90. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

95E/2022 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez esne-behien ustiategi baten instalazioaren aldaketa funtsezkoa baimentzen baita, eta ingurumen baimen bateratua gaurkotzen baita. Titularrak Barberena Echarri Dolores, Redin Ariztegui Dionisio, Redin Barberena Unai y Redin Barberena Jon Ander SC dira. Instalazioa Ultzamako udal-mugartean dago.

Egun martxan dagoen instalazio honek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorrean xedatutakoa aplikatu beharrez, izan ere jarduera Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 1. eranskinean sartuta daudenetakoa da, 10.15 taldean hain zuzen ere.

2021eko irailaren 8an, titularrak jakinarazi zuen instalazioa aldatzeko proiektua zeukala, esne-behien ustiategia handiatu eta modernizatzeko eta minda-putzuak eraikitzeko. Horretarako, abeltzaintza-nabe berri bat eraikiko da, ekoizten ari diren behiak kokatzeko, eta simaurrak mekanikoki bereizteko eta erdikonpostatzeko tratamendurako beharrezko instalazioa eginen da.

2021eko urriaren 14an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ebatzi zuen aldaketa funtsezkoa dela Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen azaroaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

Ondorioz, eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, funtsezko aldaketa ezin da gauzatu ingurumen baimen bateratua aldatzen ez den bitartean.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Beste alde batetik, ez dago ingurumen baimen bateratua ematen duen dokumenturik, zeinean biltzen baitira instalazio horrek bere jarduera garatzeko bete behar dituen ingurumen-baldintzak. Badaude jarduera sailkatuaren udal-lizentzia emateko edo aldatzeko hainbat ebazpen. Horien bidez joan dira ezartzen funtzionatzeko ingurumen-baldintzak, hurrenez hurren, denboran zehar.

Horregatik, beharrezkotzat jo da ingurumen baimen bateratua gaurkotzea, jarduera sailkatuaren udal-lizentziaren emateetan eta aldaketetan oinarritzen diren dokumentu bategin baten bidez, instalazioaren funtzionamenduak bete behar dituen ingurumen-baldintzak zein diren errazago ikusi ahal izateko.

Espedientea Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz tramitatu da.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Esne-behien ustiategi baten instalazioaren aldaketa funtsezkoa baimentzea, eta ingurumen baimen bateratua gaurkotzea. Titularrak Barberena Echarri Dolores, Redin Ariztegui Dionisio, Redin Barberena Unai y Redin Barberena Jon Ander SC dira. Instalazioa Ultzamako udal-mugartean dago. Aldaketaren xedea da esne-behien ustiategia handitu eta modernizatzea eta minda-putzuak eraikitzea, eta hori egitean, instalazioak eta jardueraren garapenak ebazpen honen eranskinetan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta kontuan hartuta ebazpen honen VII. eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira gehienez ere; epe hori amaituta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.

Hirugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan 15P02236090402021 zenbakiarekin inskribatzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Laugarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 2360090107/1/4 Plana onestea. Ebazpen honen VII. eranskinean dago.

Bosgarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Seigarrena.–Instalazioak ezin izanen dio jarduerari ekin titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez duen bitartean, hala xedatua baitago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 23. artikuluan. Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da, baldin eta neurri zuzentzaileak eta proiektuan gauzatutako zatiari dagozkion gainerako baldintzak betetzen baditu. Horretarako, zati bat abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da.

Zazpigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Ebazpen honen VI. eranskinean ezarritako hirigintza-baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Titularraren adierazpena, baimendutako jarduera bertan behera utziz gero lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko konpromisoa hartzen duela adieraziz, gehienez ere bost urteko epean.

Zortzigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua abian jarri dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan, zehapen-araubideari buruzkoan, jasotakoak; deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, aplikagarria izaten jarraituko baitu.

Hamargarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau igortzea SC Barberena Echarri Doloresi, Redin Ariztegui Dionisiori, Redin Barberena Unairi eta Redin Barberena Jon Anderri, Ultzamako Udalera, Abeltzaintza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Ingurumena Zaintzeko Zerbitzura, bere ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2022ko apirilaren 8an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2205500