90. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARRUAZU

Udal ordenantza, belaunaldi berriko telekomunikazio zerbitzuetarako sarbide sareak formatu unibertsalean hedatzeko. Behin betiko onespena

Honako honen bidez aditzera ematen da ezen Arruazuko Udalak, 2021eko ekainaren 7an egin osoko bilkuran, erabaki zuela hasiera batez onestea udal ordenantza bat, belaunaldi berriko telekomunikazio zerbitzuetarako sarbide sareak formatu unibertsalean hedatzeko (erabaki horren iragarkia 2021eko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 29an).

Jendaurreko aldia iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik argitara dadila agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Argitara ematen da, eta ohartarazten, erabaki honen aurka honako errekurtso hauek aurkezten ahal direla:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

Arruazun, 2022ko apirilaren 7an.–Alkatea, Gorka Ovejero Ganboa.

UDAL ORDENANTZA, BELAUNALDI BERRIKO TELEKOMUNIKAZIO ZERBITZUETARAKO SARBIDE SAREAK (BBTZSS) FORMATU UNIBERTSALEAN HEDATZEKO

Atarikoa

Ordenantza honek tokiko araudi-esparrura eramaten du, eta Udalaren eskumenekoak diren gaietan, Europako zuzentarauetan eskatzen dena; esaterako, honako hauetan eskatzen dena: abiadura handiko komunikazio elektronikoen sareen hedapenaren kostua murrizteko neurriei buruzko 2014/61/EU Zuzentarauan; zuzentarau horren transposizioa egiten duen 330/2016 Errege Dekretuan; 2002/19/EU, 2002/21/EU eta 2009/140/EU Zuzentarauetan, komunikazio elektronikoen sareetarako sarbideari, lotutako baliabideei eta haien arteko konexioari buruzkoetan. Halaber, ordenantzaren bidez aplikatzen dira Telekomunikazioei buruzko 9/2014 Lege Orokorraren (aurrerantzean, 9/2014 Legea) 36. eta 37. artikuluak.

Balio dezatela ordenantza honetara ekarri nahi diren printzipio garrantzitsuenak irudikatzeko aipatutako zuzentarau eta arauen aipamen hauek:

2014/61/EU Zuzentaraua, 1. artikulua:

“1. Zuzentarau honen helburua da abiadura handiko komunikazio elektronikoen sareen hedapena erraztea eta sustatzea, dauden azpiegitura fisikoen baterako erabilera eta beste berri batzuen hedapen eraginkorragoa sustatuz, sare horiek kostu txikiagoarekin hedatu ahal izateko.”

2009/140/EU Zuzentaraua:

(43) oharpena:

“(...) Baliabideen erabilera partekatua hobetzeak nabarmen hobetu dezake lehia; eta finantza- eta ingurumen-kostuak murriztu ditzake komunikazio elektronikoen azpiegiturak eta, bereziki, sarbide-sare berriak hedatzeko enpresentzat (...).

Bereziki, araugintzako agintari nazionalek aukera izan behar dute eskatzeko sareen eta horiei lotutako baliabideen elementuen (hala nola hodiak, lurpeko ganberak, mastak, ikuskapen-ahoak, banagailuak, antenak, dorreak eta bestelako euskarri-egiturak, eraikinak edo eraikinetarako sarrerak) erabilera partekatua; bai eta obra zibilen koordinazio hobea eskatzeko ere. Agintari eskudunek (eta, bereziki, tokiko agintariek) koordinaziorako prozedura egokiak ezarri behar dituzte, araugintzako agintari nazionalekin lankidetzan, obra publikoei eta beste edozein baliabide edo jabetza publikori dagokienez (...)”.

2002/21/EU Zuzentaraua, 12. artikulua:

“Komunikazio elektronikoen sareen hornitzaileentzat sareen eta horiei lotutako baliabideen elementuen baterako kokapena eta erabilera partekatua:

1. (...) baliabide edo jabetza horien erabilera partekatua ezartzen ahalko dute (eraikin, eraikinetarako sarrera, eraikinetako kable, masta, antena, dorre eta bestelako euskarri-egitura, hodi, lurpeko ganbera, ikuskapen-aho eta banagailuena barne), proportzionaltasun-printzipioa erabat kontuan harturik.”

2002/19/EU Zuzentaraua, 12. artikulua:

“Sareetako baliabide espezifikoetara sartzeari eta horiek erabiltzeari buruzko betebeharrak:

1. (...) operadoreei eskatzea sareetako elementu espezifikoetara eta horiei lotutako baliabideetara sartzeko arrazoizko eskaerak bete ditzatela, bai eta horien erabilerari buruzkoak ere; besteak beste, agintari horiek uste dutenean sartzea ukatzea edo antzeko ondorioa duten eta arrazoizkoak ez diren baldintzak izatea oztopo izan daitezkeela txikizkako merkatu lehiakor iraunkor bat garatzeko, edo bukaerako erabiltzaileei ez dietela onurarik ekartzen.

Operadoreei, besteak beste, honako baldintza hauek ezartzen ahalko zaizkie:

(...)

f) Instalazioak (hala nola hodiak, eraikinak eta mastak) batera kokatzea edo partekatzeko beste modu batzuk erraztea;”

9/2014 Legea:

29. artikulutik 33.era bitartekoak, operadoreek jabari publikoak eta pribatuak okupatzeko dituzten eskubideei buruzkoak.

34. artikulutik 36.era bitartekoak, administrazio publikoen garapenari eragiten dioten arauei buruzkoak.

36. artikulutik, ordenantza honen ondorioetarako, honako aipamen hau egin behar da:

“36. artikulua. Komunikazio elektronikoen azpiegituren aurreikuspena urbanizazio-proiektuetan eta baliabide publikoekin finantzatutako obra zibiletan.

1. Urbanizazio-proiektuak egiten direnean, urbanizazio-proiektu teknikoak obra zibileko azpiegituraren instalazioa aurreikusi beharko du, komunikazio elektronikoen sare publikoen hedapena errazteko; eta, horrez gain, sareko elementu eta ekipamendu pasiboak sartzen ahalko ditu, artikulu hau garatzeko ematen den telekomunikazioen araudi teknikoak zehazten duen moduan.

Aurreko paragrafoaren arabera komunikazio elektronikoen sare publikoen hedapena errazteko instalatzen diren azpiegiturak urbanizazio obren ondoriozko multzoaren parte izanen dira eta udal jabari publikoan sartuko dira. Jabari publiko horren titularra den administrazio publikoak azpiegitura horiek operadore interesdunen eskura jarriko ditu berdintasunez, gardentasunez eta diskriminaziorik gabe.

(...)

2. Osorik edo zati batean baliabide publikoekin finantzatutako obra zibiletan, errege dekretu bidez zehaztutako kasuetan eta baldintzetan, aurreikusiko da komunikazio elektronikoen sare publikoak hedatzea, errazteko baliabide elkartuak eta obra zibileko beste azpiegitura batzuk instalatzea; eta horiek operadore interesdunen eskura jarriko dira berdintasunez, gardentasunez eta diskriminaziorik gabe.

37. eta 38. artikuluak, komunikazio elektronikoen sareak har ditzaketen azpiegituretara sartzeko araudi aplikagarriari buruzkoak. 37. artikulutik, ordenantza honen ondorioetarako, honako aipamen hau egin behar da:

3. ATALA

Komunikazio elektronikoen sare publikoak har ditzaketen azpiegituretarako sarbidea

37. artikulua. Komunikazio elektronikoen sare publikoak har ditzaketen azpiegituretarako sarbidea.

1. Komunikazio elektronikoen sare publikoak hedatzeko erabil daitezkeen azpiegituren titular diren administrazio publikoek azpiegitura horietarako sarbidea erraztuko dute, betiere sarbide horrek ez badu arriskuan jartzen titularrak azpiegitura horietan ematen dituen izaera publikoko zerbitzuen jarraitutasuna eta segurtasuna, gardentasun eta diskriminaziorik ezeko baldintza objektiboetan, komunikazio elektronikoen sare publikoak instalatzen edo ustiatzen dituzten operadoreei dagokienez; nolanahi ere, ez da lehentasunezko eskubiderik edo eskubide esklusiborik ezartzen ahalko aipatutako azpiegituretara operadore jakin baten edo komunikazio elektronikoen sare zehatz baten mesedetan sartzeko. Bereziki, sare bat instalatzeko edo ustiatzeko azpiegitura horietarako sarbidea ezin da lizitazio-prozeduren bidez eman edo aitortu.”

330/2016 Errege Dekretua:

Artikulu guztiak, belaunaldi berriko telekomunikazio zerbitzuetarako sarbide sareak (BBTZSS) hedatzean kostuak murriztea baitu helburu.

Laburbilduz, ezartzen da administrazio publikoek azpiegituretara baldintza objektiboetan (gardentasunez eta diskriminaziorik gabe) sartzeko aukera eman behar dutela (inoiz ez operadore jakin bati bakarrik edo lehentasunez); eta sarbidea lizitazio-prozeduren bidez ematea debekatu behar dutela.

BBTZSSak formatu unibertsalean hedatzea eta horiek hedatzeko ordenantza honetan ezartzen den izapidetze modua dira, beraz, indarrean dagoen arau-esparruarekin bat etorriz aukera hori eta betebeharrak modu koherentean gauzatzeko formula.

I. KAPITULUA

Ordenantzaren helburuak eta aplikazio-eremuak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea BBTZSSak har ditzaketen azpiegituren aprobetxamenduarekin lotutako alderdiak, eta komunikazio elektronikoen sare publikoak ustiatzeko gaituta dauden operadoreek horiek hedatzea, bat etorriz Telekomunikazioei buruzko 9/2014 Lege Orokorraren II. eranskineko 26. definizioarekin.

2. artikulua. Aplikazioaren eremuak eta irismena.

Ordenantzak, hala dagokionean, definitzen ditu izapidetze administratiboa eta haren erabilera zehazteko modua, honako irismen honekin:

a) Izapidetze prozeduretan.

BBTZSSen hedapenen izapidetze administratiborako prozedurak garatzen ditu, udalak administratiboki izapidetzeko eskumena duen udalerrian.

b) Formatua eta erabilerak zehaztean.

Udalak hedapenaren formatua eta hartutako erabilerak zehazteko eskumena duen egoeretan.

II. KAPITULUA

Izapidetze administratiboa

3. artikulua. Udal lizentziak.

Jende guztiari zerbitzuak eskaintzen dizkieten operadoreen ardurapeko BBTZSSen hedapenekin lotutako jarduketetarako ez da beharrezkoa udal lizentzia lortzea, 9/2014 Legearen III. tituluko II. kapituluko 1. atalean (29. artikulutik 33.era) xedatutakoaren bidez hedatzeko baimena baitute; eta nahikoa da hedapen planak eta erantzukizunpeko adierazpenak aurkeztea.

Hala ere, udal lizentziak beharrezkoa izaten jarraitzen du honako kasu hauetan:

a) BBTZSSen osagaien hedapenaz harago, obra zibil nabarmena egin nahi bada edo, eraikuntza berriko instalazioei dagokienez, eremu babestuetan eragina badute, bat etorriz 9/2014 Legearen 34.7 artikuluan eta Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin.

b) Jarduketa pribatu batek edo erabilera pribatiboa egiten duen operadore batek sustatzen duenean oro har eskuragai dagoen zerbitzurik eman gabe eta, beraz, 9/2014 Legearen 29. artikulutik 33.era bitartekoak aplikatu ezin zaizkionean.

Nolanahi ere, espedienteak aplikatu beharreko txosten edo baimen sektorialak izan beharko ditu: ingurumen arloko esku-hartzea, lurralde-lurzoru urbanizaezina antolatzeko zerbitzua, herri-lurren atala edo beste batzuk. Baita erabilera komun berezirako dagozkion lizentziak ere, udalaren edo kontzejuaren titulartasuneko lurzoru publikoari eragiten badio.

4. artikulua. Hedapen plana.

Komunikazio horren bidez, jende guztiarentzat eskuragai dauden sareen operadoreek udalari jakinarazten diote BBTZSSak hedatzeko asmoa dutela, udalak jakinarazi ahal izan diezaion aplika daitezkeen ordenantzak zein diren, eta nahitaezko udal lizentzia lortzeko proiektua idaztea bidezkoa den ala ez, edo nahikoa izanen den erantzukizunpeko adierazpenaren komunikazioa.

Hedapen planak, gutxienez eta funtsean, honako hauek jaso behar ditu:

a) Noren izenean egiten den eta zein rolekin.

Noren izenean egiten den. Azpiegituraren azken titularra nor izanen den; azkenean operadore pribatu baten aktibo bat, ondasun komun bat eta abar izanen den jakiteko.

Alderdi bat baino gehiago batera egotea eskatzen denean (adibidez, pertsona fisiko edo juridiko batek baino gehiagok parte hartzen duten baterako hedapenetan, edo sarea jende guztiaren esku jartzen ez duten pribatuek edo operadoreek bultzatutako hedapenetan), beste alderdi horiek zein diren identifikatu beharko da. Apartatu honetan aipatzen diren alderdi guztiek dokumentua sinatu beharko dute, argi eta garbi identifikatu ahal izateko eta erantzukizuna beren gain hartzea ahalbidetzeko; eta dagokien alderdia egiteko gaituta daude.

b) Oinarrizko deskribapena.

Deskribapena, eskemak, hedapenak barne hartzen dituen gainazal edota bertikalen fotomuntaketak (airekoa, fatxada, lurpekoa...).

Hasiera batean, nahikoa da deskribapen oinarrizkoa eta orokorra egitea. Behar adinako xehetasunik eman ezean, hedapen planaren ondorengo erantzukizunpeko adierazpenean erantsi beharko da.

c) Aurreikusitako helburua eta erabilera mota.

Zehaztu ahal izateko azpiegiturak jende guztiarentzat eskuragai dagoen zerbitzu gisa inguruan modu orokortuan banda zabala emateko balioko duen ala ez (edo, aldiz, beste erabilera batzuetarako den), haren formatua zehaztu behar den ala ez ebaluatu ahal izateko. Era berean, erabilera pribatiboa eman nahi zaion, operadoreen artean partekatutako herri-ondasunaren erabilera eman nahi zaion, biak eman nahi zaizkion eta abar zehaztu behar da. Zehaztu ezean, erabilera pribatiborako dela ulertuko da.

d) Finantzaketa mota.

Azpiegitura diru publikoz osorik edo zati batean (edo erabat pribatuz) finantzatzen den jakiteko, azpiegiturak beharrik gabe bikoiztea (gaininbertsioa) saihestu ahal izateko eta haren formatua zehaztu behar den ebaluatu ahal izateko.

5. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena.

a) Aurretiazko komunikazioa.

Erantzukizunpeko adierazpena da operadore batek BBTZSSak edo haren euskarri diren eta hedapen plan bat garatzen duten azpiegiturak hedatzeko egiten duen aurretiazko komunikazioa.

Aldez aurretik hedapen planik jakinarazi ez bada, hedapen plan baten informazioaren baliokidea den informazioa eskatuko da.

Beharrezkoa denean, hedapen planean baino xehetasun gehiago emanen dira deskribapenean: jarduketaren deskribapena, eskemak, hedapenak barne hartzen dituen gainazal edo bertikalen eta abarren fotomuntaketak (airekoa, fatxada, lurpekoa, etab.).

Jarduketa gauzatzen duena eta erantzukizunpeko adierazpena edo hedapen plana sinatzen duena desberdinak direnean, adierazi egin behar da, bakoitzari dagozkion erantzukizunen alderdia identifikatu ahal izateko.

b) Emaitzaren jakinarazpena, gelditu den bezala.

Jarduketa egin ondoren, baldin eta egiten den bitartean justifikatzen bada jakinarazitako deskribapenaren eta egindakoaren artean aurreikusi gabeko desadostasun txiki bat dagoela baina Administrazioak hedatutako obra eta azpiegiturei buruz egin behar dituen erregistroei eragiten diela (edo, are, desadostasuna egon ez arren, beharrezkoa bada erregistro berberetarako xehetasun maila bat ematea eta hori ezin bada eman jarduketa egin aurretik), emaitzaren deskribapena jakinarazi beharko da, azkenean gelditu den bezala, arrazoizko xehetasun mailarekin, bi asteko epean.

Emaitzaren jakinarazpen hori, gelditu den bezala, teknikoki “as built” anglizismoari dagokion jarduketa bera da.

6. artikulua. Ez-egiteak, ez-betetzeak, erregelamenduzko arau-hausteak edota faltsutzeak lizentziak, hedapen planak edo erantzukizunpeko adierazpenak lortzeko proiektuetan.

Erantzukizunpeko adierazpenaren jakinarazpenak, 9/2014 Legearen 34.6 artikuluan aurreikusten den bezala, ez du esan nahi nahitaez araudi aplikagarria betetzen ari denik, eta ez du mugatzen administrazioaren egiaztapen-, ikuskapen-, zehapen- eta, oro har, kontrol-ahal administratiboak baliatzea edozein mailatan.

Zuzendu beharreko akats bat ikusten denean, erantzukizunpeko adierazpena egin duenari jakinaraziko zaio, gehienez ere bi asteko epean zuzentzeko behar diren jarduketak egin ditzan. Epe luzeagoa behar izanez gero, justifikazio arrazoitua beharko da.

Proiektu, hedapen plan edo erantzukizunpeko adierazpen batekin batera aurkeztutako edo hari erantsitako edozein datu, adierazpen edo dokumenturen zehaztasunik ezak, faltsutzeak edo funtsezko ez-egiteak (bai eta aurreko paragrafoan deskribatutako zuzenketak ez egiteak ere) adierazpena eta haren erregistro-inskripzioa deuseztatzeko ebazpena, hedapena ustiatzeko ezintasuna edo hura kentzeko betebeharra eragiten ahalko du, deusetan ukatu gabe sor daitezkeen beste erantzukizun batzuk edo aplika daitezkeen zehapenak.

III. KAPITULUA

Formatua eta erabilerak zehaztea

7. artikulua. Operadoreak askatasunez aukeratzen duen formatuan.

Ahalmen erabilgarria agortzen ez den bitartean, eta merkatu libreko ekonomia bati dagokion moduan, BBTZSS sareen edo azpiegituren hedapenetan, inbertsio publikorik ez dagoenean, hura sustatzen duen operadoreak izapidetze administratiboan askatasunez erabakitzen duen formatuan ustiatzen eta garatzen ahalko dira.

8. artikulua. Formatu unibertsalean, gainerako kasu guztietarako.

7. artikulukoak ez diren beste kasu guztietan, hedapena “7.–Formatu unibertsaleko hedapena” definizioaren arabera egin beharko da.

Formatu unibertsalaren gutxieneko egitura-unitatea hedapenerako euskarria ematen duenak eta aplika daitezkeen hirigintzako edo bestelako araudiak betetzen dituenak aukeratzen duena izanen da. Dena den, ulertu behar da ahaleginak egin behar direla praktikoa eta arrazoizkoa izan dadin; eta ahalik eta gainkostu txikiena eragiteko, bai hedapena sustatzen duenari, bai etorkizunean beste erabilera batzuk inplementatu nahi dituztenei.

IV. KAPITULUA

Kudeaketaz eta mantentze-lan iraunkorraz

9. artikulua. Operadoreen hedapen pribatiboetan.

BBTZSSak har ditzakeen azpiegituraren edo hedatutako BBTZSSaren operadore titularrak bere gain hartzen ditu haren kudeaketa eta mantentze-lanak.

Mantentze-lanak ez egiteak edo operadoreari egotz dakizkiokeen betebeharrak ez betetzeak ustiapen-ahalmena galtzea eragin dezakete, deusetan ukatu gabe erator daitezkeen beste erantzukizun batzuk.

9/2014 Legearen 35. artikuluaren 5. apartatuari berariaz erreferentzia eginez, ezartzen da, sarea fisikoki hedatzeko, eta ingurumenean ikusizko inpaktua gutxitzeko eta kostuen arrazoizkotasunagatik, lehenik eta behin, lehendik eskuragai dauden azpiegiturak (agortu gabeak) erabiliko direla; horrez gain, horien jabeekin akordioa sustatuko dela inbertsioa zentzuz berreskuratzeko eta horien mantentze-lanetan lagunduko dela.

Aurrekoaren ondorio berberetarako, lehenik eta behin, lehendik dauden hodi eta kanalizazioen erabilerari emanen zaio lehentasuna; halakorik ez badago, lehendik dauden aireko telekomunikazio-lineei; ondoren, lehendik dauden zerbitzuen aireko beste linea batzuei; eta soilik azken aukera gisa eta beste biderik ezean, aireko linea berriak edo udalerriko eraikinetako fatxadakoak sortzeari. Azken kasu horretan, hedatu aurretik nahitaezkoa izanen da plano bat eta asmo hori azaltzen/justifikatzen duen memoria bat aurkeztea; bai eta kutxen, armairuen eta kableen aurreikusitako kokalekua zein den ere. Eta ez da gauzatzen ahalko Udalaren berariazko baimenik gabe.

10. artikulua. Formatu unibertsaleko hedapenetan.

Erabilera bakoitzaren erreserbaren esparruan, onuradunek askatasunez kudeatzen dituzte, baina beti haien definizioaren eta dagokien izaeraren arabera.

Erabilera mota bat beste batera alda daiteke; eta horrek esan nahi du beti jarraitu behar duela gelditzen, gutxienez, eskuragai dagoen gutxieneko egitura-unitate bat, ondoz ondoko gutxieneko egitura-unitate bat edo erabilera partekatua hartzeko. Horrela, formatu unibertsala mantenduko da; hau da, operadore berriek erabiltzeko duten ahalmenari eutsiko zaio.

Azpiegituraren iraunkortasuna eta mantentze-lanak azpiegitura erabiltzen dutenen kontura izanen dira. Mantentze-lanak ez egiteak edo egotz daitezkeen betebeharrak ez betetzeak erabilera galtzea eragin diezaiokete eragileari, deusetan ukatu gabe erator daitezkeen beste erantzukizun batzuk.

9/2014 Legearen 35. artikuluaren 5. apartatuari berariaz erreferentzia eginez, ezartzen da, sarea fisikoki hedatzeko, eta ingurumenean ikusizko inpaktua gutxitzeko eta kostuen arrazoizkotasunagatik, lehenik eta behin, lehendik eskuragai dauden azpiegiturak (agortu gabeak) erabiliko direla; horrez gain, horien jabeekin akordioa sustatuko dela inbertsioa zentzuz berreskuratzeko eta horien mantentze-lanetan lagunduko dela. Akordio horrek ekonomikoki onartzeko modukoa izan behar du, konexioaren onuradun izanen diren biztanle eta erabiltzaileen kopurua kontuan hartuta, operadore(ar)en eskaintza ekonomikoan izanen duen eragina merkatuko baldintzetan izan dadin.

Aurrekoaren ondorio berberetarako, lehenik eta behin, lehendik dauden hodi eta kanalizazioen erabilerari emanen zaio lehentasuna; halakorik ez badago, lehendik dauden aireko telekomunikazio-lineei; ondoren, lehendik dauden zerbitzuen aireko beste linea batzuei; eta soilik azken aukera gisa eta beste biderik ezean, aireko linea berriak edo udalerriko eraikinetako fatxadakoak sortzeari. Azken kasu horretan, hedatu aurretik nahitaezkoa izanen da plano bat eta asmo hori azaltzen/justifikatzen duen memoria bat aurkeztea; bai eta kutxen, armairuen eta kableen aurreikusitako kokalekua zein den ere. Eta ez da gauzatzen ahalko Udalaren berariazko baimenik gabe.

a) Pribatuek eta operadoreek inbertsioa berreskuratzea.

Formatu unibertsaletik eratorritako aprobetxamenduaren ondorioz azkenean hirugarrenek erabiltzen dituzten gutxieneko egitura-unitateen zatian, horiek ordaindu zituztenek erabil dezakete kostu horiek jasanarazteko eskubidea.

Hedatu duenak erabiltzen duen zatian, eta merkatu-ekonomia bati dagokion bezala, inbertsioa berreskuratzea hedapena egin duenak egiten duen jarduera ekonomikoak eman behar du, haren negozio-ereduaren bidez.

b) Inbertsioa berreskuratzeko irizpide orokorrak.

Inbertsioa berreskuratzeak sarrera-oztopo esanguratsurik ez sortzeko, negozio-ereduen bideragarritasuna ez baldintzatzeko, lehiari eragiten dioten baldintza desberdinik ez sortzeko edo espekulazioaren xede ez izateko, inbertsioa itzultzeko irizpideak ezartzean, printzipio hauek hartu behar dira kontuan:

1.–Konpentsazioa ematen zaio gastua edo inbertsioa ordaindu duenari.

2.–Kontuan hartzen da bere garaian egindako eta modu frogagarrian justifikatutako gastu erreala.

3.–Aplikatzekoak diren amortizazioak deskontatzen dira.

4.–Kostu horiei merkatuko interesak eta prezio-igoerak gehitu dakizkieke (eta, hala, etekinak sortzea ahalbidetu daiteke), baina betiere inbertsioaren balioaren araberakoak, eta merkatuko erreferentzia-balioak erreferentziatzat hartuta. Inola ere ez dira kontuan hartuko kanpoko faktoreak edo faktore espekulatiboak.

5.–Erabilitako gutxieneko egitura-unitate bakoitzeko berreskuratu beharreko kostuak proportzionala izan behar du, hau da, ez du balio behar aurreko hedapenak ordaindu zituzten eta jarduera propioaren arabera berreskuratu behar dituzten gutxieneko egitura-unitateen inbertsioa ere berreskuratzeko.

6.–Sarrera-oztopoak eragin ditzakeen gastu handi bat sortuz gero, itzultzea pixkanaka egiten da denboran zehar; eta, ahal dela, jarduera-bolumenari indexatutako zenbateko eta epe aldakorren bidez, prezio finkoen bidez egin ordez.

V. KAPITULUA

Definizioak

11. artikulua. Definizioak.

Ordenantza hau interpretatzeko, definizio hauek aplikatu behar dira:

1.–Operadorea.

9/2014 Legearen II. eranskinaren 26. puntuan ezarritakoaren arabera, pertsona fisiko edo juridikoa da, sare publikoen bidez eranskin bereko 32. puntuan definitzen diren moduan jende guztiari eskuragai dauden komunikazio-zerbitzuak ematen dizkiona, eta dagokion agintaritzari jarduera hori egin dela adierazteko jakinarazpena izapidetu duena.

2.–Jende guztiarentzat eskuragai dagoen zerbitzua.

Jende guztiarentzat eskuragai dagoen zerbitzutzat hartzen da guztiei eskaintzen zaien komunikazio elektronikoen zerbitzua; hau da, gizarte guztiari eskaintzen zaiona telekomunikazio sare publikoei buruzko Telekomunikazioen 9/2014 Lege Orokorraren II. eranskinaren 32. puntuan ezarritako definizioaren arabera, eta kostuaren batez bestekoaren inguruan dagoen kostu batean eskaintzen dena merkatu-irizpideen arabera.

“Guztiarentzat” gehitu da, 9/2014 Legearen II. eranskinaren 32. puntuan “jende” bakarrik aipatzen delako. Eta, lege beraren eta Europako Zuzentarauen hitzaurrean azaltzen den bezala, askotariko eskaintza agertzea erraztu nahi da, guztientzat izanen dena, merkatuko irizpideen arabera (ikus hurrengo puntuko definizioa), lurralde-kokapena edo ahalmen ekonomikoa alde batera utzita; eta ez batzuentzat soilik izanen dena.

Horrela, bada, “jende guztiarentzat eskuragai dagoen zerbitzua” definizioak saihestu egiten du honako hau: publiko hautatu eta erosahalmen handia duen publiko bati edo estaldura jakin bati eskaintza mugatua ematera bideratutako negozio-ereduak soilik garatzen dituzten operadoreak barne hartzeko moduan interpretatzea, gainerakoak kontuan hartu gabe.

3.–Jende guztiarentzat eskuragai dagoen zerbitzu baten merkatu-kostua, merkatuko irizpideen arabera.

Jende guztiarentzat eskuragai dagoen zerbitzu baten kostua merkatuko irizpideekin bat datorren zehazteko, Europako Batzordeak argitaratutako azken azterlana hartuko da erreferentziatzat (“Retail broadband access prices” edo “Basic Internet Access Cost” –BIAC– delakoari buruzkoa, hain zuzen); edo etorkizunean antzeko funtzio batekin ordezkatuko duen argitaratutako edozein indize. Halaber, baldintza hori betetzen dela ulertuko da operadoreak BBTZSS sareen berezko zerbitzuak azken erabiltzaileentzat azterlanak antzeko zerbitzu baterako argitaratzen dituen prezioekin aldera daitezkeen prezioetan argitaratu eta emateko konpromisoa hartzen duenean. Eta alderagarritzat hartuko dira Europar Batasuneko estatu kideei dagozkien datuei dagokien tartearen barnean daudenean.

4.–Belaunaldi berriko telekomunikazio zerbitzuetara sartzeko sareak (BBTZSS) edo “ultra-azkarrak”.

Zuntz optikoan oinarritutako telekomunikazio sareak edo horien parekoak dira, jende guztiarentzat eskuragai dauden 100 Mb/s-ko edo gehiagoko banda zabal simetrikoko zerbitzuetara sarbidea eman dezaketenak, gizarte osoarentzat eta zerbitzu publikoentzat.

Laburdura honako hau da: BBTZSS.

5.–BBTZSSen azpiegiturak.

BBTZSSen edozein azpiegitura edo osagai, dela horiek har ditzaketelako (9/2014 Legearen 37. artikuluaren 3. puntuan aipatzen direnak, esaterako: tutuak, zutoinak, mastak, hodiak, kutxak, ganberak, armairuak edo horiei eusteko beharrezkoa den antzeko edozein baliabide), dela osagai propioa direlako (zuntzak, osagai elektronikoak, antenak, etab.).

6.–BBTZSSen erabilerak.

a) Udalaren autozerbitzua.

BBTZSSen azpiegiturak erabiltzea komunikazioak eskaintzeko zerbitzu publiko adimendunei –SMART– edo egoitza publikoen artean.

Udalak uko egin diezaioke erabilera horri, eta beste operadore batzuen erabiltzaile izan daiteke.

b) Pribatiboa.

Operadore batek azpiegitura modu pribatiboan ustiatzea hirugarrenei (beste operadore batzuei edo azken erabiltzaileei) zerbitzuak emateko, edo operadore ez den pribatu batek bere buruari autozerbitzu bat emateko.

Operadore batek bere erabilera pribatiboa hirugarrenekin partekatzen duenean baina partekatzeko baldintzen inguruan erabakitzeko eskubidea beretzat gordetzen duenean ere erabilera pribatibotzat hartzen da. Partekatze mota horri partekatze bertikala edo birsalmenta ere esaten zaio, eta ez da nahasi behar herri-ondasunarekin edo berdinen artean partekatuarekin.

c) Operadoreen artean partekatutako herri-ondasunak.

Azpiegitura bereko operadoreen artean modu eraginkorrean partekatzea, interes-gatazkarik ez dagoela bermatzen duen gobernantza baten bidez. Gobernantza hori beti dago irekita gardentasun baldintzetan eta baldintza-berdintasunean parte hartu nahi duen edozein operadore gaituri; eta horrekin gune partekatu bat (komunena, neutroa edo irekia ere esaten zaio) sortzen da. Gune horretan, elkarlaneko ekonomia bat garatzen da; eta kudeaketaren eta mantentze-lanen gastuak BBTZSSen azpiegitura partekatzen duten operadoreek proportzionalki konpentsatzen dituzte egiten duten erabileraren arabera.

Berariaz jotzen da interes-gatazka dagoela gobernantza inplementatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek interes ekonomikoren bat dutenean hura erabiltzen duten operadoreetakoren batekiko; edo gainerako operadoreek jarduera bera zuzenean gauzatzen dutenean (hau da, beren artean lehian aritzen direnean), nahiz eta eskumen hori beste toki edo udalerri batzuetan garatu.

Ez da nahikoa asmo- edo balio-deklarazioa: beharrezkoa da gobernantza modu eraginkorrean inplementatzea, horretarako legez eratutako erakunde baten bidez; eta definizio honetan aipatutako baldintzak betetzea.

7.–Formatu unibertsaleko hedapena.

Beti uzten zaio edozein operadore berriri sartzen, eta, aldi berean, aurreko apartatuan deskribatutako edozein erabilera baimentzen da; baina horrek ez du esan nahi erabilera horietako bakoitza nahitaez gertatzen denik, ezta kasu bakoitzaren artean eskuragai dagoen ahalmenaren banaketa zati berdinetan egiten denik ere.

Erabilera mota bakoitzak benetan erabiltzen dituen gutxieneko egitura-unitateak ditu: libre eta erabilgarri dauden gainerako gutxieneko egitura-unitateak eskuragai gelditzen dira hala behar duen eta hasiera batez esleituta zuen ahalmena agortu duela modu frogagarrian egiaztatzen duen erabilera mota gehiagotarako.

a) Operadore berriak hartzeko ahalmenaren agortzeko ezintasuna.

Operadore berriak hartzeko gaitasuna betikotu egin behar da, beti egon behar baitu horiek hartzeko eskuragai dagoen gutxieneko egitura-unitateren batek, edozein modutan:

1.–Eskuragai dagoen unitate bat esleituz.

Erabilgarri eta eskuragai dauden gutxieneko egitura-unitateak dauden bitartean, esleitzen ahal zaizkie unitate horiek eskatzen dituzten operadoreei; eta horiek, aldi berean, nahi duten erabilera-motara bideratzen ahalko dituzte.

2.–Ondoz ondoko gutxieneko egitura-unitate bat sartuz.

Eskuragai dauden gutxieneko egitura-unitateak agortu aurretik, horietakoren bat erabiltzen denean aurrekoaren ondoz ondoko gutxieneko egitura-unitate berri bat hartzeko moduan kudeatu ahal izateko; eta, horrela, unitate huts berriak edukitzeko, izan daitezkeen erabilera guztietarako.

3.–Erabilera partekatuaren bidez.

Ondasun komunaren erabilera inplementatuta dagoenean, eta, beraz, edozein operadore berri sar daitekeenean; hortaz, jada ez da beharrezkoa ondoz ondoko gutxieneko egitura-unitate berri bat inplementatzea.

b) Formatu unibertsaleko hedapenaren adibidea.

Ikus jarraian azaltzen den irudia, zuntz-kable baten tutuak gutxieneko egitura-unitate gisa hartzen dituen erabilera-banaketa baten adibide gisa. Adibidean ikus daiteke erabilera bakoitzak kable bereko tutu desberdin bat duela; eta 4 tutu, aldiz, libre gelditzen direla.

Kasu horretan, tutu libreak behar duen erabilera bakoitzari esleitzen ahalko zaizkio, agortu arte; izan ere, dagoeneko badago egitura-unitate partekatu bat.

Erabilera partekaturik ez badago, gutxieneko egitura-unitate bat gorde beharko da erabilera partekatua ahalbidetzeko edo ondoz ondoko gutxieneko egitura-unitate bat hartzeko (kasu honetan, zuntza izanen litzateke).

L2205221_0.pdf

1. irudia: Zuntz optikozko kable baten zatien hasierako erreserba, formatu unibertsalean, gutxieneko egitura-unitate gisa zuntz-tutuak erabilita:

Lehenik eta behin, hiru zati egiten dira, eta gutxieneko egitura-unitate (zuntz-tutu) bakoitza erabilera bakoitzerako erreserbatzen da.

Jarraian, zati bakoitzari gehitzen ahalko zaizkio gutxieneko egitura-unitate berriak, libre gelditzen direnak erabiliz, dagoeneko esleituta dituenak agortu dituela modu frogagarrian egiaztatzen duen heinean.

8.–Gutxieneko egitura-unitatea.

Erabilera bakar bati modurik praktikoenean esleitzen zaion unitatea da.

a) Gutxieneko egitura-unitateen eta horien ondozondokotasunaren adibideak.

Gutxieneko egitura-unitateen adibideak eta horietan beste batzuk txikitik handirako ondoz ondoko hurrenkeran barne hartzeko modua, hurrengo ondoz ondoko unitatea aurrekoan kokatu ahal izateko:

1.–Hodi anizkoitzetan eta tutu hirukoitzetan.

–Hodia.

2.–Hodi isolatuetan.

–Azpihodi bat jartzea bideragarria bada, azpihodia.

3.–Zuntzak tutuetan multzokatuta dauden zuntz-kablean.

–Tutuak.

4.–Tutu baten zuntzetan edo zuntz biluzietan (mikrotutuetan haizatutakoak).

–Zuntza.

5.–Zuntz isolatuan.

Bideragarria bada zuntz bera uhin-luzera bat baino gehiagotan multiplexatzea, noranzko biko komunikazioa ahalbidetzen duen uhin-luzera parea.

6.–Datu-zirkuitu edo sare fisiko berean.

–Zirkuitu fisiko berean zirkuitu edo sare birtual desberdinak (VLAN edo VPN) definituz.

b) Erabilerak eta gutxieneko egitura-unitateak birplanteatzea.

Udalak nahiz edozein operadorek gutxieneko egitura-unitatea birplanteatzeko, ondoz ondoko egitura-unitate bat sartzeko edo erabilera partekatua inplementatzeko eska dezakete, arrazoia edozein dela ere: erabilera guztietarako ahalmena gelditzen dela bermatu eta arrazoi horrengatik sarbidea ukatzea saihesteko; hirigintzako antolamenduarekin edo ikusizko inpaktua eta paisaiarekin lotutako arrazoiengatik; edo efizientzia-maila handiagoa izateko aukera ematen duten teknologia berriak agertu direlako.

Birplanteatzeko proposamenek arrazoizkoak izan behar dute, eta arrazoi objektiboengatik soilik uka daitezke (esaterako, 330/2016 Errege Dekretuaren 4. artikuluaren 2. eta 3. puntuetan ezarritakoengatik); eta, alderdien artean bestelako akordiorik egon ezean, eskatzailea arduratuko da birplanteatzearen eta hura inplementatzearen kostuaz.

9.–Gaininbertsioa edo gaineraikuntza.

Beharrezkoa dena baino BBTZSSen azpiegitura gehiago hedatzea da, eta, ondorioz, inbertsioak bikoiztea edo biderkatzea.

Ingelesez “overbuilding” ere esaten zaio; eta jardun horrek, inbertsioetan eraginkortasunik ez izateaz gain, ezkutatu egin dezake, egiten duenaren aldetik, balizko lehiakideen bideragarritasunari eragiteko benetako helburua, inbertsioaren itzulera lortzeko ahalmena murrizten baitu. Horrek, luzera, erabiltzaileei benetako aukera-askatasuna ahalbidetzeko eskaintzaren aniztasuna murriztea ekar dezake.

Ordenantza honek inbertsioen efizientzia maximizatu eta, aldi berean, diskriminaziorik gabeko baldintzetan kalitatezko eta askotariko eskaintza bat dagoela bermatu nahi duenez, inbertsioa (osoa edo zati bat) Udaletik edo baliabide publikoekin egiten denean, ahal den neurrian gaininbertsioak eta gaineraikuntzak saihesteko ahalegina eginen da.

Iragarkiaren kodea: L2205221