89. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Gutxieneko zerbitzuak udal haur-eskolen greba deialdiaren aurrean

Alkatetzaren 995/2022, 1027/2022 eta 1041/2022 ebazpenak, arautzen dituztenak oinarrizko gutxieneko zerbitzuak Eguesibarko udal haur-eskolen eremuan, eginiko greba deialdiaren aurrean, maiatzaren 2ko 7:00etatik aurrera greba mugagabea egiteko.

Lakarri, Malkaitz eta Tagorri haur-eskoletako (guztiak ere Eguesibarko udal haur-eskolak) enpresa-batzordearen ordezkaritzak greba deialdiaren berri eman du, 2022ko maiatzaren 2tik aurrera, 7:00etan hasita, eta iraupen mugagabearekin.

Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, kontuan hartu behar dira, Konstituzio alorreko jurisprudentziak behin eta berriro dioenez, proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta behar adina arrazoituta ezarriko dira.

Konstituzioaren 23. artikuluaren arabera, herritarrek eskubidea dute gai publikoetan parte hartzeko, zuzenean edo bozkatze unibertsaleko aldian aldiko hauteskundeetan libreki hautatutako ordezkarien bidez.

Bestalde, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikuluak eta hurrengoek zenbait zerbitzu publiko ezartzen dituzte, udalek eman beharrekoak; eta greba deialdiaren aurrean, Eguesibarko Udalak ematen dituen zerbitzu publikoak ezin dira erabat gelditu, herritarrei kalte konponezina eraginen litzaiekeelako.

Aurreko guztiagatik, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri beharra dago, grebarako eskubide konstituzionala errespetatuz, gai publikoetan parte hartzeko eta zerbitzu publikoak hartzeko herritarrek duten eskubidea ere bermatuta egon dadin, Espainiako Konstituzioaren 23. eta 28. artikuluek botere publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betez.

Lan harremanetarako eskumena Nafarroako Foru Komunitateari transferitu zitzaion, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.1.b) artikuluaren arabera. Lan harremanei buruzko araudia aldatzen duen martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan xedaturikoaren arabera, oinarrizkotzat jotzen diren zerbitzuak zehaztu eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko neurriak hartzeko eskumena gobernuaren agintaritzari dagokio.

Horrenbestez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikuluan xedatutakoa, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak eta aplikatzekoak diren gainerakoek emandako eskudantzien arabera, alkatetza honek hau EBAZTEN DU:

Lehenengoa.–Andacelay SL enpresa publikoaren langileek (Eguesibarko Udalak enpresa horren esku utzia du udal haur eskolen zerbitzua) greba eginen dute 2022ko maiatzaren 2an –eta hurrengo egunetan, jarraitzen badu– errespetatuz jarraian zehazten diren oinarrizko gutxieneko zerbitzuak:

1.–Haur-eskola, 0-3 urtekoendako:

Zerbitzua emateko ardura duen Andacelay SL udal-enpresak honako hauek bermatu beharko ditu:

1.1.–Lakarri Haur-Eskola: zuzendari bat, hezitzaile bat gela bakoitzeko, jangelako laguntzaile bat eta garbitzaile bat.

1.2.–Malkaitz Haur Eskola: zuzendari bat, hezitzaile bat gela bakoitzeko, jangelako laguntzaile bat, hezkuntza-premia bereziko hezitzaile bat eta garbitzaile bat.

1.3.–Tangorri Haur Eskola: zuzendari bat, hezitzaile bat gela bakoitzeko, jangelako laguntzaile bat, hezkuntza-premia bereziko hezitzaile bat eta garbitzaile bat.

Bigarrena.–Aurreko artikuluan jasotako oinarrizko zerbitzuak gutxieneko zerbitzuan dagoen erabiltzaileari arreta eman ohi dioten gutxieneko zerbitzuetako langileek emanen dituzte; behar izanez gero, Andacelay SLk Gerentziaren bidez izendatuko ditu gutxieneko zerbitzu horiek emanen dituzten langileak, sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Hirugarrena.–Lehen zenbakian aipatu gutxieneko zerbitzuak egiteko hautatzen diren langileek zerbitzua ematen ez badute edo hartan edozein aldaketa eginez gero, legearen kontrakotzat joko da ondorio guztiekin, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Dekretu Legearen 16. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta zerbitzua bete ez edo hura aldatzen dutenek erantzukizuna izanen dute.

Era berean, 0-3 urte bitarteko haur-eskolen zerbitzuak ematen dituen eta ebazpen honetan zehaztutako gutxieneko zerbitzuak betetzen ez dituen enpresak dagozkion kontratu-erantzukizunak izanen ditu.

Laugarrena.–Aurreko apartatuetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileendako aitortzen dituen eskubideei.

Bosgarrena.–Agintzea ebazpen hau argitaratzeko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan eta jakinarazteko Andacelay SL enpresa publikoari, eta haren berri ematea udalbatzaren osoko bilkurari, egiten duen hurrengo ohiko bilkuran.

Era berean, ebazpen hau grebaren deialdia egin duen enpresa-batzordeari helaraztea, ezarritako gutxieneko zerbitzuak bete ditzan.

Seigarrena.–Jakinaraztea haur-eskoletako erabiltzaileei zerbitzua erabiltzaile guztiendako ematen jarraituko dela, ezarritako oinarrizko gutxieneko zerbitzuekin.

Horren berri ematen dut, jakinaren gainean egon zaitezen eta dagozkion ondorioak izan ditzan. Halaber, jakinarazten dizut ebazpenaren aurka hiru errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela:

–Berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo judizial eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau egin eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten den egunetik hasita.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2022ko apirilaren 26an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

Iragarkiaren kodea: L2205990