90. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

NAFARROAKO PARLAMENTUA. 2022ko ekitaldian Garapenerako Hezkuntzako proiektuak egiteko dirulaguntzen deialdia.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2022ko apirilaren 25ean egindako bilkuran, erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

Nafarroako gizarteak askotan erakutsi du elkartasuna behartsuenekiko, eta, ildo horretatik, jarduketa esanguratsuak egin dira, bai araudiaren arloan, bai exekutiboan, honako xedearekin: giza garapenerako, pobreziaren desagerrarazteko eta herritar guztiek eskubide unibertsalak osoki baliatu ahal izateko laguntza ematea.

Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Eguneko ekitaldien baitan, eta talde parlamentario guztien elkarlanari eta horien eta gizarte zibil antolatuaren elkarlanari esker, Nafarroako Parlamentuko Eskubide Sozialetako Batzordeko kideek Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna (2021-2030) sinatu zuten Gizarte Entitateen Plataformarekin. Itunaren helburua da, besteak beste, aurrera egitea Nazio Batuen Biltzar Nagusiak 2015eko irailean onetsitako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak ezarritako bidean. Gainera, Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna (2021-2030) Nafarroako Parlamentuaren konpromisoa, garapenerako hezkuntzaren arloko proiektuen deialdiari eustekoa, jasotzen du, 2024. urterako Parlamentuaren aurrekontuaren % 0,7ra iristeko xedearekin.

Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuak txosten bat taxutu du, 2022ko ekitaldian Garapenerako Hezkuntzako proiektuak egiteko dirulaguntzen deialdia –bai eta kasuko oinarri arautzaileak ere– onesteari begira. Espedientea txosten juridikoarekin eta Kontu-hartzailetzak egindako gastu-fiskalizazioarekin osatu da.

Horiek horrela, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduko 37. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak honako hau

ERABAKI DU:

1. 2022ko ekitaldian Garapenerako Hezkuntzako proiektuak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Guztira 74.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Parlamentuaren 2022ko ekitaldirako gastuen aurrekontuko 48207 “Garapenerako eta elkartasunerako jardueretarako dirulaguntzak” partidaren kargura.

3. Erabaki honen eranskinean jasotzen diren deialdiaren oinarri arautzaileak onestea.

4. Erabaki hau eta kasuko eranskinak Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen agintzea.

Iruñean, 2022ko apirilaren 25ean.–Lehendakaria, Unai Hualde Iglesias.

ERANSKINA

2022ko ekitaldian garapenerako hezkuntzako proiektuak egiteko dirulaguntzen deialdia arautzen duten oinarriak

Lehena.–Xedea eta helburua.

Bigarrena.–Entitate onuradunak.

Hirugarrena.–Esku-hartzearen betekizunak.

Laugarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

Seigarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Zazpigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura antolatzeko, instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak.

Zortzigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntzaren aurrerakina, ordainketa eta justifikazioa.

Hamargarrena.–Dirulagungarri diren gastuak.

Hamaikagarrena.–Balorazio-irizpideak.

Hamabigarrena.–Errekurtsoak.

Lehena.–Xedea eta helburua.

Nafarroako Parlamentuak aurreko ekitaldietako bidetik jarraitzen du eta, ahal duen neurrian, laguntzen du garapen jasangarrirako helburuak lortzen eta mundu zuzenagoa, baketsuagoa, toleranteagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzen. Xede horrekin, dirulaguntza-deialdi hau onetsi du, Garapenerako Sentsibilizazio eta Hezkuntzako esku-hartzeak Nafarroan egiteko. Esku-hartzeen helburua izanen da garapen-bidean dauden herrialdeek pairatzen dituzten problemekin zerikusia duten alderdietan eta horien zergatietan sentsibilizatu edo prestakuntza ematea, eta mundu globalizatuari buruzko ulermena erraztea, jarrera kritikoa eta errealitatearekin konprometitua ernaraziz, txirotasunaren aurkako borrokarekiko konpromisoa eta erantzukidetasuna sortuko dituena. Nazio Batuen Batzar Nagusiak Garapen Jasangarrirako 2030eko Agendan onartu dituen Garapen Jasangarriko Helburuetakoren bat garatu beharko dute esku-hartzeek.

Horretarako 74.000 euro bideratuko dira, Nafarroako Parlamentuaren 2022ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuan berariaz onetsitako partida honetatik: 48207 “Garapenaren eta elkartasunaren arloko jardueretarako dirulaguntzak”.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1. artikuluarekin bat etorriz, deialdia norgehiagoka-araubidean izapidetuko da.

Bigarrena.–Entitate onuradunak.

Honako betekizun hauek betetzen dituzten entitateak izan ahalko dira dirulaguntzaren onuradun:

–Zein bere izaeraren arabera legez eratutako pertsona juridikoak izatea, eta inskribatuta egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan (AECID).

–Nafarroan egoitza soziala edo ordezkaritza iraunkorra izatea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan azaltzen diren egoeretako batean ere ez egotea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluaren arabera, onuradun izan ahalko dira, halaber, elkartuta aurkezten diren entitateak, aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen badituzte eta, betiere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoa betetzen badute.

Hirugarrena.–Esku-hartzearen betekizunak:

–Helburu gisa edukitzea lehen oinarrian jasotakoa.

–2022ko ekitaldian exekutatzea. Hala ere, dirulaguntzaren xede den jarduna ohikotasunez garatzen den urte-aldia ez datorrenean bat aurrekontu-ekitaldiarekin –esaterako, ikasturtea–, jarduera horretarako dirulaguntzak urte-aldi horretara moldatzen ahalko dira eta, halakoetan, zilegi izanen da jarduera 2023ko ekainaren 30erako amaitzea.

–Jarduerak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan garatuko dira.

–Nafarroako Parlamentuak diruz lagundu beharreko gehieneko zenbatekoa: 12.000 euro.

Esku-hartzearen garapena eraldatu edo zailtzen duten gorabeherak gertatuz gero, zilegi izanen da jarduera horiek egiteko epeak luzatzea. Horretarako, Nafarroako Parlamentuko Erregistro Orokorrean (erregistroa@nafarroakoparlamentua.eus) eskabide-orri bat aurkeztu beharko da, Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuari zuzendua, epea luzatzea eskatu eta azaltzen dituena esku-hartzea hasiera batean aurreikusitako epean gauzatu ezinaren arrazoiak. Edonola ere, jarduerak egiteko gehieneko epea 2023ko ekainaren 30ean amaituko da.

Laugarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lor daitezkeen beste batzuekin, eta emaileak izan daitezke administrazio publikoak, beste erakunde publiko edo pribatu batzuk nahiz partikularrak, nazionalak edo nazioartekoak.

Emandako dirulaguntzaren zenbatekoak, bere horretan edo beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuekin edo dirulaguntzaren xede den jardueraren baliabide berekiekin batera, ezin izanen du ezein kasutan gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

Entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskaera bat aurkeztu ahalko du. Eskaeratzat zenbatuko dira bai bakarka aurkeztutakoak bai entitate-elkarte baten parte izanik aurkeztutakoak. Baldin eta entitate batek bakarkako eskaera bat eta beste entitate batzuekiko elkartean eginiko beste eskaera bat aldi berean aurkezten baditu, bi eskaera horiek deialditik kanporatuak izanen dira.

Eskaera Nafarroako Parlamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako erregistroetatik edozeinetan, gehienez ere 15 egun balioduneko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Nafarroako Parlamentuko Erregistroan aurkezteko, seigarren oinarrian adierazitako dokumentazioa posta elektroniko bidez igorri beharko da, digitalki sinaturiko Nafarroako Parlamentuko eskabide orokor batez lagunduta, honako helbide honetara: erregistroa@nafarroakoparlamentua.eus.

Nafarroako Parlamentuko eskabide orokorra Nafarroako Parlamentuaren webgunetik deskargatu daiteke:

https://www.parlamentodenavarra.es/es/contactar

Seigarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabide orokorrarekin batera, entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

I.–Dokumentazio orokorra:

a) Deialdian adierazitako eredua (I. eranskina) erabili behar da dirulaguntzaren eskaera egiteko, eta bertan entitate eskatzaileak adierazi behar du bigarren oinarrian ezarritako betekizun guztiak betetzen dituela.

b) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean dagoen ordezkaritzaren edo egoitzaren aipamenarekin. Deialdi hau argitaratu baino urtebete lehenago jaulkitakoa izanen da gehienez ere.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, non ziurtatuko baita ezen entitate eskatzaileak bete egiten dituela erakunde onuraduna izan ahal izateaz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betekizunak (II. eranskina).

d) Entitate-elkarteen kasuan, entitate bakoitzaren dokumentazioaz gain, honako hauek aurkeztuko dira:

d.1) Entitate-elkartearen eratze-agiria. Elkarteak nortasun juridiko berekirik ez badu, eratze-agirian espresuki izendatua agertu beharko da ahalordedun edo ordezkari bakarra, elkarteak onuradun gisa izanen dituen betebeharrak betetzeko ahalorde nahikoak izanen dituena, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitako preskripzio epea amaitu arte elkartea ez desegiteko konpromisoa ere agertu beharko da.

d.2) Honako hau azaltzen duen agiria: elkarteko entitate bakoitzak proiektuaren exekuzioan zer funtzio eta eginkizun hartuko dituen bere gain, elkartearen izenean eta haren kontura; eta elkarteko entitate bakoitzari aplikatuko zaion dirulaguntzaren zenbatekoa.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

f) Emandako dirulaguntza osoa aurretik ordaintzea zilegi den kasuetako entitateei dagokienez, 9.1 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztuko da.

Eskaerak ez baditu ezarritako betekizunak betetzen, interesdunari aginduko zaio gehienez hamar eguneko epean akatsa zuzendu dezan edo aginduzkoak diren dokumentuak aurkez ditzan. Ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egintzat joko dela, aurrez ebazpena emanda. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan eman beharko da.

II.–Baloraziorako dokumentazioa:

A. Esperientzia:

a) Azken lau urteetan administrazio publikoek finantzatutako Garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazio proiektuen zerrendadun taula (III. eranskina).

b) III. eranskinean adierazitako dirulaguntzak emateko ebazpenaren kopia.

B. Esku-hartzeari buruzko oroitidazki teknikoa. Berdintasunaren aldeko eta bazterketaren kontrako hizkera erabiliz idatzi beharko da. Pertsonei buruzko datu guztiek sexuaren arabera bereizita egon beharko dute.

C. Esku-hartzeari buruzko oroitidazki ekonomikoa (kalkulu-orrian).

Oroitidazki teknikoa eta ekonomikoa IV. eranskinean jasotako datu-orriari jarraikiz aurkeztuko dira.

Zazpigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura antolatzeko, instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak.

Nafarroako Parlamentuko Zerbitzu Juridikoetako eta Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuetako teknikariek osatutako balorazio-batzordeak antolatuko du prozedura. Kide anitzeko organo horrek ebaluatuko ditu eskaerak, eta haren irizpena loteslea izanen da.

Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzua izendatzen da instrukzio organo. Instrukzio organoak, eskaeren ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen du.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak berariaz hartutako erabakiaren bidez ebatziko da dirulaguntzak emateari buruz, instrukzio organoak proposatutako txostena oinarri hartuta.

Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik hiru hilabete igarotakoan ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu ahalko da.

Zortzigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Esku-hartzea eskaeran deskribatu duten moduan egitea.

b) Betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela frogatzea Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuari.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk jasotzen badituzte, jakinaren gainean jartzea Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzua.

d) Dirulaguntza emateko ebazpena ematen den unean egunean edukitzea beren zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

e) Nafarroako Parlamentuarekin elkarlanean proiektuaren berri zabaltzea, Nafarroako iritzi publikoa garapenerako lankidetzari buruz sentikortzeko.

Nafarroako Parlamentuak entitate onuradunei dei eginen ahalko die Nafarroako Parlamentuan eginen den ekitaldi publiko batean parte har dezaten. Ekitaldi horretan, entitate onuradun guztiek diruz lagundutako proiektuaren exekuzioa aurkeztuko dute.

f) Jarduerak egiteko erabiltzen dituzten baliabideetan eta materialetan agerraraztea Nafarroako Parlamentuak finantzatuta eginen direla jarduerak.

g) Organo emaileak egiaztapen eta kontrol jarduketak egin ditzan onartzea.

h) Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, egiaztapen eta kontrol jarduketetarako beharrezkoak izan daitezkeen bitartean.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

j) Entitate onuradunak eman zaion dirulaguntzari uko egitea erabakiz gero, bi hilabeteko epean egin beharko du uko, laguntza eman zaiola jakinarazi zaion egunetik zenbatuta. Uko egitea Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuari zuzenduko zaio, Nafarroako Parlamentuko Erregistro Orokorrean (erregistroa@nafarroakoparlamentua.eus) aurkeztutako idazki baten bidez.

Aldez aurretik ordaindutako zenbatekoa itzuli beharko du, Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzutik adierazitako prozeduraren bidez. Uko eginiko zenbatekoa, behin Nafarroako Parlamentuak jasota, hamaikagarren oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu arren aurrekontuan diru erabilgarri aski ez egoteagatik laguntzarik eskuratu ez duten proiektuei esleitzen ahalko zaie.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntzaren aurrerakina, ordainketa eta justifikazioa:

1. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, baliabide nahikorik ez izatea behar bezala frogatzen duten entitateen kasuan, dirulaguntzaren ordainketa bakarra eta aurreratua eginen da, diruz lagundutako jarduera behin-behinekoz finantzatzeko. Horretarako, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioari erantsita, entitatearen edo elkartearen ordezkariak sinatutako ziurtagiria aurkeztu beharko da, jarduera egiteko baliabide nahikorik ez dagoela adieraziko duena.

2. Gainerako entitateei aldez aurretik ordainduko zaie emandako dirulaguntzaren % 60 adinako zenbatekoa. Emandako dirulaguntzaren zenbateko osora iritsi artekoa diruz lagundutako proiektua amaitutakoan ordainduko da, ordainketa bakarrean. Aldez aurretik, entitate onuradunak justifikatu egin beharko du egindako jarduera.

Dirulaguntzaren aldez aurretiko ordainketa deialdi hau ebaztearekin batera eginen da.

Dirulaguntza egiazki ordaintzeko, beharrezkoa izanen da entitateak aurkeztua izatea transferentzia-abonua eskatzeko agiria, diru-sarrera egin behar den banku-entitateak datuz behar bezala beteta.

3. Esku-hartzea amaitu eta gehienez ere ondoko hilabetean aurkeztuko da justifikaziorako dokumentazioa, eta honako agiri hauek bilduko ditu:

–Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinaturiko erantzukizunpeko adierazpena, justifikazio-txostena osatzen duten agirietan jasotako datuen egiazkotasunari buruzkoa.

–Esku-hartzearen oroitidazki teknikoa, dagozkion egiaztapen-iturriekin, hala behar denean.

–Oroitidazki ekonomikoa, non azalduko baita esku-hartzearen aurrekontuaren betearazpena, exekuzioan eginiko gastu guztiak xehakatuta eta adierazita zer jarduerari dagozkion eta nor den finantzatzailea.

–Nafarroako Parlamentuaren dirulaguntzaren kargura eginiko gastu eta ordainketa guztien ziurtagiriak. Gastuak frogatzeko, fakturak eta ordainagiriak aurkeztuko dira, edo gainerako frogagiri baliokideak, merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo eraginkortasun administratiboa dutenak. Agiri guztiek eginbide-zigilua izango dute, eta bertan adieraziko da Nafarroako Parlamentuak finantzatu dituela jarduerak. Eginbideak jasoko ditu, gutxienez, “Nafarroako Parlamentuak finantzatua” legenda eta Nafarroako Parlamentuak emandako dirulaguntzaren kargura finantzatutako zenbatekoa edo ehunekoa.

–Nafarroako Parlamentuaren ez den finantzaketarekin eginiko gastuen kasuan, entitateak berak emandako ziurtagiri bat aurkeztuko da, funts pribatuen kasuan, edo zenbatekoa eta proiektua jasotzen dituen aldeko ebazpenaren kopia bestelako dirulaguntza publikoen kasuan.

–Berariazko adierazpena: ea proiektuak beste laguntza edo dirulaguntzarik jaso duen, eta, baiezkoan, jasotako zenbatekoen eta horien iturrien xehetasunak.

Aurkeztutako agirietan oinarrituta, balorazio-batzordeak egin den jardunari eta horren justifikazioari buruzko txosten bat bidaliko dio instrukzio-organoari. Txosten horri jarraikiz, instrukzio-organoak proposamena eginen dio Nafarroako Parlamentuko Mahaiari, exekutaturiko ekintzaren justifikazioa onets dezan, kasua bada, justifikazioa onets eta ordainketa agin dezan, edo bestela itzulketa-espediente bati ekitea proposa dezan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluak ezarritakoaren arabera.

Hamargarrena.–Dirulagungarri diren gastuak:

–Dirulagungarri diren gastutzat jotzen dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuteaz gain jarduera hura burutzeko ezarritako epearen barruan egiten direnak. Gastu dirulagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

–Deialdi honi dagokionez, ez dira gastu dirulagungarritzat joko inbertsio gastuetara bideratutako diru kopuruak, ez eta zeharkako kostuak edo kudeaketa kostuak ere.

Hamaikagarrena.–Balorazio-irizpideak.

Eskaerak 0 eta 100 puntu bitarteko eskalan baloratuko dira, irizpide hauei jarraituz:

I.–Esperientzia (30 puntu gehienez):

a) Azken lau urteetan administrazio publikoek finantzatuak izan diren garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioko proiektuak exekutatzen entitate eskatzaileak izandako esperientzia baloratuko da. Proiektuaren kopurua eta diruz lagundutako zenbatekoak hartuko dira kontuan.

–1-4 proiektu bitarte: 2,5 puntu.

–5-7 proiektu bitarte: 5 puntu.

–8-10 proiektu bitarte: 8 puntu.

–10 proiektu baino gehiago: 12 puntu.

Lortutako dirulaguntzen zenbatekoa:

–0-8.000 euro bitarte: 2,5 puntu.

–8.001-30.000 euro bitarte: 5 puntu.

–30.001-80.000 euro bitarte: 8 puntu.

–80.000 euro baino gehiago: 12 puntu.

Balorazioa egiteko, proiektu exekutatuak III. eranskina betez deklaratu beharko dira (eranskin horretan adierazitako informazioaz bestelakoak ez dira kontuan hartuko). Gainera, deklaratutako jarduketek puntuak izan ditzaten, haien frogagiriak helarazi beharko dira, haien ebazpenaren kopia edo dokumentu baliokidea atxikiz.

Bi apartatu horietan lorturiko puntuazioa 1,25ekin biderkatu ahalko da, baldin eta esku-hartzea Nafarroako Parlamentuak aurreko bi ekitaldietako edozeinetan finantzatua izan bazen. Horretarako, eskaera-inprimakian azaldu beharko dira labur ordura arte lorturiko emaitzak eta jarraipenerako arrazoiak.

II.–Proiektuaren kalitatea (55 puntu, gehienez):

a) Proiektua gauzatuko den egoeraren eta ingurunearen azterketa: (10 puntu, gehienez).

b) Kronograma (5 puntu gehienez).

c) Helburuaren, emaitzen eta jardueren koherentzia: (10 puntu, gehienez).

d) Adierazleak eta egiaztapen-iturriak: (10 puntu, gehienez).

e) Herritarrek parte hartzea eta boluntariotza sustatzea: (5 puntu, gehienez).

f) Genero-ikuspegia jasotzea (10 puntu, gehienez).

Proiektua lagungarria da emakumeen eta haiek munduan duten kokalekuaren ikusgaitasunerako; gaitasunen sendotzea eta emakumeen autonomia sustatzen ditu.

g) Esku-hartzearen garapenean eragin dezaketen kanpoko arriskuen edo faktoreen analisia (5 puntu, gehienez).

III.–Aurrekontuaren deskribapena: (15 puntu, gehienez):

–Aurrekontua deialdian jasotakoari egokitzea: (5 puntu, gehienez).

–Gastu-beharren justifikazioa: Giza baliabideak, baliabide materialak... (10 puntu, gehienez).

Ez dira baietsi 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskaerak.

Eskatutako dirulaguntza bera emanen da. Lehentasun-ordena ezarriko da lortutako puntu kopuruaren arabera, eta dirulaguntzak esleituko dira harik eta aurrekontu-izendapenaren mugara iritsi arte. Prozedura horren arabera dirulaguntza lor dezakeen azken proiekturako eskatutako diru kopurua handiagoa bada haren finantzaketarako eskueran dagoen diru kopurua baino, instrukzio organoak zilegi izanen du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20. bis artikuluan ezartzen denari jarraituz, onuraduna premiatzea bere eskaera birformula dezan, konpromisoak eta baldintzak eman daitekeen dirulaguntzara doitzeko.

Hamabigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi hau oinarri arautzaile hauen bidez eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren bidez arautzen da.

Deialdi honen aurka errekurtso hauek jartzen ahalko dira:

–Aukerako berraztertze-errekurtsoa, Nafarroako Parlamentuko Mahaiari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo horretako salan, bi hilabeteko epean, deialdi hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2206143