92. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

137E/2022 FORU AGINDUA, maiatzaren 2koa, Osasuneko kontseilariak emana, osasun establezimenduetan hirugarrenek egin beharreko gutxieneko funtsezko zerbitzuak ezartzen dituena, 2022ko maiatzaren 3rako eta 4rako deitutako legezko greba dela eta.

Enpresa Batzordeak, 2022ko apirilaren 27an, legezko greba egiteko deialdia jakinarazi zion Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuari. Greba 2022ko maiatzaren 3an eginen da, eta jardueren erabateko lanuztea izanen da 2022ko maiatzaren 3ko 6: 00etatik maiatzaren 4ko 6:00etara.

Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidearekin batera, herritarrendako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatutako eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai eta konstituzionalak ere.

Greba deialdiaren aurrean, gutxieneko zerbitzuak zehazteko arrazoia da greba-eskubidea bateragarria izan behar dela osasun zerbitzuen funtzionamendu egokiarekin. Zerbitzu horiek zehazteko orduan, funtsean, zerbitzu horien izaera saihetsezina hartzen da kontuan, premia sanitarioko egoeren aurrean herritarrei zor zaien arreta bermatze aldera. Arrazoi horiek ikusita, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Kasu honetan, grebak eragindako zerbitzua arropa garbiketa da, eta, beraz, osasun zentroetako langileengan (uniformeak) eta pazienteengan (pijamak eta oheko arropa) du eragina. Jarduera asistentzial hori atzeraezina dela ulertuta, Osasun Departamentu honetarako gutxieneko zerbitzuek jardueraren %100 bete behar dutela ondorioztatu da, enpresak ezartzen duen langile kopurua edozein direla ere, jarduera hori garatzeko beharrezkotzat jotzen baita.

Kontuan hartuta martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoa, kasu honetan Foru Komunitateak erabili behar du eskumen hori, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 53. eta 58.1.b) artikuluetan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Legearen 41. artikuluan xedatutakoaren arabera bere gain hartutako eskumenen indarrez. Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. 2022ko maiatzaren 3rako eta 4rako, zehazki, maiatzaren 3ko 06:00etatik maiatzaren 4ko 06:00etara, deitutako legezko greba gauzatuko da ondoren zehazten diren gutxieneko funtsezko zerbitzuak errespetatuz:

1.1. Hirugarrenek Osasun Departamentuko osasun zentro eta establezimenduetarako egiten dituzten zerbitzuetan, zehazki, arropa garbitzeko zerbitzuan, gutxieneko funtsezko zerbitzuak %100ekoak izanen dira.

2. Foru agindu honen 1. atalean jasotako gutxieneko funtsezko zerbitzuei dagokienez, ukituriko enpresetan horretarako izendatzen diren langileek egin beharko dituzte, eta zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea legez kontrakotzat joko da eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Greba Batzordeari, Elis Manomatic SA enpresaren ordezkari Guillermo Puig Carrasco jaunari, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari eta Garapen Ekonomikorako Departamentuko Lan Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 2an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2206227