93. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

16E/2022 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Lurralde Antolamenduko kontseilariak emana, behin betiko onesten duena “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea; espedienteak 10. ordenantzako 19. artikuluari eragiten dio eta Berrikuntzaren Hiriaren kontserbaziorako hirigintza entitateak sustatu du.

2021eko ekainaren 23an, Berrikuntzaren Hiriaren kontserbaziorako hirigintza entitateak aipatutako espedientea izapidetzeko eskaera aurkeztu zuen (687966 dokumentua).

Espedientearen xedea da “Ekohiriaren” aukera-eremuari buruzko 10. ordenantzaren 19. artikulua aldatzea, posible izan dadin lurzati bakoitzean zolatutako azaleraren gehieneko portzentajea % 5 handitzea, % 20tik % 25era, baldintza hauek betetzen badira:

1.–Proposatutako zoladurak tartea izan behar du lurzatiaren aurrealdean, 20 metro gutxienez, eta 10 metro gainerako mugetan, alde batera utzita desgaitasuna dutenentzat gordetako toki egokituak.

2.–Proiektatutako zoladura egiteko, geogelaxka ekologikoak erabiliko dira, % 100 birziklagarriak diren materialekin egindakoak, eta berariaz debekaturik egonen dira hormigoizkoak, zeramikazkoak edo metalezkoak.

Antolamenduko zuzendari nagusiak urtarrilaren 17an emandako 2E/2022 Ebazpenaren bidez, espedientearen izapidetzeari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hori 2022ko 29. aldizkarian argitaratu zen, otsailaren 9koan.

Espedientea jendaurrean egon den bitartean eta entzunaldian ez du inork alegazio idazkirik aurkeztu.

Babes Zibileko Zerbitzuaren 2021eko irailaren 14ko txostenean jasotakoaren arabera, hasiera emateko ebazpenak honako hau xedatzen zuen: “Espedientea ebazteko baldintza gisa ezartzea SUDS sistemen aipamena egitea 10. ordenantzako 19. artikuluaren testu aldatuan”.

2022ko martxoaren 17an, sustatzaileak berriz aurkeztu zuen aldaketaren dokumentua, adierazitako aipamenarekin.

Era berean, espedientean jasota daude Hegazkineria Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen aldeko txostenak, eta Biodibertsitatearen Zerbitzuaren txostena, honako hau ondorioztatzen duena: “UGPSaren aldaketaren ezaugarriak ikusirik, ondorioztatzen da proposamena ez dagoela sartuta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2012 Legearen 6. artikuluan jasotako kasuetan”.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2022ko martxoaren 25eko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta erabiliz Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Behin betiko onestea “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea; espedienteak 10. ordenantzako 19. artikuluari eragiten dio eta Berrikuntzaren Hiriaren kontserbaziorako hirigintza entitateak sustatu du.

2. Ebazpen hau eta onartutako araudia (eranskinean dago jasota) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Onetsitako dokumentua Nafarroako hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean eskuragarri egonen da.

3. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Eraginaren Atalera, Babes Zibileko Zerbitzura, Iruñerriko Mankomunitatera, Hegazkineria Zibileko Zuzendaritza Nagusira, Eguesko Udalera eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Adieraztea ebazpen honek administrazio bidea amaitzen duela, eta honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko apirilaren 13an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

ERANSKINA

Onetsitako araudia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2205546