92. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

AZKOIEN

Elektrikari-ofizialaren lanpostua barne igoeraren bidez betetzeko oposizio deialdia

Azkoiengo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2022ko apirilaren 13an egindako bilkuran, onetsi egin zuen elektrikari-ofizialaren lanpostua barne igoeraren bidez betetzeko oposizio deialdia.

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

AZKOIENGO UDALEKO OBRA ETA ZERBITZUEN BRIGADAN ELEKTRIKARI-OFIZIALAREN LANPOSTUA BETETZEKO (C MAILA, BARNE IGOERAREN BIDEZ) DEIALDIAREN OINARRIAK

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Azkoiengo Udaleko plantilla organikoko 6-12 kodedun lanpostua betetzea Obra eta Zerbitzuen brigadan, alegia, elektrikari-ofizialaren lanpostua (C maila). Oposizio bidez beteko da, baina Obra eta Zerbitzuen brigadan D mailan dauden langile lan-kontratudun finkoek bakarrik izanen dute parte hartzeko aukera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluaren arabera.

2. Ordainsariak.

Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak.

3. Lanaldia eta ordutegia.

Lan-ordutegia eta lanaldiaren araubidea izanen dira Udalak zerbitzuaren beharrei erantzuteko ezarritakoak, eta behar horien arabera aldatzen ahalko dira.

4. Eginkizunak.

Izendatutakoak, besteak beste, honako eginkizun orokor hauek eta II. eranskinean jasotako berariazko eginkizunak bete beharko ditu:

–Udal eraikinetako eta argiteria publikoko instalazio elektrikoen mantentze prebentiboaz, prediktiboaz eta zuzentzaileaz arduratzea.

–Elektrikari-ofizial bati dagozkion lanak egitea Udalaren ekipamenduak eta azpiegiturak birmoldatu eta mantentzeko obra txikietan.

–Behe tentsioko instalatzaile elektrikoaren berezko eginkizunak egitea behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoko eta jarraibide tekniko osagarriko baldintzak bete ondoren.

5. Baldintzak.

Izangaiek behean azaltzen diren baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Azkoiengo Udaleko langile lan-kontratudun finkoa izatea, D mailakoa.

b) Nafarroako Administrazio Publikoan bost urteko antzinatasun onartua duela frogatzea.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo elektrikari titulu baliokideren bat izatea.

e) Behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

6. Eskabideak aurkeztea.

Interesdunek Azkoiengo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dute eskabidea –horretarako prestatutako izapide elektronikoaren bitartez–, hogeita hamar egun balioduneko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Eskabideak deialdi honetan I. eranskin gisa argitaratutako ereduaren araberakoak izanen dira, eta, eskabidearekin batera, deialdian eskatutako titulazioa egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.

Ez da eskaerak aurkezteko epea luzatzen ahalko.

7. Izangaiak onartzea eta erreklamazioak egitea.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki taulan eta webgunean.

Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, interesdunek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta, hala behar bada, egindako akatsak zuzendu.

Erreklamazioetarako epea amaituta eta aurkeztutakoak ebatzita, alkateak ebazpena emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko eta oposizioko ariketaren eguna eta ordua zehazteko, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki taulan eta webgunean.

8. Kalifikazio epaimahaia.

Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Juan Carlos Castillo Ezpeleta, Azkoiengo alkatea. Ordezkoa: Nuria Autor Resano, alkateordea.

–Lehen epaimahaikidea: José Luis Irigaray, ingeniari elektrikoa. Ordezkoa: hark izendatutakoa.

–Bigarren epaimahaikidea: Juan Antonio Legaz Osés, Obra eta Zerbitzuetako burua. Ordezkoa: Juan Ignacio González Martín.

–Hirugarren epaimahaikidea: Santiago Rapado García, langileen ordezkaria. Ordezkoa: hark izendatutakoa.

–Epaimahaikide idazkaria: Eva María López Soto. Ordezkoa: hark izendatutakoa.

9. Oposizioaldia.

Onartuen behin betiko zerrenda argitaratzean aditzera ematen den egunean, orduan eta tokian eginen da oposizioa.

Ariketa bakarra izanen du, eta gehienez 30 puntu lortzen ahalko dira: III. eranskinean ageri diren berariazko irakasgaiei buruzko galdera sorta bat eta kalkulagailua erabiliz egiteko bi kalkulu ariketa barne hartzen ditu.

Proba gainditzeko, 15 puntu lortu beharko dira gutxienez.

Izangaiek NANa erakutsiz frogatu beharko dute nortasuna.

Epaimahaiak ariketa zuzendu ondoren, iragarki taulan argitaratuko dira puntuazioak.

10. Probak gainditu dituztenen zerrenda.

Proba gainditu dutenen zerrenda iragarki taulan argitaratuko da, puntuazio ordenaren arabera, eta epaimahaiak puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena eginen du.

11. Izendapena.

Alkateak C mailako langile lan-kontratudun finko izendatuko du aipatu lanpostua beteko duen pertsona, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da izendapena.

Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du izendapena jakinarazi eta hamabost egun naturaleko epean.

12. Errekurtsoak.

Honako errekurtso hauek jartzen ahalko dira deialdi honen aurka:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Azkoiengo Udalari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu eta hilabeteko epean.

Azkoienen, 2022ko apirilaren 13an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

I. ERANSKINA

Parte hartzeko eskabidea (DOC).

II. ERANSKINA

Eginkizunak

I.–Mantentze-lanetako elektrizitatea.

Argiteria publikoaren eta udal eraikinen eta instalazioen aparatu elektrikoen konponketak, mantentze-lanak, instalazioak, kableak, erreformak eta hobekuntzak egitea. Eginkizun horiez gain, honako hauek ere egin behar dira:

–Makinetan, ekipo elektrikoetan eta behe tentsioko lineetan matxurak aurkitzea eta konpontzea (piezak ordezkatzea, birsortzea, soldatzea, mihiztatzea eta konektatzea). Makinen kontrolen konexioa eta kableak zuzentzea.

–Banaketa koadroak, linea elektrikoak eta argiztapen instalazioak muntatzea, konektatzea eta ordezkatzea.

–Galdaretan eta berotzeko eta girotzeko zirkuituetan mantentze-lanak egitea eta horiek konpontzea eta programatzea.

–Sare informatikoa, telefonia eta megafonia instalatzea eta konpontzea.

–Makinak, ekipo elektrikoak, koadro elektrikoak eta abar instalatzea, prestatzea, mantentzea eta programatzea.

–Instalazioetan (adibidez, argiteria publikoa), udal eraikinetan eta Udalak antolatzen dituen edo parte hartzen duen ekitaldietan argiztapen osagaiak eta elektrizitatea kontrolatzeko eta banatzeko ekipoak instalatzea, ordezkatzea, konpontzea, mantentze-lanak egitea, muntatzea eta desmuntatzea.

–Akatsak detektatzea eta sistema elektriko eta elektronikoetan dauden kalteak edo matxurak isolatzea, eta osagai akastunak ordezkatzea, eta aldizkako edo noizbehinkako azterketak egitea, funtzionamendu anomaliak eta matxurak aurkitzeko.

–Hodiak eta kableak gurutzatzea eta lotzea.

–Kontrol panelak fabrikatzea eta kableak berrikustea.

–Audio eta komunikazio ekipoak elektrizitatearekin konektatzea, bai eta girotzeko eta seinaleztatzeko gailuak ere.

–Eskatutako dokumentazioa betetzea eta indarrean dagoen araudia aplikatzea.

–Elementu elektrikoen, kodeen edo diagrama elektrikoen planoak, eskemak eta zirriborroak irakurri eta interpretatzea, eraikin berrietako edo lehendik dauden eraikinetako kableak non kokatu zehazteko. Berrikuspenen planoak diseinatzea.

–Eraikinetako behe-tentsioko eta domotikako instalazio elektrikoetan kableak esekitzea.

–Instalazioen oinarrizko probak eta egiaztapenak egitea, nola funtzionalak hala arauzkoak, tresna egokiak eta ezarritako prozedura erabilita.

–Mantentze-lan prebentiboetako programak eta horien gaineko erregistro xehatua egitea.

–Ekipo eta osagai elektriko eta elektronikoak probatzea, elektrizitatearen, korrontearen eta tentsioaren jarraitutasuna egiaztatzeko.

–Mantentze-lan elektrikoko eragiketek aplikatu beharreko legeria eta merkataritza praktikak betetzen dituztela bermatzea.

–Instalazioak muntatu eta mantentzeko prozesuetan esku hartzean ingurumenaren kalitateari eta segurtasunari buruzko protokoloak aplikatzea.

–Agindutako lanak egiteko behar diren makinak maneiatzea (plataforma jasotzailea, ibilgailuak, erremintak eta abar).

–Herritarrek edo udaleko beste eremu batzuek (linea berdea, esaterako) egindako eskaeren ondorioz udal instalazio edo eraikinetan egiten diren konponketak eta jarduketak aztertu, gauzatu eta horien berri emanen du. Horretarako, behar dituen tresna elektronikoak emanen zaizkio. Linea berdearen bidez aurkezten diren eskaerei erantzuteko protokoloa udal zerbitzu teknikoek (udal aparejadoreak) prestatuko dute.

–Dagozkion ekintza zuzentzaileak proposatzea, eta instalazio elektrikoen mantentze-lanetan eta homologazioan esku hartzeko eta horiek kontrolatzeko plana antolatzea.

–Eta, oro har, aipatutakoen gisako lan guztiak, lanpostuari dagozkionak, zerbitzua dela eta bere gain utzitakoak.

II.–Prestasuna/guardia ez-presentzialak.

Elektrikari-ofizialaren lanpostuan aritzeko, prestasuna behar da honako hauek betetzeko:

–Argiteriaren, instalazioen, koadro edo ekipo elektrikoen eta abarren premiazko matxurak edo gorabeherak, baldin eta konponketa ezin bada atzeratu eta langilearen ohiko lanaldian gauzatu, segurtasun zein osasungarritasun arrazoiengatik edo matxurak sor ditzakeen kalteengatik.

–Langileak enpresaren telefono mugikor bat izanen du kasu horietan berarekin harremanetan jartzeko, eta bi orduko epean konpondu beharko du matxura. Hala ere, epe luzeagoa izanen du denbora horretan zerbitzu publikoari kalterik eragiten ez badio eta zerbitzuaren arduradunarekin –eta, bestela, alkatearekin– aldez aurretik adostuta. Langileak ez du fisikoki egon behar lanpostuan, baina aurkitzeko moduan eta prest egon behar du (langilearen opor edo baimen egunetan izan ezik).

–Urtean, prestasuneko/gehiegizko lanaldiko 160 ordu izanen dira; hau da, 1.592 orduko ohiko lanaldiaren % 10.

III.–Erosketak:

–Eguneroko lana egiteko behar diren materialak biltzea, ezarritako prozeduraren arabera, eta hainbat motatako materialak garraiatzea, kargatzea eta deskargatzea, besteak beste.

–Material elektrikoaren eta beharrezkoak diren NBEen biltegia kontrolatzea.

–Detektatutako desbideratzeen, gorabeheren eta anomalien berri ematea arduradunari.

IV.–Efizientzia energetikoa kontrolatzea eta auditoriak egitea.

–Kontratu elektrikoetan eta kontratatutako potentzien gainean azterketak egitea eta gero erabakiak hartzeko proposatzea.

–Energia elektrikoaren kontsumoa berrikustea eta gorabeherak zaintzea.

–Argiteria publiko berria instalatzen duen enpresaren jarraipena egitea eta kontrolatzea.

–Efizientzia energetikoaren aurrekontuarekin lotutako alderdien gainean ebaluazioa egitea eta gero erabakiak hartzeko proposatzea.

III. ERANSKINA

Gaiak

1. gaia.–Behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoa (BTEE): JTO-BT-19/20/21/22/23/24. Kontzeptu orokorrak. Barne instalazioak. Behe tentsioko instalazio elektrikoen osagaiak. Eroaleak eta kableak, motak, izendapena eta koloreak. Karga aurreikuspena eta eroaleen sekzioa. Babesteko elementuak. Gehienez onartzen diren intentsitateak. Aginte eta babes gailu orokorrak eta indibidualak; motak.

2. gaia.–Behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoa (BTEE): JTO-BT-22/23/24. Gainintentsitateen, gaintentsioen eta kontaktuen aurkako babesak. Definizio orokorra eta hartu beharreko neurriak.

3. Gaia.–Parametro elektrikoen neurriak; ekipoak eta funtzionamendu printzipioak: tentsioa, intentsitatea, potentzia eta kontsumoa. Multimetroa, amperemetroa eta sare analizagailua, luxometroa; funtzionamendua.

4. gaia.–Behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoa (BTEE): JTO-BT-09. Kanpoko argiteriako instalazioak. Aireko eta lurpeko sareak. Instalazioen elementuak, osagaiak, materialak eta gauzatzea. Aginte zentroak, babesak eta kontrol tresnak.

5. gaia.–Behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoa (BTEE): JTO-BT-28 Lokal publikoetako instalazioak. Instalazioaren eta larrialdietako argiteriaren preskripzio orokorrak.

6. gaia.–Barnealdeko eta kanpoaldeko argiztapena. Kontzeptu orokorrak, lanpara motak eta erabileraren arabera aukeratzeko irizpideak.

7. gaia.–Makina elektrikoak. Transformadoreak, sorgailuak, motorrak. Muntaia, abiaraztea, babes ekipoak eta mantentze-lanak.

8. gaia.–Eguzki instalazio fotovoltaikoa: Instalazioaren elementuak. Martxan jartzeko eta mantentze-lanak egiteko teknikak eta eragiketak.

9. gaia.–Arrisku elektrikoko lanak: 614/2001 Errege Dekretua, ekainaren 8koa, langileen osasuna eta segurtasuna arrisku elektrikoen aurrean babesteko gutxieneko xedapenei buruzkoa.

10. gaia.–Laneko arriskuen aurreikuspena: altuerako lanak. Eskailerak, lan plataformak eta saskidun kamioia. Bide publikoko lanak; prebentzio neurriak. Behe tentsioko lan elektrikoak gauzatzeko babes ekipamenduak, nola indibidualak hala kolektiboak.

Iragarkiaren kodea: L2205825