100. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

53E/2023 FORU AGINDUA, apirilaren 19koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, dirulaguntza honen deialdia onesten duena: "Artem Exporta 2023. Arte eszenikoetako eta musikaletako profesionalei laguntzak, birak egin eta azoketan parte har dezaten". DDBN identifikazioa: 689425.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztutako txostenean proposatzen da honako deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak onestea: "Artem Exporta 2023. Arte eszenikoetako eta musikaletako profesionalentzako laguntzak, birak egin eta azoketan parte har dezaten". Halaber, 24.000 euroko gastua egiteko baimena onestea proposatzen da, bai eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea ere. Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak eta baldintzak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.

Nafarroako Gobernuak, 2023ko apirilaren 5ean hartutako Erabakiaren bidez, deialdi hau baimendu zuen, banakako ebaluazioaren araubideko deialdia baita.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntza honen deialdia onestea: "Artem Exporta 2023. Arte eszenikoetako eta musikaletako profesionalentzako laguntzak, birak egin eta azoketan parte har dezaten".

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimendu da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4709-334103: Artem Exporta: arte eszenikoen arloko ekitaldi, jaialdi eta lehiaketetarako laguntzak

2023

24.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko apirilaren 19an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

"Artem Exporta 2023. Arte eszenikoetako eta musikaletako profesionalentzako laguntzak, birak egin eta azoketan parte har dezaten" deialdiaren oinarri arautzaileak

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiak xede du arte eszeniko eta musikaletako artista eta enpresen mugikortasunerako laguntzak arautzea, banakako ebaluazioaren araubidean, horien bidez beren ekoizpenak Nafarroatik kanpo kontratatuak izateko edo Nafarroatik kanpo diren azoketan parte hartzeko, Nafarroako artearen sektore profesionalari sostengua emate aldera eta haren proiekzioa Foru Komunitatetik kanpo sustatze aldera.

1.2. Deialdi honen xedea da, halaber, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunari laguntzea, bai kultur sektorean bai herritar guztien artean.

1.3. Aurkezten ahal diren proiektuak Nafarroako konpainien, ekoizleen eta/edo artisten arte eszeniko eta musikalen produkzioak izanen dira, performatiboak barne.

1.4. Pertsona edo entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du. Oinarri hauen ondorioetarako, proiektu bakartzat joko da bira bat edo azoka batera edo batzuetara joatea, edo biak, eskaera bakarrean aurkezten badira.

1.5. Deialdi honen xedeko jarduerak 2022ko azaroaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitarte eginen dira, biak barne.

Gastua eta ordainketa frogatzeko agiriek 2022ko azaroaren 1etik 2023ko azaroaren 10era artekoak izan behar dute, biak barne.

2.–Pertsona edo entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Pertsona fisikoak, Nafarroako Foru Komunitatekoak direnak edo gutxienez 2022ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik daudenak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

Entitate horiek egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean izan behar dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez 2022ko urtarrilaren 1etik.

Gainera, haien sozietatearen helburuen artean edo estatutuen araberako xede edo helburu sozialen artean jarduera eszeniko edo musikalak egitea agertu beharko da.

2.2. Aurreko apartatuan aipatutako pertsona edo entitateek alta emanik egon behar dute, eskaera aurkezteko unean, oinarri hauen 4.3 puntuan aipatutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean.

2.3. Dirulaguntza hauetatik berariaz baztertzen dira honako pertsona edo entitate hauek:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa-erakunde publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2023ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Arte ikasketen ikastetxeak, musikako, dantzako eta beste arte arlo batzuetako eskolak eta/edo akademiak.

d) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

2.4. Nortasun juridikorik ez duten pertsona edo entitate eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkien betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

2.5. Pertsona edo entitate onuradunek bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak. Ezin izanen dira onuradun izan aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak. Ezin izanen dira onuradun izan, orobat, zehapen administratibo irmoak edo kondena epai irmoak betetzen ari diren pertsonak edo entitateak, edo, hala bada, zehapen eta kondena epai bat betetzeko zain daudenak, kondena jarri denean sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

3.–Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (24.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira. Dirulaguntza emanen da baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa, ez eta 3.000 eurotik gorakoa ere.

Onartutako aurrekontua izanen da entitateak aurkeztutako aurrekontua, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat diruz lagungarriak ez diren zenbatekoak kenduta.

3.3. Aipatutako muga horiek betetzen badira, laguntzaren zenbatekoa eskatutako bera izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.

3.4. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta eskaerak aurkezten diren neurrian eta hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

3.5. Pertsona edo entitate onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, dirulaguntzarik jaso ez duen hurrengo pertsona edo entitate eskatzaileari emanen zaio, baldin eta horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu.

3.6. Aurrekontuko dirua deialdi honetan ezarritako epealdien barruan agortzen bada, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak itxitzat emanen du eskaerak onartzeko epealdia, horretarako ezarritako funtsak amaitu direla eta. Horretarako ematen den ebazpena argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren webgunean, tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/arte-eszenikoetako-eta-musikaletako-profesionaleentzako-laguntzak-birak-egin-ditzaten-eta-azoketan-parte-har-dezaten-artem-exporta), bai eta Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki-taulan ere.

4.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

4.1. Oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurkezten ahalko dira eskaerak, 2023ko irailaren 29ra arte (egun hori barne).

4.2. Pertsona juridikoek nahitaez aurkeztu behar dituzte eskaerak modu telematikoan Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa).

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre, Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.

4.3. Eskaeraren berariazko inprimakiari (I. eranskina) erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Agiri bakoitza bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko da dokumentazioa.

a) Eskaera aurkezteko unean ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe hauetako batean alta emanik egotearen frogagiria (erakunde ofizial eskudunak emana):

–1. atala (Enpresa jarduerak): 96. edo 99. taldeak.

–2. atala (Lanbide-jarduerak): 85. taldea.

–3. atala (Arte-jarduerak): 1., 2. edo 3. taldeak.

b) Pertsona fisikoak ez diren eskatzaileen kasuan, gainera, sozietatearen kontratuaren kopia, eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia eta Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena.

c) Pertsona edo erakunde eskatzailearen IFZ/IFKren kopia.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa. Proiektuaren deskripzio-memoriak ez du 30 folio baino gehiago beteko, DIN A-4 formatuan, alde batetik idatziak, ohiko tipografian, gutxienez 11 puntuko letra mota erabilita, II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera. Folio kopuru horretatik aurrerako informazioa ez da baloratuko.

e) Proiektuaren datu ekonomikoak III. eranskinean aurkeztu beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

f) Kontratuak edo, hala badagokio, azoketan izen-ematea frogatzen duen dokumentazioa.

4.4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten pertsonek eta entitate onuradunek ez dituzte aurreko puntuko b) eta c) ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non agiri horietan ez den aldaketaren bat izan.

4.5. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, pertsona edo entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

Dokumentazioa aurkeztu ahala ebaluatuko dira eskaerak eta esleituko da dirulaguntza, ebaluazio horretatik ondorioztatzen den neurriaren araberakoa, horretarako aurrekontu kreditua dagoen bitartean.

4.6. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie pertsona edo entitate eskatzaileei.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak eta 2022ko azaroaren 2tik 2023ko azaroaren 1era bitarte egiten badira, biak barne. Gastuen eta ordainketen frogagiriek 2022ko azaroaren 2tik 2023ko azaroaren 10era artekoak izan behar dute, biak barne.

Gastu diruz lagungarrien erosketa kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Ondorio horietarako, honako hauek joko dira gastu diruz lagungarritzat:

1.–Langileak kontratatzeko gastuak eta gastu sozialak (Gizarte Segurantza eta antzeko beste batzuk), baldin eta lan araubidean egiten bada, edo cacheak edo zerbitzu-emateen kostuak, merkataritza araubidean egiten bada.

2.–Talde tekniko eta artistikoko kideen ostatu gastuak, mantenu gastuak (bazkaria/afaria) eta joan-etorrien gastuak, bai eta emanaldia egiteko beharrezkoak diren elementuak garraiatzekoak ere, kopuru hauek gainditu gabe:

a) Ostatua: gehienez 75 euro gau bakoitzeko.

b) Mantenu gastuak: otordu bakoitzeko (bazkaria eta afaria baino ez) 20 euro ordainduko dira gehienez. Ez dira onartuko gosariak, kafeak, hamaiketakoak edo antzeko kontzeptuak.

Mantenu gastuak kalkulatzeko, kontuan hartuko da emanaldia/bira dela eta mugitu diren pertsonen, artisten eta/edo teknikarien kopurua.

c) Desplazamendua:

–Norberaren ibilgailua erabiliz gero, 0,34 euro kilometro bakoitzeko. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua egoitza soziala edo pertsona fisikoaren helbidea izanen da.

–Furgoneta edo zamalanetarako beste ibilgailuren bat, norberarena, erabiliz gero, 0,43 euro kilometro bakoitzeko. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua egoitza soziala edo pertsona fisikoaren helbidea izanen da.

–Ibilgailua alokairukoa denean, bakarrik alokairuaren kostua.

–Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

Oinarri honetan araututakoa betetzen den baloratu ahal izateko, entitate onuradunak gastu horien xehetasunak aurkeztu beharko ditu justifikazio fasean, V. eranskinean horri buruz eskatutako informazioaren arabera.

Joan-etorrien gastuak lotuta badaude emanaldi bat baino gehiago duen bira batekin, pertsona edo entitate onuradunak joan-etorri bakarra sartzen ahal du kontzeptu horretan.

Laguntza eskatzen bada produkzio baten bira egiteko zenbait herritan, tarteko ibilbideak gehituko zaizkio joan-etorriaren distantziari, kilometrajea kalkulatzeko.

3.–Proiektuan sartutako jarduerak zabaltzeko, digitalizatzeko eta merkaturatzeko gastuak (onartutako guztizko gastuen %15 gehienez ere).

4.–Azoketara joateko gastuak: izena ematea eta standen alokairu kostuak eta stand-zerbitzuak.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

b) Zeharkako zergak (BEZa, adibidez), berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

c) Ondasun higiezinak, azpiegiturak eta ekipamendu-ondasun inbentariagarriak eskuratu, erabili eta finantzatzearekin zerikusia duten guztiak.

d) Jardunbide egokiekin eta gardentasunarekin bateragarriak ez diren guztiak.

e) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino gehiago badira.

f) Ez dira onartuko laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

g) Ordezkaritza, protokolo eta luxuzko gastuak, ez eta elikagaiak, edariak eta antzekoak erostekoak ere.

h) Autobide gastuak (bidesaria), aparkalekuak eta kilometraje gastuak, ibilgailua alokatzen bada.

6.–Tramitazioa eta ebaluazioa.

6.1. Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatu eta ebaluatuko ditu eskaerak, banakako ebaluazioaren araubidean.

Ebaluazio prozesu osoan zehar, pertsona edo entitate eskatzaileen agerraldia eskatzen ahal da, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

6.2. Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du.

6.3. Kultur Ekintza Zerbitzuak, egindako ebaluazioa ikusirik, laguntzak ematea proposatuko du.

7.–Proiektuen balorazioa.

Informazio ekonomikoa III. eranskineko inprimakian jakinaraziko da.

7.1. Ondoko irizpideen arabera baloratuko dira proiektuak (guztira 100 puntu):

a) Proiektuaren ezaugarriak (50 puntu gehienez).

–Ekintzen edo emanaldien kopurua: 10 puntu, emanaldi bakoitzeko.

Jokaespazioen edo azokako egoitzaren kokalekua:

Foru Komunitatearekin mugakide diren lurraldeetan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Errioxa, Aragoi, Akitania Berria)

5 puntu, jokaespazio bakoitzeko

Estatuko beste lurralde batean

8 puntu, jokaespazio bakoitzeko

Estatutik kanpo (Akitania Berria izan ezik):

10 puntu, jokaespazio bakoitzeko

b) Eskaera egiten duen artistaren, enpresa ekoizlearen edo banatzailearen ibilbidea eta jarduera (gehienez 25 puntu)

–Ibilbidea eta jarduera (gehienez 15 puntu):

Jarduera

1 puntu azken 4 urteetan eginiko produkzio bakoitzeko

Ibilbidea

1 puntu konpainiak edo artistak jardunean egindako urte oso bakoitzeko (gehienez 10 puntu)

–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren azken 4 urteetako deialdietan Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektua (10 puntu gehienez).

Pertsona edo entitate eskatzaileak jasotako dirulaguntza bakoitzeko

2 puntu

c) Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (15 puntu gehienez).

–Proiektuaren aurrekontu onartu osoarekin alderatuta (BEZik gabe), eskatutako dirulaguntzaren portzentajea.

%40 bitarte

15 puntu

%40 baino gehiago eta %50 arte

12 puntu

%50 baino gehiago eta %60 arte

7 puntu

%60 baino gehiago eta %70 arte

5 puntu

d) Nafarroako kultura zabaltzea eta euskara erabiltzea (5 puntu).

Nafarroako kultura zabaltzea bertako egileak sustatuz

2 puntu gehienez

Euskara erabiltzea proiektuan eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean

3 puntu gehienez

e) Genero-berdintasunaren ikuspegia txertatzea, bai entitatearen antolamenduan (rol profesionalen banaketa sexuaren arabera, eta barne-ekintzak), bai programaren helburu eta ekintzetan (5 puntu gehienez).

Desparekotasunaren gaiari modu espezifikoan eta kritikoan heltzen dioten proiektuak, edo genero-rolak eta -estereotipoak haustearekin eta gizonen eta emakumeen berdintasun eraginkorrari ekarpena egitearekin zuzenean lotutako ekintza positiboak garatzen dituztenak.

2 puntu

Sorkuntzako, zuzendaritzako eta kudeaketako rolen banaketa parekidea aurreikusten duten proiektuak.

2 puntu

Desparekotasun egoerak detektatzen eta zuzentzen laguntzen duten barne ekintzak egiten dituzten entitateak (prestakuntza, berdintasun planak, jazarpenari aurre egiteko protokoloak, familia-kontziliaziorako erantzunkidetasuna sustatzea eta antzekoak).

1 puntu

7.2. Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

7.3. Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, pertsona edo entitate eskatzaileak eskaera eginen du deialdi honen II. eranskinean deskripzio memoriaren ereduari jarraikiz; eredu horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian jakinaraziko da.

7.4. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo funsgabeak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak emateko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaera bakoitza jaso eta biharamunetik hasita.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barruan ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak deialdiaren fitxan argitaratuko dira, Nafarroako Gobernuaren web-orriaren tramiteen katalogoaren barnean (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/arte-eszenikoetako-eta-musikaletako-profesionaleentzako-laguntzak-birak-egin-ditzaten-eta-azoketan-parte-har-dezaten-artem-exporta).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, pertsona eta entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

Presuntziozko ezespenaren aurka, pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, pertsona eta entitate interesdunek Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalera jotzen ahal dute, helbide elektroniko honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.

9.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira. Ondorio horietarako, eskatzaileek IV. eranskina beteko dute.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, pertsona edo entitate onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten pertsona edo entitate onuradunek 13.1 oinarrian aipaturiko azken memorian zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu beharko dute laguntza horiek zer eragin izan duten diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira.

10.–Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

10.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek (pertsona fisikoak izan ezik) dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.

Izapideen bilatzaileko "Artem Exporta 2023" deialdiaren fitxaren bidez betetzen ahalko dira gardentasun betebeharrerako ereduak.

Betebeharra dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, entitate onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

10.3. Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

10.4. Pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko du proiektuak Kultura eta Kirol Departamentuaren dirulaguntza jaso duela.

10.5. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da, eta horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak funtsean aldatzen ez badu onetsitako proiektua.

10.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, karteletan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala), eta honako hau deskribatzen duen testu bat ezarri: "Diruz lagundua", Nafarroako Gobernuaren logotipo ofizialarekin batera.

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (liburuxkak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, arestian deskribatutako baldintzei jarraituz.

10.7. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.

10.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren bitartean.

10.11. Pertsona edo entitate onuradunek konpromisoa hartu beharko dute hizkuntza eta irudi inklusiboak eta ez-sexistak erabiltzeko jardueraren komunikazioa eta zabalkundea egiteko publizitate- edo informazio-euskarrietan. Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: "El Género como prioridad" (http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf).

11.–Justifikatzeko epea eta modua.

V. eranskina betetzea eranskin horretako jarraibide-orriaren arabera.

11.1. Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko da laguntza, proiektua amaitu ondoren.

11.2. Dirulaguntza likidatzeko, pertsona edo entitate onuradunek jarraian adierazitako frogagiriak aurkeztu beharko dituzte 2023ko azaroaren 10a baino lehen (egun hori barne).

11.3. Aurkeztu beharreko agirien zerrenda:

a) Eskaera, azken likidazioa eta eskatutako zenbatekoa adierazita.

b) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori V. eranskinean ageri den Excel txantiloian igorriko da.

c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Berariaz baztertzen dira ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak, bai eta fakturatutako ondasunaren, obraren eta/edo zerbitzuaren xedea argi eta garbi eta bereizita ezartzen ez duten fakturak ere.

5 oinarrian ostatu, mantenu eta joan-etorrietako gastuei buruz araututakoa betetzen dela baloratzeko, entitate onuradunak gastu horiei buruz V. eranskinean ezarritako xehetasunak eman beharko ditu.

d) Egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. 100 euroko edo hortik gorako gastuen ordainketak banku-ordainagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiri hori banku-erakundeak emanen du, eta bertan identifikaturik ageriko dira jaulkitzailea, hartzailea, ordainketa-data eta zenbatekoa. Zenbateko hori baino txikiagoak badira, honako hauen bidez justifikatzen ahalko dira: banku-ordainagiriak, "ordaindua" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuta eta zigilatuta, edo dagokion faktura edo gastu-frogagiria ordaindu dela egiaztatzen duen beste edozein dokumentu.

Gastuen eta ordainketen frogagiriek 2022ko azaroaren 1etik 2023ko azaroaren 10era artekoak izan behar dute, biak barne.

e) Jarduerak, deialdi honekin ez ezik, baliabide propioekin, kanpoko baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin ere finantzatu badira, diru-sarrerak egiaztatzen dituen frogagiria bidaliko da, eta V. eranskineko Excel plantillan ageri den zenbakitutako zerrendan zehaztu beharko dira, funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan izan duten erabilera adierazita.

f) Proiektuaren bukaerako memoria.

g) Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

Dokumentazio hori Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko da, 4.2 oinarrian araututakoaren arabera.

Gastu diruz lagungarrien barruan 2023ko laugarren hiruhilekoko faktura eta nominen PFEZren atxikipenak sartu badira, bai eta 2023ko urriko nominen Gizarte Segurantza ere, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta gastu diruz lagungarri horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, pertsona edo entitate onuradunak, beranduenez 2024ko urtarrilaren 31n, dagozkion likidazioak eta egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko zaio.

11.4. Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

11.5. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

12.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

12.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarenak, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

Kasu guztietan, bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura eta Kirol Departamentuak proiektu bererako ematen duen beste edozein dirulaguntzarekin.

12.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jardueraren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, pertsona edo entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13.–Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.

Pertsona edo entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du, osorik edo partzialki.

Pertsona edo entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

Justifikazio-betebeharra 11.2 oinarrian aurreikusitako epearen barruan betetzen ez bada, honako mailakatze-irizpide hau hartuko da kontuan bereziki:

–Egiaztagiriak azaroaren 10a baino geroago baina azaroaren 21a baino lehen aurkezten badira, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da gehienez, epez kanpo aurkeztu arte igaro diren egunen kopuruaren proportzioan.

–Egiaztagiriak azaroaren 21a baino geroago aurkezten badira, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

14.–Arau hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan.

15.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

16.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

17.–Eredu edo txantiloien zerrenda.

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinen araberakoak izanen dira, eta fitxan egonen dira eskuragarri, Nafarroako Gobernuaren web atariko tramiteen katalogoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/arte-eszenikoetako-eta-musikaletako-profesionaleentzako-laguntzak-birak-egin-ditzaten-eta-azoketan-parte-har-dezaten-artem-exporta).

Eskaera aurkezteko fasea:

I. eranskina.–Eskabide eredua.

II. eranskina.–Proiektuaren deskripzio-memoria.

III. eranskina.–Eskaeraren datu ekonomikoak.

Laguntzak emateko fasea: (Laguntza ematen denetik hilabeteko epean –pertsona edo entitate onuradunek soilik):

IV. eranskina.–Kultur mezenasgoa.

Gardentasunari buruzko adierazpena, pertsona fisikoak izan ezik.

Justifikazio fasea (pertsona edo entitate onuradunak soilik):

V. eranskina–Justifikazioen informazio ekonomikoa.

Iragarkiaren kodea: F2306409