101. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

341E/2023 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Adiosko Udal Plan Orokorra SU-2 Sektorean aldatzeari buruzko ingurumen txosten estrategikoa egiten duena. Aldaketaren sustatzailea Adiosko Udala da.

Aldaketa hori Udalak 2022ko abuztuaren 10ean onetsi zuen hasiera batez, eta jendaurrean jartzeko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2022ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 25ekoan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

San Andrés Kooperatibak eskaera egin du lehendik dagoen biltegiari esleitutako zuzkidura-lurzorua indarreko eremutik kanpo uzteko, eta horrek eragin du aldaketa. Aldaketaren helburua lurzoru urbanizagarriaren SU-2 sektorearen mugaketa berri bat ezartzea da, honakoak barne: udal katastroan aldaketa egitea, lurzatien mugaketa errealitatera egokitzeko, etxebizitza kopurua eta eraikigarritasuna SU-2 sektorearen mugaketa berrira egokitzea, aurretik indarrean zegoen planak emandako hirigintza-aprobetxamenduari eutsita, eta sektorearen eremuan etxebizitza babestuen erreserben murrizketa sartzea.

Sektorea handitzeko eremua ekialdeko ezpondaraino hedatzen da, terrazaren muga naturala osatzen baitu (2. poligonoko 281. lurzatiaren muga). Sektoreak 15.420 m²-ko azalera izanen du, 281. lurzatiaren (10.039,91 m²) eta 2. poligonoko 14. lurzatiaren (380,12 m²) artean banatuta. Sektore osoa, kooperatibaren biltegia izan ezik, lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta geldituko da, eta bizitegi-erabilera globala duen banaketa-eremu bat da. Horren garapena eta antolamendu xehatua plan partzial baten bidez antolatuko da. Plangintzan egindako aldaketak araudian jaso dira, eta, zehazki, dagokion hirigintza-fitxan.

Biodibertsitate Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura behar bezala gauzatu dela, eta aldeko txostena eman du, honako hauekin lotutako ingurumen-integrazioko neurriak sartzea proposatuz: euri-uren kudeaketa, berdeguneen diseinua eta tratamendua, mugikortasuna, gaueko ingurunearen babesa eta hiri-paisaiaren babesa.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Adiosko Udal Plana SU-2 sektorean aldatzeari buruz, ingurumen ukipen nabarmenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Adiosko Udala da.

2. Aldaketaren ingurumen-integrazio egokia lortzeko, honako neurri hauek SU-2 sektoreko plan partzialean sartzea proposatzen da:

SU-2 kokatuta dagoen ordokiaren ertza paisaiaren aldetik kaltebera dela kontuan hartuta, berdeguneak ekialdeko mugan kokatuko dira, mugakide den hegalerako trantsizio-eremu bat era dezaten; horrela, hegalaren irtengune topografikoa hirigunearekin lotuko duen espazio publiko bat sortuko da, eta, hala badagokio, oinezkoentzako ibilbide bat ere.

–Euri-uren kudeaketari dagokionez, horiek biltzeko sare bat ezartzeaz gain euri-urak iragazteko prozesuak erraztuko dituzten lur iragazkorren presentzia ahalik eta gehien areagotuko da. Beraz, euri-uren kudeaketa berdeguneen diseinuarekin eta kudeaketarekin lotuta dago, baita espazio publikoak iragazkortzearekin ere, hala nola aparkalekuak. Berdeguneen diseinuan irizpide bioklimatikoak txertatzeaz gain, horretarako erabiliz inguruko klimaren ezaugarrietara egokitutako mantentze-lan gutxiko espezieak, berdegunea eta espazio publikoak drainatze jasangarriko sistemaren elementu funtzional gisa integratuko dira (egiturazko zuhaitz-txorkoak bide berrietako zuhaiztian, urak har ditzakeen parterreak...). Gainera, berdeguneak diseinatzean, bero-boladen maiztasuna eta iraupena handitzeak dakartzan ondorioak arintzea izanen da helburua, eta, horretarako, itzal-eremuak sartuko dira espazio publikoetan.

–Mugikortasunari dagokionez, bizikletak aparkatzeko espazioak prestatuko dira, eta oinezkoentzako bideetan zuhaitzak landatuko dira.

–Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko ukipena murrizteko, bete beharko da Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) aurreikusitakoa.

–Bizitegi-area berria ezartzean, LAP3ren 33. artikulua, hiri-paisaia babesteko irizpideei buruzkoa, aplikatuko da, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak arlo horretan egiten dituen oharren mende, betiere.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Adiosko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko apirilaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2306007