haien iparraldean dagoen bide batetik egiten da, eta parke fotovoltaikoa hegoaldean geratzen da.

–Eólica Lodosa SLren hobekuntza eta garapen aukeren gaineko kalteari dagokionez, ez da bidezkoa ebaluatzea une honetan tramitatzen ari ez den hibridazio edo potentzia handitzeko balizko proiektu bati eragin lekiokeen kaltea.

II. ERANSKINA.–JASOTAKO ALEGAZIOAK

Ondoren, kontsulten izapidearen eta jendaurreko aldiaren ondorioz jaso diren alegazioen zerrenda eta haien edukien laburpena eskaintzen da:

1. alegazioa.–Sustrai Erakuntza Fundazioa.

Sustrai Erakuntza Fundazioak, 2021eko apirilaren 30ean egindako alegazioetan, adierazten du "proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazioa saihesteko asmoa erakusten du, modu artifizialean banatzen baita 2 proiektutan, eta ez delako adierazten Kontserbazio bereziko eremu bati eragiten dion ukipena".

Erantzuna: "Alba Renova C1" eta "Lamparilla" proiektuak ez dira banatu ingurumen eraginaren ebaluazioa saihesteko, sarbide eta konexiorako eskaeren espedienteak urte desberdinetan egin zirelako baizik (baimen horiek 2019ko ekainean eman ziren "Alba Renova C1" proiekturako, eta 2020ko urtarrilean "Lamparilla" proiektutako).

Espedienteak jaso zuen ingurumen eraginaren azterketa, indarra duen legediak eskatzen duena betez, eta ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua jaso du, ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan adierazitakoa betez.

Aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketan eremu guztietan eragin zitezkeen ingurumen eraginak aztertu ziren, kontserbazio bereziko eremuetakoak barne.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 28ko 130E/2022 Ebazpenaren bidez, ingurumen eraginaren aldeko txostena eman zen "Alba Renova C1" eta "Lamparilla" proiektuetarako.

2. alegazioa.–Gurelur.

Gurelur elkarteak, 2021eko maiatzaren 4an egindako alegazioetan, adierazi zuen "ez dagoela proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazioa egiten duen dokumenturik, eta beraz, proiektua ukatu behar da".

Erantzuna; Espedienteak jaso zuen ingurumen eraginaren azterketa, indarra duen legediak eskatzen duena betez, eta ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua jaso du, ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan adierazitakoa betez.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 28ko 130E/2022 Ebazpenaren bidez, ingurumen eraginaren aldeko txostena eman zen "Alba Renova C1" eta "Lamparilla" proiektuetarako.

3. alegazioa.–Nafarroako Ekologistak Martxan elkartea; eta 4. legazioa.–Ekologistak Martxan-Ongaitz elkartea.

Nafarroako Ekologistak Martxan elkarteak eta Ekologistak Martxan-Ongaitz elkarteak 2021eko maiatzaren 5ean egindako alegazioak (edukiz berdinak) sei zatitan egituratzen dira. Lehenengo hiru alegazioetan jendaurrean jarri diren energia berriztagarrien proiektu guztiak aipatzen dira, eta azterketa orokor bat egiten da (Nafarroaren egoera energetikoa, proiektuen eraginak eta klima aldaketaren gaineko eraginak); laugarrenak "Alba Renova C1" proiektuko eguzki instalazio fotovoltaikoa aztertzen du; bosgarrenak haren alternatibak azaltzen ditu, eta seigarrenean ingurumen erantzukizunari buruzko Legearen aldaketa eskatzen da.

Erantzuna: Proiektua Nafarroako egoera energetikorako egokia izateari dagokionez, proiektuan Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen dituen baldintzak eta helburuak betetzen dira, eta bat dator Estatuko sektore elektrikoaren plangintzarekin eta 2030erako Nafarroako Energia Planarekin. Era berean, adierazi behar da 2030erako Nafarroako Energia Planak aurreikuspen orientagarri batzuk biltzen dituela, eta Nafarroak energiaren gaian eramanen duen estrategia markatzen badu ere, ez dela erregelamendu esparru bat.

Ingurumen arloko auziak kontuan hartu dira Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 28ko 130E/2022 Ebazpena emateko orduan, eta haren bidez eman zen ingurumen eraginaren aldeko txostena.

Iragarkiaren kodea: F2306094