96. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

29/2022 FORU AGINDUA, apirilaren 27koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, “Fundación Laboral de la Construcción Navarra” Berariazko Lanbide Heziketako ikastetxe pribatua Lanbide Heziketako ikastetxe bateratu izendatzen duena, “Fundación Laboral de la Construcción Navarra” ikastetxe bateratu pribatua izenarekin.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.5 artikuluan adierazten denez, lege horretan araututako lanbide heziketako ikasketak ikastetxe bateratuetan egiten ahalko dira; hau da, tituluak eta profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako lanbide heziketako eskaintza guztiak ematen dituzten ikastetxeetan. Administrazioak dira, beren eskumenen esparruan, lanbide heziketako ikastetxe horiek sortu eta baimendu ditzaketenak.

Ildo horretan, maiatzaren 7ko 564/2010 Errege Dekretuaren bidez (errege dekretu horrek aldatu zuen 1558/2005 Errege Dekretua, abenduaren 23koa, Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuen oinarrizko beharkizunak arautzen dituena), berriz idatzi zen abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. apartatua. Bertan ezarri zen ezen hezkuntza administrazioek titulartasun pribatuko lanbide heziketako ikastetxe bateratu berriak baimentzen ahal dituztela, betiere nahitaezkoa izanda lan administrazioaren txosten lotesle bat.

Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 18. artikuluko bigarren apartatuan ezartzen denez, Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxeak ikastetxe bateratutzat jotzen ahalko dira. Ikastetxe horiek arautuko dira irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuari jarraikiz, hartan arautzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak. Haren 3.2 artikuluak xedatzen duenez, ekimen pribatuko ikastetxe bateratuek ikastetxe bateratu pribatu izena hartuko dute.

Ikastetxe bateratuak sortu eta baimentzeko prozesua irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuaren 5. artikuluan arautua dago. Horretarako, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 4. artikuluaren hirugarren paragrafoan xedatutakoarekin bat, Nafarroako lan agintaritzaren eskumena duen departamentuak txosten lotesle bat egin beharko du; kasu honetan, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentu Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio txosten hori egitea.

Ikusi da egokia litzatekeela beste ikastetxe batzuetara zabaltzea Nafarroako ikastetxe bateratuen sare publikoan erabiltzen den ikastetxe bateratuaren eredua (Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 1eko 198/2010 Foru Aginduaren bidez sortu zen sare hori), hain zuzen, gure foru komunitateko lurralde eremu eta sektore bereziki garrantzitsuetan aritzen diren titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako ikastetxeetara. Horiek horrela, bidezkoa da, Estatuko eta Nafarroako arau horiek bete beharrez, titulartasun pribatuko ikastetxe bateratuak sortzea Nafarroan.

Hori dela eta, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak egindako aldeko txostena ikusita, non onartzen baita Nafarroan ikastetxe bateratuaren eredua zabaltzea titulartasun pribatuko ikastetxeetara, horretarako baldintzak (irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuaren 6. artikuluan agertzen direnak) betetzen dituzten Lanbide Heziketako ikastetxe pribatuak eraldatuz, eta, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 4. artikuluan agindutakoaren arabera, eskuratu ondoren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren txosten loteslea. baita Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren txostena ere,

AGINTZEN DUT:

1. Neuretzat hartzea Hezkuntza Departamentuari atxikitako ikastetxe bateratu pribatuak izendatzeko eskumenak, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren eta Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren esku zeudenak, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluarekin.

2. “Fundación Laboral de la Construcción Navarra” Berariazko Lanbide Heziketako ikastetxe pribatua (ikastetxearen kodea: 31013379) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hezkuntza Departamentuari atxikitako ikastetxe bateratu pribatu izendatzea (ikastetxearen kodea: 31013379).

3. Ikastetxe horren izen ofiziala ezartzea, hots: “Fundación Laboral de la Construcción Navarra” ikastetxe bateratu pribatua.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea ezen gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela foru agindu honen aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratzen denetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.

5. Hezkuntzako zuzendari nagusiari eta Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiari baimena ematea foru agindu honetan xedatutakoa aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

6. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2022ko apirilaren 27an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2206038