89. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

38/2022 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez eraikuntzako administrazio baimena ematen baita energia elektrikoa ekoizteko “Corral del Molino II Parke Eolikoa” izeneko instalaziorako Tuteran, 5 aerosorgailurekin eta 29 MW-ko potentziarekin.

1.–Eraikuntzako administrazio baimenaren eskaera.

2021eko abuztuaren 6an, Nafarroako parke eolikoen baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikulua aplikatuz, Renovables del Cierzo SLU enpresak eraikuntzarako administrazio baimena eskatu zuen “Corral del Molino II” parke eolikoaren instalaziorako Tuteran, 5,8 MW-ko potentziako 5 aerosorgailurekin eta guztira 29 MW-ko potentzia instalatuarekin, ingurumen eraginaren adierazpenean eta lurzoru urbanizaezineko jardueren baimenean ezarritakoaren arabera kokatuta.

Horrenbestez, Corral del Molino II parke eolikoaren egikaritza proiektuak honako hauek jasotzen ditu:

–GE158 modeloko bost aerosorgailu, 158 metro diametroko errotorea, 120,9 altuerako abatza eta bakoitzak 5,8 MWko potentzia dutenak, hau da, guztira 29 MW-ko potentzia. Onartutako lekuetan kokatuko dira (CO–II-06, CO–II-07, CO–II-08, CO–II-09 eta CO–II-10), bai lurzoru urbanizaezinaren gaineko baimenaren aldetik, bai ingurumen eraginaren adierazpenaren aldetik ere, ukatu gabe, azken honen arabera, pixka bat doitu behar izan dela haien kokapena, eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen. Horrez gain, aerosorgailuei izen berria eman zaie, ondoko taula honetan ageri den moduan:

CORRAL DEL MOLINO II PARKE EOLIKOA

UTM koordenatuak ETRS89 30 N Eremua (EPSG:25830)

Aurreproiektua

Amaierako proiektua

Izena

x

y

Izena

x

y

CM–II–06

610.289

4.663.122

CM–II–01

610.234,84

4.663.187,14

CM–II–07

610.630

4.663.335

CM–II–02

610.596,60

4.663.361,84

CM–II–08

611.150

4.663.494

CM–II–03

611.235,29

4.663.384,85

CM–II–09

611.557

4.663.748

CM–II–04

611.662,86

4.663.657,08

CM–II–10

611.871

4.664.071

CM–II–05

611.814,06

4.664.083,37

–Corral del Molino II 33/66 kV azpiestazioa. Ingurumen eraginaren adierazpenak eskatzen zuen bezala, azpiestazio elektrikoa ipar alderantz lekualdatu da, aerosorgailuetatik ahalik eta hurbilen kokatuta.

CORRAL DEL MOLINO II 66/33 kV TRANSFORMAZIO AZPIESTAZIOA

UTM koordenatuak ETRS89 30 N Eremua (EPSG:25830)

ERPIN ZENBAKIA

x

y

1

610.223,72

4.663.002,62

2

610.252,43

4.662.947,55

3

610.223,08

4.662.932,25

4

610.194,37

4.662.987,32

–Lur azpiko ebakuazio linea 66kV-koa Corral del Molino II Azpiestaziotik La cantera Transformazio Azpiestaziora. Ingurumen eraginaren adierazpena betez, linea lur azpian sartu da, haren ingurumen eragina murrizteko.

2.–Ingurumenaren arloko eta lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko organo eskudunei egindako kontsultak.

Industria, Energia eta S3 Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusiak martxoaren 3an emandako 17/2022 Ebazpenaren bidez, aurretiazko administrazio baimena eman zitzaion Renovables del Cierzo SLU enpresari, energia elektrikoa ekoizteko “Corral del Molino II parke Eolikoa” izeneko instalaziorako Tuterako udalerrian, 5 haize-sorgailurekin eta 29 MW-ko guztizko potentziarekin, eta orobat haien transformazio eta ebakuazio azpiegiturak ere, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 6ko 119E/2020 Ebazpenean eta Ingurumenaren zuzendari nagusiaren abenduaren 28ko 1470E/2020 Ebazpenean ezarritako baldintzen arabera.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluko 1. apartatua betez, dokumentazioaren kopia igorri zitzaien ingurumenaren eta lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumena duten organoei, egiazta zezaten proiektuak betetzen zituela ingurumen tramitearen eta hirigintza baimenaren gaineko ebazpenak, aurretiazko administrazio baimena dela-eta emandakoak.

Hona hemen bi kontsulta horiei emandako erantzunen edukia.

–Ingurumen Eraginaren Atala.

2021eko abenduaren 13an, Ingurumen Eraginaren Atalak bere iritzia jakinarazi zuen esanez “proiektua bat datorrela abenduaren 28ko 1470E/2020 Ebazpenarekin, haren bidez formulatu baitzen Corral del Molino II parke eolikoaren ingurumen eraginaren adierazpena”.

Txostenak aurrera jarraitzen du esanez “1470E/2020 Ebazpenean, abenduaren 28koan, Ingurumeneko zuzendari nagusiak zenbait neurri komun ezarri zituen Ebazpen hartan jaso eta aldeko ingurumen baimena zuten parke eoliko guztientzat, eta neurri haien artean baziren bi neurri osagarri, estepako hegaztiak babestea helburu dutenak. Haietako bat zen lurzatien gutxieneko azalera bat laborerik gabe gordetzea, eta haren erabilera eskubidea egiaztatu behar izatea Ingurumen Eraginaren Atalaren aurrean; beste neurria, berriz, bi idoi sortzea edo konpontzea zen, hegazti horientzat egokituta, Biodibertsitate Zerbitzuak onetsitako diseinu eta kokapenen arabera. Aurkeztutako dokumentazioan ez da bi neurri horien inguruko aipamenik, eta hori zuzendu beharko da ahal den lasterren, betiere eraikuntza lanak hasi aurretik.”

Era berean, Ingurumen Zaintzarako Planari dagokionez, jakinarazten da “parkea lanean hasi ondorengo urtean, gorabeheren zaintzaz gain, ezaugarritu beharko dela hegaztiek eta kiropteroek ezarpen eremuaz egiten duten erabilera, azterlan bat eginda hegaztien eremu horretaz egiten duten erabileraren urteko ziklo osoari buruz, lanak hasi aurretik egindako azterketaren metodologia bera erabiliz, eta ondoren bien arteko konparazioa egitea. Emaitzaren arabera, planteatzen ahalko da doitu behar den edo neurri berririk hartu behar ote den, Ingurumen Eraginaren Atalaren oniritziarekin, betiere.”

Azkenik, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak emandako txostena erantsi da; hango abelbideen gaineko eragina aztertzen du, eta horri buruz bete beharreko baldintzak ezartzen ditu.

Renovables del Cierzo SLU enpresaren erantzuna:

Estepako abifauna babesteko helburua duten neurri osagarriei dagokienez, sustatzaileak dio bost parte eolikorentzat batera emandako ingurumen eraginaren adierazpena zela, eta han jasotzen ziren neurriak El Montecillo parke eolikoaren Ingurumen Zaintzarako Planean jaso zituela, eta 2021eko abenduaren 16en aurkeztu zuela Plan hori Azpiegitura Energetikoen Atalean, izan ere, parke eoliko hori dago hurbilen neurri horiek ezartzea lehentasunezkotzat jotzen den eremutik (“Ombatillo” estepako abifauna babesteko eremua). Nolanahi ere, neurri osagarri horiek Ingurumen zuzendari nagusiak abenduaren 28an emandako 1470E/2020 Ebazpenean jasotzen diren parke eoliko guztien konpentsazio neurri gisa gauzatuko dira, eta dokumentu espezifiko bat aurkeztuko da, helburu horretarako azkenean jarriko diren lurzatien zerrenda emanez, Biodibertsitate Zerbitzuak onets dezan, parke eolikoen eraikuntza lanak hasi aurretik.

Ingurumen Zaintzarako Planari buruzko informazioari dagokionez, Renovables del Cierzo SLUk hura egokitu du han jasotzeko eremu horretaz hegaztiek egiten duten erabileraren jarraipena egiteko, Corral del Molino II parke eolikoa lanean hasi aurretik egindako azterlanetan erabili zen metodologia aintzat hartuta. Beraz, sustatzaileak Ingurumen Zaintzarako Plan berria aurkeztu du, aldaketa hori eginda, eta lehen aipatutako konpentsazio neurriak erantsita.

Azkenik, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Heziketarako Atalak abelbideen gaineko eraginari buruz emandako txostenari dagokionez, sustatzailea txostenarekin ados agertzen da, eta abelbideen gaineko eraginak minimizatzeko hartan ezartzen diren baldintzak beteko dituela berresten du.

–Lurralde Antolamenduaren Atala:

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak, 2021eko azaroaren 2an emandako txostenean, jakinarazten du proiektua ez daitekeela ontzat hartu Lurralde eta Paisaiaren Zerbitzuak urriaren 6an emandako 119E/2020 Ebazpenaren ikuspegitik; hartan ematen da Corral del Molino II parke eolikoarentzat lurzoru urbanizaezinen jarduera eta erabilerei buruzko baimena, aldez aurretik emandako baimenaren kariaz.

Era berean, adierazten du emandako dokumentazio teknikoa, hasiera batean, aski denez proiektu berriaren hirigintza eta lurralde bateragarritasuna baloratzeko, hirigintza baimen espediente berri bat tramitatzen hasiko dela.

Horrenbestez, Lurraldearen eta Paisaiaren Zerbitzuaren zuzendariak otsailaren 17an emandako 51E/2022 Ebazpenaren bidez:

–Ondoriorik gabe uzten da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak urriaren 6an emandako 119E/2020 Ebazpena; Corral del Molino II parke eolikoaren ezarpena baimentzen zuen ebazpen hark.

–Baimentzen da Tuterako Corral del Molino II Parke Eolikoaren proiektua, 5 aerosorgailuz eta haien ebakuazio azpiegiturez osatua, hainbat zehaztasun tekniko betetzeko baldintza jarrita.

3.–Proiektuak ukitzen dituen eta zerbitzu publikoak, edo interes ekonomiko orokorrekoak, ematen dituzten Administrazio publiko, erakunde edo enpresekiko kontsultak.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoa betez, proiektuaren separatak igorri zitzaizkien proiektuak ukitzen dituen eta beren ardurapean ondasunak eta eskubideak dituzten eta zerbitzu publikoak edo interes ekonomiko orokorrekoak ematen dituzten erakunde, enpresa edo administrazio publikoei, ezar zitzaten bidezkoak diren baldintza teknikoak. Hortaz, kontsultak egin zitzaizkien hauei: Tuterako Udala, Nafarroako Gobernuaren Herri-lan eta Azpiegituren zuzendari nagusia, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agentziako Ministerioko Trenbideen Plangintzaren Zuzendariordetza Nagusia, Enagas Transporte, Nedgia Navarra, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, Red Eléctrica de España, Eólica Montes de Cierzo SL, Eólica Caparroso SL, Renovables de la Ribera SL eta Solen Energía Valdelafuente SLU.

Egindako kontsulten esparruan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak honako txosten hauek jaso zituen (jaso ziren hurrenkeran daude):

1. txostena.–I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, 2021eko urriaren 8koa.

2. txostena.–Enagás Transporte, 2021eko urriaren 14koa.

3. txostena.–Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioaren Plangintzako Zuzendariordetza Orokorra, 2021eko urriaren 15ekoa.

4. txostena.–Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, 2021eko urriaren 29koa.

5. txostena.–Nedgia Navarra, 2021eko urriaren 29koa.

6. txostena.–Red Eléctrica de España, 2021eko abenduaren 30ekoa.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren artikulu bera aplikatuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Renovables del Cierzo SLUri igorri zizkion ezarritako baldintza teknikoak, hamabost eguneko epean adieraz zezan ea ados zegoen, edo egokiak iruditzen zitzaizkion eragozpenak jar zitzan. Ondoren, haren erantzuna baldintza teknikoak ezarri zituen entitateari igorri zitzaion, hamabost eguneko epean esan zezan, ea ados zegoen erantzunarekin edo eragozpenik ba ote zuen.

Aurreko txostenen edukia eta analisiak eta haiei emandako erantzunak ebazpen honen eranskinean laburbiltzen dira.

4.–Eraikuntzarako administrazio baimenaren proposamena.

Aurkeztu den dokumentazioa aztertu ondoren, eta Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak proposatzen du Renovables del Cierzo SLU enpresari eraikuntzarako administrazio baimena ematea, “Corral del Molino II Parke Eolikoa” izeneko energia elektrikoaren ekoizpenerako instalaziorako.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Eraikuntzarako administrazio baimena ematea Renovables del Cierzo SLU enpresari, “Corral del Molino II Parke Eolikoa” energia elektrikoa produzitzeko instalaziorako, 5 aerosorgailuz osatua eta osoko potentzia 29 MW-koa duena, eta orobat, transformazio eta ebakuazio azpiegituretarako, Tuterako udal-mugartean.

2. Baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

3. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurralde Antolamenduaren Atalera, Baso Plangintzako eta Ingurumen Heziketako Atalera eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Renovables del Cierzo SLU enpresari, Enagás Transporte enpresari, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes enpresari, Red Eléctrica de España entitateari, Eólica Montes del Cierzo SLri, Eólica Caparroso SLri, Renovables de la Ribera SLri eta Solen Energía Valdelafuente SLUri, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, espediente zenbakia zehaztuta.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Tuterako Udalari eta Trenbide Plangintzarako Zuzendariordetza Nagusiari, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko apirilaren 20an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

ERANSKINA

Jasotako txostenak

Jasotako txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. txostena.–I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresarena.

2021ko urriaren 8an, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes enpresak txostena eman zuen baldintza teknikoak zehaztuz eta proiektatu diren lanak aurrera eramateko baimena emanez.

Erantzuna:

Sustatzaileak txostenarekiko adostasuna azaldu eta berretsi zuen han ezarritako baldintzak beteko zituela.

2. txostena.–Enagás Transporte SAU enpresarena.

2021ko urriaren 14an, Enagás Transporte SAU enpresak jakinarazi zuen proiektuak ez duela ukitzen haren gas azpiegiturarik, eta zehazten du separatan aipatutako gurutzatzea “Naturgy” enpresari dagokiola.

Erantzuna:

Jasotako informazioa aintzat hartuta, separata Nedgia Navarrari igorri zitzaion, hura izanik ukitutako enpresaren gas naturalaren banatzailea.

3. txostena.–Trenbide Plangintzaren Zuzendariordetza Nagusia (Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioa).

2021eko urriaren 15ean Trenbide Plangintzaren Zuzendariordetza Nagusiaren txostena jaso zen; hartan azaltzen zenez, proiektua Zaragoza-Castejón trenbidearen ukipen eremutik kanpo geratzen da.

Hala ere, adierazi zuen une honetan Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioa prestatzen ari dela “Abiadura Handiko Kantauri-Mediterraneo Korridorearen Azterketa Txostena. Tartea: Zaragoza Castejón”, non aztertzen ari diren hainbat trazatu alternatibo Zaragoza eta Castejón tarterako, beharbada proiektuko parke eolikoa ukituko luketenak. Horregatik, erakunde horrek eskatu du, “ahal den neurrian”, koordinatzeko parke eolikoaren eta trenbide plangintzaren jarduketak, eta azkenik onesten den egikaritza proiektua haiei bidaltzeko.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi duenez, baldintza teknikoak, ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritako ingurumen baldintzak, eta lurzoru urbanizaezineko jardueren baimenean ezarritako lurralde baldintzak direla eta, ezinezkoa da AHTren trazatuaren alternatibek ukituko lituzketen aerosorgailuei kokapen berririk ematerik, beste alde batetik, horiek, oraindik ere, azterketa eta idazketa fasean baitira.

Nafarroako parke eolikoen baimenak arautzen dituen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikulua betez, 2022ko urtarrilaren 12an, sustatzailearen erantzuna igorri zitzaion Trenbide Plangintzaren Zuzendariordetza Nagusiari, egun hartan berean jaso baitzen. Erakunde horrek sustatzailearen erantzunarekiko adostasuna edo eragozpena adierazteko zuen hamabost eguneko epea iraganik, ez da haren erantzunik jaso.

4. txostena.–Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

2021eko urriaren 29an, Nafarroako Gobernuko Herri-lan eta Azpiegituren Zuzendaritza nagusiaren Zainketa Zerbitzuak jakinarazi zuen proiektuaren arabera A-68aren azpitik egin beharreko gurutzatzea zulatze zuzenduaren bidez edo “tinkatzea” eginez egin behar zela, errepidearen luzorua ukitu gabe, aurkeztutako dokumentazio teknikoan ezarritakoa betez. Beste alde batetik, sustatzaileari gogorarazten dio ezen, lanak gauzatu aurretik, eta haietarako behar den baimen eskaerarekin batera, egin beharreko obrek A-68 errepidea ukitzen duten aldetik zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko duela Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusian, hark baimena eman dezan, hala badagokio.

Erantzuna:

Sutatzaileak txostenarekiko adostasuna azaldu du eta jakinarazi du 2021eko azaroaren 22an eskatu zuela Nafarroako Gobernuko Herri-lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak eman beharreko baimena.

5. txostena.–Nedgia Navarra.

2021eko urriaren 29an, Nedgia Navarrak txostena eman zuen adieraziz ados zegoela aurkeztutako proiektuarekin, eta bete beharreko baldintza teknikoak zehaztuz. Horrez gain, adierazi zuen uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren arabera, haren bidez onetsi baitzen gas erregaien banaketa eta erabilerarako erregelamendu teknikoa, eta haren jarraibide tekniko osagarriak -ICG 01etik 11ra-, sustatzaileak eremuko zerbitzu teknikoei jakinarazi behar die lanak hasteko data, bai eta egokiak iruditzen zaizkion azalpen guztiak ere, esate baterako, gas instalazioetatik hurbil egin beharreko lanetan kontuan hartu beharreko segurtasun neurriak.

Erantzuna:

Sustatzaileak txostenarekiko adostasuna adierazi zuen, eta berretsi zuen eremuko zerbitzu teknikoei jakinaraziko dizkiela, bai lanak hasteko eguna, bai eta eskatutako gainerako informazioa ere.

6. txostena.–Red Eléctrica de España SAU enpresarena.

2021eko abenduaren 30ean, Red Eléctrica de Españak txostena eman zuen jakinaraziz ez duela eragozpenik parkearen azpiestazioari eta ebakuazio lineari dagokienez, eta aldi berean eskatuz “informazio aski eta zehatza (plano geoerreferentziatuak)” parke eolikoaren eta haren lur azpiko interkonexio linea 30kV-koaren azterketa egin ahal izateko.

Gainera, jakinarazi zuen ebakuazioko lineak ukituko duela etorkizuneko 400kV D/C “La Serna-Magallón 2 eta 3” linea, Red Eléctrica de Españarena, eta horregatik, bi instalazioen gauzapena koordinatzeko eskatu zuen.

Azkenik, lanak egin bitartean bete beharko diren arau eta baldintza teknikoak zehaztu zituen.

Erantzuna:

Sustatzaileak txostenarekiko adostasuna azaldu zuen, jakinarazi zuen eskatutako informazioa eman ziola Red Eléctrica de Españari, eta adierazi zuen ezen, etorkizuneko linea 400kV D/C “La Serna-Magallón 2 eta 3” ukitzeari dagokionez, kontaktuan jarri dela, bi instalazioen gauzapena koordinatzeko.

Ondorengo txosten batean, sistema elektrikoaren garraiolaria jakinarazi zuen, informazio osagarria jaso eta aztertu ondoren, “ez duela eragozpenik” parke eolikoari eta haren 30 kV-ko ebakuazio lineari dagokienez, araututako aldea gordetzen dutelako Erriberri-Serna 220kV-ko linearekiko. Horrez gain, lanak egin bitartean bete beharko diren arau eta baldintza teknikoak gogorarazi zituen.

Iragarkiaren kodea: F2205693