98. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

109E/2022 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ofizioz aldatzen baita Lizarrako udal-mugartean ardogintzako azpiproduktuak lortzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Agrupación Alcoholera de Bodegas Cooperativas AGRALCO da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 16ko 1503/2009 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 542E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 27ko 96E/2018 Ebazpenaren bidez aldatua.

2021eko apirilaren 7an, titularrak mahats-pipiten olio gordina fintzeko proiektua abian jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu zuen. Proiektu hori Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 27ko 96E/2018 Ebazpenaren bidez baimendu zen.

Adierazpen horrekin batera aurkeztutako agiri teknikoak berrikusirik, ikusi da badirela aldaketa batzuk azkenerako gauzatu den proiektuan, eta, horrenbestez, instalazioaren aldaketa baimentzeko ebazpenean ezarritako funtzionamendurako baldintza batzuk aldatu behar dira, eta ingurumen baimen integratuan sartu.

Era berean, adierazpen horrekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren Babes Zibilerako Zuzendaritzak suteen aurkako babes-neurriei buruzko aldeko beste txosten bat eman du.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da. Tarte horretan, titularrak ohar batzuk aurkeztu ditu, eta, horiei esker, ingurumen baimen integratuaren eranskinen testua egokitu ahal izan da.

Kasu honetan, iritzi da gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluaren d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, egoki da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ofizioz aldatzea, ebazpen honen eranskinetan zehaztutako aldaketekin bat, Lizarrako udal-mugartean ardogintzako azpiproduktuak lortzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Agrupación Alcoholera de Bodegas Cooperativas AGRALCO da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Agrupación Alcoholera de Bodegas Cooperativas AGRALCOra eta Lizarrako Udalera.

Iruñean, 2022ko apirilaren 20an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2205758