99. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BILORIA

Ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Biloriako Kontzejuak, 2022ko otsailaren 4an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Biloriako kontzeju-mugarteko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza fiskala. Onespenaren erabakia 2022ko 43. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 1ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, aipatu ordenantza behin betiko onesten da eta agintzen da osorik argitaratzeko, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin.

Bilorian, 2022ko apirilaren 22an.–Alkatea, José María Nieva Fernández.

ORDENANTZA, BILORIAKO KONTZEJU-MUGARTEKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da ezartzea Biloriako kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Honako hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak (Toki Administrazioari buruzko Foru Legea); Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatua.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Biloriako Kontzejuari dagokio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan ezartzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Biloriako Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du haien onura publikoa edo soziala, eta, hori baino lehen, Biloriako Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Biloriako Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Biloriako Kontzejuak begiratuko du herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetu daitezen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiakerari edo horiendako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua. Biloriako Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Biloriako Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Biloriako Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Biloriako Kontzejuak transakziorik egin nahi badu ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren, aldez aurretik beharko du Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa.

11. artikulua. Biloriako Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Biloriako Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Biloriako Kontzejuak bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean herri-lurretako ondasunak defendatzeko, posible izanen da herritarrek ekitea, zehaztuko den moduan. Biloriako Kontzejuak, ekimen horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Biloriako Kontzejua herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.

Finkak.

16. artikulua. 1. Oro har, Biloriako herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Bizilagun gisa izena emana egotea biztanleen udal erroldan, Biloriako Kontzejuan, gutxienez ere bi urte lehenagotik.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

16. artikulua. 2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

16. artikulua. 3. Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak Biloriako Kontzejuak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

17. artikulua. Herri-lurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Biloriako Kontzejuko Alkatetzak idatzizko baimena ematea. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inolaz ere batera hesitu.

18. artikulua. Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu baldin interesdun nahiz ukituek ez badute aldez aurretik eskabide bateratua egin eta ez baldin badute euren adostasuna erakutsi eta Kontzejuaren baimena izan.

19. artikulua. Kontzejuak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, sustatzen dituenean zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak, baldin eta eragiten badiete onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei, behin-behinekoz zein behin betikoz. Hori egin baino lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.

Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

20. artikulua. Fidantzak.

a) Behin betiko adjudikazio prezioaren %20 ordaindu beharko da fidantza moduan.

b) Enkanteetan parte hartu ahal izateko aprobetxamenduaren hasierako prezioaren %5 ordaindu beharko da hura egin baino lehenago.

c) Fidantza honako kasu hauetan itzuliko da:

–Adjudikaziodunaren heriotza.

–Erretiroa.

–Jardueran aritzeko ezintasuna.

d) Adjudikazioduna beharturik dago eskorta eta haren elementuak ezin hobeki zaintzera eta, adjudikazioa amaitzean, aurkitu zituen egoera berean itzultzera. Adjudikaziodunaren kontura izanen dira egiten diren kalte guztiak.

Adjudikaziodunak elementu guztiak ezin hobeki itzultzen ez baditu, fidantzatik kenduko zaio, adjudikazioaren amaieran, kalteak konpontzeko behar den dirua.

e) Adjudikazioaren epea amaitu baino lehenago aprobetxamendua deuseztatzeko eskatzen badu, Biloriako Kontzejuak fidantzatik kenduko du berriz ere adjudikazioa egin arteko denboran berak pairatzen dituen kalte ekonomikoak berdintzeko dirua; balorazioa Kontzejuaren osoko bilkuran erabakiko da.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

21. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Biloriako Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

22. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

22. artikulua. 2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duen kiderik baldin badago, agiri bidez frogatuta, kide bakoitzeko kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera.

22. artikulua. 3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen zergapeko kapitala, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

23. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreak badira, eta Biloriako Kontzejuak aurretik baimena ematen badu, epe hori luzatzen ahal da laborearen balio-bizitzaren arabera.

24. artikulua. Udalbatzak urtero onetsiko du herri-lurretako lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino gutxiago.

Biloriako Kontzejuak finkatuko du herritar bakoitzari adjudikatuko zaion laborantzako lurraren azalera, kontuan harturik herri-lurrak norainoko aukerak ematen dituen.

25. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikaturiko lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

26. artikulua. Ordenantza honen ondorioetarako, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da baldin adjudikaziodunak berak edo haren familia-unitateko kideek egiten badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu horretara behartzen badituzte urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko, baldin Biloriako Kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako beste arrazoi batengatik soldatapekoak hartzen badira. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Biloriako Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Biloriako Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herri-lurrak norberak zuzenean landu ezin baditu, 28. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

27. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Biloriako Kontzejuak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Biloriako Kontzejuak lurzatien titularrei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Biloriako Kontzejuak eskumena du erabakitzeko ea noiz dagoen ezintasun fisikorik edo bestelakorik, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian ematen edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epea bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

28. artikulua. Biloriako Kontzejuak noiznahi egiten ahal ditu egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztatzeak, ziurtatzeko lurzatien laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela.

Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ari

a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez badira erabiltzen adjudikaturiko herri-lurrak lantzeko.

b) Osoko Bilkurak gehiengo soilaz hartutako erabakiaren arabera, adjudikatutako lurzatiak norberak zuzenean lantzen ez baditu, ordenantza honetako 26., 27. eta 28. artikuluetan xedatzen denaren arabera.

c) Honako alderdi hauei buruzko frogagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Biloriako Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.

d) Baldin ez bada lantzen adjudikaturiko lurzatiaren %80, gutxienez.

Zuzeneko laborantzatzat hartuko da:

a) Belarrak eta bazka: moztu gabe saltzen ahalko da, baina ereitea eta gainerako lanak adjudikaziodunaren esku geldituko dira.

b) Laborea: onartuko da kontratatzea herbizida botatzea, uzta biltzea eta fardoak egitea.

2. ATALA

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

29. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak diren herritarren artean. Lehentasuna izanen dute ogibide nagusia nekazaritza dutenek.

30. artikulua. Biloriako Kontzejuak finkatuko du herritarrendako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, eskura diren lurren azaleraren arabera.

31. artikulua. Adjudikazioaren epea 23. artikuluan ezarritako berbera da. Zozketa bidez adjudikatuko dira loteak.

32. artikulua. Aprobetxamendu mota honetan, herri-lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona onetsiko dute Kontzejuko kideek, lur motaren arabera.

Zenbateko hauek proposatutako kanonari dagozkio. Hura nekazaritzako produktuen KPIarekin batera eguneratuko da urtero. (Gora egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; behera egiten badu, berriz, bere horretan utziko da).

33. artikulua. Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 24., 25., 26. eta 27. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

34. artikulua. Biloriako Kontzejuak beretzat gordeko du azalera bat, gehienez izanen dena laborantzako herri-lurren azaleraren %5, onuradun berriei adjudikatzeko.

3. ATALA

Biloriako Kontzejuaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

35. artikulua. Biloriako Kontzejuak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren laborantzako lurra soberan baldin bada, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 24., 25. eta 26. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

Biloriako Kontzejuak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Biloriako Kontzejuak zuzenean ustiatu ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

36. artikulua. Biloriako Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua jarrita, 15 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek herri-larreen adjudikazioa eska dezaten.

37. artikulua. Eskaerei erantsiko zaie honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazioa:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez bi urte lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Biloriako Kontzejuarekiko betebehar fiskalak egunean izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai Biloriako Kontzejuan bai besteetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan bai besteetan, lehorreko lurrak diren edo ureztatzekoak zehaztuta.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai udal-mugarte honetan bai besteetan.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.

h) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren eskatzaileen ogibide nagusia nekazaritza denean, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian sartuta daudelako ziurtagiria, eta azken ordainagiriaren fotokopia. Jardueran hasten direnek gehienez ere sei hilabeteko epean bete beharko dute baldintza hori.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Biloriako Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 21.3 artikuluan zehazten den bezala.

38. artikulua. Biloriako Kontzejuak osoko bilkuran onetsiko du adjudikazio modu bakoitzera –lehentasuna duten herritarrena nahiz zuzeneko adjudikaziokoa– onartu direnen zerrenda. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

39. artikulua. Aprobetxamendu modu bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Biloriako Kontzejuaren iragarki-taulan jarriko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

40. artikulua. Alegaziorik eta zuzendu beharreko akatsik izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du modu bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda.

41. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, ordenantza honen 22. artikuluan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak adjudikatuko dira.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Biloriako Kontzejuak, zozketa bidez, laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduen behin betiko zerrendan dauden familia-unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 31. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurzatien zerrenda jendaurrean jarriko da, 15 egunean, iragarki-taulan. Zerrendak Biloriako Kontzejuak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

42. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegaziorik baldin bada, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

43. artikulua. Biloriako Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modu hauetan eginen da, lehentasun-ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

44. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako tilularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Lehentasuna izanen dute ogibide nagusia nekazaritza edo abeltzaintza dutenek eta aziendak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda dutenek, ustiapen liburuan ere jasorik. Jardueran hasten direnek gehienez ere sei hilabeteko epea izanen dute baldintza hori betetzeko.

45. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Biloriako Kontzejuak ulertuko du ez direla zuzenean erabiltzen ari, familia-unitateko titularrek aziendak ateratzen badituzte Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Azienden Erroldako Erregistrotik.

Larreen adjudikaziodunak eskaera arrazoitua aurkeztu ondoren, beste norbaiten azienda sartzeko baimena ematen zaio, larre guztiak aprobetxatzeko, urte sasoia dela-eta belar produkzioa ohi baino handiagoa denean.

Besteren azienda sartzeko epea ez da bi hilabete baino gehiagokoa izanen urtean, mota bereko aziendak badira, eta lau hilabete baino gehiagokoa, beste mota batekoak badira.

Diru-sarrera gehigarriak toki entitatearendako izanen dira, eta diru-sarrera gehigarri horien %50 kentzen ahalko zaio adjudikaziodunari hurrengo ekitaldiari dagokion artzaintza kanonetik.

Ezin izanen da inola ere besteren mota bereko aziendarik sartu, horrek badakar adjudikaziodunaren abelburu kopurua gutxitzea.

46. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita betetzen direla Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 1. artikuluan eskatzen diren baldintzak, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

47. artikulua. Biloriako Kontzejuak, aurretik onuradunei ohartarazita, eraginik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien adjudikazioak, herri-lurretan hobekuntzak egitea bultzatzen duenean. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogagiri baliogarria, honako hauen gainean:

a) Biloriako Kontzejuko biztanleak izatea, gutxienez bi urte lehenagotik, eta Biloriako Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez bizitzea.

b) Biloriako Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute eskatzaileek.

d) Jabetzan eta/edo errentan dituen lurren azalera, haietan larreen aprobetxamendua egiten ahal bada.

Biloriako Kontzejuak beretako gordeko du behar den dokumentazioa eskatzeko ahalmena, zinpeko aitorpenaren edukia eta errenta mailak egiaztatzeko.

48. artikulua. Biloriako Kontzejuak behin-behineko adjudikazioa eginen du.

49. artikulua. Aurkeztutako eskabideak ikusirik eginen da banaketa. Behin-behineko zerrenda eginen da eta hura Biloriako Kontzejuaren iragarki-taulan jarriko da 15 egun baliodunean, erreklamazioak egiteko. Epe hori iraganik erreklamaziorik aurkeztu ez bada, behin betiko onetsitzat joko dira.

Alegaziorik egiten bada, egindako akatsak behin zuzenduz gero, Biloriako Kontzejuak haiei buruzko ebazpena emanen du, herri-larreen aprobetxamenduak erabiltzeko eskubidea duten herritarren behin betiko zerrenda onesteko.

Aprobetxamenduen epea 8 urtekoa izanen da gutxienez eta 15 urtekoa gehienez.

50. artikulua. Herritarren arteko banaketan larrerik soberan gelditzen bada, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, Biloriako Kontzejuak osoko bilkuran erabakitzen duen denborarako eta indarra duen araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari loturik.

51. artikulua. Larratze eremu bakoitzak jasan dezakeen azienda karga zehazteko, baliokidetza hauek finkatu dira azienda mota ezberdinen artean:

a) Behor-aziendako buru bakoitzeko behi-aziendako buru 1.

b) Behi-aziendako buru bakoitzeko ardi-aziendako 8 buru.

c) Ahuntz-aziendako buru bakoitzeko ardi-aziendako buru 1.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

52. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Biloriako Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

53. artikulua. Biloriako Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori Biloriako Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

54. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.

55. artikulua. Egurra banatzerakoan, Biloriako Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emanen die diru aldetik familia-unitate apalenei.

56. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Biloriako Kontzejua irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 22. artikuluan islatzen den bezala.

57. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Biloriako Kontzejuak aurrekontu arruntean.

58. artikulua. Onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; dena dela, hondakin horiek ezin dira bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bestelako tokietan pilatu. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

V. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

59. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua gaiari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

60. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Biloriako Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-orrien arabera eginen dira. Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

61. artikulua. 1. Biloriako Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, laguntza emateko inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei.

61. artikulua. 2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

61. artikulua. 3. Hona hemen halako kasuetan jarraiki beharreko prozedura:

a) Biloriako Kontzejuaren erabakia, onesten dituena proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Biloriako Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

61. artikulua. 4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordaindu eginen zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

62. artikulua. Toki erakundeak onetsiko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

63. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Biloriako Kontzejuak finkatutako epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Aprobetxamenduaren %80, gutxienez ere, ez erabiltzea.

e) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.

f) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Udalak adjudikatu gabe herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, soro utziak.

h) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Udalaren baimenik izan gabe.

i) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

j) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

k) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

l) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

m) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egitate edo egintza.

64. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d), f), h) eta j) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezarri ahal dituzten zehapenak ukatu gabe, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratzea, halakorik gertatu bada.

–i) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteetan, egindako kaltearen balioaren halako bostetik halako hamarrera bitarte ordaindu beharko da, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratu beharko da, halakorik gertatu bada. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10 euro eta 1.202,02 euro bitarteko zehapena ezarriko da.

–Zehapen prozedura Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatuari lotuko zaio eta, hala behar badu, honako hauetan ezarri denari: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta Zehapen ahalmena erabiltzeko prozedurari buruzko abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau behin betiko onestean indarrik gabe geldituko dira Biloriako Kontzejuaren lehenagoko ordenantzak, arautzen dituztenak Biloriako kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua.

Iragarkiaren kodea: L2206305