10. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

207/2022 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, "Ingurumenaren zaindariak" izeneko ingurumen sentsibilizaziorako II. Kartel lehiaketaren eta VI. Mikrobideo lehiaketaren oinarri arautzaileak onesten dituena. Lehiaketa horiek Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendurik daude, hurrenez hurren, eta 2022-2023 ikasturtean izanen dira.

Nafarroako Gobernuak ingurumen hezkuntzaren tratamendua zeharka indartu nahi du maila guztietan. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren 59. artikuluan ezartzen da Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari dagozkiola hezkuntzako, prestakuntzako, ingurumen arloko boluntariotzako eta herritarren zientziako jarduketak.

Nafarroako Baso Agendan basogintza sektorea sustatzeko ardatzaren barnean jasotzen diren jardueretako bat da hezkuntzako jarduerak sendotzea, era horretan gazteek kontaktu zuzenagoa izan dezaten naturarekin eta ingurumenarekin. (F-P7-M8 neurria)

Hori dela eta, lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduriko "Ingurumenaren zaindariak" ingurumen sentsibilizaziorako lehiaketak helburu hauxe du: gure basoen kudeaketa jasangarriari eta basoetako baliabideen erabilerari buruzko jakintza indartzea. Aurtengo gaia honako hau da: "Eman egurra!".

Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan ezarrita dauden hainbat helbururekin bat dator deialdi hau. Besteak beste, Garapen Jasangarrirako helburu hauek lortu nahi ditu deialdiak: 7. helburua: energia eskuragarria, segurua, jasangarria eta modernoa bermatzea guztiontzat; 13. helburua: neurri urgenteak hartzea klima-aldaketaren eta haren ondorioen aurka egiteko; eta 15. helburua: basoak modu jasangarrian kudeatzea, lurren degradazioa gelditzea eta lehengoratzea, eta biodibertsitatearen galera gelditzea.

Baso- eta Zinegetika-Zerbitzuak erosiak ditu jada lehiaketa honetan emanen diren sariak, eta, beraz, ez da inolako gasturik jaso ebazpen honetan.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea "Ingurumenaren zaindariak" izeneko ingurumen sentsibilizaziorako II. kartel lehiaketaren oinarriak. Lehiaketak "Eman egurra!" lelo hau izanen du, Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendua da, eta 2022-2023 ikasturtean eginen da (I. eranskina).

2. Onestea "Ingurumenaren zaindariak" izeneko ingurumen sentsibilizaziorako VI. mikrobideo lehiaketaren oinarriak. Lehiaketak "Eman egurra!" lelo hau izanen du, Nafarroako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendua da, eta 2022-2023 ikasturtean eginen da (II. eranskina).

3. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalera eta Ekonomia Aferetarako Bulegora, eta Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza Atalera, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Jasangarritasunaren eta Informazioaren Atalera, behar diren ondorioak sor ditzan.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko azaroaren 25ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK

"Ingurumenaren zaindariak" izeneko ingurumen sentsibilizaziorako II. kartel lehiaketa

1. oinarria.– Xedea.

Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bitartez, "Ingurumenaren zaindariak" izeneko ingurumen sentsibilizaziorako II. kartel lehiaketa antolatu du. Ondoko lelopean eginiko lanik hoberenak sarituko dira:

–"Eman egurra!"

Lehiaketa horretan, gure basoen eta basoak eskaintzen dituen baliabideen kudeaketa eta erabilera jasangarriak zer onura dituen erakutsi beharko dute ikasleek. Hauek dira onura horietako batzuk: basoko biomasaren bidez (egurra, pelleta...) energia berriztagarria eskuratzea, papera lortzea, eraikuntzarako eta altzariak egiteko erabiltzen den zura eskuratzea (beti ere ekosistemak kontserbatuz), edota basoan oinez ibiltzeak, basoan murgiltzeak eta antzeko jarduerek osasunerako izan ditzaketen onurak.

Gai horri buruzko sentsibilizazioa lantzeko, basoek eskaintzen dituzten askotariko onura zuzenak adieraziko dituzten kartelak egin beharko dituzte partaideek, aniztasun horri loturiko beste alderdi hauek ere erakutsiz: baliabideen kudeaketa jasangarria, hurbileko ekonomiaren edo "Km 0" ekonomiaren sustapena eta jendez husteko arriskua duten eremuak balioan jartzea (izan ere, eremu horietan daude baso horiek). Aniztasun horrek hainbat erabilera eta aplikazio izan ditzake: basoko biomasaren bidez (egurra, pelleta...) energia berriztagarria sortzea; eraikuntzarako eta altzariak egiteko zura erabiltzea; papera eskuratzea; artzaintza estentsiboa; mikologia; zenbait produktu lortzea (fruituak, eztia, etab.), ehiza edo arrantza, mendiak osasunerako edo aisialdirako eskaintzen dituen onurak, eta abar.

Basoei loturiko erabilera horien aniztasunari buruz informazio gehiago eskuratzeko, kontsultatu III. Eranskina.

Kartelak baloratzeko garaian, honako hauek hartuko dira aintzat: gaiari ongi egokitzen ote zaion, mezuaren transmisioa, lanaren kalitatea, konposizioa, originaltasuna, sormena eta irudimena.

2. oinarria.–Parte hartzeko baldintzak eta lanen formatua.

"Ingurumenaren zaindariak" izeneko ingurumen sentsibilizaziorako II. kartel lehiaketan, Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bitarteko ikasleek parte hartzen ahalko dute.

Lehiaketak bi kategoria izanen ditu:

a) Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoentzat.

b) Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoentzat.

Lanak bikoteka egin beharko dira. Ikastetxe bakoitzak 3 lan aurkezten ahalko ditu kategoria bakoitzean. Irakasle batek ordezkatuko du ikastetxea sariketa honetako kategoria bakoitzean. Hau da, ikastetxe bakoitzak gehienez 2 irakasle aurkezten ahalko ditu, eta 6 kartel gehienez ere.

Aurkezten diren lanek originalak eta argitaragabeak izan beharko dute. Karteletan argazkiak, marrazkiak, collageak eta infografiak erabiltzen ahalko dira, eta egoki iritzitako diseinu grafikoa edo beste mota batekoa baliatzen ahalko da. Lanak orrialde bakarrean eta PDF formatuan aurkeztuko dira.

Lehiaketatik kanpo utziko dira "ur-markak" dituzten lanak edo enpresen marka erregistratuak edo aplikazio informaziokoak dituzten lanak.

Lanak fitxategi trinkotu batean aurkeztuko dira; fitxategi horrek irakasle baten lan guztiak bilduko ditu.

Lan bakoitza karpeta batean bereizita aurkeztuko da, eta karpetak honako hauek bilduko ditu:

–Kartela PDF formatuan.

–PDF fitxategi bat, atxikitako inprimakiarekin bat etorriz (ikusi IV. Eranskina), partaidearen harremanetarako datuak adierazita, eta zehazki honako hauek:

1) Ikastetxearen harremanetarako datuak: ikastetxearen izena, helbidea, telefonoa eta harremanetarako helbide elektronikoa.

2) Irakasle arduradunen harremanetarako datuak: izen-abizenak, telefonoa eta harremanetarako helbide elektronikoa.

3) Aurkeztutako lanari buruzko datuak: kartela egin duten ikasleen izena eta bi abizen, izenburua, maila eta zer kategoriatakoa den (Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak, edota Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak).

Parte-hartzaileek administrazio baimenak tramitatuko dituzte, halakorik behar bada.

Irakasleek 3 lan aurkeztu beharko dituzte kartel sortarik onenaren sarian parte hartu ahal izateko. Saria puntuaziorik handiena eskuratzen duen proiektu sortari emanen zaio.

3. oinarria.–Aurkezteko epea eta tokia

Lanak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita aurkezten ahalko dira, hurrengo 60 egun naturalen barnean.

Lanak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, honako hauek adieraziz:

Helburua: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

Eskabidearen laburpena: "Ingurumenaren zaindariak" izeneko ingurumen sentsibilizaziorako II. kartel lehiaketa.

Oharrak: Ingurumen Hezkuntza eta Informazioaren Bulegoa. Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala.

Lanak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo 30 egunetan erabakiko du epaimahaiak zein den kartel irabazlea. Lan irabazleak aurkeztu dituzten irakasleei eta ikastetxeei posta elektroniko bidez jakinaraziko zaie epaiaren berri.

4. oinarria.–Epaimahaia.

Epaimahai batek hautatuko ditu saridunak. Epaimahai horretan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko hiru teknikari izanen dira, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak izendaturikoak.

Epaimahaiaren erabakia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren web-orrian argitaratuko da, ebazpena eman ondotik.

Saritutako karteletan adingabekoen irudiak agertzen badira, kartelak zabaldu aurretik baimena eskatuko zaie haien legezko arduradunei, eta baimena eskuratu ezean lausotu eginen dira adingabekoen aurpegiak haien irudi-eskubideak babeste aldera.

5. oinarria.–Sariak.

Lehiaketak honako sari hauek ditu:

–Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako kartelik onena: Ikasle bakoitzarentzako tableta eta diploma bana.

–Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako kartel sortarik onena: Bideokamera bat irakasleentzako eta diploma bana parte hartu duen ikasle bakoitzarentzat.

–Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako kartelik onena: abentura-kamera bat bere osagarriekin eta diploma bana ikasleentzat.

–Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako kartel sortarik onena: Bideokamera bat irakaslearentzako eta diploma bana parte hartu duen ikasle bakoitzarentzat.

Aurkeztu diren karteletatik bakar batek ere ez badauka saritua izateko behar den gutxieneko kalitatea, ez da saririk emanen. Era berean, kartel sortarik onenaren saria emateko, irakasle arduradunak aurkeztutako kartel guztiek gutxieneko kalitatea izan beharko dute, eta kartelen edukiak bat etorri beharko du deialdiaren gaiarekin.

Irabazleei behar den denborarekin jakinaraziko zaie zein egunetan eta ordutan eginen den sari banaketa.

6. oinarria.–Parte hartzearekin batera hartutako konpromisoa.

Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarriak onartzea eta epaimahaiak edo Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hartzen dituen erabakiei men egin beharra.

Parte-hartzaileak lehiaketatik kanpo gera daitezke, oinarriak betetzen ez badituzte, epaimahaiaren edo Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren irizpideei jarraikiz.

7. oinarria.–Eskubideak.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eskubidea izanen du finkatutako arauak betetzen ez dituen edonor lehiaketatik kanpo uzteko, lehiaketa ongi joan dadin behar diren arau osagarriak emateko eta salbuespenak baimentzeko, eta ordutegiak finkatzeko edo aldatzeko, betiere, behar den denboraz iragarrita.

"Ingurumenaren zaindariak" izeneko ingurumen sentsibilizaziorako kartel lehiaketan parte hartzean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari lagatzen zaizkio aurkezturiko kartel horiek erreproduzitzeko, banatzeko eta komunikatzeko eskubideak. Betiere lana eta egilea aipatuta.

8. oinarria.–Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin bat, eskabide honen bidez jasotzen diren datu pertsonalak –haiek tratatzeko eskatzaileen baimena izanda– Nafarroako Gobernuaren jabetzako fitxategi batean sartuko dira.

II. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK

"Ingurumenaren zaindariak" izeneko Ingurumen sentsibilizaziorako VI. Mikrobideo lehiaketa

1. oinarria.– Xedea.

Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bidez, "Ingurumenaren zaindariak" izeneko VI. Mikrobideo lehiaketa antolatu du: "Ingurumenaren zaindariak". Aurten, hauxe izanen da lema:

–"Eman egurra!"

Lehiaketa horretan, gure basoen eta basoak eskaintzen dituen baliabideen kudeaketa eta erabilera jasangarriak zer onura dituen erakutsi beharko dute ikasleek. Hauek dira onura horietako batzuk: basoko biomasaren bidez (egurra, pelleta...) energia berriztagarria eskuratzea, papera lortzea, eraikuntzarako eta altzariak egiteko erabiltzen den zura eskuratzea (beti ere ekosistemak kontserbatuz), edota basoan oinez ibiltzeak, basoan murgiltzeak eta antzeko jarduerek osasunerako izan ditzaketen onurak.

Gai horri buruzko sentsibilizazioa lantzeko, basoek eskaintzen dituzten askotariko onura zuzenak erakutsiko dituzten mikrobideoak (minututik beherako iraupenekoak) egin beharko dituzte partaideek, aniztasun horri loturiko beste alderdi hauek ere erakutsiz: baliabideen kudeaketa jasangarria, hurbileko ekonomiaren edo "Km 0" ekonomiaren sustapena eta jendez husteko arriskua duten eremuak balioan jartzea (izan ere, eremu horietan daude baso horiek). Aniztasun horrek hainbat erabilera eta aplikazio izan ditzake: basoko biomasaren bidez (egurra, pelleta...) energia berriztagarria sortzea; eraikuntzarako eta altzariak egiteko zura erabiltzea; papera eskuratzea; artzaintza estentsiboa; mikologia; zenbait produktu lortzea (fruituak, eztia, etab.), ehiza edo arrantza, mendiak osasunerako edo aisialdirako eskaintzen dituen onurak, eta abar.

Basoei loturiko erabilera horien aniztasunari buruz informazio gehiago eskuratzeko, kontsultatu III. Eranskina.

Mikrobideoa erakusteko modua librea da; honako hauek egin daitezke:

–Mikrobideo-klip bat, edo edozein estilotako musika emanaldia: hip hop, trap, indie, regetoia, opera, folk, etab.

–Fikziozko mikro film laburra edo dokumentala, benetako aktoreekin.

–Fikziozko mikro film laburra edo dokumentala, animaziokoa.

–Antzezlan bat.

–Poesia edo prosa deklamazio bat.

–Aurrekoetan deskribatu gabeko ikus-entzunezko teknikak erabiliz eginiko beste edozein mikrobideo.

Mikrobideoak baloratzeko garaian, honako hauek hartuko dira aintzat: gaiari ongi egokitzen ote zaion, mezuaren transmisioa, lanaren kalitatea, konposizioa, originaltasuna, sormena eta irudimena.

2. oinarria.–Parte hartzeko baldintzak eta lanen formatua.

VI. mikrobideo lehiaketan Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasle guztiek parte hartzen ahalko dute; hau da, maila guztietako ikasleek.

Lanak bikoteka egin beharko dira. Ikastetxe bakoitzak 3 lan aurkezten ahalko ditu kategoria bakoitzean. Irakasle batek ordezkatuko du ikastetxe bakoitza.

Lehiaketatik kanpo utziko dira "ur-markak" dituzten lanak edo enpresen marka erregistratuak edo aplikazio informaziokoak dituzten lanak.

Aurkezten diren lanek originalak eta argitaragabeak izan beharko dute. Ikastetxe bakoitzak fitxategi trinkotu batean aurkeztuko ditu lanak; fitxategi horretan lan bakoitzak karpeta bat izanen du, eta karpeta bakoitzak honako hauek bilduko ditu:

–Lehiaketaren xedeko bideoa, formatu digital egokian, ondoren web-inguruneetan eta sare sozialetan zabaldu ahal izateko (FLV, MOV, WMV edo bestelakoak); Dropbox edo Drive bezalako plataforma digitaletarako loturen bidez ere aurkez daitezke, handik deskargatu ahal izateko.

1) PDF fitxategi bat, atxikitako inprimakiaren arabera (ikusi IV. eranskina) parte-hartzailearekin harremanetan jartzeko datu hauekin: Ikastetxearen harremanetarako datuak: ikastetxearen izena, helbidea, telefonoa eta harremanetarako helbide elektronikoa.

2) Irakasle arduradunaren harremanetarako datuak: izen-abizenak, telefonoa eta harremanetarako helbide elektronikoa.

3) Aurkeztutako lanari buruzko datuak: mikrobideoa egin duten ikasleen izena eta bi abizen, izenburua, maila eta zer kategoriatakoa den (Bigarren Hezkuntzako 1. mailatik 4.era).

Lanak euskaraz zein gaztelaniaz aurkez daitezke, eta bideoan erabili ez den hizkuntzaren azpitituluak erabiltzen ahalko dira, aukeran.

Parte-hartzaileek administrazio baimenak tramitatuko dituzte, halakorik behar bada.

Irakasleek 3 lan aurkeztu beharko dituzte mikrobideo sortarik onenaren sarian parte hartu ahal izateko. Saria puntuaziorik handiena eskuratzen duen mikrobideo sortari emanen zaio.

3. oinarria.–Aurkezteko epea eta tokia

Lanak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita aurkezten ahalko dira, hurrengo 60 egun naturalen barnean.

Lanak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, honako hauek adieraziz:

Hartzailea: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua

Eskabidearen laburpena: VI. Mikrobideo lehiaketa: "Ingurumenaren zaindariak".

Oharrak: Ingurumen Hezkuntza eta Informazioaren Bulegoa. Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala.

Lanak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo 30 egunetan erabakiko du epaimahaiak zein den lan irabazlea. Lan irabazleak aurkeztu dituzten irakasleei eta ikastetxeei posta elektroniko bidez jakinaraziko zaie epaiaren berri.

4. oinarria.–Epaimahaia.

Epaimahai batek hautatuko ditu saridunak. Epaimahai horretan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko hiru pertsona izanen dira, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak izendaturikoak.

Epaimahaiaren erabakia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren web-orrian argitaratuko da, ebazpena eman ondotik.

Saritutako karteletan adingabekoen irudiak agertzen badira, kartelak zabaldu aurretik baimena eskatuko zaie haien legezko arduradunei, eta baimena eskuratu ezean lausotu eginen dira adingabekoen aurpegiak, haien irudi-eskubideak babeste aldera.

5. oinarria.–Sariak.

Lehiaketak honako sari hauek ditu:

Mikrobideo onena: Bi abentura-kamera eta ikasleentzako diploma bana.

Mikrobideo sorta onena: Bideokamera bat irakasleentzako eta diploma bana parte hartu duen ikasle bakoitzarentzat.

Aurkezten diren mikrobideoetatik bakar batek ere ez badauka, epaimahaiaren iritziz, eskatzen den gutxieneko kalitatea, ez da saririk emanen. Era berean, mikrobideo sortarik onenaren saria emateko, gai bakoitzean aurkeztutako bideo guztiek gutxieneko kalitatea izan beharko dute, eta edukiak bat etorriko dira deialdian adierazitako gaiekin.

Irabazleei behar den denborarekin jakinaraziko zaie zein egunetan eta ordutan eginen den sari banaketa.

6. oinarria.–Parte hartzearekin batera hartutako konpromisoa.

Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarriak onartzea eta epaimahaiak edo Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hartzen dituen erabakiei men egin beharra.

Parte-hartzaileak lehiaketatik kanpo gera daitezke, oinarriak betetzen ez badituzte, epaimahaiaren edo Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren irizpideei jarraikiz.

7. oinarria.–Eskubideak.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eskubidea izanen du finkatutako arauak betetzen ez dituen edonor lehiaketatik kanpo uzteko, lehiaketa ongi joan dadin behar diren arau osagarriak emateko eta salbuespenak baimentzeko, eta ordutegiak finkatzeko edo aldatzeko, betiere, behar den denboraz iragarrita.

"Ingurumenaren zaindariak" izeneko ingurumen sentsibilizaziorako mikrobideo lehiaketan parte hartzean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari lagatzen zaizkio aurkezturiko lana eta mikrobideo horiek erreproduzitzeko, banatzeko eta komunikatzeko eskubideak, betiere egilea aipatuta.

8. oinarria.–Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin bat, eskabide honen bidez jasotzen diren datu pertsonalak –haiek tratatzeko eskatzaileen baimena izanda– Nafarroako Gobernuaren jabetzako fitxategi batean sartuko dira.

III. ERANSKINA
BASOEN BALIOA

Nafarroan, azaleraren hirutik bi basoa da; hor sartzen dira zuhaiztiak, sastrakadiak eta larreak.

Azken udan, baso-suteak inoizko larrienak izan dira Nafarroan. Tenperaturari, lehorteari eta haizeari dagokienez muturreko klima-bolada bati loturik gertatu dira suteak. Eta egun horietan, jende askok argi ikusi zuen eta adierazi zuen bere iritzia basoak modu egokian kudeatzeko beharrari buruz. Hori dela eta, egokia izan daiteke galdetzea zer dakien eskola-komunitateak Nafarroan aplikatzen den baso-kudeaketa jasangarriari buruz, zer onura eta zerbitzu ematen dizkiguten basoek eta nola erabil ditzakegun.

Klima-larrialdiari energia-krisia gehitu behar zaio. Krisi horrek garestitu egiten ditu erregaien prezioak eta larriagotu egiten du egoera ekonomikoa, kanpoko energia-iturriekiko mendekotasuna dela medio; iturri horiek, gainera, ez dira berriztagarriak.

Eta testuinguru horretan, basoek biomasa ematen digute, bero-iturri gisa erabiltzeko; orobat, zuhaitzak CO2aren biltegi natural bat dira, eta, beraz, gure baliabiderik onenetakoa klima-aldaketari aurre egiteko. Basoetako biomasa era askotara erabil dezakegu: egur gisa, ezpal gisa edo pellet gisa. Eta baliabide horien bidez eskuratzen dugun energia neutraltasunetik hurbil dago, CO2 igorpenei dagokienez.

Energia-iturri berriztagarria izateaz gain, basoetako zurak askotariko erabilerak ditu. Jendeak, oro har, ez daki horien berri; adibidez, gutxitan galdetzen dio bere buruari zerez eginak dauden Sanferminetako entzierroetako hesiak, komuneko papera edo hildakoen hilkutxak.

Duela gutxira arte, zura zen etxeak eraikitzeko funtsezko materiala, eta bizibidea zen Nafarroako mendirik onenen magalean dauden herrietako biztanle askorentzat. Gaur egun, gutxi gorabehera 2000 lagun ari dira lanean baso sektorean; XX. mendean, ordea, askoz gehiago ziren, sektorearen garrantzia ere halakoa baitzen. Zuraren ordez beste material batzuk erabiltzen hasi ziren eraikuntzan, baina gaur egun berriro ere indar hartzen ari da, erabilera askoko soluzioa delako, industrializatua, jasangarria, beste material batzuk baino gutxiago kutsatzen duena eta eragin apaingarri nabarmenekoa. Horren adibide ugari ditugu Foru Komunitatean.

Gaur egun basoei buruz gehiago jakin arren eta basoen inguruko zientzia aurreratuago egon arren, baliabide horren kudeaketa planifikazio baten arabera egin izan da, eta planifikazio horrek bateratu egiten zituen erabilera nagusiak eta bestelako batzuk, hala nola larreen ekoizpena ganadua mantentzeko, onddoen, fruitu lehorren eta basoko fruituen edo eztiaren ekoizpena... Gaur egun, nazioarteko erakundeek ziurtatze-metodo independenteak sortu dituzte; PEFC eta FSC dira ezagunenak. Ziurtagiri horrek egiaztatzen dute basoen kudeaketa jasangarria dela, eta eskuratutako produktuak era horretara kudeatutako basoetatik datozela. Alabaina, jende gehien-gehienak ez du horren berri, eta, adibidez, ez ditu identifikatzen arropa-marka jakin batzuen paperezko poltsen zigiluak, egiaztatzen dutenak modu jasangarrian kudeatutako iturrietatik datozela.

Nafarroan hiru eskualde biogeografiko daude (alpinoa, atlantikoa eta mediterraneoa), eta, beraz, bioaniztasun handiko lurraldea da. Izeidiak, pinadiak, pagadiak, hariztiak, artadiak eta beste baso-sistema batzuk landare- eta fauna-espezie askoren habitata eta etxea dira, eta horrek, areagotu egiten du basoen berezko erakargarritasuna. Gainera, basoak gure kulturaren eta nortasunaren parte ere badira, airearen eta uraren kalitatea hobetzen dute, higadura arintzen dute, babesa ematen dute hondamendi naturalen aurrean eta eurite bortitzen, bero handien eta muturreko beste eguraldi-baldintzen ondorioak leuntzen dituzte. Azkenik, nabarmentzekoa da basoak ingurune osasungarriak direla eta funtzio terapeutiko nabarmena dutela, onura asko sortzen dituztelako arazo fisiko eta psikologikoei aurre egiteko.

Basoek ematen dizkiguten onura eta zerbitzu horiek aintzat hartuta, ezinbestekoa da ingurune horiek ongi kudeatzea, hurrengo belaunaldiek haietaz gozatu ahal izan dezaten. Ongi kudeatutako basoek ere jasan ditzakete hondamendi naturalak, baina erresilientzia-gaitasun handiagoa dute eta erantzun hobea dute horrelako asalduren aurrean.

IV. ERANSKINA
HARREMANETARAKO DATUAK

Ikastetxearen izena:

Helbidea:

Telefonoa:

Helb. elektronikoa:

Izena:

Helbide elektronikoa:

Telefonoa:

Izenburua / Lema:

Kategoria:

Egileak eta adinak:

Maila:

Iragarkiaren kodea: F2216135