99. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

117E/2022 EBAZPENA, apirilaren 28koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Atarrabiako udal-mugartean enbalajeetarako kartoia egiten duen fabrikaren instalazioaren aldaketa nabarmena. Aldaketaren xedea da hondakin ur industrialen tratamendu berri bat ezartzeko proiektua gauzatzea; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinean agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Solidus Solutions San Andrés SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 0885/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 11ko 256E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 14ko 137E/2019 Ebazpenaren bidez berrikusia.

2021eko otsailaren 26an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, hondakin ur industrialen tratamendu berri bat ezartzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2021eko martxoaren 5eko irizpenean adierazi zuen aldaketa hori ez-funtsezkoa zela, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (Erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmentzat jo zuen, aldaketa garrantzitsuak eraginen dituelako instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, lehendik duen ingurumen baimen integratua aldatu egin behar da, aipatutako aldaketak han jasotzeko.

Halaber, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2021eko martxoaren 5ean emandako irizpenaren arabera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitze proiektuak ez du ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua egin beharrik, lege horren eranskinetan agertzen ez delako, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez dakarrelako aipatutako 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzen duen administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, 2021eko otsailaren 26an, prozedura hori abiatu zen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko; hau da, ohe mugikorraren teknologia duen tratamendu biologiko aerobikoa ezartzea, nabarmen murrizteko kolektorera egiten den 2. isurketaren karga organikoa. Arazketa prozesuan sortutako lohiak eskualdeko saneamendu sareko hondakin uren kolektorera egiten diren isurketekin batera hustuko dira.

Bestalde, instalazioko emisio atmosferikoen fokuen zerrenda eguneratu behar da, kogenerazio instalazioa abiaraztean eta geldiaraztean egiten diren emisioen foku ez-sistematiko bat sartzeko; galdara pirotubularraren emisioen bypass gisa ere erabil daiteke.

Azkenik, Errekuntza instalazio ertainetatik atmosferara zenbait agente kutsatzaileen isurtzea mugatzeari buruzko abenduaren 22ko 1042/2017 Errege Dekretura egokitu dira emisio atmosferikoen fokuen baldintzak.

Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz izapidetu da espedientea (Erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Aldaketa nabarmena baimentzea Atarrabiako udal-mugartean dagoen enbalajeetarako kartoia fabrikatzeko instalazioan,hondakin ur industrialen tratamendu berri bat ezartzeko proiektua gauzatu ahal izateko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Solidus Solutions San Andrés SL da instalazioaren titularra.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Hirugarrena.–Titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan agertzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea Solidus Solutions San Andrés SLra eta Atarrabiako Udalera, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko apirilaren 28an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2206419