100. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

59E/2023 EBAZPENA, apirilaren 11koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita industrialde eta zentro logistikotako konektagarritasunerako laguntzen deialdia, SEEParen esparruan. DDBN identifikazioa: 659998.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 EB Erregelamenduaren bidez ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (aurrerantzean SEM) "Next Generation EU" programaren osagai nagusia da (programa hori tresna ekonomiko pizgarria da, Europar Batasunak finantzatua, COVID-19 pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko).

SEM mekanismoan sartzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (SEEP) onartu zuen Espainiak, Ministroen Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an hartutako erabakiaren bidez. SEEPak jasotzen dituen hamar palanka politiken barruan, identifikatzen diren hogeita hamar ekintza ildoetako bat da 15. osagaia: "Konektagarritasun digitala, zibersegurtasunaren sustapena eta 5G ezartzea". Haren helburuetako bat da eraldaketa digitala sustatzea, biztanleen %100ek izan dezaten konektagarritasun egokia, landa eremuen eta hiriguneen arteko arrakala digitala deuseztatzeko.

SEEParen esparruan, azaroaren 16ko 988/2021 Errege Dekretuaren bidez, onetsi zen zuzenean laguntzak ematea autonomia erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei, konektagarritasuna indartzeko ekintzak aurrera eramateko industrialde eta zentro logistikotan. Nafarroak 1.386.000 euro jaso zituen.

Aipatutako Errege Dekretuaren xedea da SEEParen 15. osagaiaren C15.I2 inbertsioa ("Konektagarritasuna indartzeko ekintzak erreferentziako zentroetan, motor sozioekonomikoetan eta digitalizazio sektorialeko proiektu eragileetan") zati batean egikaritzea. Horregatik, laguntza horiekin zati batean lortu nahi da C15.I2 inbertsioaren #238 zenbakiko CID delakoaren helburu oso kuantitatiboa, hau da, gutxienez 1.600 industrialde txiki eta enpresa arlok lortzea gigabit bateko konektagarritasun abiadura.

Aurrekoaren ondorioz, Nafarroan laguntza deialdi hau onesten da, Europar Batasunaren SEM mekanismoak finantzatuta (espedientearen SEEP kodea: C15.I02.P01.S34), eta finantzaketa, legalki, lotuta gelditzen da diruz lagundutako jarduketak egitearekin. Deialdi honek azaroaren 18ko 749E/2022 Ebazpenak onetsitakoa ordezkatzen du, eta hori ez zen argitaratu Nafarroako Aldizkari Ofizialean; izan ere, haren edukia egokitu behar izan da ebazpen honetara: "kohesio-banda zabalerako azpiegitura digitalak unibertsalizatzeko programaren (ÚNICO-banda zabala 2022 deialdia) laguntza deialdia esleitzeko Ebazpena, proiektuak egiteko apirilaren 13ko ETD/348/2020 Aginduaren esparruan, ETD/704/2021 Aginduak aldatuta". Hori 2022ko azaroaren 29an argitaratu zen Gai Ekonomikoen eta Eraldaketa Digitalaren Ministerioaren webgunean.

Azkenik, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 9ko 415E/2022 Ebazpenaren bidez, industrialde eta zentro logistikotako konektagarritasunerako laguntzen kudeaketa plana onetsi zen (espedientea: 0010-4249-2022-000013), SEEParen esparruan. Era berean, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren apirilaren 27ko 69E/2022 Foru Aginduaren bidez onetsi zen departamentu honen SEMaren kargura finantzatutako proiektuen kudeaketa esparruko iruzurraren aurkako neurrien plana.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Onestea industrialde eta zentro logistikotako konektagarritasunerako laguntzen deialdia, SEEParen esparruan.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Guztira, 1.330.560 euroko gastua baimentzea ebazpenetik eratorritako konpromisoei erantzuteko, 2024ko Gastuen Aurrekontuko partida honen kargura: 810007-81200-7709-467903 [PEP: E-21-000480-01]: SEM Konektagarritasuna indartzea industrialde eta zentro logistikotan.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko apirilaren 11n.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA.–Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da sareko azpiegituren konektagarritasuna eta ezarpena indartzea industrialde eta zentro logistikotan, baita enpresa kontzentrazio handiko beste eremu batzutan ere, bereziki landan eta erronka demografikoaren eraginpeko eremuetan, gigabitaren gizartea sustatzeko eta digitalizazio sektorialeko proiektu berritzaileei konektagarritasun konponbideak emateko.

Laguntza deialdi honen oinarri arautzaileak azaroaren 16ko 988/2021 Errege Dekretuaren (haren bidez onetsi zen zuzenean laguntzak ematea autonomia erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei, konektagarritasuna indartzeko ekintzak aurrera eramateko industrialde eta zentro logistikotan, SEEParen esparruan) xedapenetara egokitzen dira.

2. oinarria.–Laguntzen azken onuradunak.

1. Laguntzen azken onuradun edo hartzaile izaera (aurrerantzean, onuradunak) eska eta, hala badagokio, lor dezakete baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek:

a) Behar bezala gaitutako operadorea izatea, Telekomunikazioei buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorraren 6. eta 7. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

b) Ez egotea krisi egoeran, Kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorraren 1.4.c) eta 2.18) artikuluetan eta krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko gidalerroetan (2014/C 249/01) ezarritakoarekin bat.

c) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

d) Ez edukitzea Administrazioarekiko laguntza edo maileguak itzultzeko betebeharrik, eta, izatekotan, horiek betetzea.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea, sexu edo genero diskriminaziotzat jotzen diren lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

f) Ez izatea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekurik, ez eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritakorik ere.

Dirulaguntza eskatzearekin batera baimena ematen zaio organo emaileari zuzenean eskura ditzan eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten egiaztagiriak; laguntza emateko ebazpen proposamena ematen den unean izan beharko dituzte egunean aipatutako betebeharrak.

2. Halaber, eskatzaileek egiaztatu beharko dute kaudimen ekonomiko eta tekniko hau dutela:

2.1. Kaudimen ekonomikoa: laguntzaren xede proiektuaren diruz laguntzen ahal den aurrekontua (edo, operadore batek zenbait proiektutarako eskaerak aurkezten baditu, guztien batura) azken hiru urteetako urteko inbertsioen bolumena baino txikiagoa izatea.

2.2. Kaudimen teknikoa: aldez aurretik, azken bost urteetan, antzeko proiektuak edo handiagoak egin izana, edo langile nahikoak edukitzea, bai gaikuntzan eta bai kopuruan, laguntzaren xede proiektua egin ahal izateko.

3. Laguntzaren eskabidean sartuko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da 1. apartatuaren b)-f) letretako baldintzak eta 2. apartatuan eskatutako kaudimena betetzen direla.

3. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren jarduketa ildoak.

1. Deialdi honen ondorioetarako, jarduketa eremu materialtzat (aurrerantzean, "jarduketa eremua") joko dira industrialdeak, zentro logistikoak eta enpresa kontzentrazio handiko beste eremu batzuk, adibidez Nafarroako enpresa parkeak, enpresa mintegiak eta parke teknologiko edo zientifikoak.

2. Laguntzak erabiliko dira jarduketa hauekin lotura zuzena duten inbertsio eta gastuak estaltzeko:

a) 1. jarduketa ildoa (elikadura sareak): banda zabaleko eta abiadura handiko sareen konektagarritasuna ematea, zerbitzuak eman ahal izateko 1 Gbps-ko abiaduran, jarduketa eremuan.

b) 2. jarduketa ildoa (banaketa sareak): abiadura handiko komunikazio elektronikoen sare bat instalatzea zuzenbide publikoko erakunde batek kudeatzen dituen lurretan, zerbitzuak eman ahal izateko 1 Gbps-ko abiaduran. Barne hartuko ditu bai jarduketa eremu osoa eta bai, hala badagokio, ondoko industria eremuak, zentro, unitate, instalazio eta sail guztiak konektatzeko.

3. Proiektu guztiek konektagarritasuna eta/edo zerbitzua eman beharko dizkiete proiektuaren jarduketa eremuan sartzen diren higiezin unitate (HU) guztiei (%100).

4. Laguntzak ematen ahalko dira "Eranskina-Jarduketa eremuak" izeneko laguntza fitxan eskuragarri dagoen dokumentuan jasotako jarduketa eremuetan.

5. Jarduketa eremuan jasotako eremuak "belaunaldi berriko sarbide eremu zuritzat (NGA)" eta "eremu gristzat (NGA)" jotzen dira (azken kasu horretan, datozen hiru urteetako estaldura edo estaldura aurreikuspenak operadore bakar batek ematen dituenean); horiek Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, Batzordearen 2021eko uztailaren 23ko 2021/1237 –EB– Erregelamenduak aldatuta) 52.3 artikuluaren a) eta b) letretan deskribatzen dira.

4. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren jarduketen baldintzak eta azpikontratazioa.

1. Diruz laguntzen ahal diren jarduketei aplikatu beharreko baldintzak 988/2021 Errege Dekretuaren 14. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoak dira.

Halaber, laguntzaren xede jarduketek aplikagarri zaien indarreko araudia bete beharko dute, eta nahitaezko administrazio lizentziak eta baimenak izan beharko dituzte, jarduketa horiek hala eskatzen badute. Gainera, C15.I2 inbertsioa egikaritzeko baldintza espezifikoak bete beharko dituzte; aipatutako Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotzen dira.

2. Onuradunek diruz lagundutako jarduketaren zenbateko osoaren %50era arte azpikontratatzen ahalko dute hirugarrenekin. Azpikontratazioa aipatutako Errege Dekretuaren 14. artikuluaren 5. apartatuan ezarritako baldintzen mende egonen da.

5. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren inbertsio eta gastuak.

1. Laguntzak erabiliko dira proiektuekin lotura zuzena duten eta horiek egikaritzeko beharrezkoak diren inbertsio eta gastuak finantzatzeko, baldin eta eskaera aurkezten denetik jarduketa abian jarri arte (beranduenez 2023ko abenduaren 31n) egikaritzen badira. Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu bada.

2. Inbertsio eta gastu hautagarritzat jotzen dira proiektuarekin lotutako kontzeptu hauek (ikus laguntzen fitxan eskuragarri dagoen "diruz laguntzen ahal diren gastuak" dokumentua):

a) Azpiegiturak eta obra zibila.

b) Ekipamendua eta beste material batzuk.

c) Bertako langileen gastuak.

d) Proiektuarekin lotutako beste kostu orokor edo zeharkako batzuk, adibidez dagokion txosten teknikoa egitea.

Diruz laguntzen ahal diren gastuak gainerako operadoreek erabil ditzaketen sareko azpiegiturak sortu edo egokitzeko beharrezkoak direnetara mugatuko dira, 988/2021 Errege Dekretuaren 16. artikuluan aipatutako handizkako sarbidearen bidez. Ez dira hautagarriak izanen handizkako sarbidearekin loturarik ez duten azpiegiturei dagozkien gastu partidak, soilik laguntzaren onuradun izanen den operadoreak erabiltzeko.

Ez dira inolaz ere joko diruz laguntzen ahal diren gastutzat balio erantsiaren gainerako zergari (BEZ) dagozkionak, ezta antzeko beste zeharkako zerga batzuk (berreskura edo konpentsa badaitezke) eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

3. Diruz laguntzen ahal den gastua 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZ kanpo), obra gauzatzeko gastuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZ kanpo), ekipo ondasunez hornitzearen edo aholkularitza edota laguntza zerbitzuak ematearen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman laguntzen fitxako "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko formularioan. Egiaztapen hori 12. oinarriko justifikazio dokumentazioaren barruan sartuko da.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina erakunde hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatutako inprimakian frogatu beharko dira.

6. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzaren intentsitatea zehazteko, 5.2 oinarriko diruz laguntzen ahal diren kostuei ehuneko bat aplikatuko zaie, proiektuaren jarduketa eremuaren arabera, eta kasu bakoitzean jasotzen ahal den gehieneko laguntza taula honetan adierazten da:

JARDUKETA EREMUA

LAGUNTZAREN
INTENTSITATEA (%)

JARDUKETA ILDO MOTA
(3.2 oinarria)

LAGUNTZAREN
GEHIENEKO
ZENBATEKOA (eurotan)

A eremua eta B eremua

%80

1 eta 2 ildoak

250.000

1. ildoa.

120.000

2. ildoa

90.000

C eremua eta D eremua

%70

Edozein jarduketa

60.000

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izaten ahalko diruz lagundutako jarduketaren kostua baino handiagoa, dela bakarrik, dela beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuekin batera.

7. oinarria.–Egikaritze aldia.

1. 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz, laguntza horiek ondorio pizgarria izan behar dute; hortaz, ez dira diruz laguntzen diren jarduketak abiatzen ahalko eskaera aurkeztu baino lehen.

Beraz, proiektuak egikaritu eta diruz laguntzen ahal diren gastuak egiteko epea izanen da eskaera aurkezten denetik zerbitzua ematen hasteko gehieneko epearen artekoa. 2023ko abenduaren 31koa izanen da aipatutako zerbitzua ematen hasteko epea.

2. Inola ere ez dira diruz lagunduko eskaera aurkeztu aurretik hitzartu edo egin diren inbertsioak eta gastuak.

Proiektu edo txosten teknikoak egitea, aldiz, jo daiteke diruz laguntzen ahal den gastutzat, nahiz eta eskaeraren erregistro data baino lehen fakturatu, betiere fakturaren data laguntza programa indarrean sartu ondorengoa bada (2021eko azaroaren 18a).

8. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, "laguntzen fitxa").

9. oinarria.–Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

1. Eskaera bakarra onartuko da eskatzaile bakoitzeko.

"Eranskina-Jarduketa eremuak" delakoan jasotako jarduketa eremu bakoitza proiektu batean aurkeztuko da. Eskaeran laguntzaren xede diren proiektu guztiak agertuko dira.

2. Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:

a) Eskabidea, laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa.

b) Eskaeran aurkezten den proiektu bakoitzerako: memoria teknikoa eta dagokion aurrekontu xehatua, laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren arabera ("Proiektuaren memoria eredua").

c) Proiektua garatzeko eremu hautagarrien mapa (bisore kartografiko batean ikusteko geruza geografikoaren fitxategia).

d) D eremuetako proiektuek egiaztatu beharko dute betetzen dutela 988/2021 Errege Dekretuaren 2. artikuluan jarduketa eremu material gisa finkatutako definizioa.

e) Eskatzailea behar bezala gaitutako operadorea dela egiaztatzen duen agiria, Telekomunikazioei buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorraren 6. eta 7. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa, 2. oinarriko baldintzak betetzeari eta 17. oinarrian ezarritakoarekin bat jasotako laguntzei buruzkoa.

g) "SEEParen jarduketak egikaritzearekin lotutako adierazpenak" izeneko dokumentua; eskuragarri dago laguntzen fitxan.

h) Emakume eta gizonen arteko lan diskriminazio oro ekiditeko neurriak hartu izanaren egiaztapena, 10.1.g) oinarrian xehatutakoarekin bat.

i) Proiektua zuzen baloratzeko interesekotzat jotzen diren dokumentu guztiak.

b), c) eta d) letrei dagokien dokumentazioa proiektu bakoitzean aurkeztu behar da. Gainerako apartatuei dagokien dokumentazioa behin bakarrik aurkeztuko da eskaera bakoitzean.

3. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Industria Sustatzeko Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Goiko 2. apartatuan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ez da inola ere zuzentzen ahalko.

10. oinarria.–Balorazio irizpideak.

1. Proiektuak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira; gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:

BALORAZIO IRIZPIDEA

PUNTUAZIOA

a) Proiektuaren jarduketa ildoak:

10, gehienez

1. jarduketa ildoa + 2. jarduketa ildoa

10

2. jarduketa ildoa

5

1. jarduketa ildoa

0

b) Proiektu teknikoa eta aurrekontua:

40, gehienez

Deskripzio orokorra, deskripzio teknikoa

25

Aurrekontua

10

Hobekuntza eta konpromisoak jarduketaren kalitate teknikoan eta zerbitzuan.

5

c) Lehentasunezko eremuak (proiektuak lehenestea lurraldearen eremu jakinetan):

30, gehienez

A eremua

30

B eremua

10

C eremua

5

D eremua

0

d) Eskaerako proiektu kopurua:

15, gehienez

e) Genero berdintasuna sustatzeko neurriak hartzea

5

a) Proiektuaren jarduketa ildoak:

Irizpide horri dagokionez, baloratuko da 3.2 oinarriko zer jarduketa ildori dagokion diruz lagundu beharreko proiektua. Puntuaziorik handiena emanen zaie bi ildoetako jarduketak jasotzen dituzten proiektuei.

b) Proiektu teknikoa eta proiektuaren aurrekontua:

Proiektuaren definizio eta egokitasun maila baloratuko da, faktore hauek kontuan hartuta: deskripzio orokorra eta teknikoa, eskatutako zehaztapen teknikoak betetzearen justifikazioa, jarduketa eremuaren mugak eta ezaugarriak eta ezarpen planaren deskripzioa.

Horrez gain, proiektua behar bezala zehaztu eta xehatu beharko da, eta, azpikontratazioaren kasuan, zenbatekoa eta hirugarrenek egin beharreko lanak zehaztu beharko dira. Puntuazio hobea lortuko dute jarduketa egiteko zenbateko txikiagoa behar duten proiektuek.

Halaber, baloratu eginen dira eskainitako konektagarritasunaren eta komunikazio zerbitzuen kalitate teknikoa eta zerbitzuarena hobetzen dituzten proposamenak.

c) Lehentasunezko eremuak (proiektuak lehenestea lurraldearen eremu jakinetan).

Eremuak zenbait puntuaziorekin baloratuko dira, laguntzen fitxako eremu hautagarrien eranskinaren arabera: A eremua, B eremua, C eremua eta D eremua.

d) Eskaerako proiektu kopurua:

Eskaera bakoitzean jorratu beharreko proiektuen kopurua baloratuko da.

D apartatuko baremoa)= (15×Puntuak)/P. gehi.

Azalpena:

–Puntuak = eskatzaileak aurkeztutako eskaerako 6× A eremuen kopurua + 3× B eremuen kopurua + 1× C eremuen kopurua.

–P. gehi. = aurkeztutako eskaera guztietako gehieneko puntu kopurua.

e) Genero berdintasuna sustatzeko neurriak hartzea.

5 puntu emanen dira baldin eta emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio ekiditeko neurri hauetako bat hartu badu enpresak:

1. Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esaterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen "Reconcilia zigilua" eta abar).

2. Zuzendaritza postuetan gutxienez %30 emakumeak izatea. Neurri hori justifikatzeko, enpresak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horretan, onartutako eta/edo ikuskatutako azken urteko kontuetan jasotako zuzendaritza postuen guztizkoari dagokionez, zuzendaritza postuetan dauden emakumeen ehunekoa adieraziko da. Modu horretan ezin bada justifikatu, Merkataritza Erregistroak zuzendaritza karguei buruz emandako ziurtagiriaren bidez edo enpresako Zuzendaritza Batzordeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

3. 50 langile baino gutxiago dituen enpresa bada, legez berdintasun plana izatera behartua ez dagoenez, honako hauek baloratuko dira:

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat izatea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua.

–Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak edo berdintasuna sustatzeko beste batzuk aplikatu izana; hori enpresaren eta langileen ordezkarien artean sinatutako dokumentu baten bidez frogatuko da.

–Laneko sexu jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko protokolo bat edo neurri espezifikoak onartu edo zabaldu izana; hori aurreko neurrian bezala egiaztatuko da.

2. Jarduketa eremu bakoitzean, soilik puntuaziorik handiena lortzen duen proiektua lagunduko da diruz, oinarri honetako irizpideen arabera.

Berdinketa badago jarduketa eremu berean aurkeztutako eta antzeko kalitateko bi proiekturen edo gehiagoren artean, laguntza emanen zaio 651/2014 (EB) Erregelamendua aldatzen duen Batzordearen 2021eko uztailaren 23ko 2021/1237 (EB) Erregelamenduarekin bat laguntza zenbateko txikiena eskatu duen eskatzaileari.

Berdinketa badago jarduketa eremu desberdinetako proiektuen artean, kontuan hartuko da balorazio irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa, hurrenkera honen arabera: c), a), b), e) eta d).

11. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, proiektuak alderatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 6. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Industria Sustatzeko Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, eskaerak ebaluatuko ditu balorazio irizpideen arabera, eta laguntzak emateko proposamena eginen du; bertan adieraziko du onuradunek laguntzak hartzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

3. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da laguntza emateari buruz ebatziko duen organo eskuduna.

Ebazpenak gehienez 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira eskatzaileen helbide elektroniko gaitu bakarrean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Ezarritako epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

4. Laguntzei uko egin edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, laguntza ematen ahalko zaie kreditu eskasiagatik baztertuta gelditu diren eskaerei, betiere behar adinako diru izendapena dagoenean. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio.

12. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek justifikatu beharko dute diruz lagundutako jarduketa egin dutela 2023ko abenduaren 31 baino lehen.

2. Horretarako, justifikazio kontu bat aurkeztuko da, Kontabilitate eta Kontu Auditoretzako Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean jardule gisa inskribatutako auditore baten txostenarekin.

Auditorearen txostenak laguntzen fitxan zehaztutako prozedurak jarraituko ditu: "laguntza justifikatzeko egin beharreko prozedura espezifikoak".

Onuraduna behartuta dagoenean kontu auditoretzari buruzko araudiaren mendeko auditore batek urteko kontuak ikuska diezazkion, auditore berak berrikusten ahal du justifikazio kontua. Onuraduna behartuta ez dagoenean urteko kontuak ikuskatzera, onuradunak berak izendatuko du auditorea.

13. oinarria.–Laguntzaren ordainketa.

1. Jarduketa egikaritu izanaren frogagiriak aztertuta, laguntzak kudeatzen dituen organoak laguntza ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

Betiere, 60.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten proiektuetan, egiaztapen materiala eginen da laguntza ordaindu aurretik, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 29. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emanen du, 2024ko martxoaren 31 baino lehen.

Ebazpen horretan, erreferentzia eginen zaio funtsen jatorriari, eta aipamena eginen zaie, halaber, Gai Ekonomikoen eta Eraldaketa Digitalaren Ministerioari, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari (SEEP) eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari (SEM).

3. Diruz lagundutako jarduketak, nolanahi ere, 988/2021 Errege Dekretuaren 24. artikuluan araututako egiaztapen eta kontrol jarduketen mende egonen dira.

14. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ez da ordaintzen ahalko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektua egitea eta justifikatzea oinarri hauetan ezarritako moduan.

c) Dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko behar den enplegu guztia sortzea; jarduera hori lurralde nazionalean kontratatutako eta Gizarte Segurantzan afiliatutako langileekin eginen da (988/2021 Errege Dekretuaren 6.3 artikulua).

d) Gainerako operadoreei ezarritako azpiegiturari buruzko informaziorako sarbide osoa ematea, diskriminaziorik gabe (hodiak, kaleko banagailuak, zuntza, eta abar barne), azpiegitura horretara erraz sartzeko aukera izan dezaten.

e) Eskatzen duten operadoreei handizkako sarbidea ematea, 988/2021 Errege Dekretuaren 16. artikuluan ezarritako baldintzetan.

f) Sarea gutxienez hamar urtez edukitzea operatibo, eta hura behar bezala ustiatzeaz arduratzea eta azpiegitura guztien eta instalatutako ekipamendu guztien mantentze lanak egitea.

g) Laguntzen organo kudeatzaileak proiektuaren garapenari buruz berariaz eskatutako informazio gehigarria ematea.

h) Pertsona fisikoak ez diren onuradunen kasuan, kontabilitate sistema bereizi bat edo kontabilitate kode egoki bat erabiltzea eragiketarekin lotutako transakzioetan.

i) Laguntzaren xede azpiegitura eta ekipamenduak mantentzea, proiektuaren xedearekin bat, gutxienez zazpi urtez, amaitzen denetik aurrera zenbatzen hasita edo bizitza baliagarria amaitu arte, azken hori txikiagoa bada.

j) Ingurumenari kalte nabarmenik ez egitearen printzipioa errespetatzea (DNSH printzipioa). Horren barruan sartzen da 15. osagaian (I2 neurria) aurreikusitako baldintza espezifikoak betetzea, DNSH printzipioari dagokionez, eta, bereziki, Planaren Osagaiaren dokumentuko 3. eta 8. ataletan eta CIDaren eranskinean jasotakoak. Laguntzen fitxaren "kalte nabarmenik ez egitearen printzipioari begira errespetatu beharreko baldintza espezifikoak" dokumentuan jasotzen dira baldintza espezifiko horiek.

Jardueraren zati bat azpikontratatuz gero, onuradunak azpikontratistek printzipio hori betetzen dutela ziurtatzeko mekanismoak aurreikusi beharko ditu.

k) Proiektuaren kostuak finantzatzen laguntzeko funts ororen berri ematea (ez soilik Europakoak), egiaztatzeko ez dela gertatzen 17. oinarrian adierazitako finantzaketa bikoitza.

l) SEMak finantzatutako dirulaguntzen onuradun diren pertsonek bete behar dituzten betebeharrak, oinarri hauetan jasotzen direnak.

m) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 9. eta 14. artikuluetan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, arestiko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriro zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, kasuaren arabera, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

15. oinarria.–Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) finantzatutako laguntzak lortzeagatik bete beharrekoak.

1. SEM mekanismoak finantzatutako laguntzen onuradunek, gainera, honako betebehar hauek dituzte:

a) Funtsen amaierako hartzailearen datuak ematea, onuradunaz bestelakoa bada.

b) Onartzea datuen lagapena egitea inplikatuta dauden administrazio publiko guztien artean, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

c) SEEPan ezarritako zeharkako printzipioak betetzeko konpromisoa hartzea, besteak beste, ekonomia zirkularraren printzipioa eta "ingurumenari kalte nabarmenik ez egitea" printzipioa (DNSH), eta orobat klima etiketatu digitalaren betebeharrak betetzea, %0 eta %100eko ehunekoekin hurrenez hurren, SEEPan aurreikusitakoarekin bat.

d) Egiaztatzea, jarduera ekonomikorik aurrera eramanez gero, Nafarroako Jarduera Ekonomikoen Erregistroan inskribatuta dagoela, eta hor azaltzea laguntza eskatzen den unean egiaz aurrera eramaten duen jarduera ekonomikoa.

e) Hurrengo oinarrian jasotako publizitate eta hedapen betebeharra betetzea.

f) Finantzaketari buruzko dokumentazioa bost urtez gordetzea, ordainketa egiten denetik zenbatzen hasita, edo hiru urtez, finantzaketa 60.000 eurokoa edo txikiagoa bada.

g) Aitortzea Foru Komunitateko Administrazioak eta aipatutako Erregelamenduaren 22. artikuluan jasotako organismo europar guztiek Benetako Titulartasunen Erregistroan (JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortua) jasotako informazioa eskuratzeko, edo benetako titularrei buruzko datu horiek eman ditzaketen Administrazioaren beste datu-base batzuetan sartzeko duten aukera.

h) Onartzea Europako Batzordearen, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoaren, Europako Kontuen Auzitegiaren eta Europako Fiskaltzaren kontrolak, eta aitortzea Europako erakunde horiei eta agintari nazionalei beren eskumenak gauzatzeko behar duten informazioa eskuratzeko duten eskubidea.

2. a), b), eta c) letretan xedatutakoa betetzeko, laguntzen eskatzaileek aurkeztu behar dute 9.2.f) oinarrian aipatutako "SEEParen jarduketak egikaritzeari buruzko adierazpena", barne duela interes gatazkarik ezaren adierazpena (IGEA).

3. Nolanahi ere, onuradunak jaso dituen funtsak itzuli beharko ditu, arau urratzeak eragozten duenean funts europarrak itzultzea, diruz lagundutako jarduketekin lotuta jaso ez den itzulketaren zenbateko berean.

Gainera, erantzukizunpeko neurrien inguruko irregulartasunik aurkitzen bada estatuko edo Europako erakundeek egindako kontrolen batean, eta hark eragozten badu funtsak itzultzea, onuradunak itzuli beharko du diruz lagundutako jarduketekin lotuta jaso ez den itzulketaren zenbatekoa.

Onuradunak jasotako diruak erabiltzen ez baditu diruz lagundutako jarduketetarako, oker erabilitako zenbatekoa itzuli beharko du. Halaber, "ingurumenari kalte nabarmenik ez egitearen" printzipioa betetzen ez bada, onuradunak jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu.

16. oinarria.–Publizitatea eta hedapena.

1. SEM mekanismoak finantzatutako laguntzen onuradunek publizitate eta hedapen betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduketei buruzko informazio eta komunikazio neurrietan (informazioa emateko kartelak, plakak, argitalpen inprimatuak eta elektronikoak, ikus entzunezko materiala, web orriak, prentsako iragarki eta tartekatzeak, ziurtagiriak eta abar), honako logotipo hauek erakutsi beharko dira:

1. Europar Batasunaren enblema, "Europar Batasunak finantzatua - Next Generation EU" testuarekin batera. "SEEParen marka eskuliburuan" jasotako arau grafikoak eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan, honako webgune honetan kontsultatzen ahal direnak:

Nortasun bisuala | Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Espainiako Gobernua. (planderecuperacion.gob.es).

2. Suspertze Planaren logoa, lotura honetan dagoena: http://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual.

b) Laguntzen xede diren jarduketa eremu materialei dagozkien instalazioak seinaleztatu beharko dira SEEParen 2021eko maiatzeko marka eskuliburuan adierazitakoarekin bat (eskuragarri dago Telekomunikazioen eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzaren webgunean).

c) Diruz lagundutako jarduketei buruzko edozein hedapen egiten denean, adierazi beharko da Gai Ekonomikoen eta Eraldaketa Digitalaren Ministerioak eta Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Departamentuak finantzatu dituztela.

2. Informazio kartelak eta plakak egiten badira, leku ikusgarrian, jendeak erraz ikusteko moduan, jarriko dira, testua Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan idatzirik.

17. oinarria.–Dirulaguntzaren konkurrentzia eta bateragarritasuna eta finantzaketa bikoitzik eza.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira edozein administrazio publiko edo organismo nahiz erakunde publikoren beste programa edo tresnekin, Estatukoak zein nazioartekoak izan, bereziki Europar Batasunekoak, laguntza horrek kostu berberak estaltzen ez dituen bitartean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluan aurreikusitako finantzaketa ez bikoiztearen printzipioarekin bat etorriz. Hau da, deialdi honetako dirulaguntzak emateko ebazpenean finantzagarritzat jotako kostua eskaeran aurkeztutako proiektuaren kostu osoa baino txikiagoa bada, laguntza bateragarria izanen da beste batzuekin, betiere ez bada finantzatzen kostu bera.

Nolanahi ere, emandako dirulaguntzen zenbateko osoak ez du inola ere gainditzen ahalko proiektuaren aurrekontu finantzagarriaren kostu osoa, bakarrik edo beste dirulaguntza batzuekin.

2. Finantzaketa bikoitzik ez dagoela egiaztatzeko, onuradunek kostu berak finantzatu dituzten gainerako funtsen berri (ez soilik Europakoak) eman beharko dute.

18. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.

Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 52. artikuluan ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz). Erregelamendu hori 2014ko ekainaren 26ko L187 EBAOean argitaratu zen, eta Batzordearen 2021eko uztailaren 23ko 2021/1237 (EB) Erregelamenduak aldatzen du.

Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

19. oinarria.–Iruzur arriskuaren ebaluazioa.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren apirilaren 27ko 69E/2022 Foru Aginduaren bidez onetsi da iruzurraren aurkako neurrien plana, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) kargura finantzatutako proiektuen kudeaketaren esparruan.

Aipatutako planean jasotzen denaren arabera, oinarri arautzaile hauek onesteko espedientean jasoa dago iruzur arriskuaren ebaluazioa (bandera gorrien egiaztapen zerrenda) eta, orobat, "Interes gatazkarik ezaren adierazpena" (IGEA), haren prestaketan eta izapideetan parte hartu duten pertsona guztiei dagokiena. Gainera, laguntza eskatzen dutenek beren IGEA aurkeztuko dute, non jasoko den 9.2 f) oinarrian aipatzen den adierazpena.

20. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GEH). Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera inprimakian jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

2. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

21. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Industria Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdiaren emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian (www.nafarroa.eus) argitaratuko dira.

22. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari aurkeztuta, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2306299