96. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

886/2022 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen mugikortasunari buruzko araudia aldatzen duena”, Gobernu Kontseiluak 2022ko maiatzaren 6an hartu zuen erabakiaren bidez onetsia.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekreturen bidez onetsi ziren Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2022ko maiatzaren 6an hartutako erabakia argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen mugikortasunari buruzko araudia aldatu da.

“ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASLEEN MUGIKORTASUNARI BURUZKO ARAUDIA ONESTEN DUENA

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren funtsezko helburuetako bat, Zioen Azalpenean jaso eta artikuluetan garatzen den bezala, Unibertsitateetan mugikortasuna sustatzea da, bai ikasleena, bai irakasle eta ikertzaileena, Espainiako sistemaren barnean, baina baita Europako eta nazioarteko sistemaren barnean ere. Mugikortasunak aberastasun handiagoa eta prestakuntza hobea jasotzeko aukera dakartza berekin; beraz, Unibertsitateko jardueran parte hartzen duten eragile guztiek laguntza eman behar dute mugikortasuna ahalik eta handiena izan dadin, baita mesedegarria ere ahalik eta herritar gehienentzat.

Azaldutakoarekin bat etorriz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2014ko azaroaren 25ean hartutako erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Mugikortasunari buruzko Araudia onetsi zuen (NAO, 249 zk., 2014ko abenduaren 23koa).

Araudi horrek aldaketak izan ditu, Gobernu Kontseiluaren erabaki hauen bidez onetsitakoak: 2017ko uztailaren 4koa (NAO, 141 zk., 2017ko uztailaren 21ekoa), 2018ko otsailaren 21ekoa (NAO, 48 zk., 2018ko martxoaren 8koa), 2019ko maiatzaren 7koa (NAO, 94 zk., 2019ko maiatzaren 16koa) eta 2020ko irailaren 18koa (NAO, 221 zk., 2020ko irailaren 29ko).

Aldaketa horien ondorioz, honako alderdi hauek jaso dira araudian:

–Aldaketak ikasketen konpromisoa formalizatzeko ECTS kopuruan.

–Dagokion titulazioko hirugarren ikasmailan ikasleei nazioarteko mugikortasunerako aukerak erraztea. Graduko nazioarteko mugikortasun programetan parte hartzen duten gainerako ikasleei eskatzen zaien gutxieneko eskola-errendimendua egiaztatzea eskatuko zaie.

–3. edo 4. mailan mugikortasuna eginen duten ikasleei eskatzen zaizkien baldintzak homogeneizatzea, eta mugikortasun deialdietan jasotako irizpideak araudiari gehitzea, ikasle batek trukeko ikaspostu bat eskuratzeko gainditu behar duen kreditu kopurua zehaztuta. Gainera, titulazioan gainditu gabeko irakasgaiei buruzko zenbait baldintza ezabatu dira.

Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordeak araudi honen proposamen bat aurkeztu du mugikortasunerako modu berriak kontuan har daitezen, mugikortasun birtuala esaterako, Unibertsitate masterretan mugikortasunaren kudeaketa errazagoa izateko helburuz. Era berean, erantzuna eman nahi zaio asilo-eskatzaileak eta errefuxiatuak Unibertsitateko jarduera akademikoan integratzeko premiari.

Kontuan izanik ezen, mugikortasun birtualarekin, masterretako mugikortasunarekin eta asilo-eskatzaileen eta errefuxiatuen integrazioarekin berariaz lotutako artikuluei eragiteaz gain, aldaketa horiek beste agindu batzuei ere eragiten dietela, testuaren erredakzioa aldatu da, eta, besteak beste, “egonaldi” hitza “mugikortasun” hitzarekin ordezkatu da. Gainera, gaztelaniazko testua hizkuntza inklusibora egokitu da. Horren guztiaren ondorioz, araudi kontsolidatu berri bat eratu da, oro har artikuluak aldatu beharrean.

Nazioartekotzeko Batzordeak aldez aurretik onetsita 2022ko otsailaren 17an egindako bileran.

Aurreko guztiarengatik, honako hau da Gobernu Kontseiluak, Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordeak proposatuta, bere kideek aldez aurretik eztabaida egin eta gero, 2022ko maiatzaren 6an egindako bileran hartu duen

ERABAKIA

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen mugikortasunari buruzko araudia onestea, erabaki honen eranskinean ageri den moduan.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.”

Iruñean, 2022ko maiatzaren 6an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen mugikortasunari buruzko araudia

AURKIBIDEA

ZIOEN AZALPENA.

I. TITULUA.–Xedea eta aplikazio eremua.

II. TITULUA.–Mugikortasunaren arloan eskumena duten organoak eta unitateak.

I. kapitulua.–Nazioarteko harremanen eta kooperazioaren arloan eta ikasleen eta enpleguaren arloan eskumena duten errektoreordeak.

II. kapitulua.–Nazioartekotzeko Batzordea.

III. kapitulua.–Ikastegi bakoitzean nazioartekotzearen arloko eskumena duen dekanordea edo zuzendariordea.

IV. kapitulua.–Titulazio bakoitzeko Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzaileak.

V. kapitulua.–Nazioarteko ikasleei Espainiera irakasteko koordinatzailea.

VI. kapitulua.–Mugikortasuneko arduradun akademikoa.

VII. kapitulua.–Mugikortasuneko Praktiketako irakasle tutoreak.

VIII. kapitulua. Nazioarteko Harremanetako eta garapenerako lankidetzako kudeaketa unitatea.

III. TITULUA.–Mugikortasunari buruzko xedapen komunak.

I. kapitulua.–Mugikortasunari buruzko hitzarmenak eta programak.

II. kapitulua.–Matrikula NUPen.

III. kapitulua.–Kredituen aitorpena 11

IV. kapitulua.–Ikastegiko Batzordearen eta Ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordearen (IKBB) ikuskapena 11

IV. TITULUA.–NUP-eko ikasleen mugikortasuna. Kanpora doazen ikasleak.

I. kapitulua.–Ikasleen mugikortasunaren eremu pertsonala.

II. kapitulua.–Mugikortasunaren eremu materiala: xedea eta iraupena.

III. kapitulua.–Mugikortasunean parte hartzeko eta ikasketak edo praktikak aitortzeko betekizunak.

IV. kapitulua.–Mugikortasun deialdiak eta hautaketa-prozedurak.

V. kapitulua.–Helmugako Unibertsitateari jakinaraztea eta hark onartzea.

VI. kapitulua.–Uko egiteak.

VII. kapitulua.–Dirulaguntzak.

VIII. kapitulua.–Mugikortasun programetan parte hartzera NUPetik kanpora joaten diren ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

V. TITULUA.–Goi mailako hezkuntzako beste erakunde batzuetatik datozen ikasleen mugikortasuna: NUP-era datozen ikasleak.

I. kapitulua.–Aplikazio eremua eta tipologia.

II. kapitulua.–NUPen sartzeko baldintzak.

VI. TITULUA.–IKASLE BISITARIEI BURUZ.

XEDAPEN GEHIGARRIAK.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.

AZKEN XEDAPENA.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, bere Estatutuetako 3. artikuluaren arabera, harremanak ezarriko ditu beste Unibertsitate eta ikerketako eta goi mailako hezkuntzako zentroekin, eta bere nazioarteko proiekzioa eta bere kideen mugikortasuna sustatuko ditu.

Hori dela eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak goi mailako hezkuntzako beste instituzio batzuekin harremanak sustatzearen aldeko eta, nazio mailako eta nazioarteko askotariko truke hitzarmen eta programen babesean, bere Unibertsitateko komunitateko kideen mugikortasuna sustatzearen aldeko apustua egin du erabakitasunez Nafarroako Unibertsitate Publikoak.

NUPek konpromisoa hartu du bere Unibertsitateko komunitatearen mugikortasuna sustatzeko nazioartean, bereziki Europako Unibertsitate Eremuan, eta aitorpen akademikoa egiteko atzerriko goi mailako hezkuntza instituzioetan egindako ikasketa aldiena eta enpresetako praktikaldiena, nazioarteko programa eta hitzarmenen, mugikortasuna sustatzearen gaineko Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 89. artikuluko gomendioen eta Europako Unibertsitate Eremuko integrazioaren arabera, askotariko tituluak lortzeko aipatu programa eta hitzarmen espezifikoen esparruan ikasketak egiteko oinarriak ezartzean.

Bere sorreratik, NUPek bere irakaskuntza zentroen lankidetza akademikoa sustatu du mundu osoko goi mailako hezkuntza instituzioekin, eta bereziki sustatu du, orobat, bere ikasleen parte-hartzea mugikortasun programetan.

NUPek sinatutako mugikortasun programen eta hitzarmenen kopuruaren hazkunde jarraituak eta dibertsifikazioak –ikasketa aldiak ez ezik, praktikaldiak ere hartzen dituzten barnean– nabarmen handiagotu du NUPeko mugikortasunaren kudeaketaren konplexutasuna, eta hori dela-eta prozedura eta oinarrizko irizpide komunak ezarri beharra ekarri du.

Era berean, ikasketak Europako Unibertsitate Eremura egokitzeak berekin ekarritako aldaketek nahitaezkoa egiten dute mugikortasun aldietan garatutako jardueren araubidea berrikustea, kontuan hartuta arau esparru indarduna eta Graduko, Masterreko eta Doktoretzako ikasketa planetan ezarritakoa.

Hala, arautegi honen bidez arautzen dira nazio mailako eta nazioarteko mugikortasun akademikoko jarduerak egitearekin lotutako oinarrizko alderdiak. Jarduera horiek NUPeko ikasleenak, baita nazio mailako edo atzerriko goi mailako beste hezkuntza instituzio batzuetatik datozen eta NUPen aldetik ikasketa programa bat, curriculumeko praktikak barne, egiteko onarpena jaso duten ikasleenak ere.

I. TITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

Artículo 1. Xedea.

1. Honako hauek arautzen ditu arautegiak:

a) Nazio mailako eta nazioarteko mugikortasun akademikoko jarduerak egitea ikasteko asmoarekin, eta nazioarteko kanpo praktikak egiteko Mugikortasunekoak, NUPeko Graduko, Masterreko eta Doktoretzako ikasleenak; horiek guztiak Mugikortasuneko nazioarteko programa eta hitzarmenen esparruan.

b) Mugikortasun horietan egin beharreko egonaldiei aplikagarriak zaizkien prozedurak.

c) Egindako ikasketa eta praktiken aitorpen akademikoa.

Halaber, nazio mailako edo atzerriko goi mailako beste hezkuntza instituzio batzuetatik datozen eta NUPen aldetik Graduko eta Masterreko ikasketa programa bat, curriculumeko praktikak barne, egiteko onarpena jaso duten ikasleek mugikortasun akademikoko jarduerak egitea arautzen du.

Doktoretza arloko mugikortasuna, bai NUPeko ikasleena, bai nazio mailako edo atzerriko goi mailako beste hezkuntza instituzio batzuetatik datozen eta NUPen aldetik onarpena jaso duten ikasleena, Nafarroako Doktoretza Eskolaren eskumena izanen da, zeina Gobernu Kontseiluak 2012ko maiatzaren 8an hartutako erabaki baten bidez sortu baitzen.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Honako hauei aplikatuko zaie arautegia:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko eta Masterreko ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden eta mugikortasun jarduera bat beste Unibertsitate batean edo goi mailako hezkuntzako instituzio edo enpresa batean egiten duten ikasleak NUPek sinatutako nazio mailako edo nazioarteko Mugikortasuneko programa eta hitzarmenen bidez.

b) Beren ikasketen parte bat NUPen egiten duten ikasleak aurreko artikuluko programa eta hitzarmenen babesean.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak sinatutako mugikortasun programa eta hitzarmenetatik kanpo Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasketa partzialak egitea eskatzen duten goi mailako hezkuntzako beste instituzio batzuetako ikasleen kasuan, VI. Tituluan ezarritakoa aplikatuko zaie, ez besterik.

II. TITULUA

Mugikortasunaren arloan eskumena duten organoak eta unitateak

3. artikulua. Mugikortasunaren arloan eskumena duten organoak eta unitateak.

Honako hauek dira mugikortasunaren arloan eskumena duten organoak eta unitateak:

a) Nazioarteko harremanen eta lankidetzaren arloan eta ikasleen eta enpleguaren arloan eskumena duten errektoreordetzak.

b) NUPeko Nazioartekotze Batzordea.

c) Nazioartekotzean eskumena duten Dekanordetzak edo Ikastegiko Zuzendariordetzak.

d) Titulazio bakoitzeko Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzailea.

e) Nazioarteko ikasleei Espainiera irakasteko koordinatzailea.

f) Mugikortasuneko arduradun akademikoa.

g) Mugikortasuneko Praktiketako irakasle tutoreak.

h) Nazioarteko Harremanetako eta garapenerako lankidetzako kudeaketa unitatea.

I. KAPITULUA

Nazioarteko harremanen eta kooperazioaren arloan eta ikasleen eta enpleguaren arloan eskumena duten errektoreordeak

4. artikulua. Nazioarteko harremanen eta lankidetzaren arloan, nazioko eta nazioarteko mugikortasunaren arloan eta ikasleen eta enpleguaren arloan eskumena duten errektoreordetzak.

Arautegian ezarritako eginkizunak garatzeko eta betetzeko, hauek izanen dira eskudunak: NUPeko Estatutuen 41. artikuluan ezarritakoaren arabera, errektoreak ikasleen, nazioarteko harremanen, nazioko eta nazioarteko mugikortasunaren eta garapenerako lankidetzaren arloan eskumenak eman dizkien errektoreordetzak.

II. KAPITULUA

Nazioartekotzeko Batzordea

5. artikulua. Nazioartekotzeko Batzordearen definizioa eta osaera.

NUPeko Nazioartekotze Batzordea errektorearen apirilaren 25eko 659/2013 Ebazpenaren bidez sortu zen, eta mugikortasunaren arloan ditu eskumenak. NUPen kontsulta, proposamen eta aholkularitza organoa izanen da nazioartekotzearen arloan.

6. artikulua. Nazioartekotzeko Batzordearen eginkizunak.

Arautegiaren xedeari dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nazioartekotzeko Batzordeari dagokio:

a) Graduko eta Masterreko Mugikortasuneko programen berri ematea.

b) Aholku ematea nazioarteko beste programa eta jarduera batzuei buruz.

c) Nazioarteko esparruko askotariko programa eta ekintzei buruzko mintegi eta saio informatiboen antolaketan parte hartzea.

d) Jardueren antolaketa sustatzea beste hezkuntza-sistema batzuei buruzko ikasleak hartzeko, ez nahitaez truke programa edo hitzarmen espezifikoen esparruan.

e) Aholku ematea, beharrezkoa bada, nazioarteko harremanen eta lankidetzaren gaietan eskumena duen errektoreordetzari honako hauei buruz: mugikortasun deialdien edukia, beren baremoak, mugikortasun ikaspostuak, bai eta ikaspostu horiek ikasleei esleitzeari buruz ere.

f) Bestalde, e) apartatuko deialdien esparruan egiten ahal diren erreklamazio edo baliabideak ikertzea, eta nazioarteko harremanen eta lankidetzaren gaietan eskumena duen Errektoreordetzari jakinaraztea. Arlo horretan Dekanordetzek edo Ikastegiko Zuzendariordetzek Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzaileengan edo ukitutako instituzioetako Mugikortasuneko arduradun akademikoengan eskuordetzen ahalko dute beren presentzia.

g) Gobernu Kontseiluari arautegia aldatzeko proposatzea.

h) Erakunde eskudunei aholku ematea eta proposamenak bidaltzea beste edozein gairi buruz nazioarteko harremanen eta mugikortasunaren esparruan, arautegian espezifikoki ezarri gabekoak.

i) Dekanordetzek edo ikastegi bakoitzeko Nazioartekotzeko Zuzendariordetzek emandako emaitzen jarraipena eta urteko analisia egitea eta Mugikortasuneko programa eta hitzarmenen emaitzak hobetzera zuzendutako ekintzak proposatzea.

III. KAPITULUA

Ikastegi bakoitzean nazioartekotzearen arloko eskumena duen dekanordea edo zuzendariordea

7. artikulua. Ikastegi bakoitzean nazioartekotzearen arloko eskumena duen dekanordearen edo zuzendariordearen definizioa.

Unibertsitateko ikastegietako bakoitzean, nazioartekotzeko gaietan eskuduna den Dekanordetza edo Zuzendariordetza bat egonen da. Dekanotzak edo Ikastegiko Zuzendaritzak proposatuta izendatuko ditu errektoreak, eta Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleei emanen zaie kargua.

8. artikulua. Ikastegi bakoitzean nazioartekotzearen arloko eskumena duen Dekanordetzaren edo Zuzendariordetzaren eginkizunak.

Arautegiari dagokionez, Ikastegiko Dekanordetzari edo Zuzendariordetzari dagokio:

a) Ikasleen mugikortasunerako irizpide eta orientazioez arduratzea, bai nazio mailan bai nazioartean, dagokion ikastegian.

b) Nazioarteko ikasleak Ikastegirako hartzeaz eta harrera egiteaz arduratzea, nazioarteko harremanen eta lankidetzaren gaian eskuduna den Errektoreordetzarekin eta nazioarteko Harremanetako eta garapenerako lankidetzako unitate kudeatzailearekin lankidetzan.

c) Hitzarmenak ezartzea lehenesteko instituzioak identifikatzea.

d) Bere ikastegiak ematen dituen titulazioetako Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzaileen lanak koordinatzea.

e) Nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzailearen eta ikastegien arteko solaskidea izatea.

f) Mugikortasunaz arduratzen diren irakasleen, batez ere Mugikortasuneko koordinatzaile eta arduradunen prestakuntza lanez arduratzea.

g) Ikastegiko Batzordeari eta Ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordeari ikasleen mugikortasunaren esparruan garatzen diren jardueren berri ematea erregularki edo hark eskatutakoan.

h) Ikasleei beren titulazioko Mugikortasuneko gai akademikoen berri ematea.

i) Ziurtatzea Mugikortasuneko programa eta hitzarmenekin lotutako informazioa, bai eta kredituak aitortzeko irizpideak ere, erabilgarri, eskuragarri eta eguneratuta daudela ikastegiaren webean bertan, edo behar bezala zuzenduta nazioarteko Harremanetako eta garapenerako lankidetzako unitate kudeatzailearen webera.

j) Emaitzen jarraipena eta urteko analisia egitea, zeina aldez aurretik aztergai izanen baita Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzaileekin Nazioartekotzeko Batzordean azaltzeko.

k) Nazioarteko harremanen eta kooperazioaren arloan eta ikasleen eta enpleguaren arloan eskumena duten errektoreordetzei bidaltzea aurreko ataleko emaitzak.

l) J apartatuaren emaitzen arabera, organo eskudunei hobetzeko proposamenak bidaltzea titulazioetarako, ikastegietarako eta Unibertsitate osorako.

IV. KAPITULUA

Titulazio bakoitzeko Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzaileak

9. artikulua. Titulazio bakoitzeko Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzailearen definizioa.

1. Unibertsitatean emandako Graduko titulazioetako bakoitzerako Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzaile bat egonen da.

2. Errektoreak izendatuko du Graduko titulazioetako Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzailea, Dekanotzak edo Ikastegiko Zuzendaritzak eta nazioarteko Harremanetako eta lankidetzako gaietan eskumena duen Errektoreordetzak batera proposatuta. Kargua Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleei emanen zaie, batez ere lotura iraunkorra dutenei.

3. Masterren kasuan, Masterreko Zuzendaritza Akademikoak hartuko ditu bere gain Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzailearen eginkizunak. Nolanahi ere, errektoreak aukera izanen du Nazioarteko Harremanetako tea Mugikortasuneko koordinatzaile espezifiko bat izendatzeko Masterrerako, Dekanotzak edo Ikastegiko Zuzendaritzak eta nazioarteko Harremanetako eta lankidetzako gaietan eskumena duen Errektoreordetzak batera proposatuta.

10. artikulua. Titulazio bakoitzeko Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzailearen eginkizunak.

Graduko edo Masterreko bakoitzeko Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzaileari dagokio:

a) Hitzarmenak ezartzea lehenesteko giltzarri diren instituzioen edo arrazoi akademikoak, oreka arrazoiak edo beste arrazoi batzuk direla-eta giltzarri izateari utzi dioten instituzioen identifikazioan laguntzea.

b) Behar diren hitzarmenak sinatzeko proposatzea, eta, beharrezkoa bada, nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileari jakinaraztea Mugikortasuneko eskaintzatik baztertzeko edo ez berritzeko asmoa, ikastegi bakoitzean Ikastegi bakoitzean nazioartekotzearen arloko eskumena duen Dekanordetzak edo Zuzendariordetzak ikuskatuta.

c) Deialdietako mugikortasun postuen eskaintza prestatzea Mugikortasuneko arduradunen laguntzarekin, eta nazioarte harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileak eskatuta eta harekin lankidetzan.

d) Dagokion Dekanordetzarekin edo Zuzendariordetzarekin batera jartzea titulazioko kreditu orokorren aitorpen irizpideak, Mugikortasuneko behar diren deialdien esparruan.

e) Titulazioko Dekanordetzari edo Zuzendariordetzari jakinaraztea titulazioan hasiko diren ikasleen zerrenda, beren irakasgaietan hartuko dituzten irakasleei jakinarazteko.

f) Bere titulazioak mugikortasuna egiteko baliatzen dituen hitzarmenen kudeaketa eta edukia bere gain hartzea, nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzailearekin lankidetzan.

g) Mugikortasuneko arduradunak izendatzea, ordezkatzea eta koordinatzea.

h) Mugikortasuneko arduradunen jarduerak ikuskatzea eta ikasketa konpromisoak eta mugikortasunaren amaierako kredituen aitorpena ontzat ematea.

i) Mugikortasuneko arduradunen prestakuntzaz arduratzea, beren lana modu egokian eta eguneratuan egiteko.

j) Nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzailearen eta ikastegien arteko solaskidea izatea.

k) Ikasleei beren titulazioko Mugikortasuneko gai akademikoen berri ematea.

l) Emaitzen jarraipena eta urteko analisia egitea, zeina aldez aurretik Mugikortasuneko arduradun akademikoekin aztertuko baita, gero titulazioko Dekanordetzara edo Zuzendariordetzara bidaltzeko eta Ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordean azaltzeko.

m) Aurreko ataleko emaitzen berri ematea ikastegiko nazioartekotzeko Zuzendariordetzari edo Dekanordetzari.

n) j ataleko emaitzen arabera, organo eskudunei hobetzeko proposamenak bidaltzea titulaziorako edo ikastegirako.

V. KAPITULUA

Nazioarteko ikasleei Espainiera irakasteko koordinatzailea.

11. artikulua. Nazioarteko ikasleei Espainiera irakasteko koordinatzailearen definizioa.

1. Mugikortasuneko programetan parte hartzen duten nazioarteko ikasleei Espainiera irakasteko koordinatzaile bat izanen da.

2. Errektoreak izendatuko du Nazioarteko ikasleei Espainiera irakasteko koordinatzailea Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Dekanotzak eta nazioarteko harremanen eta lankidetzaren arloan eskumenak dituen Errektoreordetzak batera proposatuta. Fakultate horretan irakaslanean aritzen den irakasleari emanen zaio kargua, batez ere Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duenari.

12. artikulua. Nazioarteko ikasleei Espainiera irakasteko koordinatzailearen eginkizunak.

Honako eginkizun hauek izanen ditu Nazioarteko ikasleei Espainiera irakasteko koordinatzaileak:

a) Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen eta beste ikastegi batzuen espainierazko irakasgaien eskaintza berrikustea eta analizatzea eta egokienak aukeratzea informazio hori jasotzeko interesa duten ikasleentzat.

b) Bestetik, a) apartatuan aipatutako irakasgaien katalogo bat prestatzea, ikasleentzako behar diren jarraibideak izanen dituena, irakasgai horietako irakasle arduradunekin lankidetzan.

c) Ikasleei orientazioa eta tutoretza ematea irakasgai arautuak eta curriculumetik kanpoko beste irakasgai batzuk hautatzeko espainieraren ikaskuntzari dagokionez.

d) Aipatutako esparruan jasotako enkargua finkatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein.

VI. KAPITULUA

Mugikortasuneko arduradun akademikoa

13. artikulua. Mugikortasuneko arduradun akademikoaren definizioa.

Mugikortasuneko arduradun akademikoa da Mugikortasuneko programa edo hitzarmen baten edo batzuen arduraduna.

14. artikulua. Mugikortasuneko arduradun akademikoaren eginkizunak.

Mugikortasuneko arduradun akademikoak eginkizun hauek izanen dituzte, beren ardurapeko instituzioei eta instituzio horietako Mugikortasuneko ikasleei dagokienez:

a) Bere eskaerari dagokion Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzailearekin lankidetzan jardutea, nazioarteko Mugikortasuneko lanpostuen urteko eskaintza zehazteko.

b) Bazkide den erakundearekin eta nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzailearekin koordinatzea truke zehatz bakoitzaren baldintza eta betekizunak: iraupena, maila, zein titulaziotan edo ikasketa arlotan eskaintzen den, kalifikazio sistemak, mugikortasunaren eduki akademikoa (ikasketen amaierako lana eta/edo irakasgaiak), etab.; Nazioarteko Harremanetako edo Mugikortasuneko koordinatzailearekin batera.

c) Ikaslearekin batera zehaztea goi mailako hezkuntza instituzio hartzailearen eskaintza akademikoa, Ikasketa Konpromisoaren edukia eta, beharrezkoa bada, aldaketak.

d) Ikasketa Konpromisoak sinatzea Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzaileak ontzat emanda.

e) Ikasketa Konpromisoan sartutako NUPeko irakasgaietara bideratzea erakunde hartzailean egindako irakasgaiei dagozkien emaitza akademikoak, Ikasketa Konpromisoan jasotakoarekin bat etorriz, eta atzerrian lortutako emaitzak Espainiako kalifikazio sistemara transkribatzea, beharrezkoa bada.

f) Ikasleei informazioa eta aholku ematea programa edo erakunde hartzailean mugikortasunarekin lotutako alderdi akademikoei buruz, NUPeko Tutoretza Planaren esparruan.

g) Informazioa eta aholku ematea goi mailako hezkuntzako beste instituzio batzuetako ikasleei NUPeko mugikortasunean eta ontzat ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoko beren matrikulari.

h) Titulazio bakoitzeko Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzaileari egokitzat jotzen dituen aldaketak proposatzea aldebiko hitzarmenen edukian, eta sortzen direnen eta ezagutzen dituztenen berri ematea.

i) Ikasleen trukearen urteko jarraipena egitea, eta Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzailearekin emaitzak partekatzea, eta hobetzeko proposamenetan laguntzea.

VII. KAPITULUA

Mugikortasuneko Praktiketako irakasle tutoreak

15. artikulua. Mugikortasuneko Praktiketako irakasle tutorearen definizioa eta eginkizunak.

1. Mugikortasuneko Praktiken irakasle tutoreak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikasleen Kanpoko Praktikei buruzko Arautegiak –Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez onartu zen (NAO, 2013ko urtarrilaren 11koa)– esleitutako eskumen eta eginkizunak izanen ditu. Horien artean nabarmentzekoak dira ardura hauek:

a) Ikasketa Konpromisoa egitea ikaslearekin bat.

b) Ikasketa konpromisoa behar bezala garatzen dela zaintzea, eta praktikak egiteko ordutegia ikasle bakoitzaren betebehar akademikoekin, prestakuntzakoekin, ordezkaritzakoarekin eta parte hartzekoarekin bateragarria dela bermatzea.

c) Praktiken jarraipen eraginkorra egitea, erakunde laguntzaileko tutorearekin koordinatuta eta, hala badagokio, jarraipen-txostenak aztertuta.

d) Ikasketa Konpromisoan egiten diren aldaketak baimentzea.

e) Tutoretzapeko ikasleen praktikei buruzko ebaluazio prozesua egitea, arautegiko 16. artikuluan ezarritakoaren arabera.

f) Isilpean gordetzea tutore lanetan aritzeagatik dakien edozein informazio.

g) Ikastegiko kanpoko praktiken organo arduradunari sortzen diren gorabeheren berri ematea.

h) Desgaitasunen bat duten ikasleek praktikak diskriminaziorik gabe eta aukera-berdintasuneko eta irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan egin ditzatela bermatzeko beharrezkoak diren laguntza-baliabideak dituztela gainbegiratzea eta, beharrezkoa bada, eskatzea.

2. Aurreko atalean aipatutakoa galarazi gabe, Mugikortasuneko behar diren programa eta hitzarmenen bidez dagozkien eskumenak izanen dituzte praktiketako irakasleek.

VIII. KAPITULUA

Nazioarteko Harremanetako eta garapenerako lankidetzako kudeaketa unitatea

16. artikulua. Nazioarteko Harremanetako eta garapenerako lankidetzako unitate kudeatzailea.

Nazioarteko Harremanetako eta garapenerako lankidetzako unitate kudeatzailea izanen da unitate espezializatua nazio mailako eta nazioarteko Mugikortasuneko jardueren kudeaketan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak sinatutako Mugikortasuneko programa eta hitzarmenen babesean.

17. artikulua. Nazioarteko Harremanetako eta garapenerako lankidetzako unitate kudeatzailearen eginkizunak.

Mugikortasunaren arloan, nazioarteko Harremanetako eta garapenerako lankidetzako unitate kudeatzaileak berezkoak dituen eginkizunak eta organo eskudunek esleitutakoak eginen ditu.

III. TITULUA

Mugikortasunari buruzko xedapen komunak

I. KAPITULUA

Mugikortasunari buruzko hitzarmenak eta programak

18. artikulua. Mugikortasun hitzarmenak.

1. Mugikortasun hitzarmenak NUPek eta goi mailako hezkuntzako beste erakunde batek (nazionala zein atzerrikoa) sinatzen dituzte ikasleen trukea adosteko eta mugikortasunaren baldintzak elkarri ezartzeko, bai bi erakundeek sinatutako arau-esparru goren baten babesean, bai esparru horretatik kanpo.

2. I. kapitulu honetan ezarritako berezitasunak alde batera utzi gabe, Gobernu Kontseiluaren 2011ko otsailaren 18ko Erabakiaren bidez onetsitako Hitzarmenen Arautegiaren arabera arautuko dira mugikortasun hitzarmenak (NAO, 46 zk., 2011ko martxoaren 8koa).

3. Nazioarteko Mugikortasuneko hitzarmenen hasierako indarraldia lau urtekoa izanen da, eta iraupen bereko ondoz ondoko aldietarako luzatzen ahalko da isilbidez.

4. Indarraldi horri ezartzen zaion muga da bi aldeek adostasunez edo alde batek salaketaren bidez hitzarmena indargabetzeko duten ahalmena. Gutxienez ere, hilabeteko aurrerapenarekin jakinarazi beharko da.

5. Zilegi da beste indarraldi arau batzuk ezartzea, betiere aurreko mugen barnean badaude.

6. Lehenago sinatutako hitzarmenek indarraldi arau honetan ezarritakoari jarraituko diote, baldin eta aldeetako edozeinen salaketaren bidez hitzarmenen indarraldia iraungitzea baimentzen duten klausulak badituzte.

19. artikulua. Mugikortasun motak.

Mugikortasuna presentziala, birtuala edo konbinatua izan daiteke:

a) Mugikortasun presentzialak eskatzen du ikasleak jatorrizko Unibertsitatetik harrerako Unibertsitatera joatea adostutako programa akademikoa betetzearren.

b) Mugikortasun birtualak edo online mugikortasunak ikasleei aukera ematen die harrerako Unibertsitateak telematikoki eskainitako irakasgaiak jatorrizko Unibertsitatetik edo Unibertsitate kideen baterako jardueren bidez egiteko, adostutako programa akademikoa betetzearren; hala, ikasleek ez dute joan-etorririk egin behar erakunde parte-hartzaileen artean.

c) Mugikortasun konbinatuak (blended mobility) prestakuntza-programa birtual bat eta programa presentzial bat uztartzen ditu. Programa presentzialean, ikasleak jatorrizko Unibertsitatetik harrerako Unibertsitatera joaten dira gehienez ere bi hilabetez.

20. artikulua. Mugikortasun programak.

1. Ikasleen mugikortasunerako hitzarmenen multzoak NUPeko mugikortasun programatzat hartzen dira, baldin eta honako alderdi hauetakoren bat komunean badute:

a) Ikasleen mugikortasunari buruzko arau-esparru goren bera izatea, NUPek eta goi mailako hezkuntzako erakunde kideak sinatua, hala nola Europar Batasunak Erasmus Programarako ezarritakoa, edo Hezkuntza arloan eskumena duen Ministerioak SICUE programarako ezarritakoa.

b) Kide diren goi mailako hezkuntzako erakundeak kokapen eremu geografiko berean egotea, hala nola Latinoamerikan Juan de Palafox programarako, Asian Martín de Rada programarako, eta munduko gainerako herrialdeetan Aldebiko Hitzarmenen programarako.

c) Zeharkako prestakuntzako helburu zehatz bat izatea, hala nola elkartasun balioetan trebatzea, Prestakuntza Solidarioko programan gertatzen den bezala.

2. Era berean, mugikortasun programatzat hartzen dira NUPen eta atzerriko erakunde baten artean sinatutakoak, baldin eta haien sorrerako helburuen artean badago ikasleen nazioarteko mugikortasuna kudeatzea goi mailako hezkuntzaren esparruan; ISEP programa da horietako bat.

21. artikulua. Ikasleen mugikortasunerako programen eta hitzarmenen oinarrizko printzipioak.

1. NUPek ikasleen nazioarteko mugikortasunerako arau-esparru goren baten babesean sinatutako hitzarmenek, esparru horietatik kanpo sinatutako ikasleen mugikortasunerako hitzarmenek, eta helburu instituzionalen artean ikasleen mugikortasuna kudeatzea duten erakundeek eta NUPek sinatutako mugikortasun programek honako alderdi hauek aurreikusi behar dituzte esplizituki:

a) Mugikortasunean parte hartzen duten ikasleak helmugako erakundean matrikula ordaintzetik salbuetsita egotea. Helmugako erakundeak soilik eskatzen ahalko ditu ordainketa bereziak aseguru gastuetarako, ikastaro ez-ofizialetarako edo zerbitzuen erabilerarako (fotokopiagailua, laborategietako materiala, kirol-instalazioen erabilera, etab.), betiere bere ikasleen baldintza berberetan.

b) Mugikortasunean parte hartzen duten ikasleak salbuetsita egotea egindako irakasgai edo ikasgaiei dagokien ziurtagiri akademikoaren tasak ordaintzetik. Ziurtagiri akademiko hori ematea nahitaezkoa izanen da helmugako erakundearentzat.

c) Mugikortasunean parte hartzearen ondorioz ikasleek edo erakunde bazkideek izaten ahal duten beste edozein betebehar.

2. Gainera, mugikortasun hitzarmenek, arau-esparru goren baten babesean nahiz esparru horretatik kanpo sinatutakoek, eta helburu instituzionalen artean ikasleen mugikortasuna kudeatzea duten erakundeek eta NUPek sinatutako mugikortasun programek honako alderdi hauek ezarriko dituzte etortzen diren eta joaten diren ikasleen mugikortasunerako:

a) Mugikortasuna zein mailatan egiten ahalko den (gradua, masterra edo, hala badagokio, doktoretza).

b) Zer ikasketa-arlori eta/edo titulaziori eragiten dien.

c) Zenbat ikaspostu adostu diren mugikortasunerako seihileko edo ikasturte bakoitzean.

d) Mugikortasunaren iraupena.

e) Hitzarmenaren edo programaren indarraldia.

f) Helmugako erakundean onartua izateko eskakizun linguistikoak eta akademikoak, hala badagokio.

22. artikulua. Hitzarmenak sinatzea.

1. Nazioarteko harremanen eta lankidetzaren arloan eskumena duen errektoreordeari proposatzen ahalko zaio nazioko nahiz nazioarteko hitzarmen bat sinatzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Hitzarmenen Arautegian jasotakoaren arabera. Arautegi hori Gobernu Kontseiluak onetsi zuen 2011ko otsailaren 18an (NAO, 2011ko martxoaren 8koa).

2. Proposamenak nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileari zuzenduko zaizkio, eta Nazioarteko Harremanen eta Mugikortasunaren koordinatzaileen oniritzia jaso behar dute, bai eta nazioartekotzearen arloan eskumena duten Dekanordetzen edo Zuzendariordetzen oniritzia ere.

3. Nazioarteko harremanen eta lankidetzaren arloan eskumena duen errektoreordeari dagokio mugikortasun hitzarmenen proposamenei oniritzia ematea, bai eta hitzarmen horiek formalizatzea ere, edo, hala badagokio, errektoreari bidaltzea sina ditzan. Errektoreordeak formalizatutako hitzarmenaren berri emanen die haren jarduera-eremuaren eraginpeko ikastegiei, bai eta nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileari ere.

4. Errektoreordeak aukera izanen du hitzarmenerako proposamena ez onartzeko, bai eta indarrean dauden hitzarmenak salatzeko ere, NUPen interesekin bat egiten ez badute.

II. KAPITULUA

Matrikula NUPen

23. artikulua. Matrikula NUPen.

Mugikortasun programen edo hitzarmenen babesean NUPetik joaten diren ikasleek garaiz eta forman ordainduko dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoan beren mugikortasun aldian NUPen matrikulatuta dituzten irakasgaien prezio publikoak.

24. artikulua. Ikasketa-konpromisoa, ikastea xede duen mugikortasunean.

1. Ikasketa-konpromisoa dokumentu bat da, zeinean jasotzen baita ikasleak helmugako erakundean eginen dituen ikasgaiak, irakasgaiak eta kredituak, eta NUPeko ikasketa-planeko irakasgaiekin duten korrespondentzia. Horiek guztiak mugikortasuna amaitu ondoren aitortuko zaizkio, NUPen helmugako erakundeak emandako ziurtagiri akademikoa jaso ondoren.

2. NUPeko ikasketa-planetako irakasgai guztiak, Ikasketa Amaierako Lanak barne, sartzen ahalko dira ikasketa-konpromisoetan, eta aitortzen ahalko dira mugikortasun programetan eginez gero, salbu eta ikasleak mugikortasuna egin duen ikasturte akademikoaren aurreko seihileko edo ikasturteetan NUPen jadanik matrikulatuak zituenak.

3. Baliozkoa izan dadin, ikasleak eta Mugikortasunaren arduradun akademikoak sinatuko dute ikasketa-konpromisoa, eta kasuan kasuko titulazioko Nazioarteko Harremanen eta Mugikortasunaren koordinatzailearen oniritzia izanen du.

4. Konpromiso hori mugikortasuna egin aurretik formalizatuko da, eta loteslea izanen da, gerora aldatzeko aukera izanen den arren, hala badagokio.

5. Ikasketa-konpromisoaren aldaketak arrazoitua izan beharko du, eta, baliozkoa izateko, ikasleak eta Mugikortasunaren arduradun akademikoak idatziz onartu beharko dute, eta kasuan kasuko titulazioko Nazioarteko Harremanen eta Mugikortasunaren koordinatzailearen idatzizko oniritzia izan beharko du. Ikasketa-konpromisoaren aldaketak haren parte dira. Aldaketak adostu ondoren, Mugikortasunaren arduradun akademikoak nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileari jakinaraziko dizkio, ondoren izapidetu ditzan. Ez da aldaketa-proposamenik onartuko helmugako erakundean seihilekoa edo ikasturte akademikoa hasten denetik hilabete bat igaro ondoren.

25. artikulua. Ikasketa-konpromisoa, enpresetan eta beste erakunde batzuetan praktikak egitea xede duen mugikortasunean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kanpoko Praktikei buruzko Arautegian (Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez onartua, 2013ko urtarrilaren 11ko 7 zenbakidun NAOn argitaratua) eta horrekin bat datozen xedapenetan ezarritakoaren arabera eginen da ikasketa-konpromisoa, hargatik eragotzi gabe helmugako enpresak edo erakundeak eskatzen dituen berezitasunak. Nolanahi ere, mugikortasuna egin aurretik formalizatuko da, eta loteslea izanen da, gerora aldatzeko aukera izanen den arren. Aldaketak arrazoitua izan beharko du, eta, baliozkoa izateko, NUPeko praktiketako ikasleen eta irakasle tutore akademikoen idatzizko onarpena edo oniritzia izan beharko du.

III. KAPITULUA

Kredituen aitorpena

26. artikulua. Kredituen aitorpenaren kontzeptua.

1. NUPeko Mugikortasuneko ikasleek helmugako erakundean egindako kreditu guztiak aitortzeko eskubidea izanen dute, betiere haien ikasketa-konpromisoan sartuta badaude.

2. Aitorpen hori egiteko, ez da beharrezkoa ikastegietako edo Unibertsitateko Aitorpen eta Transferentzia Batzordeen ondorengo onarpena, aitortzeko konpromisoa aldez aurrekoa baita eta jasota baitago mugikortasunerako programen araudian edo aldebiko hitzarmen espezifikoetan.

27. artikulua. Aitorpen akademikoa, ikastea xede duen mugikortasunean.

1. Ikasleen mugikortasuna amaituta, eta erakunde kideak emandako ikasketa-konpromisoa eta ikasketa-ziurtagiria ikusita, Mugikortasunaren arduradun akademikoak “Ikasketen aitorpena” dokumentua eginen du, eta kasuan kasuko titulazioko Nazioarteko Harremanen eta Mugikortasunaren koordinatzaileak onartu beharko du, aitortutako ikasketak ikasleen espediente akademikoan sartzeko.

2. “Ikasketen aitorpen”ean ikasketa-konpromisoa osatzen duten NUPeko irakasgai guztiak jasoko dira, eta irakasgai bakoitza ebaluatzeko banakako akta izanen da.

3. Ikasketa-konpromisoan sartutako NUPeko irakasgaiak joaten diren ikasleen espediente akademikoan sartuko dira titulu honetan aurreikusitakoaren arabera, eta mugikortasunean parte hartzen duten ikasleei ezin izanen zaie inola ere eskatu azterketak edo proba gehigarriak egitea, edo bueltatzen direnean lan osagarriak aurkeztea edo beste edozein ebaluazio mota egitea NUPen.

28. artikulua. Praktikaldiaren aitorpena.

1. Mugikortasuneko Praktiken irakasle tutoreak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikasleen Kanpoko Praktikei buruzko Arautegiaren VII. tituluarekin bat etorriz ebaluatuko ditu praktikak, eta ikasleen espediente akademikoan sartuko dira. Arautegi hori Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez onartu zen (NAO, 7 zk., 2013ko urtarrilaren 11koa).

2. “Enpresako praktiken akta” izanen da praktikak ebaluatzeko banakako akta.

29. artikulua. Gainditzen ez diren ikasketa-konpromisoko irakasgaiak.

Mugikortasun programen edo hitzarmenen babesean NUPetik joaten diren ikasleek ez badituzte gainditzen helmugako Unibertsitatean ikasitako irakasgaiak ezin izanen dira aurkeztu mugikortasuna egin duten ikasturtean ikasketa-konpromisoan jasotakoen baliokideak diren NUPeko irakasgaien deialdietara.

IV. KAPITULUA

Ikastegiko Batzordearen eta Ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordearen (IKBB) ikuskapena

30. artikulua. Ikastegiko Batzordearen eta IKBBaren ikuskapena.

Graduko eta masterreko tituluen kasuan, nazioarteko harremanen arloko eskumenak dituen ikastegiko dekanordeak edo zuzendariordeak aldizka jakinaraziko die Ikastegiko Batzordeari eta IKBBari zer ikasketa-konpromiso eta praktika-proposamen sinatu diren eta, hala badagokio, haietan zer aldaketa egin diren, bai eta zer aitorpen akademiko eman diren ere.

IV. TITULUA

NUP-eko ikasleen mugikortasuna. Kanpora doazen ikasleak

I. KAPITULUA

Ikasleen mugikortasunaren eremu pertsonala

31. artikulua. Mugikortasuneko ikasleen tipologia.

Honako hauek dira kanporako Mugikortasuneko ikasleak:

a) Ikasteko helburua duen Mugikortasuneko ikasleak Dagokion NUPeko deialdiaren esparruan eta NUPen mugikortasun programa edo hitzarmen batean ezarritakoarekin bat etorriz, nazioko edo atzerriko goi mailako hezkuntza-erakunde batean Mugikortasuneko ikaspostu bat esleitu dieten ikasleak dira.

Ikasteko helburua duen Mugikortasuneko ikasleak NUPen matrikulatuta egonen dira gutxienez dagokion NUPeko deialdian parte hartzeko eskaera egiten duten unetik mugikortasuna amaitu arte.

b) Enpresetan eta beste erakunde batzuetan nazioarteko praktikak egiteko helburua duen Mugikortasuneko ikasleak. Dagokion NUPeko deialdiaren esparruan eta NUPen mugikortasun programa edo hitzarmen batean ezarritakoarekin bat etorriz, enpresa, prestakuntza-zentro edo beste erakunde batean (GKEak barne) nazioarteko praktiken egonaldi bat egiteko Mugikortasuneko ikaspostu bat esleitu dieten ikasleak dira.

Praktikak egiteko mugikortasuna duten ikasleek NUPen matrikulatuta egon beharko dute eskaera egiten duten unean eta mugikortasun egonaldia amaitu arte.

II. KAPITULUA

Mugikortasunaren eremu materiala: xedea eta iraupena

32. artikulua. Mugikortasunean egiten ahalko diren ikasketak.

1. Unibertsitateko gradu eta masterreko titulu ofizial bat lortzeko ikasketak aitortuko dira.

2. Praktikak egiteari dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kanpoko Praktikei buruzko Arautegian (Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez onartua, eta 2013ko urtarrilaren 11ko 7 zenbakidun NAOn argitaratua) eta horrekin bat datozen xedapenetan ezarritakoaren arabera aitortuko dira atzerriko enpresetan edo beste erakunde batzuetan egindako eta gainditutako egonaldiak.

3. Ikasle bakoitzak gehienez ere bi mugikortasun presentzial egiten ahalko ditu egiten duen ikasketa-plan bakoitzeko. Ondorio horretarako, ez dira zenbatuko nazioarteko Mugikortasuneko praktikak.

4. Ikasleak ezin izanen dituzte onartu mugikortasun programa batean baino gehiagotan seihileko edo ikasturte berean, salbu eta Nazioartekotzeko Batzordeak salbuespenezko arrazoiengatik baimentzen badu.

33. artikulua. Mugikortasunaren iraupena graduko ikasketetan.

1. Graduko ikasketetan mugikortasuna ikasketa-planaren bigarren erdian eginen da.

2. NUPeko matrikularen eta ikasketa-konpromisoaren ondorioetarako, mugikortasun bakoitzak seihileko akademiko bat gutxienez eta bi gehienez iraunen du, NUPeko ikasturte berean, helmugako erakundearen egutegi akademikoaren hasierako eta amaierako egunak gorabehera.

34. artikulua. Mugikortasunaren iraupena Unibertsitate masterreko ikasketetan.

1. 60 edo 90 ECTSko masterretan, mugikortasunak ezin izanen du seihileko akademiko bat baino gehiago iraun, helmugako erakundearen egutegi akademikoaren hasierako eta amaierako egunak gorabehera.

2. 120 ECTSko masterretan, mugikortasunak ezin izanen du ikasturte bat baino gehiago iraun.

35. artikulua. Ikasketa-konpromisoa graduko eta masterreko mugikortasunean.

Ikasteko helburua duen Mugikortasuneko ikasleak ikasketa-konpromiso bat formalizatu beharko du, eta honako hauek jasoko ditu:

a) Ikasturte bateko mugikortasun presentzialerako: matrikula berriko 43 ECTS gutxienez eta 72 ECTS gehienez, titulua lortzeko beharrezkoak direnak.

b) Seihileko bateko mugikortasun presentzialerako: matrikula berriko 18 ECTS gutxienez eta 42 ECTS gehienez, titulua lortzeko beharrezkoak direnak, salbu eta Prestakuntza Solidarioko Programan, non gutxienez 12 ECTS beharko diren.

c) Mugikortasun birtualerako eta mugikortasun konbinaturako: matrikula berriko 6 ECTS gutxienez eta 12 ECTS gehienez.

III. KAPITULUA

Mugikortasunean parte hartzeko eta ikasketak edo praktikak aitortzeko betekizunak

36. artikulua. Parte hartzeko betekizunak.

1. Mugikortasun-programa batean parte hartzeko, NUPeko ikasleak arduraldi osorako egon behar dira matrikulatuak beren ikasketa-planean, bai eskaera egiten duten ikasturtean, bai mugikortasuna egiten duten ikasturtean. Nolanahi ere, Nazioartekotzeko Batzordeak zilegi izanen du arduraldi partzialean matrikulatutako ikasleen egoerak banaka baloratzea.

2. Deialdian parte hartzeko eta mugikortasuna egiteko, ezinbesteko baldintza izanen da ikasleak dagokion matrikularen tasak eta prezio publikoak ezarritako epeetan ordaindu izana.

3. Eskaera aurkezteko unean, ikasketetan jarraitzeko baldintzak bete behar ditu ikasleak.

4. Hirugarren mailan mugikortasuna egiteko ikaspostu bat eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da eskabidea aurkezteko unean 48 ECTS gaindituta izatea. Laugarren mailako ikaspostuen kasuan, 102 ECTS izan behar dira gaindituta eskabidea aurkezteko unean.

5. Eskatzaileek, gainera, dagozkien deialdietan parte hartzeko ezartzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte.

IV. KAPITULUA

Mugikortasun deialdiak eta hautaketa-prozedurak

37. artikulua. Prozedura eta edukia.

1. Urtero, eta horretarako zehazten den epearen barnean, errektoreak edo, hala badagokio, eskumena duen errektoreordetzak mugikortasun deialdiak argitaratuko ditu.

2. Deialdi horrek gutxienez honako alderdi hauek jasoko ditu oinarrietan:

a) Parte hartzeko baldintza akademikoak.

b) Eskainitako ikaspostuen baldintzak: helmuga, iraupena, NUPeko eskakizun linguistikoak edo akademikoak, zer titulaziotan eta seihilekotan eskaintzen diren, zein den Mugikortasuneko arduradun akademikoa, zein programatan kokatzen diren eta egokitzat jotzen diren beste batzuk. NUPek, halaber, helmugako erakundeak eskatzen dituen eskakizun akademiko eta linguistikoak ere jasoko ditu, baldin eta deialdia argitaratu aurretik jakinarazi bazaizkio.

c) Parte hartzeko prozedura, hautaketa-irizpideak eta esleipena.

d) Trukerako ikaspostuen ikasle onuradunei eskainitako dirulaguntzak, hala badagokio.

e) Ikasle hautatuen betebeharrak.

38. artikulua. Hautaketa eta ikaspostuen esleipena.

1. Ikasleen hautaketa eta ikaspostuen esleipena espediente akademikoaren arabera eginen dira, araudi honen 36. eta 37.2 a) artikuluetan adierazitako parte hartzeko eskakizunak eta 37.2 b) artikuluan adierazitako ikaspostuen baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.

2. Balorazio Batzordea Nazioartekotzeko Batzordeko kideek osatuko dute deialdi bakoitzean.

3. Errektoreordetza eskudunak, Balorazio Batzordeak proposatuta, destinoak esleitzeko ebazpena emanen du deialdian ezarritako epean. Ebazpenak itxaron-zerrendan dauden ikasleen zerrenda hartuko du barne, eta berariaz adieraziko ditu interesdunek ebazpenaren aurka jartzen ahal dituzten errekurtsoak eta horietarako epea.

V. KAPITULUA

Helmugako Unibertsitateari jakinaraztea eta hark onartzea

39. artikulua. Ikasleen izendapena.

Nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileak ikasle hautatuen zerrenda eta haiekin harremanetan jartzeko datuak bidaliko dizkio erakunde hartzaile bakoitzari, deialdian ezarria dagoen moduan eta epean.

40. artikulua. Helmugako erakundearen onarpena.

1. Ikasleek mugikortasun programetan parte hartu ahal izateko, helmugako erakundeek edo enpresek onartu egin behar dituzte. Hautatutako ikasleei dagokie helmugako Unibertsitate, erakunde edo enpresan izena emateko izapideak egitea, eta horiek izen-ematea ezesten ahalko dute epeak edo sartzeko betekizunak ez betetzeagatik.

2. Ez badituzte ikasleak onartzen ikasleen erantzukizunekoak ez diren arrazoiengatik, NUPek mugikortasuna gauzatzen laguntzeko alternatibak kudeatuko ditu. Horregatik guztiagatik, NUPek egiten duen ikaspostuen esleipena ez da eraginkorra izanen helmugako erakundeak ikasleak onartu arte.

VI. KAPITULUA

Uko egiteak

41. artikulua. Prozedura eta ondorioak.

1. Parte hartzeko eskaera formalizatu ondoren ikasleak uko egin nahi badio, idatziz jakinarazi beharko dio nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileari, Erregistro Orokorraren bidez.

2. Uko egitea kasuan kasuko mugikortasun deialdiak adierazten duen epetik kanpo jakinarazten dutenek ezin izanen dute parte hartu NUPen nazioarteko mugikortasun programetan, uko egitea ezinbesteko arrazoien ondorio denean izan ezik.

3. Ikaspostua lortu duena ez bada aurreikusitako egunean sartzen helmugako Unibertsitate, erakunde edo enpresan, eta ez badio ikaspostuari uko egin, aurreko apartatuko kasuan sartuko da.

VII. KAPITULUA

Dirulaguntzak

42. artikulua. Mugikortasunerako laguntzak.

1. Mugikortasun programekin batera, mugikortasunaren kostuak konpentsatzeko dirulaguntzak ere ematen ahal dira. Deialdiak, hala badagokio, erakunde finantzatzaileen zerrenda jasoko du, zeintzuen artean NUP bera egoten ahal den, eta ordaintzeko epeak, modua eta zenbatekoa ezarriko ditu.

2. Mugikortasun aldian, ikasleek beren jatorrizko erakundean lortutako ikasketetarako dirulaguntzak jasotzen jarraituko dute. Mugikortasunerako laguntzak nazioko edo eskualdeko beka-sistemen osagarriak dira, atzerriko gastu gehigarriengatik konpentsazioa eskaintzen dutenak barne.

3. Mugikortasuna gauzatzen ez bada, edo ezin bada justifikatu 44. artikuluko j) apartatuan aipatzen den egonaldiaren ziurtagiriaren bidez, ikasle onuradunek jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute. Egonaldiaren ziurtagirian justifikatutako mugikortasunaren iraupena hasieran aurreikusitakoa baino laburragoa bada, jasotako laguntzaren parte proportzionala itzuli beharko da. Dagokion jakinarazpenetik hilabeteko epean itzultzen ez bada, NUPek ikasleen espediente akademikoa blokeatzeko ahalmena izanen du, harik eta haiek beren egoera erregularizatu arte. Espedientea blokeatzeak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketen Arautegiaren 38. artikuluan ezarritako ondorioak eta efektuak izanen ditu.

VIII. KAPITULUA

Mugikortasun programetan parte hartzera NUPetik kanpora joaten diren ikasleen eskubideak eta betebeharrak

43. artikulua. Mugikortasun programetan parte hartzera NUPetik kanpora joaten diren ikasleen eskubideak.

NUPeko ikasleek, Unibertsitateko araudian ezarritako eskubide orokorrez gain, honako eskubide hauek dituzte mugikortasun programetan parte hartzearen ondorioz:

a) Mugikortasun-programa edo -hitzarmenen deialdietan parte hartzeko, haien oinarrien arabera, eta eskatutako mugikortasun ikaspostuak ikasleei esleitzeko horretarako ezarritako irizpide orokorrak eta espezifikoak aplikatuz.

b) Beren ikasketetan mugikortasunarekin lotutako informazioa eta orientazio akademikoa jasotzeko.

c) Helmugako erakundeak mugikortasunarekin lotutako gai praktikoei buruz NUPera helarazi duen informazioa jasotzeko.

d) Mugikortasunarekin lotutako dirulaguntzak lortzeko, betiere deialdiaren oinarrietan ezarritako baldintzak eta mugikortasun ikaspostuarekin lotutako baldintza espezifikoak betetzen baditu, halakorik balego.

e) Harrerako erakundean sartu aurretik, eta behar besteko informazioa izanez gero, bere ikasketa-planeko zer irakasgai aitortuko zaizkion jakiteko. Irakasgai horiek ikasketa-konpromisoaren oinarrizko edukia izanen dira, nahiz eta aldaketa eskatzen ahalko den horretarako ezarritako prozeduraren arabera.

f) Mugikortasuna egiteko, deialdiaren oinarrietan zehaztutako baldintza espezifikoen arabera, eta aitorpen akademikoa lortzeko, ikasketa-konpromisoan eta haren aldaketetan aurreikusitakoaren arabera.

g) Helmugako goi mailako hezkuntzako erakundean prezio publiko akademiko eta administratiboak ordaintzetik salbuetsita egoteko, mugikortasun-programan edo -hitzarmenean hala aurreikusten bada, hargatik eragotzi gabe derrigorrezko tasak ordaindu beharra, hala nola aseguruak, ikasleen sindikatuak, materialak edo antzekoak, harrerako Unibertsitateko ikasleen baldintza berberetan.

44. artikulua. Mugikortasun programetan parte hartzera NUPetik kanpora joaten diren ikasleen betebeharrak.

Mugikortasun-programa edo -hitzarmen batean parte hartzen duten NUPeko ikasleek, Unibertsitateko araudian ezarritako betebehar orokorrez gain, honako betebehar hauek dituzte:

a) Kredituak aitortzeko ikastegiak dituen irizpide akademikoen arabera, eta Mugikortasuneko arduradun akademikoaren laguntzarekin, ikasketa-konpromisoa formalizatzea eta, hala badagokio, hura aldatzea, garaiz eta forman.

b) Matrikula egitea NUPen mugikortasuna egiten duen ikasturtean, eta matrikulan ikasketa-konpromisoan jasotako irakasgaiak sartzea gutxienez, kasuan kasuko deialdian ezarritakoaren arabera.

c) Izena emateko eta matrikulatzeko izapideak egitea helmugako erakundean, bai eta onarpenerako eta egonaldirako hark eskatzen dion beste edozein izapide ere.

d) Europako Osasun Txartela lortzea edo mugikortasun aldian osasun laguntza bermatuko dion asegurua kontratatzea. Era berean, ikasleen erantzukizuna da bestelako istripu-aseguruak edo hirugarrenentzako kalte-aseguruak kontratatzea, helmugako erakundeak halakorik eskatzen badu.

e) Harrerako herrialdean legezko sarrerari eta egonaldiari buruz indarrean dagoen araudia betetzea, bai eta dagokion bisa lortzea ere, beharrezkoa bada.

f) Helmugako erakundearen arauak eta harrerako herrialdearen legeak betetzea.

g) NUP sustatzen laguntzea helmugako erakundean horretarako antolatzen ahal diren jardueretan.

h) Ikasketa-konpromisoan jasotako programa aprobetxamenduz betetzea.

i) Behin mugikortasuna amaituta, nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzailean aurkeztea helmugako erakundeak emandako egonaldiaren ziurtagiria, ikaslearen azken txostena eta kasuan kasuko deialdian eskatzen den gainerako dokumentazioa.

45. artikulua. Deialdiaren oinarriak ez betetzea.

1. Ikasleek mugikortasun-programetan edo -hitzarmenetan, araudi honetan eta kasuan kasuko deialdietan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, edo harrerako erakundearen edo enpresaren arauak betetzen ez badituzte, mugikortasun prozesua amaitu eginen da.

2. NUPen nazioko edo nazioarteko mugikortasun deialdien esparruan ikasleek aurkeztutako dokumentazioa faltsutzen badute, eta hizkuntza-probetan edo, oro har, mugikortasun deialdiekin loturik NUPen egiten dituzten probetan iruzurrezko metodoak erabiltzen badituzte, hautaketa-prozesutik kanpo geldituko dira, edo, dagoeneko hautatuak badaude, mugikortasun prozesua bertan behera utziko da.

3. Mugikortasun prozesua bertan behera uzteak berekin ekarriko du jasotako laguntzak itzultzea, kasu bakoitzean eskatzen ahal den beste edozein erantzukizunen kalterik gabe. Laguntzak itzultzen ez badira, NUPek ikasleen espediente akademikoa blokeatzeko ahalmena izanen du, harik eta haiek beren egoera erregularizatu arte. Espedientea blokeatzeak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketen Arautegiaren 38. artikuluan ezarritako ondorioak eta efektuak izanen ditu.

V. TITULUA

Goi mailako hezkuntzako beste erakunde batzuetatik datozen ikasleen mugikortasuna: NUP-era datozen ikasleak

I. KAPITULUA

Aplikazio eremua eta tipologia

46. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Titulu hau honako ikasle hauei aplikatu behar zaie: goi mailako hezkuntzako erakundeetatik NUPera datozen ikasleei ikasketa-egonaldi bat egitera mugikortasun programa edo hitzarmen baten esparruan.

47. artikulua. Ikasleen tipologia.

Honako hauek hartzen dira goi mailako hezkuntzako erakundeetatik NUPera mugikortasun programa bat egitera datozen ikasletzat:

a) Ikasketa ofizialak egitearren NUPen hartzen diren ikasleak. Truke programa nazionaletako eta nazioartekoetako ikasleak, beren jatorrizko erakundeak hautatuak eta NUPek onartuak NUPen mugikortasun akademikoko aldi baterako programa bat egin dezaten mugikortasun programa edo hitzarmen baten esparruan.

b) Ikasle bisitariak. Mugikortasun programa edo hitzarmenetatik kanpo NUPeko ikasketa ofizialetan mugikortasun akademikoko aldi baterako programa bat egin nahi duten ikasleak dira. Oro har, ikasle bisitarien egonaldia bi seihilekokoa izanen da gehienez ere, eta ez dute eskubiderik izanen titulu ofizialik eskuratzeko. Araudi honetako VI. tituluan daude jasoak ikasle bisitarien arauak.

II. KAPITULUA

NUPen sartzeko baldintzak

1. ATALA

Ikasleek bete beharreko baldintzak, ikasleen hautaketa eta parte hartzeko baldintzak

48. artikulua. Parte hartzeko baldintza orokorrak.

NUPen ikasketak egiteko, atzerriko ikastegi eta erakundeetatik datozen ikasleei hizkuntza-maila jakin bat eskatzen ahalko zaie ikasketak ematen diren hizkuntzan.

49. artikulua. Ikasleen hautaketa.

Ikasleen jatorrizko Unibertsitateak hautatuko ditu mugikortasun programetan parte hartuko duten ikasleak mugikortasun programan edo hitzarmenean ezarritakoaren arabera, eta NUPek hartuko du ikasleen onarpenari buruzko behin betiko erabakia.

50. artikulua. Parte hartzeko baldintzak.

1. Mugikortasun programetan onartua izateak ez du inola ere esan nahi Unibertsitatean sartzeko baldintzak betetzen direla, hau da, Unibertsitateko titulu ofizialak lortzera bideratuak dauden eta Espainia osoan baliodunak diren ikasketetan sartzeko indarrean dauden legeek ezarritakoak betetzen direla.

2. Nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileak erabakiko du zer ikasle onartuko diren mugikortasun programetan parte hartzeko, behin ikasketa-programa egiteko ardura duen ikastegiak ikasketa-programa onartu ondoren. Horretarako, ikasleek zer ikasketa-programa egin nahi duten eta hartan onartzeko eskaeraren inprimakia bete eta bidali behar dizkiote unitate kudeatzaileari garaiz eta behar den forman.

3. Mugikortasun programetako ikasleak ikastegi bati atxikiko zaizkie. Bi aldeetako akordioan zehaztutako ikasketa-arloak zehaztuko du ezinbestean zer ikastegira atxikiko diren ikasleak, eta, akordiorik ez badago, ikasleen ikasketa-programan definitutako ikasketa-arloak.

2. ATALA

NUPeko egonaldiaren araubidea

51. artikulua. Matrikulari buruz.

1. Mugikortasun programetako ikasleek NUPen ikasketak egin nahi badituzte mugikortasun programa edo hitzarmen baten esparruan, graduko edo graduondoko titulu ofizialak lortzera bideratuak dauden eta Espainia osoan baliodunak diren NUPeko ikasketa-planetan ageri diren irakasgaietan baizik ezin izanen dute egin matrikula.

2. Azterketei eta gainerako ebaluazio probei buruz ikasle arruntentzat ezarriak dauden arau indardunak aplikatuko zaizkie mugikortasun programetako ikasleei.

3. Ikastegiek zilegi izanen dute proposatzea NUPeko irakasgaietan matrikula eginen duten Mugikortasuneko ikasleen kopuru maximoak ez dezala gainditu ikasle horiek sartuko diren taldeko ikasleen ehuneko jakin bat. Ikaspostuak libre badaude onartuko dira mugikortasun programetako ikasleak irakasgaietan. Irakasgai jakin batean ikaspostu libreen kopurua baino eskatzaile gehiago baldin badago, ikasleak hautatu egin beharko dituzte ikastegiek.

4. NUPen behin betiko matrikula formalizatzeko, gehienez ere lau asteko epea izanen dute ikasleek beren ikasketak hasten diren egunetik, zeina nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileak zehaztuko baitu matrikula aldi bakoitzerako. Epe hori pasa eta gero, ezin izanen da aldaketarik egin NUPeko matrikulan.

52. artikulua. Tasei eta prezio publikoei buruz.

Mugikortasun programetako ikasleak truke programetakoak badira, salbuetsiak egonen dira matrikularen prezio publikoak eta espediente akademikoa bidaltzeko tasak ordaintzetik, araudi honen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Aitzitik, ordaindu egin beharko dituzte kirol instalazioak erabiltzeko prezioak, jarduera kulturaletan parte hartzekoak, hizkuntza ikastaroetakoak eta curriculumekoak ez diren gainerako jardueretakoak ikasle arrunten kondizio beretan.

53. artikulua. NUPeko ikasketa-aldiari buruz.

Gehienez ere ikasturte akademiko batekoa izanen da NUPeko ikasketa-aldia, salbu eta mugikortasun programan edo hitzarmenean aldi luzeagoa bat ezarria badago edo egoera espezifikoaren ondorioz ikastegiak beste iraunaldi bat komeni dela proposatzen badu.

54. artikulua. Uko egiteak.

1. NUPeko ikasketa-aldia hasi ondoren ikasleren batek uko egiten badie ikasketei, idatziz jakinarazi behar dio mugikortasun akademikoaren bere arduradunari eta nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileari.

2. Ikasleari ez zaizkio itzuliko ordainduak dituen tasak eta prezio publikoak, ez eta NUPeko mugikortasun programaren ondoriozko bestelako gasturik ere, non eta ez dion larritasun handiko arrazoiengatik egin uko matrikulari.

55. artikulua. Ziurtagiri akademikoak.

1. Ikasketa-aldia bukatzean, ikasleek NUPen matrikulatuak zituzten ikasketei buruzko ziurtagiri akademiko pertsonal bat bidaliko die NUPek goi mailako hezkuntzako erakundeari edo ikaslearen jatorrizko erakundeari eta mugikortasun programan parte hartu duten ikasleei, araudi honen 21.1 b) artikuluarekin bat etorriz.

2. Horretaz gainera, ikasketa-aldia bukatzean, ikasleek Unibertsitatean egin duten ikasketa-aldiari buruzko egiaztagiri bat emanen die NUPek. Egutegi akademikoan ezarriak dauden irakastaldietatik kanpo egiten diren jarduerak ez dira mugikortasun programako jarduera gisa ziurtatuko, salbu eta aldi horietan curriculumeko jarduerak egiten ez badira.

3. ATALA

Betebeharrak

56. artikulua. Betebeharrak.

1. Mugikortasun programetako ikasleen betebeharrak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan ikasle guztientzat ezarriak daudenak dira, eta honako hauek bereziki:

a) NUPeko ikasketetan hastea ezarritako egunean. Bestela, Unibertsitatean onartzeagatik ikasleak zituen eskubide guztiei uko egin diela ulertuko da.

b) Eskatzen zaizkion dokumentuak betetzea eta aurkeztea NUPek ezarritako moduan eta epeetan.

c) NUPeko egonaldia egin aurretik eta bitartean beharrezko tramiteak egitea ikasleak Espainian duen egoera juridikoak bete dezan atzerritarrak Espainian egoteari buruzko lege eta arau indardunetan ezarritakoa.

d) Mugikortasun programa presentzialen edo konbinatuen kasuan, aseguru medikoa kontratatzea NUPeko egonaldi osorako.

e) Ikasketa-programa probetxuz betetzea, eta programaren ardura duen ikastegiko arauak betetzea.

2. Ikasleak ez baditu betetzen betebehar horiek edo NUPeko ikasle guztientzat ezarritako arau orokorrak NUPeko agintari akademikoek agindutakoa egin beharko dute. Baliteke ikasleari zenbait ardura harraraztea, kasua zein den, edo Nafarroako Unibertsitate Publikoko egonaldia bukatzea, edo Nafarroako Unibertsitate Publikoak emandako dirulaguntza edo beka baliogabetzea eta itzularaztea, edo NUPen etorkizunean antolatzen diren mugikortasun edo truke programetako hautaketa-prozesuetatik baztertzea.

3. Mugikortasun programen baitan NUPera datozen ikasleei Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle guztientzat ezarriak dauden arau orokorrak aplikatuko zaizkie, mugikortasun programaren edo hitzarmenaren berezitasunak galarazi gabe.

VI. TITULUA

Ikasle bisitariei buruz

57. artikulua. Ikasle bisitarien kontzeptua.

1. Ikasle bisitariak honako hauek dira: goi mailako hezkuntzako erakunde nazionaletatik eta nazioartekoetatik NUPera datozen ikasleak egonaldi akademikoa eta ikasketa ofizialak egitera mugikortasun programetatik eta hitzarmenetatik kanpo.

2. Ikasle bisitariek ez dute eskubiderik izanen Nafarroako Unibertsitate Publikoan titulu akademiko ofizialik lortzeko.

58. artikulua. Ikasle bisitarien onarpena eta egonaldia.

1. Ikasle bisitari izateko eskaera nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileari bidali behar diote ikasleek, urte bakoitzean ezartzen den moduan eta epeetan, ikastegiek beren ahalmena egokitu dezaten. Eskaerarekin batera, espediente akademikoa aurkeztu behar dute ikasleek, jatorrizko erakundekoa, eta zer ikasketa-programa egin nahi duten adierazi. NUPek zilegi du atzerriko erakundeetatik datozen ikasleei hizkuntza-maila jakin bat eskatzeko, ikasleek proposatutako ikasketetako irakasgaiak ematen diren hizkuntzan.

2. 12/2009 Lege Organikoan oinarrituz Espainian asiloa eskatu duten ikasleen kasuan (2009ko urriaren 30ekoa, Asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen duena), Barne Arazoetako Ministerioaren ebazpenaren zain dauden bitartean, batetik, eta errefuxiatu izaera izanik edo babes subsidiariorako eskubidea edukita 1. apartatuko dokumentazioa ezin badute aurkeztu, bestetik, ikastegi hartzaileak balorazio batzorde bat izendatuko du ikasle bisitari gisa proposatutako irakasgaiak egiteko gaitasun aski ote duten ebaluatzeko.

3. Ikasle bisitari izanen direnek NUPeko matrikularen prezio publikoak ordainduko dituzte, hots, NUPen zerbitzu akademikoak emateagatik ordaindu beharreko prezioak zehazten dituen foru aginduaren arabera onetsiak daudenak.

4. Ziurtagiri akademikoak emateko eta bidaltzeko eskaerari dagozkion tasak ordaindu behar dituzte ikasle bisitariek.

5. Ikasle bisitarien egonaldi akademikoa bi seihilekokoa izanen da gehienez ere.

2. apartatuan deskribatutako kasuetan, beste bi seihilekoz luzatzen ahalko da ikasle bisitarien egonaldia.

6. Ikasle bisitariek eskubidea izanen dute egin dituzten ikasketen eta lortu dituzten kalifikazioen ziurtagiri akademikoa eskuratzeko, baina ezin izanen dute eskuratu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren titulu akademiko ofizialik.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Doktoretzako ikasleei araudi honetan jasotako arauak aplikatuko zaizkie arau osagarri gisa haien araudi espezifikoari kontra egiten ez dioten alderdietan.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditzen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Mugikortasunari buruzko Araudia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gobernu Kontseiluak erabaki baten bidez 2014ko azaroaren 25ean onetsia (NAO, 249 zenbakia, 2014ko abenduaren 23koa), eta Gobernu Kontseiluak honako erabaki hauen bidez araudiari egindako aldaketa guztiak: 2017ko uztailaren 4ko erabakia (NAO, 141 zenbakia, 2017ko uztailaren 21ekoa), 2018ko otsailaren 21eko erabakia (NAO, 48 zenbakia, 2018ko martxoaren 8koa), 2019ko maiatzaren 7ko erabakia (NAO, 94 zenbakia, 2019ko maiatzaren 16koa) eta 2020ko irailaren 18ko erabakia (NAO, 221 zenbakia, 2020ko irailaren 29koa).

AZKEN XEDAPENA

Arautegi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F2206601