94. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

43E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 3koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, I+G proiektuak egiteko laguntzen 2022ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 624434.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren lerro estrategikoen artean, Nafarroako enpresek lehiatzeko duten gaitasunaren oinarrietako bat da berrikuntza, ulertzen baita berrikuntza eta puntako industria aurreratua ezin bereiziak direla eta, zenbat eta handiagoa izan berrikuntza, enpleguaren kalitatea handiagoa izanen dela, eta hori da, hain zuzen ere, Gobernuaren lehentasunezko helburuetako bat.

Gobernuaren 2017ko otsailaren 1eko Erabakiaren bidez, 2016-2020 aldirako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia (RIS3) onetsi zen, eta Gobernuaren 2021eko abenduaren 1eko Erabakiaren bidez eguneratu, 2021-2027 aldirako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia (RIS4) izatera pasa baitzen. Estrategia horren bidez, I+G+b-a sustatzen jarraitzen da, haren funtsezko jarduketetako bat den aldetik.

Estrategiak lehiakortasun arloko faktoreak identifikatzen ditu, bere helburu orokorrak lortzen lagunduko diotenak. Horien artean, I+G+b-a dago; horren bidez, jakintza zientifikoa eta teknologikoa sortzeko, balorizatzeko eta aplikatzeko sustapena gauzatu nahi da, Nafarroako enpresei balio handiagoa emateko, zentro teknologikoen eta unibertsitateen ikerketa eta berrikuntza estrategian lehenesten diren sektore ekonomikoetara bideratzeko, eta bai ekonomiaren digitalizazioa bai enpresa berritzaileen eraketa bultzatzeko.

Aurreko urteetako esperientziaren aurrean, orduan ezarri baitziren Garapen Ekonomikorako kontseilariren maiatzaren 20ko 91/2016 Foru Aginduaren bidez I+G proiektuetarako laguntzen deialdien oinarriak, erabaki da araudi hori gainditzea, araudi berri bat eginez, zeina ebazpen honi erantsi baitzaio. Helburua da, alde batetik, onuradunei hobeki egokitzea eta, bestetik, balorazio- zein funtzionamendu-irizpideak hobetzea.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren apirilaren 22ko 18/2022 Foru Aginduaren bidez, indargabetu da 91/2016 Foru Agindua, 2016 eta 2021 artean I+G proiektuetarako laguntzen araubidea ezarri zuena. Hori dela eta, zuzendari nagusi eskudunaren eskumena da laguntzen urteko deialdiak onestea, dagokion gastua baimentzea eta urte jakin horretako deialdiari eragiten dioten baldintzak ezartzea.

Nafarroako Gobernuak 2022ko apirilaren 27an hartutako Erabakiaren bidez baimendu zuen deialdi honetarako eta haren tramitaziorako behar diren urte anitzeko gastu konpromisoak hartzea.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. I+G proiektuak egiteko laguntzen 2022ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira, baldin eta aurrekontuko krediturik bada:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005 82600 7701 467309 [PEP: E-21-000412-01]: I+G proiektuetarako dirulaguntzak. Nafarroako EGEF Programa Eragilea 2021-2027

2022

1.000.000

820005 82600 7701 467309 [PEP: E-21-000412-01]: I+G proiektuetarako dirulaguntzak. Nafarroako EGEF Programa Eragilea 2021-2027

2023

7.000.000

820005 82600 7701 467309 [PEP: E-21-000412-01]: I+G proiektuetarako dirulaguntzak. Nafarroako EGEF Programa Eragilea 2021-2027

2024

4.000.000

Orobat, 2.000.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Zenbateko hori eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

1. 12.000.000 euroko urte anitzeko gastua honela banatuko da:

–Banakako proiektuak: 4.000.000 euro.

–Enpresen arteko lankidetza proiektuak: 4.000.000 euro.

–Ezagutza transferitzen duten proiektuak: 4.000.000 euro.

Modalitate bateko eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu baimenduan soberakinik gelditzen bada, beste modalitate batzuetako proiektuak diruz laguntzeko erabiltzen ahalko da, eta horretarako irizpidea izanen da, lehenbizi, ebaluazio fasean puntuazio altuena lortu duten proiektuak diruz laguntzea.

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 3an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da enpresek industria ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuak egin ditzaten bultzatzea, haien lehiakortasuna eta eskualdekoa handituko dituen dinamizazio teknologikoa bultzatzeko asmoz.

Era berean, ezagutzaren transferentzia sustatu nahi da, I+G proiektuak batera eginez enpresen eta ikerketarako eta ezagutzak zabaltzeko erakundeen artean.

Deialdi honen ondorioetarako, SINAIri atxikitako unibertsitateak, ikerketa-zentroak, osasun-ikerketako institutuak, zentro teknologikoak eta enpresetako I+G+b unitateak hartuko dira ikerketarako eta ezagutzak zabaltzeko erakundetzat.

2. oinarria.–Proiektu modalitateak.

“Industria ikerketako” eta “garapen esperimentaleko” proiektuak izanen dira laguntzaren xede, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 85) eta 86) apartatuetan zehaztutakoaren arabera; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren merkatu bateratuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Hauek dira diruz lagun daitezkeen proiektuen modalitateak:

1. Banakako proiektua. Enpresa bakar batek egindako proiektua, haren aprobetxamendua enpresaren egungo edo etorkizuneko produktuei edo prozesuei aplika dakiekeenean.

Banakako proiektutzat hartuko da, halaber, enpresako I+G+b unitate bakar baten partaidetza daukana; bakarrik edo enpresa batekin edo gehiagorekin parte har dezake, baldin eta enpresa horiek edozein motatako partaidetza edo erabakitzeko ahalmena badute bertan. Kasu horretan, laguntzaren intentsitatea 7.1.b oinarrian adierazitakoa izanen da.

2. Enpresen arteko lankidetza proiektua. Bi enpresak edo gehiagok egindako proiektua, haren aprobetxamendua parte-hartzaile guztien egungo edo etorkizuneko produktu edo prozesuei aplika dakiekeenean eta honako baldintza hauek betetzen direnean:

a) Proiektuak gutxienez bi enpresa independenteren arteko benetako lankidetza ekartzea, ikerketarako eta ezagutzak zabaltzeko erakundeen parte-hartzerik gabe.

b) Horietako bat, gutxienez, enpresa txikia edo ertaina izatea, eta

c) Horietako bakar batek ere ez hartzea bere gain diruz laguntzen ahal diren gastuen %70 baino gehiago.

Baldintza horiek betetzen ez dituzten proiektuak banakako proiektutzat hartuko dira laguntzaren intentsitateari dagokionez, eta, hala badagokio, hasierako balorazioa aldatuko da.

Orobat, Nafarroan kokatua dagoen enpresa batek Nafarroan kokatuta ez dagoen enpresa batekin edo gehiagorekin egindako lankidetza proiektu baterako laguntza eskatuz gero, Nafarroako enpresari eman beharreko laguntzak banakako proiektu bati dagozkion intentsitatea eta baldintzak izanen ditu.

Bidezkoa denean enpresaren tamaina kontuan hartzea, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoa aplikatuko da.

3. Ezagutza transferitzeko proiektua. Halako proiektua izanen da Nafarroan kokatutako enpresa batek edo batzuek eta ikerketarako eta ezagutzak zabaltzeko erakunde batek edo batzuek elkarrekin egiten dutena, baldin eta proiektu horren aprobetxamendua enpresa parte-hartzaile guztien oraingo edo etorkizuneko produktu edo prozesuei aplika badakieke, betiere honako baldintza hauek beteta:

a) Proiektuan gutxienez bi alderdi independente arituko dira benetan lankidetzan.

Deialdi honen ondorioetarako, enpresa autonomoaren definizioarekin antza duenez eta kontuan hartuta Batzordearen 2003/361/EE Gomendioa eta Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren 3.2.b artikulua, ulertuko da ez dagoela benetako lankidetzarik gutxienez bi alderdi independenteren artean (enpresa eta ikerketarako eta ezagutzak zabaltzeko erakundea), baldin eta erakundeak eta enplegatuek, banaka zein batera hartuta, enpresaren kapitalaren edo boto-eskubideen %50 baino gehiago badute.

Era berean, ez da benetako lankidetzatzat hartuko, alderdiak independenteak ez direla ulertuta, lankidetzan aritzen badira enpresako I+G+b unitate bat eta unitate horretan edozein partaidetza edo erabakitzeko ahalmena duen enpresa bat edo gehiago.

b) Ikerketarako eta ezagutzak zabaltzeko erakundeek bere gain hartuko dute diruz lagundu daitezkeen kostuen %10 gutxienez, eta %40 gehienez, eta beren ikerketaren emaitzak argitaratzeko eskubidea izanen dute.

Baldintza hori betetzen ez bada proiektua amaitzean, aurkeztutako zenbatekoak partzialki eta beherantz onartuko dira, ehunekoak bete daitezen.

c) Parte hartzen duen enpresetako batek eramanen du proiektuaren koordinazioa eta lidergoa, eta

d) Jarduera ez ekonomikoak izanen dira ikerketarako eta ezagutzak zabaltzeko erakundeek egiten dituzten jarduerak, bat etorriz ikerketa, garapen eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko esparruaren (2014/C 198/01) 2.1.1 atalean ezarritakoarekin.

Data jakin batetik aurrera baldintzak betetzen ez badira, alde batera utzita b apartatuan ezarritakoa, mugarriak kobratzeko eskubidea galduko da egun horretatik aurrera, kontuan izan gabe 16. oinarrian araututakoa.

Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 83) apartatuan jasotzen da ikerketarako eta ezagutzak zabaltzeko erakundearen definizioa, eta artikulu beraren 90) apartatuan, benetako lankidetzaren definizioa.

3. oinarria.–Erakunde onuradunak.

1. Honako hauek dira laguntza hauek jaso ditzaketenak:

1.1. Baldintza hauek betetzen dituzten enpresak:

a) Lantokia Nafarroan izatea eta bertan egitea diruz laguntzen diren jarduerak.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

Enpresek zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeari begira, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza ematea ebazten duen proposamena egiten den unean.

1.2. Ikerketarako eta ezagutzak zabaltzeko erakundeak, baldin eta aurreko apartatuko a) eta c) letretako baldintzak betetzen badituzte eta Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzioko eragileen erregistroan egiaztatuta badaude.

Banakako proiektuetan enpresa gisa aritzen diren enpresako I+G+b unitateek 1.1 apartatua bete beharko dute.

1.3. Erakunde bereziek edo exekuzioko eragileen koordinatzaileek, baldin eta Nafarroako I+G+B Sisteman (SINAI) erregistroan egiaztatuta badaude eta 1.1 apartatuko a) eta c) letretan adierazitako baldintzak betetzen badituzte, parte hartzen ahalko dute gutxienez bi enpresen arteko lankidetza- edo transferentzia-proiektuetan.

2. Eskabide telematikoan dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuz frogatuko da eskatzen diren beharkizunak betetzen direla.

3. Krisian dauden enpresak ezin izanen dira onuradun izan:

a) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende dauden erakundeak, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo ondoren; ez eta, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan definitzen den gisan, krisian dagoen enpresatzat sailkaturik daudenak ere.

b) “Krisian dauden enpresak”, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. puntuan ezarritako definizioaren arabera.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

Gastu hauek hartuko dira laguntza jaso dezaketen gastutzat: diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzunda, behar-beharrezkoak direnak onartutako proiektua garatzeko, memoria teknikoan eta eskaeran aurkeztutako proiektuaren deskribapena oinarri hartuta. Eskatzaileak justifikatzen ez duen gastu oro kenduko da proiektuaren aurrekontu hautagarritik. Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

1. Nolakoak diren laguntzen erakunde onuradunak, gastu hauek onartuko dira:

1.1. Hurrengo 1.2 apartatuan sartzen ez diren ikerketarako eta ezagutzak zabaltzeko erakunde eta enpresentzat:

a) Zuzenean proiektuan aritzen diren langileen gastuak (ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak), horretan aritzen diren neurrian eta denbora horretan. Gehienez ere 40 euroko dirulaguntza emanen da ordu bakoitzeko.

Era berean, onargarria izanen da kaleratzeagatik edo kontratu-amaieragatik eman beharreko kalte-ordainaren gastua, baina soilik proiekturako berariaz kontratatutako langileentzat eta proiektuari egotzitako orduetarako. Kontzeptu hori ez da zenbatuko aurreko apartatuan ordu bakoitzeko adierazitako kostu diruz lagungarrirako.

Ezagutza transferitzeko proiektuetan, enpresako langileen gastuak ezin izanen dira finantzatu, baldin eta, erakundeko langileak izanik edo proiektua hasi aurreko sei hilabeteetan bertan enplegatuak izanik, lotura badute proiektuarekin edo erakundeko sail zehatz horrekin eta, beraz, pentsatzekoa bada proiektuan parte hartzeak jakintza benetan transferitzea ez dakarrela (nahiz eta proiektuaren aurrekontuan sartu beharko diren nahitaez, baina soilik zenbatekoaren eta partaidetzaren baldintzetan konputatzeko).Finantzatzen ahalko dira erakundean irakaskuntza emateko bakarrik enplegatzen diren langileak.

Onuraduna enpresaburu indibiduala baldin bada, eta aukeraren kostua aintzat hartzeko, hau da, I+G proiektuan jardun bitartean pertsona autonomoak ez duela fakturatzen (eta horren ondorioz diru-sarrera txikiagoak ditu), honelako soldata-kostu hauek ezarri dira:

KUALIFIKAZIOA

EUROAK ORDUKO

Doktoretza

40

Masterra

35

Unibertsitateko titulua/Gradua

30

Lanbide Heziketa edo Batxilergoa

25

Kualifikaziorik gabea

20

b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: lehengaiak eta beste hornigai batzuk. Material horiek beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko eskuratuz gero, banaketa irizpide bat beharko da, behar bezala justifikatua, proiektuaren jardueretan erabilitako kopuruaren araberakoa.

c) Ekipoak amortizatzeko gastuak, asmakuntza-patenteenak, baliagarritasun-modeloenak eta sendagaiak eta produktu fitosanitarioak babesteko ziurtagiri osagarrienak, ondare-elementu horiek proiekturako erabiltzen diren neurrian eta bitartean.

Gastu horiei dagokienez, honako hau hartu beharko da aintzat:

1. Kanpoan geratzen dira beste dirulaguntza edo laguntza publikoren bat jaso duten kostuak.

2. Proiektua gauzatzeko beharrezko ekipamendua finantzatuko da, baina ez erabilera orokorreko gailu informatikoak (PCa, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...).

3. Ondare-elementu horiek proiektua gauzatzen denean sortzen dituzten gastuak ere diruz lagunduko dira, baldin eta errentamendu finantzarioaren edo operatiboaren eta antzekoen modalitateetan erabiltzen badira, bazter utzita interesei dagokien kuotaren zatia.

4. Laguntza hauen ondorioetarako, taulen araberako amortizazioa aplikatuko da, sozietateen gaineko zergaren erregelamenduko (urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuak onetsia) 2. artikuluan adierazitako koefiziente eta aldien arabera.

d) Kanpoko kolaborazioen gastuak, izan unibertsitateenak, zentro teknologikoenak edo proiektuari lotutako I+G lanak eta ezagutza teknikoen ekarpenak egiten dituzten beste enpresa batzuenak.

Kanpoko laguntza ematen duena ikerketarako eta ezagutzak zabaltzeko erakundea baldin bada, zehazki ikerketarako erakunde publiko bat, zuzenbide publikoko entitate bat edo I+Gko bestelako erakunde publiko bat, diruz lagungarriak izanen dira, bakar-bakarrik, erakunde horrek zerbitzua emateko izan dituen kostuak, artikulu honen 1.2 apartatuan ezarritakoaren arabera.

e) Estatuko edo Europako azpiegitura zientifiko eta tekniko bereziak erabiltzearen ondoriozko gastuak.

f) Proiektuak sortutako patenteak eskatzeko gastuak. Gastu horrek ez du dirulaguntzarik izanen enpresa handientzat.

g) Argitalpen zientifikoen gastuak: osorik laguntzen ahalko dira diruz, baldin eta ikertzaileetako bat lehen egilea edo korrespondentziako egilea bada. Bestela, argitalpenean parte hartzen duten proiektuko ikertzaileen gastuak baino ez dira diruz lagunduko, egileen kopuru osoaren proportzioan.

h) Proiektuarekin zuzeneko lotura duten beste gastu batzuk, benetan hura gauzatzeko erabili direnak, baldin eta zehazten ahal bada proiektu horretan berariaz erabili direla eta, banan-banan hartuta, proiektuari esleitzen ahal bazaizkio.

Apartatu honetan sartzen ahalko da aholkularitza-gastuengatik ordaindutako zenbatekoa, baldin eta onuradunak ez badu 2015etik jaso deialdi honetako laguntzarik; horretarako baldintza izanen da eskatzaileak eta hari elkartutako edo lotutako enpresek Nafarroako Gobernuaren laguntzarik jaso ez izana I+G proiektuetarako aipatutako epean. Kontzeptu horrengatik gehienez 1.500 euro jasoko dira eskabide batean edo gehiagotan.

1.2. Gertatzen denean ikerketarako eta ezagutzak zabaltzeko erakundeak direla ikerketarako erakunde publikoak, unibertsitate publikoak, zuzenbide publikoko erakundeak edo I+G-ko beste erakunde publiko batzuk, aurreko apartatuan adierazitako gastuak lagunduko dira diruz, ulertzen baita honako hauen bidez kontratatutako langileen gastuei bakarrik hel dakiekeela:

–Proiektuan jarduteko iraupen mugatuko kontratuak.

–Proiektuari lotutako iraupen mugagabeko kontratuak, ikerketa-proiektuetan jarduteko soilik egindakoak.

Proiektuan aritzen diren eta aurreko paragrafoan jasota ez dauden langileak nahitaez sartu beharko dira proiektuaren aurrekontuan, zenbatuak izan daitezen zenbatekoaren eta partaidetzaren baldintzetan.

1.3. Unibertsitateek, ikerketa-zentroek, osasun-ikerketako institutuek eta zentro teknologikoek zeharkako kostu gisa egozten ahalko dute diruz lagundu daitezkeen langileen kostu zuzenen %15. Proiektuak gauzatzean egin diren zeharkako kostu horiek kasuan kasuko eragiketa gauzatzeari egozten ahal zaizkion kostu errealetan oinarrituko dira, oro har onartuta dauden kontabilitateko printzipio eta arauekin bat, edo antzeko eragiketei egozten ahal zaizkien batez besteko kostu errealetan.

2. Proiektuak helburu desberdinak dituzten hainbat azpiproiektu egitea badakar (helburu anitzeko proiektua), azpiproiektu bakoitzerako identifikatu eta sailkatu beharko dira gastuak.

3. I+G proiektua gauzatu bitartean fabrikatutako prototipoen kasuan, produkzio jardueran erabiltzen badira edo merkaturatzen badira, haiek fabrikatzean erabilitako materialen kostua ez da sartuko diruz lagungarriak diren gastuetan.

I+G proiektua gauzatzearekin lotutako prototipoak eskuratu, eraiki edo hobetzen badira, eta prototipo horiek ez badira merkaturatzen edo ez badira produkzio-jardueran erabiltzen, prototipo horiei eutsi beharko zaie, gutxienez bi urtez, dirulaguntzaren azken ordainketaren datatik aurrera.

Azpiproduktuen, hondakinen eta berreskuratze materialen salmentagatik edo produkzioan aprobetxatzeagatik lortutako diru-sarrerak ere proiektuaren gastuetatik kenduko dira.

4. Ekipamenduko ondasunengatik edo zerbitzuak emateagatik eginiko gastu diruz lagungarrietakoren bat 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du, egiaztatua izan dadin efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak baliatuz egin dela hautaketa. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, eta hautatzen den eskaintza justifikatuko da.

Lotutako enpresa batekin gastua egiten duen onuradunak ez du hornitzailearen hautaketa justifikatu beharko, kasu horretan 12.3 oinarrian adierazitako moduan justifikatuko baita.

5. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen, proiektuko jarduerekin loturaren bat badute ere:

a) Langileen prestakuntzarako gastuak.

b) Proiektuaren dokumentazioari dagozkion gastuak.

c) Proiektuaren kudeaketari eta dirulaguntzen eskaerak tramitatzeari lotutako aholkularitza- eta ziurtapen-gastuak, salbu eta 4.1.1 g) oinarriaren kasuan bezala berariaz baimendutakoak.

d) Administrazio gastuak eta bulegoko materialarenak.

e) Bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, egonaldia eta joan-etorriak.

f) Proiektua kudeatzeko zereginekin lotura duten administrazioko langileen kostuak.

g) Merkatu-azterlanak, sustapen- eta hedapen-gastuak, azoketan parte hartzea.

h) EE marka.

5. oinarria.–Eragin pizgarria.

651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz, laguntza horiek ondorio pizgarria izan behar dute; hortaz, laguntzak eskatzen dituztenek ezin izanen dituzte diruz laguntzen diren jarduerak abiatu eskaera aurkeztu baino lehen. Edonola ere, bideragarritasunari buruzko azterlanak egiten ahalko dituzte, baina ez dira laguntzen eskaeran sartuko, ez baitira diruz lagungarriak.

Horrenbestez, laguntzak eskatu aurretik hasitako proiektuek ez dute diru-laguntzarik izanen. Proiektua deskribatzen duen memoria teknikoan adierazitakoa izanen da “proiektuaren hasiera eguntzat” hartuko dena.

6. oinarria.–Proiektua gauzatzeko epeak.

1. Proiektuaren muga-egunak.

Hasiera: 2022ko ekainaren 1etik aurrera, eta beti eskaera aurkeztu ondoren.

Amaiera: gehieneko epea 2024ko maiatzaren 31ra arte.

2. Proiektuen iraupena bi urtekoa izan daiteke gehienez, hiru gauzatze-epetan banatuta, banaketa honen arabera:

–Lehenengo epea: proiektua hasten den egunetik 2022ko irailaren 30era arte (egun hori barne) egiten diren jarduerak bilduko ditu.

–Bigarren epea: 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era arte egiten diren jarduerak bilduko ditu, edo proiektua amaitu artekoak, lehenago amaitzen bada.

–Hirugarren epea: 2023ko urriaren 1etik proiektua bukatu arte egiten diren jarduerak bilduko ditu.

3. Proiektu bakoitza gauzatzeko epea gehienez ere lau hilabetez luzatzen ahalko da, 13. oinarrian adierazitako moduan.

7. oinarria.–Laguntzen intentsitatea eta gehieneko zenbatekoa.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak proiektua ebaluatu ondoren diruz laguntzeko modukotzat jotako gastuei aplikatuko zaien laguntza zenbaterainokoa den zehazteko, erakunde onuradun hauek hartuko dira kontuan:

a) Enpresak izanez gero:

Laguntzaren intentsitatea proiektuaren balorazioan lortutako puntuazioaren araberakoa izanen da, 10. artikuluan ezarritakoaren arabera. 100 puntu lortuz gero, gehieneko laguntza emanen da, taula honetan kasu bakoitzerako ezarritakoari jarraikiz:

KALIFIKAZIOA

MODALITATEA

TAMAINA

TXIKIA

ERTAINA

HANDIA

Industria ikerketa

Banakakoa

%70

%50

%35

Enpresen arteko lankidetza edo ezagutzaren transferentzia

%80

%65

%50

Garapen esperimentala

Banakakoa

%45

%25

%10

Enpresen arteko lankidetza edo ezagutzaren transferentzia

%60

%40

%25

Aurreko taulako gehieneko intentsitateak kontuan harturik, honela kalkulatuko da jaso beharreko laguntza onuradun eta proiektu bakoitzerako:

Laguntzaren intentsitatea = proiektuaren balorazio osoa x gehieneko intentsitatea /100.

CDTI-Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroarekin batera kofinantzatutako proiektuak salbuetsita geldituko dira, horiek honelako laguntza intentsitateak jasoko baitituzte:

TXIKIA

ERTAINA

HANDIA

CDTI Zentroarekin batera kofinantzatutako proiektua

%15

%10

%5

Ez dira inoiz gaindituko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako gehieneko laguntza-intentsitateak.

b) Nafarroako I+G+b Sisteman (SINAI) inskribatuta dauden exekuzioko eragileen kasuan, laguntzaren intentsitatea %100 artekoa izaten ahalko da, baldin eta jarduera ekonomikoak eta ez ekonomikoak egiten badituzte eta bi jarduera mota horiek eta bakoitzari dagozkion kostuak eta finantzaketa argi bereizteko moduko kontabilitatea badute.

Bi jarduerak ezin bereizi diren kasuan, aurreko letran enpresentzat zehaztutakoa izanen da laguntzaren gehieneko intentsitatea.

2.1 oinarrian aipatutako banakako proiektuetan, enpresako I+G+b unitateentzako laguntzaren intentsitatea a) apartatuko taulakoa izanen da, %10 handituta enpresa ertaina bada, eta %15 handituta handia bada.

2. Laguntzaren mugak.

a) Hauxe izanen da laguntzen gehieneko zenbatekoa deialdi bakoitzean:

PROIEKTUAREN MODALITATEA

GEHIENEKO PROIEKTU KOPURUA ONURADUN BAKOITZEKO

ONURADUN BAKOITZEKO, GEHIENEZ (eurotan)

PROIEKTU BAKOITZEKO, GEHIENEZ (eurotan)

Banakakoa

1

200.000

200.000

Enpresen arteko lankidetzakoak

1

200.000

500.000

Ezagutzaren transferentzia

1

200.000

500.000

b) Erakunde onuradunek jaso beharreko laguntzen gehieneko zenbatekoak, aurreko taulako hiru proiektu motetatik bakoitzerako adierazi direnak, independenteak dira beren artean.

c) Enpresa onuradunek laguntza bakarra jasotzen ahalko dute deialdi eta proiektu mota bakoitzerako. Modalitateren batean proiektu bat baino gehiago aurkeztuz gero, puntuazio altuena lortzen duen proiektuari emanen zaio laguntza. Onuradun bakoitzeko proiektu bat finantzatu ondoren kreditu erabilgarria geratzen bada soilik lagunduko dira diruz aurkeztutako bigarren proiektuak, eta batera lehiatuko dira hiru modalitateetako proiektuak, lehentasun-ordenaren arabera.

d) Onuradun bakoitzeko gehieneko laguntza eta finantzaketa lor dezaketen modalitateko proiektuen kopurua ez zaie aplikatuko unibertsitateei, ikerketa-zentroei, osasun-ikerketako institutuei eta zentro teknologikoei; hala ere, laguntza kontuan hartuko da proiektu bakoitzeko gehieneko laguntza ezartzeko.

e) Eskatzen den finantzaketa zenbatekoa den adieraziko da proiektua deskribatzen duen memoria teknikoan, eta, enpresen arteko lankidetza proiektuetan eta ezagutza transferitzen dutenetan, parte-hartzaile bakoitzaren arabera xehakatua aurkeztuko da.

8. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta zer egunetan argitaratzen den, hurrengo hilabetean bukatuko da, egun berean.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.es) dagokion fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da nahitaez.

3. Honako hau da laguntza eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa:

a) Tramite telematikoan sortutako eskabidea.

b) 3.2 oinarriko erantzukizunpeko adierazpena.

c) Proiektuaren eta eskatzailearen datuak jasotzen dituen inprimakia.

d) Proiektua deskribatzen duen memoria teknikoa.

e) Langileek erakundeko I+G+b proiektu guztietan izanen duten dedikazioa jasotzen duen inprimakia.

f) Lankidetza-hitzarmena, 4. apartatuaren arabera, lankidetza- eta transferentzia-proiektuetarako.

g) Kontu itxiak, enpresa txiki eta ertainen kasuan, 5. apartatuaren arabera, edo Nafarroako Merkataritza Ganberaren ordezko ziurtagiria.

Dokumentuak artxibo digitalak izanen dira, eta zein bere aldetik aurkeztuko dira, beren izenarekin behar bezala identifikatuta.

Apartatu honetan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

4. Enpresen arteko lankidetza proiektuen kasuan eta ezagutza transferitzen dutenenean, parte-hartzaile bakoitzak egin beharko du eskabide telematikoa eta c) dokumentua gehitu, “Proiektuaren eta eskatzailearen datuak jasotzen dituen inprimakia” izenekoa. Proiektua koordinatzen duenak memoria tekniko deskribatzailea (bakarra izanen da) eta aldeek sinatutako lankidetza hitzarmena aurkeztuko ditu.

5. Enpresa ertainek eta txikiek azken 3 ekitaldietan itxitako kontuak erantsi beharko dizkiote eskabideari; orobat, langileen kopurua adieraziko dute, bai eskatzailearena, bai hari elkartutako eta lotutako enpresena, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko. Kontu horiek izanen dira Merkataritza Erregistroan edo Kooperatiben Erregistroan aurkeztu beharrekoak, eta erregistroak emandako memoriak eta txostenak aurkeztuko dira.

Kontuak erregistroan aurkeztera behartuta ez dauden enpresa txiki eta ertainen kasuan edo langile autonomoen kasuan, PFEZaren aitorpena aurkeztuko dute.

Enpresen eta haiei elkartutakoen eta lotutakoen kontuak aurkeztu beharrean, onartuko da Nafarroako Merkataritza Ganberak enpresaren tamainari buruz emandako ziurtagiria aurkeztea.

Bestela, 7. oinarrian enpresa handientzat adierazitakoa izanen da emanen zaien laguntzaren intentsitatea.

9. oinarria.–Norgehiagoka.

Laguntza horiek emateko prozedura norgehiagoka izanen da. Beraz, 10. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioak gainditu dituzten proiektuak alderatuko dira, horien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko, oinarri horretan finkatutako balorazio-irizpideen arabera.

Lehentasun-hurrenkera ezartzeko, a), b), c) eta d) apartatuetako puntuazioa bakarrik hartuko da kontuan, apartatu horien batura konparatuz.

Puntuazioan berdinduz gero, a) apartatuan lortutako puntuazioa kontuan hartuta erabakiko da. Berdinketak bere horretan badirau, b), c), d), l), g), i), j) eta k) apartatuetan lortutakoa hartuko da aintzat hurrenez hurren, berdinketa desegin arte. Azken kasuan, negozio-bolumen txikieneko enpresa duenari emanen zaio lehentasuna.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, aurreko lehentasun-hurrenkeraren arabera puntuazio handiena eskuratzen duten proiektuei 7. oinarrian ezarritako laguntzaren intentsitatea aplikatuko zaie onetsitako aurrekontuaren gainean, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

10. oinarria.–Proiektuak baloratzeko irizpideak.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak irizpide hauen arabera baloratuko ditu proiektuak, aurkezten den dokumentazioan oinarrituta:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

a) Proiektuaren irismen teknologikoa

30

15

b) Proiektuaren berritasun maila

20

10

c) Aurrekontuaren justifikazioa

15

8

d) Aurkeztutako memoriaren kalitatea

10

5

a+b+c+d apartatuen baturaren gutxieneko puntuazioa

75

40

e) Doktoreak ikerketa taldean

3

-

f) Emakumeen parte-hartzea ikerketa taldean

3

-

g) Sektoreetako kokapena, teknologia estrategikoak eta erronkak

4

-

h) Patenteak eta argitalpenak

3

-

i) Lankidetza proiektuak - Teknologia estrategikoa: IKTak, bioteknologia edo manufaktura aurreratua

3

-

j) Ekonomia zirkularra sustatzea

4

-

k) Enpresen parte-hartzea

2

-

l) Enpresa deialdira aurkezten den lehen aldia

3

-

Proiektuaren balorazio osoa (apartatu guztien batura)

100

40

a) Proiektuaren irismen teknologikoa, gai hauei dagokienez:

–Proposatutako helburuak lortzeko arrisku teknologikoa, zailtasun teknikoa. 12 puntu.

–Egungo konponbideen gabeziak eta proposatutako konponbidearen balorazio teknologikoa, beste batzuen aldean. 10 puntu.

–Ebatzi beharreko problema eta merkatu aukerak. 8 puntu.

b) Proiektuaren berritasun maila. Alderdi hauek baloratuko dira:

–Berrikuntzaren hedadura/garrantzia: baxua, ertaina edo altua. Berrikuntzaren garrantzia altuagoa izanen da sektorean erabili ohi diren teknologiekin alderatuta nabarmen aurreratuagoak direnak garatuz gero, edo helburuen kuantifikazioan jauzi handia gertatzen bada, merkatuan ez dagoen produktu bat baldin bada edo produktuaren ezaugarri asko aldatzen badira.

–Berrikuntzaren hedadura-esparrua: erregio mailakoa (10 eta 15 puntu bitarte, hedadura txikia, ertaina edo altua den), nazio mailakoa (12 eta 17 puntu bitarte) edo nazioartekoa (15 eta 20 puntu bitarte).

c) Proposamena gauzatzeko aurrekontuaren justifikazioa giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez, dedikazioaren eta kostuaren ikuspegitik.

Gastuaren beharra eta proiektuko partiden zenbatespena justifikatu beharko dira. Egotzitako gastu bakoitza deskribatu beharko da, eta haien zerikusia proiektuaren jarduerekin; langileen zeregin teknikoak; materialen kostuaren eta kopuruaren banakapena; kanpoko lankideen parte-hartzea.

Apartatu hau baloratzeko orduan, kontuan hartuko da bai gastuak ongi deskribatu diren, bai ongi egokitzen diren proposatutako helburuetara eta haien zailtasun mailara.

d) Aurkeztutako memoriaren kalitatea, arlo hauei dagokienez:

–Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).

–Zereginen definizioa, gauzatzeko kronograma, esleitzen diren baliabideak.

e) Doktoreak ikerketa taldean. Gehienez, 3 puntu emanen zaizkie taldean langile doktoreak dituzten proiektuei, tarte hauen arabera:

DOKTOREEN ORDUAK/GUZTIRA

PROIEKTUAREN ORDUAK PUNTUAZIOA

≥ %3 eta < %25

1

≥ %25 eta < %50

2

≥ %50

3

f) Emakumeen parte-hartzea ikerketa taldean Emakumeek ikertzaile taldean duten parte-hartzea baloratzeko, proiektuko ordu guztiekin alderatuta, emakumeek sartutako orduen portzentajea hartuko da kontuan, honako tarte hauen arabera:

EMAKUMEEN ORDUAK/GUZTIRA

PROIEKTUAREN ORDUAK PUNTUAZIOA

≥ %25 eta < %50

1

≥ %50 eta < %75

2

≥ %75

3

Pertsonaren izena ezagutzen ez denean kontratazio berrien orduetan, ez dira kontuan hartuko ondorio hauetarako, ez emakume gisa, ez gizon gisa, ez eta guztira ere.

g) Sektoreetako kokapena, teknologia estrategikoak eta erronkak.

Ondorio hauetarako, sektore hauek identifikatu dira:

–Automozioa eta mekatronika.

–Elikakatea.

–Energia berriztagarriak eta baliabideak.

–Sorkuntza industriak eta industria digitalak.

–Osasuna.

–Turismo integrala.

Honako hauek dira Nafarroarentzako teknologia estrategikoak, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren 2016-2020 Planean identifikatuak:

–IKTak.

–Bioteknologia.

–Manufaktura aurreratua.

4 puntu emanen zaizkie hauetako bi egoeretako batean dauden proiektuei:

1) Sektore batean edo gehiagotan kokatuta dauden proiektuak, baldin eta aipatutako teknologia estrategikoetako batean zentratzen badira.

2) Honako erronka hauetakoren bati erantzuten dioten proiektuak:

–Ibilgailu elektrikoaren sustapena.

–Nafarroako industriaren 4.0. eraldaketa.

–Elikaduraren balio-katea eratzea.

–Elikadura osasuntsuaren aldeko apustua.

–Energia fosilaren kontsumoa gutxitzea.

–Sektore eolikoa indartzea.

–Ekonomia zirkularra sustatzea.

–Osasun zerbitzuen efizientzia handitzea (e-Health).

–Medikuntza pertsonalizatua garatzea.

–Eskaintza turistiko integralaren nitxo berriak.

–Sorkuntza industriak eta industria digitalak.

2 puntu emanen zaizkie sektoreetan soilik kokatzen diren proiektuei eta teknologia estrategikoren batean soilik zentratzen diren proiektuei.

h) Patenteak eta argitalpenak. Patente eta argitalpenen eskaerak baloratuko dira. 3 puntu emanen dira Europako patentea eskatu bada edo Q1 motako aldizkari zientifiko batean argitaratuz gero. 2 puntu emanen dira Espainiako edo hirugarren herrialdeetako patentea eskatu bada edo aldizkari zientifiko batean argitaratuz gero. Puntu 1 emanen da baliagarritasun-modeloa eskatuz gero, edo sendagaiak eta produktu fitosanitarioak babesteko ziurtagiri osagarria.

i) Lankidetza proiektuak - Teknologia estrategikoa: IKTak, bioteknologia eta manufaktura aurreratua. 3 puntu emanen zaizkie lankidetza edo transferentzia proiektuei, baldin eta proiektuan sektoreren bateko enpresa batek parte hartzen badu gutxienez, eta harekin batera, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren 2016-2020 Planean identifikatutako teknologia estrategiko bateko enpresa batek edo gehiagok (IKTak, bioteknologia eta manufaktura aurreratua), sektore eta teknologia berekoak izan gabe.

j) Ekonomia zirkularra sustatzea. Gehienez 4 puntu emanen zaizkie ekonomia zirkularra sustatzen duten proiektuei:

  • Puntu 1, memorian baloratuko diren alderdietatik, bat gutxienez berariaz justifikatzen bada.
  • 2 puntu, memorian baloratuko diren alderdietatik, 2 gutxienez berariaz justifikatzen badira.
  • 3 puntu, memorian baloratuko diren alderdietatik, 4 gutxienez berariaz justifikatzen badira.
  • 4 puntu, memorian baloratuko diren alderdietatik, 6 gutxienez berariaz justifikatzen badira.

Baloratzen ahal diren alderdiak:

1) Proiektuaren ondorioz baliabide naturalak modu eraginkorragoan erabiltzea, batez ere jatorri biologikoko material jasangarriak eta beste lehengai batzuk, honako ekintza hauen bitartez, besteak beste:

1.1) Lehengai primarioen erabilera murriztea edo azpiproduktu eta lehengai sekundarioen erabilera handitzea, edo

1.2) Energia- eta baliabide-efizientziako neurriak.

2) Proiektuak produktuen iraunkortasuna handitzea, baita konpontzeko, eguneratzeko edo berrerabiltzeko aukerak ere, diseinu- eta fabrikazio-jardueretan bereziki.

3) Proiektuak produktuen birziklapena handitzea, bai eta produktu horietan dauden materialen birziklapena ere, besteak beste, birziklagarriak ez diren produktuak eta materialak ordezkatuz edo gutxiago erabiliz, batez ere diseinu- eta fabrikazio-jardueretan.

4) Proiektuak nabarmen murriztea substantzia arriskutsuen edukia, eta oso kezkagarriak diren substantziak ordezkatzea materialetan eta produktuetan, haien bizi-ziklo osoan, Batasuneko Zuzenbidean ezarritako helburuekin bat etorriz, bereziki substantzia horien ordez alternatiba seguruagoak ezarriz eta haien trazabilitatea bermatuz.

5) Proiektuak produktuen erabilera luzatzea, zehazki honako hauek sustatuz: berrerabilpena, iraunkortasunerako diseinua, orientazio berriak, desmuntatzea, eguneratzea, konponketa eta erabilera partekatua.

6) Proiektuak lehengai sekundarioen erabilera eta horien kalitatea handitzea, bereziki kalitate handiko hondakinak birziklatuz.

7) Proiektuak hondakinen sorrera prebenitzea edo murriztea, bereziki mineralen erauzketatik datorrena eta eraikinen eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

8) Proiektuak hondakinak berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestakuntza handitzea.

9) Proiektuak hondakinak kudeatzeko azpiegituraren garapena handitzea, azpiegitura hori beharrezkoa baita prebentziorako, berrerabilpena prestatzeko eta birziklatzeko, eta, aldi berean, bermatzea berreskuratutako materialak kalitate handiko bigarren mailako lehengai gisa birziklatzen direla ekoizpenean, degradazio-zikloa saihestuz.

10) Proiektuak errausketa ahalik eta gehien murriztea eta hondakinak isurtzea saihestea, zabortegietan deskargatzea barne, hondakinen hierarkiaren printzipioekin bat etorriz.

11) Proiektuak ingurumenean hondakinak barreiatzea saihestu eta murriztea.

k) Enpresen parte-hartzea. Gehienez 2 puntu emanen zaizkie enpresen partaidetza hau duten proiektuei:

ENPRESEN AURREKONTU ONARTUA/PROIEKTUAREN AURREKONTUA

PUNTUAZIOA

≥ %70

1

≥ %80

2

l) Enpresa deialdira aurkezten den lehen aldia. 3 puntu emanen zaizkie proiektuei haietan parte hartzen duen enpresa batek proiektua edo proiektuak deialdi honetara lehen aldiz aurkezten dituenean. Ulertuko da hala dela ez eskatzaileari ez hari elkartutako edo lotutako enpresei ez zaienean inolako laguntzarik eman Nafarroako Gobernuak I+G proiektuetarako 2015eko proiektuen laguntza-deialditik, hura barne.

2. a), b), c) edo d) letretako irizpideetako batean gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten proiektuak ez dira beste irizpideen arabera baloratuko, eta haien laguntza eskaera baztertu eginen da. Baztertu eginen dira, orobat, gutxieneko puntuazio horiek lortuta ere, balorazio irizpide guztien multzoan 40 puntutara iristen ez diren eskaerak.

11. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Enpresa Berrikuntzaren Atalak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Hartan adieraziko da erakunde onuradunek dirulaguntza eskuratzeko eskatzen diren beharkizun guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Erakunde onuradunen zerrenda, proiektuaren modalitatearen arabera eta lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatuta, eta haietako bakoitzaren proiektuaren titulua eta laguntzaren zenbatekoa adierazita, azken hori proiektua gauzatzeko hiru epetan banatuta.

Onartutako laguntza zatika ordainduko da, 15. oinarrian adierazitako moduan.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia da organo eskuduna dirulaguntza nori eman ebazteko. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

3. Laguntzei uko eginez gero edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, laguntza ematen ahalko zaie aurrekontu-kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren beste eskaera batzuei, aurrekontuan behar adina diru egonez gero. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

12. oinarria.–Azpikontratazioa eta lotutako enpresekiko harremana.

1. Ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean I+G proiektua zati batean gauzatzea, nahiz eta berez egin ditzakeen jarduerak izan, horretarako baliabideak dituelako.

Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa eta emandako dirulaguntzaren %20tik gorakoa denean, kontratua idatzita egin beharko da, eta frogagiriekin batera aurkeztu.

2. Dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoaren %50era arteko azpikontratazioa egin daiteke hirugarrenekin. Lankidetza proiektu bateko aldeek ezin izanen dituzte inoiz beren artean azpikontratatu proiektuaren jarduerak.

3. Lotutako enpresen kasuan, onuradunak I+G proiektuaren gauzatze partziala kontratatu edo azpikontratatzen ahalko du haiekin, inguruabar hauek gertatuz gero:

a) Gastu diruz lagungarriak izatea, 4. oinarrian zehazten den bezala.

b) Laguntza-eskaeran jasotzea eta laguntza ematen duen organoak baimentzea, gastu hori diruz lagungarritzat hartuz laguntzak emateko ebazpenean.

c) Gastuak justifikatzea, onuradunaren eta hari lotutako enpresaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuta. Gainera, fakturaren kontzeptuei dagozkien frogagiriak aurkeztuko dira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, langileria kostuak justifikatzen dituzten nominak, hirugarren baten faktura materialetarako, etab.).

Ez da onartuko kostuak garestitzea industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

Apartatu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, “lotutako enpresa” izanen dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

13. oinarria.–Diruz lagundutako proiektua aldatzea.

1. Laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu behar dira I+G proiektuak. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak gertatzen direnean, baimena eskatu beharko zaio organo kudeatzaileari aldaketa egin aurretik, laguntzen fitxaren bitartez.

Ez da inoiz aldaketa bat baino gehiago onartuko proiektu bakoitzeko, hura gauzatzen den epe bakoitzean.

2. Honako aldaketa hauek baimentzen ahalko dira:

a) Proiektuaren iraupena; gehienez ere lau hilabetez luzatzen ahalko da.

b) Laguntza emateko ebazpenean diruz laguntzen diren kontzeptuak. Laguntza-eskaeran adierazitako zehaztasun berberarekin adierazi beharko dira egin beharreko aldaketak.

Ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimena eskatzea diruz laguntzen diren gastuen %10 gainditzen ez duten igoeren kasuan, baldin eta beste batzuk jaitsiz konpentsatzen badira, laguntzaren guztirako zenbatekoa aldatu gabe. Igoera horiek behar bezala arrazoitu beharko dira frogagirietan. Desbideratze horiek ez dira proiektu-aldaketatzat hartuko.

c) Ikerketa taldearen osaera, beherantz aldatzen denean proiektuan emakumeek duten presentziagatik lortutako puntuazio gehigarria.

d) Enpresen arteko lankidetza-proiektu baten edo ezagutza transferitzeko proiektu baten alderdiak, haietako batek proiektua osorik edo partzialki uzteagatik edo beste batek proiektuaren zati bat bere gain hartzeagatik, hasierako onuraduna izanda edo ez. Proiektuan sartzen den enpresa orok nahitaez bete beharko ditu laguntzen onuradun izateko eskatzen diren baldintza guztiak.

3. Baimena aldaketa egin aurretik eskatu beharko da.

Enpresen arteko lankidetza-proiektuen kasuan eta ezagutza transferitzeko proiektuen kasuan, proiektua koordinatzen duenak eginen du eskaera, eta aldaketek alderdi guztiei eraginen diete. Eskatzaileak horien berri eman beharko die alderdiei, eta eskabidean ados daudela adieraziko dute.

14. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Laguntzen entitate onuradunek diruz lagundutako jarduketa justifikatu beharko dute oinarri honetan ezartzen diren epeetan.

Proiektua gauzatzeko luzapena ematen bada, justifikatzeko epea hiru hilabetekoa izanen da, luzapena amaitzen den egunetik aurrera.

Onuradunek, telematika bidez, laguntzen fitxa baliatuz aurkeztu beharko dute hurrengo dokumentazioa, fitxa horretan eskura daitekeen ereduari jarraituz:

1.–Tarteko lehen txostena aurkeztea. Txosten bat aurkeztuko da, zehazten duena noraino bete dituen proiektuak helburu teknikoak, eta, harekin batera, onuradunak proiektuaren hasieratik 2022ko irailaren 30era arte (egun hori barne) egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena.

2022ko urriaren 1era arte aurkez daiteke (egun hori barne).

2.–Justifikazio partziala aurkeztea. Dokumentazio tekniko-ekonomikoa aurkeztuko da, proiektuaren hasieratik 2023ko martxoaren 31ra arte egindako gastua bilduko duena, edo proiektua amaitu artekoa, lehenago amaitzen bada.

2023ko uztailaren 1era arte aurkez daiteke (egun hori barne), edo proiektua amaitu eta hiru hilabetera beranduenez, lehenago amaitzen bada.

3.–Tarteko bigarren txostena aurkeztea. Txosten bat aurkeztuko da, zehazten duena noraino bete dituen proiektuak helburu teknikoak, eta, harekin batera, onuradunak 2023ko apirilaren 1etik irailaren 30era arte (egun hori barne) egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena.

2023ko urriaren 1era arte aurkez daiteke (egun hori barne).

4.–Azken justifikazioa aurkeztea: Dokumentazio tekniko-ekonomikoa aurkeztuko da, 2023ko apirilaren 1etik 2024ko maiatzaren 31ra arte egindako gastua bilduko duena, edo proiektua amaitu artekoa, lehenago amaitzen bada.

2024ko irailaren 1era arte aurkez daiteke (egun hori barne), edo proiektua amaitu eta hiru hilabetera beranduenez, lehenago amaitzen bada.

Ondorio horietarako, egindako gastutzat hartuko da justifikazioa amaitu aurretik ordaindu dena. Lehenengo epeetan aurkeztu ez diren gastuak hurrengo aldietan aurkezten ahalko dira.

Dokumentazio tekniko-ekonomikoa aurkeztu behar da, deialdiaren web fitxan eskuragarri dagoen inprimakiaren arabera:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-para-realizar-proyectos-de-i-d-convocatoria-2022

3. %100eko laguntza eskuratzen duten onuradunek, justifikazio partzialarekin eta azkenekoarekin batera, justifikazio kontu bat beharko dute aurkeztu, auditorearen txostena gehituta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa) xedatutakoarekin bat, diruz laguntzen ahal diren gastuak xehakatuta eta, zein den kasua, proiektuari egozten ahal zaizkion diru-sarrerak. Txostenean egiaztatuko da diruz lagundutako jarduera ez-ekonomikoei dagozkiela gastuak, bai eta proiektuari lotutako zeharkako gastuei ere, diruz lagungarriak direnean, eta, bidezkoa bada, egindako inbertsioen egiaztapen materiala ekarriko du, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 29. artikuluarekin bat.

Kasu horietan, 1.200 euro arteko dirulaguntza emanen da, gehienez ere, auditoretzako txostenaren kostua finantzatzeko, onuradun eta justifikazio partzial edo oso bakoitzeko. Gastu hori 4.1.1.g) oinarrian deskribatu den “Bestelako gastuak” izeneko apartatuari egotziko zaio.

15. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Lau mugarrietako bakoitza taula honetan adierazitako moduan aurkeztu ondoren ordainduko da laguntza:

LAGUNTZAREN ORDAINKETA

GAUTZATZEKO EPEAK

MUGARRIAK

Tarteko lehen
txostena

Justifikazio
partziala

Tarteko bigarren txostena

Azkeneko justifikazioa

Lehenengo epea

a) Konturako lehen ordainketa

Bigarren epea

b) Likidazio partziala

c) Konturako bigarren ordainketa

Hirugarren epea

d) Azken likidazioa

a) Lehen konturako ordainketa: 14. oinarrian aurreikusitako tarteko lehen txostena aurkeztu ondoren.

Lehenengo epeari dagokion laguntza ordainduko da.

Hala badagokio, galdutzat emanen da epe horri dagokion aurrekontuko dirulaguntza kobratzeko eskubidea, baldin eta lehen txosten horretan aitortuta ez badago.

Onuradunek eska dezakete konturako lehen ordainketari uko egitea. Uko egitea onartzen bada, lehen epeko zenbatekoa bigarren epekoari gehituko zaio, eta batera ordainduko dira justifikazio partzialean. Ez da beharrezkoa izanen konturako lehen ordainketaren dokumentazioa aurkeztea, eta, beraz, ezin izanen da kobratzeko eskubiderik galdu lehen epean gastua ez betetzeagatik. Aurrekontu-arrazoiengatik uko egiteko eskaera guztiak onartu ezin badira, onartutako laguntzaren intentsitatearen arabera onartuko dira, handienetik txikienera.

b) Likidazio partziala: 14. oinarrian aurreikusitako justifikazio partziala aurkeztu ondoren.

Konturako lehen ordainketa likidatuko da, eta, hala badagokio, deklaratuko da ordainketa horretan pagatutako zenbatekoak kobratzeko eskubidea galdu dela, baldin eta justifikazio partzialean justifikatzen ez badira. Baldin eta zenbateko handiagoa justifikatzen bada konturako ordainketa horretan pagatutako zenbatekoa baino, zenbateko horiek justifikatutzat joko dira bigarren eperako.

Justifikazio partzialean justifikatutako bigarren epeko zatia likidatu eta ordainduko da, epe horretako zenbatekoaren mugarekin.

c) Bigarren konturako ordainketa: 14. oinarrian aurreikusitako tarteko bigarren txostena aurkeztu ondoren.

Laguntzaren gainerakoa ordainduko da, bigarren aurrekontu-epeari dagokiona.

Likidazio partzialean onartutako gastuaren eta tarteko bigarren txosten horretan aitortutakoaren batura ez bada iristen aurrekontuan bigarren epeari dagokion dirulaguntzaren guztizko zenbatekora, deklaratuko da aldea kobratzeko eskubidea galdu dela.

Onuradunek eska dezakete konturako bigarren ordainketari uko egitea. Uko egitea onartzen bada, onuradunak adierazitako zenbatekoa bigarren epetik kenduko da eta hirugarren epekoari gehituko zaio. Azken justifikazioan justifikazio partzialetik egindako gastuak ordainduko dira, eta ez da beharrezkoa izanen konturako bigarren ordainketaren dokumentazioa aurkeztea. Justifikazio partzialean galduko da bigarren epeko gastuak ez betetzeagatik kobratzeko eskubidea, konturako bigarren ordainketan egin beharrean. Aurrekontu-arrazoiengatik uko egiteko eskaera guztiak onartu ezin badira, onartutako laguntzaren intentsitatearen arabera onartuko dira, handienetik txikienera.

d) Azken likidazioa: 14. oinarrian aurreikusitako azken justifikazioa aurkeztu ondoren.

Konturako bigarren ordainketa likidatuko da, eta, hala badagokio, deklaratuko da ordainketa horretan pagatutako zenbatekoak kobratzeko eskubidea galdu dela, baldin eta azken justifikazioan justifikatzen ez badira. Baldin eta zenbateko handiagoa justifikatzen bada konturako ordainketa horretan pagatutako zenbatekoa baino, zenbateko horiek justifikatutzat joko dira likidazio honetarako.

Hirugarren epea likidatu eta ordainduko da, kontuan izanik proiektu osorako konpromisoak eta betebeharrak konplitu diren.

Betiere, 60.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten proiektuetan, egiaztapen materiala eginen da azken likidazioa egin aurretik.

Apartatu honen b) eta d) letren azken likidazioa eta likidazio partziala egiteko proposamenekin batera, proiektuaren bilakaera zientifiko-teknikoaren balorazio positiboari buruzko txosten bat aurkeztuko da.

2. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, baldin eta onuradunek justifikatzen badute funtsak behar dituztela diru-laguntzaren xedeak betetzeko.

3. Laguntzak gehienez ere sei hilabeteko epean ordainduko dira, 14. oinarrian eskatzen den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenda geldituko da aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

16. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten erakundeek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen eredua erabiliz, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin bat.

Informazio betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Emandako laguntzei uko eginez gero, ahalik eta lasterren jakinaraztea Enpresa Berrikuntzaren Atalari, aurrekontua erabilgarri ahal izateko.

c) 14. oinarrian ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatzea dirulaguntzaren xedeko jarduerak.

d) Laguntzaren ebazpenean adierazten denean Europar Batasuneko egitura funtsen bidez kofinantzatzen dela, 18. oinarrian ezarritakoa ere bete beharko da.

e) Dirulaguntzaren xedeko I+G proiektuaren emaitzak zabaltzea 17. oinarrian adierazitako moduan.

f) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

g) Gaitutako helbide elektronikoa (GHE) izatea, laguntzekin lotutako jakinarazpen elektronikoak jaso ahal izateko, 19. oinarrian adierazitako moduan, eta gutxienez 4 urtez edukitzea azken ordainketa egiten denetik.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Dirulaguntza ematen duten ebazpenetan, oinarri hauetan edo Dirulaguntzei buruzko foru legean ezarritako betebeharretako bat betetzen ez bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta zerbait aurreratu bada, hura itzuli beharko da foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Onuradunek diruz lagundutako I+G proiektua gauzatzen ez badute, honako zigor hauek ezarriko zaizkie laguntzaren azken likidazioa egitean:

a) Laguntza-intentsitatea zehaztu bada 10. oinarrietako irizpideen arabera, eta azken justifikazioa egiteko unean irizpide horiek betetzen ez badira, ordainketa egitean, laguntzaren intentsitatea egokituko da benetan justifikatzen den kopurura.

b) Gauzatutako proiektua txikiagoa bada laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren %65 baino, onuradunei ordaindu beharreko laguntza koefizienteaz (C) biderkatuko da, emandako proiektuaren gainean gauzatutako proiektu osoaren aurrekontuaren arabera (PE), biak ehunekotan adierazita, honako adierazpen hauekin bat:

C = 2xPE-30, (PE = gauzatutako aurrekontua/emandako aurrekontua)

c) Aurrekontuaren %30etik behera gauzatu bada, deklaratuko da onartutako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, eta, kasua bada, eskatuko da ordaindutakoa itzultzeko.

17. oinarria.–Diruz lagundutako proiektuaren emaitzen zabalkundea.

1. Laguntzen erakunde onuradunek ondoko jarduketa hauek egin beharko dituzte diruz lagundutako I+G proiektuaren emaitzak zabaltzeko:

a) Betetzea proiektuaren emaitzen inkesta, laguntzen fitxan prest egonen dena. Inkesta horretatik, emaitza agregatuak emanen dira aditzera soilik, helburu estatistikoetarako.

b) Diruz lagundutako proiektuaren nondik norainokoari eta emaitzei buruzko dokumentu idatzia aurkeztea.

c) Diruz lagundutako proiektuaren bideo bat aurkeztea, bertan jasota, gutxienez ere, parte hartzen duten erakundeen eta ikertzaile taldearen aurkezpena, proiektuaren helburuak eta lortu diren emaitzen deskripzioa.

d) Proiektua argitaratu edo haren jendaurreko aipua eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela agerrarazi beharko da, bai eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak ere (EGEF), hala baldin bada.

2. Proiektuaren azken justifikazioarekin batera aurkeztu beharko da aurreko apartatuko a), b) eta c) letretan adierazitako dokumentazioa.

3. Bideoa nahitaez aurkeztu beharko da 200.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten proiektuentzat, eta nahi izanez gero gainerakoentzat.

Enpresen arteko lankidetza proiektuen kasuan eta ezagutza transferitzen dutenetan, bideoa bakarra izanen da proiektuarentzat.

4. 1. apartatuko b) eta c) letretan aipatu diren dokumentua eta bideoa Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus) zabalduko dira.

5. Proiektuaren emaitzak zabaltzeko materialetan ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik azalduko, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira.

18. oinarria.–Europar Batasuneko Egiturazko Funtsen kofinantzaketa.

1. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak laguntza hauen %40 kofinantzatzen ahalko du Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Eragilearen bidez, programa eragile horren “Enpresek gidatutako I+B jarduerak bultzatu eta sustatzea eta enpresa berritzaileak sortu eta sendotzeko laguntza” izeneko 1.2.1 berariazko helburua gauzatu arte.

2. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Eragilearen bidez kofinantzatuko dituen proiektuak hautatzeko irizpidea ezarriko da zenbateko handieneko eragiketak eta Nafarroako espezializazio estrategikoaren sektoreak ordezkatzen dituztenak hautatuz.

3. Erakunde onuradunek 2028ko abenduaren 31ra arte gorde beharko dituzte proiektuen frogagiriak.

2. Laguntza hauen erakunde onuradunak, betiere kontzesioaren ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantziazioaren onuradunak ere izanen direnez, ondokoa aplikatuko zaie:

a) Dirulaguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrol jarduketen xede izatea onartzea, baita kontrol horietan lagundu beharra ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

b) Proiektuak justifikatzeko dokumentazioa 2028ko abenduaren 31ra arte gorde beharko dute, eta, nolanahi ere, azken ordainketa egin eta 4 urtera arte gutxienez. Laguntzak kudeatzen dituzten organoek dokumentazio hori eskatzen ahalko dute, eta proiektuaren jarraipena egiteko bisitak ezartzen ahalko dira.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, EURATOM) Erregelamenduak, Batasunaren aurrekontu orokorrari aplikatzekoak diren finantza-arauei buruzkoak, 132. artikuluan ezartzen duenaren arabera, 5 urtez zaindu eta gorde behar da finantzatutako jardueraren dokumentazioa, ordainketa edo azken saldoa egiten denetik aurrera, eta 3 urtez, berriz, finantzaketa 60.000 eurotik gorakoa ez bada, eta laguntzen organo kudeatzaileek eskatzen ahalko dute proiektuaren jarraipena eta bisitak egitea.

c) EGEFaren ekarpena jendaurrean paratu beharko dute, web-orrian ondokoa ikusgai jarriz, proiektuak irauten duen bitartean gutxienez:

“Enpresa honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %40an kofinantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Eragilearen bidez”. Horrekin batera, deialdiaren fitxan deskargatzeko dagoen logotipoa ere paratuko da.

Enpresak web-orririk ez badu edo korporazioaren web-orria aldatzeko baimenik ez badu, laguntzak kudeatzen dituen organoak emanen dion EGEF logotipoaren eranskailua ikusgai jarri beharko du enpresan, argi ikusteko moduko toki batean, proiektuak dirauen bitartean gutxienez ere.

19. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Modu telematikoan jakinaraziko dira laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta egintza administratiboak, eskatzaileen gaitutako helbide elektronikora (GHE). Horretarako, eskatzailea, GHEa izateaz gain, Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egonen da.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

2. Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-para-realizar-proyectos-de-i-d-convocatoria-2022

20. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

1. Arautzen diren laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz besteko administrazio publikoek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.

2. Helburu bererako laguntza bat gehiago dauden egiaztatzeko, diruz laguntzen diren gastuen beren gainean eginen da, ez daitezen gainditu 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako laguntzak.

3. Erakunde onuradunek aditzera eman beharko diote Enpresa Berrikuntzaren Atalari proiektuari lotutako beste laguntza batzuk lortu dituztela, laguntzen eskabidean berean, edo kanpoko laguntza jaso bezain laster, eta, betiere, 14. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkezterakoan.

21. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.

Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 25. artikuluan ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26koan).

22. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Enpresa Berrikuntzaren Atalak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Europar Batasuneko Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Eragilea kudeatzeko agintari gisa, informazio bera argitaratuko du bere web-orrian (https://www.fondoseuropeos.hacienda.gob.es).

23. oinarria.–Enpresen sustraitzea.

Deialdi honi abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legea aplikatuko zaio, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzkoa, bai eta lege hori garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak ere.

25. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2206394