91. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

315E/2022 EBAZPENA, apirilaren 13koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita “Zugarramurdiko Udal Planaren aldaketa egituratzailea” proiektuari buruz; sustatzailea Zugarramurdiko Udala da.

Aldaketa Zugarramurdiko Udalak onetsi zuen 2020ko azaroaren 4an, eta jendaurreko aldian egon zen, iragarkia argitaratuta Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 123. zenbakian, 2021eko maiatzaren 27an.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren helburua da hirigintza arloko zehaztapenak ezartzea, herriaren sarbide berriaren proiektua aitzina eraman ahal izateko, hiri lurzoruak ukitzen baititu, urbanizagarriak nahiz urbanizaezinak. Proposamena justifikatzen da herriaren erdigunean dauden zirkulazio arazoei konponbidea emateko, herriak dituen baliabide turistikoetara iristeko beharrezkoa baita. Justifikazio hori bat dator Nafarroako Turismoaren 2018-2025 Plan Estrategikoaren helburuekin, hartan planteatzen baita gune turistikoak eta haien irisgarritasuna hobetzea.

Aldaketaren eremua herriaren ipar-ekialdean kokatzen da, NA-4401 errepidea lotzeko pilotalekuaren eta hango aparkalekuaren inguruarekin. Beraz, gehienbat belazeak ukitzen ditu, Azketako bidea, hartan egiten baita trazatu berriaren zati handi bat, eta Zorribentako errekako zuhaizti bat, NA-4401 errepidearekin lotura egiten den gunean.

Proposamenak aurreikusten du, halaber, bizitegi eremu bat, aparkalekuaren eta pilotalekuaren iparraldean. Lurzoru urbanizagarriko eremu horrek (EU-A egikaritza unitatea) 14 etxebizitza ere hartzeko gaitasuna du, eta herriko etxebizitzen okupazio eredua atxikitzen du. Trazatu berriaren ondorioz, lurzoru urbanizagarriaren zenbait zehaztapen aldatzen dira, A-3 eta EU-2 jarduketa unitateetan, haien azalera murrizten baita bidearen mesedetan (haien eraikigarritasuna eta etxebizitza kopurua atxikiz), eta A-5 unitatea ezabatzen da. Hiri lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren antolamendua lurzati eraikigarrietara iristen den sarbide berriaren inguruan egituratzen da.

Hiri lurzoru eta lurzoru urbanizagarrien eremu horretan ez da ingurumen eragin nabarmenik sortzen, eragin nagusia baita belaze eta abeltzaintzarako lurzorua bizitegi erabilerara aldatzea. Proposatutako antolamenduak udal plan orokorrean aurreikusitako kokapen eredua gordetzen du. Eremu horiek gaur ezarrita dagoen hirigunearen albokoak dira, eta haien garapenak ez du azpiegitura berririk eskatzen, haien beharrak bermatuta baitaude dauden azpiegiturekin edo aurreikusita daudenekin. Hornidurari dagokionez, eskaerak jasota daude “Zugarramurdiko goi horniduraren proiektua” izeneko dokumentuan, eta saneamendu sarerako konexioa besterik ez da egin behar.

Sarbide berriak landa lurzoruan duen trazatua hemendik aitzina azpiegitura berrietarako gordetako lurzorua deituko da (SO-V3), eta haien esparrua bat dator sarbide berriaren gauzapenak ukitzen duen lurzoruarekin (VA), gehi 10 metroko aurreikuspena, proiektuaren doikuntzarako. Ingurumen aldetik garrantzitsuak diren elementu nagusiak Azketako bideko zuhaitz heskaia, hor tartekatzen baitira haritzak, lizarrak eta gaztainondoak, eta Zorribentako erreka dira. Erreka horrek Urdazuri ibaira isurtzen ditu urak (Natura 2000 sarea), hark jasotzen baititu herriaren hegoaldeko urak; aldian aldiko portaera erakusten du, eta azalera gutxiko arro hidrologikoa du, ibaiertzeko landarediarekin, sarbide berriarekiko gurutzean (Fraxinus excelsior, Alnus glutinosa, Quercus robur, Corylus avellana, Crataegus monogyna).

Ingurumen agiri estrategikoak sarbide berriaren hiru zatietako bakoitzarendako planteatu diren alternatibak baloratzen ditu, eta ondorioztatzen du, obren fasean, nolabaiteko eragina eragiten zaiola landare estalkiari (Zorribentako errekako ibarbidearen ingurua eta Azketako bidea). Agiriak hainbat neurri zuzentzaile jasotzen ditu, bai sarbide berriaren proiekturako, bai lanen faserako.

Zentzu horretan, Biodibertsitate Zerbitzuak adierazi du Zugarramurdiko sarbide berriaren gauzapenerako Ingurumen Eragin Ebaluazio Sinplifikatua behar dela, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 7 i) taldean sartzen delako.

Dokumentazio guztia aztertuta, Biodibertsitate Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio sinplifikatua osatu dela, eta aldeko txostena eman du, horretarako baldintza jarrita ingurumen neurriak (ingurumen agiri estrategikoak jasotzen dituenak eta Zerbitzuak berak proposatutakoak) lotzea aldaketaren araudiarekin.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa formulatzen da Zugarramurdiko Udalak sustatutako “Zugarramurdiko Udal Planaren Aldaketa Egituratzailea” proiektuaren alde, ingurumen ukipenik ez duela sortzen iritzita.

2. Aldaketaren ingurumen eta paisaia integrazioa egiteko baldintza da Ingurumen Agiri Estrategikoan aurreikusten diren neurri zuzentzaileak aplikatzea eta haiek lotzea aldaketaren araudiaren bidez, eta halaber, ingurumen prebentziorako neurri hauek txeratzea:

–Fauna txikiaren igarobide bat eratzea Zorribentako errekako ibarbidean.

–Lurren kudeaketa indarrean den araudiaren arabera eginen dela bermatzea.

–Lanek ukitzen duten eremua leheneratzea, landaketak eta ereintzak eginez, Zugarramurdin ohikoak diren espezieak erabiliz, eta errekaren inguruan, ibaiertzeko espezieak erabiliz.

–“Pottoka urdinaren bidea” leheneratzea.

–Lurzoru urbanizagarrian, urbanizazio proiektuek jasoko dute zuhaitz hostotsuak landatzea aparkalekurako guneetan, eta haietan material iragazkorrak erabiltzea, lurzorua zigilatzea minimizatzeko.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Zugarramurdiko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko apirilaren 13an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Aldaketa proposamenaren eta Ingurumen Agiri Estrategikoaren laburpena

Aldaketaren helburua da Zugarramurdirako sarbide berria zehaztea, ibilgailuak hirigunean barna ibiltzea saihesteko, eta bizitegi esparru bat zehaztea, han dagoen aparkalekuaren inguruan. Bide berria zehazteko abiapuntua “Zugarramurdiko saihesbide berriaren gauzapena” (2016) proiekturako baloratutako memoria izan da.

Aldaketaren esparruak herriaren ipar ekialdean kokatutako lurrak ukitzen ditu. Sarbide berriaren zati nagusiak landa lurzorua zeharkatzen du, bat eginez Azketako bidearekin eta, azken zatian, NA-4401 errepidearekin lotzen den lekuan, Zorribentako erreka zeharkatzen du, zuhaizti batean barna. Erliebea aldatzen da trazatuan barna, malda gutxiko zati batekin, malda beheiti leun bat ipar alderantz Azketako bidean, eta ekialdeko muturrean, berriz, erreka zeharkatzen den lekuan, desnibela handiagoa da.

Esku-hartzearen helburu den hiri esparrua aparkalekuaren eta pilotalekuaren iparraldean dago. Lurzoru urbanizagarriko eremu txiki bat aurreikusten da, Zugarramurdiko lurzoruaren ohiko okupazio eredua atxikiz: familia bakarreko edo bi familiako etxeak, baratze edo lorategiarekin.

Aldaketaren proposamen zehatzak hauek dira:

a) Bizitegi erabilerako lurzoru urbanizagarriko sektore bat (EU-A). 1. poligonoko lurzati hauek osatuko dute: 206, 204, 197, 214, 215, 216; guztira 8.957,50 m².

b) Hiri lurzoru finkatuaren eta finkatugabearen zehaztapenen aldaketa (A-3, A-5 eta EU-2);

–A-3. jarduketa. Haren eraikigarritasuna eta etxebizitza kopurua mantentzen dira, baina haren azalera gutxitzen da, 1.342 m²-tik 671,58 m²-ra. Azalera hori esparrutik kanpo uzten da, sarbide berriaren lotura egiteko erabiltzeko (SO-V1).

–A-5. jarduketa. Erabat baztertzen da eta SO-V1 zatian sartzen da.

–EU-2: 210 lurzatiarekiko lotura ezabatzen da, eta SO-V1 zatian sartzen da. Haren eraikigarritasuna eta etxebizitza kopurua mantentzen dira, eta haren esparrua 211 lurzatira mugatzen da.

c) Sarbide berria. Haren trazatuak zeharkatzen duen lurzoru motaren arabera, era honetan izendatzen da:

–Azpiegitura berrietarako gorde beharreko lurzoru urbanizaezina. Sistema Orokorra sarbide berria SO-V3. Lurzoruaren kategoria honen esparrua 20. artikuluan zehazten da, eta sarbide berriaren (VA) gauzapenak ukitzen duen lurzoruarekin bat dator, gehi 10 metro proiektuaren doikuntzarako.

–Sistema Orokorra sarbide berria SO-V1 (hiri lurzoruan).

–Sistema Orokor Atxikia sarbide berria SO-V2 (lurzoru urbanizagarrian).

Hainbat alternatiba aztertu dira, sarbide berriak lurzoru urbanizaezinean banatu den hiru zatietako bakoitzerako (A, B, eta C tarteak). Lehenengo bi tarteetarako bi alternatiba aztertu dira, eta hirugarren tarterako, berriz, hiru. Azkenik, 1. alternatiba hautatu da A eta B tarteetarako eta 2. alternatiba C tarterako. Alternatiba horien desberdintasunak dira, B tartearen kasuan, Azketako bide ertzeko landarediaren gaineko ukipena eta lur mugimenduetatik sortuko den bolumena, baina ez dago alde handirik bi alternatiben artean. C tartearen kasuan, erreka zeharkatzean dagoen ibarbide erako topografiagatik, lur mugimenduak handiagoak dira, eta landarediaren gaineko ukipena itzulezina da, ukitutako eremuaren azalera beste alternatibetan baino txikiagoa delarik.

Ukitutako eremuen erabilerei dagokienez, 6.780 m² zuhaitz heskaia duten belazeak dira, 3.882 m² hostotsuak (450 metro inguruko luzera), eta 149 m² koniferoak.

Ingurumen azterketa estrategikoak aldaketaren helburuak identifikatzen ditu eta LAP2 Lurralde Antolamendurako Planarekiko interakzioak aztertzen ditu. Esparruaren analisia, diagnostikoa eta ingurumen balorazioa egin ondoren, eta proposamenaren ingurumen eraginak ebaluatzen ditu. Ingurumen diagnostiko horrek ingurune fisiko eta biotikoari buruzko datuak jasotzen ditu, honako hauek azalduz: geologia, geomorfologia eta arriskuak, natura balioak eta ingurumen unitate homogeneoak, ondare eta paisaia balioak.

Ingurumen dokumentuak berak proposamena bateragarritzat jotzen du Zugarramurdiko Landazabala Arreta Bereziko Paisaia izendapenaren irizpide eta balioekin, eta landare estalkiaren eta erabileren gaineko eraginak arintzat jotzen ditu. 8. atalean hainbat neurri zuzentzaile jasotzen ditu, sarbidearen garapeneko eta gauzapeneko faseei begira.

Sarbide berriaren proiektua prestatzean proposatutako neurri zuzentzaileetako batzuk dira, esaterako, Pottoka urdina bidea leheneratzea, B tarteko harlauzazko horma zatia leheneratzea, sarbide berriko bazterrak landarez hornitzea eta fauna txikiarentzako igarobidea jartzea, erreka zeharkatzen den lekuan. Lanek irauten duen bitartean, lur mugimenduak eginen dituzten kamioien joan-etorriak oraingo bideetatik eginen dira, lanen inguruko berezko landarediaren eremuak babesteko.

Lurraldearen balioen babesari eta kontserbazioari dagokienez, plan bat prestatuko da aurreikusteko gai solidoak errekara iristea, hondakinen kudeaketa, landare lurra kendu eta gordetzea. Lurzoru urbanizagarriei dagokienez, proposatutako neurrien helburua da etxeko galdarak jartzea erraztea, errendimendu energetiko handiagoa lortzeko, energia iturri berriztagarriak erabiltzea, eta luminaria efizienteak erabiltzea.

Iragarkiaren kodea: F2205756