96. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

30/2022 FORU DEKRETUA, maiatzaren 4koa, zeinaren bidez aldatzen baitira abuztuaren 14ko 89/2019 Foru Dekretua, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena, eta urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretua, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Egokia da Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren izena aldatzea, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren berrikuspenera egokitzeko. Halaber, Inbertsioa Sustatzeko Zerbitzuaren eta Lehiakortasunaren Zerbitzuaren artean eginkizunen esleipen berria egin behar da; izan ere, Industria Lurzoruaren Atala Lehiakortasunaren Zerbitzuan sartu behar da. Era berean, atal jakin batzuen eginkizunak eta izenak zehaztu behar dira, eta Industriaren, Energiaren eta Meatzeen Araubide Juridikoaren Atalaren atxikipena aldatu, Idazkaritza Nagusi Teknikoaren barruan sartuko baita.

Horrenbestez, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2022ko maiatzaren 4an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Abuztuaren 14ko 89/2019 Foru Dekretua, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena, aldatzea.

Abuztuaren 14ko 89/2019 Foru Dekretuaren artikulu bakarra aldatzen da; foru dekretu horren bidez ezartzen da Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren oinarrizko egitura. Honela idatzita geldituko da:

“Artikulu bakarra.–Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren oinarrizko egitura.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:

a) Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusia.

b) Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusia.

c) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusia.

d) Idazkaritza Tekniko Nagusia.”

2. artikulua. Urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baita Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa, aldatzea.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretua aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

Bat. 8. artikuluan, “Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala”, n) letra aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

n) Enpresek beren jarduera ekonomikoa garatzeko behar dituzten azpiegiturak eskuratzea sustatzea, hala nola lurzorua, industriaguneak, hornidurak eta telekomunikazioak.”

Bi. 10. artikuluan, “Lehiakortasunaren Zerbitzuaren eginkizunak”, m) letraren idazketa aldatzen da, eta n) letra eransten:

“m) Jarduera ekonomikoetarako lurzorua eta espazioak izan daitezela sustatzea, baita horiek funtzionatzeko behar diren azpiegiturak ere.

n) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Hiru. 11. artikuluan, “Lehiakortasunaren Zerbitzuaren egitura”, c) letra gaineratzen da, honela idatzita:

“c) Industria Lurzoruaren Atala.”

Lau. 13 bis artikulu berria gehitzen da. Testu hau izanen du:

“13 bis artikulua. Industria Lurzoruaren Atalaren eginkizunak.

Honako eginkizun hauek ditu Industria Lurzoruaren Atalak:

a) Kudeatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren industria lurzorua.

b) Industria lurzorua kudeatzeko espedienteen departamentu arteko koordinazioa.

c) Kudeatzea industria lurzoruko azpiegiturak sustatzeko eta mantentzeko laguntzen deialdiak.

d) Industria lurzorua eta horri lotutako azpiegiturak garatzeko jarraibideak ezartzea, daudenak espezializatzea eta lurzorua eta azpiegiturak sortzeko inbertsioak lehenestea.

e) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Bost. 20. artikuluan, “Industria Sustatzeko Zerbitzuaren eginkizunak”, c) letra kentzen da. Honela idatzita zegoen: “Sustatzea izan daitezela jarduera ekonomikoetarako lurzorua eta espazioak, baita horiek funtzionatzeko behar diren azpiegiturak ere”.

Sei. 21. artikuluan, “Industria Sustatzeko Zerbitzuaren egitura”, a) letra aldatzen da, eta honela idatzita geratuko da:

“a) Enpresen Digitalizazioaren Atala.”

Zazpi. 21. artikuluan, “Industria Sustatzeko Zerbitzuaren egitura”, d) letra ezabatzen da.

Zortzi. 22. artikulua aldatzen da, eta hemendik aurrera honela idatzita geratuko da:

“22. artikulua. Enpresen Digitalizazioaren Atalaren eginkizunak.

Honako eginkizun hauek ditu Enpresen Digitalizazioaren Atalak:

a) Enpresen digitalizazioaren eta aldaketa teknologikoaren prozesuari jarraipena egitea eta koordinatzea.

b) Behar diren jarduketak kudeatzea bete daitezen Europa Digital Programak sozietateen digitalizaziorako ezartzen dituen helburuak, barnean direla inbertsioak eta deialdiak eta laguntzak ematea.

c) Informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera sustatzea, eta bultzatzea enpresa sektoreak.

d) Industrianavarra40.com web ataria sustatzea, haren jarraipena egitea eta kalitatez mantentzea.

e) Kudeatzea Datu Zientzietako Laborategia, eta sustatzea enpresek parte har dezatela haren jardueran.

f) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Bederatzi. 24. artikulua aldatzen da, eta hemendik aurrera honela idatzita geratuko da:

“24. artikulua. 4.0 Industria Sustatzeko Atalaren eginkizunak.

Honako eginkizun hauek izanen ditu 4.0 Industria Sustatzeko Atalak:

a) Sustatzea jarduera industriala sortu, hazi eta finkatu dadila.

b) Industrian, sustatzea inbertsio produktiboa, bai enpresa txiki eta ertainetan bai enpresa handietan.

c) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Hamar. 25. artikulua “Industria Lurzoruaren Atalaren eginkizunak” ezabatzen da.

Hamaika. 33. artikuluan, “ Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren egitura”, 2. apartatua kentzen da.

Hamabi. III. Kapituluan, “Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusia”, 5. Atala, “Industriaren, Energiaren eta Meatzeen Araubide Juridikoaren Atala” kendu egin da.

Hamahiru. 52. artikuluan, “Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuaren egitura”, a) letra aldatu egiten da, eta honela idatzita geratuko da:

“a) Turismo Eraldaketako eta Behatokiko Atala.”

Hamalau. 53. artikulua aldatzen da, eta hemendik aurrera honela idatzita geratuko da:

“53. artikulua. Turismo Eraldaketako eta Behatokiko Atalaren eginkizunak.

Honako eginkizun hauek izanen ditu Turismo Eraldaketako eta Behatokiko Atalak:

a) Turismoko plan estrategikoen ezarpenaren emaitzen jarraipena, kontrola eta ebaluazioa egitea, bereziki jasangarritasun turistikoko planena eta turismoa eraldatzeko Europako funtsekin finantzatutako beste deialdi batzuena.

b) Aginte taula definitzea, hala erraztu dadin turismo eta merkataritzako planen jarraipena eta gauzatze kontrola, lankidetzan gainerako zerbitzu eta unitateekin, eta Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako (S4) erronken jarraipena egitea.

c) Zuzendaritza Nagusiarekin eta gainerako zerbitzuekin koordinatuta, komunikazio plan integrala egitea eta garatzea Zuzendaritza Nagusiaren eta sektorearen xede diren hartzaileen artean.

d) Publikoari, sektore turistikoari, komertzialari eta kontsumitzaileei egindako komunikazioetan laguntza eta euskarria ematea.

e) Zuzendaritza Nagusiko Turismo eta Merkataritza Behatokia ezartzea, kudeatzea eta koordinatzea.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Turismoaren Informazio Integraleko Sistema diseinatzea, garatzea eta kudeatzea, eta turismoaren kontu satelitea egitea, Nastat-ekin eta garapen teknologikoaz arduratzen den unitatearekin lankidetzan eta koordinatuta.

g) Azterketak eta lanak gauzatzea, egin dadin eskaintzaren, eskariaren eta lehia turistiko eta komertzialaren behaketa ekonomikoa eta estatistikoa; datuak analizatzea eta interpretatzea; eta sektoreari jakinaraztea.

h) Aztertzea eta garatzea jasangarritasuna neurtzeko sistemak eta datu-base masiboak, koordinaturik Administrazioaren beste unitate eskudun batzuekin.

i) Bultzatzea lankidetza izan dadila turismoa neurtzeari, aztertzeari eta sustatzeari lotutako Espainiako eta nazioarteko entitate edo erakundeekin.

j) Berrikuntza teknologikoa sustatzea turismo eta merkataritzaren sektorean, elkarlanean Gobernuaren beste unitate eta plan batzuekin.

k) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Hamabost. 67. artikuluan, “Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura”, d) letra gehitzen da, idazketa honekin:

“d) Industriaren, Energiaren eta Meatzeen Araubide Juridikoaren Atala.”

Hamasei. 71. artikulua gehitzen da, idazketa honekin:

“71. artikulua. Industriaren, Energiaren eta Meatzeen Araubide Juridikoaren Atalaren eginkizunak.

Honako eginkizun hauek izanen ditu, industria antolamendu, energia eta meatzeen arloan, Industriaren, Energiaren eta Meatzeen Araubide Juridikoaren Atalak:

a) Errekurtso administratiboak ebazteko txostena eta proposamena egitea.

b) Xedapen orokorrak aztertzea eta prestatzea.

c) Biltzea Nafarroako, Estatuko eta Europar Batasuneko araudia.

d) Zehapen espedienteak tramitatzea.

e) Tramitatzea nahitaezko desjabetzeetarako espedienteak.

f) Eskatzen zaizkion txosten juridikoak egitea.

g) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Lehen xedapen gehigarria.–S4 delakoari buruzko aipamenak, S3 delakoari buruz izan beharrean.

Foru dekretu honetan S3 delakoari buruz (“Smart Specialization Estrategies” ingelesezkoaren siglak) egiten diren aipamenak, S4 delakoari buruz egiten direla ulertuko da (Espezializazio Adimentsuaren Estrategia jasangarritasunerako).

Bigarren xedapen gehigarria.–Unitateak kentzea.

Industrian Inbertsioa Sustatzeko Atala eta Behatokiaren eta Berrikuntzaren Atala kendu egin dira.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Unitateak sortzea.

Honako unitate hauek sortzen dira, kasu bakoitzean aipatzen diren baldintzekin:

–Enpresen Digitalizazioaren Atala: betebeharrik gabe.

–Turismo Eraldaketako eta Behatokiko Atala: betebeharrik gabe.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 4an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria, Mikel Irujo Amezaga.

Iragarkiaren kodea: F2206388