94. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

320E/2022 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Arguedasko Udal Planaren aldaketari buruz (araudi partikularraren 111. artikulua), Idoia Delgado Berroetak sustaturik.

Arguedasko Udalak 2021eko azaroaren 29an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2021eko 281. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 16koan.

Aldaketak abeltzaintza intentsiborako eraikinei eragiten die, eta helburu du handitzea eraikinen luzera baimengarria eta, orobat, eraikuntzek lurzatietan hartzen ahal duten ehunekoa. Alde horretatik, proposamenak 111. artikuluko a) apartatua aldatzea dakar, baimen daitekeen luzera 50 m-tik 100 m-ra handitzeko, eta lurzatiaren okupazio muga ere %20tik %40ra handitzeko, hori guztia lehendik dauden instalazioak handitu eta animalien osasunari buruzko araudira egokitu ahal izateko.

Aldaketaren aplikazio eremua bat dator lurzoru urbanizaezinekin, non hirigintza planak aurreikusten duen abeltzaintza jarduerak ezartzea jarduera baimengarri gisa.

Aldaketaren ezaugarriak ikusita, Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du proposamenak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da Arguedasko Udal Planaren aldaketari buruz (araudi partikularraren 111. artikulua), Idoia Delgado Berroetak sustaturik, ingurumenean eragin nabarmenik ez duela iritzita.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Arguedasko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko apirilaren 19an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2205752