100. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

352E/2023 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onartzen baita gizentzeko oilaskoen kopurua handitzeko proiektua gauzatzen hasteko epea luzatzea, María de los Ángeles Gómez Gil andreak eskaturik.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 18ko 308E/2020 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratua eman zen gizentzeko oilaskoen kopurua handitzeko proiektua gauza zedin, 35268 buru izatetik 61300 buru izatera igarotzeko.

2022-01-10ean, titularrak proiektua gauzatzen hasteko, amaitzeko eta abian jartzeko indarreko araudian aurreikusitako epeak bi urtez luzatzeko eskatu du.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11.1 artikuluan ezartzen denez, bi urteko epea izanen da, ingurumen baimen integratua ematen denetik hasita, proiektua gauzatzen hasteko, eta lau urteko epea, proiektua bukatzeko eta jarduera martxan jartzeko, eta posible izanen da gehienez ere beste urtebetez luzatzea epe horiek, arrazoi aski justifikatuak baldin badaude.

Titularrak azaldu du COVID-19aren pandemiaren ondoriozko egungo egoera ekonomikoaren ondorioz ezinezkoa izan dela baimendutako zabalkuntza egitea, oilasko-salmentak murriztu egin direlako eta integratzaileak ez duelako instalazio berririk onartzen bere ekoizpen-sisteman. Horri dagokionez, eta kontuan hartuta COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua indarrean sartzearen ondorioz izapidetze-epeak eten direla, bidezkoa da hura aplikatzea.

Titularrak azaldutako arrazoiek behar bezala justifikatzen dute eskatutako epea luzatzea, eta, beraz, bidezkoa da eskaera hori onartzea, baina soilik urtebetez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Epe hori beste 80 egun natural gehiago luzatzen da, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua indarrean sartzearen ondorioz epeak eten zirelako.

Ingurumen inpaktuaren adierazpenaren indarraldiari dagokionez, esan behar da adierazpen horrek indarraldia galduko duela eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko diola baldin eta, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren (2020ko 118. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 2koa), lau urteko epean proiektua edo jarduera gauzatzen hasten ez bada, halaxe xedatzen baita Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan.

Bestalde, 2023-03-07an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena jaso da, honako hau adierazten duena:

Luzatu nahi den baimena eman zuen ebazpena 2020ko ekainaren 11n jakinarazi zitzaion sustatzaileari. Beraz, eskaera zein luzapenaren inguruko erabakia legez ezarritako epearen barruan hartu dira. Horrenbestez, proposatzen da beste urtebetez luzatzea Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 18ko 308E/2020 Ebazpenaren hirugarren xedapen atalean proiektua gauzatzeko edo abian jartzeko ezarritako epea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–María de los Ángeles Gómez Gil andreak eskaturik, onartzea oilaskoak gizentzeko instalazio bat handitzeko proiektua gauzatzen hasteko epea luzatzea (35268 toki izatetik 61300 toki izatera igaro dadin). Zehazki, urtebete eta 80 egun natural luzatuko da. Horren ondorioz, proiektua 2023ko abuztuaren 7a baino lehen gauzatzen hasi beharko da, eta 2025eko abuztuaren 7a baino lehen bukatu eta abian jarri beharko da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea María de los Ángeles Gómez Gil andreari, Fiteroko Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Ingurumena Zaintzeko Atalari eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko apirilaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2306401