10. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

100/2022 FORU AGINDUA, abenduaren 9koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez Lanbide Heziketako ikastetxe bateratu politekniko izendatzen baita "Huarte" BHI, Centro Integrado Politécnico "Huarte" Ikastetxe Integratu Politeknikoa izenarekin.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.5 artikuluan adierazten denez, lege horretan araututako lanbide heziketako ikasketak ikastetxe bateratuetan egiten ahalko dira; hau da, tituluak eta profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako lanbide heziketako eskaintza guztiak ematen dituzten ikastetxeetan. Administrazioak dira, beren eskumenen esparruan, lanbide heziketako ikastetxe horiek sortu eta baimendu ditzaketenak.

Ildo horretan, Lanbide heziketako ikastetxe bateratuen oinarrizko betekizunak arautzen dituen abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretua aldatzen duen maiatzaren 7ko 564/2010 Errege Dekretuaren bidez, berriro idatzi da abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. atala; honela geratu da: hezkuntza-administrazioek titulartasun publikoko lanbide heziketako ikastetxe bateratu berriak baimentzen ahalko dituzte.

Ikastetxe bateratuak sortu eta baimentzeko prozesua irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuaren 5. artikuluan arautua dago. Horretarako, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 4. artikuluaren hirugarren atalean xedatutakoarekin bat, Nafarroako lan agintaritzaren eskumena duen departamentuak txosten lotesle bat egin beharko du; kasu honetan, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio txosten hori egitea.

Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 1ean emandako 198/2010 Foru Aginduaren bidez, Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe bateratu publikoak izendatu ziren eta Nafarroako ikastetxe bateratu publikoen sarea sortu zen. Gero, ikastetxe bateratu berri batzuk izendatu dira, eta sare hori zabaldu da ekainaren 24ko 58/2013 Foru Aginduaren, urriaren 8ko 87/2013 Foru Aginduaren, abenduaren 18ko 167/2015 Foru Aginduaren eta maiatzaren 25eko 58/2017 Foru Aginduaren bidez. Ikastetxe bateratuaren eredua gure foru komunitatean garrantzi berezia duten lurralde, sektore eta gizarte eremuetako lanbide heziketako beste ikastetxe batzuetara zabaltzea egokia dela ikusirik, bidezkoa da, puntu honetan, eta aipatutako araudia betez, ikastetxe bateratu bat gehiago izendatzea Nafarroan eta hura Nafarroako ikastetxe bateratu publikoen aipatu sareari eranstea.

Hori dela eta, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak egindako aldeko txostena ikusita, non onartzen baita Nafarroan ikastetxe bateratuaren eredua zabaltzea titulartasun publikoko ikastetxeetara, horretarako baldintzak (irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuaren 6. artikuluan agertzen direnak) betetzen dituzten Bigarren Hezkuntzako institutuak eraldatuz, eta, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 4. artikuluan agindutakoaren arabera, eskuratu ondoren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren txosten loteslea, baita Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren txostena ere

AGINTZEN DUT:

1. Neuretzat hartzea Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe bateratu publikoak izendatzeko eskumenak, baita haiek Nafarroako ikastetxe bateratuen sare publikoari eranstekoak, zeinak Hezkuntzako zuzendari nagusiaren eta Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren esku baitzeuden, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluarekin.

2. "Huarte" BHI izendatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren mendeko ikastetxe bateratu politekniko (ikastetxearen kodea: 31007008).

3. Ikastetxe horren izen ofiziala ezartzea: Centro Integrado Politécnico "Huarte" Ikastetxe Integratu Politeknikoa.

4. Aipatu ikastetxea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe bateratuen sare publikoari eranstea, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sisteman lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 19.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea ezen gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela foru agindu honen aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratzen denetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.

6. Hezkuntzako zuzendari nagusiari eta Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiari baimena ematea foru agindu honetan xedatutakoa aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

7. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2022ko abenduaren 9an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2216911