96. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

DEIALDIA, oposizio-lehiaketa bidez Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko bi transkribatzaile-postu betetzekoa, funtzionario-araubidekoak eta C mailakoak. Haietako batek euskarako C1 hizkuntza-eskakizuna du.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2022ko maiatzaren 2an egindako bilkuran, erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

Zerbitzu Orokorretako buruak deialdi-proposamen bat aurkeztu du, oposizio-lehiaketa bidez Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko bi transkribatzaile-postu betetzekoa, funtzionario-araubidekoak eta C mailakoak, eta haietako batek euskarako C1 hizkuntza-eskakizuna duena. Proposamen hori egiten da Argitalpen, Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuko buruak eskatuta, Zerbitzuko bi lanpostu hutsak behin betikoz betetzeko. Espedientea Zerbitzu Juridikoek eta Kontu-hartzailetzak egindako txostenez ere hornitu da.

Aurkezturiko dokumentazioa ikusita eta Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduko 37. artikuluarekin bat, honako hau ERABAKI DA:

1. Honako deialdi honen oinarriak onestea: “Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko bi transkribatzaile-postu betetzekoa, funtzionario-araubidekoak eta C mailakoak. Haietako batek euskarako C1 hizkuntza-eskakizuna du”. Halaber, espedientea has dadila agintzea.

2. Agintzea deialdia Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, bai eta Parlamentuko web orrian eta iragarki-oholean ere.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 2an.–Lehendakaria, Unai Hualde Iglesias.

DEIALDIA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ NAFARROAKO PARLAMENTUAREN ZERBITZUKO BI TRANSKRIBATZAILE-POSTU BETETZEKOA, FUNTZIONARIO-ARAUBIDEKOAK ETA C MAILAKOAK. HAIETAKO BATEK EUSKARAKO C1 HIZKUNTZA-ESKAKIZUNA DU

Deialdi honen oinarriak honakoak dira:

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da lehiaketa-oposizio bidez Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko bi transkribatzaile-postu huts betetzea, funtzionario-araubidekoak eta C mailakoak, haietako batek euskarako C1 hizkuntza-eskakizuna duela.

1.2. Bi postu horiek honako txandetan banatuko dira:

–Bat, igoera-txandan.

–Bestea, txanda irekian.

Baldin eta oposizio-lehiaketa amaitzen den egunean postu huts berriak baleude Nafarroako Parlamentuko plantillako transkribatzaile-kidegoan, zilegi izanen litzateke postu horiek gehitzea deialdi honen xede diren bi postuei, behin betikoz beteak izate aldera.

Igoera-txandako postu hutsei dagokienez, izangaiek hautaprobak gainditzeko ezartzen den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik bete gabe gelditzen direnak txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Era berean, txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko paragrafoan adierazitako moduan, deialdi honetako 8.3 apartatuak ezartzen duen agiri-aurkezpen epea bukatzen den unean deialdiko 2.2 apartatuko baldintza bereziak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiek.

1.3. Oposizio-lehiaketa aurrera eramanen da 1991ko martxoaren 21eko Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuan eta horrek gerora izandako aldaketetan xedatuari jarraikiz; eta, osagarri modura, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta, hori garatu eta betearazteko, Sarrera-erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan xedatuarekin bat.

1.4. Deialdi honen ondorioz izendatuak diren izangaiek Nafarroako Parlamentuko funtzionarioentzat eta, zehazki, transkribatzaileen kidegokoak direnentzat ezartzen diren eginkizun, eskubide eta betebeharrak edukiko dituzte. Haien eginkizun izanen dira Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 8.4 artikuluan orokortasunez ezarritakoak; zehazki, honako hauek: Nafarroako Parlamentuko organoen bilkuren transkripzioari eta Parlamentuaren argitalpenen edizioari dagozkien zereginak betetzea; administrazio-zereginak, betearazpenekoak, osagarriak eta izapidetzekoak; testuak idatzi eta zuzentzea, artxibatzea eta antzeko beste batzuk; Parlamentuko eztabaidak grabatzea, hala Osoko Bilkuretakoak nola Batzordeetakoak; eta lanpostuak berezkoa duen beste edozein eginkizun.

Postuak Nafarroako Parlamentuko Argitalpen, Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuari atxikita daude.

1.5. Izendapenak Nafarroako Parlamentuko nomina eta plantillako funtzionario-izaera emanen die izendatuei, indarreko xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.6. Lanpostuak C mailakoak dira, eta maila horren lansariak dagozkie, gehi Nafarroako Parlamentuko plantilla organiko indardunean zehazten diren osagarriak.

1.7. Izendatuak suertatzen diren funtzionarioak Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuak izanen dira, eta bertan alta emanen zaie, haiek araubide horren babespean kokaturik, salbu eta jadanik afiliatuta badaude Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta horren osagarri diren xedapenek aipatzen duten eskubide pasiboen eta osasun- eta gizarte-laguntzaren araubidean, ezen kasu horretan aukeratzen ahalko baitute araubide horretan segitzea edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.8. Lanaldia beteko da Nafarroako Parlamentuko langileentzat orokortasunez ezarritako ordutegi eta txandetan.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintzak bete beharko dituzte eskabide-aurkezpen epea amaitzen den egunean eta lanpostu-betetze prozedurak dirauen denbora guztian, harik eta lanpostuaren jabetza hartu arte:

a) Espainiar nazionalitatea, Europar Batasuneko kide den beste estatu batekoa edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitakoak izanik langile-zirkulazio askea aurreikusten duten nazioarteko itunen aplikazio-esparruan dagoen estatu batekoa edukitzea.

Espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatu batzuetako herritarren edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte hartzen ahalko dute, baldin eta ez badaude zuzenbidez bereizita. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat baino gutxiagokoak badira, edo adin horretatik gorakoak, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez gainditzea.

c) Goi Mailako Batxilergo, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo haietakoren baten baliokide gisa deklaratua izan den titulu baten jabe izatea, edo hori eskuratzeko moduan egotea, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean. Atzerrian lortutako tituluen kasuan, horien homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Ez daukala kasuko eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitzerik ez eta etendurarik ere, eta ez dela administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia izan, ez eta diziplinazko kaleratzez iraitzia ere.

f) Euskarako C1 hizkuntza-eskakizuna duen postura ere aurkeztu nahi dutenen kasuan, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberako maila hori frogatzen duten titulu edo ziurtagirietako bat edukitzea, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen 210/2010 Ebazpenean, irailaren 13koan, zerrendaturik daudenetakoa (117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2010eko irailaren 27koa), edo ofizialki baliokidetzat aitorturiko titulazioa edukitzea. Halako titulaziorik ezean, beren eskabidean propio eskatzen duten izangaiek euskara-jakintza frogatu ahalko dute ezarritako hizkuntza-mailaren berri emanen duen proba bat gaindituta, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Proba hori oposizioaldiko bigarren ariketaren ondoren eginen da.

2.2. Igoera-txandako izangaientzako baldintza bereziak:

Txanda honetako izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, aurreko apartatuan adierazitakoez gain:

a) Nafarroako Parlamentuko funtzionario izatea eta igoerarako abiapuntu duten lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berean edo baxuagoan egotea eta Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 12. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

2.3. Aurreko baldintzak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean, eta postuaren jabetza hartzen den arte.

Horren salbuespena izanen da, igoera-txandako izangaiei dagokienez, borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotearen baldintza, zeina bete beharko baita eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean eta deialdiko 8.3 apartatuan aipaturiko agiri-aurkezpen epea amaitzen den unetik postuaren jabetza hartzen den unera arte.

2.4. Izangaiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean frogatu beharko dute aurreko baldintza horiek betetzen dituztela.

3. oinarria.–Eskabidea eta agiriak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Parlamentuko lehendakariari zuzendu beharko zaizkio, eta Nafarroako Parlamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Navas de Tolosa kalea, 1-Iruña), edo administrazio-araudi indardunaren araberako beste erregistro batzuetan.

Nafarroako Parlamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuz gero, eskabidea eta haren kopia bat aurkeztu beharko dira. Kopia zigilatu eta interesdunari itzuliko zaio, izen ematearen ziurtagiri gisa. Nafarroako Parlamentuaren Erregistroaren ordutegia honakoa da: astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 17:30era; eta ostiraletan, 09:00etatik 14:30era.

3.2. Eskabidea posta-bulego batean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal ireki batekin eginen da, kasuko posta-langileak eskabideari data eta zigilua jar diezazkion, ziurtapena egin aurretik.

3.3. Eskabidea I. eranskinean adierazitako ereduaren araberakoa izanen da, eta interesdunentzat eskuragarri egonen da Nafarroako Parlamentuko Erregistro Orokorrean eta Nafarroako Parlamentuaren webguneko (www.parlamentodenavarra.es) “Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak/Langile-deialdi publikoak/2022ko ekitaldia” izeneko atalean.

3.4. Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.5. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren, pasaportearen edo beste identifikazio-agiri ofizial baten fotokopia aurkeztu beharko dute.

3.6. Espainiako nazionalitatea ez duten pertsonek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte, bai eta, kasua bada, 2.1.a) apartatuan ezarritako nazionalitate- eta ahaidetasun-baldintzei buruzkoena ere. Halaber aurkeztu beharko dute zinpeko edo hitzematezko aitorpena, beren jatorrizko herrialdean funtzio publikorako sarbidea eragozten dien inolako diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez izatearena.

3.7. Euskarako C1 hizkuntza-eskakizuna duen postura ere aurkeztu nahi duten izangaiek propio adierazi beharko dute eskabidean, eta eskatzen den tituluaren kopia bat atxiki edo, horren ezean, euskarako hizkuntza-nahikotasunaren proba egitea eskatu.

3.8. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketaren bat egin ahal izateko denbora- edo baliabide-egokitzapenik behar badute, horren berri eman beharko dute eskabidean; horretarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute zer desgaitasun pairatzen duten eta zer egokitzapen eskatzen duten, eta erantsi beharko dute legezko desgaitu-izaeraz organo eskudunak jaulkitako frogagiriaren kopia.

3.9. Eskabideari halaber erantsiko zaio II. eranskineko baremoan ezarritako apartatuen araberako hurrenkeran antolatutako zerrenda, aipatu merezimenduei buruzko frogagiriekin batera, eranskin horretan zehazten den bezala.

Izendapenerako proposatuak diren izangaiek merezimendu horien frogagirien jatorrizkoak edo kopia autentifikatuak aurkeztu beharko dituzte, 8.3 apartatuan ezarritako gainerako dokumentazioarekin batera. Dokumentu horien faltsutasunak, edo aipatu dokumentuak bat ez etortzeak aurretiaz aurkeztuak eta lehiaketa-fasean baloratuak izan direnekin, ondorio gisa ekarriko du haien aldeko izendapen-proposamena automatikoki indargabea izatea eta kasuko izangaia deialditik kanporatua izatea.

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuen frogabide izanen dira kasuko erakundeko zuzendariak edo langileria-buruak jaulkitako ziurtagiriak.

4. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5. oinarria.–Izangaien onarpena. Behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du. Zerrenda horretan jasoko dira onartutako izangaien izen-deiturak. Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda. Halaber argitaratuko da Nafarroako Parlamentuko iragarki-oholean eta www.parlamentodenavarra.es webgunean, “Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak/Langile-deialdi publikoak/2022ko ekitaldia” izeneko atalean.

5.2. Interesdunek egoki deritzeten erreklamazioak aurkeztu ahal izanen dituzte behin-behineko zerrendaren aurka eta, akatsik izan bada, zuzendu, zerrenda hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epearen barruan.

5.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzirik, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, zeina argitaratuko baita Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, iragarki-oholean eta www.parlamentodenavarra.es webgunearen “Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak/Langile-deialdi publikoak/2022ko ekitaldia” atalean.

6. oinarria.–Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduna.

6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Inmaculada Jurío Macaya andrea, Nafarroako Parlamentuko lehen lehendakariordea.

Ordezkoa: Yolanda Ibáñez Pérez andrea, Nafarroako Parlamentuko bigarren lehendakariordea.

Epaimahaikidea: Iñaki de Santiago Segovia jauna, Nafarroako Parlamentuko transkribatzailea.

Ordezkoa: Carlota Aranaz Martí andrea, Nafarroako Parlamentuko transkribatzailea.

Epaimahaikidea: Mikel Iriarte Cilveti jauna, Nafarroako Parlamentuko Argitalpen, Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuko burua.

Ordezkoa: Ainhoa Irazustabarrena Barriola andrea, Nafarroako Parlamentuko itzultzailea.

Epaimahaikidea: Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeak hautatu beharrekoa.

Ordezkoa: Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeak hautatu beharrekoa.

Idazkaria: Silvia Doménech Alegre andrea, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusia.

Ordezkoa: Gemma Angélica Sánchez Lerma andrea, Kontuen Ganberako legelaria.

6.2. Baldin eta, abstentziorako eta errefuserako arrazoi zuzenbidezkoak aplikatuz, epaimahaiaren osaera aldatuko balitz, aldaketa hori publikoki jakinaraziko litzateke izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda jendaurrean jartzearekin batera.

6.3. Epaimahaia hautaprobak hasi aurretik eratu beharko da. Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeak proposatutako ordezkarien hautaketa eginen da onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera.

6.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, eta jarduterik ere ez du izanen, gutxienez bere kideen gehiengo osoa bertaratu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketa eta jarduna baliodunak izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertaratuta egon beharko dute.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeaz eta aplikatzeaz sor daitezkeen ebazkizun guztiak.

6.6. Epaimahaiko kideek esku hartzetik abstenitu beharko dute, eta organo dei-egileari horren berri eman beharko diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean aipatzen diren abstentzio-kausetakoren bat haiengan gertatzen bada. Halaber, izangaiek zilegi dute aipatu kausetakoren bat aplikagarri zaien epaimahaikideak errekusatzea.

6.7. Epaimahaiak aholkulari espezialistak beregana ditzake proba guztietarako nahiz probaren baterako. Aholkulari horiek lankidetzan arituko dira epaimahaiarekin, eta beren espezialitate teknikoetan jardutera mugatuko dira.

7. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren jardunbidea.

7.1. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldia oposizioaldiaren aurretik eginen da, eta izangaiek alegatu eta justifikaturiko merezimenduak deialdi honen II. eranskineko baremoari jarraituz kalifikatzean datza.

Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta haren balorazioa gehienez ere 30 puntukoa izanen da.

Merezimenduen balorazioari dagokionez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte lortutakoak bakarrik hartuko dira kontuan, eta ez egun horren ondoren lortutakoak.

Agiriek baremoaren aplikaziorako beharrezkoa den informazio guztia jaso beharko dute. Ez da kontuan hartuko frogatu gabeko merezimendurik, ez eta baremoan jasota ez dagoenik ere. Epaimahaiak zilegi izanen du argibideak eta datu osagarriak edozein unetan eskatzea izangaiek alegatutako merezimenduei buruz.

Epaimahaiak izangai bakoitzari esleitzen dizkion merezimenduak modu arrazoituan baloratuko ditu, baremoko atal bakoitzari jarraikiz, eta ezin izanen du ezein kasutan aintzat hartu alegatu ez den edo agiri bidez frogatu ez den merezimendurik. Era berean, ez du zilegi izanen atal bakoitzagatik puntuazio handiagorik ematea aipatzen den gehienekoa baino.

Aurkezturiko merezimenduen frogagiriak aztertzetik ondorioztatuko balitz izangaietakoren batek ez daukala halako merezimendurik, deskontatu eginen da aipatu merezimenduei emandako puntuazioa, ezertan galarazi gabe hari faltsutasunagatik erator lekizkiokeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Lehiaketaldia amaituta dagoelarik, epaimahaiak bi zerrenda argitaratuko ditu Nafarroako Parlamentuaren iragarki-oholean eta webgunean, izangai bakoitzaren merezimendu-balorazioaren emaitzaren berri emateko. Lehenbiziko zerrendan izangai guztiak jasoko dira, lehiaketaldian lortu duten puntuazioa adierazita. Bigarren zerrendan C1 euskara-eskakizuna duen postura ere aurkezten diren pertsonak bakarrik agertuko dira, eta lehenbiziko zerrendarekiko alde bakarra izanen du ez duela merezimendu gisa barne hartuko euskararen jakitea, ezinbesteko baldintza baita postu horretara aurkezteko.

7.2. Oposizioaldia.

2022ko irailetik aurrera hasiko da, Nafarroako Parlamentuaren iragarki-oholean eta webgunean gutxienez ere hamabost egun naturaleko aurredenboraz iragarriko diren tokian, egunean eta orduan.

Oposizioaldia bi ariketaz osaturik egonen da hizkuntza-eskakizunik gabeko postuaren kasuan, eta hiru ariketaz, euskarako hizkuntza-eskakizuna daukan postuarenean. Lehenbiziko bi ariketak amankomunak izanen dira bi postu horietarako. Hiru ariketak egun desberdinetan eginen dira.

a) Lehen ariketa. Bi probaz osatuta egonen da, egun berean bata bestearen ondoren egitekoak. Proba horien gehieneko iraupena epaimahaiak zehaztuko du, proben hasiera hasi baino lehen. Ez da baimenduko proba horiek egitean inolako testurik kontsultatzea, ez eta hiztegirik edo bestelako materialik erabiltzea ere, tinta beltzeko eta mutur lodiko boligrafoa izan ezik.

1. proba. Proba honetan erantzun-aukera anitzeko baina erantzun baliodun bakarreko galdera teorikoen sorta bati erantzun beharko zaio, deialdiko III. eranskineko gai-zerrendaren edukiari buruz. Erantzun okerrak zigortu eginen dira.

2. proba. Gaztelaniaren ortografia eta gramatikari buruzko kasu praktiko desberdinei buruzko galdera-sorta bati erantzutean datza. Galdera bakoitzak erantzun desberdinak emanen ditu aukeran, erantzun balioduna haietatik bakarra izanda. Erantzun okerrak zigortu eginen dira.

b) Bigarren ariketa. Bigarren ariketa osatzen duten bi probak egiteko, izangaiei beharrezkoak diren baliabide teknikoak jarriko zaizkie. Bi probak egun berean eginen dira, bata bestearen ondoren.

1. proba. Mekanografia-proba. Epaimahaiak proposaturiko testu bat ordenagailu-teklatuz mekanografiatzean datza. Lastertasuna eta eraginkortasuna baloratuko dira. Halaber baloratuko dira sakaketa-kopurua, egokiro eginak izana eta idatzitakoaren antzekotasuna epaimahaiak proposatutako testuarekin. Zigortzekoak izanen dira akats mekanografikoak, ez-jartzeak eta ariketaren arauen urraketa. Izangaiek 10 minutuko gehieneko denbora izanen dute ariketa egiteko.

1. probaren balorazioa irizpide hauei jarraikiz eginen da:

Akats mekanografikoengatik izandako zehapenak kenduta, egindako lehenengo 1000 sakaketengatik 0 puntu emanen dira. Hortik gora, beste 200 sakaketa zuzeneko, beste puntu bat gehituko da, edo proportzionalki dagokion puntuazioa. Puntuazioak mugatzat izanen du ariketari esleituriko gehieneko puntuazioa; hots, 10 puntu. Bazter geldituko dira gutxienez 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak, bai eta, kasu guztietan, ehun akats mekanografiko edo gehiago egiten dituztenak ere.

Sakaketen zenbaketan, sakaketa arruntez gain honakoen araberako kontaketa aintzat hartuko da:

Paragrafo-aldaketa bakoitzarengatik, sakaketa bat.

Letra larri bakoitzarengatik edo letra larrien tekla sakatzera behartzen duen ikur bakoitzarengatik, sakaketa bat.

Azentu ortografiko edo tilde bakoitzarengatik, sakaketa bat.

Sakaketa egokietatik bost sakaketa deskontatuko dira akats mekanografiko bakoitzeko. Honako hauek akats gisa joko dira:

–Ondokoak txertatzea:

Transkribatu beharreko testuan agertzen ez diren karaktere alfanumerikoak, zuriuneak edo puntuazio-ikurrak: Bost sakaketako zigorra txertatze bakoitzeko.

–Ondokoak ez jartzea:

Karaktere alfanumerikoak (hemen sartzen da letrak ez jartzea, azentudunak izan nahiz ez), puntuazio-ikurrak (horietan sartzen dira “puntu eta bereiz” guztiak eta paragrafo arteko bereizketak), edo hitzen arteko hutsuneak: Bost sakaketako zigorra ez-jartze bakoitzeko.

–Okerrak:

Okerreko mekanografiatzea, karaktereak bata bestearen ordez jartzean datzana, direla karaktere alfanumerikoak, puntuazio-ikurrak edo elkarren segidako bi karaktere: Bost sakaketako zigorra oker bakoitzeko.

Programa automatiko baten bitartez zuzenduko da ariketa, karakterez karaktere aztertuz erkatuko duena izangaiak transkribatutako testua epaimahaiak emandako testuarekin.

2. proba. Transkripzio-proba. Izangaiei audio-fitxategi bat eta horren transkripzio automatikoki sortua jasotzen duen word formatuko dokumentu bat emanen zaizkie. Izangaiek zuzendu egin beharko dute eman zaien testua, puntuazio-arauak ere aplikatuz, argitaratzeko moduko transkripzio bihurtzeraino testu hori.

Epaimahaiak baloratu eginen du diskurtso mintzatuko oker lexiko eta sintaktikoak zuzentzeko ahalmena: komunztadura-akatsak, aditz-aldien inkoherentzia, preposizio-erregimenari dagozkion akatsak, lapsus linguae, errepikapen behargabeak. Izangaiek beren hizkuntza-gaitasunak eta Espainiako Errege Akademiaren arau ortografikoez duten ezagutza aplikatu beharko dituzte. Zuzendutako transkripzioen bolumena ere baloratuko da.

Antolamendu-arrazoiengatik, bigarren ariketa honetarako deialdia egun eta ordu desberdinetarako egiten ahalko da, izangai-kopurua aintzat harturik. Horretarako, eta 48 orduko gutxieneko aurredenboraz, ariketa egitera deitutako izangaien zerrenda argitaratuko da, non adieraziko baita zer toki, egun eta ordutarako egiten den dei. Kasu horretan, epaimahaiak proba desberdinak baina antzeko zailtasunekoak prestatuko ditu.

c) Hirugarren ariketa: Ariketa hau euskarako C1 hizkuntza-eskakizuneko postura aurkezten direnek bakarrik eginen dute, eta izangaien euskara-jakintzari buruzko proba praktiko baloragarri bat izanen da. Ez da baztertzailea izanen gaztelaniazko postuetarako aurkezteko.

Hirugarren ariketa hau egin baino lehenago, euskara-maila frogatzeko proba eginen dute C1 titulaziorik edo baliokiderik ez edukitzeagatik beren eskabidean propio eskatu duten izangaiek, bigarren ariketa gainditu dutenek. Maila frogatzeko proba hori gainditzea beharrezkoa izanen da oposizioaldiko hirugarren ariketa egin ahal izateko.

Hirugarren ariketa egiteko, izangaiei euskarazko audio-fitxategi bat emanen zaie, argitaratzeko moduko testu txukun bat lortzeraino transkribatu beharko dutena.

Izangaiek beren euskarazko hizkuntza-gaitasunak eta Euskaltzaindiaren arau ortografikoez daukaten ezagutza aplikatu beharko dituzte, eta sortzen duten testuaren kalitatea baloratuko da ahozko diskurtsoaren akats lexiko eta sintaktikoen arabera: komunztadura-okerrak, ergatiboaren erabilera okerra, bestelako deklinatze-akatsak, aditz-aldi eta -erregimenen erabilera okerra, lapsus linguae, errepikapen behargabeak eta abar. Halaber, transkribaturiko grabazio-bolumena baloratuko da.

7.3. Oposizioko ariketen balorazioa gehienez 70 puntukoa izanen da, eta 90 puntukoa, euskarako C1 hizkuntza-eskakizuneko postura aurkezten direnen kasuan. Puntuak honela banatuko dira:

a) Lehen ariketa: 35 puntu.

1. proba, test modukoa: gehienez ere 20 puntu, eta bazterturik geratuko da gutxienez 10 puntu lortzen ez duen edonor.

2. proba, test modukoa: gehienez ere 15 puntu, eta bazterturik geratuko da gutxienez 7,5 puntu lortzen ez duen edonor.

b) Bigarren ariketa: 35 puntu.

1. proba, mekanografiakoa: gehienez ere 10 puntu, eta bazterturik geratuko da gutxienez 5 puntu lortzen ez duen edonor.

2. proba, transkripziokoa: gehienez ere 25 puntu, eta bazterturik geratuko da gutxienez 12,5 puntu lortzen ez duen edonor.

c) Hirugarren ariketa: gehienez ere 20 puntu, eta euskarako C1 hizkuntza-eskakizuneko postua lortzetik bazterturik geratuko da gutxienez 10 puntu lortzen ez duen edonor.

7.4. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaitu ondoren, epaimahaiak kalifikazioen zerrenda jarriko du ikusgai Parlamentuaren iragarki-oholean eta webgunean; halaber, hurrengo proba zein tokitan, egunetan eta ordutan eginen den adieraziko du, gutxienez ere 48 orduko aurredenboraz.

7.5. Proba bakoitzerako, dei bakarra eginen da. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako nahikoa den beste agiriren bat. Probara azaltzen ez diren edo nortasuna frogatzen ez duten izangaiak oposiziotik baztertuak izanen dira.

7.6. Oposizioko probak egitean, denbora- eta baliabide-egokitzapen posibleak eginen dira desgaitasunen bat izanda propio eskatzen dituztenentzat, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8. oinarria.–Gainditzaileen zerrenda, izendapen-proposamena eta agiri-aurkezpena.

8.1. Hiru ariketen kalifikazioa bukaturik, eta lehiaketaldiaren emaitza batu ondoren, epaimahaiak Parlamentuaren iragarki-oholean eta webgunean bi gainditzaile-zerrenda argitaratuko ditu, lorturiko kalifikazioen berri ematen dutenak, puntuazio-hurrenkeran antolatuak. Lehenbiziko zerrendan izangai guztiak agertuko dira, lehiaketaldian eta lehen eta bigarren ariketetan lortu dituzten puntuazioak adierazita. Bigarren zerrendan euskarako C1 hizkuntza-eskakizuneko postura aurkezten diren izangaiak bakarrik agertuko dira, lehiaketaldian eta lehen, bigarren eta hirugarren ariketetan lortu dituzten puntuazioak adierazita.

Baldin izangai batek berak bi zerrendetan lehen postua lortu badu, postu horietako bat aukeratu beharko du.

8.2. Epaimahaiak guztizko puntuazio handiena lortu duten izangaien aldeko izendatze-proposamena igorriko dio Nafarroako Parlamentuko Mahaiari, oposizio-lehiaketako aktekin eta gainerako dokumentazioarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposaturiko izangaiek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko diote Nafarroako Parlamentuari:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2.1.c) apartatuan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren agiriarena.

c) Euskarako C1 hizkuntza-eskakizuna duen postua lortzearen kasuan, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberako maila hori frogatzen duen titulu edo ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua; hots, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen 210/2010 Ebazpenean, irailaren 13koan, zerrendaturik daudenetako batena (117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2010eko irailaren 27koa), edo ofizialki baliokidetzat aitorturiko tituluarena.

d) Lehiaketaldian alegaturiko merezimenduen jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua. Dokumentu horien faltsutasunak, edo aipatu dokumentuak aurretiaz aurkeztuekin bat ez etortzeak, ondorio gisa ekarriko du haien aldeko izendapen-proposamena automatikoki indargabea izatea eta kasuko izangaia deialditik kanporatua izatea.

e) Txostena, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak jaulkitakoa, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasun edo akats fisikorik, lanpostuaren berezko eginkizunetan aritzea eragozten dionik. Ofizioz aurkeztua izanen da, berariazko osasun-azterketa egin ondoren.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek halaber aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio- eta orientazio-talde eskudunek jaulkitakoa.

f) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan jarduteko ezgaitzearekin edo etendurarekin zigortuta ez egotearena eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatearena.

g) Zin-egite edo hitz-ematea, Nafarroako foru araubidea errespetatzearena, Konstituzioari eta legeei men egitearena eta karguari dagozkion eginkizunak zintzoki betetzearena.

h) Nafarroako administrazio publikoren bateko langile finko diren izangaiek, gainera, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, frogatzen duena bai izaera hori bai beraien lehenagoko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren gainerako inguruabar eta aurrekari guztiak, postuan sartzeari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboei eta abarri buruzkoak.

8.4. Behar adina justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatu epearen barrenean arestiko agiriak aurkezten ez dituzten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta haien egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela eta legokiekeen erantzukizuna ezertan galarazi gabe.

8.5. Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa gertatuz gero, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak hutsune hori beteko du 8.1 apartatuan aipatzen den gainditzaile-zerrendan hurren-hurrengoa den izangaiarekin. Azken horrekin ere aurreko paragrafoek adierazten duten moduan jokatuko da.

9. oinarria.–Izendapena.

9.1. Deialdi honen 8.3 apartatuan aipatzen diren dokumentuak aurkeztu direnean, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak funtzionario izendatuko ditu proposatutako izangaiak. Izendapen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Izendapena jakinarazten denetik hilabeteko epean, izangaiek beren karguaren behin betiko jabetza hartu beharko dute, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusiaren aurrean.

9.3. Ulertuko da izangai batek oposizioaren ondoriozko eskubideei uko egiten diela, ez bada postuaz epe horretan jabetzen. Kasu horretan, postua deialdi honen 8. oinarrian aipatzen den gainditzaile-zerrendan hurrengo dagoen izangaiarekin beteko da.

10. oinarria.–Jarduketen publikotasuna.

Ezertan galarazi gabe argitaratze ofiziala Nafarroako Aldizkari Ofizialean izan beharrekoa duten tramiteak, proba-deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak egindako jarduketei buruzko informazioa, bai eta interesdunentzat lagungarria den beste edozein informazio orokor ere, Nafarroako Parlamentuaren www.parlamentodenavarra.es webgunean argitaratuko da.

11. oinarria.–Aldi baterako kontrataziorako izangai-zerrendak.

Nafarroako Parlamenturako aldi baterako langile-kontratazioari buruzko Erregelamenduak xedatzen duenari jarraikiz, bai hizkuntza-eskakizunik gabeko posturako bai euskarako C1 hizkuntza-eskakizuna daukan posturako ere honako aldi baterako kontrataziorako izangai-zerrenda hauek eginen dira, hautaprozesuan parte hartu eta bertan posturik lortu ez duten pertsonekin:

1) Posturik gabeko gaindituen zerrenda.

2) Hautaprozesua ez, baina hautaprobetakoren bat gainditu duten izangaien zerrenda, honako lehentasun-ordenaren arabera antolatua:

a) proba gaindituen kopuru handiena.

b) proba gaindituetan lorturiko guztizko puntuaziorik handiena.

Azken emaitzan berdinketarik izanez gero, hizkuntza-eskakizunik gabeko postuen zerrendetan, berdinketa ebazteko irizpidea izanen da bigarren ariketan puntu gehien lortu izana; eta, berdinketak bere horretan badirau, lehenengo ariketan lortutako puntuazioei erreparatuko zaie. Horrela ere berdinketa mantentzen baldin bada, zozketa bidez ebatziko da. Euskarako C1 hizkuntza-eskakizuna duten zerrendetan, berdinketa ebatziko da bigarren ariketan puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren alde; berdinketak bere horretan iraunez gero, lehenengo ariketan lortu duenaren alde; eta berdinketa halere mantenduz gero, hirugarren ariketan lortu duenaren alde. Horrela ere berdinketa mantentzen baldin bada, zozketa bidez ebatziko da.

12. oinarria.–Aurkeztutako agiriak.

12.1. Erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada, izangaiek zilegi izanen dute aurkeztu dituzten agiriak berreskuratzea, aurretiaz horretarako berariazko eskaera eginez gero. Berreskuratze-eskaera hiru hilabeteko epean aurkeztu ahalko da, aurretik beste hiru hilabete igaroak direnean izendapen-erabakia Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu denetik.

12.2. Aurreko apartatuan ezarritako epea bukatzen bada agiriak berreskuratzeko eskaerarik egin gabe, izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da. Ondorioz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.

13. oinarria.–Errekurtsoak.

13.1. Deialdi honen, bere oinarrien eta Nafarroako Parlamentuko Mahaiak deialdi hau dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa, Legebiltzarreko Mahaiari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasitako hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

13.2. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak nahiz epaimahaiak deialdi honen aplikazioan erabakitzen dituzten gainerako egintzen aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea Parlamentuko Mahaiari, egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunean kontatzen hasitako hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide-eredua (DOC).

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

1) Transkribatzaile-postuan izandako lanbide-esperientzia (gehieneko puntuazioa: 20 puntu).

1.a) Parlamentu-izaerako erakundeetan transkribatzaile-postu batean edo antzeko batean (*) emandako zerbitzuengatik: 2 puntu, lanean emandako urte bakoitzeko.

1.b) Edozein administrazio publikorenak diren zentro edo unitateetan transkribatzaile-lanpostu batean edo antzeko batean (*) emandako zerbitzuengatik: Puntu 1, lanean emandako urte bakoitzeko.

1.c) Enpresa pribatuetan transkribatzaile-lanpostu batean edo antzeko batean (*) emandako zerbitzuengatik, parlamentu-erakundeentzat edo edozein administrazio publikorenak diren zentro eta unitateentzat emandako zerbitzuei dagokienez: 0,5 puntu, lanean emandako urte bakoitzeko.

(*) Transkribatzaile-postuaren antzeko postutzat jotzen den bakarra da izen hori ez daukan bat, zeinetan dokumentu-argitalpenari begira dokumentuak transkribatu, maketatu edo diseinatzeko zereginek lanaren % 75 hartzen baitute gutxienez ere. Baloratua izan ahal izateko, zertzelada hori esanbidez adierazi beharko da merezimenduari buruzko frogagirietan. Transkripziotzat ulertzen da audio-artxiboak idatzizko artxibo bihurtzea.

Apartatu honetako baremoa aplikatzeko irizpideak.

1. Urte-kopurua ez baldin bada kopuru oso bat, zerbitzuan emandako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko da.

2. Lanaldi partzialean emandako zerbitzuen kasuan, horren araberako zatia deskontatuko da.

3. Ez dira baloratuko aldi berean emandako zerbitzuak, salbu eta lanaldi partzialean emandakoak badira.

2) Bestelako merezimenduak (gehieneko puntuazioa: 10 puntu).

2.a) Goi-mailako Lanbide Heziketako titulazio ofiziala: 0,5 puntu, deialdian eskatzen den baldintza betetzeko aurkezten den titulazio ofizialaz bestelako titulazio ofizial bakoitzeko.

2.b) Gradu, diploma edo lizentzia unibertsitarioko titulazio ofizial bakoitzeko: Puntu 1.

2.c) Edozein administrazio publikotan C mailako edo maila altuagoko lanpostu baterako oposizio bat edo oposizio-lehiaketa bat gainditu izateagatik: Puntu 1, gainditutako deialdi bakoitzeko.

2.d) Euskarako (*) edo atzerriko hizkuntzetako titulazio ofiziala edukitzeagatik (hizkuntza bakoitzean maila altueneko titulua bakarrik baloratuko da):

–B2 mailako titulazio edo ofizialki baliokidetzat aitortutako titulazio bakoitzeko: 0,5 puntu.

–C1 mailako titulazio edo ofizialki baliokidetzat aitortutako titulazio bakoitzeko: Puntu 1.

(*) Euskara merezimendu gisa baloratuko da hizkuntza-eskakizunik gabeko postuaren kasuan bakarrik. Lehiaketaldia amaituta dagoelarik, epaimahaiak bi zerrenda argitaratuko ditu Nafarroako Parlamentuaren iragarki-oholean eta webgunean, izangai bakoitzaren merezimendu-balorazioaren emaitzaren berri emateko. Lehenbiziko zerrendan izangai guztiak jasoko dira, lehiaketaldian lortu duten puntuazioa adierazita. Bigarren zerrendan C1 euskara-eskakizuna duen postura ere aurkezten diren pertsonak bakarrik agertuko dira, eta lehenbiziko zerrendarekiko alde bakarra izanen du ez duela merezimendu gisa barne hartuko euskararen jakitea, ezinbesteko baldintza baita postu horretara aurkezteko.

Merezimenduak frogatzeko dokumentazioa.

Eskabideari atxiki beharko zaio alegaturiko merezimenduen zerrenda bat, II. eranskin honetako baremoan ezarritako apartatuen arabera ordenatua, merezimendu horiek frogatzeko dokumentazioarekin batera, zeina honako agiriek osatuko baitute:

1.a) Organo eskudunak jaulkitako ziurtagiria, zeinetan xehetasunez adieraziko baita zer zerbitzu eman diren transkribatzaile-postu batean edo antzeko beste batean, parlamentu-izaerako erakundeetan. Halaber jasoko dira betetako zereginen deskribapena, zerbitzu horien hasiera- eta bukaera-datak, zer mailari atxikita egon diren, eta egokia den beste edozein datu gehigarri. Transkribatzaile-postuaren antzeko postutzat jotzen den bakarra da izen hori ez daukan bat, zeinetan dokumentu-argitalpenari begira dokumentuak transkribatu, maketatu edo diseinatzeko zereginek lanaren %75 hartzen baitute gutxienez ere. Baloratua izan ahal izateko, zertzelada hori esanbidez adierazi beharko da merezimenduari buruzko frogagirietan. Transkripziotzat ulertzen da audio-artxiboak idatzizko artxibo bihurtzea.

1.b) Organo eskudunak jaulkitako ziurtagiriak, zeinetan xehetasunez adieraziko baita zer zerbitzu eman diren, transkribatzaile-postu batean edo antzeko beste batean, edozein administrazio publikorenak diren zentro edo unitateetan. Halaber deskribatuko dira egindako zereginak, lan horien hasiera- eta bukaera-datak, zer mailari atxikita egon diren, eta egokia den beste edozein datu gehigarri. Transkribatzaile-postuaren antzeko postutzat jotzen den bakarra da izen hori ez daukan bat, zeinetan dokumentu-argitalpenari begira dokumentuak transkribatu, maketatu edo diseinatzeko zereginek lanaren %75 hartzen baitute gutxienez ere. Baloratua izan ahal izateko, zertzelada hori esanbidez adierazi beharko da merezimenduari buruzko frogagirietan. Transkripziotzat ulertzen da audio-artxiboak idatzizko artxibo bihurtzea.

1.c) Enpresak jaulkitako ziurtagiria, zeinetan xehetasunez adieraziko baita zer zerbitzu eman diren transkribatzaile-postu batean edo antzeko postu batean. Halaber jasoko dira betetako zereginen deskribapena, zerbitzu horien hasiera- eta bukaera-datak, zer parlamentu-erakunderentzat edo edozein administrazio publikoren zentro edo unitaterentzat egin diren lanak, eta egoki den beste edozein datu gehigarri. Transkribatzaile-postuaren antzeko postutzat jotzen den bakarra da izen hori ez daukan bat, zeinetan dokumentu-argitalpenari begira dokumentuak transkribatu, maketatu edo diseinatzeko zereginek lanaren %75 hartzen baitute gutxienez ere. Baloratua izan ahal izateko, zertzelada hori esanbidez adierazi beharko da merezimenduari buruzko frogagirietan. Transkripziotzat ulertzen da audio-artxiboak idatzizko artxibo bihurtzea.

2.a) Titulu ofizialaren fotokopia, edo eskabide-aurkezpenaren epea bukatzen den egunean hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Aurkeztu beharrekoak izanen dira bai goi-mailako Lanbide Heziketako titulu ofiziala, zeinarekin betetzen baita deialdian parte hartu ahal izateko baldintza (2. oinarria, 2.1.c) apartatua), bai merezimendu gisa baloratuak izateko aurkezten diren titulu ofizial gehigarriak.

2.b) Titulu ofizialaren fotokopia, edo eskabide-aurkezpenaren epea bukatzen den egunean hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

2.c) Organo eskudunak jaulkitako administrazio-ebazpenaren, argitalpen ofizialaren edo ziurtagiri ofizialaren fotokopia.

2.d) Organo eskudunak jaulkitako titulu ofizialaren edo ziurtagiri ofizialaren fotokopia.

III. ERANSKINA

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Gorte Nagusiak. Diputatuen Kongresua eta Senatua. Osaera eta eginkizunak.

2. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Estatuko botereak eta Estatuaren funtzioak. Gobernua. Administrazioa.

3. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Estatuaren lurralde-antolamenduaren printzipioak. Autonomia-erkidegoak. Konstituzio-printzipioak eta haien erakunde-antolamendua. Toki-administrazioa.

4. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Xedapen orokorrak. Nafarroako foru-erakundeak.

5. gaia.–Nafarroako Foru Diputazio edo Gobernua. Eginkizunak. Osaera. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Haren hautapena. Nafarroako Parlamentuaren aitzinean duen erantzukizuna.

6. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa.

7. gaia.–Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua. Foru-parlamentariak. Talde parlamentarioak.

8. gaia.–Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua. Parlamentuaren antolaketa. Lehendakaria, Mahaia eta Eledunen Batzarra. Batzordeak, Osoko Bilkura eta Batzorde Iraunkorra.

9. gaia.–Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua. Parlamentuaren funtzionamendua. Bilkurak, gai-zerrenda, bozketak, epe-zenbaketa eta agiri-aurkezpena.

10. gaia.–Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua. Legegintza-prozedura arrunta. Legegintza-prozedura bereziak.

11. gaia.–Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua. Jabeldura edo interpelazioak eta galderak. Mozioak.

12. gaia.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua. Nafarroako Parlamentuko administrazioaren antolamenduari buruzko erregelamendua.

13. gaia.–Nafarroako Kontuen Ganbera. Haren izaeraren, eginkizunen, antolamenduaren eta funtzionamenduaren azterketa laburra.

14. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa. Arartekoaren Estatutua. Eginkizunak, antolakuntza eta funtzionamendua.

15. gaia.–Europar Batasunaren antolamendua. Parlamentua, Kontseilu Europarra, Europako Batzordea. Osaera eta eginkizunak.

16. gaia.–39/2015 Legea, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. II. Titulua: administrazio publikoen jarduna. III. Titulua: administrazio-egintzak.

17. gaia.–Ahozko diskurtsoaren transkripzioa. Ahozko diskurtsoaren transkripzioaren inguruko problemak. Testua eta testuingurua. Ahozko hizkera eta idatzizko hizkera.

18. gaia.–Testu-kohesioa: espainieraren diskurtso-lokailuak.

19. gaia.–Espainieraren ortografia: puntuazio-ikurren erabilera. Ikur nagusiak eta bigarren mailako ikurrak.

20. gaia.–Espainieraren ortografia: azentuazioa. Azentu prosodikoa eta azentu grafikoa.

21. gaia.–Espainieraren ortografia: arau indardunak gaur egungo espainieran, letra larrien eta xeheen tratamenduari buruzkoak.

Oharra: Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indardun den araudiari heldurik.

Iragarkiaren kodea: F2206582