89. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

116E/2022 EBAZPENA, martxoaren 24koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat, Nafarroako toki entitateentzat, 2022-2023 urtean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzea eta sustatzea eta “Zaintzaren Itunak Nafarroan” programa berrirako trantsizio prozesua helburu duten proiektuak aurrera eramateko. DDBN identifikazioa: 617722.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroan genero berdintasuna lortzea du helburu, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak Nafarroan deuseztatzen lagunduz. Horretarako, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsita dituen estatutuen arabera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiteko.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 12. artikuluan ezartzen denez, toki entitateek beren eskumenak betetzean txertatuko dute emakume eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa, eta, horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin elkarlanean arituko dira. Halaber, baieztatzen du, foru lege honek esleitzen dizkien funtzioei dagokienez, Nafarroako Gobernuak osatuko duela toki entitateen nahikotasun finantzarioa.

Tokiko esparrua da herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki entitateek emakumeen eta gizonen aukera berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko. Lehentasun horren barnean honako hau biltzen da: udalek, garrantzia duten gizarte eragileekin adosturik, erantzunkidetasunaren aldeko neurriak garatzeko konpromisoa sustatu eta laguntzea.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak sustatzea tokiko esparruan, toki entitateekin batera lan egituratu, sistematiko eta koordinatua eginez, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.

Toki entitateetako errealitate desberdinen premia eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak aurrera eramaten dituzten toki entitateentzat. Ebazpen honetan lau laguntza modalitate desberdin aurreikusten dira, eta baldintza eta diru kopuru desberdinak ezartzen dira, alde batetik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak egiteko berdintasuneko agentea duten toki entitateentzat, eta bestetik, figura profesional hori ez duten baina emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten toki entitateentzat. Era berean, deialdiaren helburu da kontziliaziotik zaintzara igarotzeko trantsizioa errazteko ekintzak aurrera eramatea, uneren batean “Kontziliaziorako Tokiko Itunen” programaren partaide izan diren tokiko entitateentzat.

Udalen Berdintasun arloak Planifikatu, Kudeatu eta Ebaluatzeko Ibilbidea da Institutua bultzatzen ari den eredua, esku-hartze sistematikoa eta koherentea errazteko eta aurrera eramateko. Eredu horretan, esku-hartzeen esparru bat ezartzen da, toki entitateen arteko lankidetza eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekiko koordinazioa ahalbidetzen dituena. Ibilbide horrek honako inbertsio arlo hauek jasotzen ditu: toki gobernamendua eta genero zeharkakotasuna; emakumeen aurkako indarkeria; zaintza, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa; eta emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat onestea, Nafarroako toki entitateentzat, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzeko eta “Kontziliaziorako Tokiko Itunak” programatik “Nafarroako Zaintzaren aldeko Itunak” izeneko programarako trantsizioa aurrera eramateko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira, baldin eta aurrekontuko krediturik bada:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

080001-08100-4609-232200. Toki entitateentzako transferentziak, berdintasun politikak sustatzeko

2022

231.000

080001-08100-4609-232200. Toki entitateentzako transferentziak, berdintasun politikak sustatzeko

2023

130.000

Salbuespen gisa, deialdi honetarako zenbatekoa handitzen ahalko da, guztira 120.000 euro arte, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, beste deialdi bat egin beharrik gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz. Zenbateko gehigarri hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da, foru lege horren beraren 31.3.a) artikuluan adierazten diren egoeretako bat gertatzen delako.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 24an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Istúriz García.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da 2022ko martxoaren 1etik 2023ko otsailaren 28ra arteko aldian Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzak Nafarroako toki entitateei emateko araubide bat ezartzea, entitate horietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko, toki entitateek prestatzen eta planifikatzen dituzten proiektuak gauzatzearen bitartez.

Deialdi honen xedea da, orobat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei 2022. urtean dirulaguntzak emateko araubide bat ezartzea, entitate horietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko, trantsizio prozesu bat eginez, “Kontziliaziorako Tokiko Itunak” programatik “Nafarroako Zaintzaren aldeko Itunak” programara.

2. oinarria. Entitate onuradunak eta dirulaguntzaren modalitateak.

2.1. Toki entitateak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Halaber, multzo batean elkartutako toki entitateak ere aurkezten ahalko dira deialdira, eskaeran espresuki adierazten badira zein den entitate bakoitzak hartzen dituen gauzatze-konpromisoak, eta entitate horien ordezkari bakar bat izendatzen bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluak ezartzen duenarekin bat.

2.2. Dirulaguntza modalitate hauek daude:

a) 1. modalitatea: Berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan izanik, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzarik jasotzen ez duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.

b) 2. modalitatea: Berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan izanik, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza jasotzen duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.

c) 3. modalitatea: Berdintasuneko agenterik lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan ez duten 5.000 biztanle baino gutxiagoko Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak. Modalitate honetara aurkezten diren toki entitateak ezin dira izan, ezta ere, udalez gaindiko beste toki erakunde, mankomunitate eta tokiko ekintza talde bateko partaideak, erakunde horrek berdintasun agentea lanaldi osoan kontratatua badu.

d) 4. modalitatea: Gaur egun, edo beste uneren batean, Kontziliaziorako Tokiko Ituna duten edo izan duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak. Modalitate berriak berekin dakar 2022an trantsizio prozesu bat ibiltzea, kontziliaziotik zaintzara, helburua dela, 2023tik aurrera, entitate horretan Zaintzaren aldeko Tokiko Itun bat abian jartzea. Prozesu hori aurrera eramateko, 4.3 apartatuan, 4. Modalitatean, jasotzen diren hiru esku-hartze ildoetako batekin lotutako ekintzak eginen dira. Azken kasu horretan, prozesuan parte hartzeko eskaria ere aurkeztu beharko da, VII. eranskinean eskura dagoen ereduari jarraikiz.

3. oinarria. Baldintzak.

3.1. Nafarroako toki entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute jarduera diruz laguntzen den epe osoan eta hura justifikatu arte, salbu 3.1 oinarriko b.2 apartatuan jasotakoaren kasuan:

a) 1. eta 2. modalitateak:

1. Eskaera egiten den unean, B mailako berdintasuneko agentea kontratatua izatea lanaldi osorako edo plantillan. Toki entitateak zerbitzua lanaldi partzialean egiten duten pertsonak kontratatuak dituenean, proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko, lanaldiaren murrizketa agente nagusiak eskatzen duen kasuetan izan ezik, horrelakoetan, zilegi izanen baita bi lagunen artean betetzea lanaldi osoa. (Hori egiaztatzeko, IV. Eranskin gisa eskuragarri dagoen ziurtagiriaren adierazpena erabiliko da).

Betiere, lanaldia osoa dela ulertuko da, eta ez da nahitaezkoa izanen bi lagunek betetzea, lanaldiaren murrizketa zortziren batekoa, seiren batekoa edo laurden batekoa denean, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo horri dagokionez aplikatzekoa den beste edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

Orobat, toki entitateek akordioak egiten ahalko dituzte beste toki entitate batzuekin lanaldi osoko berdintasuneko agentea izateari buruzko baldintza betetzeko. Kasu horretan, elkartutako erakundeek aurrera eramanen duten proiektu bakar bat aurkeztu behar dute dirulaguntzen deialdira.

2. 2022rako diru partida edo aurrekontu zuzkidura izatea emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintzak eta proiektuak finantzatzeko, eta orobat, 2023rako ere, helburu bereko diru partida edo aurrekontu zuzkidura izateko konpromisoa atxikitzea. (Hori egiaztatzeko, IV. Eranskin gisa eskura dagoen ziurtagiriaren adierazpena erabiliko da).

3. Aukera berdintasunerako plan bat edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako plan estrategikoa edo lanerako urteko plana izatea, udalen Berdintasun arloetako Lana Planifikatu, Kudeatu eta Ebaluatzeko Ibilbidearen araberakoa. Berdintasuneko agentea lehen aldiz kontratatzen bada, baldintza hori betetzat joko da toki entitateko idazkaritzaren egiaztagiri bat aurkeztuz gero (IV. eranskinean dago), non egiaztatuko baita toki entitateak asmoa duela berdintasun plana edo urteko lan plana prestatzeko deialdi honek estaltzen duen aldian, “Udalaren Berdintasun arloetako Lana Planifikatu, Kudeatu eta Ebaluatzeko Ibilbidea” izeneko dokumentua oinarri hartuta.

4. Udaleko arloen arteko talde tekniko bat osatzea, edo dirulaguntza baliatuko den aldian osatzeko konpromiso irmoa izatea, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa toki entitatearen lan arlo guztietan eraginkortasunez integratzen dela ziurtatzeko. Talde horretan ordezkatuta egon behar dute udaleko lan arlo guztiak, eta haren batzarren egutegia finkatu beharko da. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).

5. Entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agenteak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak genero berdintasunaren arloan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada, dirulaguntza baliatuko den aldi osoan. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).

b) 3. modalitatea:

1. 2022rako diru partida edo aurrekontu zuzkidura izatea emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintzak eta proiektuak finantzatzeko, eta orobat, 2023rako ere, helburu bereko diru partida edo aurrekontu zuzkidura izateko konpromisoa atxikitzea (hori egiaztatzeko, Idazkaritzako ziurtagiria izeneko IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).

2. Eskaera egiten den unean, ez izatea B mailako berdintasuneko agenterik lanaldi osorako kontrataturik edo plantillan. (Hori egiaztatzeko, Idazkaritzako ziurtagiria izeneko IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).

3. 5.000 biztanle baino gutxiago izatea.

4. Eskaera egiteko unean ez egotea sartuta B mailako berdintasun agentea, lanaldi osoan, kontratatua duen udalez gaindiko toki erakunde, mankomunitate edo tokiko ekintza talde batean.

c) 4. modalitatea:

Eskaera egiteko unean, edo beste uneren batean Kontziliaziorako Tokiko Itun bat sinatuta izatea, eta konpromisoa hartzea trantsizio prozesu bat egiteko kontziliaziotik zaintzara, 4. modalitateko 4.3 apartatuan jasotzen diren esku-hartzeko hiru ildoetako batean jasotzen diren ekintzen bitartez, horien helburua izanik tokiko erakunde horretan abian jartzea Zaintzaren aldeko Tokiko Itun bat, 2023ko urtarriletik aurrera (konpromiso hori egiaztatzen da Idazkaritzako ziurtagiria izeneko IV. eranskinean jasotako adierazpenaren bidez).

4. oinarria. Gauzatzeko epea eta dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak.

4.1. Dirulaguntzen objektu izanen diren proiektuak 2022ko martxoaren 1etik 2023ko otsailaren 28ra gauzatu beharko dira, 4. modalitateko proiektuak izan ezik, horiek 2022ko martxoaren 1etik azaroaren 4ra bitartean gauzatu beharko baitira.

4.2. Toki entitateek proiektu bakarra aurkeztuko dute, 1., 2. eta 3. modalitateetan. Horrez gain, beste proiektu gehigarri bat aurkezten ahalko dute 4. modalitatean, Kontziliaziorako Tokiko Itun bat une horretan edo beste uneren batean sinatuta duten toki erakundeek, kontziliaziotik zaintzarako trantsizio prozesua hasten badute, beren toki erakundean Zaintzaren aldeko Tokiko Itun bat abian jartzeko.

4.3. Dirulaguntzen xede diren proiektuek oinarri honetan zehazten diren ekintzak jasotzen ahalko dituzte, eta horien garapena eta kudeaketa egokitzen ahalko dira, gauzatu ahal izateko.

Deialdian adierazitako modalitate bakoitzean, proiektu hauek jaso dezakete dirulaguntza:

–1. eta 2. modalitateak: Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, berdintasuneko agentea duten toki entitateetan.

Proiektuak deialdi honen xedearen arabera (1. oinarrian adierazia) diseinatuta aurkeztuko dira, bai eta “Udalen Berdintasun arloetako Lana Planifikatu, Kudeatu eta Ebaluatzeko Ibilbidean” jasotzen diren esku-hartze arlo hauen arabera ere:

a) Toki gobernamendua eta zeharkakotasuna.

Ohartarazi behar da, jarduketa arlo honen barnean, ez direla diruz lagunduko Langileen Barneko Berdintasun Planak (barne direla haien diagnostikoak), toki entitatearen plantillan 50 langiletik gora ari badira, Plan horien onarpena, toki entitate horietan, Berdintasunaren Foru Legean espresuki jasotzen den baldintza delako.

b) Emakumeen kontrako indarkeria.

Atal honetan diruz laguntzen ahal diren ekintzen artean sartzen da indarkeriari erantzuteko tokiko protokoloak prestatzea, emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko tokiko koordinazio protokoloak prestatzeko NABIk argitaratutako gidari jarraikiz. Nolanahi ere, protokoloak egiteko, gida horretan zehazten eta jasotzen diren baldintzak, jarraibideak, mekanismoak eta ereduak bete beharko dira. Era berean, diruz lagungarriak izanen dira tokiko protokolo horiekin lotutako eta esparru horretan aurrera eraman beharreko ekintzak, barne direla aurrez egindako diagnostikoak (edo haien eguneraketak), gaikuntza eta prestakuntza, etab.

c) Zaintza, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa.

Arlo honen barnean ez dute ekintzarik programatzen ahalko, horiez gain, 4. modalitatean aurkezten diren toki entitateak.

d) Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

Dirulaguntzaren xede izanen dira honelako ekintzak dituzten proiektuak:

  • Baldintzak sortzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa eta generoaren ikuspegia administrazioan eta haren politika publikoetan zehar lerro gisa integratzeko.
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, eta abar).
  • Sentsibilizazioa (kanpainak, generoaren ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).
  • Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzeko jarduerak.
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko azterlanak, ikerketak, plangintzak eta ebaluazioak.

–3. modalitatea: Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, berdintasuneko agenterik lanaldi osoan ez duten toki entitateek aurkeztuak, arlo hauetako ekintzak garatzen dituztenak:

a) Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

b) Zaintza, erantzunkidetasuna eta bateragarriasuna.

Arlo honen barnean ez dute ekintzarik programatzen ahalko, horiez gain, 4. modalitatean aurkezten diren toki entitateak. Era berean, ez dute arlo honetako ekintzarik programatzen ahalko 4. modalitatean aurkeztu diren udalez gaindiko toki erakunderen batean edo mankomunitate batean elkartuta dauden toki entitateek.

c) Emakumeen kontrako indarkeria.

Atal honetan diruz laguntzen ahalko dira soilik “Jaiegunetako eraso sexistei aurre egiteko jarduera protokoloak” egitea edo “Emakumeen aurkako indarkeriagatiko hilketa eta egoera larriei aurre egiteko jarduera protokoloak” egitea helburu duten ekintzak, emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko tokiko koordinazio protokoloak egiteko NABIk argitaratutako gidan jasotzen denari jarraikiz. Nolanahi ere, protokoloak egiteko, gida horretan zehazten eta jasotzen diren baldintzak, jarraibideak, mekanismoak eta ereduak bete beharko dira. Era berean, diruz lagungarriak izanen dira tokiko protokolo horiekin lotutako eta esparru horretan aurrera eraman beharreko ekintzak, barne direla aurrez egindako diagnostikoak (edo haien eguneraketak), gaikuntza eta prestakuntza, etab.

Arlo horietako ekintzak helburu hauek lortzera bideratuko dira:

  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean prestakuntza ematea gauzatzen diren ekintzen eremuan (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, etab.).
  • Sentsibilizazioa (kanpainak, generoaren ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).
  • Toki entitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan jarduteko lehentasunak ezartzeko asmoz egindako ikerlanak eta diagnostikoak. Aipatutako ikerlan edo diagnostiko horiek elkarrekin egiten ahalko dituzte ekintza komuneko lurralde eremu bat partekatzen duten toki entitateek. Diagnostiko horietatik, ez dira diruz lagunduko Langileen Berdintasunerako Barneko Planen aurretik egindako diagnostikoak, toki entitate horien plantillan 50 lagunetik gora ari badira.

–4. modalitatea: Kontziliaziorako Tokiko Itun bat duten edo beste uneren batean izan duten toki erakundeek garatzen dituzten proiektuak, kontziliaziotik zaintzarako trantsizio prozesua hasten badute, beren toki erakundean Zaintzaren aldeko Tokiko Itun bat abian jartzeko.

Modalitate horretan aurkezten ahalko dira hiru proiektu mota, kontziliaziotik zaintzarako trantsizio prozesua abiatzeko eratutakoak, eta ondoren zehazten diren hiru esku-hartze ildoetako batekin lotura dutenak:

a) Balio aldaketaren sozializazioa: kontziliaziotik zaintzara.

Helburua: baldintza jakin batzuk lortzea, instituzioetako eragileek, eragile politikoek, ekonomikoek eta sozialek eta, orokorrean, herritarrek parte har dezaten zainketen aldeko tokiko itun bat egiten, ezartzen eta jarraipena eta ebaluazioa egiten.

Edukiak: zaintzari eta horri eskaintzen zaion denborari ikusgarritasuna eta garrantzia emateko ekintzak: gure burua zaintzea/zaintza pertsonala, beste pertsona batzuk zaintzea eta gure ingurua zaintzea (fisikoa, soziala eta naturala).

Apartatu honetako ekintza diruz lagungarritzat joko dira laguntza teknikoaren kontratazioa barne hartzen dutenak, helburuak hauek direnean:

  • Dinamizazio eta lan saioak, entitateak atxikitzeko egitekoa den itunari.
  • Dinamizazio saioak, egitekoa den itunean entitateen eta udaletako arloen parte-hartzea eta finkapena lortzeko.
  • Zaintzaren arloan udaletan dagoen errealitatea ezagutzeko azterlanak, ikerlanak eta diagnostikoak.

b) Zaintzari eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza.

Helburua: berdintasunaren aldeko tokiko itunetan, uneren batean, parte hartzen duten pertsonei, eta itun horietara lotzen diren gainerakoei ere, gaikuntza ematea berdintasunaren eta zaintzaren arloan.

Edukiak: emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari eta zaintzari lotutako beste ezagutzak, metodoak, jarrerak eta balioak ikasteko eta jasotzeko jarduketak, pertsonen eta ingurukoen bizitzaren eta ongizatearen hainbat alderditan eragina dutenak. Prestakuntza horren helburua da emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzea eta zaintzaren banaketari eta elkarrekikotasunari buruzko esperientziak ezagutzea, zabaltzea eta elkarrekin partekatzea.

Prestakuntzaren baldintzak:

PRESTAKUNTZA PROGRAMA, ZAINTZARI ETA EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNARI BURUZKOA

Nori zuzendua

Kontziliaziorako Tokiko Itunak sinatu eta zaintzaren kontzeptura igarotzeko trantsizioa egin nahi duten erakundeetako ordezkari guztiei.

Prestakuntzaren edukiak:

“Zaintzaren oinarriak” dokumentuaren esparru teorikoa eta kontzeptuala eta zaintzaren esparruan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun errealaren eraikuntzaren esparruan kontziliazioari eta erantzunkidetasunari buruz beharrezkoak eta argitzaileak direnak.

Txertatuz joanen dira Nafarroako Zaintzaren aldeko Itunen Programa osatuko duten prozedura, metodo eta tresna guztiak.

Prestakuntza proposamenak egiten dituzten tokiko itun guztiek izanen dute NABIko teknikarien aholkularitza eta laguntza.

* Edukiak prestakuntzan parte hartzen dutenen ezagutzen eta esperientzien arabera diseinatu edo egokituko dira. Horrela lortuko da tokiko itunaren trantsizio prozesuaren beharretara egokitzea.

Iraupena

Gutxienez 10 ordu

Noiz

2022ko azaroaren 4ra arte.

c) Kanpaina eta hedapena.

Helburua: administrazioa, erakunde publikoak eta pribatuak, eta biztanleria, oro har, sentsibilizatzea, bizitzan aurrera egiteko eta bizitza jasangarria izateko zaintzak duen funtsezko garrantziari buruz.

Edukiak: NABIk zaintzaren inguruan martxan jarritako sentsibilizazio kanpainari hertsiki lotutako jarduketak. Kanpaina horien xedea izanen da herritarrengan, administrazio publikoetan eta foru komunitateko toki entitateetan nahiz erakunde publiko eta pribatuetan eragitea, zaintzari eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez.

4.4. Gastu diruz lagungarriak.

4.4.1. Proiektuari loturiko zuzeneko gastuak:

Modalitate guztietan, dirulaguntzak, modu esklusiboan, honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira, betiere, dirulaguntzaren xedeko jarduerara bideratutako gastuak, 2022ko martxoaren 1etik 2023ko otsailaren 28ra arte egindakoak (4. modalitatean izan ezik, haren gauzatzeko epea 2022ko azaroaren 4an bukatzen baita); gastu horien zenbatekoak merkatuko balioaren araberakoak izan beharko dira:

a) Laguntza teknikoa. Apartatu honetan dirulaguntza jasotzeko baldintza izanen da kontratatzen diren pertsona fisiko edo juridikoek genero berdintasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza izatea, organismo publikoek edo unibertsitate publiko zein pribatuek emana.

Generoaren arloko prestakuntza pertsona edo entitate kontratatuaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da (XIII. eranskina). Modalitate bakoitzaren gehieneko zenbatekoaren % 40ko edo hortik gorako balioan kanporatzen diren ekintzetan egiaztatu beharko da prestakuntza (5.2 oinarrian daude adierazita).

Toki entitate onuradunak azpikontratatzen ahalko du diruz laguntzen den jarduera osoa.

4. modalitatearen kasuan, toki entitateak aholkularitza teknikoa kontratatzen ahalko du, 4. modalitateko 4.3 apartatuan jasotzen diren hiru esku-hartze ildoetakoren batekin lotutako proiektuak prestatzeko.

b) Hizlariek sortutako ordainsariak, bai eta hitzaldien ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.

c) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.

d) Jarduerak egiteko behar diren lokalen eta ekipamenduen alokairua, edo material suntsikor eta kontsumigarriaren gastua. Ondasun inbentariagarriei dagokienez, erakunde onuradunak dirulaguntza eman den xede konkreturako erabili beharko ditu ondasun horiek, gutxienez, bi urteko epean.

e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean (ez beste inoiz) beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, eta abar).

f) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

g) Proiektuaren jarduerarekin loturiko gastuak, bidezkotzat jotzen direnak eta oinarri hauen 4.6 puntuan berariaz salbuetsita ez daudenak.

4.4.2. Proiektuari loturiko zeharkako gastuak:

Ematen den dirulaguntzaren % 20 arte egozten ahalko zaie zeharkako gastuei, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola, ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, betiere behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.

4.5. Dirulaguntzarik izanen ez duten proiektuak.

Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Toki entitatearen zerbitzuak sortu edo finantzatzeko asmoa duten proiektuak, konparazio batera, ludotekak, jubilotekak, atsedenguneak edo pertsonentzako zerbitzuak. Hortaz, beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko bakarrik diren proiektuak bazter utziko dira, 4.4.1.e) atalean xedatutakoa salbu.

b) Ez dira diruz lagunduko Langileen Berdintasunerako Barneko Planak prestatzeko proiektuak, toki entitate horien plantillan 50 lagunetik gora ari badira.

c) Diseinuan, edukian, abiarazteko bidean eta ebaluazioan genero ikuspegirik ez duten proiektuak.

d) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako deialdi espezifikoen xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.

e) Nafarroako edo Estatuko beste deialdi edo programa batzuetako kontziliaziorako azpiegiturak, baliabideak edo laguntzak sortu edo mantentzea.

f) Aisialdiko edo jostetako jarduerak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuetan eta edukietan generoaren ikuspegia aurreikusten ez badute.

g) Eskola komunitatearentzat (ikasle, familia nahiz ikastetxeetako langile, 0-3 tartea barne) prestatutako jarduerak ez dira diruz lagunduko, edozein dela ere haien titulartasuna, baldin eta jarduera horiek eskola orduetan egiten badira, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.

h) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dagozkion programak eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.

4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Toki entitateek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen diren langileenak, 4.4.1. ataleko e) letran ezarritakoarekin bat.

Bereziki, ez da inoiz diruz lagunduko berdintasuneko agentearen kontratazioa.

b) Toki entitatearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak, 4.4.2 oinarrian jasotakoak izan ezik.

c) Otorduak, edariak, aperitiboak, opariak, protokoloari loturikoak eta antzekoak.

d) Ekipamenduak edo beste jarduera batzuetarako ere erabil daitezkeen produktuak erostea (material informatikoa, telefoniakoa, eta abar).

5. oinarria. Zenbateko osoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Aurrekontuan gaitutako kontsignazioa agortu arte emanen dira dirulaguntzak.

Aurrekontuko diru partida agortzen bada dirulaguntza hartzeko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun ezinik, zenbateko osoa hainbanatuko da eskaera guztientzat, 4. modalitatean izan ezik, hor hainbanaketa eginen baita soilik modalitate horretako eskaera guztiei emandako zenbateko osoa 100.000 eurotik gorakoa bada. Kasu horretan, 4. modalitateko eskaerei aplikatuko zaien hainbanaketa eginen da erreferentzia hartuta aipatutako 100.000 euro horiek.

5.2. Proiektu bakoitzeko, honako dirulaguntza hauek emanen dira, gehienez, zein den ere aurkezten den proiektuaren guztirako kostua:

a) Gehienez ere 15.000 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan izanik, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntzarik jasotzen ez duten toki entitateen eskaerentzat. (1. modalitatea).

b) Gehienez ere 7.500 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan izanik, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntza jasotzen duten toki entitateen eskaerentzat. (2. modalitatea).

c) Gehienez 3.000 euro, berdintasuneko agenterik lanaldi osoan ez duten eta 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten toki entitateen eskaerentzat (3. modalitatea).

d) Gehienez 5.000 euro, eskaera egiteko unean, edo iraganeko uneren batean, kontziliazioaren aldeko tokiko ituna duten edo izan toki entitateentzat, beren esparruan Zaintzaren aldeko Tokiko Ituna abian jartzeko trantsizio prozesua egiten hasi badira.

5.3. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau, portzentaje hauek aplikatuta:

5.3.1. 1., 2. eta 4. modalitateen kasuan, 8. oinarriko balorazio irizpideen arabera 60 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuei honako kantitate hauek emanen zaizkie:

a) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua, “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua”, modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua adinakoa edo txikiagoa denean, aurkeztutako eta onartutako kopuruaren % 100 jasoko dute.

b) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua, “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua”, modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua baino handiagoa denean, modalitate bakoitzean ematen den kopuruaren % 100 jasoko dute.

5.3.2. 3. modalitatean, 8. oinarriko balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta puntuazio hori irizpide harturik, portzentaje hauek aplikatuko dira:

  • Onartutako gastuaren % 90 emanen zaie 71 eta 100 puntu bitartean lortzen dituzten proiektuei.
  • Onartutako gastuaren % 80 emanen zaie 61 eta 70 puntu bitartean lortzen dituzten proiektuei.
  • Onartutako gastuaren % 70 emanen zaie 40 eta 60 puntu bitartean lortzen dituzten proiektuei.

Edonola ere, 5.2 oinarrian ezarritako gehieneko mugak errespetatuko dira.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten toki erakundeek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, ondoko apartatu hauei dagozkien dokumentu bereiztuetan igorri beharko direnak, eta eskura dauden eranskinen arabera eginak, halakorik badago:

a) Eskaera. Nahitaez aurkeztu behar da eskaera ereduan (III. eranskina), eta hor jasoko da Memoria, proiektua eta deialdiaren aurrekontu osoa deskribatuz, 2022rako (martxoaren 1etik azaroaren 4ra) eta 2023rako (2022ko azaroaren 5etik 2023ko otsailaren 28ra bitarteko gastua) zehaztuta; zehaztapen hori ez da beharrezkoa izanen 4. modalitatean, haren egikaritza aldia 2022ko azaroaren 4an amaitzen delako. Aurrekontua proiektuaren deskripzioaren arabera zehaztuko da, garatu nahi diren jarduera guztiak banaka azaldurik; proiektuaren aurrekontu orokorrik ez da onartuko. Agiri bakar batean aurkeztu behar da eskaera eredua, agiri gehiagotan zatitu gabe, eta kasuan kasuko modalitatea bete beharko da. Modalitate bakoitzeko eskaera eredu bana aurkeztu behar da.

Elkartuta aurkezten diren toki entitateen kasuan, zein entitate aukeratzen den elkartutakoen ordezkaritza eramateko, haren ordezkari den pertsonak sinatu beharko du eskaera. Hitzarmeneko entitate bakoitzak zer konpromiso hartu dituen bere gain adierazi beharko da eskaeran.

b) Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria (IV. eranskin gisa ageri den ereduan), 3. eta 12. oinarrietako baldintza guztiak eta 13. oinarrian jasotako betebeharrak betetzen dituela ziurtatzen duena.

Entitate bakoitzak bere modalitateari dagokiona aurkeztu beharko du, eta dokumentu bakarrean aurkeztu beharko da. Modalitate bakoitzeko eskaera eredu bana aurkeztu behar da.

Berdintasuneko agentea kontratatua baldin badu, ziurtagiri horrek jaso beharko du entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatzen den pertsonak, dirulaguntzak estaltzen duen aldi osoan, parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.

4. modalitatearen kasuan, ziurtagiri horrek jaso behar du toki entitateak, une horretan edo inoiz, Zaintzaren aldeko Tokiko Ituna egin duelako adierazpena.

c) 1. eta 2. modalitateetarako, kontratazioa bi toki entitateren edo gehiagoren akordio baten bidez egiten bada, haien artean dirulaguntzak estaltzen duen aldi osorako lotu duten akordioaren kopia.

d) Hala badagokio, toki entitatearen eta berdintasuneko agentearen arteko kontratuaren kopia, 2022rako indarra izan behar duena.

e) Gardentasun betebeharren adierazpena (V. eranskina), egiaztatzen duena Gardentasunari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikulua betetzen dela, 9.3 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

f) VI. eranskina: bankuko datuak: Eranskin hori bete behar da Nafarroako Gobernuaren eskura jarritako bankuko kontua aldatzen bada, edo lehenengo aldiz eragiketak egiten badira NABIrekin.

g) 4. modalitatearen kasuan, VII. eranskina: 4. modalitatera aurkezten diren toki entitateek VII. eranskin hau aurkeztu beharko dute, bertan jasotzen baita “Kontziliazioaren aldeko Tokiko Itunak” izatetik “Zaintzaren aldeko Tokiko Itunak” izatera igarotzeko prozesuaren programan parte hartzeko eskaera.

6.2. Agiri hauek ez dira eskatuko baldintzak betetzen direla Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dutenean, edo agiriak Administrazioaren eskuetan daudenean, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Azken kasu horretan, adierazi beharko da noiz eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.

6.3. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumenak dituen administrazio organoak zehazten duenean erakunde eskatzaileak aurkeztutako justifikazioan zuzentzen ahal diren akatsak daudela, horren berri emanen dio eskatzaileari, bost egun balioduneko epean zuzendu ditzan.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ez da inola ere zuzentzen ahalko. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan (aurrerantzean laguntzen fitxa), “Tramitatu” aukeratuz.

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizietan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskaeretan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta toki entitate eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako lehentasunezko bidea.

Eskatzaileak Nafarroako Gobernuak gaituriko jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpideturik egon beharko du. Hauxe da gaituriko helbide elektronikoa eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza lortzeko helbidea: http://notificaciones.060.es. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, elektronikoki aurkezteko eskatuko zaio interesdunari. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izan dezake, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen den informazioa zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira. Eskaera bakoitzerako, aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoa egiteko, “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua” agirian jasotako zenbatekoa hartuko da kontuan, bertan bildutako jarduerak noiz gauzatzen diren gorabehera. Emakidaren zenbatekoa lortuko da “emakidaren ehunekoa (%)” aplikatuta “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua”-ren zenbatekoari.

Kontzeptuak argitzea:

– “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua”: III. eranskinean NABIri eskatutako aurrekontuaren zenbatekoa, “Guztizko aurrekontua” izenarekin, hala badagokio, proiektuan jaso eta deialdi honetan diruz lagundu ezin diren jardueren zenbatekoa kenduta.

–“Emakidaren ehunekoa (%)”: Aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoaren emaitza, deialdiaren 5. oinarrian eta II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

2022-2023 urte anitzeko deialdi honetan, emakidaren zenbatekoa honela banakatuko da:

–2022ko emakida: Aurkeztutako proiektuko jarduerak gauzatzea, 2022ko martxoaren 1etik 2023ko azaroaren 4ra bitartean.

–2023ko emakida: Aurkeztutako proiektuko jarduerak gauzatzea, 2022ko azaroaren 5etik 2023ko otsailaren 28ra bitartean.

Bi urte horietako emakiden zenbatekoak lortzeko, lehen ezarritako “emakidaren ehunekoa (%)” aplikatuko zaio “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua”-ren zenbatekoari 2022. eta 2023. urte bakoitzerako.

8.4. Proiektuari buruzko irizpideetan, guztira 60 puntu (1., 2. eta 4. modalitateak) eta 40 puntu (3. modalitatea) lortzen ez dituzten proiektuak ez dira ontzat joko eta ez dute dirulaguntzarik izanen.

8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio; bertan, entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzak banatzen dituen ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

9.2. 2022. eta 2023. urteetarako dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: elkarte eskatzaileen zerrenda, “Aurrekontua”-ren zenbatekoa III. eranskinaren arabera, “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua”-ren zenbatekoa (8.3 oinarria), proiektu bakoitzerako emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik. Era berean, proiektu bakoitzerako, emandako guztizko zenbatekoa eta justifikatu beharreko zenbatekoa adieraziko dira, “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua”-ren zenbatekoarekin bat etorriko dena.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak jendaurrean jarriko ditu, Nafarroako Gobernuaren Atarian, ematen dituen dirulaguntzak, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9.3. Toki entitate onuradunek gardentasun betebeharra izanen dute, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarririkoa, dirulaguntzak jasotzen dituztenean horien araudian jasotako baldintzetan, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura. Betebehar hori bete dela frogatzeko nahikoa izanen da 5. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea.

10. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epea.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.

11. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

11.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Deialdi honetan emandako zenbatekoak honako epe hauetan ordainduko dira:

a) Gastuaren exekuzioari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu eta hilabeteko epean, 11.2.a) puntuarekin bat etorriz, konturako ordainketa bat eginen da, eta horren gehieneko zenbatekoa 2022. urteari (2022ko martxoaren 1etik 2022eko azaroaren 4ra) dagokion emandako dirulaguntzarena izanen da.

b) 11.2.b) puntuaren arabera aurkeztutako justifikaziotik 3 hilabeteko gehieneko epean, azken ordainketa bat eginen da, eta horren gehieneko zenbatekoa 2023. urteari (2022ko azaroaren 5etik 2023ko otsailaren 28ra) dagokion emandako dirulaguntzari dagokiona izanen da.

11.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

Arestiko 11.1 puntuan ezarritako ordainketetarako, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki eta/edo laguntzen fitxaren bidez, bertan eskuragarri dauden ereduetara egokituta:

a) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari aurkeztutako proiektuaren inguruan onuradunak orain arte egindako gastua egikaritu izanari dagokion erantzukizunpeko adierazpena, VIII. eranskinaren arabera. Ondorio horietarako, egindako gastutzat ulertzen da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu ez.

b) 2023ko otsailaren 28a izanen da azken eguna: proiektuaren justifikazio osoa egiteko, dokumentazio tekniko-ekonomikoa aurkeztu beharko da, 2022ko martxoaren 1etik 2023ko otsailaren 28ra egindako gastua bilduko duena. Horretarako, aplikatzekoa izanen da 11.3 apartatuan xedatutakoa.

11.3. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak egin ondoren, entitate onuradunek “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua”-ren zenbatekoa justifikatu beharko dute (8.3 oinarria). Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 2023ko otsailaren 28a baino lehen, ondoko apartatu hauei dagozkien dokumentu bereiztuetan igorrita, eta eskura dauden eranskinen arabera eginak, halakorik badago:

–IX. eranskina: Justifikazio memoria.

–X. eranskina: Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria. Diruz lagundutako proiektuaren guztizko gastuaren justifikazioa jasoko du, eranskineko ereduaren arabera. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketaren egiaztapenerako balioa izanen du. Eskaeran aurkeztu den aurrekontua zenbatekoa zen, horixe izanen da justifikatu beharreko kopurua, dirulaguntza emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak salbuetsita, hau da, “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua” (8.3 oinarria).

Oro har, egindako gastutzat hartuko dira justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta tributuak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

Ziurtagiri horretan, dirulaguntzaren xedea betetzeko jasotako diru sarrerak, laguntzak, baliabideak eta dirulaguntzak sartuko dira, edo agertuko da ez dela horrelakorik jaso.

–XI. eranskina: Gastuen eredua, zerrenda bat jasoko duena, kalkulu orriaren formatuan, ekintzen gastu guztiak xehakatzeko, aurkeztutako fakturekin bat etorrita.

–Behar bezala jaulkitako fakturen kopia, tributuak eta antzeko balioa duten gainerako agiriak, merkataritza bidean eta bide juridikoan balioa dutenak edo administrazioaren aurrean antzeko eraginkortasuna dutenak. Faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak. Zeharkako gastuak justifikatzeko, aski izanen da zeharkako gastuaren kontabilitateko kontu-laburpena, eta dirulaguntza honi egotzi beharreko ehunekoaren justifikazioa.

–XII. eranskina: Enpresaren hautapenaren ziurtagiria. Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, toki entitateak frogatu beharko du enpresa efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

–Egindako ekintzak eta haiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak frogatzen dituzten dokumentuak. Agiri horiek frogatu beharko dute bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan parte hartzen dutela argi adierazi beharra. Horretarako, egiten den publizitatean eta hedapenean, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu beharko da. Logotipo horren ezaugarri teknikoak Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen 4/2016 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 12ko 4/2016 Foru Dekretuan arautzen dira.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa ere txertatuko da, “Lagunduta” testuarekin batera. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala, NABIren sinbolo grafikoarekin batera, Nafarroako Gobernuak Interneten duen web-orriaren Tramiteak atalean, www.navarra.eus, jarriko dira (dirulaguntzen deialdien fitxa, Nafarroako toki entitateentzat, 2022-2023 urtealdian emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzea eta sustatzea helburu duten proiektuak aurrera eramateko). Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.

Salbuespenez, zenbait jardueraren ondorioz sortzen diren objektuen kasuan, beren izaera bereziagatik zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen horiek agertzea. Hala ere, jarduketei buruzko agiri, publizitate eta zabaltzeko bitarteko guztietan, eta objektu guztietan ezarri beharko dira: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza materialak, eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko bitartekoetan, webguneetan eta jartzeko aukera ematen duten bitarteko guztietan.

–XIII. eranskina: Genero arloko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena: Laguntza teknikoa kontratatu bada, horretarako kontratatu diren aholkularitza enpresek generoan prestakuntza dutela frogatu beharko da, 4.4.1. puntuaren a apartatuan ezartzen denaren arabera.

11.4. Instrukzio-organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkezturiko justifikazioan, eskaera egin duen elkarteari edo entitateari errekerimendua eginen dio akats horiek zuzendu ditzan bost egun baliodun igaro baino lehen.

11.5. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko guztizko kostua gutxitzen bada, dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuari dagokionez, edo gastua egiaztatzeko agirien eta ordainketa-ziurtagiriaren bidez justifikatutako zenbatekoa baino txikiagoa bada (“NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua” (8.3 oinarria), Emakidaren Ebazpenean “Justifikatu beharreko zenbatekoa” gisa zehaztuko da), dirulaguntzaren murrizketa proportzionala eginen da (emakidaren ehunekoa aplikatuz NABIk justifikatu eta onartutako zenbatekoari), betiere guztiz betetzera nabarmen hurbiltzen bada, eta argi eta garbi egiaztatu bada bere konpromisoak betetzeko asmoz aritu dela onuraduna, eta proiektuaren balorazioari bere horretan eutsiko zaio.

12. oinarria. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren % 100 baino handiagoa. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpena erantsiko da, IV. eranskin gisa eskuragarri dagoen dokumentuan jasoa.

13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako betebehar hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru sarrerak edo baliabideak lortu direla. Jakinarazpenean honako informazio hau eman behar da: zenbat diru lortu den, diruz lagundutako jarduerak noiz egin diren eta zein diren beren kontzeptuak, ongi zehaztuta. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

d) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

e) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

f) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea jasotzea dirulaguntza ematen denetik aurrera idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, honako testu hau idatziz: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagunduta”.

g) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautu zituen maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoan, xedaturikoa betetzea.

14. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

14.1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritako zenbatekoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eskatzen ahal diren erantzukizunak.

–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere 4.3 oinarrian ezarritakoaren arabera, % 100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–11. oinarrian ezarritakoak zehazten du zein egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.

14.2. Aurrekoa gorabehera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru guztia itzularaztea, baldin eta toki entitateak, bere erabakiz eta bidezko arrazoirik gabe, berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatzen badu, eta ez badu beste agente bat kontratatzen hilabeteko epean. Ildo beretik, dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote entitate onuradunek Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

14.3. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

15. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta honen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikulua eta hurrengoak, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikulua.

17. oinarria. Araudi gehigarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

1 ETA 2 MODALITATEAK ESKAERAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK

BALORAZIOA 100 PUNTU

A) Proiektuaren kalitate teknikoa

60

1. Koherentzia: Helburuak, ekintzak, denborak, baliabideak, aurrekontua

45

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Helburu espezifikoak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu helburu espezifikoei lotuta

15

Ekintzak deskribatzen ditu eta herritar hartzaileekin lotzen ditu

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

10

2. Proiektuaren inpaktua, segimendua eta ebaluazioa

10

Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

3. Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) Proiektua nola egokitzen den toki entitatearen edo haren eskumeneko lurraldearen premia eta errealitate espezifikoetara.

10

C) Programaturiko jarduerak zabaldu eta jakinarazteko ekintzak

10

Elkarteak eta beste kolektibo batzuk, toki entitatetik kanpora, eta herritarrak, oro har (publiko aniztasuna)

5

Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea... (hedabide aniztasuna)

5

D) Proiektuan beste toki entitate batzuek parte hartzea, lurraldeko beste elkarte edo erakunde batzuek eta/edo toki entitateko beste arlo batzuek

10

Emakumeen elkarteak

4

Tokiko kolektiboak

4

Toki entitatearen eskumeneko beste arlo batzuk eta beste instituzio batzuk

2

E) Proiektuak dakarren berrikuntza (proiektua jardunbide egokitzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

10

3. MODALITATEA ESKAERAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK

BALORAZIOA 100 PUNTU

Toki entitateak berdintasunarekin duen konpromisoa

30

Berdintasun plana / Lan plana

15

Kontziliaziorako Tokiko Ituna

10

Berdintasunerako Kontseilua edo Batzordea

5

Proiektuari buruzko irizpideak

70

A) Proiektuaren kalitate teknikoa

40

1.–Koherentzia: Helburuak, ekintzak, denborak, baliabideak, aurrekontua

30

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Helburu espezifikoak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu helburu espezifikoei lotuta

10

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

4

Proiektuaren garapen kronologikoa

4

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

2

.

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

5

2.–Proiektuak toki entitatearen beste programa eta jarduerekin duen harremana (sinergiak beste udal arlo batzuekin, emakumeen elkarteen mugimenduekin, eta abar).

5

3.–Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta haietan parte har dezaten)

5

b) Proiektua nola egokitzen den toki entitatearen edo haren eskumeneko lurraldearen premia eta errealitate espezifikoetara.

10

C) Programaturiko jarduerak zabaldu eta jakinarazteko ekintzak

5

Elkarteak eta beste kolektibo batzuk, toki entitatetik kanpora eta herritarrak, oro har (publiko aniztasuna)

3

Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea (hedabide aniztasuna)

2

D) Proiektuaren inpaktua, jarraipena eta ebaluazioa

10

Gauzatze mailaren eta emaitzen adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

E) Proiektuak dakarren berrikuntza (proiektua praktika ontzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

5

4. MODALITATEA ESKAERAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK

BALORAZIOA 100 PUNTU

A) Proiektuaren kalitate teknikoa

60

1.–Koherentzia: Helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

45

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Helburu espezifikoak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu helburu espezifikoei lotuta

15

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

10

2.–Proiektuaren inpaktua, jarraipena eta ebaluazioa

10

Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

3.–Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) Lurraldeko beste elkarte edo erakunde batzuek edo toki entitateko beste arlo batzuek proiektuan parte hartzea

20

Emakumeen elkarteak

5

Tokiko kolektiboak

5

Toki entitatearen eskumeneko beste arlo batzuk

5

Beste instituzio batzuk (osasuna, hezkuntza eta abar)

5

C) Proiektua nola egokitzen den toki entitatearen edo haren eskumeneko lurraldearen premia eta errealitate espezifikoetara

10

D) Programaturiko jarduerak zabaldu eta jakinarazteko ekintzak

10

Elkarteak eta beste kolektibo batzuk, toki entitatetik kanpora, eta herritarrak, oro har (publiko aniztasuna)

5

Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea (hedabide aniztasuna)

5

III. eranskina.–Eskaera eredua.

IV. eranskina.–Idazkaritzaren ziurtagiria. Deialdian eskatutako baldintzen ziurtagiria 1. eta 2. modalitateak.

V. eranskina.–Gardentasun betebeharrak betetzearen adierazpena.

VI. eranskina.–Bankuko datuak. Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.

VII. eranskina.–“Kontziliaziorako tokiko itunetatik zaintzaren aldeko tokiko itunetara igarotzeko prozesua” programan parte hartzeko eskaera (4. modalitaterako bakarrik).

VIII. Eranskina.–Gastuaren egikaritzaren erantzukizunpeko adierazpena.

IX. eranskina.–Justifikazio memoria.

X. eranskina.–Idazkaritzaren ziurtagiria (justifikazioa).

XI. eranskina.–Gastuen eredua.

XII. eranskina.–Enpresaren hautapenaren ziurtagiria.

XIII. eranskina –Generoaren arloko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena.

Deskargatu III. eranskinetik XIII.era (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2204951