89. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2817E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 3koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, Osasuneko zuzendari nagusiaren martxoaren 9ko 168/2022 Ebazpena aldatzen duena, zeinaren bidez Osasun Departamentuak ikerketa proiektuak sustatzeko dirulaguntzen 2022ko deialdia onetsi baitzen.

Osasuneko zuzendari nagusiak martxoaren 9an emandako 168/2022 Ebazpenaren bidez, Osasun Departamentuak ikerketa proiektuak sustatzeko dirulaguntzen 2022ko deialdia onetsi zen. Ebazpen hori 2022ko apirilaren 13ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

I. eranskineko 6. oinarriko 1. puntuan, zeinak deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzen baititu, teknikariak kontratatzeko gastuak zehazten dira, eta ezartzen da parte hartzen duten erakundeekin funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun gisako loturarik ez duten teknikariak kontratatzen ahalko direla proiektua gauzatzeko.

Lan-erreformarako, enplegu-bermerako eta lan-merkatua eraldatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege-dekretuak iraupen mugatuko lan-kontratuen modalitateak aldatu ditu; izan ere, funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun gisako loturarik gabeko teknikariak kontratatzeko aukera ematen zuten obra edo zerbitzu jakineko kontratuak ezabatu ditu.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Espainiako Sistemaren lan-kontratazioaren arloan premiazko neurriak hartzen dituen apirilaren 5eko 8/2022 Errege Lege-dekretuak artikulu berri bat sartu du Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legean: 23 bis artikulua. Artikulu horrek jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatea jasotzen du, eta adierazten du iraupen mugagabeko kontratuak direla eta xede dutela ikerketa-ildo eta zerbitzu zientifiko-teknikoekin lotutako jarduerak egitea.

Egungo araudiari jarraikiz, ikerketa-proiektuetarako ikertzaileak kontratatu nahi dituzten entitate onuradunek kontratu mugagabe bat egin behar dute, langile onuraduna erakundearekin lotuko duena lan-kontratudun gisa, eta, horrenbestez, deialdiaren oinarri arautzaileen 6. oinarriaren 1. puntuko a) letra aldatu behar da.

Era berean, eta aldaketa horrek entitate eskatzaileengan izaten ahal dituen ondorioak kontuan harturik, bidezkoa da eskabideak aurkezteko epea aldatzea, ebazpen hau argitaratu ondoren.

Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 d) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea 6.1.a) oinarria, testu hau izateko:

6.1.a) Teknikariak kontratatzeko gastuak. Proiektua gauzatzeko, langile zientifiko-teknikoak kontratatzen ahalko dira; aurreikusitako denbora osoan edo zati batean aritzen ahalko dira. Kontzeptu horren barrenean gehienez ere 49.000,00 euro finantzatuko dira proiektuko, Gizarte Segurantzako kuotak barne.

2. Ebazpen hau igortzea Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus atariaren tramiteen katalogoan argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Eskabideak aurkezteko epea, 8.1 oinarrian ezarri zena, luzatzea. Horretarako, beste epe bat irekitzen da, 20 egun naturalekoa, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 3an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

Iragarkiaren kodea: F2206241