99. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NABASKOZE

Ordenantza, arautzen duena Benasako arroilako leku berezietan aparkatzea eta sartzea. Behin betiko onespena

Nabaskozeko Kontzejuko Kudeaketa Batzordeak, 2021eko abenduaren 22an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Benasako arroilako leku berezietan aparkatzea eta sartzea arautzen duen ordenantza.

Ordenantza hori 30 egun baliodunean egon zen jendaurrean, iragarkia paratu ondoan 2022ko 12. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 18an, eta Kontzejuaren iragarki-taulan.

Jendaurreko epea bukatu denez inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, eta jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da. Eta inguruabar hori argitaratzen da, behin betiko testuarekin batera, ondorio juridikoak izan ditzan.

Nabaskozen, 2022ko apirilaren 28an.–Batzorde Kudeatzaileko burua, Mercedes Rodrigo Inchusta.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA BENASAKO ARROILAKO LEKU BEREZIETAN APARKATZEA ETA SARTZEA

Zioen azalpena

Gero eta turista gehiago etortzen denez Nabaskozeko toki berezienetara, esaterako Benasako arroilara, beharrezkoa da haien sarbideak arautzea, natura-ondarearen balioak zaintzeko, egoki mantentzeko eta auzotarren eta bisitarien arteko bizikidetza bermatzeko.

Ibilgailuen masifikazioa prebenitzeko helburuz, ordenantza berri bat behar da sortu diren azpiegitura berrietarako, azpiegitura berriak sortu baitira aipatutako naturaguneetako sarbideak kontrolatzeko.

Benasako arroila da natura-erreserba (RN-17) eta Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremua (KBE), badu jada arau esparru bat eta bertan jaso dira zenbait jarduera, bermatzeko hura babestea, zaintzea, leheneratzea eta hobetzea; baina araudi horrek alde batera uzten ditu eremu periferikoa eta sarbidea, eta, hain zuzen ere, ordenantza honek eremu hori arautzen du, eta, eremu horrekin batera, arroilarako sarbideak, hor baitago ordenantza honen funtsa. Ordenantzaren helburua da uztartzea bisitariek Nabaskozeko naturaguneez gozatzeko duten eskubidea eta bertako biztanleen eguneroko bizitza.

Horretarako, ordenantza honek arau orokor batzuk ezartzen ditu aipatutako naturaguneetako sarbideak antolatzeko eta erabiltzeko, arau-hausteak zehazten ditu eta dagozkien zehapenak tipifikatzen.

Hitz batez, ordenantza honek arauak ezartzen ditu, babesteko Benasako arroilako josteta eremuko toki bereziak, ez dadin masifikaziorik izan eta ez dadin ingurune naturala aldatu.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Esparrua.

Ordenantza honen xedea da araubide bat ezartzea Benasako arroilako sarbideetarako (NA-178 errepidetik) eta aparkatzeko gaitutako tokietarako.

2. artikulua. Helburua.

Aurreko artikuluan mugatutako esparruetan, Kontzejuaren jarduna bideratuko da arautzera aparkalekuetarako, harrerarako eta informaziorako egokitu diren eremuen sarbideak eta haien erabilera publikoa.

3. artikulua. Udal eskumenak.

1. Ordenantza honen esparruan, Nabaskozeko Kontzejuari honako eginkizun hauek dagozkio:

a) Begiratzea ordenantza hau betetzen dela.

b) Behar diren xedapen eta ekimenak hartzea adierazitako helburuak lortzeko, bere eskumenak erabiliz.

c) Behar diren zerbitzuak ezartzea, naturagune horietarako sarbideen helburuak betetzeko.

d) Beharrezko kasuetan baimenak eta egiaztapenak ematea, ordenantza honen arabera, kontuan hartuta eskaeraren inguruabarrak.

e) Aparkatzeko egokitutako eremuak aldatzea, hautematen diren beharren eta aukeren arabera. Horretarako, aplikatu beharreko baimenak izapidetu beharko dira aldez aurretik.

f) Ordenantzaren aurkako arau-hausteak zehatzea, indarrean dagoen legeriak ezarritako mugen barrenean. Aldez aurretik izapidetu eginen dira, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legeari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

II. TITULUA

Erabiltzeko eta kudeatzeko xedapenak

4. artikulua. Aparkatzea.

1. Aparkalekuetarako guneak sortuko dira berariaz, behar den seinaleztapen bertikal eta horizontalarekin; ingurunean integratuko dira, paisaiaren harmonia hautsi gabe, eta aurreikusitako zonifikazioaren arabera.

2. Aparkaleku kopurua egokituko da prestatutako harrera eremuaren edukierara.

3. Gelditzean eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko, ezta arriskurik sortuko ere gainerako ibilgailuei; bereziki zainduko da non uzten den, eta begiratuko, ez dadin mugi gidaria kanpoan delarik.

4. Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.

5. Aparkatu behar da gainerako ibilgailuei sartzeko eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko moduan, bai eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan ere.

6. Debekatuta dago aparkatzea ibilgailu astunen zirkulazioa errazteko sortutako errepideetako areketan edo ihesbideetan.

7. Nabaskozeko Kontzejuko Osoko Bilkurak zehaztuko du tasa ibilgailuen eguneko aparkalekua erabiltzeko, eta berak eguneratuko du urtero.

8. Nabaskozeko Kontzejuak ez du erantzukizunik izanen baldin lapurretarik, basakeriarik edo hondaketarik egiten bada gaitutako aparkalekuko ibilgailuetan.

5. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea.

1. Kontzejuko agintaritzari dagokio, eta hari baizik ez, antolatzea aparkamendua eta zirkulazioa erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere.

2. Horren ondorioz, Udalaren baimena izan ezean, partikularrek debeku dute aparkamendua antolatzea, espazioak erreserbatzea, zirkulazioa moztea eta seinaleak paratu edo kentzea, eta arau-hauste astuntzat hartuko dira.

III. TITULUA

Babes araubidea

6. artikulua. Erabileren mugak.

a) Ibilgailu motordunen zirkulazioa eta aparkamendua: aparkaleku gisa gaitutako eremuetatik aurrera, baimena izan ezean.

b) Sua eragitea edo egitea, bai egurrarekin bai su txikian eta antzekoetan, eta zigarrokinak edo zigarro-muturrak piztuta botatzea.

c) Txakurrak eta etxeko beste animalia batzuk aske eramatea, bai eta lagun egiteko animalien gorozkiak ez garbitzea ere espazio publikoetan. Soilik sar daitezke behar bezala identifikatuta eta txertatuta dauden txakurrak eta lagun egiteko beste animalia batzuk.

d) Kanpatzea eta gaua igarotzea karabanetan edo beste egitura mugikor batzuetan, berariazko baimenik izan ezean.

e) Bolumen handiko musika-aparatuak martxan izatea, edo zaratak sortzen dituen beste edozer, baldin gai horretan aplikatzekoa den araudia urratzen badute.

f) Zaborrak horretarako prestatutako ontzietatik kanpo uztea. Ontzirik ez badago, bisitariek edo txangozaleek berekin eramanen dituzte sortzen dituzten hondakinak.

g) Debeku da bainatzea Benasako arroilako natura-erreserban (RN 17). Bestalde, gomendatzen da horretarako prestatutako ibaiko igerilekuan bakarrik bainatzea.

7. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honen aurkako egiteak eta ez-egiteak arau-hauste administratibotzat joko dira eta bertan jasotakoaren arabera zehatuko dira:

–Arau-hauste arintzat hartuko dira ordenantza honen 7. artikuluan ezarritako erabilera-mugak urratzen dituzten ez-betetzeak eta ekintzak, administrazio baimenetan ezarritako baldintzak ez betetzea eta, oro har, ezarritako betebeharrak edo debekuak ez betetzea.

–Arau-hauste astuntzat hartuko dira arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea.

–Arau-hauste oso astuntzat hartuko dira arau-hauste astunak behin baino gehiagotan egitea.

Udalaren eskumenekoak ez diren arau-hausteak jarriko dira dagokion administrazio eskudunaren ardurapean.

8. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honen aurkako arau-hausteak kontzejuburuak zehatuko ditu, indarrean den legerian ezarritako mugen barrenean, honako paragrafo hauetan ezarritakoaren arabera:

Arau-hauste arinak 60tik 150 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; astunak 151tik 600 eurora bitartekoekin, eta oso astunak 601etik 3.000 eurora bitartekoekin.

Isunak jartzeko eta mailakatzeko, kontuan hartuko dira arau-haustearen izaera, arau-hauslearen asmoa eta eragindako kaltearen larritasuna.

9. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Prozedura izapidetuko da urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

2. Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalen barnean %50 merkeago ordainduko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzen bada, uko eginen zaio alegaziorik aurkezteari, eta prozedura buka daiteke berariazko ebazpenik eman behar izan gabe. Nolanahi ere, gainerako kasuetan dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.

3. Nabaskozeko Kontzejuko buruari dagokio ordenantza honetan jasotako arau-hausteak zehatzeko eskumena, eta eskumena du arau-hausteak komunikatzeko zehapen organo eskudunari.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasota ez dagoen orotan aplikatzekoak izanen dira 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa, eta alor honetako legeria indarduna.

Azken xedapenetako bigarrena.–Jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte eta harik eta behar den epea iragan arte Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak beren ahalmena erabil dezaten toki-erakundeei errekerimenduak egiteko, egintzak edo erabakiak deuseztatzeko.

ERANSKINA

Tasak, Benasako sarbideko Benasako aparkalekuan aparkatzeko

Prezioa eguneko:

–Motozikletak: 2 euro.

–Autoak: 3 euro.

–Autokarabanak: 5 euro.

Aparkalekurako zehaztutako prezioek dagokien BEZa dute barnean.

Tokiak erreserbatzeko esteka: https://redexploranavarra.es/

Iragarkiaren kodea: L2206240