99. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

51/2022 FORU DEKRETUA, maiatzaren 18koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatzen duena.

Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, Lanbide Heziketaren antolamenduari eta integrazioari buruzkoak, bere azken xedapenetako lehenean, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen du, honela: 1.b.bis) apartatua gehitzen du haren zazpigarren xedapen gehigarrian. Horren bidez, Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoa sortzen da; kidego horrek Lanbide Heziketaren esparruan beteko ditu bere eginkizunak eta, salbuespenez, ezartzen diren baldintzetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Lanpostu hori ez dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantilla organikoan. Hala ere, aipatutako martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko espezialitate batzuk irakasleen kidego berri horri atxikiko zaizkio, izan ere, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidego hori iraungi beharrekotzat deklaratu zen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarrian (lege horren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatu zen).

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, bere V. tituluan, Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzura ari diren unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen araubide juridikoa arautzen du, barnean sartuta, besteak beste, haien ordainsari-erregimena.

Aipatutako Estatutuaren 104. artikuluak xedatzen du foru lege bidez ezarriko direla irakaskuntzako osagarri berariazkoaren esleipena eta zenbatekoa.

1997ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 31ko 1/1997 Foru Legean, irakasleen ordainsariak ezartzen dira, bai kidegoetako langileenak, bai horien parekoenak. Foru lege hori hainbat aldiz eguneratu da. Kontuan hartuta Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidego berriari esleitutako eginkizunek iraungitzear dagoen Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoaren irakaslan bera dakartela, ulertzen da ezen irakasleen kidego berria, ordainsariei dagokienez, iraungitzear dagoen Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoaren parekotzat hartzen dela.

Bestalde, hala xedatzen baitu bere 1. artikuluan maiatzaren 4ko 11/2022 Foru Legeak, neurriak ezartzen dituenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen hautapenari eta lanpostuen betetzeari begira, Nafarroako Gobernuak atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lanpostuak sortuko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantillan, hezkuntza sistemaren beharrizanen arabera. Aipatutako foru legearen 1. artikuluan aipatzen diren unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioek irakasle kidegoetako funtzionarioen pareko eginkizunak beteko dituzte, eta atzerriko hizkuntzak ikasteko programetan zehazten diren irakasgaiak irakatsiko dituzte, dagokien hizkuntzan, aipatutako foru legearen eranskinaren arabera. Beraz, ordainsarien ondorioetarako, irakasleen kidegoetako gainerako funtzionarioen lanpostuekin parekatutako lanpostutzat joko dira, urtarrilaren 31ko 1/1997 Foru Legean ere aurreikusten denaren arabera.

Azaldutakoaren ondorioz, Hezkuntza Departamentuak proposatzen du deskribatutako lanpostuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantilla organikoan sartzea, dagozkien ordainsariak adierazita.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiak horren aldeko txostena egin du.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko maiatzaren hemezortzian egin bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Unibertsitateaz kanpoko irakasleen lanpostu bat sartzea Hezkuntza Departamentuan.

Bat. Honako lanpostu hau sartzen da Hezkuntza Departamentuaren plantilla organikoan: Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleen lanpostua, B mailakoa. Lanpostu hori martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren azken xedapenetako lehenaren bidez sortu da (haren bidez Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren zazpigarren xedapen gehigarria aldatzen da).

Lanpostu horri irakaskuntzako osagarri berariazkoa dagokio, dagozkion eguneratzeekin; osagarri hori urtarrilaren 31ko 1/1997 Foru Legearen hamaseigarren xedapen gehigarriaren 1.C apartatuan dago aurreikusia, eta %45,17koa da.

2. artikulua. Atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lanpostuak sortzea Hezkuntza Departamentuan.

Bat.–Unibertsitateaz kanpoko irakasleen lanpostuak sortzen dira, B mailakoak; hona hemen:

–Gorputz Hezkuntzako maisu-maistra (IIP).

–Haur Hezkuntzako maisu-maistra (IIP).

–Haur Hezkuntzako maisu-maistra (AIP).

–Musikako maisu-maistra (IIP).

–Lehen Hezkuntzako maisu-maistra (IIP).

–Lehen Hezkuntzako maisu-maistra (AIP).

–Lehen Hezkuntzako maisu-maistra (FIP).

Lanpostu horiei irakaskuntzako osagarri berariazkoa dagokie, dagozkion eguneratzeekin; osagarri hori urtarrilaren 31ko 1/1997 Foru Legearen hamaseigarren xedapen gehigarriaren 1.A apartatuan dago aurreikusia, eta %38,07koa da.

Bi.–Unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lanpostuak sortzen dira, A mailakoak eta atzerriko hizkuntzaren eskakizuna dutenak. Hona hemen:

–Biologia eta Geologiako irakaslea (IIP).

–Gorputz Hezkuntzako irakaslea (IIP).

–Filosofiako irakaslea (IIP).

–Fisika eta Kimikako irakaslea (IIP).

–Lanerako Prestakuntza eta Orientabideetako irakaslea (IIP).

–Geografia eta Historiako irakaslea (IIP).

–Geografia eta Historiako irakaslea (FIP).

–Ostalaritza eta Turismoko irakaslea (IIP).

–Esku-hartze Soziokomunitarioko irakaslea (IIP).

–Matematikako irakaslea (IIP).

–Teknologiako irakaslea (IIP).

–Komunitatearentzako Zerbitzuetako irakaslea (IIP).

Lanpostu horiei irakaskuntzako osagarri berariazkoa dagokie, dagozkion eguneratzeekin; osagarri hori urtarrilaren 31ko 1/1997 Foru Legearen hamaseigarren xedapen gehigarriaren 1.B.2 apartatuan dago aurreikusia, eta %33,48koa da.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko gaikuntza.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2207321