99. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

20/2022 EBAZPENA, maiatzaren 10ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2022ko maiatzaren 16rako eta 17rako aurreikusitako greba deialdia dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatzen dituen baliabideen eremuan gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehazten dituena.

LAB sindikatuak grebara deitu du Nafarroako Foru Komunitateko ekintza eta esku-hartze sozialaren sektorean maiatzaren 16ko 20:00etatik maiatzaren 17ko 23:59ra bitarte.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartuta dagoen greba egiteko eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatzen dituen zerbitzu publikoen eremuan, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko egoitza zentroek, pisuek eta zentroek berehalako erantzuna ematen dute larrialdiko egoeretan, oinarrizko eta funtsezko arreta eskainiz. Horren ondorioz, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri behar dira erabiltzaile diren emakumeei eta haien seme-alabei egunero behar bezalako arreta emateko ezinbestekoak diren zerbitzuak, programak eta tratamenduak bermatzeko, funtsezko zainketak eskaintzen jarraitzearren.

Adierazi beharra dago gutxieneko arretaren barruan erabiltzaileen oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak sartzen direla, hala nola elikadura, baina, baita ere, norberaren zainketari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesteari lotutako behar guztiak estaltzekoak.

Gutxieneko zerbitzu hauek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla emakumezko erabiltzaileei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Horregatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.

Horrenbestez, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan eskudantziekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. 2021eko martxoaren 4rako egindako greba deialdia dela-eta, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatzen dituen baliabideen eremuan, gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da grebarako eskubidea:

–Genero-indarkeriaren biktimentzako harrera baliabideak: jaiegunetarako aurreikusitako langile kopuru bera arituko da.

–Genero-indarkeriaren biktimei osoko arreta emateko taldeak: irekita egoteko ezinbestekoa den gutxieneko langile kopurua.

2. Aurreko zenbakian jasotako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek eginen dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Ebazpen honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan istiluak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3. Ebazpen hau Xilema Programas SLri, Pauma SLri eta grebarako deia egin duen sindikatuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela haren aurka, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 10ean.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Istúriz García.

Iragarkiaren kodea: F2206839