10. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

167/2022 FORU AGINDUA, abenduaren 2koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, honako kontseilu arauemaile hauek berritzeko hauteskundeetarako deialdia onesten duena: "Lodosako pikillo piperra" Jatorri Deitura Babestuarena, "Erronkari" Jatorri Deitura Babestuarena, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarena (NNPEK), eta "Tuterako orburua" Adierazpen Geografiko Babestuarena, "Nafarroako Aratxea" Adierazpen Geografiko Babestuarena, eta "Nafarroako Arkumea" Adierazpen Geografiko Babestuarena.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak abenduaren 31n eman 429/2018 Foru Aginduaren bidez, honako kontseilu arauemaile hauek berritzeko hauteskundeetarako deialdia onetsi zen: "Lodosako pikillo piperra" Jatorri Deitura Babestuarena, "Erronkari" Jatorri Deitura Babestuarena, "Tuterako orburua" Adierazpen Geografiko Babestuarena eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarena (NNPEK).

Kontuan hartuz aipatu hauteskunde prozesuan parte hartu zuten kontseilu arauemaileen erregelamenduetan ezartzen dela hautatutako kideak lau urtean behin berrituko direla, eta berriz hautatuak izan daitezkeela.

Kontuan hartuz foru agindu honek jasotzen duela "Nafarroako Aratxea" Adierazpen Geografiko Babestuaren eta "Nafarroako Arkumea" Adierazpen Geografiko Babestuaren kontseilu arauemaileak ere berritzea; izan ere, 2022rako aurreikusita zegoen kontseilukideak berritzea, baina 2023. urtera geroratu zen nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreari eragiten dion krisia dela eta.

Kontuan hartuz iraungita dagoela honako kontseilu arauemaile hauetako oraingo kontseilukideen agintaldia: "Lodosako pikillo piperra" Jatorri Deitura Babestukoena, "Erronkari" Jatorri Deitura Babestukoena, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilukoena (NNPEK), eta "Tuterako orburua" Adierazpen Geografiko Babestukoena, "Nafarroako Aratxea" Adierazpen Geografiko Babestukoena, eta "Nafarroako Arkumea" Adierazpen Geografiko Babestukoena; bidezkoa da Nafarroako mugak gainditzen ez dituzten kontseilu horiek berritzeko hauteskundeen deialdia eta prozedura finkatzea.

Kontuan hartuz arau hau bat datorrela Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan aurreikusitako erregulazio onaren printzipioekin, eta barne hartuta beharraren eta eraginkortasunaren printzipioak; izan ere, kontseilu arauemaileak beren interes propioak eta pribatuak defendatzeko profesionalen elkarteak izanik, zuzenbide publikoko korporazioaren izaera dute legez eskuordetutako edo esleitutako administrazio-eginkizunak betetzen dituzten kasuetan, eta interes publikoko jarduketak dira, agintaldiaren indarraldia amaitzeagatik, deitura baten kudeaketa-erakundeko kideen antolaketari, eraketari eta berritzeari buruzko egintzak; bestalde, proportzionaltasunaren printzipioa ere betetzen da, hauteskundeetarako deialdian jasotzen baita beren erregelamenduen arabera kontseilukideak berritzeko ezinbesteko gutxieneko erregulazioa, bai eta segurtasun juridikoarena ere, hauteskunde prozesua egiten baita kudeaketa-erakundeen esparru juridiko eguneratuari eta egonkorrari eusteko asmoz, beren erregelamenduak eta hauteskundeen gaineko araudi orokorra errespetatuz. Bukatzeko, gardentasunaren printzipioari dagokionez, deialdiak parte hartzeko tramitea bete du, zeina aurreikusita baitago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 133. artikuluan.

Kontuan hartuz ezen, foru agindu hau prestatzeko prozeduran, parte hartzeko aukera eman zaiela herritarrei, nekazaritzako lanbide erakundeei, enpresa elkarteei, erakunde kooperatiboari eta kontseilu arauemaileei.

Ikusirik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.25 artikulua, bai eta Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta mendien arloari buruz Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuan xedatua ere.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Hauteskundeetarako deialdia.

1. Honako kontseilu arauemaile hauek berritzeko hauteskundeetarako deialdia egitea: "Lodosako pikillo piperra" Jatorri Deitura Babestuarena, "Erronkari" Jatorri Deitura Babestuarena, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarena (NNPEK), eta "Tuterako orburua" Adierazpen Geografiko Babestuarena, "Nafarroako Aratxea" Adierazpen Geografiko Babestuarena, eta "Nafarroako Arkumea" Adierazpen Geografiko Babestuarena.

2. Berariaz aipatu ezean, kontseilu arauemaileez egindako aipamenak NNPEKrako ere aplikatuko direla ulertzen da.

2. artikulua. Hauteskundeak egiteko arauak.

1. Xedapen honen I. eranskinean ezarritako arauei jarraikiz eginen dira foru agindu honen bidez deitutako hauteskundeak.

2. Bestalde, sufragiorako eskubidea askatasun osoz baliatzea funtsezko helburua izanda, hauteskunde prozesua eta foru agindu hau aplikatzetik sortzen diren zalantza guztiak, bertan aurreikusten ez den orotan, Hauteskundeetako Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan eta hura garatzeko gainerako araudian ezarritakoarekin bat ebatziko dira.

3. artikulua. Agiriak aurkeztea eta hauteskunde egutegia.

1. Foru agindu honen II. eranskinean ezarrita dago kontseilu arauemaileak berritzeko prozedura gauzatzeko hauteskundeen egutegia.

2. Interesdunek Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dituzte hauteskunde-administrazioaren organoei, Hauteskundeetako Goi Batzordeari eta/edo jatorri-deituren hauteskundeetako batzordeari zuzendutako agiriak. Agiriok Landa Garapenaren, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Araubide Juridikoaren Atalera igorri behar dituzte, zeina atxikita baitago Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Hautagai-zerrenda bakarra.

1. Hautagai-zerrendak irmoak direnean, 18. artikuluan xedatuarekin bat, bakarra besterik aurkezten ez denetan, zentsuko hautagaiak zuzenean geratuko dira hautaturik, bozketarik egin gabe.

2. Jatorri-deituraren zentsu edo azpizentsu guztietan hautagaitza bakarra bada, edo ez bada hautagaitzarik aurkeztu deituraren zentsu guztietan, Deituren Hauteskunde Batzordeak, lau eguneko epean, deituraren kontseilu arauemailerako hautatutako kideak aldarrikatuko ditu.

3. Aldarrikatu eta zazpi egunera, foru agindu honen 42. artikuluan araututako osoko bilkura eginen du kontseilu arauemaileak.

Bigarren xedapen gehigarria.–Hautatutako kideen baja eta ordezkapena.

1. Hautatutako kideen agintaldiaren lau urteko indarraldian, araudi honetan ezarritako moduan hautatzen direnek lotura galtzen badute ordezkatzen dituzten sektoreekin edo hautagai gisa proposatu zituen erakundearekin, hautagai gisa proposatu zituen erakundeak ordeztuko ditu.

2. Inskribatutako enpresa bateko zuzendaritzakoak izateagatik hautatzen diren kideek kargua utziko dute enpresa horretako zuzendaritzan kargua uztean, beste enpresa batera joanda sektoreari lotuta jarraitzen badute ere, eta haren ordezkoa izendatuko da ezarritako moduaren arabera.

3. Dena den, kideren baten baja gertatzen bada heriotzagatik edo kargua uzten badu edozein arrazoirengatik, edo bere eginkizunetan aritzeko gabetua izaten bada jatorri-deituren arloan falta astuna egiteagatik, bai kidea gabetua izan delako bai hark ordezkatzen duen erakundeari ezarri zaiolako gabetze hori, orduan automatikoki ordeztuko du haren ordezkoak edo, bestela, kidea proposatu duen erakundeak izendatutako pertsonak.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Kontseilu arauemaileetako kideen kargu-uztea.

Hauteskunde prozesu honi jarraikiz hautatzen diren kide berriak karguaz jabetzen diren egunean, kargua utziko dute beren agintearen jabetza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 31ko 429/2018 Foru Aginduaren babesean hartu zuten kontseilu arauemaileetako kideek.

Laugarren xedapen gehigarria.–Aurrekontuko partida.

Foru agindu hau aplikatzearen ondoriozko konpromisoak 2023ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den partidaren kargura gauzatuko dira, zeina izanen baita 2022ko gastuen aurrekontuko "Askotariko gastuak" izeneko 720003 72200 2279 413104 partidaren baliokidea (baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago); horretarako, 10.000 euroko zenbatekoa gordeko da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Ezertan galarazi gabe kasuan kasuko hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa, indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honen aurka doazen maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta, berariaz, honako hauek: batetik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 31ko 429/2018 Foru Agindua, zeinaren bidez hauteskundeetarako deialdia onetsi baitzen "Lodosako pikillo piperra" Jatorri Deitura Babestuaren, "Erronkari" Jatorri Deitura Babestuaren, "Tuterako orburua" Adierazpen Geografiko Babestuaren eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren (NNPEK) kontseilu arauemaileak berritzeko; eta bestetik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 8ko 69/2018 Foru Agindua, zeinaren bidez hauteskundeetarako deia egiten baitzen Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan elikagaien kalitate figuren zenbait kontseilu arauemaile berritzeko (hauteskunde prozesu honetan parte hartzen duten kontseilu arauemaileei dagokienez, besterik ez).

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko abenduaren 2an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA

Arauak, honako kontseilu arauemaile hauek berritzeko: "Lodosako pikillo piperra" Jatorri Deitura Babestuarena, "Erronkari" Jatorri Deitura Babestuarena, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarena (NNPEK), eta "Tuterako orburua" Adierazpen Geografiko Babestuarena, "Nafarroako Aratxea" Adierazpen Geografiko Babestuarena, eta "Nafarroako Arkumea" Adierazpen Geografiko Babestuarena

I. TITULUA

Hauteskundeen arauak

1. KAPITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Hauteskunde prozesua antolatu eta koordinatzea.

1. Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari dagokio hauteskunde-prozesua arautu eta koordinatzea honako kontseilu arauemaile hauek berritzeko: "Lodosako pikillo piperra" Jatorri Deitura Babestuarena, "Erronkari" Jatorri Deitura Babestuarena, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarena (NNPEK), eta "Tuterako orburua" Adierazpen Geografiko Babestuarena, "Nafarroako Aratxea" Adierazpen Geografiko Babestuarena, eta "Nafarroako Arkumea" Adierazpen Geografiko Babestuarena.

2. Hauteskunde prozesuaren egutegia egun naturaletan dago.

3. Jarduketa baterako epearen azken eguna larunbatarekin, igandearekin edo jaiegunarekin denean, ulertuko da hurrengo egun balioduna gaituko dela horretarako.

2. artikulua. Hauteskunde batzordeak.

Hauteskundeetako Goi Batzordea sortzen da. Gainera, hauteskunde batzorde bakarra eratzen da 1. artikuluko kontseilu arauemaileak berrituko dituzten deituretarako, adierazpen geografikoetarako eta nekazaritzako produkzio ekologikorako (JDB, AGB eta NNPEK).

3. artikulua. Hauteskundeetako Goi Batzordearen osaera.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian (Iruñeko Gonzalez Tablas kalea, 9) egoitza izanen duen Hauteskundeetako Goi Batzordea honako hauek osatuko dute:

–Batzordeburua: Landa Garapenerako zuzendari nagusia, edo hura ordezten duena.

–Batzordekideak:

  • Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko ordezkari bat.
  • INTIA SAko zuzendari kudeatzailea, edo hark eskuordetutakoa.
  • Administrazio publikoko teknikari bat (arlo juridikokoa), Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak izendatua.
  • Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten nekazaritzako bi lanbide erakundeen ordezkari bana.
  • Kooperatiben ordezkari bat, Unión de Cooperativas Agrarias de Navarrak proposatua.

–Idazkaria: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko idazkari tekniko nagusia, edo hark eskuordetutakoa.

2. Nekazaritzako lanbide erakundeen eta kooperatiben ordezkarigaiak aurkezteko, dagokion entearen gobernu organoaren erabakia beharko da, ordezkaria eta haren ordezkoa proposatuta.

4. artikulua. Deituren Hauteskunde Batzordearen osaera.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian (Iruñeko Gonzalez Tablas kalea, 9) egoitza izanen duen Deituren Hauteskunde Batzordea honako hauek osatuko dute:

–Batzordeburua: Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetutakoa.

–Batzordekideak:

  • Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Ataleko burua.
  • INTIA SAko ordezkari bat.
  • "Lodosako pikillo piperra" Jatorri Deitura Babestuaren kontseilu arauemaileko idazkaria.
  • "Tuterako orburua" Adierazpen Geografiko Babestuko idazkaria.
  • "Erronkari" Jatorri Deitura Babestuaren kontseilu arauemaileko idazkaria.
  • "Nafarroako Aratxea" Adierazpen Geografiko Babestuko idazkaria.
  • "Nafarroako Arkumea" Adierazpen Geografiko Babestuko idazkaria.
  • Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko (NNPEK) zuzendari teknikoa.
  • Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten nekazaritzako bi lanbide erakundeen ordezkari bana.
  • Kooperatiben ordezkari bat, Unión de Cooperativas Agrarias de Navarrak proposatua.

–Idazkaria: Administrazio publikoko teknikari bat (arlo juridikokoa), Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak izendatua.

2. Kontseilu arauemaile bakoitzeko idazkariak Deituren Hauteskunde Batzordean zenbat idazkaritza dituen, hainbeste boto emateko eskubidea izanen du.

5. artikulua. Hauteskunde batzordeen eginkizunak.

1. Honako hauek dira Hauteskundeetako Goi Batzordearen eginkizunak:

a) Hauteskunde prozesua koordinatzea.

b) Deituren Hauteskunde Batzordeari esleitutako eginkizunak betetzen direla zaindu eta gainbegiratzea.

c) Deituren Hauteskunde Batzordearen erabakien kontra jartzen diren errekurtsoak ebaztea, honako gai hauen inguruan: hauteskunde zentsuen zerrendak, hautagaiak eta hautatutako kideak aldarrikatzea eta kontseilu arauemaileetako burua eta buruordea proposatzea.

2. Honako hauek dira Deituren Hauteskunde Batzordearen eginkizunak:

a) Hauteskunde prozesua koordinatzea deitura guztietan.

b) Deituren erregistroetan inskribatutako hautesleen zentsuak argitaratzea eta haiek jendaurrean paratzea kontseilu arauemaileetan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan eta Departamentuko Arloetako Bulegoetan.

c) Erreklamazioen gainean erabakitzea lehen auzialdian, haren erabakien kontra aurreikusitako epean aurkezten direnean.

d) Behin betiko zerrendak onestea.

e) Kide izateko hautagaien aurkezpenak jasotzea.

f) Hautagaiak aldarrikatzea.

g) Hauteskunde mahaietako kideak izendatzea eta kideen alegazioak jaso eta ebaztea.

h) Bozketak zaintzea.

i) Kontseilukideak aldarrikatzea.

j) Hauteskunde prozesu osoa bermatzea, kontseilu arauemaileko burua eta buruordea proposatu bitartean.

k) "Nafarroako Arkumea" Adierazpen Geografiko Babestuan erabakitzea C zentsuari dagokion kidea A zentsura pasatzea, aipatu erregistroan inor ez badago inskribatuta.

2. KAPITULUA

Zentsuak prestatzea eta jendaurrean jartzea

6. artikulua. "Lodosako pikillo piperra" Jatorri Deitura Babestuaren hauteskunde zentsua.

1. Honako hauek dira "Lodosako pikillo piperra" Jatorri Deitura Babestuaren kontseilu arauemaileak prestatu behar dituen hauteskunde zentsuak:

–Ekoizleen sektorea:

  • A zentsua: landaketen titularrek osatua, kontseilu arauemailearen dagokien landaketen erregistroan inskribaturik badaude.

–Elaboratzaileen sektorea:

  • B zentsua: nekazaritzako elkarteen titularrek osatua, kontseilu arauemailearen elaboratzaileen erregistroan inskribaturik badaude.
  • C zentsua: manipulatzaileek eta merkaturatzaileek osatua, kontseilu arauemailearen elaboratzaileen erregistroan inskribaturik badaude, B zentsuan sartuta egon gabe.

2. Hona hemen zentsu bakoitzari dagokion kide kopurua:

–A zentsua: 3 kide.

–B zentsua: kide 1.

–C zentsua: 2 kide.

7. artikulua. "Erronkari" Jatorri Deituraren hauteskunde zentsua.

1. Honako hauek dira "Erronkari" Adierazpen Geografiko Babestuaren kontseilu arauemaileak prestatu behar dituen hauteskunde zentsuak:

–Ekoizleen sektorea:

  • A zentsua: urtean 15.000 litrotik behera esne produzitzen duten esne ekoizleek osatua, kontseilu arauemailearen artaldeen erregistroan inskribaturik badaude.
  • B zentsua: urtean 15.000 litrotik 35.000ra bitarte esne produzitzen duten esne ekoizleek osatua, kontseilu arauemailearen artaldeen erregistroan inskribaturik badaude.
  • C zentsua: urtean 35.000 litrotik gora esne produzitzen duten esne ekoizleek osatua, kontseilu arauemailearen artaldeen erregistroan inskribaturik badaude.

–Elaboratzaileen sektorea:

  • D zentsua: urtean 100 Tm-tik behera gazta elaboratzen dutenek osatua, gaztandegien erregistroan inskribaturik badaude.
  • E zentsua: urtean 100 Tm-tik gora gazta elaboratzen dutenek osatua, gaztandegien erregistroan inskribaturik badaude.
  • F zentsua: gazta beren produkzioko esnearekin ekoizten dutenek osatua, gaztandegien erregistroan inskribaturik badaude.

2. Hona hemen zentsu bakoitzari dagokion kide kopurua:

–A zentsua: kide 1.

–B zentsua: kide 1.

–C zentsua: kide 1.

–D zentsua: kide 1.

–E zentsua: kide 1.

–F zentsua: kide 1.

8. artikulua. "Tuterako orburua" Adierazpen Geografiko Babestuaren hauteskunde zentsua.

1. Honako hauek dira "Tuterako orburua" Adierazpen Geografiko Babestuaren kontseilu arauemaileak prestatu behar dituen hauteskunde zentsuak:

–A zentsua: landaketen titularrek osatua, kontseilu arauemailearen landaketen erregistroan inskribaturik badaude.

–B zentsua: merkaturatzeko enpresen edo freskoan biltegiratzen dutenen titularrek osatua, kontseilu arauemailearen dagokion erregistroan inskribaturik badaude.

–C zentsua: eraldaketa industrien titularrek osatua, kontseilu arauemailearen industrien erregistroan inskribaturik badaude.

2. Hona hemen zentsu bakoitzari dagokion kide kopurua:

–A zentsua: 4 kide.

–B zentsua: 2 kide.

–C zentsua: 2 kide.

9. artikulua. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren (NNPEK) hauteskunde zentsua.

1. Honako hauek dira NNPEK-k prestatu behar dituen hauteskunde zentsuak:

–A zentsua: produkzio ustiategien titularrak diren operadoreek osatua.

–B zentsua: enpresa elaboratzaileen titularrak diren operadoreek osatua.

–C zentsua: hirugarren herrialdeetatik inportatzen duten enpresen titularrak diren operadoreek osatua.

–D zentsua: enpresa azken merkaturatzaileen titularrak diren operadoreek osatua, kontseiluaren kolaboratzaileak badira.

2. Hona hemen zentsu bakoitzari dagokion kide kopurua:

–A zentsua: 3 kide.

–B zentsua: 2 kide.

–C zentsua: kide 1.

–D zentsua: kide 1.

10. artikulua. "Nafarroako Aratxea" Adierazpen Geografiko Babestuaren hauteskunde zentsua.

1. Honako hauek dira "Nafarroako Aratxea" Adierazpen Geografiko Babestuaren Kontseilu Arauemaileak prestatu behar dituen hauteskunde zentsuak:

–A zentsua: Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako ustiategien titularrek osatua.

–B zentsua: nekazaritzako prestakuntza eta merkaturatzeko kooperatiben titularrek osatua, kontseilu arauemailearen dagokion erregistroan inskribaturik badaude.

–C zentsua: baimendutako hiltegien titularrek osatua, kontseilu arauemailearen hiltegien erregistroan inskribaturik badaude.

–D zentsua: haragia zatikatzeko baimendutako aretoen titularrek osatua, kontseilu arauemailearen haragia zatikatzeko aretoen erregistroan inskribaturik badaude.

–E zentsua: kontseilu arauemailearen dagokion erregistroan inskribatuta dauden elaboratzaile-hornitzaileek osatua, B zentsuan sartuta ez badaude.

2. Hona hemen zentsu bakoitzari dagokion kide kopurua:

–A zentsua: 5 kide.

–B zentsua: kide 1.

–C zentsua: kide 1.

–D zentsua: kide 1.

–E zentsua: 2 kide.

11. artikulua. "Nafarroako Arkumea" Adierazpen Geografiko Babestuaren hauteskunde zentsua.

1. Honako hauek dira "Nafarroako Arkumea" Adierazpen Geografiko Babestuaren Kontseilu Arauemaileak prestatu behar dituen hauteskunde zentsuak:

–Ekoizleen sektorea:

  • A zentsua: Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako Nafarroa arrazako ardien ekoizleek osatua.
  • B zentsua: dagokion erregistroan inskribatutako latxa arrazako ardien ekoizleek osatua.
  • C zentsua: gizendegien titularrek osatuta, baldin eta haien arkumeak soilik Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako ustiategietatik badatoz. Ez badago erregistro horretan inskribatutakorik, C zentsuari dagokion kidea A zentsura pasatuko da.

–Elaboratzaileen sektorea:

  • D zentsua: establezimenduen erregistroan inskribatuta dauden hiltegien ordezkariek osatua.
  • E zentsua: elaboratzaileen erregistroan inskribatuta dauden nekazaritzako kooperatiben ordezkariek osatua.
  • F zentsua: dagokion erregistroan inskribatuta dauden gainerako elaboratzaileen ordezkariek osatua.

2. Hona hemen zentsu bakoitzari dagokion kide kopurua:

–A zentsua: 3 kide.

–B zentsua: kide 1.

–C zentsua: kide 1.

–D zentsua: kide 1.

–E zentsua: kide 1.

–F zentsua: 3 kide.

12. artikulua. Zentsuetan egoteko bete beharreko baldintzak.

1. Zentsuetan egoteko, ezinbestekoa izanen da:

a) Kontseilu arauemailearen erregistroetan inskribatuta egotea 2023ko urtarrilaren 1ean, eta, aplikagarri izanez gero, honako puntu hauetan jasotako baldintza espezifikoak betetzea:

–NNPEKren kasuan, gainera, haren kontrolaren menpe egon behar dira.

–"Erronkari" Jatorri Deituraren kontseilu arauemailearen kasuan, ekoizleen sektorekoen artean, azken hiru kanpainetako batean esnea entregatu dutenak izanen dira, eta elaboratzaileen sektorekoen artean, berriz, azken hiru kanpainetako batean gazta ziurtatu dutenak.

b) Desgaitua ez egotea eskubide zibilak erabiltzeko.

c) Epai judizial irmoak sufragiorako eskubidea galtzera kondenatua ez egotea, hura bete behar den bitartean.

2. Ulertuko da kontseilu arauemailearen erregistroetan inskribatuta dagoena izanen dela eskubidearen titularra.

13. artikulua. Zentsuen aurkezpena.

1. Eranskinean ezarritako egutegiaren arabera aurkeztuko dituzte zentsuak kontseilu arauemaileek, III A, III B, III C, III D, III E eta III F eranskinetako ereduei jarraikiz. Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira zentsuak, eta Deituren Hauteskunde Batzordera zuzenduko dira, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Landa Garapenaren, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Araubide Juridikoaren Atalaren bitartez. Zentsu horietan, titularrek hurrenkera alfabetikoan agertu beharko dute, honako hauek adierazita: izen-abizenak, nortasun agiri nazionala, helbidea, posta kodea eta udalerria.

2. Zentsuak eguneratuta, osorik eta alfabetikoki ordenatuta aurkeztu beharko dira, sozietate-izenaren edo titularren izen-deituren arabera. Euskarri informatikoa erabiliko da horretarako –Excel taula bat, zehazki–, eta han jasoko dira, bakoitza gelaxka batean, honako datu hauek: NAN/IFZ, helbidea, posta kodea eta udalerria.

14. artikulua. Zentsuak onartzea eta jendaurrean paratzea.

1. Deituren Hauteskunde Batzordeak, kontseilu arauemaileek behin-behineko zentsuak eman ondoren eta egoki juzgatzen dituen egiaztapenak egin ondoren, zentsu guztiak eginbidetuko ditu, batzordeko idazkariak sinatuta eta batzordeburuak ikus-onetsita, eta aginduko du deituraren zentsu osoa jendaurrean paratzeko kontseilu arauemaileen bulegoetan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentukoetan eta haren Arloetako bulegoetan.

2. II. eranskineko egutegira egokituko dira zentsuko aldaketak, erreklamazioak eta errekurtsoak.

3. Deituren Hauteskunde Batzordeak behin-behineko zentsuak aipatutako tokietara igortzen dituenean, idazkariaren idazki bat ere aurkeztu beharko da nahitaez, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.

3. KAPITULUA

Kide izateko hautagaiak aurkeztea eta haiek aldarrikatzeko modua

15. artikulua. Hautesleak eta hautagaiak.

a) 6., 7., 8., 9., 10. eta 11. artikuluetan aipatzen diren zentsuak ordezkatuko dituzten kideak hautatzeko, zentsu horietako bakoitzean daudenak izanen dira hautesleak eta hautagaiak.

Pertsona juridikoak badira, edota ondasunen komunitateak edo nortasunik gabeko bestelako entitateak, hautagaiak pertsona juridiko horiek izanen dira, eta hautesleak, berriz, zuzendaritzako kideak edo haien legezko ordezkariak, edota erkideek ordezkari hautatzen dituztenak.

b) Talde bakoitza ordezkatuko duten kontseilu arauemaileetako kideen hautagaitzak Deituren Hauteskunde Batzordean aurkeztuko dira aldarrikapen-eskaeraren bidez, II. eranskineko egutegian jasotzen den epean.

16. artikulua. Hautagai-zerrendak proposatzea.

1. Nekazaritzako kooperatibak, nekazaritzako lanbide erakundeak eta ekoizleen eta/edo merkaturatzaileen enpresa elkarteak ordezkatzen dituzten entitateek proposatzen ahal dituzte hautagaitzak, bai eta horien talde edo koalizioek ere, baldin eta hala erabaki badute modu formalean beren organoek.

Hauteskunde batera elkarrekin aurkezteko talde edo koalizio bat eratzen duten entitateek horren berri eman beharko diote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, deialdia egin eta hurrengo hamar egunen barnean. Jakinarazpena Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez eginen dute, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Landa Garapenaren, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Araubide Juridikoaren Atalera zuzenduta. Jakinarazpenean adierazi beharko dira taldearen edo koalizioaren izena, zer arauren arabera jarduten duen eta zein diren zuzendaritza edo koordinazio organoetako titularrak.

2. Aurreko apartatuan aipatutako entitateek ezin izanen dute hautagai-zerrenda bat baino gehiago aurkeztu zentsu edo azpizentsu bererako. Hautagaitza horiek aurkeztean ezin izanen da alderdi politikoen ikurrik edo identifikaziorik erabili.

3. Hautagai batek ezin du zentsu batean baino gehiagotan parte hartu.

17. artikulua. Zerrendak aurkeztea.

1. Entitate batek, nekazaritzako lanbide erakunde batek edo enpresa elkarte batek, goi mailako beste batean integratuta badago, ezin izanen du bere hautagai-zerrenda aurkeztu esparru handiagokoak berea aurkezten badu.

Entitateek, nekazaritzako lanbide erakundeek edo enpresa elkarteek aurkezten dituzten zerrendak haien ordezkaritza dutenek sinatu behar dituzte, haien estatutuekin bat.

2. Zer zentsutarako aurkezten den, hautagai-zerrendako hautagai titularren kopuruak ezin du gainditu hari dagokion kide kopurua.

3. Zerrendak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira, eta Deituren Hauteskunde Batzordeari igorriko zaizkio, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Landa Garapenaren, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Araubide Juridikoaren Atalaren bitartez. Honako datu hauek adierazi beharko dira:

a) Proposamena egiten duen erakundearen edo elkartearen izena.

b) Bertan dauden hautagaien izen-abizenak eta nortasun agiri nazionala, baita dagozkien ordezkoenak ere.

c) Hautagaien eta ordezkoen hurrenkera zerrenda bakoitzaren barrenean.

Deituren Hauteskunde Batzordeko idazkaritzak eginbidea eginen du jasota geratzeko zein egun eta ordutan aurkeztu zen, eta horren frogagiria emanen du, hala eskatzen bazaio.

Aurkezpen hurrenkeraren araberako zenbakia emanen zaio zerrenda bakoitzari.

d) Hautagai-zerrendak onartzeko adierazpenak, hautagaiek izenpetuak, aurkeztu beharko dira zerrendekin batera. Hautagaiek hautatuak izateko baldintzak bete behar dituzte.

e) Deituren Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrendak onartzeko, ezinbestekoa izanen da ordezkari bat izendatzea hautagai-zerrenda bakoitzerako; horren ardura izanen da kasuan kasuko hautagai-zerrendaren gestioak hauteskunde batzordearekin egitea, eta egin beharreko jakinarazpen guztiak jasotzea.

Ordezkaria hautagaia izan daiteke, edo ez, eta haren helbidea Deituren Hauteskunde Batzordeari emanen zaio zerrenda aurkezten denean.

18. artikulua. Hautagai-zerrendak aldarrikatzea.

Hautagaiak aurkezteko epea bukatuta, Deituren Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrendak aldarrikatuko ditu, salbu eta arrazoiren bat badago hautatuak ez izateko, edo zentsuan ez badaude; horrek, Batzordeak salatu edo atzeman eta gero, hautagaia baztertzea ekarriko du.

19. artikulua. Hautagai-zerrendak jendaurrean paratzea eta erreklamazioak.

1. Hautagai-zerrendak aldarrikatu ondoan, Deituren Hauteskunde Batzordeak erabakiko du jendaurrean paratzea, zentsuak erakusteko tokietan, V. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

2. Hautagai-zerrendak aldarrikatu eta jendaurrean paratu ondoren, II. eranskinean ezarritako epean haren kontrako erreklamazioak aurkezten ahal dira Deituren Hauteskunde Batzordean, eta horrek hurrengo hiru egunean ebatzi beharko ditu. Deituren Hauteskunde Batzordearen erabakiaren kontra errekurtsoa jartzen ahal da Hauteskundeetako Goi Batzordean.

4. KAPITULUA

Hauteskunde mahaiak eratzea, bozketa eta kontaketa

A) Hauteskunde-mahaiak.

20. artikulua. Hauteskunde mahaien eraketa.

1. Hauteskunde mahaiak eratuko dira, bozketan buru izateko, kontaketa egiteko eta sufragioa garbia dela zaintzeko. Deituren Hauteskunde Batzordeak zozketa bidez hautesleen artean izendatuko dituen buru batek eta bi albokok osatuko dute hauteskunde mahai bakoitza. Ordezkoak izendatuko dira, bai buruarena bai albokoena, prozedura bera erabiliz.

2. Hautagai-zerrenda bakoitzaren ordezkariak artekariak izendatzen ahal ditu Deituren Hauteskunde Batzordearen aurrean, bozketa eta kontaketa behatzeko, hauteskunde mahaien parte izanda. Artekari horiek hauteskunde zentsuan sartuta egon behar dute, eta ez dira hautagaiak izanen. Deituren Hauteskunde Batzordeak egiaztatuko ditu bi puntu horiek.

3. Hautagai-zerrenda bakoitzaren ordezkariak inskribatuta dagoen edozeini eman diezaioke ahala, hautagaia ez bada. Hauteskundeetako Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak ematen dizkion eskubideak eta betebeharrak izanen ditu ahaldun horrek.

21. artikulua. Hauteskunde mahaietako kideak.

1. Hauteskunde mahaietako kidea izateak nahitaezko izaera dauka. Izendapena egin ondoan, interesdunei jakinaraziko zaie, onarpena eragozten duen desenkusa alega dezaten, agiri bidez frogatuta. Deituren Hauteskunde Batzordeak berariaz ebatziko du, ondoko errekurtsorik gabe, hurrengo hiru eguneko epean.

2. Eragozpenaren arrazoia geroago sortzen bada, gaztigua segituan emanen da, betiere eraketaren ordua baino lehenago. Kasu horietan, Deituren Hauteskunde Batzordeak ere berehala ebatziko du.

3. Mahaia eratzeko behar diren kide guztiak bertaratzen ez badira, bertaratutakoek Deituren Hauteskunde Batzordeari horren berri emanen diote, eta batzordeak libreki izendatzen ahal ditu pertsonarik egokienak hautaketa eta kontaketa taxuz egiteko.

22. artikulua. Hauteskunde mahaien kopurua.

Hauteskundeetako Goi Batzordeak ezarriko du zenbat hauteskunde mahai dagoen eta zer udalerri sartzen den haietako bakoitzean.

23. artikulua. Hauteskunde mahaiak eratzea.

1. Hauteskunde mahai bakoitzeko burua eta albokoak, ordezkoekin batera, bozketaren eguneko 15:00etan bilduko dira horretarako erabiliko den tokian.

2. Burua agertzen ez bada, lehen ordezkoak ordeztuko du, eta hura falta bada, bigarren ordezkoak. Hura ere agertzen ez bada, lehen albokoak eta bigarren albokoak, hurrenkera horretan. Burutzan aritzen diren albokoak edo bertaratzen ez direnak ordezkoek ordezkatuko dituzte.

3. Ezin da mahai bat eratu burua eta bi albokoak egon gabe. Buruak, 15:30ean, mahaiaren eraketaren akta eginen du, berak, albokoek eta artekariek, halakorik balego, sinatua.

4. Aktan nahitaez adieraziko da nork eratzen duen mahaia, mahaikide gisa, eta artekarien izenen zerrenda, halakorik balego, zein hautagai-zerrenda ordezkatzen duten zehaztuta.

5. Halaber, jasoko da lokalen ordenaren gaineko edozein gorabehera, baita hura sortu dutenen izen-abizenak ere.

6. Mahaiko buruak aginte osoa izanen du lokalaren barrenean, ordenari eusteko, hautesleen askatasuna bermatzeko eta legea betetzen dela ziurtatzeko.

24. artikulua. Lokalak zehaztea.

Hauteskundeetako Goi Batzordeak zehaztuko du hauteskunde mahai bakoitzari dagokion lokala.

25. artikulua. Hauteskunde mahaiek bete beharreko dokumentazioa.

1. Mahai bakoitzak ondoko dokumentazioa bete beharko du, Hauteskundeetako Goi Batzordeari igorri beharrekoa:

–Mahaiaren eraketaren akta.

–Artekarien zerrenda.

–Kontaketaren akta, egindako ziurtagiriak zehaztuta.

–Kontaketaren aktaren ziurtagiria, horretarako eskubidea dutenek eskatzen badute.

2. Lehenengo hiru agiriak gutun-azal itxian igorriko dira.

B) Bozketa.

26. artikulua. Bozketaren hasiera.

1. Mahaiaren eraketaren akta eginda, bozketa 16:00etan hasiko da, eta, etenik gabe, 20:00ak arte jarraituko du.

2. Bozketa ez hastea edo, behin hasita dagoela, etetea ezinbesteko arrazoiengatik baizik ez da erabakiko, betiere mahaiko buruaren erantzukizunpean; buruak horren inguruan ebatziko du, arrazoibidezko idazki batean, eta bozketa egunean bertan igorriko dio, hura egindakoan, eskuz zein posta ziurtatuaren bidez, Hauteskundeetako Goi Batzordeari, horrek egiazta dezan arrazoiak egiazkoak diren eta izan litekeen erantzukizuna deklaratzeko edo eskatzeko. Idazkiaren kopia bat mahaiburuaren esku geratuko da.

3. Bozketa eteten bada, emandako botoak ez dira kontuan hartuko, eta ez dira kontatuko; mahaiburuak aginduko du hautetsontzian utzitako boto-paperak suntsitzeko, eta gertatutakoa jaso beharko du aurreko paragrafoan aipatzen den idazkian.

27. artikulua. Bozkatzeko eskubidea frogatzea.

1. Hauteslea zentsuko zerrenda ziurtatuetan inskribatuta egonda frogatuko da bozkatzeko eskubidea, eta nortasuna frogatu beharko da legez onartutako frogagiri baten bidez: NANa, pasaportea, gidabaimena.

2. Hauteslea pertsona juridiko baten ordezkaria denean, beharrezkoa izanen da, horretaz gain, haren izenean jarduten duela frogatzen duen jatorrizko dokumentu bat aurkeztea. Dokumentu hori mahaiburuaren esku geratuko da, kontaketaren aktari eransteko.

28. artikulua. Bozketa nola eginen den.

Bozketa pertsonala eta sekretua izanen da, eta buruak horren hasiera hau esanda iragarriko du: "Empieza la votación". Hautesleak banan-banan hurbilduko dira mahaira, izen-deiturak adieraziz. Albokoek eta artekariek hauteskunde zentsuko zerrendak aztertu ondoren, hauteslearen izena eta nortasun agiria bertan dagoela egiaztatu ondoren eta botoa ematera joan dela jaso ondoren, hautesleak eskuz emanen dio buruari boto-papera, dagokion koloreko gutun-azal batean sartuta. Buruak, hauteslearen izena eta "vota" esanda, jendaurrean, aipatutako hautetsontzian sartuko du boto-papera.

29. artikulua. Bozketaren bukaera.

1. 20:00etan, buruak iragarriko du bozketa bukatuko dela, eta ez dio utziko inori lokalean sartzen. Galdetuko du bertan dauden hautesleren batek oraindik ez ote duen botorik eman, eta lokalaren barrenean daudenen botoak onartu eginen dira.

2. Jarraian, mahaiko kideek eta artekariak, halakorik balego, bozkatuko dute, eta horiek guztiek sinatuko dituzte aktak.

30. artikulua. Propaganda debekatzea.

1. Ezin izanen da hauteskunde kanpainako ekintzarik edo propagandarik egin bozketaren bezperako 15:00etatik aurrera.

2. Hauteskunde prozesuan parte hartzen ez duen pertsona juridiko batek ere ezin du hauteskunde kanpainako ekintzarik egin, hauteskundeak deitzen direnetik aurrera.

31. artikulua. Hautetsontzien eta boto-paperen hornidura.

1. Bozketa egiteko hautetsontziak udalek eta/edo Gobernuaren Ordezkaritzak utziko dituzte, Hauteskundeetako Goi Batzordeko idazkariak eskatuta.

2. Boto-paperak Hauteskundeetako Goi Batzordeak emanen dizkie kasuan kasuko hauteskunde mahaiei.

32. artikulua. Hautetsontziak eta boto-paperak hornitzea.

1. Hauteskunde mahai bakoitzean, hautetsontzi bat egonen da 6., 7., 8., 9., 10. eta 11. artikuluetako hautesleen zentsu bakoitzerako, betiere zehaztuta "A zentsua", "B zentsua", "C zentsua", "D zentsua", "E zentsua" eta "F zentsua", kasuaren arabera.

2. Kasuan kasuko boto-paperak eta gutun-azalak kolore desberdinetan eginen dira: zuria A zentsurako, sepia B zentsurako, horia C zentsurako, berdea D zentsurako, gorria E zentsurako, eta urdina F zentsurako.

3. Mahaiko buruek jasotako boto-paperen kopurua ezin da izan mahai bakoitzari dagozkion hautesleen kopuru bikoitza baino txikiagoa.

33. artikulua. Boto-paperen edukia.

1. Boto-paperetan honako hau jasoko da: erakunde, elkarte, federazio, koalizioaren izena eta, hala balegokio, siglak eta ikurra, baita hautagaien eta ordezkoen izen-deiturak ere, kokapenaren hurrenkeraren arabera.

2. Zer taldetan bozkatzen den, hari dagokion kide adina hautagai agertuko dira boto-paper bakoitzean, VI. eranskineko ereduaren arabera. Halaber, beste horrenbeste ordezko egon daitezke, kasuan kasuko zentsuko hautagai kopuruaren arabera.

34. artikulua. Boto-zenbaketa.

Bozketa bukatuta, mahaiko buruak deklaratuko du hura itxi dela, eta jendaurreko kontaketa hasiko da. Hautetsontzi bakoitzeko zigilua kenduko da, handik gutun-azalak banan-banan aterako dira eta haietatik boto-paperak; hautagai-zerrendaren izena ozen irakurriko da. Buruak boto-paper bakoitza erakutsiko die, irakurri ondoan, mahaiko gainerakoei eta bukaeran alderatuko dira emandako boto guztiak eta jasotako hautesle guztiak.

35. artikulua. Boto baliogabeak eta boto zuriak.

1. Honako hauek izanen dira boto baliogabeak:

a) Ofizialak ez diren gutun-azal edo boto-paperen bidez egindakoak, edo gutun-azalik gabeko boto-paperekin, edo hautagai-zerrenda nahiz zentsu desberdineko boto-paper bat baino gehiago daramatzanean gutun-azal batek. Gutun-azal batean hautagai-zerrenda bereko boto-paper bat baino gehiago daudenean, boto bakartzat hartuko da.

b) Boto-papereko hautagaien izenak aldatu, erantsi, markatu edo urratuta dituzten botoak, edo kokapenaren hurrenkera aldatuta dutenak, baita beste aldaketaren bat daramatenak ere.

c) Aurreko paragrafoetan adierazitako edozein aldaketa duten gutun-azal batean emandako botoak.

2. Boto zuriak eta baliodunak izanen dira boto-paperik ez duten gutun-azalak.

36. artikulua. Kontaketaren emaitza.

1. Botoak kontatuta, aurreko jarraibideen arabera, buruak galdetuko du kontaketaren kontrako proposamenik ote dagoen. Ez badago, edo mahaiaren gehiengoak aurkeztutakoak ebatzi ondoren, ozen iragarriko da emaitza, zehaztuta zein den hautesleen, boto-paper baliogabeen eta boto-paper baliodunen kopurua, eta, azken horien artean, zenbat boto-paper zuri diren eta hautagai-zerrenda bakoitzak zenbat boto eskuratu dituen.

2. Hautetsontzietatik ateratako boto-paperak bertaratutakoen aurrean suntsituko dira, salbu eta baliozkotasuna ukatua izan dutenak edo erreklamazioren xede izan direnak; horiek aktari erantsiko zaizkio, mahaiko kideek sinatu ondoren.

3. Lanak bukatuta, buruak, albokoek eta mahaiko artekariek, halakorik balego, kontaketaren akta sinatuko dute; bertan zehazki adieraziko dute zein den hauteslekunde zentsuaren arabera dagoen hautesle kopurua, zenbat hauteslek eman duten botoa, zenbat boto-paper baliodun, zenbat boto-paper baliogabe eta zenbat boto-paper zuri den, eta hautagai-zerrenda bakoitzak zenbat boto eskuratu duen; halaber, laburki jasoko dituzte egindako erreklamazioak edo protestak, mahaiak emandako ebazpenak eta gorabeherak, halakorik balego, betiere zehaztuta zein diren egileen izen-deiturak. (VII. eranskina. Kontaketa aktaren eredua).

37. artikulua. Emaitzak ziurtatzea.

Jarraian, emaitzen ziurtagiria eginen da, eta bozketa egiteko lokalean paratuko da, ongi ikusteko moduan; gutun-azal itxian kontaketaren jatorrizko akta igorriko zaio Hauteskundeetako Goi Batzordeari, eraketaren aktarekin eta boto-paper baliogabeekin edo erreklamazioaren xede izan direnekin batera. Gutun-azal hori mahaiko kide guztiek sinatuko dute, edukia bermatzeko.

38. artikulua. Boto aurreratua.

Hautesleren batek aurreikusten badu 2023ko martxoaren 30eko bozketan parte hartzerik izanen ez duela, aldez aurretik ematen ahalko du botoa artikulu honetan aurreikusitako prozedurari jarraikiz.

a) Aurretik ematen ahalko du botoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoetan, martxoaren 23an, 24an eta 27an, 09:00etatik 11:00etara eta Deituren Hauteskunde Batzordearen buruaren eta idazkariaren aurrean. Boto aurreratua errebokaezina izanen da. Prozesu honetara bertaratzen ahalko dira, halaber, Deituren Hauteskunde Batzordeko kideak, hala nahi dutenak.

b) Botoa emateko eskubidearen ziurtapena 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera eginen da.

c) Hautesleak boto aurreraturako eskaera formalizatuko du botoa eman aurretik. Boto aurreraturako eskaera eginez gero ezin izanen da botoa eman martxoaren 30eko bozketa prozesuan. Inguruabar hori hautesle zerrendetan jasoko da, kasuan kasuko hauteskunde mahaietan.

d) Boto aurreratua pertsonala eta sekretua izanen da. Hautesleek boto-paperak eta gutun-azalak sartuko dituzte horretarako prestatutako gutun-azal batean, hauteslearen identifikazio datuak eta zein zentsutakoak diren adierazita.

e) Deituren Hauteskunde Batzordeko idazkariak, hauteskunde-zentsuko zerrendak aztertu, boto-emailearen izena bertan ageri dela eta haren identitatea egiaztatu, eta botoa ematera agertu dela idatzi ondoren, gutun-azala zigilatuko du, bere zigilua eta sinadura ezarriko ditu eta bozketen egunera arte zainduko du.

f) Boto aurreratuak kasuan kasuko hauteskunde mahaiko buruari entregatuko zaizkio mahaia eratu eta berehala.

5. KAPITULUA

Hautatutako kide titularrak eta ordezkoak aldarrikatzea, kontseilu arauemaileen osaera eta kontseilu arauemaileko burua eta buruordea bozkatzeko prozedura

A) Hautatutako kide titularrak eta ordezkoak aldarrikatzea.

39. artikulua. Kidetzen esleipena.

Gutun-azal itxian hauteskunde mahai guztien dokumentazioa jasota, Hauteskundeetako Goi Batzordeak ireki eginen ditu, eta kidetzak eta, halakorik balego, ordezkotzak esleituko ditu, ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 163.1 eta 164.1 artikuluekin bat.

40. artikulua. Kide hautatuak aldarrikatzea.

1. Deituren Hauteskunde Batzordeak, postuen esleipena bukatuta, aldarrikatu eginen ditu, jendaurrean eta batzordeburuaren bitartez, kasuan kasuko kontseilu arauemaileko kide hautatuak, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan argitaratuko ditu emaitzak.

2. Egutegian ezarritako epearen barrenean hautatutako kideen aldarrikapena errekurritzen ahal da Hauteskundeetako Goi Batzordearen aurrean; horrek ebatziko du errekurtsoa, eta ebazpena Deituren Hauteskunde Batzordeari eta errekurtsogileari jakinaraziko die.

3. Egutegian ezarritako epean beharrezko egiaztagiriak igorriko zaizkie hautatutako kideei, hautagai-zerrenda bakoitzaren ordezkarien bidez.

B) Kontseilu arauemaileak osatzea eta burua eta buruordea bozkatzeko prozedura.

41. artikulua. Kontseilu arauemaileen osaera.

1. Kontseilu arauemaile bakoitza honako hauek osatuko dute:

a) Burua.

b) Buruordea.

c) Sektoreak ordezkatzeko, foru agindu honen 6.2, 7.2, 8.2, 9.2, 10.2 eta 11.2 artikuluetan zehazten diren adina kide.

2. Kontseilu arauemailearen bileretara legez ezarritako moduan izendatzen diren Administrazioko ordezkariak joanen dira, botoa dutela baina hizpiderik ez.

3. NNPEK osatzeko, Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako produkzio ekologikoaren eta nekazaritzako produktu eta elikagaietan horren adierazgarria jartzearen gaineko erregelamenduaren 8. artikuluan xedatuari jarraituko zaio (abenduaren 20ko 617/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

42. artikulua. Kontseilu arauemaileak eratzea.

1. Egutegian ezarritako epean, kontseilu arauemaileko osoko bilkuran, aurreko kideek kargua utziko dute, eta berriak karguaz jabetuko dira. Jarraian eta bilkura berean, kontseiluaren osoko bilkurak burua eta buruordea hautatuko ditu.

2. Burua eta buruordea kontseilu arauemaile bakoitza zuzentzen duen erregelamenduan aurreikusitako moduan izendatuko dira. Burua edo buruordea kontseiluko kideen artean hautatzen bada, buruordea edo burua beste sektoreko kideen artean hautatu beharko da, halakorik badago, eta halakoetan ez dira beteko hutsik gelditu diren postuak.

3. Kontseilu arauemaileak hautatuen izena jakinaraziko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, hark izendatu ditzan. Hautagaiek eskuratutako boto kopurua jaso beharko da.

43. artikulua. Kontseiluko burua eta buruordea izendatzea.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak izendatuko ditu burua eta buruordea, Kontseilu Arauemailearen proposamenari jarraikiz.

II. ERANSKINA

Kontseilu arauemaileak berritzeko hauteskunde egutegia

IZAPIDEA

EPEAREN AMAIERA

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea hauteskundeen deialdia egiteko foru agindua

2023ko urtarrilaren 16a

Hauteskunde batzordeetako ordezkariak jakinaraztea (HGB eta IHB)

Urtarrilaren 20a

Hauteskundeetako Goi Batzordeko nahi Deituren Hauteskunde Batzordeko kideak izendatzea

Urtarrilaren 23a

Kideen izendapenaren kontrako errekurtsoak aurkeztea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzenduak

Urtarrilaren 26a

Errekurtsoak ebaztea

Urtarrilaren 27a

Hauteskunde Batzordeen eraketa

Urtarrilaren 31

Kontseilu arauemaileek zentsuak aurkeztea Deituren Hauteskunde Batzordeari.

Otsailaren 3a

Zentsuak erakustea eta erreklamazioak aurkeztea Deituren Hauteskunde Batzordearen aurrean.

Otsailaren 14a

Deituren Hauteskunde Batzordeak erreklamazioak ebaztea

Otsailaren 17a

Erreklamazioen ebazpenaren kontrako errekurtsoak, Hauteskundeetako Goi Batzordeari zuzenduak

Otsailaren 21a

Hauteskundeetako Goi Batzordeak errekurtsoak ebaztea

Otsailaren 24a

Behin betiko zentsuak jendaurrean paratzea

Martxoaren 1a

Hautagai-zerrendak aurkeztea

Martxoaren 2a

Hautagaiak aldarrikatzea

Martxoaren 6a

Hautagaien aldarrikapenaren kontrako erreklamazioak

Martxoaren 9a

Deituren Hauteskunde Batzordeak erreklamazioak ebaztea

Martxoaren 13a

Erreklamazioen ebazpenaren kontrako errekurtsoak, Hauteskundeetako Goi Batzordeari zuzenduak

Martxoaren 15a

Hauteskundeetako Goi Batzordeak errekurtsoak ebaztea

Martxoaren 17a

Hauteskunde mahaietako kideak izendatzea

Martxoaren 20a

Mahaietako kideek desenkusak alegatzea

Martxoaren 27a

Deituren Hauteskunde Batzordeak desenkusak ebaztea

Martxoaren 28a

Mahaiak eratzea eta bozketa

Martxoaren 30a

Kide hautatuak aldarrikatzea Deituren Hauteskunde Batzordeak

Martxoaren 31

Kide hautatuen aldarrikapenaren kontrako errekurtsoak

Apirilaren 4a

Hauteskundeetako Goi Batzordeak errekurtsoak ebaztea

Apirilaren 5a

Egiaztagiriak igortzea

Apirilaren 11

Kide berriak karguaz jabetzea

Apirilaren 13a

III. eranskina (A-F).–Zentsuak aurkezteko ereduak.

IV. eranskina.–Deituren Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrenden aldarrikapena jendaurrean paratzea.

V. eranskina.–Deituren Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrendak igortzeko eredua.

VI. eranskina.–Boto-paper ofizialaren eredua.

VII. eranskina.–Kontaketa aktaren eredua.

Deskargatu III.etik VII.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2216526