95. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Ordenantza fiskala, arautzen dituena ordaindu beharreko tasak aparkatze murriztuko eremuetan trakzio mekanikoko ibilgailuak aparkatzea gaitzen duten txartelengatik. Behin betiko onespena

Antsoaingo Udalak, 2022ko otsailaren 9an egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea ordenantza fiskal bat, arautzen dituena ordaindu beharreko tasak aparkatze murriztuko eremuetan trakzio mekanikoko ibilgailuak aparkatzea gaitzen duten txartelengatik.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2022ko 50. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 10ean. Hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, eta inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, ordenantzaren onespena behin betikotzat jotzen da, eta haren testu osoa iragarki honen bidez argitaratzen da, dagozkion ondorioetarako.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen harik eta haien testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu arte eta behar den epea amaitzen den arte, Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak erabil dezaten beren ahalmena toki-erakundeei eskatzeko deusezta ditzatela egin dituzten egintzak edo hartutako erabakiak (6/1990 Foru Legea, Toki Administrazioari buruzkoa).

Antsoainen, 2022ko apirilaren 27an.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DITUENA ORDAINDU BEHARREKO TASAK APARKATZE MURRIZTUKO EREMUETAN TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUAK APARKATZEA GAITZEN DUTEN TXARTELENGATIK

25. ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da ibilgailuak aparkatzea aparkatze mugatu edo murriztuko eremuetan, Trafikoari eta Mugikortasunari buruzko Ordenantzan ezarritakoaren arabera eta ordenantza horretan jasotako zehaztapenen arabera.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da, txartela edukitzeko eskubidea duten pertsona fisiko edo juridikoentzat, egiaztapen txartela eskuratzeko eskabidea aurkezten denean. Txartel hori izapidetzeko, ezinbestekoa izanen da behar den tasa aurretiaz ordaintzea, ez badago banku helbideratzerik.

Ordaintzera behartuta daudenak

4. artikulua. Tasak honako hauek ordaindu behar dituzte:

a) Ibilgailuaren titularra den pertsona fisikoa, baldin eta helbidea Antsoainen badu, bizilaguna dela egiaztatzen duen txartela eskuratzearen truke.

b) Ibilgailuaren titularra den pertsona fisiko edo juridikoa, baldin eta helbide fiskala Antsoainen badu, jarduera bat egiten duela egiaztatzen duen txartela eskuratzearen truke (merkataritza, industria, lanbide edo zerbitzu jarduerak).

c) Aparkatze murriztuko eremuan, ordutegi murriztuan, aparkatzeko txartel berezi baten edo aldi baterako txartel baten titularrak, txartel hori eskuratzearen truke.

Kudeaketa arauak

5. artikulua.

1. Urteko tasak hainbanatzen ahalko dira hilabete naturalen arabera –bizilagun txartelenak, ordutegi murriztuan aparkatzeko txartelenak zein merkataritza, industria, lanbide edo zerbitzu jarduerak egiten dituztenen txartelenak–, baldin eta baimendutako aldia urtebetetik beherakoa bada. Halakoetan, proportzionalki kalkulatuko da urtea bukatzeko falta den hilabete kopurua, txartela eskatu den hilabetea kenduta.

2. Erabiltzeko baldintzak betetzeari utzi diotelako, txartelak entregatzen dituztenei hilabete naturalen araberako hainbanaketa aplikatzen ahalko zaie, urtea bukatzeko falta den hilabete kopurua kontuan harturik, txartela entregatu den hilabetea kenduta, beraz. Dena den, 3. puntuko salbuespenak eginen dira.

3. Ez da kopururik batere itzuliko, baldin eta txartela deuseztatu edo kendu bada organo eskudunaren ebazpenez, txartel horren titularrak eskuratzeko eskubidea galdu duenean.

6. artikulua. Tasak ordainduko dira banku helbideratzearen bidez edota Udalaren kontuetan diru-sarrera eginez.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea–Bizilaguna izatea egiaztatzen duten txartelak edo ordutegi murriztuan aparkatzea gaitzen duten txartelak.

Urte fiskal bateko eperako ematen den txartel bakoitzeko: 25 euro.

Lehenaz geroztik, ematen den txartel bakoitzeko, galdu delako, ibilgailua aldatu delako edo beste edozer dela eta: 5 euro.

II. epigrafea.–Merkataritza, industria, lanbide edo zerbitzu jarduerak egitea egiaztatzen duten txartelak.

Urte fiskal bateko eperako ematen den txartel bakoitzeko: 25 euro.

Lehenaz geroztik, ematen den txartel bakoitzeko, galdu delako, ibilgailua aldatu delako edo beste edozer dela eta: 5 euro.

III. epigrafea.–Txartel bereziak eta aldi baterako txartelak.

Urte fiskal bateko eperako ematen den txartel berezi bakoitzeko (obretarako eta zaintza-lanetarako): 25 euro.

Lehenaz geroztik, ematen den txartel bakoitzeko, galdu delako, ibilgailua aldatu delako, etab.: 5 euro.

Hilabete bat (1) arteko eperako ematen den aldi baterako txartel bakoitzeko: 3 euro

Lehenaz geroztik, ematen den aldi baterako txartel bakoitzeko, galdu delako, ibilgailua aldatu delako edo beste edozer dela eta: 5 euro.

Iragarkiaren kodea: L2206150