10. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

324/2022 EBAZPENA, abenduaren 7koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Orbaizetako udal-mugartean erdi tentsioko 20 kV-ko lurpeko linea bat jartzeko aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematen baitira, eta instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzen baita. Acciona Generación Renovable, S.A. enpresak sustatzen du linea hori.

1.–2021eko irailaren 24an egindako eskaera.

2021eko irailaren 24an, Acciona Generación Renovable, S.A. enpresak aurretiazko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena, eta instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzeko eskabidea aurkeztu zuen, eta horrekin batera, Proiektua eta Ingurumen-inpaktuaren azterketa ere aurkeztu zituen, instalazio honetarako:

–Eskatzailea: Acciona Generación Renovable, S.A.

–Espedientea: SAT11247.

–Instalazioaren kokalekua: Orbaizetako udal-mugartea.

–Xedea: Inguru horretan segurtasun teknikoa eta ingurumen-segurtasuna hobetzea eta sorkuntzako eta banaketako aktiboak bereiztea.

–Ezaugarri teknikoak: Erdi tentsioko 20 kV-ko lurpeko linearen proiektua, Electra Orbaizeta S.L.-ren 20 kVko Goi Tentsioko Linearen 17.08 euskarritik Irabiako urtegiko Zentral Hidroelektrikoraino. Lurpeko lineak, 20 kV-ko zirkuitu sinplean, 7.400 metroko luzera du plantan. Linea Irabiako urtegiko Zentral Hidroelektrikoaren zeldetan abiatuko da, eta amaitu, berriz, Electra Orbaizeta S.L.-ren "AGOITZ P-NAGORE" 20 kVko Aireko Linearen 17.08 zenbakiko euskarrian. Lurpeko linea elektrikoarekin batera zuntz optikoko kable bat ere instalatuko da.

–Aurrekontua: 722.265,83 euro.

Aurrez, Irabiako Zentral Hidroelektrikoak I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, S.A.U. enpresaren instalazioetara bideratzen zuen sortutako energia. Hobekuntza honekin, linea berriak Electra Orbaizeta, S.L. enpresaren instalazioetara bideratuko du energia.

Espedientean jasota dago, 1F5DK6 erreferentzia duen eskabideari erantzunez, Electra Orbaizeta, S.L. Enpresak egindako dokumentua, 2022ko azaroaren 22koa, zeinaren bidez Acciona Generación Renovable, S.A.-ren sarearekin bat egiteko eta konektatzeko baimenak ematen diren. Bat egiteko emandako gaitasuna 1.700 kVA-koa da.

Ondoren, 2021eko abenduaren 1ean, Acciona Generación Renovable, S.A. Enpresak lurzoru urbanizaezinean jarduteko eta, zehazki, aipatutako instalazio elektrikoa egiteko baimena eskatu zuen. Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 118. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eskumena duen organora igorri zen eskabidea, 2021eko abenduaren 17an, lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jarduerei onespena emateko.

2.–Ingurumen eraginaren azterketaren eta proiektuaren jendaurreko informazioa.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa betetzeko, jendaurrean jarri zen I-DE Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U. enpresaren eskaera, 30 eguneko epean. Izapide hori betetzeko, honako hauetan eman zen argitara eskabidea: 2022ko urtarrilaren 12ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (7. zenbakia), 2022ko abenduaren 13ko Diario de Noticias eta Diario de Navarra egunkarietan, eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean.

Era berean, Orbaizetako Udalera igorri zen informazioa, denbora-tarte berean jendaurrean jartzeko. Jendaurrean jartzeko izapide horren epea bete izanaren udal ebazpena jaso da.

Ez da proiektuari buruzko alegaziorik aurkeztu jendaurrean egon den artean.

3.–Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei eginiko kontsultak.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluak aplikatuz, 2021eko ekainaren 24an proiektuaren separatak bidali zitzaizkien Orbaizetako udalari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, IDE Redes Eléctricas Inteligentes, S.A.U. enpresari, Electra Orbaizeta S.L. enpresari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, hogeita hamar eguneko epean eskatutako baimenari adostasuna eman edo haren aurka agertzeko, eta, kasua bada, bidezko diren baldintza teknikoak ezartzeko.

Kontsulta horien izapideetan honako txosten hauek jaso dira:

–Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak, 2022ko urtarrilaren 16an, jakinarazi zuen proiektuak ez duela eraginik atal horren eskumenei dagokionez.

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 2022ko azaroaren 14an jakinarazi zuen instalazio hori gauzatzeko baimena eman zuela 2022ko irailaren 23an (2022-O-800 erreferentziazko espedientea).

4.–Ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

Ingurumeneko zuzendari Nagusiak ekainaren 20an emandako 573E/2022 Ebazpenaren arabera (proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena jasotzen du ebazpen horrek), proiektuak ez du ondorio nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten horretan ezarritakoaren arabera, eta, horrenbestez, ez du bete behar ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren izapidea, 21/2013 Legearen II. tituluaren I. kapituluaren 1. atalean aurreikusten dena.

Era berean, Ebazpen horretan bertan ezarritako baldintzak betetzeko betebeharra ezartzen du; besteak beste, honako hauek:

–Zanga irekitzeko lanetan gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare lur geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean.

–Materialak pilatzeko eta obrako makinen joan-etorrietarako eremuak ahalik eta azalera txikiena hartuko du, eta argi zedarrituko da tokian bertan, obrei ekin aurretik. Ezin dira obrako materialak pilatu eta ezin dira parkeko makinak utzi ingurumen aldetik sentiberak diren eremuetan.

–Proiektuak erabilera publikoko mendia okupatzen duenez, 59/1992 Foru Dekretuaren 50. artikulutik 52.era ezarritako okupazio-baimenaren prozedura egin behar da.

–Behar diren soluzioak emanen dira azpiegitura horrek eraginik izan ez dezan mendiaren gaur egungo erabileretan.

–Pagadi eremuetan, zanga sakonagoa eginen da ahal den neurrian, eta mugarriekin seinaleztatuko da, aurreikusitako baso-aprobetxamenduekin talkarik sor ez dadin.

–Erlan errekastoan, lineak Erlango zubian gurutzatzen du erreka; hortaz, puntu hori baino gorago, Pirinioetako igelaren laginak hartu beharko dira urtero. Hori kontuan izanda, prospekzio finagoak egin beharko dira aipatutako gurutzatze-puntuan espeziea badagoen ala ez egiaztatzeko, eta hala badagokio, beharrezko neurriak hartu beharko dira hazkuntza-garaian espezieari ez eragiteko. Beraz, errekastoan eragina izan dezakeen jarduerarik ez da eginen azaroaren 15etik abuztuaren 15erako tartean.

–Linea lurperatzeko azpiegiturek, instalazioaren ondoren, ez dute inolako eraginik eta oztoporik sortu behar errekastoan, eta, horretarako, behar beste lurperatu beharko dira.

–Lanak egiterakoan ahalik eta eragin gutxien sortu beharko da ibaiertzeko eta ezpondetako landaredian, eta behin lanak bukatu ondoren, modu egokian leheneratu beharko da landaredia.

–Ahal dela, bideak ez dira erabiliko putzuz beterik badaude, ezta euriteen ondoren ere. Malda handiko eremuetan higadura ahalik eta gehien gutxitzeko neurriak hartuko dira.

–Zerbitzutik kanpo geratzen diren azpiegitura guztiak (gaur egungo aireko linearen euskarri zaharrak barne) kendu egin beharko dira.

–Indarrean den legediaren arabera tratatuko dira sortutako hondakin guztiak.

–Lanek aldatutako eremu guztiak, eraikitako bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondoren utziko ez diren obren aztarnak barne, lehengoratuko egin beharko dira.

Aipatutako ebazpena 2022ko ekainaren 22an bidali zitzaion Acciona Generación Renovable, S.A. enpresari, horren berri izan zezan eta ondorioak izan zitzan.

5.–Lurzoru urbanizaezineko baimena

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak irailaren 5ean emandako 266E/2022 Ebazpenaren espedientean jasota dago baimen hori. Hain zuzen, instalazioa eraikitzeko proiektuari lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueretarako baimena ematen zaio ebazpen horren bidez. Nolanahi dela ere, sustatzaileak bete egin beharko ditu Ebazpen horren testuan jasotako zehaztapenak.

6.– Aurretiazko administrazio baimenaren, eraikitzeko administrazio baimenaren eta zehazki onura publikoko deklarazioaren proposamena.

Espedientean dagoen informazioa aintzat hartuta (Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 20ko 573E/2022 Ebazpenean jasotakoa eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 5eko 266E/2022 Ebazpenean jasotakoa), Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak proposatzen du espedientea ebaztea eta aurretiazko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta zehazki onura publikoko deklarazioa ematea Erdi tentsioko 20 kVko lurpeko linearen proiektuari. Arestian aipatu bezala, Electra Orbaizeta S.L.-ren 20 kVko Goi Tentsioko Linearen 17.08 euskarritik Irabiako urtegiko Zentral Hidroelektrikoraino joanen da linea hori, Orbaizetako udal-barrutian.

Proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen erlazioan ez da aldaketarik izan espedientea izapidetzeko aldian, eta jatorriz 2022ko urtarrilaren 12ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (7. zenbakia) argitaratutako bera da.

Adierazitakoarekin bat, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (2019ko azaroaren 27ko NAO, 234. zk.), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betez,

EBAZTEN DUT

1.–Acciona Generación Renovable, S.A. enpresari administrazio baimena ematea aipatu instalaziorako.

2.–Zehazki deklaratzea instalazioak onura publikoa duela, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze-espedientean.

3.–Acciona Generación Renovable, S.A. enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

4.–Instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, David Remírez de Ganuza Satrústegui industria-ingeniari teknikoak sinatua, onestea. Hogeita lau hilabete emanen dira obrak gauzatzeko.

5.–Instalazioak gauzatu beharko dira aurkeztutako proiektuari jarraikiz, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

6.–Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuaren abiarazte agiria eskatu beharko du. Eskaera horri aipatutako araudian ezarritako dokumentazioa erantsi beharko zaio, bai eta obra bukaeraren ziurtagiria ere, teknikari eskudun batek sinatuta.

7.–Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak instalazioa gauzatzeko behar diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak lortu beharko ditu, publikoak nahiz pribatuak izan, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

8.–Ebazpen hau Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Biodibertsitate Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura eta Ondare Historikoaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

9.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

10.–Ebazpen hau jakinaraztea Acciona Generación Renovable, S.A. enpresari, Electra Orbaizeta, S.L. Enpresari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.

11.–Ebazpen hau Orbaizetako Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko abenduaren 7an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2216637