100. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

70E/2023 EBAZPENA, apirilaren 21ekoa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita ondoko deialdi hau: "Nafarroako udalei zuzendutako dirulaguntzak, 2023 ekitaldian zehar udal plan orokorrak eta plan bereziak egin edo berrikusteko lanak finantzatzeko". DDBN identifikazioa: 689964.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bategina onetsi zuen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 20. artikuluak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari agintzen dio udalen hirigintza jarduerari laguntza teknikoa eta ekonomikoa ematea, bereziki hirigintza planeamenduko tresnak idazteko. Laguntza ekonomikoa urteak direla ematen hasi zen administrazioa, Hirigintza plangintza prestatu eta aplikatzearen arloan administrazioen arteko lankidetza arautzen duen uztailaren 2ko 145/2002 Foru Dekretuaren bidez (dagoeneko indargabetuta dago).

Udal hirigintza planeamendua prestatzeko laguntzen araubidea ezartzen duen azaroaren 16ko 98/2022 Foru Dekretu berria onetsi ondoren, nabarmen aldatu da laguntza horiek emateko sistema: orain, laguntzak urteko deialdien bidez formalizatu behar dira, eta banakako ebaluazioaren araubidearekin bat ebatziko dira. Laguntza eredu berri horren ondorioz, ez da beharrezkoa udalek aurkeztutako eskaerak alderatzea; izan ere, aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte aipatutako 98/2022 Foru Dekretuan aurreikusitako fase edo tarteei dagozkien lanak benetan amaitu ondoren. Horri esker, bi helburu lortzen dira: alde batetik, udalak estimulatzea planeamendua prestatzeko orduan, eta, bestetik, zenbait ekitalditan zehar dirulaguntzetan konprometitutako funts publikoak izoztea ekiditea.

Testuinguru horretan, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren asmoa da, 2023 ekitaldian zehar, Nafarroako udalerrietara ongien egokitzen diren hirigintza planeamenduko tresnak prestatu eta berrikusten jarraitzea, haien ezaugarri eta beharrekin bat, eta, horrekin batera, araudi arautzailean jasotako aurreikuspenak betetzea.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere. Zehazki, foru lege horren 17.1 artikuluak xedatzen duenez, dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidean eginen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean. Alde horretatik, Nafarroako Gobernuaren 2023ko apirilaren 5eko Akordioaren bidez, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari baimena eman zaio gastu konpromiso bat hartzeko, banakako ebaluazioaren araubideko laguntzen deialdirako.

Ondorioz, udal hirigintza planeamendua prestatzeko laguntzen araubidea ezartzen duen azaroaren 16ko 98/2022 Foru Dekretuan ezarritako helburuak betetzeko xedearekin, bidezkoa da udal plan orokorrak eta plan bereziak egin edo berrikusteko lanak egiten dituzten udalei dirulaguntzak emateko deialdia izapidetzea, baldin eta plan horien xedea bada hiriguneak osorik antolatzea, aipatutako 98/2022 Foru Dekretuan aurreikusitako baldintzetan.

Dirulaguntza Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jaso da (erregistro zenbakia: 62), Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren dirulaguntza ildoen barruan.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak emandako ahalmenak erabiliz:

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako udalei zuzendutako dirulaguntzen deialdia, 2023 ekitaldian zehar udal plan orokorrak eta plan bereziak egin edo berrikusteko lanak finantzatzeko.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. 443.802,75 euroko gastua baimentzea deialditik eratorritako gastuei erantzuteko, Nafarroako 2023ko aurrekontu orokorretako partida honen kargura: "310000 31100 7609 261702 administrazioen arteko lankidetza".

4. Ebazpenaren eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta dirulaguntzen datu base nazionalari jakinaraztea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalari eta Ekonomia eta Ogasuneko Kontu Hartzailetza Delegatuari.

Iruñean, 2023ko apirilaren 21ean.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

I. ERANSKINA

Nafarroako udalei zuzendutako dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak, 2023 ekitaldian zehar udal plan orokorrak eta plan bereziak egin edo berrikusteko lanak finantzatzeko

1. Xedea eta aplikazio eremua.

1.1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko prozedura finkatzea, banakako ebaluazioaren araubidean, udal plan orokorrak egin edo berrikusteko lanak finantzatzeko.

Era berean, plan bereziak prestatzeko laguntzak ere emanen zaizkie Nafarroako udalei. Plan berezi horien xedea hiriguneak osorik antolatzea izanen da, haien jarduketa eremuak gutxienez 5 hektareako azalera hartzen badu, eta helburua bada lurzoruaren okupazioa arintzea, zuzkidura publikoak sortzea, auzoak saneatzea, mugikortasun edo estetika arazoak konpontzea, hiria birsortu edo berritzeko jarduketak arautzea edo antzeko beste xederen bat. Espazio horiek bat egiten ahalko dute etxebizitza arloan indarra duen araudiak arautzen dituen Lehentasunez Zaharberritzeko Eremuekin.

1.2. Kanpo geratzen dira indarrean dagoen hirigintza planeamenduko aldaketak eta hirigintza planeamenduko gainerako tresnak.

1.3. Ez dute dirulaguntza berririk hartzen ahalko:

a) Udal plan orokorraren edo eremu berari dagokion plan bereziaren izapidetze prozesua bukatu gabe duten eta beste bat idazten hasi nahi duten udalerrien eskaerak. Salbuespena izanen dira aurretik jasotako zenbatekoak eta dagozkien laguntzak ordaindu zirenetik sortu diren berandutze interesak itzultzeko asmoa dutenak.

b) Azken 8 urteetan beren udal plan orokorra edo esparru berari eragiten dion plan berezia behin betiko onetsi duten udalerrien eskaerak.

c) Zerbitzu profesionalen kontratua sinatu zenetik 6 urte igaro badira, udal plan orokorra behin-behinean onetsi gabe edo dagokion plan berezia behin betiko onetsi gabe, salbu eta udalak justifikatzen badu ezinezkoa dela prozedura fase horietara iristea, bere arduratik kanpoko arrazoiengatik.

2. Araubide juridikoa.

Oinarri hauetan aipatutako dirulaguntzak horietan aurreikusitakoak arautuko ditu, baita honako hauek ere: udal hirigintza planeamendua prestatzeko laguntzen araubidea ezartzen duen azaroaren 16ko 98/2022 Foru Dekretuak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoak eta dirulaguntzen arloko gainerako arau aplikagarriek.

3. Onuradunak eta betebeharrak.

3.1. Deialdian parte hartzen ahalko dute udal plan orokorra edo plan berezia prestatu edo berrikusteko prozesua tramitatzen hasi eta oinarri hauen 4. apartatuan adierazitako tauletan aurreikusitako prozeduraren faseren bat burutu duten Nafarroako udalek.

3.2. Deialdi honetan araututako laguntzak jaso ahal izateko, aldez aurretik lankidetza hitzarmen bat sinatu beharko da departamentuarekin, 98/2022 Foru Dekretuaren 3.2 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

3.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13.2 artikuluan aipatzen diren gorabeheretariko batean dauden udalak ez dira deialdiaren xede diren laguntzen onuradun izaten ahalko.

4. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta mugak.

4.1. Udal plan orokorrak prestatzeko fase bakoitzerako dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak ezin dira izan taula honetan aipatzen diren populazio tarteak kontuan hartuta ezarritako mugak baino handiagoak:

1. UDAL PLAN OROKORRAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN GEHIENEKO ZENBATEKOAK

Udalerrien
biztanleria

Gehieneko zenbatekoak faseka (BEZ barne)

Gehieneko
zenbatekoa (BEZ barne, eurotan)

%15

%15

%35

%25

%10

LAEE
onespena udala (eurotan)

LAEE onespena batzordea
(eurotan)

Hasierako onespena
(eurotan)

Behin-behineko onespena
(eurotan)

Behin betiko onespena
(eurotan)

- 1.000 bizt.

18.000

18.000

42.000

30.000

12.000

120.000

1.001-3.000 bizt.

22.500

22.500

52.500

37.500

15.000

150.000

3.001-5.000 bizt.

27.000

27.000

63.000

45.000

18.000

180.000

5.001-10.000 bizt.

31.500

31.500

73.500

52.500

21.000

210.000

+ 10.001 bizt.

40.500

40.500

94.500

67.500

27.000

270.000

2. PLAN BEREZIAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN GEHIENEKO ZENBATEKOAK.

Plan bereziaren
esparrua

Gehieneko zenbatekoak faseka (BEZ barne)

Gehieneko zenbatekoa
(BEZ barne, eurotan)

%60

%40

Hasierako onespena
(eurotan)

Behin betiko onespena
(eurotan)

5-10 ha

30.000

20.000

50.000

10-20 ha

45.000

30.000

75.000

20 hektareatik gora

60.000

40.000

100.000

4.2. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan indarrean dagoen legediaren arabera, udal plan orokorra behin betiko onartu ondoren testu bategina egiteko eskatu bada, ez da eskatzen ahalko azken fase horretarako aurreikusitako zenbatekoak ordaintzeko, harik eta testu bategina entregatu eta organo eskudunak egokia dela egiaztatu arte.

4.3. Taulan ezarritako zenbatekoei %10 gehitzen ahalko zaie kontzeptu hauetako bakoitzagatik:

–Udalerri konposatuak edo 3 auzogune bereiz edo gehiago dituztenak.

–70 km ² baino gehiagoko azalera.

4.4. Plan bereziak prestatzeko fase bakoitzerako dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak, azterlanaren eremuaren azaleraren arabera ezarriak, ez dituzte taularen 2. apartatuan ezarritako mugak gainditzen ahalko.

4.5. Aurreko apartatuen arabera ematen diren dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak ezin dira izan zerbitzu kontratuaren esleipen prezioaren %80 baino handiagoak izan. Ehuneko hori, era berean, lanak egiteko fase bakoitzeko gehienezko zenbatekoak kalkulatzeko hartuko da erreferentzia gisa.

4.6. Faseren batean udal eskatzaileek justifikatutako zenbatekoak taulan gehieneko gisa adierazitakoak baino txikiagoak badira, jaso beharreko laguntzen zenbatekoak murriztuko dira, justifikatu diren kopuru horiek gainditzen dituzten neurrian. Hala ere, fase bakoitzerako ezarritako gehienekoak ez lortzeagatik ordaindu ez diren zenbatekoak hurrengo faseetan ordaintzen ahalko dira, baldin eta justifikatzen badira eta zenbateko osoak ez baditu gainditzen dagozkien gehieneko zenbatekoak.

Era berean, faseren batean justifikatutako zenbatekoak taulan gehieneko gisa adierazitakoak baino handiagoak badira, zenbateko horiek gainditzen dituzten zenbatekoak hurrengo faseetan ordaintzen ahalko dira, betiere aipatutako gehieneko mugak gainditzen ez badira.

4.7. Udalek bi fasetarako edo gehiagotarako eskatzen ahalko dituzte laguntzak. Kasu horretan, fase bakoitzari dagozkion zenbatekoen batura izanen da laguntza horien zenbatekoa.

4.8. Aurreko deialdietan laguntzen xede izan diren faseak ez dira berriro deialdi berrietan diruz laguntzen ahalko.

4.9. Nolanahi ere, dirulaguntzak aurrekontuetan baliagarri dagoen diruaren mende egonen dira.

5. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, eta 2023ko azaroaren 30ean bukatuko da (egun hori barne). Eskabideak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

5.2. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak

Deialdi honetarako finkatutako eskabidearen ereduarekin bat ez datozen eskabideak ez dira aurkeztutzat joko. Horrenbestez, ez aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.

6. Dokumentazioa.

Udalek aurkeztutako dirulaguntza eskaerak oso-osorik bete beharko dira, eta dagokion udal alkatetzak sinatu beharko ditu. Halaber, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera idazkia, argi azalduz dirulaguntza udal plan orokorra edo plan berezia idazteko zein faserako edo faseetarako eskatzen den, eta zenbat eskatzen den, II. eranskineko eskabide ereduarekin bat.

b) Udal plan orokorra edo plan berezia idazteko lanak esleituz udalak hartu duen erabakiaren ziurtagiria, udal idazkaritzak emandakoa, esleipenaren prezioaren zenbatekoa eta, hala badagokio, onartutako kontratu aldaketak adierazita.

c) Udal idazkaritzak emandako ziurtagiria, bidezkoa bada, udal plan orokorra edo plan berezia egiteko dirulaguntzaren xede fasea onesteko udal akordioari buruzkoa.

d) Egindako gastuei dagozkien fakturak eta diruz lagungarriak diren lanen ordainketak justifikatzea.

e) Udal idazkaritzaren ziurtagiria, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak betetzeari buruzkoa.

f) Helburu bererako jasotako dirulaguntzen ziurtagiria, udal idazkaritzak emandakoa.

g) Udal alkatetzaren erantzukizunpeko adierazpena, udalak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.

h) Udal alkatetzaren erantzukizunpeko adierazpena, udalak Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga betebehar guztiak ordaindu dituela dioena.

i) Emandako dirulaguntza hedatzeko betebeharrak hartu izanaren egiaztapen edo froga dokumentala, oinarri hauen 14. apartatuarekin bat (udal webgunerako esteka, parte hartzeko saioen deialdiak, etab.).

7. Laguntzak emateko prozedura.

7.1. Dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluazio araubidearen bidez izapidetuko da, eta betiere printzipio hauei jarraikiz: publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminazio eza, helburuak betetzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia.

7.2. Dirulaguntzen eskaerak udal plan orokorren edo 4. apartatuan jasotako taulan aipatzen diren plan berezien izapidetze fase bakoitza amaitu ondoren aurkeztuko dira, 4. apartatuaren 2. Puntuan xedatutakoaren kalterik gabe; espresuki adieraziko da zein fasetarako eskatzen den finantzazioa eta zenbatekoa, eta 6. apartatuan eskatzen den dokumentazioa erantsi beharko zaie.

8. Antolamendua eta instrukzioa.

8.1. Laguntza ekonomiko hauek emateko prozedura antolatu eta bideratzeko organo eskuduna Nafarroako Gobernuaren Lurralde Antolamenduko Departamentuaren Lurralde eta Paisaia Zerbitzua izanen da, eta hark egiaztatuko du betetzen direla dirulaguntzak jaso ahal izateko baldintzak. Halaber, eskaerak banaka baloratuko ditu, erregistroko sarrera dataren hurrenkerari jarraikiz, eta dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa finkatuko du, oinarri hauen 4. apartatuan jasotako taulekin bat.

8.2. Eskabideek ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte edo eskatutako agiriak aurkezten ez badira, udal eskatzaileari eskatuko zaio akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko hamar egun balioduneko epean, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatuakoari jarraiki.

Gaitutako helbide elektronikora jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

8.3. Eskaerak erregistroko sarrera dataren hurrenkerari jarraikiz erantzunen dira, aurrekontu kreditua agortu arte. Aurrekontuan dirurik ez egoteagatik onartzen ez diren eskaerak hurrengo deialdietarako hartuko dira kontuan, eta, gainera, laguntza zein deialditan eskatu zen, deialdi horretako data errespetatuko da.

Apartatu honetan aurreikusitako ondorioetarako, osatu gabeko eskaerak ez aurkeztutzat joko dira eskaera osorik zuzendu arte.

9. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

9.1. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiak eman edo ukatuko ditu dirulaguntzak. Ebazpen horretan dirulaguntzaren zenbatekoa eta ordainketa zehaztuko dira.

9.2. Ebazpenak hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko dira, modu telematikoan, eskaera izapidetzeko organo eskudunaren erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

9.3. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.

9.4. Berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

10. Dirulaguntzaren ordainketa.

Emakidaren ebazpenean erabakita egonen da dirulaguntzaren ordainketa. Transferentzia bidez ordainduko da bi hilabeteko epean gehienez, kasuan kasuko ebazpena jakinarazten denetik aurrera, eta, betiere, 2023ko abenduaren 31 baino lehenago eta oinarri hauetako 15. apartatuan aipatutako gardentasun betebeharra konplitu ondoan.

11. Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak bateragarriak izanen dira xede bererako ematen diren beste batzuekin, haien izaera eta ematen dituen administrazioa edo erakundea edozein dela ere, baldin eta guztien baturak ez badu gainditzen diruz lagundutako jardueraren kostua.

12. Kontzeptu diruz lagungarriak.

12.1. Diruz laguntzen ahal diren gastutzat joko dira udal plan orokorrak eta plan bereziak (BEZ barne) idazteko lanak egiteko behar diren zerbitzu profesionalak kontratatzearen ondoriozko ordainsariak.

Dirulaguntzen bidez gehienez ere zerbitzu kontratu horien esleipen prezioaren %80 finantzatuko da, baldin eta oinarri hauen 4. apartatuan finkatutako gehieneko zenbatekoak gainditzen ez badira.

12.2. Laguntzak zatika eman eta ordainduko dira, oinarri hauen 2. apartatuan jasotako taulan ezarritako tresnak prestatu eta izapidetzeko fase bakoitza bukatzean, lurraldearen antolamendu eta hirigintza gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularrak emanen duen ebazpenaren bidez, oinarri hauetan eta udal hirigintza planeamendua prestatzeko laguntzen araubidea ezartzen duen azaroaren 16ko 98/2022 Foru Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.

12.3. Laguntzak eskuratu ahal izateko, fase horietako bakoitza osatu beharko da, lurraldearen antolamendu eta hirigintza arloan indarra duen legeriak eskatzen dituen agiriekin.

12.4. Diruz laguntzen ahal diren lanak kasuan kasuko deialdia argitaratzen den urteari dagokion aurrekontu ekitaldian egina izaten ahal da, edo aurreko ekitaldietan egina.

13. Onuradunek bete beharrekoak.

a) Dirulaguntza emateko eta ordaintzeko baldintza eta beharkizunak betetzen dituztela frogatzea.

b) Dirulaguntza emateko edo dirulaguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla egiaztatzeko helburua betetzea.

c) Emandako dirulaguntzak ematen diren xedeetarako erabiltzea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen betiere.

e) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean gorde beharko ditu.

g) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

h) Egunean izatea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak ere, hala badagokio.

i) Oinarri hauen 14. apartatuan adierazitako hedapen neurriak hartzea.

j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hamaseigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

14. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

14.1. Dirulaguntzen onuradunek adierazi beharko dute nork eman duen dirulaguntza proiektuaren hedapena eta publizitatea egiten den guztietan. Hedapen lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan. Agertu beharko du dirulaguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean, eta berdin ikusteko moduan.

14.2. Finantzaketaren izaera publikoaren publizitatea erakusteko Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala erakutsiko da, gutxienez udalaren webguneko informazioan eta/edo, hala badagokio, parte hartzeko eta komunikatzeko saioetan.

15. Gardentasun betebeharrak.

15.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, udal onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute modu telematikoan, Nafarroako Gobernuaren erregistro elektronikoaren bitartez, eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa ere bai, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Dekretuaren 12.4 artikuluan ezarritakoari jarraituz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunei dagokienez.

15.2. Aitorpen eredua Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoko kasuan kasuko fitxaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko da, webgune honetan: www.nafarroa.eus. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

16. Ez betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

16.1. Deialdiaren oinarrietan ezarritakoa urratzen bada edo datu faltsuak ematen badira, dirulaguntza galduko da eta jasotako dirua itzuli beharko da; hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezakete ondorio, ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

16.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan ere onuradunek jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, artikulu horretan aurreikusitako prozedurarekin bat.

16.3. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

17. Datu pertsonalak babestea.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

18. Arau hausteak eta zehapenak.

Arau hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

19. Errekurtsoak.

19.1. Deialdi honen eta oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

19.2. Halaber, lurraldearen antolamendu eta hirigintza gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez deialdia aplikatzeko abiarazitako egintzen aura ere aurkezten ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA

Nafarroako udalei zuzendutako dirulaguntzen deialdian eskaerak aurkezteko inprimakia,
udal plan orokorrak eta plan bereziak egin edo berrikusteko lanak finantzatzeko

1. Erakundearen datuak.

Erakundearen izena

IFK zenbakia

Posta helbidea

Telefonoa

Helbide elektronikoa

2. Eskabideko datuak.

Planeamendu tresna

Udal plan orokorra .................................................................................
............................................................

Plan berezia ...............................
..........................................................
..........................................................

Idazketa fasea edo faseak

LAEE onespena udala

LAEE onespena batzordea

Hasierako onespena

Behin-behineko onespena

Behin betiko onespena

Hasierako onespena

Behin betiko onespena

Eskatutako zenbatekoa

................................................. euro

................................................ euro

3. Eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioa.

Idazkaritzaren ziurtagiria: lanak esleitzeko akordioa

Gastuen fakturak eta ordainagiriak

Helburu bererako jasotako dirulaguntzen ziurtagiria, idazkaritzak emandakoa

Alkatetzaren erantzukizunpeko adierazpena (dirulaguntzen onuraduna)

Alkatetzaren erantzukizunpeko adierazpena (zerga betebeharrak ordainduta edukitzea)

Idazkaritzaren ziurtagiria: onesteko udal akordioa

.............................................(e)n .....(e)ko ...........................................aren ...........................................(e)(a)n

Sinadura: erakundeko alkatetza

Iragarkiaren kodea: F2306428