99. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Aldaketa gutxieneko zerbitzuetan, haur-hezkuntzako Txirinbulo ikastetxean greba egiteko deialdia dela eta

Altsasuko udalak, 2022ko maiatzaren 5ean, honako ebazpen hau eman du:

Alkatetzaren 671/2022 Ebazpena, maiatzaren 5ekoa, 0-3 urte bitarteko haur hezkuntzako “Txirinbulo” ikastetxean oinarrizko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak aldatzen dituena, 2022ko maiatzaren 9tik greba orokor mugagabea egiteko deialdia dela eta.

Altsasuko Udaleko langile lan-kontratudunen ordezkaritzak, 2022ko apirilaren 25ean, “Txirinbulo” haur eskolan greba egiteko deialdiaren berri eman zuen, 2022ko maiatzaren 9tik aurrera, 7:00etan hasita, eta iraupen mugagabearekin.

Alkatetzaren maiatzaren 3ko 636/2022 Ebazpenaren bidez, ezarri ziren 0-3 urte bitarteko haur hezkuntzako “Txirinbulo” ikastetxean oinarrizko zerbitzuak mantentzeko behar ziren bermeak, aipatu greba deialdia dela eta.

Udalak, 2022ko maiatzaren 4an, jakin du honako agiri hau eguneratu duela Osasun Batzordeak: “COVID-19a dela eta, ikastetxeetarako prebentzio, higiene eta osasunaren sustapenerako neurriak 20202021 ikasturterako”. Horrek aldaketa nabarmenak dakartza, eragiten diotenak Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 18ko 72/2021 Foru Aginduan ezarritako prebentzio eta antolaketa protokoloen aplikazioari, Haur Hezkuntzako ikastetxeetan hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko 2021-2022 ikasturtean (72/2021 Foru Agindua, abuztuaren 18koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan hezkuntza jarduera aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa onesten duena 2021-2022 ikasturterako).

Gaur egungo egoeran, bizikidetza-talde egonkorrek (BTE) interakzioak izan ditzakete elkarren artean, bai kanpoaldean, bai barnealdean (salbu eta eskolako jantokian eta otorduak egiteko prestatutako beste eremuetan, non BTEak mantenduko baitira). Horrek ahalbidetzen du Udal honek ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak egokitzea, “Txirinbulo” haur-eskolan maiatzaren 9tik aurrera antolaturiko greba orokor mugagaberako.

Horrenbestez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikuluan xedatutakoa, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak eta aplikatzekoak diren gainerakoek emandako eskudantzien arabera,

EBAZTEN DUT:

1. 0-3 urte bitarteko haur-hezkuntzako “Txirinbulo” ikastetxeko langileek greba eskubidea erabiliko dute 2022ko maiatzaren 9an –eta hurrengo egunetan, jarraitzen badu– errespetatuz jarraian zehazten diren oinarrizko gutxieneko zerbitzuak:

–Eskolako zuzendaritza: lanaldiaren 1/2.

–Garbitzaile bat.

–2 hezitzaile.

–Jantokiko laguntzailea: lanaldiaren 1/2.

2. Gutxieneko zerbitzu horiek adostu dira Udalaren, langile lan-kontratudunen sindikatu-ordezkaritzaren eta greba-batzordearen artean, haur eskolan greba deialdiarekin bat egin duten langileak kontuan harturik, eta zaindu nahian zerbitzua ematearen eta greba eskubidea erabiltzearen arteko oreka, langileen oinarrizko eskubidea den aldetik.

3. Ebazpen hau jakinaraztea 0-3 urte bitarteko haur hezkuntzako “Txirinbulo” ikastetxeko Zuzendaritzari, behar diren neurriak har ditzan ebazpen honetan ezarritakoa betetze aldera, honako hauek adierazirik:

–Ikastetxeak behar bezala garbiturik eta desinfektaturik egon beharko du, behar diren neurriak hartuta COVID-19arekin loturik.

–Greba hasi baino lehen, ikastetxeko Zuzendaritzak Udal honi idatziz jakinarazi beharko dio ikastetxean zein pertsonak lan eginen duten 2022ko maiatzaren 9an eta grebak iraun bitarteko hurrengo egunetan.

–Soldatatik zati proportzionala deskontatuko zaie greba eskubidea erabiltzen duten langileei, greba egunetan ikastetxean ez baitute lan eginen.

–Ikastetxeak aditzera eman beharko die zerbitzuaren erabiltzaileei zer egoeratan emanen den zerbitzua eta zer neurri hartu diren.

4. Ebazpen honen berri ematea langileen ordezkaritzari, behar diren ondorioetarako, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko lan arloko agintaritzari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari ere.

5. Agintzea ebazpen hau argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan, eta haren berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran.

Administrazio-egintza honen kontra, errekurtso hauek jar daitezke:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Altsasun, 2022ko maiatzaren 5ean.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

Iragarkiaren kodea: L2206534