94. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Gutxieneko zerbitzuak, 0-3 urte bitarteko haur hezkuntzako ikastetxean greba egiteko deialdia dela eta

Udal honen alkateak 3233. Ebazpena eman zuen 2022ko apirilaren 29an, zeinaren bidez ezartzen baitira behar diren bermeak, oinarrizko zerbitzuak mantentze aldera 0-3 urte bitarteko haur hezkuntzako ikastetxean, 2022ko maiatzaren 2tik greba orokor mugagabea egiteko deialdia dela eta. Jarraian haren testu osoa, hitzez hitz.

Ikastetxea kudeatzeko kontratua duen adjudikaziodunak Udal honi jakinarazi dio greba deialdia egiteko erabakia, Garesko 0-3 urte bitarteko haur hezkuntzako ikastetxeko langileek greba egin dezaten.

Bat etorriz Lan-harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuarekin, grebak eragiten dio, aipatu kontratuaren bidez, oinarrizko zerbitzu publiko batez arduratzen den enpresa bati.

Gutxieneko zerbitzuak ezarri nahi dira langileen greba egiteko eskubidearen eta grebak ukitutako hezkuntza-eskubidearen arteko oreka zainduz; hartaz, alkate honen iritziz, bermatu egin behar da babestutako eta oinarrizko hezkuntza-eskubidea 0-3 urte bitarteko haur hezkuntzako ikastetxean. Izan ere, han 53 haur daude matrikulaturik gaur egun, aipatu den adin-tartekoak.

Ikastetxean 4 unitate daude orain:

–0-1 urte, euskara: unitate bat.

–1-2 urte, euskara: unitate bat.

–2-3 urte, euskara: unitate bat.

–1-3 urte, gaztelania: unitate bat.

Halaber, ikastetxean 2 garbitzaile daude lanaldi osoan, bai eta jantokiko 4 laguntzaile ere.

Kontuan hartuta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 21.1.s) artikuluan xedaturikoa, alkate honi esleitzen baitio beste udal organo batzuek esleitua ez duten eskumen oro.

Horrenbestez, EBAZTEN DUT:

1.–Oinarrizkotzat deklaratzea hezkuntza-eskubidea bermatzen duen zerbitzua Garesko Udalaren titulartasuneko 0-3 urte bitarteko haur hezkuntzako ikastetxean. Zerbitzu hori, hain zuzen, laguntza-kontratu baten bidez ematen du Ikusmira Kooperatiba sozietateak.

2.–Ezartzea ondoren azaltzen diren beharrezko bermeak (gutxieneko zerbitzuak), segurtatzeko hezkuntzarako oinarrizko zerbitzua mantentzen dela Garesko 0-3 urte bitarteko haur hezkuntzako ikastetxean, bat etorrarazita ikastetxeko lokaletan egonen diren haurrendako arreta segurtatzeko betebeharrarekin, bai 2022ko maiatzaren 2an, bai behar den gainerako egunetan, ikastetxe horretan greba egiteko deialdia dela eta.

3.–Hona hemen arrazoiak ebazpen hau emateko, Udalaren titulartasuneko Garesko 0-3 urte bitarteko haur hezkuntzako ikastetxean gutxieneko zerbitzuak ezartzeko:

–Behar den arreta ematea aipatu ikastetxean matrikulaturik dauden haurren hezkuntza-eskubideari, bermaturik haiek zainduta, elikatuta eta seguru egon daitezen, haien adin txikia dela eta.

–Behar den gutxienekora murrizten dira ikastetxean beharrezkoak diren langileak 53 haurrendako arreta bermatzeko, hezkuntza, jantokia eta garbiketa barne hartuta.

–Kontuan harturik neurriaren proportzionaltasuna eta ikastetxera joanen diren adingabeen hezkuntza-eskubidea eta arreta bermatu beharra, honako langile hauek ezartzen dira beharrezkotzat 2022ko maiatzaren 2rako eta grebak iraun bitarteko egunetarako, ohiko lanaldia eginez:

  • Zuzendaritzako kide bat (1) lanaldi erdian, txandakako egun osoetan.
  • 2 hezitzaile lanaldi osoan.
  • Garbitzaile bat (1) lanaldi osoan.
  • Jantokiko 2 langile lanaldi osoan.

4.–Ebazpen hau jakinaraztea Garesko 0-3 urte bitarteko haur hezkuntzako ikastetxeko Zuzendaritzari, behar diren neurriak har ditzan ebazpen honetan ezarritakoa betetze aldera, honako hauek adierazirik:

–Ikastetxeak behar bezala garbiturik eta desinfektaturik egon beharko du, behar diren neurriak hartuta COVID-19a dela eta.

–Greba hasi baino lehen, Udal honi jakinarazi beharko dio ikastetxean zein pertsonak lan eginen duten 2022ko maiatzaren 2an eta grebak iraun bitarteko hurrengo egunetan.

–Kontratuaren preziotik deskontatuko da greba eskubidea erabiltzen duten langileei dagokien zati proportzionala, greba egunetan ikastetxean ez baitute lan eginen.

–Ikastetxeak aditzera eman beharko die zerbitzuaren erabiltzaileei zer egoeratan emanen den zerbitzua eta zer neurri hartu diren.

5.–Ebazpen honen berri ematea langileen ordezkaritzari, behar diren ondorioetarako, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko lan arloko agintaritzari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari ere.

6.–Agintzea ebazpen hau argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan, eta haren berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran.

Aditzera ematen dizut, jakin dezazun eta ondorioak izan ditzan. Halaber, ohartarazten dizut ebazpen honen aurka errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, hautara:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroan administrazioarekiko auzietan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

Garesen, 2022ko apirilaren 29an.–Alkatea, Oihan Mendo Goñi.

Iragarkiaren kodea: L2206129