9. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

173E/2021 FORU AGINDUA, abenduaren 27koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Irañetako arau subsidiarioen aldaketa lurzoru urbanizaezinari buruzko araudiaren 61-h4 artikuluari dagokionez. Granja Dos Hermanas SA da sustatzailea.

Irañetako Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espedientearen xedea da arau subsidiarioetako 61. artikuluko h4 apartatuan aldaketak egitea, dagoeneko abian diren abeltzaintzako jardueretarako udal planeamenduan ezarritako gehieneko eraikuntza mugak handitzeko.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 30eko 1472E/2020 Ebazpenaren bidez, ingurumenean eragin nabarmenik ez duela iritzirik, ingurumen txosten estrategikoa egin zen “Irañetako arau subsidiarioen aldaketari buruz, lurzoru urbanizaezinean egin daitezkeen jarduera eta eraikuntzen erabilerei dagokienez”. Granja Dos Hermanas SA da aldaketaren sustatzailea.

Ebazpen hori 2021eko 23. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 1ekoan.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2021eko abenduaren 17ko txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Adierazitakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea Irañetako arau subsidiarioen aldaketa, lurzoru urbanizaezinaren araudiko 61-h4 artikulua aldatzeari buruzkoa, Granja Dos Hermanas SAk sustatua.

2. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrola onesteko egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Onetsitako hirigintzako araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau espedientearen sustatzaileari eta Ingurumen Eraginaren Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Irañetako Udalera igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza-araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dezan eta, hala, onetsitako hirigintza-tresnak indarra har dezan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 27an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2118267