10. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1315E/2022 EBAZPENA, abenduaren 14koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen adierazpen estrategikoa egiten baita Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko (ACTPrako ) Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaren (MPSIS /UGPSAren) alde. Aldaketak Noain (Elortzibar) udal mugarteari eragiten dio eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du.

Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan, ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazio eremuari buruzkoan, ezarritakoaren arabera, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, 2022ko irailaren 27an, aipatutako espedientea aurkeztu zuen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, ingurumen ebaluazio estrategikoa egin ahal izateko.

1.–Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuaren 2004ko uztailaren 26ko erabaki bidez, Iruñeko Garraioaren Hiria Handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala onetsi zen, Ciudad del Transporte de Pamplona SA sozietateak sustatua. Ondoren, Nafarroako Gobernuaren 2006ko otsailaren 27ko erabaki bidez, Iruñeko Garraioaren Hiria Handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa onetsi zen (MPSIS ACTP), Sociedad Ciudad del Transporte de Pamplona SAk sustatua, eta 2006ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, martxoaren 20an.

Espediente horien tramitazioan, ingurumen organoak 2004ko otsailaren 3ko txostena eman zuen, 2006ko otsailaren 27ko Erabakian jasotako determinazioekin.

Nafarroako Gobernuak, 2019ko abenduaren 27ko erabaki bidez, behin betiko onetsi zuen MPSIS ACTP espedientea, eta Ingurumen zuzendari nagusiak, abenduaren 16ko 290E/2019 Ebazpenaren bidez, ingurumen txosten estrategikoa egin zuen hari buruz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren izapidearen ondorioz.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, 421/2021 eta 426/2021 epaien bidez, baliogabetzat jotzen du Nafarroako Gobernuaren 2019ko abenduaren 27ko erabakia, Garraioaren Hiriko UGPSa 4. fasea berrantolatzeko aldatu zuena. Zehazki, eta 421. epaian azaltzen denez, "funtsezko aldaketa bat gertatu da Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. fasearen planifikazioan, bai trenbide sareari dagokionez (Trenbideen txosten loteslearen ondorioz sartu da), hasierako proiektuan ez zegoenean, bai erabilerei dagokienez; izan ere, bigarren agiriarekin jarduera logistikoa ez den beste erabilera bat sartu da, eta, ondorioz, beste jendaurreko izapide bat egin beharko zatekeen". Horregatik, halaber, baliogabeak dira haren ondoriozko administrazio egintza guztiak, ingurumen tramitazioa barne.

Nafarroako Gobernuak 2019ko abenduaren 27an hartutako Erabakia baliogabetuta, sustatzaileak MPSIS ACTP espedientearen beste izapide bat hasi zuen 2022ko otsailean, eta, ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan aurreikusitakoa betez, espedientea beste ingurumen ebaluazio estrategiko baten mende jarri zen.

2.–Ingurumen ebaluazio estrategiko arruntaren tramitazioa.

2022ko otsailaren 7an, sustatzaileak, Navarra de Suelo y Vivienda SAk, ingurumen ebaluazio estrategikoa hasteko eskabidea aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuko erregistro orokor elektronikoan (hartzailea: Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua), MPSIS ACTPren proposamenaren laburpena izeneko planaren zirriborroarekin eta hasierako dokumentu estrategikoarekin batera.

2022ko otsailaren 10ean, Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak izapidetzen ari den espedientearen ingurumen azterketa estrategikoaren irismena zehazteko eskaera bidali zion Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari. Horretarako, planaren zirriborroa eta hasierako dokumentu estrategikoa aurkeztu zituen. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak, 19. artikuluan, esaten du ingurumen arloko organoak kontsultak eginen dizkiela ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, planaren zirriborroari eta hasierako dokumentu estrategikoari buruz, eta, hala, ingurumen ebaluazio estrategikoaren aurretiazko fasea hasiko du.

Izapide honetan hiru erantzun jaso dira epearen barruan: Iruñerriko Mankomunitatea, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala eta Noain Elortzibarko Udala. Epez kanpo, Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiko Azterlan eta Proiektu Zerbitzuaren eta Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren (Garraio eta Hiri Agenda Ministerioa) erantzunak jaso dira. Txosten horien edukia ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da.

Izapide horren ondorioz, Biodibertsitate Zerbitzuak irismen agiri bat eman zuen 2022ko apirilaren 7an, eta bertan ingurumen azterketa estrategikoak alderdi batzuk ukitu behar zituela ondorioztatu zen; besteak beste: Arkotsain edo Talluntze errekaren eta paisaiaren babesa, eta ikusmena zuzentzeko edo integratzeko neurriak hartu beharra; berdegune/sistema orokorren tratamendua, espazio iragazkor gisa; eta eragin akustikoen eta mugikortasun aldaketa posibleen ondoriozko ebaluazio zuzena.

Nafarroako Gobernuaren 2022ko maiatzaren 25eko erabaki bidez, Noain Elortzibarko udal mugapean Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko UGPSAren tramitazioa hasi zen, Navarra de Suelo y Vivienda SA sozietate publikoak sustatuta, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. eta 22. artikuluekin bat, jendaurrean jarri zen. Gobernuaren erabakia 120-17. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2022ko ekainean, eta 45 egun balioduneko epea eman zen alegazioak aurkezteko. Aldi berean, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei.

2022ko irailaren 27an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, dokumentazioak sektoreko legediaren eta ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 24. artikuluan xedatua betetzen dituela egiaztatu ondoren, espedientea bidali zion Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, ingurumen ebaluazio estrategikoa izapidetzeko. Espedientearekin batera, jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza aurkeztu da, (Noain Elortzibarko Udalaren alegazioa), bai eta ukitutako administrazio publikoen hamaika erantzun txosten ere. Abenduaren 2an Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren txostena jaso zen. 2022ko abenduaren 7an, sustatzaileak dokumentazio berria (aurkibide orokorra, memoria, araudia eta informazio eta antolaketa planoak) eman zion Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, non Trenbideen txosteneko gogoetak eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako errekerimendua kontuan hartzen baitira. Dokumentazio hori Ingurumen Zuzendaritza Nagusira bidali zen abenduaren 9an. Alegazioaren eta erantzun txostenen eduki laburtua txosten honen I. eranskinean jaso da.

3.–Iruñeko garraioaren hiria handitzeko proiektuaren aldaketaren (mpsis actp) eta ingurumen dokumentu estrategikoaren esparrua eta deskribapen laburra.

Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko eremu osorako (3. eta 4. faseak), antolamenduaren aldaketak xede hau du:

–Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren jarraibideei kasu egitea; zehazki, zortasun aeronautikoak udalez gaindiko plan sektorialaren antolamenduari gehitzea.

Garraioaren Hiriaren 4. faserako bakarrik:

–Garraioaren Hiriaren 4. fasea berrantolatzea, tamaina handiko partzeletan (>25.000 m²) jarduerak egin ahal izateko.

–Garraio Hiriari lotutako eremu logistiko intermodala kentzea, intermodalitatea Iruñeko eremuan integratzeari buruzko azterlanaren ondorioen emaitza moduan.

–Ekipamendu komunitarioko tokiko sistemara bideratutako espazioa kentzea, partzela handiaren tipologiak ez duelako horrelako erabilerarik eskatzen.

–"Ekipamendurako" eta "azpiegituretarako" lurzorua gehitzea, bai eta partzela handietan ere (> 25.000 m²), nolabaiteko garrantzia duten ekipamenduak eta/edo azpiegiturak edukitzeko. Zehazki, lurzoru horretan Iruñerriko Mankomunitateak proiektatzen duen Iruñerriko Ingurumen Zentroa ezar liteke.

–Drainatze iraunkorreko hiri sistema bat gehitzen da Arkotsain edo Talluntze errekaren mendebaldeko partzelen aurrealdean.

–Erabilerak homogeneizatzeko koefizienteak eguneratzen dira, urbanizazioaren kostuak berrikusten eta eremuaren mugak katastroarekin bat etorriz doitzen.

Ebazpen hau idazteko unean, UGPSAren 4. fasea urbanizatu eta birzatitu egin da, 2020an onetsitako aldaketaren aurreikuspenen arabera. Ez da eraiki birzatiketaren ondoriozko partzeletan.

4. fasean, 393.017 m²-ko azalera dago guztira. Bigarren faseko 22.635 m² gehitu zaizkio, eta birkokatu egin dira. Hala, berdegune berriak eremu osoaren perimetroan kokatu dira, eta 2.751 m² Arkotsain edo Talluntze errekaren inguruan, fase hori zeharkatzen baitu. Guztira, 418.403 m² dira antolatu beharrekoak. Guztizko balio horretatik abiatuta eta 4. fasean proiektatutako erabilera berriak kontuan hartuta, eremu horri dagokion gehieneko eraikigarritasuna finkatuko da, zeina, hasierako zenbatespenen arabera, 221.000 m² ingurukoa izan baitaiteke. Nolanahi ere, plan sektoriala aldatzeko proposamenak ez du aldatuko banaketa eremuaren aprobetxamendu osoa.

Aurreko lerroaldeetan adierazi den bezala, proposamen berriak bi erabilera mota antolatzea aurreikusten du partzela pribatuetarako:

–Erabilera logistiko balioaniztuna, partzela handiko eraikuntza isolatuarekin (ZLP-EA-GP): biltegiratzea, ontziratzea, paketatzea, garraioa, mantenua, etab. Halaber, bateragarritzat joko lirateke ibilgailuak konpontzeko tailerrak, ibilgailuak saltzeko lokalak, bulegoak, aparkalekuak eta abar, jarduera nagusiarekin zerikusia izanez gero.

–Ekipamendua eta azpiegiturak partzela handiko eraikuntza isolatuarekin (ZEI-EA-GP):

  • "Ekipamendua": biztanleei zerbitzua emateko zuzkidurazko jardueretarako espazioak (hezkuntza, kultura, administrazioa, aisia, osasuna, laguntza, kirola, erlijioa eta zerbitzu komunitarioak).
  • "Azpiegiturak": hiri azpiegitura kolektiboekin, horien sorrerarekin, eraldaketarekin, tratamenduarekin eta garraioarekin zerikusia duten instalazioak eta eraikuntzak hartzeko espazioak: azpiegitura sareak, hiri instalazio handiak behar dituzten hiri zerbitzuak, hala nola araztegiak, biltegiratzeko edo erregulatzeko biltegiak, ponpaketa estazioak, edateko uren araztegiak, transformazio edo ekoizpen elektrikorako zentroak eta hondakinak biltzeko eta kudeatzeko zentroak, Iruñerriko Mankomunitateak proiektatzen duen Iruñerriko Ingurumen Zentroa esaterako.

Jada gauzatutako urbanizazioan eta birzatiketan ez da beharrezkoa izan banaketa bide berririk egitea, baina dagoen bidearen 4. fasearen aldeko espaloia osatuko da. Arkotsain edo Talluntze errekaren ondoan berdegune berri bat jarri da, 49 metroko zabalerakoa, eta berdegune bat gehitu da lurzoru pribatuan, linea elektriko batek ukitutako eremuari dagokiona. Espazio bat erreserba moduan gordetzen da, trenbide adarra hartzeko, zeinak 18,00 m-ko sekzioa baitu, eta jabari publikoko eremuari baitagokio.

Lerrokadurei dagokienez, lerrokadura ofizialak ezarri dira, eta, zehazki, trenbide erreserbaren ondoan dagoen eraikuntzaren lerrokadura plataformaren kanpoko ertzik hurbilenetik 50 metrora dago, aipatutako ertzetik horizontalki neurtuta.

Eremuak hiri zerbitzu guztiak ditu, jarduketaren iparraldean (ur hornidura, ur beltzen eta euri uren saneamendua, elektrizitatea eta argiteria). Euri urei dagokienez, drainatze iraunkorreko hiri sistema bat diseinatu da. Sistema horren bidez, aire zabaleko biltegi trapezoidal batzuk eginen dira Nafarroa etorbideko partzelen aurrealdean, euri urak atxikitzeko. Horrela, partzeletako jariatze urak bildu, aldi baterako biltegiratu eta infiltratuko dira, eremuko ekialdeko eta mendebaldeko ibilgu naturaletara eraman arte.

Ingurumen dokumentu estrategiko baten dokumentazio teknikoa erantsi da. Dokumentu horrek, UGPSAren aurrekariak, helburuak, eremua eta proposatutako antolamendu berria azaldu ondoren, eta beste plan batzuekin duen erlazioa aztertu ondoren (POT3 Eremu Nagusia eta Noain Elortzibarko Udalaren hirigintza plana), erabileren inguruko alternatibak planteatzen ditu, espazio mugaketa berari eutsiz. Hautatutako aukerak aurrez ezarritako erabilera aldatzen du eta partzela handiko erabilera logistikoa eta ekipamendu eta azpiegituren erabilera barne hartzen ditu.

Ingurumen azterketa estrategikoak UGPSak alda ditzakeen ingurumen-bektoreetan (atmosfera, klima aldaketa, kalitate akustikoa, argi kutsadura, mugikortasuna, energia, ura eta ingurune sozioekonomikoa) izan daitezkeen eraginak identifikatzen eta ebaluatzen ditu.

Era berean, ingurumen dokumentuak urbanizazio proiektuak jaso behar dituen zehaztapenei lotutako ingurumen inpaktuak prebenitu eta zuzentzeko neurrien kapitulu bat jasotzen du; esate baterako: UGPSaren xede den eremu osoaren ingurumen eta paisaia integrazioa, bereziki Arkotsain edo Talluntze errekan: kalitate akustikoko helburuak betetzea (erabilera tertziarioa; 1367/2007 Errege Dekretua aldatzen duen 1038/2012 Errege Dekretuko A taulako II. eranskinean ezarrita), bai eta gaueko argiztapenari dagozkion helburuak ere; ingurumen jasangarritasunaren aldeko irizpideekin eraikitzea, besteak beste kontsumo energetikoa aurreztuz, energia berriztagarriak erabiliz...; eraikuntza berrietan airearen kutsatzaileen barreiatze eta diluzio elementuak ezartzea, bai eta arazketa sistema espezifikoak ere behar izanez gero; eta zoladura drainatzaileen kanpo ezarpena.

Ingurumen azterketa estrategikoak nahikoa den plan bat du ingurumena zaintzeko.

Aurreikusitako erabilera xehakatuen aldaketari dagokionez, "Ekipamendua" eta "Azpiegiturak" erabilerak barne, ingurumen azterketa estrategikoak ez du uste ingurumen bateraezintasunik dagoenik, eta, gero, ezar daitezkeen jardueren proiektu mailako ingurumen izapideak bete behar dira beti.

Ingurumen agiriak ondorioztatzen du sortzen diren inpaktuak inguruneak bere gain har ditzakeela, eta prebentzio neurriak nahiz neurri zuzentzaileak aplika daitezkeela, haien integrazioa hobetzeko; eta inpaktu orokorra bateragarritzat jotzen du.

4.–Ingurumen ebaluazio estrategikoa.

Garraioaren Hiria Iruñerrian dago, Noain Elortzibarko udal mugapean. Zehazki, Iruñeko Metropoli Eremuaren hegoaldean dago, Imarkoaingo hirigunearen ondoan eta salgaien garraioko korridore nagusietatik hurbil: AP-15 Nafarroako Autobidea, A-21 Pirinioetako Autobia, N-121 errepide nazionala eta Zaragoza-Altsasu trenbidea. Berehalako sarbidea du bai Iruña-Tutera N-121 errepidera, bai AP-Nafarroako Autobidera.

Ingurumen ebaluazio estrategikoaren xede den UGPSAren eraginpeko eremuak industriarako erabilera globaleko lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta jarraitzen du, eta urbanizatu arte, ingurumen balio aipagarririk gabeko nekazaritza erabilera zuen, bi ibilgu txikitan izan ezik. Talluntze edo Arkotsain errekari dagokiona da handiena, eta 390 m-ko luzera du jarduera eremuaren barruan.

Eremua urbanizatu aurretik, lurrak erliebe bizkar antzekoa zuen, bi ibarbide txiki zituena, eta horietatik errekatxo bana igarotzen zen, "Orizko muga" izeneko muino batek banatzen zituena. Muinoak 15 m inguruko altuerako desnibelak ezartzen zituen. Urbanizazio lanen ondorioz, lur berdinketa osoa egin da, eta lur erauzketa bat egin da aipatu muinoan, zeina, egun, laututa baitago, belarrez estalita, orain dela gutxi egindako ereite hidraulikoari esker. Zabalgune handian, gainera, jatorrizko bi ibarrak bete behar izan dira, eta, horren ondorioz, lubeta ezponda bat sortu da hegoalderantz. Ezponda hori ere laua eta landareztatua da. Gainera, urbanizazio lanen ondorioz, lur soberakin handia sortu da IGHa handitzeko UGPSaren esparruan bertan, 6-8 m-ko altuerako kabailoi gisa, biribildua. Hego-ekialdeko muturrean 330 m-ko luzera du, Talluntze edo Arkotsain errekaraino. Sortutako zabaldegiak lortzeko egin diren lur mugimenduek erliebea nabarmen aldatu dute, baina azken ondorioak ez dira izan UGPSaren aurreko ingurumen izapideetan espero eta ebaluatu zirenak ez bezalakoak.

Ingurune hidrikoari dagokionez, urbanizazio berriak lehen aipatutako errekastoa hartzen du bere egituran, eta haren ibilgua estali gabe uzten du bi ezpondaren artean, % 20 inguruko maldarekin (2,5 H:1V). Horrek 49 m-ko ibai espazioa uzten du zabalerarik txikieneko lekuan. Drainatze sistema iraunkor bat ere egin da, Nafarroako etorbidearen ondoan aire zabaleko ura atxikitzeko biltontziz osatua. Euri urak drainatzeko hodi baten bidez, ura errekara isurtzen da mendebaldera, eta, bestetik, hezegune artifizial sortu berri batera. Hezegune horrek, azkenean, urak eremuaren hegoaldetik doan erreka txiki batera isurtzen ditu. Neurri horien bidez, aldaketa topografikoak eta lurzoruen iragazgaizteak ingurune hidrikoan eta lurzoruan eragiten duen inpaktua arintzea da helburua.

Faunaren edo landarediaren aberastasuna txikia da, eremua oso gizatiartuta baitago eta lehorreko soro landuak nagusi baitira azpiegitura garrantzitsuen artean: Pirinioetako A-21 autobia ekialdean, Nafarroako AP-15 autobidea mendebaldean, Nafarroako ubidea hegoaldean, linea elektrikoak, etab. Urbanizazio obrek bakarrik mantendu dute landaredia Talluntze edo Arkotsain errekaren ibilguaren barruan, lezkekin eta, hegoaldeko muturrean, zuhaitz aleren batekin (lizarrak eta sahatsak).

Iruñeko Garraioaren Hiria Iruñerrian dago, erdialdean, Alaitz mendilerroaren inguruan. Espazio hori, Planaren eremuko nekazaritza matrize nagusiaren barruan, nukleo eremutzat jo daiteke, eta, horrenbestez, gutxienez korridore ekologiko bat mantendu behar da urbanizatutako eremuaren barruan. Horretarako, erreka ibilgu ireki gisa eta lur zerrenda gehigarri batekin integratzeak aukera ematen du korridore biologiko potentzial bat egoteko, baldin eta ebazpen honetan jasotako ingurumen integrazioko neurriak hartzen badira.

Ukitutako eremuko paisaiaren kalitateari dagokionez, ingurumen azterlan estrategikoak adierazten duen bezala, ez da aurreikusten jatorrizko UGPSaren tramitazioan ebaluatutako ukipen berririk. UGPSaren aldaketa nekazaritza ingurune batean dago, zeinaren inguruan ikus balio handiko elementu naturalak baitaude, hala nola, besteak beste, Alaitz mendilerroa eta Higa mendia (paisaia berezi gisa katalogatua), baina, hala ere, oso eremu antropizatutzat jotzen da, Iruñerrian sartua eta hartako bide ardatz handiez inguratua dago eta. Hauskortasun bisualari dagokionez, ingurumen azterketa estrategikoan jasotakoa berresten da, eta ondorioztatzen txikia dela, Iruñeko Garraioaren Hiriaren iparraldean daudelako instalazioak. Hegoaldetik eta eremua inguratzen duten gune altuenetatik agerikoagoa da. Nolanahi ere, etorkizuneko ezarpenek paisaian izanen duten eragina aplikagarri zaizkien ingurumen tramiteetan aztertu beharko da.

Zaratari dagokionez, ingurumen azterketa estrategikoak, Nafarroako Gobernuaren zarataren mapa estrategikoetatik abiatuta, adierazten du Garraioaren Hiriak kalitate akustikoaren helburuak betetzen dituela 70 db baino balio txikiagoekin, 1367/2007 Errege Dekretuak lehendik dauden hiriguneetarako ezartzen duen bezala, Iruñeko Garraioaren Hirira sartzeko bideetako puntu jakin batzuetan izan ezik.

Klima aldaketari dagokionez, ezartzen diren garapen berriek kontuan hartu beharko dituzte klima eragin potentzialak, hala nola tenperatura pixkaka igotzea eta bero boladen maiztasuna. Horretarako, espazio berrien antolamenduan eta diseinuan egokitze neurriak zehaztu eta hartuko dira.

Bestalde, ingurumen azterketa estrategikoak klima aldaketari dagokionez proposatzen dituen inpaktuak prebenitzeko eta leheneratzeko neurriak aplikatuta (korridore berdea ezartzea Arkotsain errekan eta lurzoru iraunkorra drainatzeko sistema ezartzea, bai eta eraginkortasun energetikoari eta energia kontsumoak murrizteari buruzko neurriak ere), ez da espero aldaketa nabarmenik jatorrizko UGPSan.

Mugikortasunari dagokionez, dokumentazioan trafikoari buruzko azterlan bat dago. Azterlan horretan, Iruñeko Garraioaren Hiri osoko ibilgailu zirkulazioa simulatzen da, antolamendu berriarekin, okupazio osoko egoeran, eta hori 2006an egindako trafiko azterlaneko simulazio baliokidearekin konparatzen da, eta ondorioztatzen aldaketa hori antolatzeak ez duela esan nahi trafikoa nabarmen handituko denik jatorrizko UGPSaren antolamenduarekin alderatuta. Gainera, adierazten da egungo sarbideak ez direla aski 4. fasearen garapen osoarekin. Horri dagokionez, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak txostena egin eta aurrekoa argitzeko txostena erantsi du (2022ko abendua). Txosten horretan, izapide substantiboari dagozkion aurreko txostenetan azaldutako gaiak errepikatu ditu, hain zuzen ere, Iruñeko Garraioaren Hirian egiten diren hurrengo garapenek trafiko azterketa eguneratua aurkeztu behar dutela eta, beharrezkoa bada, sarbideetako zerbitzu mailaren egokitzapena jasotzen dutela.

Gaueko argiztapenari dagokionez, ebazpen honen baldintzetan xedatuari jarraituko zaio.

Ingurumenaren gaineko gainerako eraginetarako (atmosferara egindako emisioak, ibilgu publikoetara egindako isurketak, hondakinen sorrera, baliabide naturalen erabilera, ura, etab.) errepikatzen da tramitatzen ari den UGPSaren aldaketaren ingurumen ebaluazio estrategikoak ez duela baztertzen haren ondoriozko proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluazioa, nahitaezkoa bada, edo indarrean dagoen legediaren arabera beharrezkoak diren beste ingurumen izapide batzuena.

5.–Ingurumen ebaluazioaren amaiera eta zehaztapenak.

Biodibertsitate Zerbitzuko Ingurumen Inpaktuaren Atalak jakinarazi du ohiko ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura behar bezala gauzatu dela, eta erabaki du ezen, jendaurreko aldian alegazioak eta erantzunak aztertu eta ingurumen azterketa egin ondoren, izapidetzen ari den UGPSaren aldaketak ez duela ingurumenean sortzen egungo UGPSan ebaluatuta daudenak ez bezalako eraginik, ez bere eremuan, ez bere eraginpeko eremuan. Hala ere, aditzera ematen da ingurumenean ondorio garrantzitsurik ez izateak ez duela esan nahi ingurumen aldetik behar bezala tramitatu behar ez direnik UGPSaren aldaketatik datozen proiektu edo jarduerak. Izan ere, beti bete beharko dute aplikatu behar zaien legedi sektoriala, eta horregatik, "Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa, Noain Elortzibarko udal mugartean" (Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatua) delakoaren aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egitea proposatzen du.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren aldaketari buruzko aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egin da. Aldaketak Noain (Elortzibar) udal mugarteari eragiten dio, eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du.

2. Plana garatzean, ingurumen azterketa estrategikoan ingurumena babesteko dauden irizpideak kontuan hartu beharko dira, bai eta honako hauek ere:

1.–Urbanizazio proiektuak paisaia eta ingurumena integratzeko proiektu bat izanen du, kanpoko ezpondak landareztatzea, hegoalderantz landare pantaila bat sortzea, ezpondaren goialdean, sare urbanizatuaren barneko eremua landareztatzea eta Talluntze edo Arkotsain erreka ekologikoki lehengoratzea bilduko dituena. Hori guztia, ingurumen azterketa estrategikoko "Prebentzio eta zuzenketa neurriak" kapituluan jasotakoaren arabera. Landaketak, ereintzak eta hidroereintzak eginen dira, bai eta landaredia ezarri aurreko lanak eta behar bezala errotu eta mantentzeko ondorengoak ere.

2.–Landare estalkia galtzearen ondoriozko konpentsazio neurri gisa, ingurumen azterketa estrategikoan proposatutakoez gain, beste zuhaitz eta zuhaixka batzuk landatuko dira. Eremuaren hego-mendebaldeko muturrean sortu den lur hondakindegia gomendatzen da oihan landaredia konpentsatzeko. Kasu horretan, ingurumen azterketa estrategikoan gomendatutako espezieez gain, Serie gaztelar-kantabriarreko eta kameranoko berezko espezieak sartzen ahalko dira, Alaitz mendilerro hurbileko hosto biribileko arte basoetakoak.

3.–Errekaren inguruko berdeguneen kudeaketak zerrenda bat bermatuko du, ezpondaren burutik bi metrora artekoa, eta moztuko ez dena.

4.–Bideragarriak badira, errekaren eta kanpoaldearen arteko lotura ekologikoko sistemak ezarri beharko dira, beheko fauna pasabideen bidez, hormigoizko markoak egokituz, bai hegoaldeko muturrekoak, bai Iruñeko Garraioaren Hiriaren 3. fasearekin lotzekoa. Horretarako, albo aulkiak eraikiko dira, 50 cm-ko zabalera eta altuerakoak, markoen uholde xaflaren arabera.

5.–Proiektuak erreka horren ertzetako zurezko landaredi urria zainduko du, jarduketa eremuaren hegoaldeko muturrean (bizpahiru Fraxinux excelsior, Salix sp-ren bat eta Populus sp aleak, berez ezarriak).

6.–Errekaren zeharkako drainatze egiturak oztopatzeagatik uholde gertaerarik izan ez dadin, egiturak enborrik, zuhaitzik edo ura pasatzea eragotz dezakeen bestelako elementurik gabe eduki beharko dira.

7.–Ebroko Ur Konfederazioak egindako txostenean adierazten den bezala, UGPSA garatzearen ondorioz ezarri beharreko proiektu berriek, hondakin urak jabari publiko hidraulikora isuri behar badira (ibilgu naturala, lur infiltrazioa, erretena, etab.), isurtzeko baimena eskatu beharko dute Konfederazioko Isurketen Kontrolerako Arloan, eta bertan jasotako gainerako gogoetei erantzun beharko diete.

8.–Izapidetzen den UGPSaren aldaketak klima aldaketan dituen ondorioak murrizteko, honako hauek proposatzen dira:

a) Ezarriko diren hirigintza garapenetan edo proiektuetan efizientzia energetikorako irtenbideak hartzea, bai eraikuntzan bai kanpoko argiztapenean.

b) Aparkalekuetarako espazioetan edo/eta eraikinen estalkietan energia berriztagarria sortzeko sistemak ezartzea, bideragarriak badira.

9.–Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko ukipena murrizteko, Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) aurreikusitakoa bete beharko da, eta, zehazki, honako hau:

–Argi puntuek igorritako goiko hemisferioaren gehieneko fluxuak % 5 edo gutxiago izanen dira kanpoko argiteriako argi puntu guztietarako (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 apartatua. Argi emisioen mugak).

–Argi zuri-urdinxka duten lanparak saihestea gomendatzen da (LED argien kasua, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio lurruneko lanparak erabiltzea gomendatzen da, edo LED-anbar (argi zuri-horia), edo 440 nm-tik beherako uhin luzeren erradiazioa iragaztea. Aurrekoa posible ez denean (argi zuri-urdinxkak dituzten lanparak ekiditea), kanpoko argiak lanorduetan edo behar diren lanetan erabiliko dira, eta gainerako orduetan itzalita egon beharko dute.

10.–Iruñeko Garraioaren Hirian garapen berriak ezartzearen ondorioz sarbide berriak eraiki behar badira, eta garapen horiek, beren ezaugarriengatik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean edo ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean jasotako kasuetan sartzen badira, dagokien ingurumen tramitazioa egin beharko da haien ingurumen inpaktua ebaluatzeko.

11.–Trenbideak, etorkizuneko garapenean, eta gauzatzen bada, Talluntze edo Arkotsain errekaren jarraipen hidrologikoa bermatu beharko du, bertan ezartzen diren ingurumen balioak galarazi gabe.

12.–Hondakinei eta horien fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legeari jarraikiz, material birziklatuak erabili beharko dira agregakin birziklatu gisa, helburuko obra motaren arabera egokitzat jotzen den portzentajean.

13.–Ingurumen azterketa estrategikoan proposatutako Ingurumena Zaintzeko Plana osorik bete beharko da.

14.–Hemen azaldutako neurri guztiak, hala nola ingurumen azterketa estrategikoko determinazioak, ACTPren UGPSAren araudiaren zati izanen dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abenduaren 14an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Jendaurrean egoteko eta ukitutako administrazioei kontsultak egiteko izapidea

Jendaurrean jarri izanaren emaitza:

Jendaurrean egoteko epea bukatuta, eta Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin bat, alegazio bakarra jaso da Noain Elortzibarko Udalaren aldetik. Jarraian, alegazio horren laburpena jasotzen da, kontuan hartuta lehenengo puntuak, "Motibazioari dagokionez" izenekoak, baino ez duela ingurumen edukirik.

Ingurumen arloko txostenaren edukiaren laburpena:

Alegatzaileak uste du, ingurumen agiri estrategikoaren edukiari dagokionez, ez dela zehatza, alde batera uzten duelako partzelaren erabilera zehatza, eta hori guztia Udal honek kontsultak egiteko aurreko tramitean egindako iradokizunen norainokoa jakin gabe.

Erantzuna:

Ingurumen azterketa estrategikoak hitzez hitz esaten du partzela horretan Iruñerriko Ingurumen Zentroa egon litekeela, zeina Iruñerriko Mankomunitateak proiektatzen baitu, eta, beraz, UGPSAren ingurumen ebaluazioan aintzat hartu dela inguruabar hori, kontuan izanik tramitatzen ari den ingurumen ebaluazio estrategikoak lurralde antolamenduko espediente baten aldaketaren ingurumen ebaluazioa egiten duela eta ez proiektu jakin baten aldaketarena.

Kontsultak egiteko tramitearen emaitza:

Eragindako administrazio publikoei egindako kontsulten tramitean 11 erantzun jaso dira, horietako bi ingurumenari buruzkoak.

KONTSULTATUTAKO ADMINISTRAZIOAK

ERANTZUNA

IEE-RAKO BALIOZKOAK DIREN EDUKIEKIN

Iruñerriko Mankomunitatea

X (bi txosten)

Kultura Zuzendaritza Nagusiko-Vianako Printzea Erakundeko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atala

Garraio Zuzendaritza Nagusia

X

Herri Lanen Zuzendaritza Nagusia

X (hiru txosten)

X

Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzua

X

Industria Lurzoruaren Atala. Lehiakortasunaren Zerbitzua

X

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzua

Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusia. Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioko Telekomunikazioetarako eta Informazioaren Gizarterako Estatu Idazkaritza

X

Sustapen Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia

X

Sustapen Ministerioko Trenbide Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia

X

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

X

X

Ondoren, ingurumen edukia duten txostenen laburpena aurkezten da:

Ebroko Ur Konfederazioa (2022-07-24):

Ebroko Ur Konfederazioak adierazi du irizpena egin behar zitzaion aldaketaren aldeko txostena eman zela (2019-OU-146 espedientea). Era berean, geroagoko urbanizazio proiektuari, zeina memoriaren arabera egina baitago, aldeko txostena eman zitzaion (espedientea: 2020-OU-136) eta, aurkeztutako agiriak aztertu ondoren, ez da hauteman ingurune hidrikoan eragin gehigarririk jadanik irizpena duten tresnetan.

Adierazi du espedientea behar bezala izapidetu dela eta, bat etorriz Uren Legean eta uztailaren 29ko 927/1988 Errege Dekretuak onetsitako Uraren Administrazio Publikoaren eta Plangintza Hidrologikoaren Erregelamenduan xedatutakoarekin, txostena egin du Noain Elortzibarren (Nafarroa) dagoen Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko UGPSaren aldaketan sartutako jarduketen alde.

Erakunde honek adierazten du plangintza honen ondorioz polizia zonan (100 m-ko zabalera ubidearen bi aldeetan) egin beharreko obrek eta eraikuntzek, jabari publiko hidraulikoaren egungo erregelamenduaren 78.1 artikuluaren arabera, ez dutela arroko erakundearen baimenik behar izanen, baldin eta egiten duten txostenaren xede den plangintzan adierazitakoaren arabera egiten badira eta ondorio gisa jasotako aurreikuspenak betetzen badituzte: arroko erakundearen aginduzko emakida edo baimena eskatzea, edozein ibilgutako edo lurzoruko urak biltzea edo hondakin urak zuzenean edo zeharka isurtzea behar duten jarduketetarako; 5 m-ko zabalerako bide zorraren inguruan ibilguen ondoan dauden lurren ertzei dagozkien zehaztapenak; kalte-galeren ondoriozko erantzukizunari dagozkion zehaztapenak; beste kontsiderazio batzuk polizia zonako obrengatik eta lehentasunezko fluxu eremuaren eta uholde eremuaren barruko obretarako baimenari lotuta (bostehun urteko errepikatze denbora estatistikoa); eta drainatze iraunkorreko sistemak sartzea.

Ur eskari berriei dagokienez, arroko erakundeak jakinarazi du baliabideak eskura daudela jatorrian, UGPSaren aldaketan sartutako jarduketak hornitzeko.

Saneamendu sareari dagokionez, adierazi dute hondakin urak jabari publiko hidraulikora (ibilgu naturala, lur infiltrazioa, erretena, etab.) isurtzea aurreikusten bada, beharrezkoa izanen dela isurketa baimen egokia eskatzea konfederazio honetako Isurketen Kontrolerako Arloari. Ez da onartuko hiri aglomeraziotik edo industria jardueraren ezarpenetik kanpoko guneetatik datozen jariatze urak sartzea, eta hondakin eta jariatze uretarako saneamendu sare banatzaileak edo unitarioak ezarriko dira, euri urak kolektoreetara eramatea mugatzeko neurriak planteatuta. Araztutako hondakin uren aprobetxamenduari buruzko jarraibideak ere aipatzen dituzte.

Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiak, izapidetzen ari den UGPSAren ingurumen ebaluazio estrategikoaren eraginpean dauden administrazio publikoei kontsultak egiteko prozeduraren barruan, txostena egin zuen 2022ko uztailaren 26an, eta bertan adierazi zuen zer zehaztapen behar diren espediente honen xede den UGPSarekin zerikusia duten plangintza dokumentuak onartzeko. Zehaztapen horiek aurreko txostenetan jaso ziren, izapide substantiboaren barruan:

–Sustatzaileak trafiko azterketa bat egin beharko du, UGPS honen xede den 4. fasea abian jarrita trafikoaren guztizko eskaera berria zein den adieraz dezan.

–Sustatzaileak sarbideak edo sarbide eta bide berriak egokitzeko proposamen bat aurkeztu beharko du, barneko bide sarearen funtzionamendu egokirako eta, bereziki, errepideen foru sarearekiko ukipenetarako nahikoak direla bermatzeko.

2022ko uztaileko txosten honi dagokionez, Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, 2022ko azaroaren 10ean, txostena argitzeko eskatu zion Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoa betetzeko.

Horren ondorioz, zerbitzu honek beste txosten bat egin du, 2022ko abenduaren 1ekoa, zehaztapen gehigarririk ez dakarrena "Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren Aldaketari" dagokionez. Halaber, Iruñeko Garraioaren Hirian egiten diren hurrengo garapenek trafiko azterketa bat aurkeztu beharko dute, uneko urtera eguneratua, eta sarbideen zerbitzu maila egokitzea jaso beharko duena.

Iragarkiaren kodea: F2217122