92. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

21E/2022 EBAZPENA, apirilaren 21ekoa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi hau onesten baita: “Toki entitateentzako dirulaguntzak, ekintza berritzaileak egiteko hirigintza arloan, dokumentuak prestatuz edo inbertsioak eginez espazio publikoetan 2022an”. DDBN identifikazioa: 622599.

2019-2023 legegintzaldirako Nafarroako Gobernu Programan jasotakoaren arabera, legegintzaldi horretako ekintza politikoaren funtsezko ardatzetako bat 2030 Agenda eta Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) osorik eta modu transbertsalean bultzatzea da, erronka global berriei aurre egiteko esparrutzat hartuta; klima aldaketaren aurkako borroka, ekonomia zirkularra, trantsizio energetikoa eta garapen jasangarria.

Programatutako gutxieneko edukien artean aurkitzen ditugu lurralde kohesioari eta jasangarritasunari lotutako alderdiak, esaterako, hiri berroneratzea, hiri ingurunea hobetzeko eta espazioak berreskuratzeko jarduketak sustatzea, eta beste hainbat neurri despopulazio, zahartze eta trinkotasun arlokoak, edo klima aldaketaren bide orriarekin lotutakoak. Horiez gain, paisaia babesteko eta haren balioa azpimarratzeko helburua duten neurriak, inguruneari lotutako eta kultura eta paisaia ondarea baloratzen duen eredu ekonomiko bat sustatzea, edo toki entitateei laguntza eman behar izatea GJHak toki mailan lortzeko, nazioarteko, Europako eta Espainiako agendekin bat egiten duten edukiak eta ardatzak; 2030 Agenda (2015), Hiri Agenda Berria (NBE 2016), eta Espainiako Hiri Agenda, (2019).

Espainiako Hiri Agendak (EHA) sustatzen duen hiri eredua lurralde eta hiri garapen jasangarriaren printzipioan inspiratzen da, urriaren 30eko 7/2015 Errege Dekretu Legearen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera (dekretu horren bidez onetsi zen Lurzoruari eta Hiri Birgaitzeari buruzko Legearen testu bategina).

Printzipio hori EHAn konkretatzen da helburu estrategikoen dekalogo batean, haiei dagozkien helburu espezifiko inspiratzaileekin, hirigintza jasangarria eta inklusiboa garatzeko herri eta hirietan. Adibidez, honako hauek:

Natura eta kultura ondarea zaintzea eta hobetzea eta paisaia babestea; azpiegitura berde eta urdinak hobetzea eta testuinguru naturalarekin lotzea; trinkotasuna sustatzen duen hiri eredua definitzea... Konplexutasun funtzionala eta erabileren aniztasuna bermatzea, espazio publikoen kalitatea eta irisgarritasuna; hiri ingurumena hobetzea eta kutsadura gutxitzea; hiri eredua egokitzea klima aldaketen ondorioen arabera; isuriak gutxitzea eta klima aldaketari aurre egiteko erresilientzia hobetzea; efizienteagoak izatea energien arloan, ur kontsumoa gutxitzea; hurbileko hiria eta garraio jasangarria sustatzea; aukera berdintasuna bilatzea genero, adin eta ezgaitasunen ikuspegitik; herritarren parte-hartzea eta gardentasuna ziurtatzea eta maila anitzeko gobernamendua sustatzea, edo tokiko gaikuntza sustatzea eta finantzazioa hobetzea, besteak beste.

Nafarroako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak GJHekiko konpromisoa atxikitzen du, haien xedeak lehenesten ditu, eta haiek lortzeko bidean jartzen ditu politika publikoak. Hain zuzen ere, 11. Helburuaren kasuan: Hiri eta komunitate jasangarriak; hauek lehenesten dira: 11.3 Xedea: Hirigintza inklusiboa eta jasangarria areagotzea; 11.4 Xedea: kultura eta natura ondarea babestea; 11.6 Xedea: ingurumen eragin negatiboa gutxitzea, arreta berezia jarriz airearen kalitatean eta hondakinen kudeaketan; eta 11.7 Xedea: Espazio publiko seguru eta inklusiboen irisgarritasun unibertsala eskaintzea.

Helburu eta xede hauek zuzeneko lotura dute Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak diruz laguntzen dituen ekintzekin, hirigintza arloko ekintza berritzaileetarako 2020tik ematen dituen laguntzen deialdietan. Haien helburua da toki entitateek behar dituzten tresnak izatea toki mailan jarduteko, hiri eta lurralde garapenaren jasangarrirako helburuekin lankidetzan aritzeko, eta Nafarroako hiri eta herrietako herritarren bizitzaren kalitatea hobetzeko.

Nafarroako 2022ko ekitaldiko gastuen aurrekontuetan azken urteetako laguntzen deialdiari jarraipena ematea aurreikusi da. Hauek dira gaitutako aurrekontuko partidak:

–“310000 31100 4609 261700 partida, Hirigintza arloan ekintza berritzaileak egiteko toki entitateentzako dirulaguntzak”, 80.000 euroko zuzkidurarekin.

–“310000 31100 7609 261703 partida, Hirigintza arloan ekintza berritzaileetan inbertsioak egiteko toki entitateentzako dirulaguntzak”, 220.000 euroko zuzkidurarekin.

Beste alde batetik, Nafarroa Suspertu 2020-2030 Planak (NSP), jarduketen adierazle eta lehentasunen artean, hainbat puntu jasotzen ditu, trantsizio ekologikoa eta lurraldearen egituraketa direla helburu, lehentasun gisa lerratzen baitira deialdi honen helburuekin, adibidez: Inbertsioak egitea azpiegitura berdeetan eta natura guneak leheneratzea, efizientzia energetikoko jarduketentzako laguntzak, edo proiektu energetiko bereziak prestatzea, hazkunde jasangarriko eta hiria-landa harremanetarako eredu berriak lehenestea, eremu baztertuak suspertzea inbertsio proiektuen bidez.

Era berean, hirigintzaren lege esparruaren barruan, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren Testu Bategina onartzen duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, 52. artikuluan, ezartzen du, garapen jasangarriari buruzko zehaztapenen artean, hirigintza plangintzaren helburu direla, besteak beste, oraingo populazio guneen hazkunde trinkoa sustatzea; hiri sareak osatzea; hiriak birgaitu, berroneratu eta berritzeko jarduketen planifikazioa, arreta bereziz landuz hirigune kalteberak eta gune hutsak suspertzea; efizientzia energetikoa hobetzeko jarduketak diseinatzea, energia berriztagarrien erabilera sustatuz; gune publikoak hobetzea kostu gutxirekin, aurrezpen estrategiak ezarriz ureztatze eta mantentze gaietan; bide segurtasunaren kontzeptua ezartzea kaleen eta espazio publikoen diseinuan, eta orobat herritarren irisgarritasun egokia garraio publiko eta kolektiborako; irisgarritasuna erraztea eraikuntzetan eta espazio publikoetan, oztopo arkitektonikoak ezabatuz; paisaiaren babesa sustatzea eta paisaia aldetik leheneratu beharko liratekeen lekuak eta inguruneak identifikatzea.

Azkenik, Lurralde Antolamendurako Planek (2011) printzipio orokorrak definitzen dituzte udalen hiri antolamenduen esku-hartzerako, jasangarritasun, trinkotasun, efizientzia energetikoa eta konplexutasun funtzionalaren irizpideak jasoz, eta hirigintza arloko antolamenduari buruzko irizpideak ere bai, hirigintzaren plangintzan kontuan hartzeko (LAP Araudiaren 40., 54., 79., 80., artikuluak etab.).

Lege esparru horrekin, Gobernuaren programaren printzipioekin, lehen azaldu baitira, eta EHUn eta LAPetan jasotzen diren hiri eta lurralde garapenerako irizpide eta helburuekin lotuta, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak proposatzen du ezartzea eta argitaratzea, deialdi honen bidez, 2022an hirigintza arloko ekintza berritzaileak aurrera eramateko dirulaguntzen araubidea; ekintza horiek izan daitezke: dokumentuak prestatzea (esparru dokumentuak, ordenantza espezifikoak eta eremu publikoak urbanizatzeko lanen proiektuak); eta inbertsioak ekintzetan: inbertsioak eremu publikoetan (eremu publikoetan urbanizazio lan arruntak eta/edo egokitzeko jarduketak egitea), haien helburua delarik Nafarroako udalerrien hiri garapenari laguntzea.

Adierazitakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. “Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntzak, hirigintzaren arloko ekintza berritzaileak egiteko, dokumentuak prestatzearen bidez edo eremu publikoetan inbertsioak eginez” 2022ko ekitaldian emateko deialdia onartzea.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

3. 80.000 euroko gastua baimentzea, 310000 31100 4609 261700 partidaren kargura, “Toki entitateentzako dirulaguntzak hirigintza arloko ekintza berritzaileak egiteko” (dokumentuak prestatzea), 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik, deialdiak eragindako gastuei aurre egiteko.

4. 220.000 euroko gastua baimentzea,310000 31100 7609 261703 partidaren kargura, “Toki entitateentzako dirulaguntzak, hirigintza arloko ekintza berritzaileetan inbertsioak egiteko” (inbertsioak eremu publikoetan), 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik, deialdiak eragindako gastuei aurre egiteko.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalari eta Ekonomia eta Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuari.

7. Ebazpen honen eta bere oinarrien aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko apirilaren 21ean.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

NAFARROAKO TOKI ENTITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK, 2022AN HIRIGINTZA ARLOKO EKINTZA BERRITZAILEAK EGITEKO, DOKUMENTUAK PRESTATUZ EDO EREMU PUBLIKOAN INBERTSIOAK EGINEZ

I. ERANSKINA

Xedapen komunak

Lehena.–Xedea eta helburua.

1.1. Deialdi honen helburua da 2022ko ekitaldian hirigintza arloan ekintza berritzaileak egiteko toki entitateentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea.

Deialdi honen ondorioetarako, hirigintza arloko ekintza berritzaileak dira dokumentuak prestatzea (ekintzak) edo/eta lanak gauzatzea (inbertsioak ekintzetan) orain dauden azpiegiturei hobekuntzak, ikuspegiak edo/eta konponbide teknikoak emateko.

Deialdi honen xedea da toki entitateen eskura jartzea hirigintza arloko ekintzak identifikatzeko eta zehazteko tresnak, edo ekintza horiek egikaritzeko, hiri eta lurralde garapen jasangarrirako helburuekin bat eginez. Halaber, pertsonak ardatz dituen hirigintza garatzea, herritarren ikuspegia jasoz eta ikuspegi desberdinak integratuz analisian, diagnostikoan eta proposamenen prestaketan, genero, adin eta aniztasun funtzionalaren aldetik.

Hiri eta lurralde garapen jasangarri eta inklusiborako helburuak betetzeko ekarpena egitea, deialdi honen ondorioetarako, bat dator oraingo legedian seinalatzen diren zehaztapen, printzipio eta irizpideekin (1/2017 LFDaren LAHFLTBaren 52. eta 53. artikuluak eta 7/2015 LDaren LHBLTBaren 3. artikulua, Espainiako Hiri Agendan mamitu dena), Lurralde Antolamenduko tresnekin, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak prestatutako gida eta dokumentuekin, haiek seinalatzen baitituzte klima aldaketara egokitzeko neurriak eta azpiegitura berdea edo adinekoentzat atseginak izanen diren hiriak, herriak eta auzoak hobetzeko eremuak inplementatzeko irizpideak.

1.2. Deialdi hau bi laguntza modalitatetan dago egituratuta:

1.2.1. A Lerroa) Ekintzetarako laguntzak: Nafarroako auzo, herri eta hirien garapen jasangarri eta inklusiboa erraztuko duten hirigintza arloko ekintzak identifikatzeko dokumentuak prestatzea.

1.2.2. B Lerroa) Ekintzen inbertsioetarako laguntzak: inbertsioak eremu publikoetan, esparru dokumentu batetik sortzen direnak, haien egikaritzak ekarpen eraginkorra egiten duelarik eremuaren kualifikaziorako, herritarren eta hiri eredu jasangarriaren premien aurrean.

Bigarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Deialdi honen lehen oinarrian deskribatutako xedearen eta helburuaren arabera, honako jarduketa hauek lagunduko dira diruz:

2.1. A Lerroa. Ekintzetarako laguntzak: dokumentuak prestatzea.

Dokumentu horiek izanen dira diagnostikoak, azterlanak, gidak, ordenantzak, planak edo proiektuak, hiri eta lurralde garapen jasangarri eta inklusiborako lagungarriak. Hau da, haien bidez sustatu behar dira trinkotasuna, konplexutasun funtzionala, gertutasuna, kohesio soziala, efizientzia energetikoa, mugikortasun jasangarria eta irisgarritasun unibertsala eta paisaia balioan jartzea; haietan jaso behar dira klima aldaketara egokitzeko eta azpiegitura berdearen sistema hobetzeko neurriak, eta adin, genero eta dibertsitate funtzionalaren ikuspegiak integratu behar dira analisi, diagnostiko eta proposamenetan.

Lerro honen barruan diruz lagunduko da dokumentu mota hauen prestaketa:

A.1. Esparru dokumentuak, hirigintza arloko ekintzak identifikatu eta zehaztuko dituztenak, eduki hauekin:

–Diagnostiko partekatua udalerrian hiria/landa arloan dauden premiei buruz, hiria/landa eredua edo/eta diseinu eta funtzionaltasun baldintzak hobetzeko herri, auzo edo hiriko eremu publikoetan.

–Diagnostikoan hautemandako jarduketa gune/eremuen mapak osatzea.

–Jarduketa ildoak identifikatzea eta proposamenak zehaztea.

Gogoeta kolektiboko dokumentuak, adibidez honako hauek:

A.1.1. Eremu publiko kaltebera, huts, gutxi erabiliak edo kalitate nahiz kualitate aldetik egokitu nahi direnak identifikatzen dituzten eta haiek hobetu nahiz egokitzeko jarduketak zehazten dituzten dokumentuak, haien diseinuan jasangarritasun eta inklusioa kontzeptuak integratzen dituztenak.

A.1.2. Hiria eta haren inguruan azpiegitura berdearen sistema hobetzeko jarduketak identifikatu, diseinatu, planifikatu edo definitzeko helburua duten dokumentuak, gutxienez ondoko helburu hauetatik bat jasoko dutenak:

–Biodibertsitatea eranstea eta natura eramatea hiri sarera, oinezkoen igarobide berdeak, drainatze lorategiak, zuhaitz txorko jarraituak edo/eta biziak, eremu berdeen jarraikortasuna azpiegituren azpian, lorategi eta baratze ekologikoak hiri barnean, drainatze jasangarriko hiri sistemak (DJHS).

–Paisaia edo aisia aldetik interesgarriak diren eremuetarako irisgarritasuna hobetzea, begiratokiak eta egoteko tokiak egokitzea.

–Bide eta ibilbideak egokitzea konektore ekologiko, sozial eta kulturalak izan daitezen, hiri-landa konexioa, populazio guneen arteko konexioa eta mugikortasuna errazteko. Abelbide eta bide historiko edo tradizionaletan oinarritutako jarduketak, haietan integratuz errekak, ur ibilguak, idoiak edo azpiegitura berdearen bestelako osagaiak.

–Hiri parkeak edo eremu publiko berdeak sortzea edo hobetzea, beste eremu libre batzuekin lotuak, tokiko azpiegitura berdearen sistema osatzen eta hobetzen dutenak.

–Ibai korridoreak integratzea hiri inguruneetako eremu publiko libreen planifikazioan.

A.1.3. Paisaiaren balioa azpimarratzea tokiko paisaien babesaren, kudeaketaren eta antolamenduaren bidez sustatzen duten dokumentuak, adibidez:

–Ezagutza garatzeko helburua duten dokumentuak: diagnostikoak, inbentarioak, eremuak ezaugarritzea, paisaiak mugarritzea edo identifikatzea.

–Paisaia arloko baliabideak planifikatzeko helburua duten dokumentuak: paisaiaren kalitatearen helburuak zehaztea, tokiko paisaietan esku-hartzeko ekintza planak, paisaia integratzeko gidak, edo tokiko paisaiak hobetzeko edo berreskuratzeko esku-hartzeko proposamenak zehaztea.

A.2. Ordenantza espezifikoak.

Hirigintza edo/eta eraikuntzarako ordenantza espezifikoak, gai hauen inguruan: klimaren aldaketara egokitzea, efizientzia energetikoa, irisgarritasun unibertsala; halaber, eremu publikoak kualifikatzeko herritarren premia desberdinen arabera, adina, generoa eta/edo dibertsitate funtzionala aintzat hartuta.

E.3. Eremu publikoak urbanizatzeko lan arrunten proiektuak.

Eremu publikoak urbanizatzeko lan arrunten proiektuak prestatzea, aurreko puntuan azaldutako esparru dokumentu batean edo lehendik egindako dokumentu partekatu batean (estrategia, gida, plana edo antzekoa) identifikatutako ekintzen teknika zehatzen baldintzak definituko dituztenak, toki entitateak onetsi, prestatu edo bere gain hartu badu.

2.2. B lerroa. Ekintzen inbertsioetarako laguntzak: inbertsioak eremu publikoetan.

Lerro honen barnean, bi inbertsio mota lagunduko dira:

B.1. Eremu publikoetako urbanizazio lan arrunten egikaritza, aurreko puntuan azaldutako esparru dokumentu batean edo lehendik egindako dokumentu batean (estrategia, gida, plana edo antzekoa) identifikatu eta definitu badira, dokumentu hori toki entitateak onetsi, prestatu edo bere gain hartu badu, eta egiaztatzen bada herritarrek parte hartu dutela erabakiak hartzean eta proposatutako konponbidean.

B.2. Eremu publikoak egokitzeko jarduketak, esaterako “hirigintza taktikoko” jarduketak, aurreko puntuan azaldutako esparru dokumentu batean edo lehendik egindako dokumentu batean (estrategia, gida, plana edo antzekoa) identifikatu eta definitu badira, dokumentu hori toki entitateak onetsi, prestatu edo bere gain hartu badu, eta egiaztatzen bada herritarrek parte hartu dutela erabakiak hartzean eta proposatutako konponbidean.

Urbanizazio lan arrunten egikaritzak edo eremu publikoak egokitzeko jarduketek esku-hartzearen ezaugarriak zehaztu beharko dituzte, hain zuzen ere azalduz nola laguntzen duen:

–Espazioaren kalitatea eta kualitatea hobetzen.

–Klima aldaketara egokitzen.

–Tokiko azpiegitura berdea hobetzen.

–Irisgarritasun unibertsalaren araua betetzen.

Diruz lagungarriak diren jarduketetatik kanpo geratzen dira, deialdi honen ondorioetarako, hirigintza plangintzarako tresnak, salbu eta aipatutako ordenantza espezifikoak, eta halaber, Tokiko Jasangarritasun Agendak (TA21/Tokiko Agendak 2030).

Kanpo geratzen dira, halaber, ingurumen eraginaren azterketak, trafiko azterketak, isurien azterketak, etab., izan ere, hirigintza jasangarriaren helburuak lortzearekin lotura izanik ere, lan teknikoak dira, ez partekatuak.

Hirugarrena.–Jarduketek bete beharrekoak.

Dirulaguntza jasotzeko, jarduketek baldintza hauek bete behar dituzte:

–Jarduketaren xedeak deialdiaren xedea eta helburua atxikiko ditu, lehenengo oinarrian azaldu baita, eta oinarri horren 2. puntuan azaldutako lerroetako bat atxikiko du.

–Jarduketek herritarren parte hartze aktiboa integratuko dute haien prestaketan edo/eta erabakietan.

–Esparru dokumentuek hirigintza arloko jarduketak identifikatu edo/eta zehaztuko dituzte.

–Espazio publikoetako inbertsioek bigarren oinarrian azaldutako dokumentuetako batean zehaztutako ekintzei erantzun behar diete.

–Diruz lagunduko diren jarduketak 2022ko azaroaren 16a baino lehen gauzatu beharko dituzte toki entitate batek edo batzuek batera.

–Toki entitateek ez dute jarduketa diruz lagungarri bat baino gehiago aurkezten ahalko, ez banaka ez beste batzuekin batera. Entitate batek jarduera bat baino gehiago aurkezten badu deialdian, horietako bati uko egin beharko dio.

Oinarri honetako baldintzak betetzen ez badira, eskaera ez da onartuko.

Laugarrena.–Entitate onuradunak.

Oinarri hauetan araututako laguntzen onuradun izaten ahalko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean adierazitako Nafarroako toki entitateak.

Toki entitate bakoitzak banaka edo toki entitate batzuekin batera antolatzen ahal dituzte jarduketak. Azken kasu horretan, toki entitate bat ordezkari izendatuko da ondorio guztietarako, eta entitate bakoitzak bere gain hartutako gauzatze konpromisoak adieraziko dira.

Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte entitateek.

Bosgarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Dokumentuak lantzeari dagokionez, honako hauek joko dira gastu diruz lagungarritzat:

a) Laguntza teknikoa. Diruz lagundutako jarduketaren dokumentazio teknikoa eta parte-hartze prozesua prestatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoen kontratazioari emanen zaio dirulaguntza.

b) Diruz laguntzen diren jarduketekin lotutako publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.

c) Lokalen alokairuen eta ekipamenduen gastuak, edo proiektuaren prestaketari lotutako jarduerak garatzeko behar den material suntsikorraren gastuak.

5.2 Eremu publikoetako inbertsioetan honako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Laguntza teknikoa. Dokumentazio teknikoa prestatuko duten pertsona fisiko edo juridikoen kontratazioa diruz lagungarria da (egikaritza proiektua, memoria tekniko baloratua), beharrezkoa bada obrak gauzatzeko edo obren egikaritzaren zuzendaritza fakultatiborako.

b) Urbanizazio lan arrunten egikaritza materialaren gastuak, edo gune publikoa egokitzeko jarduketaren gastuak.

c) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.

d) Lokalen alokairuen eta ekipamenduen gastuak, edo proiektuari lotutako jarduerak garatzeko behar den material suntsikorraren gastuak.

Kanpoan geratzen dira aurreko kontzeptuetan bildu ez diren gastuak.

Seigarrena.–Deialdiaren zenbatekoa eta dirulaguntzen banaketa.

6.1. Deialdi honen bidez emanen diren dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren 2022ko aurrekontuen bi partidaren kargura finantzatuko dira:

–310000 31100 4609 261700 partida, “Hirigintza arloan ekintza berritzaileak egiteko toki entitateentzako dirulaguntzak”, 80.000 euroko zuzkidurarekin, 2022rako. Gehienez 10.000 euro (BEZa barne), eskatutako jarduketa bakoitzeko.

–310000 31100 7609 261703 partida, “Hirigintza arloan ekintza berritzaileetan inbertsioak egiteko toki entitateentzako dirulaguntzak”, 220.000 euroko zuzkidurarekin 2022rako. Gehienez 25.000 euro (BEZa barne) eskatutako jarduketa bakoitzeko.

6.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa ekintza diruz lagungarriek sortutako gastuaren %90 izanen da gehienez.

6.3. Lortutako puntuazioaren arabera lagunduko dira jarduketak, handienetik hasi eta txikienera, deialdiaren bederatzigarren oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera, aurrekontu erabilgarria agortu arte.

Azken proiektu edo jarduketarako behar beste kreditu ez badago horrentzat onartutako aurrekontuaren %90 emateko, geratzen den dirua emanen zaio.

Onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio, lortutako puntuazioari dagokionez diruz laguntzen ahal den gehienekora iritsi ez diren edo, bestela, dirulaguntzarik gabe geratu diren proiektuetarako izanen da erabilgarri dagoen zenbatekoa.

6.4. Aurkeztutako eskabideei erantzun ondoren, partidetako batean aurrekontua eskuragarri egonez gero, soberako partidaren aurrekontu erabilgarria esleitzen ahalko zaio dirulaguntzarik jaso gabeko eskaerak utzi dituen partidari.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak dirulaguntza eskatzen duen toki entitateko alkatetzak edo lehendakariak sinatu beharko ditu.

Toki entitate batek baino gehiagok batera aurkezten dituzten jarduketa diruz lagungarrien kasuan, eskaerak toki entitate eskatzaile guztietako alkate edo lehendakariek sinatuko dituzte.

Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.nafarroa.eus/www.navarra.es), eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzura bideratuko dira.

Eskaera lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz aurkezten bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago telematikoki aurkeztu ahal izatea. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoa egiten den data izanen da.

7.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntza eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Jarduketa deskribatzeko dokumentazioa, II. eranskineko ereduaren arabera.

A eredua bigarren oinarriko 1 puntuan deskribatutako jarduketak: dokumentuak prestatzea.

B eredua bigarren oinarriko 2 puntuan deskribatutako jarduketak: inbertsioak eremu publikoetan.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekurik ez duelako erantzukizunpeko adierazpena, III. eranskinari jarraikiz.

c) Eskatutako beste laguntza batzuen erantzukizuneko adierazpena, IV. eranskinaren arabera.

d) Eremu publikoetan inbertsioak egiteko aurkezten diren eskaeretan, hirigintza bateragarritasunari buruzko udal txosten tekniko bat aurkeztuko da, espresuki azalduko duena txostenaren edo baimen sektorialaren beharraren balorazioa. Hala bada, toki entitateak egikaritu nahi duen obra edo jarduketa onartu, baimendu, edo haren aldeko txostena emateko egin duen eskaeraren kopia bat aurkeztuko dio erakunde eskudunari.

e) Aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe badago edo akatsik hautematen bada, entitateari 10 egun balioduneko epea emanen zaio dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko. Epe horretan eskatutako dokumentazioa osorik aurkezten ez badu, ez zaio berriz eskaera hori eginen, eta, beraz, eskabidean atzera egin duela ulertuko da.

Zortzigarrena.–Ebaluazio organoa eta ebazpena.

8.1. Deialdi honen ondorioetarako, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari esleitu zaizkio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak, laguntzak emateari begira. Oinarri arautzaileotan “bideratze organoa” aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.

Bideratze organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 8. oinarri arautzailean ezarritako irizpideei jarraikiz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu entitate onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

8.2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean entitate eskatzaileen zerrenda eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, eta, kasua bada, zein eskaerari uko egin zaien.

8.3. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoaren arabera, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, haien berri eman eta ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, Gobernu Irekiaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Bederatzigarrena.–Hautaketa eta balorazio irizpideak.

Dirulaguntzak emateko, norgehiagokako araubidea baliatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Proiektuak behean adierazitako balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioen hurrenkerari jarraikiz lagunduko dira diruz, betiere aurrekontu kreditua amaitu arte:

9.1. Dokumentuak prestatzeko balorazio irizpideak.

GEHIENEKO PUNTUAZIOA (90)

Proposatutako dokumentua: Honako hauek baloratuko dira:

–Deialdiaren xede eta helburuetara egokitzea eta koherentea izatea, alegia, herriaren edo lurralde eremu horren hiri edo lurralde garapen jasangarriaren helburuetarako egiten duen ekarpena, batik bat, klima aldaketara egokitzeko eta orobat, azpiegitura berdea hobetzeko helburu eta irizpideen arloan, eta adin, genero eta dibertsitate funtzionalaren ikuspegiak integratzen dituen hirigintzari egiten dion ekarpena.

–Proposamenaren justifikazioa; prestatu beharreko dokumentuaren testuinguruaren analisia eta xedea, esparrua eta helburuak deskribatzea.

–Dokumentua hirigintza arloko ekintzak definitu eta gauzatzeko tresna gisa duen balioa.

–Administrazioaren beste dokumentu edo planekiko sinergiak (irizpide, pauta eta jarduketa lerro zehatzak jasotzen ditu, beste dokumenturen batean ere jaso izan direnak, esaterako, paisaia, azpiegitura berdea, klima aldaketa edo Espainiako Hiri Agenda lantzeko dokumentuetan).

60

Berrikuntza maila. Honako hauek baloratuko dira:

–Ikuspegi eta proposamen berriak aurkezten dituen orain daudenen gainean (proposatzen den edukian, xede populazioa, metodologia eta/edo konponbide teknikoak).

–Sortutako inpaktua eta proposamenaren eraldaketa gaitasuna.

–Beste herri edo hiri batzuetara eramateko aukera.

15

Gobernamendua eta parte-hartzea. Honako hauek baloratuko dira:

–Parte-hartzeko estrategiak garatu beharreko dokumentu edo proiektuarekiko duen koherentzia, metodologia argia jasotzen du.

–Herritarren parte-hartze aktiboa erabakietan eta prozesuaren fase guztietan; analisia, diagnostikoa, proposamenak.

–Herritarren eragile eta talde anitzen parte-hartzea jasotzen duen.

–Jarduketa ezagutarazteko eta komunikatzeko aurreikusitako jardueren eraginkortasuna.

15

9.2. Eremu publikoetako inbertsioak baloratzeko irizpideak.

GEHIENEKO PUNTUAZIOA (90)

Proposatutako inbertsioa. Honako hauek baloratuko dira:

–Deialdiaren xede eta helburuetara egokitzea eta koherentea izatea, alegia, herriaren edo lurralde eremu horren hiri edo lurralde garapen jasangarriaren helburuetarako egiten duen ekarpena, batik bat, klima aldaketara egokitzeko eta orobat, azpiegitura berdea hobetzeko helburu eta irizpideen arloan, eta adin, genero eta dibertsitate funtzionalaren ikuspegiak integratzen dituen hirigintzari egiten dion ekarpena.

–Garatzen duen esparru dokumentuak helburuen arloan egiten duen ekarpena.

–Eremu publikoaren ikuspegi globala ematen duen edo espazio publikoaren proiektu integralerako ekarpena egiten duen.

–Esku-hartzearen xede den eremuaren kualifikazioan eransten duen hobekuntza.

–Obra edo jarduketaren definizio argia eta zehatza egitea.

60

Berrikuntza maila. Honako hauek baloratuko dira:

–Dauden ikuspegi eta proposamenei berrikuntzarik ekartzen dien.

–Eremu publikoan sortutako inpaktua eta proposamenaren eraldaketa gaitasuna.

–Beste herri edo hiri batzuetara eramateko aukera.

15

Parte hartzea. Honako hauek baloratuko dira:

–Herritarren parte-hartze aktiboa proiektuan proposatutako konponbidearen zehaztapenean, kasua bada, hala nola obra edo jarduketaren egikaritzan eta/edo mantentzean.

–Herritarren eragile eta talde anitzen parte-hartzea jasotzen duen.

–Jarduketa ezagutarazteko eta komunikatzeko aurreikusitako jarduketen eraginkortasuna.

15

9.3. Bi deialdietarako balorazio orokorrerako irizpideak.

GEHIENEKO PUNTUAZIOA (10)

Balorazio irizpideak:

Zenbatekoa:

1. 3 puntu: guztira 300 biztanle baino gutxiago dituzten udalerri, kontzeju edo toki entitateen elkarteak.

2. 2 puntu: guztira 301-2.000 biztanle dituzten udalerri, kontzeju edo toki entitateen elkarteak.

3. 1 puntu: guztira 2.001-5.000 biztanle dituzten udalerri, kontzeju edo toki entitateen elkarteak.

4. 0 puntu: beste kasu batean.

Nolakotasuna:

1. 2 puntu: gutxienez 65 urte dituzten biztanleen ehunekoa % 28tik gora duten udalerri, kontzeju edo toki entitateen elkarteetako jarduketak.

2. 2 puntu: gehienez 15 urte dituzten biztanleen ehunekoa % 19tik gora duten udalerri, kontzeju edo toki entitateen elkarteetako jarduketak.

3. 0 puntu: beste kasu batean.

7

Kudeaketa irizpidea: 3 puntu gehienez.

1. 3 puntu: toki entitate batek baino gehiagok batera proposatutako jarduketak.

2. 3 puntu: kontzejuek modu independentean sustatutako jarduketak.

3. 0 puntu: beste kasu batean.

3

Biztanleriari buruzko datuak Nafarroako Estatistika Institutuaren webguneko “Biztanleria sexuaren eta adin taldeen arabera, udalerri eta zonaka, Nafarroa 2000” taulan kontsultatuko dira:

https://administracionelectronica.navarra.es/GN.InstitutoEstadistica.Web/informacionestadistica.aspx?R=1&E=13

Ez dute dirulaguntzarik jasoko 40 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuek. Zenbaketa horretatik kanpo geratuko da balorazio orokorreko irizpideen atalean lortutako puntuazioa, nahiz eta aurrekontu erabilgarria geratu.

Berdinketa gertatuz gero, ebazteko irizpideak behean adierazitakoak izanen dira, eta elkarren segidan aplikatuko dira berdinketa hautsi arte:

1. Balorazioaren 1. atala: proposatutako dokumentu, obra edo jarduketa.

2. Balorazioaren 3. atala: parte hartzea.

3. Balorazio orokorrerako irizpideak.

Hamargarrena.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Diruz lagundutako jarduketa bukatu ondoren, entitate onuradunek egin dituzten gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte. Horretarako, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte 2022ko azaroaren 16a baino lehen.

10.1. Dokumentuak prestatzeko ordainketen justifikazioa.

a) Entitateko idazkariaren ziurtagiria, honako hauek adierazten dituena:

–Kontratuaren adjudikazioaren aurrekontua, aplikatutako BEZa adierazita.

–Kontratuaren esleipen-hartzailearen izena edo sozietate-izena eta identifikazio fiskala.

–Ekintzen finantzaketa, espresuki adierazita beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emandako edo ebatzi zain dauden dirulaguntzak.

–Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla.

–Udalak betetzen dituela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aurreikusitako betebeharrak.

b) Egindako gastuak justifikatzen dituzten fakturen kopiak.

c) Bankuko ordainketen frogagiriak.

d) Parte-hartzeko ekintzen justifikazioko memoria. Egindako jarduketen txosten edo memoria batean azalduko dira egindako jarduerak, zer motatakoak izan diren azalduz (tailerrak, inkestak, eztabaida foroa, diagnostikoa egiteko ibilaldiak, itzulketa saioak, etab.) eta datak, eragileak, aholkularitza, edukia eta ondorioak azalduz.

e) Ondorioen dokumentua. Ondorioen dokumentuaren kopia bat aurkeztuko da (esparru dokumentua, ordenantzak edo egikaritza proiektua) eskaeren helburuen arabera egina, erraz ikusteko moduan azalduz dokumentuak dirulaguntza jaso duela, deialdiaren hamaikagarren oinarrian ezarritakoa betez.

Esparru dokumentua bada, bigarren oinarrian adierazitako gutxieneko edukia azaldu behar du: diagnostikoa, jarduketa lerroen identifikazioa eta identifikatutako jarduketa puntu/eremuen mapak osatzea.

Obrak egikaritzeko proiektua bada, atal batean justifikatuko du neurri eta irizpide zehatzak hartu direla jasangarritasun eta diseinu inklusiboaren gaietan eta onartutako konponbide teknikoak zehaztea, era berezian, klima aldaketara egokitzea, azpiegitura berdea hobetzea eta/edo irisgarritasuna.

10.2. Eremu publikoetako inbertsioen ordainketen justifikazioa.

a) Entitateko idazkariaren ziurtagiria, honako hauek adierazten dituena:

–Urbanizazio lan arrunten egikaritzaren edo gune publikoa egokitzeko jarduketaren amaiera.

–Jarduketaren egikaritza eskaeran deskribatutakoaren arabera.

–Ekintzen finantzaketa, espresuki adierazita beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emandako edo ebatzi zain dauden dirulaguntzak.

–Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean aurreikusitako legezko aginduak bete direla, hala badagokio.

–Dirulaguntzei buruzko apirilaren 13ko 11/2005 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla.

–Udalak betetzen dituela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aurreikusitako betebeharrak.

b) Obra amaierako ziurtagiria, hala badagokio.

c) Egindako gastuak justifikatzen dituzten fakturen kopiak.

d) Bankuko ordainketen frogagiriak.

e) Egindako esku-hartzearen argazki erreportajea, gune horrek obra edo jarduketa egin aurretik eta ondoren egindako argazkiak bilduz. Esku-hartze eremu osoa eta zenbait zehaztasun jasoko dira argazkietan.

f) Kasua bada, inbertsioa egikaritzeko beharrezkoa den erakunde eskudunaren baimena edo aldeko txostena.

g) Parte-hartzeko ekintzen justifikazioko memoria, halakorik bada. Egindako jarduerak azalduko dira txosten edo memoria batean, zer motatakoak izan diren azalduz (jardunaldiak, tailerrak, auzolana, etab.) eta hartan zehaztuz datak, eragileak, parte-hartzaileen kopurua, edukia eta ondorioak, leku ikusgarrian adieraziz Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako obra edo jarduketa izan dela. Inbertsioa zabaldu bada udalaren web-orrian, hara iristeko esteka azalduko da.

10.3. Dirulaguntzen bi lerroetan.

Jarduketaren gastuaren eta ordainketaren zenbatekoa hasierako aurrekontua edo adjudikazioa baino txikiagoa bada edo egindako gastu guztiak ez badira justifikatzen, dirulaguntza zati proportzionalean gutxituko da.

Diruz lagungarriak ez diren kontzeptuak sartzen badira gastuen justifikazioan, lan horiei dagokien zatia gutxituko da dirulaguntzaren zenbatekotik. Ondorioen dokumentua edo egindako inbertsioa ez bada egin aurkeztutako eskaeran azaltzen ziren helburuen arabera, emandako dirulaguntza galduko da.

Justifikazioko dokumentazioa azterturik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, eta, horrekin batera, txosten bat, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duena.

Aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe badago edo akatsik hautematen bada, entitateari 10 egun balioduneko epea emanen zaio dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko. Epe horretan eskatutako dokumentazioa egokiro aurkezten ez badu, ez zaio berriz eskaera hori eginen, eta, beraz, eskabidean atzera egin duela ulertuko da.

Justifikazioko dokumentazioa aurkezteko ezarritako epea betetzen ez bada, emandako dirulaguntza galduko da.

Hamaikagarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

11.1. Dirulaguntza jasotzen duten erakundeek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzeko jardueren finantzaketa publikoa dela jakinaraztea, publizitate egokiaren bidez.

Ondorioen dokumentuek (esparru dokumentua, ordenantzak edo egikaritza proiektua) leku ikusgarrian jasoko dute Nafarroako Gobernuak parte hartzen duela jarduketaren finantzazioan, Gobernuaren logotipoa erakutsiz. Jarduketarekin lotuta aurrera eramaten diren zabaltze eta komunikazio ekintzetan ere erakutsiko da.

Nafarroako Gobernuak inbertsioetan parte hartu duela erakusteko Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala erakutsiko da, gutxienez udalaren webguneko informazioan eta/edo, hala badagokio, parte hartzeko eta komunikatzeko saioetan.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

c) Betetzea Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoa.

11.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira bestelako dirulaguntzekin, esaterako, Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandakoekin.

Kasu horretan, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko entitate onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua.

Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, entitate onuradunak helburu hori bererako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9.d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Era berean, entitate onuradunak dirulaguntza ez den beste edozein diru-sarrera edo finantzabide jakinarazi beharko du, diruz lagundutako jarduketaren gainfinantzaketarik izan ez dadin.

Hamahirugarrena.–Efizientzia eta ekonomia hornitzaileen kontratazioan.

Toki entitateek kontratatzen dituzten lanak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeari jarraikiz eginen dira.

Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen entitate onuradunen zerrenda argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Hamabosgarrena.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarririkoari jarraituko zaio.

Hamaseigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Hamazazpigarrena.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen aplikazioa.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Laguntza eskaera, A eta B ereduak.

III. eranskina.–Eskaera egiten duen entitatearen erantzukizunpeko adierazpen espresua, dirulaguntzen onuradun izateko inongo debekurik ez duela azalduz.

IV. eranskina.–Eskatutako beste laguntza batzuen erantzukizunpeko adierazpena.

Deskargatu II.etik IV.era bitarteko eranskinak (DOC).

V. ERANSKINA

Kontsulta dokumentuak

–Paisaiari buruzko dokumentuak. https://paisaje.navarra.es/pages/documentos-paisaje

–Paisaia integrazioaren gidak. https://paisaje.navarra.es/pages/guias

–“Udal planeamenduan klima-aldaketara egokitzeko gida” (2019), zeina kokatzen baita Nafarroako Gobernuaren Klima-aldaketarako Ibilbide-orria 2017-2030-2050 delakoaren barnean. https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/F1F9963E-FAC0-42FE-8112-2C4834532EC2/0/DocsintesisACCyPlaneamiento2.pdf

–“Hirigintza, arkitektura eta klima aldaketaren gida” LifeNadapta-ren C6.2 lerroa. Gune eraikia klima aldaketara moldatzea. https://lifenadapta.navarra.es/es/accion-c6.2

Nafarroako Zahartze Aktibo eta Osasungarrirako 2017-2022ko Estrategia eta haren garapena, 2018-2019ko Ekintza Plan Globalean.https://gobiernoabierto.navarra.es/es/gobernanza/planes-y-programas-accion-gobierno/estrategia-envejecimiento-activo-saludable-navarra

–“Adinekoekin atseginak diren herri, hiri eta auzoen gida” Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindakoa.

https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/08F5EE01-9900-4538-BF7D-0A0809B8F0A9/0/CiudadesypueblosAmigables.pdf

–“Iruñeko eta inguruko udalerrietako azpiegitura berdea”. https://www.navarra.es/es/territorio-paisaje-y-urbanismo/infraestructura-verde

Iragarkiaren kodea: F2205942