102. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

39/2023 FORU AGINDUA, apirilaren 25ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Osasuneko kontseilariak eta Kultura eta Kiroleko kontseilariak 2023ko martxoaren 30ean hartutako Erabakia. Haren bidez, batera baimentzen da Nafarroako Kirolaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, dirulaguntza batzuk emateko deialdia onesteko eta tramitatzeko, 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitartean ariketa fisikoa sustatzeko programak gara daitezen.

Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluaren 3. apartatuarekin, Osasuneko kontseilariak eta Kultura eta Kiroleko kontseilariak 2022ko martxoaren 18an hartutako Erabakiaren bidez batera baimendu zen Nafarroako Kirolaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, dirulaguntza batzuk emateko deialdia onesteko eta tramitatzeko, 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitartean ariketa fisikoa sustatzeko programak gara daitezen.

Aipatu foru legearen 14. artikuluaren 6. apartatuak xedatzen du kudeaketa-esleipena eraginkorra izan dadin beharrezkoa dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea oso-osorik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta Osasuneko kontseilariak eta Kultura eta Kiroleko kontseilariak 2023ko martxoaren 30ean hartutako Erabakia, zeinaren bidez batera baimentzen baita Nafarroako Kirolaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, dirulaguntza batzuk emateko deialdia onesteko eta tramitatzeko, 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitartean ariketa fisikoa sustatzeko programak gara daitezen.

2. Foru agindu hau igortzea Osasun Publikoaren Institutura, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Departamentuko eta Kultura eta Kiroleko Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara eta departamentu horietako kontu-hartzailetza delegatuetara.

Iruñean, 2023ko apirilaren 25ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

KULTURA ETA KIROLEKO DEPARTAMENTUAK ETA OSASUN DEPARTAMENTUAK HARTUTAKO ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ BATERA BAIMENTZEN BAITA NAFARROAKO KIROLAREN INSTITUTUARI KUDEAKETA-ESLEIPEN BAT EGITEA NAFARROAKO TOKI-ERAKUNDEENTZAKO DIRULAGUNTZA BATZUK EMATEKO DEIALDIA ONESTEKO ETA TRAMITATZEKO, 2023KO UZTAILAREN 1ETIK 2024KO EKAINAREN 30ERA BITARTEAN NAFARROAKO TOKI-ERAKUNDEEK ARIKETA FISIKOA SUSTATZEKO PROGRAMAK GARA DITZATEN

Iruñean, 2023ko martxoaren 30ean.

Alde batetik, Rebeca Esnaola Bermejo andreak, Kultura eta Kiroleko kontseilariak, eta

bestetik, Santos Induráin Orduna andreak, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariak,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Kirolaren Institutua erakunde autonomo bat da, Kultura eta Kirol Departamentuari atxikia (departamentu horren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuaren 3.2 artikulua).

Azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutua Nafarroako Kirol Institutu bihurtzen duenak eta haren estatutuak onesten dituenak, ezartzen ditu bere Kirolaren Zuzendariordetzari esleitutako eginkizunen artean, honako hauek: batetik, toki-erakundeei aholku ematea eta haiekin elkarlanean aritzea kirolaren eta jarduera fisikoaren arloetan, pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzeko tresnak baitira; eta, bestetik, kirol jarduera sustatzea laguntzak eta dirulaguntzak emanez.

Bestalde, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 269/2019 Foru Dekretuaren 8.v) artikuluak Osasuneko Zuzendaritza Nagusiari eskumena esleitzen dio prestakuntzaren eta ikerketaren arloko eta, oro har, osasunarekin lotutako gaien arloko laguntzak eta dirulaguntzak deitzeko, emateko eta kudeatzeko. Uztailaren 18ko 63/2012 Foru Dekretuak, urriaren 14ko 242/2015 Foru Dekretuak aldatutakoak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta bere estatutuak onetsi zituen. Haren 22.j) artikuluak Osasuneko Zuzendaritza Nagusiari esleitzen dio, halaber, osasuna sustatzeko arloan eta osasun-hezkuntzaren arloan ezartzen diren planak eta programak planifikatzeko, garatzeko eta ebaluatzeko eskumena, barnean sartuta osasuneko informazio, komunikazio eta gizarte ekintzako estrategiak, eta neurri teknikoak, politikoak eta ekonomikoak, bai eta bere eskumenekoak diren dirulaguntzen kudeaketa ere.

Bigarrena.–2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan honako partida hauek daude:

–Osasun Departamentua: "Dirulaguntzak, udal erakundeek ariketa fisikoa sustatzeko" izeneko 520001-51200-4609-313904 partida, 50.000 euroko kreditua duena.

–Kultura eta Kirol Departamentua: "Toki-erakundeen kirol jardueretarako laguntzak" izeneko A50002-A5100-4609-336100 partida, 435.000 euroko kreditua duena.

Hirugarrena.–Jarduera fisikorik ez egitea da gaur egungo morbimortalitate tasarekin lotuta dagoen faktore garrantzitsu bat. Lau gaixotasun kroniko nagusiak prebenitzeko 4X4 Estrategiaren barnean ageri diren lau arrisku faktoreetako bat da (besteak dira elikadura desorekatua, tabakismoa eta alkohol gehiegi edatea).

Bizitzeko molde osasungarriak sustatzea –horien artean ariketa fisikoa– da Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren 2022-2025 aldirako Osasun Publikoan jasotako programetako bat. Orobat, nabarmendutako proiektu estrategikoetako bat da, Zahartze aktibo eta osasungarrirako estrategiarekin batera eratzen dena.

Jarduera eta ariketa fisikoa tokian-tokian sustatzea da tresna erabilgarrienetako bat eskaintza biztanleriaren osasun beharretara egokitzen laguntzeko, eskualde bakoitzean ariketa fisikoarekin lotuta dauden baliabideak koordinatzen laguntzeko eta ariketa fisikoaren efizientzia areagotzen joateko.

Besteak beste, Nafarroako Kirolaren Institutuaren jarduketen artean daude jarduera fisikoaren eta osasunaren arloko programen eta proiektuen antolaketa bultzatu eta sustatzeko laguntzak, bai toki-erakundeen bidez, bai eta kirola sustatzeko eta bizi kalitatea hobetzeko helburu nagusia duten beste erakunde batzuen bidez ere.

Laugarrena.–Bi departamentuetan badirenez aurrekontuko partida batzuk udal erakundeei ariketa fisikoa sustatzeko dirulaguntzak emateko, bidezkoa da, eraginkortasunagatik, administrazio organo bakarra izatea deialdia onartzeaz, hura tramitatzeaz eta aipatu dirulaguntzak emateaz arduratuko dena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.1 artikuluak xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dutela beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuei –lotutakoak edo haien mendekoak– eskuordetzea beren eskumeneko jarduera materialak eta teknikoak egitea, dela eraginkortasun arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, ondoko apartatuetan xedatuarekin bat.

Aipatutako 14. artikuluko 3. apartatuan ezartzen da ezen, kudeaketa-esleipena departamentu berekoa ez den administrazio organo bati edo beste departamentu baten mendeko erakunde publiko bati egiteko, bi departamentu horien titularrek batera emandako baimena beharko dela.

Horrenbestez,

ERABAKITZEN DUTE:

Lehena.–Baimentzea Nafarroako Kirolaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, Nafarroako toki-erakundeendako dirulaguntzen deialdi bat onesteko eta tramitatzeko, 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitartean toki-erakundeek ariketa fisikoa sustatzeko programak gara ditzaten.

Bigarrena.–Esleipena indarrean egonen da 2024an dagokion deialdiaren likidazioa egiten den datara arte.

Hirugarrena.–Kudeaketa-esleipenaren xedeko prozeduren ondoriozko gastuen finantzaketa, aldez aurretik behar diren tramiteak egin eta gero, aurrekontuko partida hauen kargura eginen da:

–Osasun Departamentua:

  • "Dirulaguntzak, udal erakundeek ariketa fisikoa sustatzeko" izeneko 520001-51200-4609-313904 partida, 2023ko Gastuen Aurrekontuko 20.000 euroko kreditua duena.
  • "Dirulaguntzak, udal erakundeek ariketa fisikoa sustatzeko" izeneko 520001-51200-4609-313904 partida edo 2024ko Gastuen Aurrekontuan gaitzen den baliokidea, 30.000 eurokoa. Edonola ere, partida hori gaitzeko, kreditu aski eta egokia izan beharko da aurrekontu horietan.

–Kultura eta Kirol Departamentua:

  • "Toki-erakundeen kirol jardueretarako laguntzak" izeneko A50002-A5100-4609-336100 partida, 2023ko Gastuen Aurrekontuko 435.000 euroko kreditua duena.
  • "Toki-erakundeen kirol jardueretarako laguntzak" izeneko A50002-A5100-4609-336100 partida edo horretarako 2024ko Gastuen Aurrekontuan gaitzen den baliokidea.

Laugarrena.–Erabaki hau igortzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Departamentuko eta Kultura eta Kirol Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara eta departamentu horietako kontu-hartzailetza delegatuetara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iragarkiaren kodea: F2306507