91. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

287E/2022 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, “2022ko Hondakinen Funtseko dirulaguntza toki entitateentzat. Eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen eta eta hondeatutako material naturalen fluxua” izeneko dirulaguntza emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 620502.

Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez Hondakinen Funtsa eratu zen, haren bidez zenbait neurri finantzatzeko, helburu izanen dutenak hondakinak sortzeak eta kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintzea. Halaber, zehazten du Nafarroako Gobernuak ezarriko dituela Hondakinen Funtsa kudeatzeko, antolatzeko eta banatzeko irizpideak erregelamendu bidez. Tramite hori betetzat jo da Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretua argitaratzearekin batera.

Uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezartzen da 2022ko ekitaldiko Hondakinen Funtsaren osaera, eta, bertan adierazten denaren arabera, 2022ko ekitaldiko Hondakinen Funtsa 2020ko bigarren seihilekoan eta 2021eko lehenean bildu edo ekarri diren benetako diru kopuruek osatuko dute. Diru kopuru horiek 5.143.275 euro izan dira.

2021eko urriaren 19an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak proposatu du Funtsa proportzioan banatzea, hondakinen fluxu bakoitzaren diru ekarpenaren arabera, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 3. artikuluan bildutako definizioekin, eta kontuan harturik Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 43. artikuluko arloak.

Eta, 49/2020 Foru Dekretuan ezarritako tramiteak gauzatu ondoren, azaroaren 26an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 381E/2021 Foru Agindua onetsi zen, zeinean ezartzen baita 629.460 euro erabiltzea eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen eta hondeatutako material naturalen fluxurako. Kopuru hori jarduketa desberdinetan banatzen da; zehazki, 279.460 euro, optimizatu eta hobetu daitezen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak birziklatzeko eta balorizatzeko sistemak, eta balorizatu daitezen hondeatutako material naturalak, 2022an Nafarroako toki entitateek egin beharreko lanak badira, betiere.

Bestalde, abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen bidez, 2022. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak onetsi ziren. Gastu aurrekontuetan, Hondakinen Funtsari dagozkion gastu partidak aurreikusi dira, bat etorriz Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 42. artikuluan ezarritakoarekin. Eta, partida horien artean, honako hauek daude, behar beste funts dituztenak aurreko paragrafoan aipatutako eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen eta hondeatutako material naturalen fluxuaren dirulaguntzarako: 740001 74100 4609 456205 Hondakinen funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak eta 740001 74100 7609 456204 Hondakinen funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza hau emateko deialdia onestea: “2022ko Hondakinen Funtseko dirulaguntza toki entitateentzat. Eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen eta hondeatutako material naturalen fluxua”.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

740001-74100-4609-456205: Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak

2022

229.460,00

740001-74100-7609-456204: Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak

2022

50.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko apirilaren 8an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

ERANSKINA OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da 2022an toki entitateei eraikuntza eta eraispeneko hondakinen eta hondeatutako material naturalen fluxurako emanen zaien dirulaguntza arautzea, Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza honen helburua da laguntzea hondakinen hierarkiako goiko mailadiak lehenesten eta hondakinen arloan aurreikusitako helburuak betetzen, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat eta Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 279.460 eurokoa da, guztira, eta hurrengo atalean zehazten diren jarduketa-lerroen artean banatuko da.

2. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

Dirulaguntzaren xede izanen dira gastu arrunten ekintzak (azterlanak edo proiektuak, ondasunen errentamendua, material suntsikorra, beste enpresa batzuek egindako lanak, publizitatea, jardunaldiak, liburuxkak, informazio kanpainak eta abar) edo kapital inbertsioak, baldin eta lotuta badaude eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen eta hondeatutako material naturalen fluxuarekin. Deialdi honetarako, diruz lagungarriak izanen dira honako jarduketa lerro hauek garatzen dituzten proiektuak:

a) 1. jarduketa lerroa. Gehienez ere 100.000 euroko zuzkidura izanen du espazio degradatuak hondeatutako material naturalekin lehengoratzeko proiektuak idazteko eta/edo egikaritzeko (II. eranskinean zehaztutakoari jarraikiz). Material horiek kokalekuaren betelanean nahiz beheko eta/edo goiko zigilatze geruzetan erabiltzen ahalko dira, behar izanez gero.

Beheko eta/edo goiko zigilatzearen drainatze geruzak behar izanez gero, agregakin birziklatua erabiliko da agregakin naturalaren ordez.

Eta kokalekua landareztatzeko estaldura geruza handiagoa behar izanez gero, material bioegonkortua erabiltzea lehenetsiko da: hondar frakzioko tratamendu anaerobiotik (190604), gaika bildutako frakzio organikoko tratamendu aerobiotik (190503) edo hondar frakzioko tratamendu aerobiotik (190599) eratorritakoa. Material bioegonkor hori Ministerioaren dekalogoaren irizpideen arabera erabiliko da, landare lurra erabili beharrean.

Proiektuek berariaz jaso beharko dute erabiliko diren hondeatutako material naturalak, agregakin birziklatua edo material bioegonkortua Nafarroako Foru Komunitatean sortu direla.

b) 2. jarduketa lerroa: Agregakin birziklatuak eta hondeatutako material naturalak (II. eranskinean definitu bezala) eraikuntza-lanetan erabiltzeko jarduketetarako, 1. jarduketa lerrokoak ez direnetarako. Honako jarduketa hauek dira diruz lagungarriak:

1. 60.000 euroko zuzkidura du gehienez, agregakin birziklatuak erabiltzeko jarduketetarako.

2. 40.000 euroko zuzkidura du gehienez, hondeatutako material naturalak erabiltzeko jarduketetarako.

c) 3. jarduketa lerroa. Gehienez 79.460 euroko zuzkidura du, proiektuak idazteko eta/edo egikaritzeko, urrutiko herrietan eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak pilatzeko eta/edo tratatzeko eremuak sortzeko (II. eranskinean definitutakoaren arabera) eta instalazio mugikor bidez in situ tratatzearen kostu osoa finantzatzeko.

Eremu horiek sortzeko aurkezten diren proiektuek kontuan hartu beharko dute esparruak perimetro itxitura egokia izan behar duela, ahal den neurrian eraikuntza eta eraispen hondakinak abandonatuta ez uzteko (adibidez, zaintza sistemak). Era berean, abian jartzeko planean honako hauek jaso beharko dira: zein langile erabiliko diren, eginen den sarreren kontrola eta han utzitako materialari emanen zaion erabilera.

Era berean, instalazio mugikorraren kostuaren finantzaketa jaso ahal izateko, gutxienez 3 orduz erabili beharko da, eta, horretarako, beharrezkoa den materiala pilatu beharko da aurretik.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen intentsitatea.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, oinarri arautzaile hauetan ezarritako epean eta moduan egiten badira.

2. Ekipamenduak alokatzea proiektuak irauten duen bitartean.

3. Honako hauek erosteko zenbateko diruz lagungarria:

–Hondeatutako material naturalak: gehienez ere euro 1/t (edo 1,55 euro/m³), Nafarroako instalazio kudeatzaile baimendu batek emana (R5 edo R10), eta materialak Nafarroako eraikuntza eta/edo eraispen obra batetik badatoz.

–Birziklatutako agregakinak: gehienez 9 euro/t (edo 14 euro/m³), eraikuntza eta eraispen hondakinak tratatzeko baimena duen Nafarroako instalazio kudeatzaile batek emana (R5) eta betiere hondakinak Nafarroatik badatoz.

Materialaren jatorria materialen hornitzaileak ziurtatu beharko du, ahaldunak sinatutako ziurtagiri baten bidez.

4. Justifikatzen diren eta diruz lagungarriak diren gastuen zenbatekoari dagokionez, entitate onuradun bakoitzak gehieneko laguntza hau jasoko du: 1. lerrorako 30.000 euro, 2. lerrorako 10.000 euro, eta 3. lerrorako 20.000 euro. Lerroren batean soberako krediturik baldin badago, lerro horren onuradun izan direnen artean banatuko da, horietako bakoitzaren puntuazioan ezarritako ordenaren arabera eta goian aipatutako gehieneko laguntza gainditu gabe, diruz lagungarria den zenbatekora iritsi arte eta erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Oraindik soberako krediturik badago, gainerako lerroen artean banatuko da, lehentasun hurrenkera honi jarraikiz: 3., 1. eta 2. lerroak.

5. Onartutako proiektu bakoitzaren gehieneko zenbateko finantzagarritik, diruz lagungarriak diren inbertsio inbentariagarrien zenbatekoa % 70 izanen da gehienez.

6. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako jarduketak.

b) Europar Batasuneko edo espainiar estatuko indarreko nahitaezko arauetara egokitzeko jarduketak.

c) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo egiten diren obrak.

d) Lurrak eskuratzeko eta industria nabeak eraikitzeko gastuak.

e) BEZa edo beste zerga batzuk.

f) Finantza-gastuak.

g) Eskuratzen diren ekipamendu, patente eta bestelakoen amortizazio gastuak, dirulaguntza edo laguntza publikoren bat jaso badute.

h) Erabilera orokorreko gailu informatikoak: PCak, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...

i) Hasierako memorian zehaztu gabe dauden gastuak, dirulaguntzaren xederako ez direnak, bai eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.

j) Azpiegituren alokairua.

k) Langileen eta dieten gastuak eta mota guztietako prestakuntza ekitaldietara joateko gastuak edo antzekoak.

7. Oinarri arautzaile hauei jarraikiz emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan, inola ere, Espainiako edo atzerriko beste entitate publiko edo pribatuen dirulaguntzekin batera, entitate onuradunak garatu beharreko proiektuaren kostua baino handiagoa.

4. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Nafarroako toki entitateak izaten ahalko dira laguntza hauen onuradunak.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskabide orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla.

Betebehar horiek deialdi honen hurrengo atalean (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuz frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.

5. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da, hurrengo hilabetean.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta dirulaguntza-eskabidea modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arretaguneak jarriko ditu, tramiteen katalogoko fitxan behar bezala iragarriko direnak. Gune horietan aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskaera aurkezteko nahitaezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):

a) Eskabide-orria (I. eranskina).

b) Memoria, proiektuaren hedadura eta azalpen zehatza adierazten dituena eta egin beharreko ekintzak jasotzen dituena, jarduketa lerroen eta horien zenbatekoen arabera taldekatuak, 2. oinarriarekin bat.

c) Proiektuaren aurrekontu xehakatua.

d) Deialdi honen kontura jasoko dituzten funtsei publizitatea emateko erabiliko dituzten hedapen neurriak.

3. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio gehienez bost egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokio prozeduraren instrukzioa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren bidez. Jasotako eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuko ditu atal horrek.

2. Eskaerak oinarri arautzaile hauetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, hamar (10) egun balioduneko epe luzaezinean, errekerimendua jaso eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta besterik gabe artxibatuko dela, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.

3. Eskaerak berrikusi eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten administrazio espedienteak eta beharrezko dokumentazioa baloratu eginen dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez badira edo behar den dokumentazioa ez badago, tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.

7. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta bat etorriz arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunekin.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da entitate onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

Hauek dira dirulaguntza hau emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. 2. oinarriko lehen jarduketa lerroko proiektuetarako:

a) Jarduketaren beharra, ingurumenarekin, dimentsioekin, osasunarekin, gizartearekin eta beste batzuekin lotutako zehaztapenen arabera; gehienez ere 20 puntu emanen dira.

Jarduketaren beharraren justifikazioa aurkeztutako memorian jaso beharko da.

b) Aurkeztutako memoriaren kalitatea, gehienez ere 10 puntu. Honako hauek hartuko dira kontuan:

I. Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).

II. Zereginen definizioa, egikaritzeko kronograma, esleitzen diren baliabideak.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinketa gertatuz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

2. 2. oinarriko bigarren jarduketa lerroko proiektuetarako:

a) Jarduketaren beharra, ingurumenarekin, dimentsioekin, osasunarekin, gizartearekin eta beste batzuekin lotutako zehaztapenen arabera; gehienez ere 20 puntu emanen dira.

Jarduketaren beharraren justifikazioa aurkeztutako memorian jaso beharko da.

b) Ongien definitutako eta dimentsionatutako proiektuak eta dokumentazio teknikoaren kalitatea, gehienez ere 10 puntu.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinketa gertatuz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

3. 2. oinarriko hirugarren jarduketa lerroko proiektuetarako:

a) Eraikuntza eta eraispen hondakinen kudeatzailetik hurbilen dagoen distantzia diruz lagundutako jarduketaren kokapenetik. Distantziaren arabera:

I. 15 km baino gehiago eta 30 km edo gutxiago: 10 puntu.

II. 30 km baino gehiago: 20 puntu.

b) Aurkeztutako memoriaren kalitatea, gehienez ere 10 puntu. Honako hauek hartuko dira kontuan:

I. Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).

II. Zereginen definizioa, egikaritzeko kronograma, esleitzen diren baliabideak.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinketa gertatuz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena gehienez ere 2 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

2. Dirulaguntzei uko eginez gero edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, dirulaguntza ematen ahalko zaie aurrekontu-kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren beste eskaera batzuei, aurrekontuan behar adina diru egonez gero. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

10. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epea.

Finantzatzen diren proiektuak 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko dira, eta gauzatzeko epea 2022ko urriaren 31n bukatuko da. Gauzatzeko epe hori ez da luzatuko.

11. oinarria.–Egindako gastu eta ordainketen justifikazioa.

Entitate onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztuko dituzte diruz lagungarriak diren jarduketak bukatu ondoren. Aurkezteko azken eguna 2022ko azaroaren 15a izanen da. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Egindako jarduketak deskribatzen dituen memoria; bertan, era berean, diruz lagundutako jarduketekin lortu nahi diren xedeen emaitzak baloratuko dira.

Eskabidean adierazitako hedapen neurrien betetze maila ere justifikatuko da memoria horretan, dokumentazio grafikoaren bidez (5. oinarriko 2. ataleko d letra). Neurri horien ordez, eskabidean proposatutakoen irismen maila bereko beste neurri batzuk hartzen ahalko dira, eta, era berean, egiaztatu egin beharko dira.

b) Proiektuaren azken aurrekontua.

c) Fakturak eta aurreko aurrekontuan sartutako ordainketen transferentzia.

Ordainketen justifikazioak argi eta behar bezala frogatu beharko dira (faktura bakoitza eta onuraduna identifikatuta). Nolanahi ere, ordainketa efektiboa atal honetan (11. oinarria) adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen egin beharko da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa betetzeko, entitate onuradunak frogatzen ahalko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatu dela, eta, horretarako, gutxienez 2 ondasun edo zerbitzu eskaintza aurkeztu beharko ditu, azkenean eskuratu direnen antzeko ezaugarriak dituztenak eta dirulaguntzaren xede direnak.

d) 2. oinarriko lehen eta bigarren jarduketa lerroak egikaritzeko proiektuen kasuan, kudeatzaile baimenduak emandako ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena:

1. Hornitutako material mota.

2. Hornitutako m³ edo tona kopurua.

3. Instalazio kudeatzailearen Ingurumen Identifikazio Zenbakia.

4. Materialaren jatorria (ikus 3. oinarriaren 3. atala).

Aurreko ziurtagiri horri obra-zuzendaritzaren ziurtagiria erantsiko zaio, non lekua eta erabilitako material tonak edo m³-ak zehaztuko diren.

e) Ziurtatzea egin diren ekintzek betetzen dutela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak ezartzen duena.

f) 2. oinarriko lehenengo, bigarren eta hirugarren jarduketa lerroetako proiektuen kasuan, obra lizentziaren fotokopia.

g) Gardentasun Legea betetzeko III. eranskina betetzea.

Dirulaguntza justifikatzen ez bada ezarritako baldintza guztiak betez, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluak ezartzen duen moduan.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza ordainduko da Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertu eta gero. Zerbitzu horrek ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta, horrekin batera, txosten bat, entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duena.

13. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.

b) Diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga onartzea.

c) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

e) Ekipamendu-ondasunak edo higiezinak diruz lagunduz gero, horiek entitate onuradunaren ondarean egon beharko dute gutxienez 5 urtez, salbu eta entitate onuradunari egotzi ezin zaion suntsipena edo galera gertatzen bada. Hala ez bada, dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da.

f) Jasotako dirulaguntzari buruzko publizitate aktiboa ematea.

2. Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere doitzen ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru kopuru horiek askatzen badira, jarduketa-lerro bereko beste entitate onuradun batzuei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira, beren proiektuentzako zenbatekoa oso-osorik jaso ezin izan badute.

4. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoak nahiz atzerrikoak izan, emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren aurrean aldez aurretiko errekerimendua egiten ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan finkaturiko modu eta epeetan.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

I. eranskina.–Dirulaguntza-eskabidea (DOC).

III. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

II. ERANSKINA

Definizioak

Dirulaguntza hauen ondorioetarako, honako hauek hartuko dira kontuan:

–Agregakin birziklatua: Eraikuntza eta eraispen hondakinak dira; R05 kudeaketa instalaziotik igaro ondoren, baldintza teknikoak, legeria eta obra batean produktu gisa erabiltzeko aplikatu beharreko arauak betetzen dituzte.

–Hondeatutako material naturalak: Oinarri hauen ondorioetarako, eraikuntza edo eraispen obretan hondeatutako lur eta harri naturalak dira, baldin eta 9/2005 Errege Dekretuan, konposatu organikoen kasuetarako, ezarritako beste erabilera batzuetako erreferentziako maila orokorrak gainditzen ez badituzte, ez eta metaletarako erreferentziako maila orokor horiei buruz Nafarroan egindako azterlanean lortutako mailak ere, eta betiere, kutsagarria izan daitekeen jarduketa bat kokaturik egon den tokietatik ez badatoz, 9/2005 Errege Dekretuan zehaztu bezala.

–Espazio degradatuak: Hondakindegi zahar itxiak dira, non, ondoren, isurketa puntualak eta ez-puntualak egin izan diren lurzorura, are meatze ustiategi zaharretan ere (lehengoratze planik ez duten meatze ustiategi ez-aktibotzat hartzen dira).

–Urrutiko herriak: Hondakin horiek tratatzeko instalazio finkoa 20 km-tik gorako distantzian eta/edo 30 minututik gorako ibilian dutenak.

Iragarkiaren kodea: F2205497