101. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

340E/2023 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Murchanteko Udal Plan Orokorrean aldaketa egituratzaile bat egiteari buruzko ingurumen txosten estrategikoa egiten duena. Aldaketak 3. poligonoko SGEQ APko A eta B eremuei eragiten die, Campo Bajo izeneko alderdian, eta haren sustatzailea Murchanteko Udala da.

Aldaketa hori Murchanteko Udalak 2022ko azaroaren 21ean onetsi zuen hasiera batez, eta jendaurrean jartzeko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2022ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 1ekoan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren xedea da A eremuko kirol-ekipamenduen sistema orokorra kentzea (SGEq, A.P) eta dagoen kirol-sistema orokorrean (B eremua) irisgarritasuna hobetzeko aukera ematea:

uko egiten dio A eremuan aurreikusitako lur erreserbari (3. poligonoko 539., 542., 543., 544., 545., Udalerriak 546., 547., 548. eta 572. lurzatiek hartzen dute eta 16.560,62 m²-ko azalera du), eta eremua nekazaritzako produktibitate handiko babestu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta egonen da aurrerantzean. Beraz, egungo baratze-erabilera mantentzen da eta produktibitate handiko lurzoruaren araubidea aplikatuko da, inguruko lurzatiekin bat etorrita. 3. poligonoko 514., 516., 518., 540. eta 541. lurzatiek osatzen duten B eremuaren kasuan, kirol-ekipamenduko sistema orokorraren izaerari eutsiko dio, eta lurzatietako lurrak eskuratzeko aurreikusitako epea kentzen da. Proposamen zehatza da lurzoru urbanizaezinaren mugaketa berria egitea eta dagokion araudia aldatzea.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Murchanteko Udal Plan Orokorrean aldaketa egituratzaile bat egiteari buruzko ingurumen txosten estrategikoa egitea, ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketak 3. poligonoko SGEQ APko A eta B eremuei eragiten die, Campo Bajo izeneko alderdian eta haren sustatzailea Murchanteko Udala da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Murchanteko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko apirilaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2306012