92. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ANTSOAIN

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko San Cristobal haur eskolako zuzendari lanpostua

Antsoaingo Udalak, Tokiko gobernu batzarrak 2021eko urriaren 8an hartutako Erabakiaren bidez, onetsi zituen deialdia eta:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Antsoaingo San Cristobal udal haur eskolako zuzendari lanpostua. Funtzionarioen araubidekoa izanen da, eta 2001 kodea izanen du plantillan.

1.2. Ezarria dago deialdiko plazarako nahitaezkoa dela euskaraz jakitea. Beraz, beharrezkoa izanen da Nafarroako Gobernuaren EGA titulua izatea, edo Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidetzat aitortua dagoen ziurtagiria.

1.3. Lanpostuak B mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eginiko sailkapenaren arabera, bai eta Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.5. Aukeratzen den pertsonak bete behar dituen eginkizun nagusiak izanen dira eskolako zuzendaritzarekin loturik daudenak, dagozkion lan arloetan: hezkuntza, administrazioa, sukalde zerbitzua eta instalazioa garbitzeko zerbitzua, baita esleitutako langileen zuzendaritza eta aurrekontuaren kudeaketa ere.

Ondorio horietarako, bere gain hartuko du aplikatzeko araudiak eskolari eskatzen dizkion beharkizunak betetzea, bai instalazioari dagokionez bai langileei dagokienez; behar diren neurriak ezartzea, bermatzeko familiek behar den elkarlana eta koordinazioa izanen dutela eskolarekin; kanpoko erakundeekin –ikastetxeak, premia bereziak– eta barne erakundeekin –beste udal zerbitzu batzuk, batzordeak...–; hezkuntza eta kudeaketa proiektuaren definizioa eta garapena gainbegiratzea, baita eskolako antolaketa eta funtzionamendu arauak gainbegiratzea ere, eta, oro har, lanpostuak bere dituen guztiak, edo etorkizunean izanen dituenak, eta ogibideen, lanbideen eta erabiltzen diren tresnen eta lanabesen bilakaerak ekar ditzakeenak, eta antolaketa sistemetako eta ematen diren zerbitzuetako aldaketek ere ekar ditzaketenak.

1.6. Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan honako hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez, aipatutako estatutua garatzeko eta betearazteko emandako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua eta aplikatu beharreko gainerako arauak.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Maisu edo maistra titulua izatea, haur hezkuntzan espezializatua, edo haur hezkuntzako maisu-maistren lanbidean aritzeko gaitzen duen gradu titulua edo baliokidea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, instantziak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Euskaraz jakitea, zehazki Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 adinako maila izatea.

Ezagutza maila hori honako agiri hauetako edozeinen bidez frogatu daiteke:

–C1 mailako azterketa gainditu izanaren ziurtagiria, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan.

–Edozein Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako ziurtagiria, C1 mailako azterketa gainditu duela frogatzen duena.

–Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan C1 mailaren baliokide ofizialtzat onartzen dituen ziurtagiriak.

–Nafarroako Euskarabidea Institutuak 2017ko azaroaren 15etik 2019ra bitartean emandako ziurtagiria, C1 mailako azterketa gainditu duela frogatzen duena.

Aurreko ziurtagiririk ez duten izangaiek euskararen ezagutza maila frogatzen ahalko dute, horretarako eginez Nafarroako Euskarabidea Institutuak eginen duen proba bat. Proba hori proba teorikoa baino lehen eginen da. Aipatutako proba egin nahi dutenek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean, horretarako jarritako tokian.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

g) Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen Legea), adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da ez egotea epai irmo baten bidez kondenatua sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Betebeharra egiaztatzearren, Udaleko idazkariari baimena eman beharko zaio ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari, zeina arautu baitzen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez, edo, bestela, aurkeztu beharko da erregistro horrek emandako ziurtagiri negatiboa.

2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dute aipatutako baldintza horiek betetzen dituztela, deialdi honetako 9. oinarrian ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko dituzte, hain zuzen ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta horien jabe beharko dute izan oposizioaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Antsoaingo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, bertara agertuta edo bere egoitza elektronikoaren bitartez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean, azken eguneko 14:00ak arte. Egun hori baliogabea bada, hurrengo egun baliodunean bukatuko da epea. Eskabideak deialdi honen I. eranskin gisa argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Deialdian parte hartzeko eskubidea ematen duen titulu akademikoaren fotokopia.

2. Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri ofizial baliokide batena.

3. EGAren (euskararen gaitasun-agiria) edo baliokidearen fotokopia, 2.2 oinarrian ezarritakoaren ondorioetarako.

4. Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa, baldin eta Giza Baliabideen Idazkaritza Teknikoari ez badio baimenik eman ziurtagiri hori eskatzeko. Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez arautu zen erregistro hori.

5. 19,20 euroko tasa ordaindu izanaren frogagiria. Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako da diru kopuru hori. Tasa hori ordaintzetik salbuetsita egonen dira langabezian daudenak, frogagiri bidez egiaztatzen badute.

Tasa hori eskudirutan ordaintzen ahal da, eskabidea bulegoan bertan aurkezten denean, edo La Caixako ES 51 2100 5198 04 2200091055 kontuan dirua sartuz edo transferentzia eginez, eta kasu horretan datu hauek jarri behar dira nahitaez ordainagirian:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NANa/IFZ.

–Kontzeptua: Oposizio-lehiaketa - Haur Esk. zuzendaria.

6. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan, eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

7. Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak ziurtatzen dituzten agiri jatorrizkoak edo autentifikatuak.

3.3. Aurreko apartatuetan ezarritakoa betetzen ez bada, izangaia kanporatu eginen da.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Antsoaingo Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Antsoaingo Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.–Kalifikazio epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduna.

5.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Ander Oroz Casimiro, Antsoaingo Udaleko alkate udalburua. Ordezkoa: Hezkuntza Batzordeko burua.

–Epaimahaikidea: Ainhoa Ibarrola Hernandorena, Atarrabiako AMALUR haur eskolako zuzendaria. Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

–Epaimahaikidea: Izaskun Resano Apezarena, Iruñeko haur eskoletako hezitzailea. Ordezkoa: Estefanía Valencia, Iruñeko haur eskola bateko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Antsoaingo Udaleko langileen ordezkariek izendatutako kide bat. Ordezkoa: Antsoaingo Udaleko langileen ordezkariek izendatutako kide bat.

–Epaimahaikide idazkaria: Iñigo Anaut Peña, Antsoaingo Udaleko Laneko eta Giza Baliabideen aholkularia. Ordezkoa: Antsoaingo Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6. Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu: lehiaketaldia eta oposizioaldia, oinarri hauetan adierazten den gisan, eta aurreikusi da 2022ko urtarriletik aurrera gauzatzea.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren oposizioaldiko ariketak. Udaleko iragarki-taulan argitaratuko dira gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak, egin baino 48 ordu lehenago.

7. Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketaldia ez da baztertzailea eta haren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, betiere deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin zuzeneko harremana duten gaiei loturik. Gehienez ere 20 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:

–Laneko eskarmentuagatik, gehienez ere 10 puntu.

–Prestakuntza osagarriagatik, baldin haren edukiak lanpostuarekin zuzenean ikusteko badu, gehienez ere 10 puntu. Baloratuko da zuzendaritza eta kudeaketa eginkizunekin lotutako eskarmentua, baita hezkuntza eginkizunekin lotutakoa ere.

7.2. Epaimahaiak IV. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

7.3. Oposizioaldiko hirugarren proba egitera iristen diren izangaiei baizik ez zaie eginen balorazio hori; iragarki-taulan argitaratuko dira haren emaitzak.

7.4. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldiak ondoko ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 80 puntu lortzen ahal dira:

8.2. Lehenbiziko proba galde-sorta teoriko-praktikoa izanen da, gaztelaniaz, deialdi honetako II. eranskinean agertzen den gai zerrendari buruz. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte epaimahaiak proba hasi aurretik ezarritako proportzioan. Proba honetan 10 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

8.3. Bigarren proban epaimahaiak proposatutako bi kasu praktiko garatu beharko dira, III. eranskineko gai zerrendarekin lotutako gaiei buruz. Proba honetan gehienez ere 50 puntu lortzen ahal dira eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

8.4. Hirugarren proban ariketa psikotekniko bat edo gehiago egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da. Probaren gehieneko balioa 20 puntu da, eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere puntuazio horren erdia eskuratzen ez dutenak.

8.4.1. Lehen bi probetako emaitzak baturik puntuaziorik hoberena erdietsi duten lehen 15 izangaiek baizik ez dute hirugarren proba hori egiten ahalko.

8.5. Epaimahaiak finkatuko du probak eta ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren. Haien iraupena epaimahaiak erabakiko du, hasi aurretik.

8.6. Dei bakarraren bidez eginen dira oposizioaldiko proba guztiak, eta izangaiak NANa aldean dutela agertuko dira, nork bere nortasuna behar bezala frogatzeko. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

9.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendatzeko proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, Antsoaingo Udalaren iragarki-taulan, gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, batuta izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak, eta Antsoaingo Udaleko Alkatetzari igorriko dizkio, espediente osoarekin batera, oposizioa gainditu dutenen zerrenda, eta puntuazio handienarekin gainditutako izangaiaren aldeko izendapen proposamena. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Berdinketarik izanez gero oposizio-lehiaketaren azken emaitzan, joko da bigarren proban, praktikoa baita, puntu gehien lortzen dutenen alde.

9.2. Emaitzak argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Udalaren Erregistro Orokorrean:

a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetarako, eta ez dela bereizia izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiri bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea.

c) Osasun ziurtagiria, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea, deialdiko lanpostuan egin beharreko jardueretarako ezarritako osasun protokoloen arabera; frogatuko da Udaleko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak egiten duen osasun azterketaren bidez.

Aipatutako osasun azterketan “gai” kalifikazioa ez duten izangaiak ezin izanen dira funtzionario izendatu.

d) Zin egitea edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

e) Desgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, frogagiri bat aurkeztu beharko dute, dioena desgaitasuna bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin; balorazio eta orientazio talde eskudunek eman beharko dute.

f) Hala behar badu, Antsoaingo Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.

9.3. Aipatutako epearen barrenean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, izan dezaketen erantzukizuna ukatu gabe.

9.4. Aitzineko atalean aurreikusitako kasuan, Antsoaingo Udalak lanpostua beteko du oposizioa gainditu dutenen zerrendan (9.1 atalean aipatzen den horretan) ondo-ondotik heldu den izangaiarekin.

10.–Izendapena, adjudikazioa eta jabetza hartzea.

10.1. Aitzineko oinarrietan xedatutakoa bete ondotik, Antsoaingo Udalak proposatzen zaion izangaia izendatuko du zuzendari lanpostua betetzeko, eta lanpostu hutsa esleituko dio.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita.

10.4. Epe horretan jabetza hartzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, deialdiaren xede den lanpostuari loturiko eskubide guztiak galduko ditu. Hala gertatuz gero, Antsoaingo Udalak lanpostua beteko du oposizioa gainditu dutenen zerrendan (9.1 atalean aipatzen den horretan) ondo-ondotik heldu den izangaiarekin.

11.–Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 3/2018 Legearekin bat, izangaiek, deialdira aurkeztu hutsez, baimena emanen dute beren datu pertsonalak tratatzeko, eta jakinaren gainean geldituko dira badela “langileen kudeaketa” izeneko fitxategi bat, langileak hautatzeko prozesuak egiteko, besteak beste.

Orobat izangaiei aditzera ematen zaie bildutako datuak hirugarrenei lagatzen ahal zaizkiela, legean berariaz aurreikusten den kasuetan, edo lagapena beste administrazio publiko batzuei egiten zaienean, haien eskumenetan ari daitezen.

Hautapen prozesuaren emaitzak jendaurrean jarriko dira, ez bakarrik aplikatzekoak diren arauetan ezartzen diren tokietan, baita Antsoaingo Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian ere.

Udala da fitxategiaren arduraduna, eta udal egoitzan baliatzen ahalko dira fitxategietan sartzeko, datuak zuzentzeko eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Antsoainen, 2022ko apirilaren 22an.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

II. ERANSKINA

Araudiari buruzko gai zerrenda

1. Nafarroako toki-erakundeen lege araubidea: udalerriak. Toki-erakundeen eskumenak. Antolaketa eta administrazioa.

2. Antsoaingo Udala. Osaera. Kideak hautatzea. Osoko bilkura, alkatea eta Gobernu Batzordea. Informazio batzordeak. Udal erakundeen funtzionamendua.

3. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.

4. Administrazio prozedura. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea. Printzipioak eta aplikazio esparrua. Administrazio prozeduraren faseak. Administrazio-errekurtsoak.

5. 0-3 urteko etapa indarreko legerian: 2/2006 Lege Organikoa, Hezkuntzari buruzkoa, eta 28/2007 Foru Dekretua, arautzen duena Haur Hezkuntzako lehenbiziko zikloa.

III. ERANSKINA

Lanbideko gaiak

1. Ikastetxeko hezkuntza proiektua eta haur eskolako curriculum proiektua.

2. Zer da haur eskola bat: Antolaketa eta funtzionamendua.

3. Girotzea, ekipamendua, material didaktikoa eta curriculumetakoa, 0-3 urte bitarteko ikasketa aldian.

4. Teoria psikopedagogiko nagusien eragina haur eskolan: Vigotsky, Piaget, Bruner, Ausubel eta Malaguzzi.

5. Kalitatea, berrikuntza eta ebaluazioa. Kalitate faktoreak, haur eskola bateko antolaketan eta funtzionamenduan. Kultura estatikoa eta kultura dinamikoa. Ikastetxearen ebaluazioa eta hobekuntza planak.

6. Familiaren eta haur eskolaren arteko harremanak.

7. Hezkuntzan esku hartzeko printzipioak eta oinarrizko metodologia 0-3 urteko hezkuntza etapan.

8. Haurren bizitzarako inportanteak diren alderdiei arreta ematea eskolan: egokitzapena, jana, loa eta esfinterrak eta agresibitatea kontrolatzea.

9. Haur eskolako zuzendariaren eginkizunak eta erantzukizuna. Kudeaketa estiloak. Helburuak eta printzipioak.

10. Pertsonen arteko harremanak eta talde lana. Lantaldean parte hartzea zuzendariaren rola izanik. Langileen motibazioa. Bilerak eraginkor gidatzea.

11. Arazoak aztertu eta erabakiak hartzea. Konponbideak eraikitzeko teknikak. Erabaki eraginkorrak.

12. Gatazkak konpontzea. Negoziazioa eta bitartekaritza. Akordio eraginkorrak. Elkar ulertzeko giroa sortzea. Estresa kudeatzea.

13. Adimen emozionala zuzendaritzari aplikatua. Giza faktorea, funtsezko elementua lanean eta antolaketan. Emozioak. Eraginkortasun komunikatiboa.

14. Informazioa eta komunikazioa. Komunikazioa hobetzeko teknikak. Laneko giroa.

15. Denbora kudeatzea: eskolako zuzendaritzan kontrolatu beharreko elementua. Norberaren lanaren antolaketa. Presako zereginak eta lehentasunezko zereginak. Denbora optimizatzea.

16. Arriskuen prebentzioaren kudeaketa haur eskoletan. Lan baldintzak eta osasuna.

17.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa. Berdintasunaren printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa.

18.–Antsoaingo Udalaren Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Ordenantza.

IV. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Laneko eskarmentuagatik, gehienez ere 10 puntu.

–Ikastetxe publikoetan zuzendari aritzeagatik, deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunetan, urtebetez edo denbora luzeagoz: urtebete oso bakoitzagatik, 2 puntu.

–Ikastetxe pribatuetan zuzendari aritzeagatik, deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunetan, urtebetez edo denbora luzeagoz: urtebete oso bakoitzagatik, puntu bat.

Laneko eskarmentua baloratzeko oharrak:

Laneko eskarmentua frogatuko da aurkeztuz enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagiriak eta Gizarte Segurantzako kotizazioaren ziurtagiria.

Enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagirietan, honako hauek jaso beharko dira: kategoria profesionala, lanaldi mota (lanaldi partzialak izanez gero, portzentajea edo ordu kopurua zehaztuta) eta lan egindako denboraren hasiera eta amaiera data zehatzak.

Eskabideak aurkezteko epea bururatu aitzin gauzatu diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

Data beretan bi kontratu edo gehiago egon badira, izangaiari mesedegarrien zaion hura baloratuko da soilik.

Lanaldi partzialeko kontratuak eta urtebete baino gutxiago irauten dutenak, proportzioan kontatuko dira.

b) Bete beharreko lanpostuarekin zuzenean ikusteko duen edukiaren gaineko prestakuntza osagarriagatik, gehienez ere 10 puntu, ondoko baremoari jarraikiz.

Pertsonen zuzendari eginkizunekin lotutako prestakuntza ikastaro bakoitzagatik, behar bezala ziurtatuta, iraupena gutxienez ere 10 ordukoa izanik: 0,2 puntu 10 orduko.

Haur hezkuntzako eginkizunekin lotutako prestakuntza ikastaro bakoitzagatik, behar bezala ziurtatuta, iraupena gutxienez ere 10 ordukoa izanik: 0,1 puntu 10 orduko, eta gehienez ere 5 puntu.

Prestakuntza osagarria baloratzeko oharrak:

Iraupena behar bezala frogatzen ez bada, ikastaroa 10 orduko gisa baloratuko da.

Iragarkiaren kodea: L2205797