89. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

17E/2022 EBAZPENA, apirilaren 21ekoa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako 20.000 biztanletik beherako udalerrien sareetako hornidura hobetzeko eta galerak murrizteko dirulaguntzen deialdia onesten duena. Deialdi hori Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoak (NextGeneration UE) finantzatzen du, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) esparruan, zehazki, 5. osagaiaren barnean (Itsasertza eta baliabide hidrikoak zaintzea), 1. inbertsioan (Azpiegituren arazketa, saneamendu, efizientzia, aurrezpen, berrerabilpen eta segurtasuneko jarduketak egitea), plan bat sartu da, “hornidura hobetzeko eta sareetako galerak murrizteko udalerri txiki eta ertainetan”, helburu duena Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 100 milioi euro gaitzea, 20.000 biztanletik beherako udalerrietan inbertsioak egin daitezen hornidura sistemetan, efizientzia hobetzeko, banaketa-sareetako galerak murrizteko eta bilketak, biltegiak eta edateko uren araztegien instalazioak konpondu eta hobetzeko udalerri txiki eta ertainetan; haietan, izan ere, halako jarduketen kostuak galarazten du haien titularrak egitea. Jarduketa horiei esker, ur eta energia asko aurreztuko da, eta horniduraren kalitatea hobetuko. Aipatutako proiektua 2021eko uztailaren 9an egindako Ingurumeneko Konferentzia Sektorialak onetsi zuen. Konferentzia horretan, halaber, aipatutako 5. osagaiko kredituak lurraldeka banatzeko irizpideak onetsi ziren. Nafarroari aurreikusitako guztizkoaren %3,15 dagokio, eta 3.153.155 euroko zenbatekoa.

Plan hori Nafarroan aplikatzeko, dirulaguntzen deialdi bat egin da, helburua izanik behar diren inbertsioak bizkortzea Nafarroako Foru Komunitateko 20.000 biztanletik beherako udalerrien sareetako hornidura hobetzeko eta galerak murrizteko. Bereziki, hornidura sistema hobetzeko eta berritzeko jarduketak finantzatuko dira (bilketak, adukzioa eta garraioa, biltegiak, edateko uren araztegiak eta banaketa-sareak), bai eta udalerri txiki eta ertainei zerbitzua ematen dieten hornidura-sareetako galerak murriztera bideratutakoak ere.

Nahitaezkoa da planaren mugarriak betetzea (gauzatze partzial eta osorako ezarritako epea). Hori egiaztatu beharko da, eta hiru neurketa-adierazleren bidez kuantifikatuko da bilatzen den helburua lortu den: eraikitako jarduketen kopurua, biztanleria onuraduna eta sareko galeren ehunekoaren murrizketa. Nafarroako Foru Komunitatean, helburua da 6.306 biztanle izatea onuradun gutxienez.

SEEP planean eta otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa betez, laguntza hauen esparruan egiten diren inbertsio-proiektu guztiek errespetatu behar dituzte ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa (DNSH printzipioa, ingelesezko siglengatik: «Do No Significant Harm»), bai eta etiketatze klimatikoaren eta digitalaren baldintzak ere. Zehazki, dirulaguntzen planaren neurriak ura aurreztea eta energia-eraginkortasuna sustatzen ditu, eta berotegi-efektuko gasen balizko isuriak murrizten. Gainera, klima-aldaketara egokitzeko irtenbideak ematen ditu, urak behar bezala kudeatuz; horrela, izan ere, klimaren ondorio kaltegarriak murrizten ditu, eta uraren erabilera jasangarria sustatzen du, eskuragarri dauden baliabide hidrikoak epe luzera babestuz.

Jarduketa-ildo horiek Ekonomiaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik datozen funtsekin kofinantzatzen direnez, aplikatzekoak izanen dira abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuan ezarritako neurriak. Errege lege-dekretu horren bidez onetsi ziren Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak. Halaber, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua aplikatuko da (Erregelamendu horren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa), bai eta aplika daitezkeen gainerako xedapenak ere.

Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoak finantzatutako proiektuak kudeatu eta kontrolatzeko arauei jarraituz (Nafarroako Gobernuaren 2022ko otsailaren 16ko Erabakiaren bidez onetsi ziren arau horiek, baita Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren martxoaren 25eko 11E/2022 Ebazpenaren bidez ere), kudeaketa-plan bat onetsi da, eta bertan jaso dira proiekturako esleitutako helburuak lortzeko jardueren kudeaketa-esparrua definitzen duten elementu guztiak. Ekonomia- eta aurrekontu-planak finantza-iturrien aldeko txostena du, 2022ko martxoaren 21ekoa, Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzuarena.

Nafarroako Gobernuak, 2022ko martxoaren 23an egindako bileran, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari baimena eman dio 2022-2025 urteetarako urte anitzeko gastua duten dirulaguntzen deialdia onesteko, 20.000 biztanle baino gutxiago dituzten Nafarroako udalerrietako sareetan hornidura hobetzeko eta galerak murrizteko, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoaren bidez finantzatuta (NextGeneration UE), Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Bat etorriz Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 8 n) artikuluan xedatutakoari helduz.

EBAZTEN DUT:

1.–Dirulaguntzen deialdia onestea Nafarroako 20.000 biztanletik beherako udalerrietako sareetan hornidura hobetzeko eta galerak murrizteko, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoaren bidez finantzatuta (NextGeneration UE), Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

2.–Deialdi hau arautuko duten oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean jasota daudenak.

3.–3.153.155,00 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko betebeharrei aurre egiteko, honela banatuta:

–945.947,00 euro, partida honen kargura: 2022ko Gastuen Aurrekontuko 210001-21300-7609-456109 “SEM udalerri txiki eta ertainetarako hornidura-deialdia”.

–2.207.206,00 euro, 2023ko aurrekontuan dagokion partidaren kargura.

–1,00 euro, 2024ko aurrekontuan dagokion partidaren kargura.

–1,00 euro, 2025eko aurrekontuan dagokion partidaren kargura.

Baimendutako gastuaren hasierako banaketa alda daiteke, noraino gauzatzen diren benetan emandako eskaeren inbertsioak, beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak eginda.

4.–Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.–Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean sartzea.

6.–Ebazpen hau Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari igortzea.

7.–Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, haren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2022ko apirilaren 21ean.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.

OINARRI ARAUTZAILEAK, NAFARROAKO 20.000 BIZTANLETIK BEHERAKO UDALERRIETAKO SAREETAN HORNIDURA HOBETZEKO ETA GALERAK MURRIZTEKO DIRULAGUNTZA DEIALDIARENAK. DEIALDIA SUSPERTZE ETA ERRESILIENTZIARAKO MEKANISMOAREN BIDEZ FINANTZATZEN DA (NEXTGENERATION UE), SUSPERTZE, ERALDATZE ETA ERRESILIENTZIA PLANAREN ESPARRUAN.

1. oinarria.–Xedea.

1. Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea dirulaguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitateko 20.000 biztanletik beherako udalerrietako sareetan hornidura hobetzeko eta galerak murrizteko beharrezkoak diren inbertsioen arloan.

2. Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzak Next Generation EU Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barnean sartzen dira. Plan hori finantzaketa-tresna bat da, bideratuta dagoena bertan adierazitako emaitza, mugarri eta helburuetara, zeinak lotesleak izanen baitira Nafarroako Foru Komunitatearentzat, planean parte hartzen duen administrazio publikoa den aldetik.

3. Laguntza horiek plan horretan jasotako helburuak lortzea osatzen dute (zehazki, CID 76 helburua) eta 5. osagaia (Itsasertza eta baliabide hidrikoak babestea) betetzen lagunduko dute. Osagai horren 1. inbertsioan (Azpiegituren arazketa, saneamendu, efizientzia, aurrezpen, berrerabilpen eta segurtasun jarduketak egitea), Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Uraren Zuzendaritza Nagusiak plan bat sartu du udalerri txiki eta ertainen hornidura hobetzeko eta galerak murrizteko.

4. Egiaztatu beharko da tarteko mugarriak (gauzatze partziala) eta amaierakoa (gauzatze osoa) betetzen direla eta aurreikusitako helburuak lortu direla, adierazle hauen bidez: eraikitako jarduketen kopurua, onuradunak eta benetako galeren murrizketaren ehunekoa. Nafarroako Foru Komunitatean, helburua da 6.306 biztanle izatea onuradun gutxienez.

2. oinarria.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak arautuko dira kontuan izanda zer dagoen ezarrita bertan eta haren oinarri arautzaileetan, bai eta Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoari aplika dakiokeen Europako eta Estatuko arau hauetan ere:

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen duena.

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020/852 (EB) Erregelamendua, 2020ko ekainaren 18koa, inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen duena; izan ere, SEEP planaren barruan egiten diren jarduketa guztiek bete behar dute ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa, aipatutako erregelamenduaren 17. artikuluan jasota dagoena.

–Kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa aplikatzeko gida teknikoa, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren arabera (2021/C 58/01) (Europako Batzordearen Gida Teknikoa).

–36/2020 Errege Lege Dekretua, abenduaren 30ekoa, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betetzeko premiazko neurriak onesten dituena.

–HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eratzen duena.

–HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, prozedura eta formatua ezartzen dituena Estatuko, autonomia erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko erakundeek eman beharreko informazioa emateko, ikusteko betetzen diren mugarriak eta helburuak, bai eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien neurrien aurrekontua eta kontabilitatea ere.

2. Aplikatzen ahal da iruzurra eta ustelkeria prebenitzeari eta zuzentzeari, interes-gatazkak prebenitzeari eta finantzaketa bikoitzari buruzko araudia, bat etorriz honetan aurreikusitakoarekin: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamendua, Europar Batasunaren aurrekontu orokorrari aplikatzekoak diren finantza-arauei buruzkoa.

3. Halaber, honako hauek aplikatuko dira:

–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

–4/2021 Foru Lege Dekretua, apirilaren 14koa, zeinaren bidez premiazko neurriak onesten baitira Suspertzerako Europako Bitartekoaren funtsen bidez finantzatzen ahal diren jarduketak kudeatzeko eta gauzatzeko.

4. Emandako dirulaguntzek bete beharko dituzte Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. eta 75. kontuan hartuzkoetan eta 56. artikuluan ezarritako baldintzak. Erregelamendu horren bidez barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dira laguntza-kategoria jakin batzuk, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat.

3. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen gehieneko zenbatekoa 3.153.155 eurokoa da, eta honako partida hauen kontura finantzatuko da: Nafarroako Gobernuaren 2022ko gastu-aurrekontuko 210001 21300 7609 456109, “SEM udalerri txiki eta ertainetarako hornidura deialdia”, eta horretarako 2023., 2024. eta 2025. urteetako gastu-aurrekontuetarako gaituko diren partida berak edo baliokideak, aurrekontuan duten esleipenaren gehieneko mugaraino, eta honela banatuko da denboran:

URTEA

ZENBATEKOA

2022

945.947,00

2023

2.207.206,00

2024

1,00

2025

1,00

GUZTIRA

3.153.155,00

Aurrekontu-kredituen banaketa hori estimazio bat da, eta inbertsioak segun zenbateraino gauzatu diren benetan alda daiteke.

Zenbatekoa handitzen ahalko da, kreditua sartuz, beste deialdi bat egin beharrik gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazitakoarekin bat. Aurrekontu-zuzkidura handitzearen gehieneko zenbatekoa izanen da Nafarroari dagokion esleipenari egin dakiokeen igoera autonomia-erkidegoen arteko banaketa ekonomikoa egitean, bat etorriz udal txiki eta ertainetako sareetako hornidura hobetzeko eta galerak murrizteko Estatuko Planak aurreikusten duenarekin. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Udalerriak izaten ahalko dira entitate onuradun, edo hornidura zerbitzuak emateko eskumena bere gain hartu duten beste toki-erakunde batzuk, baldin eta 20.000 biztanletik beherako udalerriei zerbitzua emateko hornidura-sistemei eragiten dieten jarduketak planteatzen badituzte.

2. Ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden eskatzaileak, ezta dirulaguntzak jasotzea debekatuta dutenak ere aplikatzekoak diren gainerako arauak ez betetzeagatik.

3. Ezin dira laguntza hauen onuradun izan sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileak.

4. Era berean, honen berri ematen zaie erakunde eskatzaileei:

–Dirulaguntzaren erregistroa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, 130/2019 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

–Foru Komunitateko Administrazioak eta SEMaren Erregelamenduaren 22. artikuluan jasotako organo guztiek aukera izatea Benetako Titulartasunen Erregistroan (JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortua) jasotako informazioa eskuratzeko, edo benetako titularrei buruzko datu horiek eman ditzaketen Administrazioaren beste datu-base batzuetan sartzeko.

–Informazioa trukatzea sistema horien eta Europako Funtsen Sistemaren artean, aplikatu beharreko Europako eta estatuko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

5 oinarria.–Inbertsio finantzagarriak.

Oinarri hauen xede diren jarduketak planean aurreikusitako helburuak lortzera bideratu beharko dira berariaz, eta finantzaketaren xede izanen da udal-hornidurako sistema berritzea eta hobetzea, ur-galerak murrizteko, kontsumoa aurrezteko eta/edo horniduraren bermea handitzeko, hori guztia 20.000 biztanletik beherako udalerriei zerbitzua ematen dieten tokiko hornidura-sistemei aplikatuta.

Inbertsio finantzagarriak:

a) Uraren goi-hornidurarako inbertsioak, barne daudela ur-bilketak hobetzea, garraio-sareak, biltegiak eta edateko uren araztegiak berritzea.

b) Edateko ura banatzeko sareak berritzea, biltegitik hiriguneraino.

c) Hirigunean, beheko sareak berritzea, hornidurakoak soilik, zanga berriz jartzea barne, baina ez zoladura.

Inbertsioak izanen dira, soil-soilik, 20.000 biztanletik beherako udalerrientzako tokiko hornidura-sistemetakoak, eta planean aurreikusitako helburuak lortzera bideratu beharko dira berariaz: hornidura-sistemak hobetzea, berritzea eta galerak murriztea, ur-kontsumoa aurreztea eta/edo horniduraren bermea handitzea. Horretarako, 2022ko urtarrilaren 1eko biztanleria ofizialaren zifra ofiziala hartuko da kontuan.

Ezin izanen dira finantzatu 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako jarduketak eta Estatuaren interes orokorrekotzat jotakoak, salbu eta Estatuko Administrazio Orokorrarekin adostutako protokolo edo hitzarmen bidez, autonomia-erkidegoek edo toki-erakundeek bere gain hartu badute interes orokorreko jarduketak gauzatzea; kasu horretan, jarduketa horiek dirulaguntza honen kargura finantzatzen ahalko dira.

6. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz laguntzen ahalko dira ur-hornidurako goi-sistemak hobetzeko eta berritzeko obrak (ur-bilketa, adukzioa eta garraioa, biltegiak, edateko uren araztegiak eta banaketa-sareak) eta ura biltegitik hiriguneraino eramatea eta hirigunearen barnean behe sareak egitea xede duten gastuak, zanga berriz jartzea barne, baina zoladura ez, 20.000 biztanletik beherako udalerrietako hornidura-sistema batean, helburua baldin bada hornidura-sistema horietako galerak murriztea, kontsumoa aurreztea eta/edo horniduraren bermea handitzea.

Honako hau sartzen da gastuetan: hodien trazadura, obra zibila, fabrikako obrak, datuak neurtu eta transmititzeko gailuak, pieza bereziak eta instalazioaren funtzionaltasuna bermatzen duten gainerako elementuak.

Oinarri hauetan aurreikusitako ondorioetarako, %100 arte azpikontratatu daiteke, alegia, beste batzuekin hitzar daiteke dirulaguntzaren xede den inbertsioa gauzatzea, hein batean edo guztiz. Azpikontratazio hori 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.

2. Obretarako laguntzetan sartzen ahalko dira proiektua idazteko eta obra zuzentzeko ordainsarien gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduketarekin zuzenean lotuta badaude, hura behar bezala prestatzeko edo gauzatzeko ezinbestekoak badira eta proportzionalak badira, betiere finantza daitekeen obraren gaineko ehuneko batera mugatuta, koadro honen arabera:

KONTRATA BIDEZKO EXEKUZIOAREN AURREKONTUA, BEZa KANPO

FINANTZAKETAREN %

500.000 eurokoa edo txikiagoa

%8

500.000 eurotik gorakoa eta 1.000.000 eurokoa edo txikiagoa

%7

1.000.000 euro baino handiago.

%6

3. Halaber, behar diren gastuak sar daitezke, jarduketaren onuradun diren toki-erakundeez bestelako pertsona fisiko edo juridikoen titulartasuneko ondasun eta eskubideak ukitzeagatik ordainketak egiteko, bai eta legez eskatzen diren argitalpen gastuak ere, horien barne dela obrek ukitutako lurren kudeaketarako laguntza teknikoaren gastua.

4. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez (SEEP) egindako inbertsioaren finantzaketaren berri emanen duen kartela.

5. Ezin izanen dira finantzatu:

a) Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZ) ondoriozko gastuak.

b) Ustiapen- eta mantentze-gastuak.

c) Administrazioak eta/edo baliabide propioekin gauzatu beharreko obrak.

d) Beheko sareen kasuan, zoladura eta horniduraz bestelako sareak.

7. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Gehienez 500.000 euro esleitzen ahalko zaizkio dirulaguntzen eskaera bakoitzari uraren goi-hornidurarako inbertsioak egiteko, bai eta edateko ura banatzeko sareak berritzekoak (biltegitik hiriguneraino) eta beheko sareetarakoak ere.

Finantzaketa, gehienez, egin beharreko inbertsioaren kostuaren %80 izanen da, BEZa kanpo, eta, beraz, entitate onuradunak kofinantzatu beharko du.

8. oinarria.–Instrukzio-organoa.

1. Toki Azpiegituren Zerbitzuko zuzendariari dagokio prozeduraren instrukzioa egitea, eta hark berrikusiko ditu jasotako eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa. Gainera, neurriak hartuko ditu iruzurra eta ustelkeria prebenitu, detektatu, jakinarazi eta zuzentzeko, eta interes-gatazkari eta finantzaketa bikoitzari aurrea hartzeko.

2. Espedienteari erantsiko zaio hura prestatzeko eta tramitatzeko prozesuan parte hartzen duten pertsonen interes-gatazkarik eza aitortzen duen adierazpena, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren IV. eranskineko A ereduaren arabera (SEEP kudeatzeko sistema konfiguratzen du agindu horrek).

9. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Eskaerak ofizioz ebaluatuko dira arau hauetan ezarritako balorazio irizpideen, moduen eta lehentasunen arabera. Hurrengo apartatuan adierazitako balorazio-irizpideak aplikatuta lortutako puntuen arabera ezarriko da lehentasun-ordena.

10. oinarria.–Eskaera eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Toki-erakunde bakoitzeko eskaera bat baino ez da onartuko, biztanlegune bererako baldin bada.

2. Eskaerak aurkezteko epea 25 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Eskaera-inprimakia (I. eranskina).

b) Toki-erakundeko Idazkaritzako titularraren ziurtagiria, II. eranskineko ereduaren araberakoa.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, alkateak edo erakundeko buruak sinatua, III. eranskineko ereduaren araberakoa.

d) Diruz laguntzea nahi den jarduketaren memoria tekniko baloratua edo proiektua, deskribapen zehatza eta jarduketaren irismena dakartzana, bai eta administrazioari horren berri emateko aurrekontua ere, barnean hartuta proiektua idazteko eta obra zuzentzeko ordainsariak eta kalte-ordainen gastuak, jarduketaren onuradun diren toki-erakundeez bestelako pertsona fisiko edo juridikoen titulartasuneko ondasun eta eskubideak ukitzeagatik, hala badagokio.

e) Aurreikusitako jarduketek ur-galerak murrizteko egindako ekarpenaren memoria eta ukitutako biztanleria. Galerak kontrolatzeko gaur egungo sistemaren deskribapena, gaur egungo galerak adierazita. Daturen bat zenbatetsiz gero, bat etorri beharko du Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Gidariko datuekin eta plan horretako urteko jarraipen-memoriekin. Jarduketak galeren murrizketan duen eraginaren deskribapena eta bolumenaren, kontsumoaren aurrezpenaren eta/edo horniduraren bermea handitzearen estimazioa. Gehienez 5 orrialde.

f) Ingurumen arloko tramitazioa onesten duen dokumentua, beharrezkoa bada eta eginda badago.

g) Lurrak erabat erabilgarri daudela egiaztatzen duten agiriak, beharrezkoak badira eta eskuragarri badaude.

h) Konpromisoaren erantzukizunpeko adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Planeko (SEEP) jarduketak gauzatzeari buruzkoa (IV. eranskinean ezarritako ereduaren arabera), erakundeko alkate edo buruak sinatua.

i) Datuak laga eta tratatzeko adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Planeko (SEEP) jarduketak gauzatzeari dagokionez (V. eranskinean ezarritako ereduaren arabera)

j) Berariazko sarbide baimena ematea Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Planeko agintariei (VI. eranskinean ezarritako ereduaren arabera)

k) Baldin eta toki erakundeak une honetan jarduketaren proiektua aurkezten badu, erantzukizunpeko adierazpena, alkateak edo erakundeko buruak sinatua, zehazten duena proiektu horrek ingurumen arloko helburuei kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa betetzen duela, VII. eranskinean ezarritako ereduaren arabera.

4. Eskaerak oinarri arautzaile hauetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, hamar (10) egun balioduneko epe luzaezinean, errekerimendua jaso eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, zeina jakinaraziko baitzaio.

5. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Eskaera aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko erakunde eskatzaileari, harik eta dirulaguntza ematearen aldeko ebazpena eman arte, kontuan hartuta Foru Komunitateak 1. oinarrian aurreikusitako mugarriak eta helburuak bete behar dituela.

6. Aurretik aipatutako ereduaren arabera eskaera betez lortutako datu pertsonalak eta erantsitako gainerako dokumentuak bildu eta tratatzeak helburu izanen du onartutako dirulaguntzen eskaera, emakida eta ordainketaren prozesua kudeatzea. Aipatu datuen tratamendua honako arau hauen arabera erregulatuko da: 679/2016 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko erregelamendu orokorra) indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa. Datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, kentzeko, tratamendua murrizteko, eramateko eta haien aurka egiteko eskubideak erabiltzen ahalko dira helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/datuen-babesa. Eskubidea izanen da, orobat, erreklamazioa aurkezteko, kontrol agintaritzaren aurrean.

11. oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Eskaerak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

a) Planaren helburua betetzen dela ziurtatzeko irizpidea.

b) Berrikuntza teknologikoaren irizpidea udal-hornidurako sistemetan.

c) Jarduketen heltze-mailaren irizpidea.

d) Erronka demografikoaren helburuetan laguntzearen irizpidea.

2. Irizpideak ebaluatzeko, irizpide bakoitzari puntuazio bat emanen zaio, irizpideen ebaluazioaren 3. apartatuan adierazten diren baremazio-arauen arabera. Gehienez ere 45 puntu lortzen ahalko dira.

3. Irizpideen haztapena:

a) Planaren helburua betetzen dela ziurtatzeko irizpidea. 20 puntu gehienez.

Irizpide horren arabera, planteatutako proposamenaren egokitasun teknikoa baloratuko da eta, zehazki, honako alderdi hauek:

1) Jarduketaren beharraren eta premiaren justifikazioa: ur-galerak, 0,1 puntu ur-galeraren portzentajezko puntu bakoitzeko, gehienez 6 puntu.

Ur-galerak zenbatesteko, entitate eskatzaileak eman beharreko datu hauek jasoko dira eskaeran, eskatutako jarduketa egin aurretik (datu horiek jarduketa eskatzen den biztanleguneari edo biztanleguneei buruzkoak izanen dira, eta horietatik ur-galeren ehunekoa kenduko da):

–Neurketaren erreferentzia-aldia (hilabeteak).

–Banaketa-sarean bildutako edo injektatutako ur-bolumena (m³).

–Aldi berean kontagailuetan erregistratutako ur-bolumena (m³).

Datu horiek koherenteak izan beharko dute Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Gidariaren datuekin eta urteko azken jarraipen-memoriarekin.

2) Hobetzeko eta/edo berritzeko jarduketak berekin ekartzea sisteman galerak nabarmen murriztea, baremo honen arabera:

Galerak %25 edo gehiago murrizten badira: 10 puntu.

Galerak %20 edo gehiago eta %25 baino gutxiago murrizten badira: 7,5 puntu.

Galerak %15 edo gehiago eta %20 baino gutxiago murrizten badira: 5 puntu.

Galerak %10 edo gehiago eta %15 baino gutxiago murrizten badira: 2,5 puntu.

Galeren murrizketa ezin bada jakin edo galerak %10 baino gutxiago murrizten badira: 0 puntu.

3) Hobetzeko eta/edo berritzeko jarduketak sistemaren bermea handitzea, baremo honen arabera:

Bermea %10 edo gehiago handitzen bada: 4 puntu.

Bermearen igoera ezin bada jakin edo igoera %10 baino txikiagoa bada: 0 puntu.

a) irizpide hau baloratzeko, ur-galeren justifikazio egokia aurkeztu beharko da, baita jarduketak ekarriko duen hobekuntzarena ere, sisteman ur-galerak murrizteari eta/edo sistemaren bermea handitzeari dagokienez, lortutako ehunekoak adierazita.

b) Berrikuntza teknologikoaren irizpidea udal-hornidurako sistemetan. 5 puntu gehienez.

Irizpide horren arabera baloratuko dira irtenbide berritzaileak dituzten jarduketak, bai dimentsio berdeari eta energia-eraginkortasunari dagokienez, bai udalerri txiki eta ertainetan kudeatzeko eta ustiatzeko teknologia berriak aplikatzeari dagokionez, honela:

1) Hobetzeko eta/edo berritzeko jarduketak energiaren batez besteko kontsumoa murriztea, baremo honen arabera:

Energiaren batez besteko kontsumoa gutxienez %10 murrizten bada: 5 puntu.

Energiaren batez besteko kontsumoa %10 baino gutxiago murrizten bada edo portzentaje hori ezin bada jakin: 0 puntu.

b) irizpide hau baloratzeko, azaldutako alderdien justifikazio egokia aurkeztu beharko da. Bestela, ez da puntuaziorik lortuko apartatu honetan.

c) Jarduketen heltze-mailaren irizpidea. 10 puntu gehienez.

Irizpide horren arabera baloratuko dira dagoeneko idatzitako proiektuak dituzten jarduketak edo proiekturik behar ez duten kontratu txikietarako aurrekontua dutenak, betiere lurrak eta beharrezko baimenak erabat eskuragarri dituztela egiaztatzen bada.

Proiektu teknikoa idatzita badago, ingurumen-tramitazioa onetsita badu eta lurrak erabat eskuragarri baditu (hala badagokio): 10 puntu.

Proiektua idatzita badago, baina ingurumen-tramitazioa onetsi gabe eta/edo lurrak eskuragarri eduki gabe: 5 puntu.

Proiektu teknikoa idatzi gabe badago: 0 puntu.

d) Erronka demografikoaren helburuetan laguntzearen irizpidea. 10 puntu gehienez.

Geografikoki isolatuta dauden edo zailtasunak dituzten eremuetan kokatutako jarduketei emanen zaie lehentasuna, haietan inbertsio publikoa elementu lagungarria izan baitaiteke garapen harmonikoa artikulatzeko eta horien ekonomia bultzatzeko; izan ere, berdintasuna sustatzen eta gizarte-bazterketaren aurrean ahulenak diren lurraldeak konpentsatzen laguntzen du, bai eta lehiakortasuna hobetzen eta jarduera ekonomiko berrien garapena errazten ere, biztanleria landa-ingurunean finka dadin. 2022ko urtarrilaren 1ean indarrean zeuden biztanleria-datuak erabiliko dira.

Biztanleria-dentsitatea 8 bizt./km² edo txikiagoa bada: 10 puntu.

Biztanleria-dentsitatea 12,5 bizt./km² edo txikiagoa eta 8 bizt./km² baino handiagoa bada: 6 puntu.

Biztanleria-dentsitatea 25 bizt./km² edo txikiagoa eta 12,5 bizt./km² baino handiagoa bada: 4 puntu.

Biztanleria-dentsitatea 35 bizt./km² edo txikiagoa eta 25 bizt./km² baino handiagoa bada: 2 puntu.

Aurreko taldeetan sartuta ez dauden gainerako udalerriak badira: 0 puntu.

Biztanleriaren dentsitatea kalkulatzeko, hornidura hobetzeko jarduketen onuradun diren udalerrien datuak hartuko dira kontuan. Udalerri bat baino gehiago badira onuradun, udalerri guztien populazioak eta azalerak batuz eginen da kalkulua. Kontzejuen kasuan, kontzejua dagoen udalerriaren datuak hartuko dira.

4. Balorazioa egiteko, instrukzio-organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntzaren eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

12. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Eskaerak puntuazio-ordenaren arabera ordenatuko dira, 11. oinarriko balorazio-irizpideen arabera. Balorazio irizpide guztiak aplikatuta berdinketa gertatuko balitz bi eskaera edo gehiagoren artean, aurreko oinarriko a)1 apartatuan lortutako puntuazioaren arabera antolatuko litzateke hurrenkera; berdinketak jarraituz gero, a)2 apartatuaren arabera, eta, berdinketa hausten ez bada, a)3, c), b) eta d) apartatuen arabera, hurrenez hurren.

2. Ebaluazioa ikusirik, instrukzio-organoak ebazpen proposamena eginen du, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko du entitate onuradunek laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

3. Funtsak hurrenkera horren arabera banatuko dira, aurrekontuko dirua agortzen den arte. Erabilgarri dauden funtsak eskaera bati legokiokeen dirulaguntza guztia estaltzeko adinakoak ez badira, partidan gelditzen den diru kopurua esleituko zaio, partida agortu arte.

4. Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren titularra izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena eman eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta argitalpen horrek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan eskatutako jakinarazpenaren ondorioak izanen ditu.

Prozedura ebazteko gehieneko epea bi hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik aurrera.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariri zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

5. Era berean, ebazpenari zerrenda bat erantsiko zaio, ordenatuta zehaztuko dituena, onuradun izateko eskatutako baldintza administratiboak eta teknikoak bete arren, deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik onartu ez diren eskaera guztiak, ezarritako balorazio-irizpideen arabera bakoitzari eman zaion puntuazioa adierazita. Kasu horretan, edozein arrazoirengatik kreditu nahikoa askatzen bada, instrukzio-organoak proposatzen ahal du dirulaguntza ematea dagokien eskatzaileei, puntuazioaren arabera, eta aukera hori erakunde interesdunei jakinaraziko die, hamar eguneko epe luzaezinean dirulaguntzaren proposamena onar dezaten. Entitate eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, administrazio-organoak dirulaguntza emateko egintza emanen du, eta jakinarazi eginen du.

13. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epea.

Finantzatuko diren proiektuak 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi beharko dira, eta gauzatzeko epea 2025eko martxoaren 31n amaituko da, beranduenez (erabilera publikora entregatzeko harrera-aktaren eguna).

Tarteko mugarri gisa, nahitaezkoa da proiektuek 2023ko abenduaren 31n gauzatuta edukitzea aurreikusitako inbertsioaren %50 baino gehiago.

14. oinarria.–Gastuen justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

Onuradunek jarraian adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute, telematikoki, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz:

1. Justifikazio partziala:

Tarteko mugarria egiaztatzeko, nahitaezkoa da jarduketak 2023ko abenduaren 31n gauzatuta edukitzea aurreikusitako inbertsioaren %50 baino gehiago.

Mugarri hori egiaztatzeko, entitate onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2024ko martxoaren 31 baino lehenago:

a) Organo eskudunak onetsitako exekuzio-proiektua, hautagaitzan aurkeztuta ez badago. Kasu horretan, proiektu horrekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, alkateak edo erakundeko buruak sinatua, adierazten duena proiektuak betetzen duela ingurumen-helburuetakoren bati kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa, VI. eranskinean ezarritako ereduaren arabera.

b) Honako hauek jasotzen dituen ziurtagiria:

–Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratutako obren esleipen-datuen kopia bat eta URL helbidea.

–Esleipen-ziurtagiria, proiektu teknikoa idaztekoa eta zuzendaritza fakultatiboarena.

–Ezarritako exekuzio epea.

–Lanen esleipen-hartzailearen izena edo sozietate izena eta identifikazio fiskala.

–Gauzatutako ekintzek Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa betetzen dutela.

–Kontratistaren hautaketa efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz egin dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitako moduan.

c) Zuinketa eta obraren hasierako akta.

d) Deskripzio-memoria, orain arte egindako ekintza guztiena, honako hauek adierazita: egindako gastua, lortutako emaitzak (hasieran aurreikusitako mugarrien eta helburuen arabera) eta betetze-maila egiaztatzeko bitartekoak.

e) Jatorriko obra ziurtapena, eta, harekin batera, esleipenerako baldintzekin bat datozen neurketa zehaztuak, gutxienez jabetzak eta obra zuzendaritzak izenpetuak, dagozkien fakturen kopiak eta enpresa kontratistei egindako ordainketen ziurtagiriak.

f) Prezio kontrajarrien aktak, bidezkoak direnean.

Justifikazio partzialaren ordainketa frogatutako zenbatekoari dagokiona izanen da. Kasuan kasuko ordainketak eginen dira Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu eskudunak txosten teknikoa eman ondoren, behin lana ikuskatu eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuta.

Hala ere, egindako gastua justifikatzeko dokumentazio osagarria eskatzen ahalko da, bai eta Suspertze Planaren kudeaketa- eta jarraipen-sistema betetzeko ere, sistema hori elikatzeko beharrezkoa denaren berri emanez; horrez gain, Estatuko edo Europako araudiak finantzaketaren eta helburuen kudeaketarako, jarraipenerako eta kontrolerako aurreikusten dituen aplikazio informatikoak edo datu-baseak ere eskatzen ahalko dira.

2. Azken justifikazioa:

Proiektua amaitu ondoren, eta jasotzen denetik hiru hilabeteko epean, betiere 13. oinarrian adierazitako gauzatze-epea amaitu aurretik, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Harrera-akta, frogatzen duena obra xede duen erabilera publikorako entregatu daitekeela, 2025eko martxoaren 31 baino lehen, eta jabeak eta obra-zuzendaritzak sinatuta, gutxienez.

b) Obra bukaerako memoria, frogatzen duena dirulaguntzaren baldintzak eta helburua bete direla, amaierako egoeraren planoekin, materialen saiakuntzen emaitzekin eta instalazioen probekin. Orain arte egindako ekintza guztiak xehetasunez deskribatuko dira, eta egindako gastua, lortutako emaitzak (hasieran aurreikusitako mugarrien eta helburuen arabera) eta betetze-maila egiaztatzeko bitartekoak adieraziko dira.

c) Obra bukaerako jatorriko ziurtapena eta, harekin batera, esleipenerako baldintzekin bat datozen neurketa zehaztuak, gutxienez jabeak eta obra zuzendaritzak izenpetuak, dagozkien fakturen kopiak eta enpresa kontratistei egindako ordainketen ziurtagiriak.

d) Laguntza teknikoaren lansarien fakturen kopiak, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideengatik emandako kalte-ordainenak ere, gertatu baldin badira, eta ordainketen ziurtagiriak.

e) Beste erakunde publiko edo pribatuetatik laguntzak jaso izanaren ziurtapena.

f) Prezio kontrajarrien aktak, bidezkoak direnean.

g) Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen %70eko balorizazioa betetzen dela behar bezala egiaztatzeko, entitate onuradunek honako jarraibide hauek bete beharko dituzte:

1) Onuradunak laburpen-memoria bat aurkeztuko du. Memoria horretan, sortutako hondakinen guztizko kopurua jasoko da, EHZ kodeen arabera sailkatuta, bai eta destinoko kudeatzaileen ziurtagiriak ere, instalazio bakoitzean lortutako balorizazio ehunekoa adierazita. Balorizatu ezin diren hondakin arriskutsuak ez dira kontuan hartuko helburu hori lortzeko.

2) Eraispen selektiboa egiteko neurriak ezarri direla egiaztatzeko, kudeatzaileek emandako ziurtagirietan jasotako EHZ kodeak erabiliko dira, sortutako hondakinak entregatu direla justifikatzeko. Kode horiek gaika kendutako zatikiei dagozkienak izanen dira, adibidez: 170101, 170102, 170201, 170202, 170203, 170402, 170403 edo 170405.

3) Obran bertan hondakinen bat balorizatuz gero, onuradunak balorizatutako kopuruei buruzko informazioa sartuko du laburpen-memorian, EHZ kodearen eta erabilitako bitartekoen arabera sailkatuta (instalazio mugikorra, kudeatzailea, etab.).

4) Hondakinetatik heldu diren agregakin birziklatuak erabiliz gero, onuradunak material horiek erosiak direla frogatzeko dokumentazioa erantsi beharko du laburpen-memorian, eta material kopurua eta mota adierazi beharko ditu.

5) Amianto-hondakinak sortzen badira, tratamendu egokia jaso dutela frogatu beharko da. Horretarako, amianto-hondakinak sortu diren lekutik hondakinak kudeatzeko plantara lekualdatu aurretik jakinarazpen bat igorri beharko da, eta baita mugimendu horiei lotutako hondakinen lekualdaketak identifikatzeko dokumentuak ere, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuan ezarritakoa betez.

h) Plano geoerreferentziatuak, Shape formatu digitalean.

Azken ordainketa eginen da Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu eskudunak txosten teknikoa eman ondoren, behin lana ikuskatu eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuta.

Hala ere, egindako gastua justifikatzeko dokumentazio osagarria eskatzen ahalko da, bai eta Suspertze Planaren kudeaketa- eta jarraipen-sistema betetzeko ere, sistema hori elikatzeko beharrezkoa denaren berri emanez; horrez gain, Estatuko edo Europako araudiak finantzaketaren eta helburuen kudeaketarako, jarraipenerako eta kontrolerako aurreikusten dituen aplikazio informatikoak edo datu-baseak ere eskatzen ahalko dira.

Salbuespen gisa, eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik ezin bada bi justifikazioetan aurreikusitako epeetan gauzatu edo justifikatu, organo emaileak erabaki dezake gauzatzeko edo justifikatzeko epea luzatzea, betiere emandako epea amaitu baino lehen, eta kalterik egin gabe SEEPen eta Nafarroarako Plan Nazionalean finkatutako mugarriei eta helburuei. Luzapena ebazpen arrazoitu bidez erabakiko da.

15. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.

1. Entitate onuradunek azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte, eta zehazki:

a) Diruz lagundutako inbertsioa ematea justifikatzen duen helburua betetzea eta 2023ko abenduaren 31n gauzatuta edukitzea aurreikusitako inbertsioaren %50 baino gehiago, bai eta 2025eko martxoaren 31n bukatzea ere, beranduenez.

b) Egindako gastua justifikatzea, oinarri hauetan ezarritako moduan eta epean.

c) Diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga onartzea.

d) Organo emaileari jakinaraztea beste administrazioetatik edo entitate publiko zein pribatuetatik xede bererako eskuratutako edozein dirulaguntza mota.

e) Dirulaguntza emateko ebazpen proposamenaren egunean, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Ogasunarekin zorrik ez izatea.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta bestelako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, xedatzen duten bezala onuradunei aplikatzekoak zaizkion merkataritzako eta sektoreko legeek.

g) Jasotako funtsak itzultzea, foru lege honen 35. artikuluan eta aplikatzekoa den gainerako araudian zehazten diren kasuetan.

2. Berariazko betebeharrak dira:

a) Berdintasunaren arloko araudia betetzea, eta, ahal den guztietan, tratu- eta aukera-berdintasuna sustatzeko irizpideak sartzea entitate onuradunak deitzen dituen kontratazio-prozedura guztietan.

b) Bat etorriz azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluarekin, ondasun inbentariagarriak eskuratzen, eraikitzen, birgaitzen eta hobetzen badira, onuradunak ondasun horiek dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiltzeko izanen duen epea ez da zazpi urtetik beherakoa izanen erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, ezta bi urtetik beherakoa ere gainerako ondasunen kasuan.

c) Eraikuntza lekuan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakin ez-arriskutsuen %70 gutxienez (pisuan), –alde batera utzita 2000/532/EC Erabakiak ezarritako Europako Hondakinen Zerrendan 17 05 04 kategorian aipatutako material naturala–, berrerabiltzeko, birziklatzeko eta beste material batzuk berreskuratzeko prestatuko dira, betelanak barne, hondakinak beste material batzuk ordezkatzeko erabil daitezen, bat etorriz Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako kutsadura-hierarkiarekin eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko Europako protokoloarekin.

d) Gerora jarduketak ustiatzeko, kontserbatzeko eta mantentzeko konpromisoa hartzea.

e) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez. Dokumentuak bost urtez gordetzea formatu elektronikoan, eragiketa egiten denetik aurrera, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluarekin (erregelamendu hori Batasunaren aurrekontu orokorrari aplikatzekoak diren finantza-arauei buruzkoa da).

f) Zabalkunderako neurriak hartzea, dirulaguntzaren xedeko jarduketen finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia emateko. Zabalkunderako neurri horiek diruz lagundutako xedera egokitu behar dira, bai formari dagokionez, bai iraupenari dagokionez.

Publizitatea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan eta hura garatzeko arauetan eta eskuliburuetan ezarritakoaren arabera eginen da. Erregelamendu horrek Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen du.

Horretarako, Europar Batasunaren ikurra erabiliko da eta finantzaketaren deklarazio egoki bat, adierazten duena «Europar Batasunak finantzatua - Next Generation EU» https://ec.europa.eu/regional_policy/en/information/logos_downloadcenter/; era berean, Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari erreferentzia egiten dion logotipoa gehituko da karteletan, material inprimatuetan, bitarteko elektronikoetan edo ikus-entzunezko baliabideetan, edo ikus-entzunezko komunikabideetan egiten diren aipamenetan.

F2205785_0.pdf

–Beharrezkoa denean, bertsio monokromatikoak, positibo beltza eta negatibo zuria erabiltzen ahal dira.

Kartel edo plakek jarduketaren izena eta helburu nagusia adieraziko dituzte. Horiek prestatzeko jarraikiko zaie Batzordeak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritako publizitate-neurriak garatzeko, hartutako ezaugarri teknikoei eta horiek garatzen dituzten arau eta gidaliburuei. Goian aipatutako erregelamenduaren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa.

g) Bermatzea errespetatuko dela ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa, bai eta klima arloko etiketatzea ere, honakoetan aurreikusitakoarekin bat: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua eta hura garatzeko araudia. Aipatu erregelamenduaren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa.

Zehazki, aintzat hartuko da Batzordearen Komunikazioa, hau da, “Kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” aplikatzeari buruzko gida teknikoa, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren arabera (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=uriserv:OJ.C_.2021.058.01.0001.01.SPA), eta, horrekin batera, Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onesten duen Kontseiluaren Betearazpen Erabakiaren Proposamena (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=CELEX:52021PC0322) eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak prestatutako orientazio gida (https://www.miteco.gob.es/es/ministerio/recuperacion-transformacion-resiliencia/transicion-verde/guiadnshmitecov20_tcm30-528436.pdf).

h) Onuradunek berariazko konpromisoa hartuko dute Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak nahiz beste edozein organo edo agintaritza eskudunek emandako jarraibideak betetzeko, baldin eta edozein araudi onesten bada Europan nahiz estatuan Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa nahiz Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko edo kudeatzeko. Horretarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikulua betetzeko eskatzen zaizkien datuak eta informazioa eman beharko dituzte.

i) Irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 6. eta 7. artikuluekin bat etorrita, neurriak hartu beharko dituzte iruzurra eta ustelkeria prebenitu, atzeman eta zuzentzeko, bai eta interes-gatazkak eta finantzaketa bikoitza (proiektuak gauzatzeko prozeduretan) ekiditeko ere.

j) Onuradunek men egin beharko diete Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak, Europako Funtsen Idazkaritza Nagusiak, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak, Kontuen Auzitegiak eta Europako Batzordeko kontrol- eta fiskalizazio-organoek egin ditzaketen bestelako egiaztapen-jarduketei eta finantza-kontrolekoei, edo Estatuko zein Europar Batasuneko kontrol-organo zein -agintari eskudunek egin ditzaketenei, betiere bat etorriz Europako funtsekin kofinantzatutako laguntzen kudeaketari aplikatu beharreko arauetan ezarritakoarekin; horretarako, eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute, eta ahalegin guztiaz arituko dira, elkarlanean, hala Estatuko nola Europar Batasuneko finantza-interesak babestearen alde, eta aipatu organo eta agintari horiei informazioaren gaineko eskubidea eta sarbidea emanen diete.

k) Dirulaguntza emateko nahitaezkoa izanen da onuradunek konpromisoa hartzea, idatziz, informazioaren gainean behar diren eskubideak eta sarbideak lagatzeko, bermatze aldera Europako Batzordeak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak (OLAF), Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta Estatuko agintaritza eskudunek beren egitekoak egin ditzaketela, hori guztia Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. apartatuaren e) letran ezarritakoarekin bat.

l) Funtsen erabilerari lotutako auditoretza- eta kontrol-ondorioetarako, eta Suspertze eta Erresilientzia Planaren esparruan eraberritze-jarduketetara eta inbertsio-proiektuetara bideratutako neurriei loturik, onuradunek Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren esku jarri beharko dute funtsen amaierako hartzailearen datuen informazioa, onuraduna bera ez denean, eta kontratisten gaineko informazioa, amaierako hartzailea adjudikazio-boterea denean, hori guztia betetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. apartatuan eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Informazio horrek irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 10. artikuluarekin bat etorrita egon beharko du eskuragarri.

16. oinarria.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzaren itzulketa.

1. Baldin eta oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendutik (Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen duena) eratorritako printzipioak eta betebeharrak betetzen ez badira, edo ez bada betetzen beste edozein alderditan eta aplikatzekoa den Europar Batasuneko gainerako araudian ezarritakoa, eta, bereziki, kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa, emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua zein den, dirulaguntza itzuli beharko da, aipatu foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Onuradunak honako hauek ez betetzearen ondorioz eginen da itzulketa osoa:

a) Eskatutako baldintzak edo betekizunak faltsutzea edo ukoa ekarriko luketenak ezkutatzea.

b) Dirulaguntza ematea justifikatzen duen xedea erabat ez betetzea.

c) Administrazioak finantzak kontrolatzeko eta egiaztatzeko egiten dituen jarduketei uko egitea, aurka egitea edo oztopoak jartzea.

d) DNSH printzipioa ez betetzea, hau da, kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa.

Oinarri hauetan jasotako gainerako betebeharrak ez betetzeak itzulketa partzialak eragiten ahalko ditu, proportzionaltasun-printzipioa errespetatuz.

3. Entitate onuradunaren betetze-maila nabarmen gerturatzen zaionean jardueraren erabateko betetze-mailari, eta onuradunak argi eta garbi frogatzen badu hartutako konpromisoak betetzeko ahaleginak egiten ari dela, instrukzio-organoak aurrez emanen duen txostenaren bidez zehaztuko da jaso beharreko zenbatekoa, edo, kasua zein den, itzuli beharrekoa, betiere proportzionaltasun-irizpidearekin bat. Dirulaguntzaren xede den jarduera partez gauzatuz gero, kontuan hartuko da noraino zati daitezkeen jarduera eta kasu bakoitzean lortu nahi den helburu publikoa, baldintza izanik aurreikusitako helburuak betetzea.

Betetze nabarmena izanen da, baldin eta gauzatutakoak onura publikoa badu oinarri hauetan ezarritako xederako. Kasu horretan, gastu diruz lagungarriaren zer portzentaje gauzatu eta justifikatu den, horren baliokidea den laguntzaren portzentajea jasotzen ahalko du onuradunak soilik. Bereziki, kontuan hartu behar da modulu, fase edo unitate indibidualizatuak dauden, modu independentean egin daitezkeenak.

4. Dirulaguntza itzultzeko, dirulaguntzaren organo emaileak ebazpena eman beharko du, dagokion espedientearen instrukzioaren bitartez; horrek ekarriko du jasotako dirulaguntza itzultzea, bai eta kasuan kasuko berandutze-interesak ordaintzea ere, dirulaguntza ordaindu denetik hura itzultzea bidezkoa dela erabaki arteko epeari dagozkionak.

17. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa (42. artikulua eta hurrengoak) aplikatuko da.

2. Zehapen prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa izanen da.

18. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Laguntza hauek ez dira bateragarriak beste jarduketa batzuekin baldin eta Europako funtsen esleipen irmoa badute laguntza eskatzen den egunean indarrean dagoen finantza-programazioaren esparruan, edo Estatuko Administrazio Orokorraren finantzaketa badute, harekin sinatutako hitzarmen edo protokolo baten barnean daudelako.

Laguntza horien bidez emandako finantzaketa ez da bateragarria Europar Batasuneko beste egitura-funts batzuen baterako finantzaketarekin.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoak nahiz atzerrikoak izan, emandako beste laguntza batzuekin, salbu eta aurreko paragrafoan aipatutakoekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Toki-erakundeak aitortu beharko du zer laguntza edo dirulaguntza lortu edo eskatu duen deialdi honetara aurkezten dituen jarduketak finantzatzeko, bai eskaera formalizatzeko unean, bai hori gertatzen den ondorengo edozein unetan.

2. Dirulaguntza hauen eskatzaileak edo onuradunak inbertsioa finantzatzeko beste diru-sarrera, laguntza edo dirulaguntza batzuk baditu, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Dirulaguntzak eman aurreko fasean. Inbertsioaren aurrekontu diruz lagungarria proiektatutako inbertsioaren gauzatze materialari dagokiona izanen da, emandako beste laguntza, dirulaguntza edo diru-sarrera batzuen zenbatekoa kenduta.

b) Beste laguntza eta dirulaguntza batzuk dagokion deialdia ebatzi ondoren ematen badira, bi ekarpenek inbertsioaren gauzatze materialaren kostua gainditzen dutenean soilik murriztuko da dirulaguntza.

19. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan xedatutakoarekin, emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko dira Nafarroako Gobernuaren http://www.nafarroa.eus webgune ofizialean eta Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Gainera, laguntza horien gaineko informazioaren eta kontrolaren ondorioetarako, informazioa lagako da Europako Funtsen Sistemekin dirulaguntza horiek kudeatzeko eta kontrolatzeko ezarritako sistemen artean.

20. oinarria.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

21. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedaturikoarekin bat.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskaera.

II. eranskina.–Baldintzak betetzearen ziurtagiria.

III. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

IV. eranskina.–Konpromisoen adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari buruzkoa.

V. eranskina.–Datuak laga eta tratatzeko adierazpenaren eredua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzearekin loturik (SEEP).

VI. eranskina.–Berariazko baimena Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko agintariei sarbidea emateko.

VII. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua, adierazten duena ez zaiela kalte nabarmenik eraginen (DNSH) sei ingurumen-helburuei, bat etorriz 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluarekin.

Deskargatu I., II., III., V., VI. eta VII. eranskinak (DOC).

Deskargatu IV. eranskina (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2205785