9. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

163/2021 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez 2022ko deialdia egiten baita profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako 2. mailako gako-gaitasunen probak egiteko eta gaitasun horiek egiaztatzeko Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren xedea da lanbide heziketaren, kualifikazioen eta egiaztapenen sistema integral bat antolatzea. Lege horren 8. artikuluak ezartzen du kualifikazioak lanbide heziketako tituluen eta profesionaltasun ziurtagirien bidez egiaztatzen direla. Bi agiri horiek ofizialki egiaztatzen dituzte enpleguan garrantzia duen lan jarduera batean aritzea ahalbidetzen duten lanbide gaitasunak, eta estatu osorako balio dute.

Profesionaltasun ziurtagiriak urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak arautzen ditu, eta 20. artikuluan ezarrita daude profesionaltasun ziurtagirien prestakuntza jaso ahal izateko baldintzak. Betebehar gisa eskatzen diren titulazioak edo akreditazioak ez dituzten pertsonek aukera izanen dute profesionaltasun ziurtagirien ikastaroak egiteko, baldin eta frogatzen badute matematikako eta gaztelaniako gako-gaitasunak dituztela, eta profesionaltasun ziurtagiri jakin batzuetan, atzerriko hizkuntzan komunikatzekoak, aipatutako errege dekretuaren IV. eranskinean jasotakoaren arabera.

Bi bide daude egiaztatzeko norbaitek gako-gaitasun horiek dituela: Administrazioak deitzen dituen proba libreak gainditzea edo gako-gaitasunei dagozkien prestakuntza ekintzak gainditzea.

Apirilaren 28ko 498/2020 Errege Dekretuan eta apirilaren 28ko 499/2020 Errege Dekretuan, hurrenez hurren, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioari eta Lanaren eta Ekonomia Sozialaren Ministerioari esleitutako eginkizun berrien ondorioz, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuak eta Hezkuntza Departamentuak honako arlo hauen gaineko eskumenen banaketa berri bat ezarri dute: erreferentzia nazionaleko zentroak, enplegurako lanbide prestakuntza egiaztagarria eta lanbide gaitasunaren egiaztapena. Hori guztia gauzatu da Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuan eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuan. 2. eta 3. mailako profesionaltasun ziurtagirien ikastaroetan sartzeko betebehar gisa ezarri diren gako-gaitasunak egiaztatzeko ebaluazio prozesuak kudeatzeko eta hedatzeko eginkizunak, gaur egun, Hezkuntza Departamentuaren eskumenen esparruan daude.

Horregatik guztiagatik, eta eskatutako titulazioa ez izateagatik 2. mailako profesionaltasun ziurtagirien prestakuntza probetxuz egiteko behar diren gako-gaitasunak behar dituzten pertsonei erraztasunak emateko, beharrezkoa da gaitasun horiek gainditzeko proba libreen deialdia egitea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten pertsona guztiek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hezkuntza Departamentuko fitxategietan sartuko dira, estatistika aldetik lantzeko eta prozedura horren ondorioz sor daitezkeen egiaztagiriak kudeatzeko. Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubideak erabiltzen ahalko dira Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura joz. Zerbitzu hori San Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean. Berariaz horrela adierazten duten pertsonak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du ebazpen bat eman dadin 2. mailako gako-gaitasunen proben 2022ko deialdia egiteko eta gaitasun horiek egiaztatzeko Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2022. urtean 2. mailako gako-gaitasunen probak egiteko eta gaitasun horiek egiaztatzeko deialdia egitea, ebazpen honi atxikitako eranskinetan jasotako oinarrien arabera.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura; Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzura eta Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzura, biak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzukoak; Ikasketak Antolatzeko Atalera, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera; Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Atalera; Eskolatze Bulegora, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora; eta Iruñeko, Tuterako, Tafallako, Lizarrako, Altsasuko, Lodosako, Doneztebeko eta Agoizko enplegu bulegoetara.

4. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko abenduaren 20an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

2. MAILAKO GAKO-GAITASUNEN PROBETARAKO DEIALDIA

Oinarri orokorrak

Xedea eta aplikazio eremua.

1. Ebazpen honen xedea da 2. mailako gako-gaitasunen probetarako 2022ko deialdia egitea Nafarroako Foru Komunitatearen kudeaketa eremuan.

Deialdi honetan sartzen diren 2. mailako gako-gaitasunak.

2. 2022. urteko deialdian, gako-gaitasun hauek gainditzeko probak eginen dira:

–Matematikako 2. mailako gako-gaitasunak.

–Gaztelaniazko komunikazioko 2. mailako gako-gaitasunak.

2. mailako gako-gaitasunen proben helburua eta ondorioak.

3. Ebazpen honen bidez deitutako proben helburua da baloratzea ea bertan inskribatzen diren pertsonek eskuratu eta garatu dituzten 2. mailako profesionaltasun ziurtagiriei dagokien prestakuntza probetxuz egiteko beharrezkoak diren 2. mailako gako-gaitasunak, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren IV. eranskinean jasotakoaren arabera.

4. Matematikako eta gaztelaniazko komunikazioko 2. mailako gako-gaitasunen probak gainditzeak aukera emanen du atzerriko hizkuntzako komunikazioko 2. mailako gako-gaitasuna eskatzen ez duten 2. mailako profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzeko.

Inskribatzeko bete beharreko baldintzak.

5. 2. mailako gako-gaitasunen probetan inskribatzeko eta aurkezteko, baldintza hauek bete beharko dira aldi berean:

–18 urte edo gehiago izatea edo proba egiten den urtean adin hori betetzea. Behar den nortasun agiriaren bidez egiaztatuko da hori.

–2. mailako profesionaltasun ziurtagirien prestakuntzan sartzeko betebehar eta baldintza akademikoetatik bat ere ez izatea: DBHko graduatu-titulua, BBBko 2. maila (gehienez 2 irakasgai gainditu gabe), teknikari laguntzaile titulua (LH I), erdi mailako edo goi mailako zikloetara sartzeko proba, eta 25 urtetik gorakoak edo 45 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko proba. Inskripzio-orriari atxikitako zinpeko deklarazioaren bidez egiaztatuko da hori.

–2. mailako profesionaltasun ziurtagirien prestakuntzan sartzeko aukera ematen duten beste baldintzetatik bat ere ez betetzea: 2. mailako profesionaltasun ziurtagiria, 1. mailako profesionaltasun ziurtagiria (lanbide arlo bereko 2. mailako profesionaltasun ziurtagiri baten prestakuntza egin nahi baldin bada). Inskripzio-orriari atxikitako zinpeko deklarazioaren bidez egiaztatuko da hori.

6. 2. mailako gako-gaitasunen probetan inskribatzeko baldintzak inskripzioa egiten den unean egiaztatuko dira.

7. Bateraezintasunak: gaztelaniazko komunikazioko 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroan matrikulatutako pertsonek, gako-gaitasun horren probaren lehenengo deialdian inskribatu nahi badute, uko egin beharko diote ikastaro horretako matrikulari, proban inskribatu aurretik. Era berean, matematikako 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroan matrikulatutako pertsonek, gako-gaitasun horren probaren lehenengo deialdian inskribatu nahi badute, uko egin beharko diote ikastaro horretako matrikulari, proban inskribatu aurretik.

8. Hezkuntza Departamentuak, bere eskumenen esparruan, eskura dituen datuak egiaztatu ondoren, inskribatzeko baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak proba egitetik baztertzen ahalko ditu, edo haien probaren emaitzak baliogabetzen ahalko ditu, edonoiz.

Egutegia.

9. 2022. urtean, gako-gaitasunen probak bi deialditan eginen dira:

–Lehenengo deialdia: 2022ko urtarrilaren 26an.

–Bigarren deialdia: bigarren deialdiaren egutegia arautuko duen ebazpenean ezartzen den egunean.

10. Proben lehenengo deialdiaren prozesurako aurreikusitako jarduketen egutegia ebazpen honen 3. eranskinean ezarritakoa izanen da.

11. Ebazpen honen bidez deitutako proben bigarren deialdiaren prozesurako aurreikusitako jarduketen egutegia Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ezarriko da.

Probetan inskribatzea.

12. 2. mailako gako-gaitasunen probetan inskribatzeko (lehenengo deialdian), Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “2. mailako gako-gaitasunen probak” fitxan jakinarazten denari jarraikiko zaio. Fitxa horretara iristeko, Hezkuntza Departamentuaren webgune honetatik abiatu behar da:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/fp-empleo/acceso-fp-empleo/pruebas-competencias-clave

13. Inskripzioa aurrez aurre egiten ahalko da ikastetxe hauetako batean, probak egiteko aukeratzen den lekuaren arabera:

–José María Iribarren HOHIPa, proba Iruñean egin nahi bada.

–Sakana LH IBPa, proba Altsasun egin nahi bada.

–Tafalla IBPa, proba Tafallan egin nahi bada.

–Lizarrako Politeknikoa IBa, proba Lizarran egin nahi bada.

–Tuterako ETI IBPa, proba Tuteran egin nahi bada.

Inskripzioa egiteko ikastetxe horiek goian adierazitako Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “2. mailako gako-gaitasunen probak” izeneko tramiteen fitxan daude zehaztuta.

14. Inskripzioa telematika bidez ere egiten ahalko da, online, Educa Atariaren bidez, goian adierazitako “2. mailako gako-gaitasunen probak” tramiteen fitxaren estekatik abiatuta. Eskatzaileak bere izenean aurkez dezake eskabidea, eta zilegi da, orobat, beste pertsona edo erakunde batek aurkeztea eskatzailearen izenean.

15. Izangai bakoitzak inskripzio-orri bakarra bete beharko du. Inskripzio-orri hori Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “2. mailako gako-gaitasunen probak” tramiteen fitxan agertzen diren ereduen araberakoa izanen da, eta zehaztu beharko da zein gako-gaitasunen azterketa(k) egin nahi d(ir)en.

16. Inskripzioak jasotzen dituzten ikastetxeek eskatzaileari inskripzio-orriaren fotokopia emanen diote, noiz sartu den adierazita eta zigilua jarrita.

Proba egiteko egokitzapenak.

17. Desgaitasunen bat egiaztatzen duten eta probak egiteko egokitzapenen bat (denbora eta bitartekoak) behar duten pertsonek inskripzio-orrian eskatu beharko dute.

18. Inskripzioak jasotzen dituzten ikastetxeek proben koordinazio epaimahaiari bidaliko dizkiote probak egokitzeko eskaerak (desgaitasunen bat duten izangaientzat), behar diren egiaztagiriekin batera.

19. Egokitzapen eskaeren ebazpena jasotzen duen behin-behineko zerrenda argitara emanen da inskribatutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratzen den egun berean, Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “2. mailako gako-gaitasunen probak” tramiteen fitxan. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan aurkezten ahalko dira (San Domingo kalea 8, Iruña), 2. mailako gako-gaitasunen proben koordinazio epaimahaiari zuzenduak.

20. Erreklamazioen ebazpena jasotzen duen behin betiko zerrenda argitara emanen da inskribatutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratzen den egun berean, Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “2. mailako gako-gaitasunen probak” tramiteen fitxan.

Probetan inskribatzeko orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

21. Izangaiek dokumentazio hau erantsi beharko diote inskripzio-orriari:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, pasaportearena, nortasuna frogatzen duen bidaia agiri batena, bisarena edo atzerritarren identifikazio txartelarena.

–Kasua bada, desgaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia.

Ikasleak onartzeko prozesua.

22. Inskripzio zentroetako idazkaritzek berrikusi eginen dituzte jasotako eskaerak. Behar bezala betetako inskripzio-orri guztiak, nortasun agirien kopiarekin batera aurkezten badira, matrikulatu eginen dira; ikastetxeek EDUCA kudeaketa-sisteman matrikulatuko dituzte, “zuzeneko matrikula” prozeduraren bidez, probak egiten diren ikastetxeari dagozkion taldean eta kurtsoan.

23. Osorik beteak ez dauden eskaerak proben koordinazio epaimahaiari jakinaraziko zaizkio, behin-behineko zerrendan “onartu gabe” moduan ager daitezen, eta onartu ez izanaren arrazoia ere adieraziko da.

Onartutako izangaien zerrendak.

24. Onartutako pertsonen behin-behineko zerrendak Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “2. mailako gako-gaitasunen probak” tramiteen fitxan jakinarazten den egunean argitaratuko dira.

Egun horretan argitaratuko da, halaber, egokitzapen eskaeren gaineko behin-behineko ebazpena. Eta probak zein ikastetxetan eginen diren ere jakinaraziko da.

Erreklamazioak aurkezten ahalko dira, inskripzioa egin den ikastetxean. Erreklamazioak aurkezteko idazkia Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “2. mailako gako-gaitasunen probak” tramiteen fitxan agertzen den ereduaren araberakoa izanen da.

25. Erreklamazioak ebatzi ondoren, onartutako pertsonen behin betiko zerrendak Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “2. mailako gako-gaitasunen probak” tramiteen fitxan jakinarazten den egunean argitaratuko dira.

Zerrenda horietan, proba egokitzeko eskaeren gaineko behin betiko ebazpena adieraziko da. Eta probak zein ikastetxetan eginen diren ere jakinaraziko da.

2. mailako gako-gaitasunen proben egitura eta edukia.

26. 2. mailako gako-gaitasunen probek 2. mailako profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzeko probetan neurtu behar den gaitasunaren alderdiekin lotutako gaiak eta ariketak jasoko dituzte, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan ageri direnak.

GAITASUNA

NEURTU BEHARREKO ALDERDIAK (arauen erreferentzia)

Gaztelaniazko komunikazioa

Urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren IV.2. eranskina. 2. maila.

Matematikako gaitasuna

Urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren IV.3. eranskinaren 2. maila

Probaren kalifikazioa eta balorazioa.

27. Deialdi honetan iragarritako 2. mailako gako-gaitasun bakoitzaren probak 1etik 10era bitarte kalifikatuko dira, dezimalik gabe.

5 puntu edo gehiago eskuratuz gero, gako-gaitasuna gainditutzat joko da. Kalifikazioa 5 puntukoa edo hortik gorakoa bada, azken ebaluazioaren aktetan “GAI” jarriko da; kalifikazioa 5 puntutik beherakoa bada, azken ebaluazioaren aktetan “EZ GAI” jarriko da.

28. Izangairen bat aurkezten ez bada inskribatu den gako-gaitasun baten probak egitera, aktan “EA” jarriko da (ez aurkeztua).

Proba egiteko egutegia.

29. 2. mailako gako-gaitasunen probak (lehenengo deialdia) 2022ko urtarrilaren 26an eginen dira, herri hauetan, inskripzio zentroaren arabera:

–José M.ª Iribarren HOHIPa, Iruña (inskripzioa José M.ª Iribarren HOHIPan egin duten pertsonentzat).

–Altsasuko HOHIa, Altsasu (inskripzioa Sakana LH IBPan egin duten pertsonentzat).

–Tafallako HOHIa, Tafalla (inskripzioa Tafalla IBPan egin duten pertsonentzat).

–Lizarrako HOHIa, Lizarra (inskripzioa Lizarrako Politeknikoa IBan egin duten pertsonentzat).

–Tuterako HOHIPa, Tutera (inskripzioa ETI IBPan egin duten pertsonentzat).

Inskribatzen diren pertsonen kopuruaren arabera, beste ikastetxe batzuk gaitzen ahalko dira probak egiteko; matrikulatutako pertsonen behin-behineko eta behin betiko zerrendekin batera iragarriko da hori.

Hezkuntza Departamentuak probak egiteko erraztasunak emanen dizkie inskribatzen diren preso eta soldaduei, probak egin behar diren ikastetxera joateko zailtasun handiak badituzte. Halako kasuetan, proben koordinazio epaimahaiak izendatutako pertsona bat joanen da espetxera edo Aitzoaingo kuartelera ariketak eramatera, ezarritako egun eta orduetan, eta ariketak behar bezala egiten direla zainduko du. Probak bukatu ondoren, gutun-azal batean sartuko ditu eta Iruñeko José M.ª Iribarren’’ HOHIPeko ebaluazio batzordeari emanen dizkio.

30. Gako-gaitasunen proben ariketak (gaztelaniazko komunikazioko gaitasuna eta matematikako gaitasuna) arratsaldez eginen dira: 15:30etik 19:00etara.

Izangaien deia eta dokumentazioaren egiaztapena 15:30ean eginen da. Probak 16:00etan hasiko dira. Gaztelaniazko komunikazioko gaitasunaren probak ordubete eta 30 minutu iraunen du, eta matematikako gaitasunaren probak ordubete eta 30 minutu.

Proba egiteko, aldean izan behar da nortasun agiri nazionala, pasaportea, nortasuna egiaztatzen duen bidaia agiri bat, bisa edo atzerritarren nortasun txartela, eta, horretaz gain, ariketak egiteko behar den materiala. Nortasuna egiaztatzeko behar den agiriren bat ekartzen ez bada, ezin izanen da proba egin. Halaber, probara joan beharko da osasun agintaritzak egun horretarako ezarritako neurriak hartuta.

Probak egiteko jarraibideak gako-gaitasunen probak koordinatzeko epaimahaiak zehaztuko ditu, kontuan hartuz osasun agintaritzak egun horretarako ezartzen dituen neurriak, eta lehen aipatutako Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “2. mailako gako-gaitasunen probak” tramiteen fitxan argitaratuko dira, behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzen diren egunetan.

31. Izangaiak zein gaitasunetan inskribatzen diren, horiei dagozkien ariketak egin beharko dituzte, eta ez besterik.

Proben emaitzak eta erreklamazioak.

32. Emaitzak Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “2. mailako gako-gaitasunen probak” tramiteen fitxan argitaratuko dira, egun hauetan:

Behin-behineko emaitzak

2022ko otsailaren 1a

Erreklamazioak

2022ko otsailaren 1etik 3ra (14:00ak arte), biak barne.

Behin betiko emaitzak

2022ko otsailaren 7a

33. Erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira, proba egin den ikastetxeko ebaluazio batzordeari zuzenduak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatuta, dagokion ebaluazio batzordea bilduko da haiek aztertu eta ebazteko.

34. Emaitzen behin betiko aktak jendaurrean jarriz jakitera emanen da zer ebatzi duten gako-gaitasunen proben ebaluazio batzordeek aurkezten diren erreklamazioen gainean. Aktaren eranskin bat ere argitaratuko da, non adieraziko baita, modu arrazoituan, ea kontuan hartu diren izandako erreklamazioak.

Egiaztagiriak.

35. Gaztelaniazko komunikazioko 2. mailako gako-gaitasunaren proba gainditzen duenak gaitasun hori gainditu duela egiaztatzen duen ziurtagiri bat jasotzeko eskubidea izanen du.

36. Matematikako 2. mailako gako-gaitasunaren proba gainditzen duenak gaitasun hori gainditu duela egiaztatzen duen ziurtagiri bat jasotzeko eskubidea izanen du.

37. Interesdunek probarako inskripzioa egin zuten ikastetxean eskuratu beharko dituzte 2. mailako gako-gaitasunen probak gainditu izanaren ziurtagiriak.

Inskripzioa modu telematikoan egiten duten izangaiek Hezkuntza Departamentuan (Ikasketak Antolatzeko Atalean) jasotzen ahalko dute ziurtagiri hori.

Bi kasuetan, 2022ko otsailaren 8tik aurrera egonen dira eskuragarri ziurtagiriak.

2. ERANSKINA

PROBEN KOORDINAZIO EPAIMAHAIA

Ebaluazio batzordeak

Gako-gaitasunen proben koordinazio epaimahaia.

1. Koordinazio epaimahai bat eratuko da, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez izendatua, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, kide hauek izanen dituena: epaimahaiburu bat, idazkari bat eta bi epaimahaikide.

Epaimahaiburua Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko langile bat izanen da. Idazkaria Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko langile bat izanen da; eta epaimahaikide gisa, aipatutako bi zerbitzu horietako bakoitzari atxikitako langile bana arituko dira.

Gainera, koordinazio epaimahaiak, arrazoiak emanda, eskatzen ahalko du koordinazio epaimahaiaren aholkulari batzuk izenda daitezela. Horiek ere Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak izendatuko ditu.

Zikloetan sartzeko proben koordinazio epaimahaiko kideak izendatzeko ebazpenean, jaso daitezke proben kudeaketarekin eta funtzioekin lotutako jarraibide osagarriak, bai koordinazio epaimahaiari dagokionez, bai ebaluazio batzordeei dagokienez.

2. Koordinazio epaimahaiaren eginkizunak.

a) 2. mailako gako-gaitasunen proben antolaketa, garapena, egiteko modua eta ebaluazioa koordinatzea.

b) Gako-gaitasunen probak erreferentziazko araudira egokitzen direla begiratzea.

c) Hurrengo oinarrian deskribatzen diren lanak egiteko behar diren ebaluazio batzordeen eta aholkularien kopurua zehaztea, eta batzorde horietan arituko diren pertsonen izendapena proposatzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariari.

d) Probak prestatzeaz arduratuko diren pertsonak izendatzea eta probak ebaluatu eta kalifikatzeko irizpideak ezartzea.

e) Dagokion tramiteen fitxan deialdi honi buruzko informazio guztia argitaratzea, baita onartuen eta ez onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak ere, eta horiei aurkeztutako erreklamazioak ebaztea.

f) Probetan onartuak izateko epez kanpo aurkezten diren eskaerak ebaztea.

g) Probaren egokitzapenak zehaztea desgaitasunen bat dutenentzat.

h) Desgaitasunagatiko egokitzapenen eskaerei buruzko erreklamazioak ebaztea.

i) Proben behin-behineko eta behin betiko kalifikazioak behar den tramiteen fitxan argitaratzea.

j) Egiten diren gainerako erreklamazioei buruz ebaztea, proben kalifikazioari buruzkoak izan ezik, horiek ebaluazio batzordeen eskumenekoak baitira.

k) Deialdi bakoitzeko gako-gaitasunen proben deialdiaren memoria egitea.

l) Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak zehazten duen beste edozein eginkizun.

2. mailako gako-gaitasunen proben ebaluazio batzordeak.

3. Probak egiten diren ikastetxe bakoitzean ebaluazio batzorde bat eratuko da, honako kide hauek osatua, oro har:

–Batzordeburu bat: Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatua, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak eta Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak batera proposaturik.

–Batzordekide bat edo bi, gaztelaniazko komunikazioko gaitasunaren arloan irakasten dutenak edo arlo horren irakaskuntza esleitua dutenak.

–Batzordekide bat edo bi, matematikako gaitasunaren arloan irakasten dutenak edo arlo horren irakaskuntza esleitua dutenak.

Ebaluazio batzorde guztientzako xedapen komunak.

4. Batzordekide gisa arituko diren pertsonak Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu, proben koordinazio epaimahaiak proposaturik.

Ebaluazio batzordeek barne-koherentzia izan dezaten 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroekin, batzordekideak hautatuko dira, ahal dela, Hezkuntza Departamentuak antolatutako 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroetan edo helduentzako hezkuntzan irakasten duten pertsonen artean.

5. Ebaluazio batzorde guztietan aholkulariek parte hartzen ahalko dute, batzordeak berak proposatuta, antolamendu beharren arabera. Aholkulari horiek Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu.

6. Ebaluazio batzordeen eginkizunak:

a) Gako-gaitasunen probak antolatzea eta garatzea kasuan kasuko ikastetxean.

b) Gako-gaitasunen probak ongi garatzeko ezartzen diren epeak eta ordutegiak betetzea.

c) Zein ebaluazio batzordetan jarduteko izendatzen den, haren eraketa bilerara joatea.

d) Ebaluazio batzorde bateko kide gisa dagozkion eginkizunak betetzean behar den konfidentzialtasuna betetzea.

e) Proben antolaketa eta garapena bermatzeko ezartzen diren neurri egokiak hartzea, ikastetxearen baliabideen arabera.

f) Probetara joatea eta haiek modu egokian gauzatzen direla zaintzea.

g) Izangaien nortasuna egiaztatzea.

h) Probak zuzendu eta kalifikatzea koordinazio epaimahaiak adierazten dituen epeetan, ariketak zuzentzeko ezartzen diren irizpideak aplikatuz.

i) Proben behin-behineko eta behin betiko emaitzen aktak betetzea eta probak egin diren ikastetxean argitaratzea adierazitako epeetan.

j) Proben kalifikazioen aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea adierazitako epeetan.

k) Bere ebaluazio batzordeari dagozkion gako-gaitasunen proben deialdiaren memoria egitea.

l) Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak edo Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak zehazten duen beste edozein eginkizun.

m) Helburuak egoki betetzeko, proben koordinazio epaimahaiak bere jarduketa eremuaren barruan agintzen dien beste edozein eginkizun.

Aholkulariak.

7. Antolaketarako aholkulariek eginkizun hauek izanen dituzte:

–Probak egiteko prozesua zaintzea eta kontrolatzea, bai eta probak egitean gerta litezkeen beharrei erantzutea ere.

–Proben kudeaketa prozesuan laguntzea, hala probak egin aurreko kudeaketa lanetan, nola probak egin bitarte eta probak egin ondoren behar direnetan.

–Ebaluazio batzorde baten aholkulari gisa dagozkion eginkizunak betetzean behar den konfidentzialtasuna betetzea.

–Aurrekoekin lotutako beste edozein eginkizun, proben koordinazio epaimahaiak zehazten dituenak.

Nahitaezkotasuna.

8. Izendatzen diren koordinazio epaimahaiko kideek, ebaluazio batzordeetako kideek eta aholkulariek nahitaez parte hartu beharko dute organo horietan.

Konpentsazioa.

9. Koordinazio epaimahaiko eta ebaluazio batzordeetako kideek eta aholkulariek egiten dituzten lanak Unibertsitateaz Kanpoko Irakaskuntza Hobetzeko Neurriei buruzko uztailaren 2ko 26/2002 Foru Legearen 12.2 artikuluan ezarritakoekin parekatuko dira.

10. Dedikazio-orduen kopuruari dagokionez, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenaren I. eranskinean ezarritakoekin parekatuko dira, hartan ezartzen baita nolako konpentsazioak jasoko dituzten Hezkuntza Departamentuak Nafarroan antolatzen dituen lanbide heziketako tituluak lortzeko proba libreen, hezkuntza sistemako lanbide heziketako irakaskuntzetan eta arte plastikoetako lanbide irakaskuntzetan sartzeko proben eta araubide bereziko kirol irakaskuntzetako proben ebaluazio eta koordinazio batzordeetako kideek.

Koordinazio epaimahaia eta ebaluazio batzordeak osatzen dituzten irakasleek eta aholkulari gisa aritzen direnek bidezko konpentsazio ekonomikoak jasoko dituzte, goian aipatutako martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenean xedatutakoaren arabera.

Errekurtsoak.

11. Ebaluazio batzordeek eta koordinazio epaimahaiak ematen dituzten egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, emaitzen behin betiko aktak argitaratu eta biharamunetik.

12. Deialdi honen, bere oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, ebaluazio batzordeek edo koordinazio epaimahaiak hartutakoak izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin eta jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.

3. ERANSKINA

2. mailako gako-gaitasunen probak egiteko deialdiaren egutegia

JARDUKETA

EGUNAK

2. mailako gako-gaitasunen probak: ariketak egitea

2022ko urtarrilaren 26a

2. mailako gako-gaitasunen proben behin-behineko emaitzak argitara ematea:

2022ko otsailaren 1a

Proben behin-behineko emaitzak erreklamatzeko epea:

2022ko otsailaren 1etik 3ra arte (14:00ak arte)

2. mailako gako-gaitasunen proben behin betiko emaitzak argitara ematea:

2022ko otsailaren 7a

Proba gainditu izanaren ziurtagiriak (inskribatu den ikastetxean jaso behar dira)

2022ko otsailaren 8tik aurrera

Iragarkiaren kodea: F2117903