100. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

123E/2023 EBAZPENA, apirilaren 18koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Iruñeko udal mugartean hondakinak kudeatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioaren titularra Ecoiruña Tratamiento de Residuos SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak ekainaren 24ko 1041/2011 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren zuzendari nagusiaren urriaren 5eko 356E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

2021-09-24an, titularrak bere ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen; zehazki, eskatu zuen hondakin berri bat sartzea instalazioak sortzen dituen hondakinen zerrendan, 190814 EHZ kodea duena, hots, industriako hondakin-uren beste tratamendu batzuetatik sortutako lohiak, 190813 kodean zehaztutakoez bestelakoak. Hondakin hori instalazioan egiten den D08 tratamendu biologikoaren ondorioz sortzen da.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta ondorioztatu du eskaera hori ez dela onargarria; izan ere, eskatutako EHZ kodea ez dator bat hondakin-uren tratamendu biologiko baten kodearekin, eta instalazioan hondakinen tratamendua egiten den baterako prozesuak hainbat azpiprozesu ditu: fisiko-kimikoa, flotazioa, biologikoa eta abar. Azpiprozesu horietan ez dira bereizten horietako bakoitzean sartzen diren hondakinak, edo prozesu batetik bestera pasatzen dira, eta, beraz, erreaktore biologikoan tratatutako efluentea aldez aurreko tratamenduetatik dator.

Horrela, egia da sortutako lohia efluente horrek jasaten duen prozesu biologikoaren eraginpean dagoela, baina prozesu biologiko horri –eta, horrenbestez, baita bertan sortzen den lohiari ere– hondakinek jasaten dituzten aurretiazko eragiketek eragiten diote. Horrela, baterako prozesu gisa tratatzen da, eta ez da prozesu biologikotzat soilik hartzen.

Instalazioaren ingurumen baimen integratua ematean goian deskribatu den moduan hartu zen, eta gaur den egunean baimen hori indarrean dago. Nolanahi ere, lohiaren azken kudeaketa ez da kodifikazio bategatik edo besteagatik bereizten, ezinezkoa baita ezaugarri horiek dituen lohi bati –zeinahi ere den EHZa– balorizazio-prozesu desberdinak aplikatzea kodifikazio horren arabera.

Instalazioaren titularrak, ebazpen-proposamenaren entzunaldi-tramitean, alegazioak aurkeztu ditu. Aurkeztutako alegazioak eta horien balorazioa ebazpen honen II. eranskinean daude jasota.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabilita,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Partez onartzea Iruñeko udal mugartean hondakinak kudeatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen I. eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Ecoiruña Tratamientos de Residuos SL da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Ecoiruña Tratamiento de Residuos SLri eta Iruñeko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko apirilaren 18an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2306407