100. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

43/2023 FORU DEKRETUA, apirilaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak arautzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldatu zuen) garrantzi handia ematen dio gazteek jasotzen duten hezkuntzari. Izan ere, jasotako hezkuntzaren araberakoa izanen da ongizatea, norbanakoarena zein kolektiboarena. Gazte guztiek eskolan arrakasta izan behar dute. Horrek eraman zuen Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa guztion artean eta guztiendako kalitatezko hezkuntza erdiesteko eztabaida bultzatzera. Horren ondorioz, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldaketa garrantzitsuak egin zituen aurreko arauan. Legearen zioen azalpenean adierazten den moduan, aldaketa horietako asko jatorrizko testuan jasotako neurriak berrikusteko beharrari zor zaizkio, hezkuntza sistema XXI. mendeko erronka eta desafioei egokitzearren, Europar Batasunak eta UNESCOk 2020-2030 hamarkadarako zehaztutako helburuekin bat. Halaber, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak helburuen artean du kanpoaldera irekitzea hizkuntzen ikaskuntza hobetuta, mugikortasuna eta trukeak handitzeko, eta europarren arteko lankidetza sendotzeko. Azken finean, hezkuntza sistema eleaniztuna eskatzen dute herritarrek.

Europak hezkuntzaren arloan izanen duen etorkizunari dagokionez, Europako Hezkuntza Esparru bat sortu nahi da. Helburuak bi izanen dira: bata, hizkuntzen irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren ikuspegi globala izatea, eta, bestea, ikasleek, beren ama-hizkuntza edo ama-hizkuntzak menderatzeaz gainera, beste hizkuntza bat edo bi menderatzea. Haren helburuen artean dago nahitaezko irakaskuntzan hizkuntzen ikaskuntza bultzatzea, Europako Kontseiluaren Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan oinarritutako gaitasun-maila espezifikoak lortzeko, eta kontzientzia linguistikoaren kontzeptua hezkuntzan eta prestakuntzan txertatzea. Kontzeptu horren barnean sartuko da hizkuntzak ikasteko esparru inklusibo bat, pertsona bakoitzaren hizkuntza-gaitasunak kontuan hartuta.

Balio handikoa da herritar guztiei kalitatezko hezkuntza ematea, hezkuntza hori hartuta hezkuntza sistemaren maila guztietan bikaintasunaren eta kalitatearen binomio bereizezin moduan, zeinetan curriculum-eredua hartuko baita kontzeptu dinamiko, konplexu eta multidimentsionala balitz bezala. Ikasleen irteera-profila prestakuntzaren etapak eta modalitateak lotzen dituen giltzarria da eta ikasle guztiek, salbuespenik egin gabe, nahitaezko hezkuntzaren bukaeran eskuratu eta garatu behar dituzten funtsezko konpetentziak identifikatzen ditu.

Irteera-profilarekin gazteak nolakoak diren deskribatzen ari gara, hezkuntzaren irakaskuntza-aldia bukatzen dutenean eta prest daudenean, egokitzapenaren, proakzioaren, arrakastaren eta jasangarritasunaren prospektiba baten bidez, mundu interkonektatu, global eta aldakor batean pertsona, herritar eta etorkizuneko profesional moduan beren errealitateari eta XXI. mendeko erronkei aurre egiteko. Irteera-profila ardatz zentrala da eta, hartara, ikasleen gaitasunei gehitutako faktorea, hori guztia enplegagarritasuna erdiesteko, hura mantentzeko eta denboran hobetzeko.

Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak hezkuntza sistemari exijitzen dion koherentzia, kohesioa eta harmonizazioa erdiesteko, hezkuntza inklusiboaren eta ikasle guztien beharren aniztasunari erantzuteko printzipioak eta aipatutakoa oinarri harturik eta Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren (IDU) printzipioen arabera, nahitaezko irakaskuntzaren funtsezko konpetentziak eskuratzeko behar dituzten laguntzak izanen dituzte ikasleek.

Hala, ikasleei ematen zaien nahitaezko hezkuntzak ezagutzak eta konpetentziak eman behar dizkie, zeinak ezinbestekoak izanen baitira haien garapen pertsonal eta profesionalerako, bizitzaren zernahi esparrutako egoerak eta arazoak konpontzeko eta haien sozializazioa erdiesteko, beren prestakuntza-ibilbidean jarraitutasuna lortzeko eta, orobat, biziko diren gizartean murgildu eta hartan aktiboki parte hartzeko.

Nafarroako Gobernuak apustu argia egiten du helburu horiek erdiets daitezen eta horren erakusgarri da atzerriko hizkuntzei ematen dien garrantzia hizkuntzen ikaskuntza adin goiztiarretan ezarrita. Era berean, hizkuntza komunikazioko konpetentziaren eta eleaniztasunerako konpetentziaren irakaskuntza hezkuntzako etapa guztietan egin beharrekotzat du hizkuntzen tratamendu integratuaren bitartez, hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzeko eta Nafarroako hizkuntzen aniztasuna kontuan hartuta. Hori dela eta, Hezkuntza Departamentuak atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak bultzatzen ditu, baita curriculumeko edukiak komunikazio-hizkuntzen bidez ikastea ere eta, hartara, atzerriko hizkuntzen izaera funtzionala gizartean eta hezkuntzan indartzen du.

Beraz, kontuan hartuta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abenduaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikulua, Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzaren arloko Estatuaren funtzioen eta zerbitzuen eskualdatzea onesten duen abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioak hautatu eta lanpostuak betetzeko neurriak ezartzen dituen maiatzaren 4ko 11/2022 Foru Legea, bidezkoa da Nafarroako Gobernuak arautzea Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak.

Foru dekretu honen xedea da atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak arautzea Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

Foru dekretu honek bost kapitulu, lau xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta azkeneko bi xedapen ditu.

I. kapituluan, "Xedapen orokorrak" izenekoan, atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen xedea eta aplikazio-esparrua, oinarriak eta printzipio metodologikoak eta definizioa arautzen dira.

II. kapituluan, "Irakaskuntzen antolaketa" izenekoan, curriculuma, aniztasunari erantzutea, ebaluazioa eta etapa arteko protokoloa lantzen dira.

III. kapituluan, "Ikasleak" izenekoan, ikasleek atzerriko hizkuntzetan duten hizkuntza-konpetentziaren maila eta taldekatzeak biltzen dira.

IV. kapituluan, "Irakasleak" izenekoan, irakasleek atzerriko hizkuntzan duten hizkuntza-gaitasunaren maila, irakasleen funtzioak eta irakasleen prestakuntza arautzen dira.

V. kapituluan, "Ikastetxeen antolamendua" izenekoan, honako hauek jasotzen dira: atzerriko hizkuntzak ikasteko programen koordinazioa, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasketaburutza albokoa, irakasleen ordu-murrizketa, urteko memoria, ikastetxeak programetan sartu edo haietatik ateratzea.

Foru dekretu honek hiru xedapen gehigarri ditu honako gai hauen gainean: neurri osagarriak, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren, British Council-aren eta Hezkuntza Departamentuaren arteko hitzarmena eta aniztasunari erantzuteko neurrien ebaluazioa.

Foru dekretuaren bukaeran sartu dira xedapen indargabetzaile bat (orain artean aplikatzen zen araudia indargabetzekoa) eta bi azken xedapen (bata, foru dekretu hau garatzeko ahalmenei buruzkoa, eta bestea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean indarrean jartzeari buruzkoa).

Horiek horrela, Nafarroako Eskola Kontseiluaren aldez aurreko txostena ikusirik eta Nafarroako Kontseiluarekin bat, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2023ko apirilaren 26an eginiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

1. Foru dekretu honen xedea da atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen (AHIP) oinarrizko alderdiak arautzea. Programa horiek ingelesez, frantsesez eta alemanez emanen dira.

2. Foru dekretu hau aplikatuko da Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan.

2. artikulua. Oinarriak eta printzipio metodologikoak.

1. Programa hauen oinarria da hizkuntza bat baino gehiago erabiltzea, arlo guztietako konpetentzietan ikasteko oinarri gisa, baina bereziki hizkuntza-komunikazioko konpetentzia eta eleaniztasunerako konpetentzia sakon sendotzeko.

2. Programak printzipio metodologiko hauetan oinarritzen dira:

a) Hizkuntzen tratamendu integratua (HTI). Estrategia metodologiko bat da, hizkuntzen arteko ikaskuntzen transferentziari arreta berezia jartzen diona, eta haren xedea da eleaniztasunerako komunikazio-konpetentzia garatzea. Hizkuntza bakoitzean landu behar da norberari dagokiona eta hizkuntza guztien artean partekatu behar da amankomunean dutena, beti ikasleak egoera bakoitzean behar d(it)uen hizkuntza(k) modu egokian eta eraginkorrean erabil ditzan.

Hizkuntzen tratamendu integratuak eskatzen du irakasle guztiek, bai hizkuntzak irakasten dituztenek, bai hizkuntzetakoak ez diren gainerako arlo eta irakasgaiak irakasten dituztenek, oinarrizko komunikazio-konpetentzian koordinatzea eta modu bateratuan elkarlanean aritzea. Tratamendu horren lagungarri izanen dira arlo edo irakasgai bakoitzari dagozkion ezagutzen adierazpen-modu guztiak eta komunikazio-hizkuntza bakoitzean garatzen diren hizkuntza-egoera eta -esperientzia guztiak.

b) Edukien eta atzerriko hizkuntzen ikaskuntza integratua (EAHII). Ikuspegi didaktiko bati egiten dio erreferentzia, hau da, arloak eta irakasgaiak edo haietako batzuk atzerriko hizkuntza batean irakasten dira irakasgaiaren edukia eta, aldi berean, hizkuntzari berezkoak zaizkion hizkuntza-edukiak ikasteko.

c) Ikuspegi holistikoa: erabilitako metodologiari, materialak aukeratzeari eta prestatzeari eta ikasgelan jorratu beharreko gaiei buruzko erabakiak ikuspegi holistiko batetik hartuko dira eta ekintzara bideratuko dira. Horrela, komunikazio egoera garrantzitsuak, eta ez formal hutsak, bilatuko dira, betiere hizkuntza gaitasunaren garapen ezin hobea bultzatuz.

d) Ikaskuntzaren diseinu unibertsalaren hainbat mailatako ikuspegia (IDU). Hezkuntza-esperientzia hobeak ematera bideratua, ikasgela guztietan dagoen aniztasunetik abiatuta ikasteko baliabideak sortuta, eta ikasle guztiei curriculum orokorrerako sarbidea erraztuta, material eta metodo malguen bitartez. Ikuspegi hau oinarritzen da banakako irakaskuntzan eta curriculuma malgutzean, ikasle guztiak kontuan hartuko dituzten ikaskuntza-egoeren garapenerako; egoera horietan askotariko ikasteko maila eta erritmoak kontuan izanen dira.

3. artikulua. Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen definizioa.

Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan (AHIP) atzerriko hizkuntza (ingelesa, frantsesa edo alemana) ordu gehiagoz erabiltzen da eta curriculumeko edukiak atzerriko hizkuntza horretan ikasten dira.

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, honako programa hauek izan daitezke:

a) AIP: Alemanez Ikasteko Programa.

b) FIP: Frantsesez Ikasteko Programa.

c) IIP: Ingelesez Ikasteko Programa.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, honako programa hauek izan daitezke:

a) Bigarren Hezkuntza eleaniztuna (ingelesa, frantsesa edo alemana). Atzerriko hizkuntza batean ikasten dira hizkuntzakoak ez diren bi arlotako curriculum-edukiak gutxienez, eta, gainera, jarraipena ematen die Lehen Hezkuntzako Ingelesez Ikasteko Programari (IIP), Frantsesez Ikasteko Programari (FIP) edo Alemanez Ikasteko Programari (AIP).

b) Atal Elebidunak (ingelesa, frantsesa edo alemana). Atal Elebidunen programak irakasgai bateko edo gehiagoko curriculum ofiziala garatzen du, ingelesa, frantsesa edo alemana komunikazio-hizkuntza gisa, parte batean, erabilita. Frantseseko eta alemaneko atal elebidunetan, berriz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. ikasmailetan errefortzua jarriko da, modu orokorrean, atalen xede diren atzerriko hizkuntzaren irakasgairako. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. ikasmailetara pasatutakoan, behin ikasleek hizkuntzaren gaineko ezagutza nahikoa dutenean, ikastetxeak hizkuntzakoa(k) ez d(ir)en arlo bat edo batzuk dagokion atzerriko hizkuntzan eskainiko ditu.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ikastetxe bakoitzean atzerriko hizkuntzetan ikasteko programa bat baino gehiago izan daitezke aldi berean. Proposamen zabalago honi esker, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak egin daitezke atzerriko hizkuntzetan murgiltze-maila bat baino gehiagorekin.

II. KAPITULUA

Irakaskuntzen antolaketa

4. artikulua. Curriculuma.

Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak dituzten ikastetxeek etapa bakoitzean indarrean dauden Nafarroako curriculum ofizialei jarraituko diete. Curriculumtzat hartzen da helburuen, konpetentzia nagusien eta espezifikoen eta edukien multzoa, hezkuntza praktika arautzen duten oinarrizko jakintzen, metodo pedagogikoen eta ebaluazio-irizpideen forman emandakoak.

Atzerriko hizkuntzan irakatsitako arloak zein diren Hezkuntza Departamentuaren titularrak foru dekretu hau garatzeko emandako foru aginduetan zehaztuko da eta ikasleek konpetentziak eskuratzera bideratuko dira.

Hizkuntzakoak ez diren irakasgaien etaparako ibilbidearen plangintza ikastetxeak zehaztuko du, etapa, eredu, helburu eta irizpide pedagogiko bakoitzaren zehaztapenak kontuan hartuta. Plangintza horretan koherentzia bilatuko da etapen artean eta jarraitutasuna curriculumaren denboran eta garapenean, eta ikasleen eta irakasleen beharrak asebeteko dituzten irakaskuntzako programaziorako eta material didaktikoetarako eredu irekiak egitea erraztuko da.

Hezkuntza Departamentuak arautuko du zenbat ordu erabiliko diren curriculumeko edukiak atzerriko hizkuntzan ikasteko etapako ordutegi orokorrekin alderatuta.

5. artikulua. Aniztasunari erantzutea.

1. Aniztasunari erantzuteko planaren barnean, ikastetxeek aniztasunari erantzuteko neurriak aurreikusi eta garatuko dituzte, hots, ikasle guztiei hezkuntza arloko erantzun egokia emateko beharrezkoak direnak. Xedea da haien konpetentziak garatzen laguntzea, haien askotariko motibazioak, interesak, jarrerak eta gaitasunak kontuan hartuko dituen antolaketa-dinamika bat ezarrita.

2. Neurri inklusiboak hartuko dira ikasle guztiek, bereziki hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituztenek, irteera-profilean aurreikusitako konpetentziak eskura ditzaten. Neurri haietako batzuk izan daitezke ohiko taldean laguntza ematea, taldekatze malguak egitea edo curriculumaren egokitzapenak, bai eta malgutzearen alde egitea eta alternatiba metodologikoak erabiltzea atzerriko hizkuntzaren irakaskuntzan eta ebaluazioan, batez ere hura ulertzeko eta erabiltzeko zailtasunak dituzten ikasleen kasuan. Ikastetxeak baloratuko du ikasleek zein hizkuntzatan hartu behar duten hezkuntza-laguntza, gaztelaniaz, euskaraz edo atzerriko hizkuntzan.

3. Ikasleak, oro har, ez dira atzerriko hizkuntzan emandako saioen %30 baino gehiago beren erreferentzia-taldetik bereizita egonen, arrunta ez den hezkuntza-arretaren ondorioz, salbu eta hizkuntzen arloaren ardura duen zerbitzuak behar bezala justifikatuta eta baimenduta ez badago eta hezkuntzako ikuskapenaren ardura duen zerbitzuak aldeko txostena ematen ez badu.

6. artikulua. Ebaluazioa.

Ebaluazioari dagokionez, Hezkuntza Departamentuak ebaluazioaren gainean hezkuntza etapetarako oro har ezarritako araudia beteko da.

Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan, ikasleen ebaluazioak ikaskuntzaren prozesu integrala islatu beharko du. Ebaluazioa globala, jarraitua eta prestakuntzazkoa izanen da, eta kontuan izanen ditu arlo bakoitzaren trebetasun espezifikoen garapen-maila (konpetentzia horiek etapako ziklo guztietarako berberak izanen dira), eta ebaluazio-irizpideak eta edukiak, arlo bakoitzean ziklo bakoitzerako ezartzen diren oinarrizko jakintza moduan emandakoak.

Hizkuntzakoak ez diren arloak kalifikatuko dira arlo bakoitzeko berariazko konpetentzien eskurapen-mailaren arabera.

7. artikulua. Etapa arteko protokoloa.

Hezkuntza-etapen arteko trantsizio-protokoloak ezarriko dira, haien jarraitutasuna, koordinazioa eta kohesioa bermatzeko. Protokolo horiek behar diren foru aginduetan ezarritakoak izanen dira, eta hurrengo alderdi hauek aztertu eta baloratuko dituzte:

a) Ikasleen hizkuntza-konpetentzia.

b) Ikasleen premia akademikoak eta pertsonalak.

c) Aniztasunari erantzuteko neurriak.

d) Langileak eta materialak.

e) Alderdi didaktikoak, antolaketakoak eta metodologikoak.

III. KAPITULUA

Ikasleak

8. artikulua. Ikasleek atzerriko hizkuntzan duten hizkuntza-konpetentziaren maila.

Orientaziorako besterik ez bada ere, berrikusteko modukoa izanik eta ikasleen aniztasunari egokituta, etapa eta irakaskuntza bakoitzean, ikaskuntza-erritmoa eta sakontze-mailarik egokiena zein den zehazteko, ikastetxeek konpetentzia-maila hauek hartuko dituzte erreferentetzat, ikasleen etapa psikoebolutiboari egokitutako Hizkuntzerako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera:

a) Lehen Hezkuntza: A1 mailaren eta A2 mailaren artekoa.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: A2 mailaren eta B1 mailaren artekoa.

9. artikulua. Taldekatzeak.

Bermatuko da ikasle-taldeak heterogeneoak izatea eta ez-baztertzaileak, eta banaketa ekitatiboa izanen da eta aukeren berdintasuna eta kohesio soziala bermatuko du.

Hezkuntza Departamentuak berariazko egoerak baloratuko ditu eta haien garapena baimenduko du.

IV. KAPITULUA

Irakasleak

10. artikulua. Irakasleek atzerriko hizkuntzan duten hizkuntza-konpetentziaren maila.

Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak irakasten dituzten irakasleek programaren helburu den atzerriko hizkuntzaren titulazioa dutela egiaztatu beharko dute, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan atzerriko hizkuntzaren profila duten lanpostuei dagozkien lanpostuetan sartu eta haiek hornitzeko araudiaren arabera.

11. artikulua. Irakasleen eginkizunak.

Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak ematen dituzten irakasleek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Ikasmaila bakoitzaren hasieran, programaren berariazko programazio didaktikoa prestatzea.

b) Programa koordinatzeko bileretara joatea eta haietan aktiboki parte hartzea.

c) Urteko memoria, hizkuntza-konpetentziako txostenak eta aholku orientatzaileak prestatzen parte hartzea.

d) Berariazko prestakuntzako jardueretan, material didaktikoak eta curriculumekoak prestatzeko mintegietan edo lantaldeetan parte hartzea, bereziki ikastetxearen programa ezartzeari eta berrikusteari buruzko lanetan.

12. artikulua. Irakasleen prestakuntza.

Hezkuntza Departamentuak programa hauetan sartzen diren irakasleei etengabeko prestakuntza emanen die, haien beharrei gehien eta ongien egokitzen zaiena, hezkuntza administrazioak egiten duen plangintzaren barnean.

Prestakuntzan, besteak beste, honako alderdi hauek sartuko dira: Edukien eta Atzerriko Hizkuntzen Ikaskuntza Integratua/Content and Language Integrated Learning; hizkuntzen tratamendu integratua; Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala; atzerriko hizkuntzen didaktika, eta hizkuntzen eguneratze eta hobekuntza.

V. KAPITULUA

Ikastetxeen antolaketa

13. artikulua. Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen koordinazioa.

1. Programa hauek lehentasunez honako irakasle hauek koordinatuko dituzte: ikastetxean behin betiko destinoa duten irakasleek eta, programan aldez aurretiko ibilbidea izanik, atzerriko hizkuntzak ikasteko programak ematen dituztenek.

Atzerriko hizkuntza batean baino gehiagotan programak dituzten ikastetxeek hizkuntza bakoitzerako koordinatzaile bat ezarriko dute.

2. Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen irakasle koordinatzaileen eginkizunak honako hauek dira:

a) Programa koordinatzeko bileretarako deiak egitea eta haien buru izatea.

b) Zuzendaritza taldearekin elkarlanean aritzea, programaren alderdi didaktikoetan eta metodologikoetan, baita hobetzeko ildoak proposatzea ere.

c) Ikastetxean irakaslanaren gaineko hausnarketa sustatzea, eta berrikuntza pedagogiko eta metodologikorako ekimenak bultzatzea.

d) Ikasturtean zehar lan plana proposatzea: bileren egutegia eta bileretako aztergai nagusiak.

e) Edukien eta atzerriko hizkuntzen ikaskuntza integratuan oinarritutako baliabide eta materialetarako banku bat sortu eta mantentzea, programan parte hartuko duten irakasleekin elkarlanean.

f) Zuzendaritza taldearekin koordinatuta eta hark emandako irizpideei jarraikiz, Hezkuntza Departamentuarekiko solaskide izatea programaren garapenari dagozkion gaietan.

g) Programaren gainerako irakasleen artean intereseko jarduerekin eta prestakuntza-jarduerekin zerikusia duen informazioa hedatzea eta sustatzea.

h) Elkarlanean aritzea ikastetxeko prestakuntza-jardueren arduradunarekin eta Hezkuntza Departamentuarekin programarako berariazko prestakuntzari buruzko proposamena egiteko.

i) Urteko memoria idaztea (16. artikuluan aipatua).

j) Zuzendaritza taldearekin batera elkarlanean aritzea ikastetxea nazioartekotzeko proiektuetan, hala nola eskolen arteko trukeak, hizkuntza- eta kultura-murgiltzeak eta Europako programetako parte-hartzeak antolatuta.

3. Unean uneko bilerak eginen dira atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak emanen dituzten irakasleak koordinatzeko eta haietan programaren garapenari eta funtzionamenduari buruzko alderdiak landuko dira.

14. artikulua. Ikasketaburutza albokoa Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan.

Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programa ezartzen den bitartean, programaren barrenean Haur Hezkuntzan zazpi talde edo gehiago dituzten ikastetxe publikoek, edo bederatzi edo gehiago Lehen Hezkuntzan, ikasketaburutza alboko bat izan dezakete. Hark koordinazioa eta aurreko artikuluan adierazitako eginkizunak hartuko ditu bere gain.

Ikasketaburuaren arduraduna programa ematen duen irakasle-taldekoa izan beharko da. Inola ere ezin dira batera egon alboko ikasketaburua eta atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen koordinatzailea.

15. artikulua. Irakasleen ordutegia murriztea.

1. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, programak ezartzen diren bitartean, eta 11., 13. eta 14. artikuluetan aipatutako eginkizunak betetzeko, Hezkuntza Departamentuaren titularraren foru agindu bidez ezartzen den ordutegi-murrizketa izan dezakete sare publikoko ikastetxeetako atzerriko hizkuntzak ikasteko programetako irakasleek eta koordinatzeko arduradunek edo ikasketaburu albokoek.

2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 11. eta 13. artikuluetan aipatutako eginkizunetarako, Hezkuntza Departamentuaren titularraren foru agindu bidez ezartzen den ordutegi-murrizketa izan dezakete sare publikoko ikastetxeetako atzerriko hizkuntzak ikasteko programetako irakasleek eta koordinatzeko arduradunek.

16. artikulua. Urteko memoria.

Ikasturte bakoitza bukatzen denean, atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen koordinatzaileak programaren urteko memoria prestatu eta Hezkuntza Departamentuan hizkuntzen arloan eskumena duen atalera igorriko du. Memoriaren edukia behar diren foru aginduetan ezarritakoa izanen da.

17. artikulua. Ikastetxearen hizkuntza-proiektua.

Ikastetxearen hizkuntza-proiektuan kontuan hartuko dira atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak, ikastetxean irakatsitako hizkuntzen koordinazioa eta tratamendu integratua bermatzeko, indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz.

18. artikulua. Ikastetxeak programetan sartzea edo haietatik ateratzea.

1. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek baimena eska dezakete atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak emateko edo, kasua bada, programa horietatik ateratzeko, Hezkuntza Departamentuak ezarritakoaren arabera.

Ikastetxea lau ikasturtez edo gehiagoz egonen da programan, eta ikastetxeak bermatu beharko du programak jarraituko duela, programan jadanik sartu diren ikasleek etaparen bukaeran programa horretan segituko dutela bermatzeko.

2. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, arau orokor gisa, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen ikasmailan hasiko da atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak ezartzen, eta pixkanaka jarraituko da, ikasmailaz ikasmaila. Ikasmaila eta hizkuntz eredu bereko talde guztietan ezarriko da.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, etapako lehen ikasmailan hasiko da atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak ezartzen, eta pixkanaka jarraituko da, ikasmailaz ikasmaila.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo xedapen gehigarria.–Neurri osagarriak.

Hezkuntza Departamentuak aholkuak emanen dizkie ikastetxeei, atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak ezartzeari eta garatzeari buruz.

Bigarren xedapen gehigarria.–Hezkuntza eta Lanbide Heziketaren Ministerioaren, British Councilaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuaren arteko hitzarmena.

Hezkuntza eta Lanbide Heziketaren Ministerioaren, British Council Fundazioaren Espainiako Ordezkaritzaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuaren arteko hitzarmenean sartutako ikastetxeek antolaketa hitzarmen horretan ezarritakoaren araberakoa izanen da.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Aniztasunari erantzuteko neurrien ebaluazioa.

Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak dituzten ikastetxeetan aniztasunari erantzuteko hartutako neurriak ezarri eta ebaluatuko dira. Jarduketa-ildo honetan ezarriko da, foru dekretu honetan aniztasunari erantzuteko ezarritako neurriak aplikatu ondoren, neurri horiek ezarri eta laugarren ikasturtetik aurrera ebaluatu eta haien eraginkortasuna egiaztatuko dela, irteera-profilean zehaztutako konpetentzia nagusiak eskuratu direla bermatzeko. Nolanahi ere, lehen ebaluazioa ez da 2026-2027 ikasturtea baino lehenago eginen.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

1. Foru dekretu honek indarra hartu orduko, indargabetuta geldituko da abenduaren 30eko 147/2016 Foru Agindua. Hezkuntzako kontseilariak emandako foru agindu horrek Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak arautzen ditu eta zenbait ikastetxeri haiek emateko baimena ematen die.

2. Era berean, indarrik gabe gelditu dira foru dekretu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapenak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Erregelamendu bidezko garapena.

Hezkuntzako kontseilariari baimena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko apirilaren 26an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2306600