87. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IZABA

Ordenantza, ibilgailuak aparkatzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Izabako Udalak 2021eko abenduaren 15ean egindako osoko bilkuran, hasierako onespena eman zion Izabako udal-mugartean ibilgailuak aparkatzea arautzen duen udal ordenantza.

Erabaki hori 2022ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 15ean.

Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, Ordenantza hori behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratzea erabaki da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Izaban, 2022ko apirilaren 6an.–Lehen alkateordea, Carlos Anaut Abadía.

UDAL ORDENANTZA, IZABAKO UDAL-MUGARTEAN IBILGAILUAK APARKATZEA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Izabako udal-mugartea (Nafarroa) Pirinioen bihotzean dago, erdi/goi mendialdean, eta gero eta ibilgailu motordun gehiago egon ohi dira hori dela eta.

Urteko egun gehienetan, herriak biztanle gutxi hartzen ditu, eta, horrenbestez, ez dago arazo nabarmenik, ez mugikortasunari eta aparkatzeko lekuei dagokienez, ez bizikidetzari eta ingurumena zaintzeari gagozkiola.

Alabaina, udalerrian zirkulatzeko eta aparkatzeko arazoak larriagotzen ari dira azken urteotan, bereziki, garai jakin batzuetan: batetik, egun elurtsuetan, ibilgailu asko ibili ohi baitira halako egunetan, eta horregatik, elurra kentzeko makinei kosta egiten baitzaie euren zeregina gauzatzea; eta bestetik, uztailean, abuztuan, eta, bereziki, jaiegun nabarmenetan (esate baterako, asteburuetan, Aste Santuan, Eguberrietan eta kirol probak egiten direnean). Horrelako egunetan, auto metaketa eta ilaren eraginez, mugikortasun arazo larriak sortzen dira.

Aparkatutako ibilgailuek inbaditu egiten dute paisaia, zirkulazioaren ohiko garapena oztopatzeaz gain, eta horrek, jakina, eragin negatiboa du herrian; izan ere, gunearen ingurumen erakargarritasuna nabarmen okertzen du.

Azken batean, paisaia aparkaleku ezatsegin bilakatzen da.

Ordenantza honen helburua, beraz, Izabako udalerriari udal-mugartean mugitzea eta aparkatzea arautzeko baliabide juridiko bat ematea da, herrian bete beharko diren parametroak eta arauak ezarriz, eta kontuan izanik, betiere, aparkaleku, bide, belardi eta oihanetan aparkatzeak nolabaiteko mugak izan behar dituela, ingurumenarekiko eta Izabako gainerako bisitari eta biztanleekiko bizikidetza errespetuan funtsatuta egon dadin.

Ordenantza honek Izabako udal-mugarteko aparkalekuak arautzen ditu; halere, ordenantza partikular bidez arautzen dela kontuan izanik, hirigunea ez da ordenantza honen eraginpean egonen.

Errepideen eta bideen ertzetan behar bezala seinaleztatutako aparkalekuak aurreikusi dira.

Ordenantza lau kapitulutan eta azkeneko bi xedapenetan banatuta dago.

I. kapitulua orokorra da, eta ordenantzaren xedea eta aplikazio agenteak jasotzen ditu. II. kapituluak jarduketa eremua eta zedarritutako gune guztiak deskribatzen ditu. III. kapituluan, berriz, Izabako udal-mugartean aparkatzeko araubidea garatzen da. IV. kapituluak, azkenik, ordenantzan xedatutakoa ez betetzeagatik zehapenak ezartzeko prozedura biltzen du.

I. KAPITULUA

Xedea eta zirkulazio agenteak

1. artikulua. Arau orokorrak.

Aparkatzeari buruzko ordenantza honek Izabako (Nafarroa) udal-mugarteko erabilera publikoko bideetan ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa arautzen du. Honako hauetan xedatutakoari jarraikiz idatzi da: Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 252.b) artikulua; 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena; eta 36/1994 Foru Dekretua, urtarrilaren 14koa, Lurzoru ez-urbanizagarrian ibilgailu motordunen jarduera antolatuak eta zirkulazio librea arautzen dituena.

Aginduek bide horietatik zirkulatzen duten pertsona guztiak behartzen dituzte, ibilgailuen edo animalien gidari diren aldetik zein oinezkoak diren aldetik. Ordenantza honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren arauak eta hura osatzen edo garatzen duten gainerako xedapenak aplikatuko dira.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen helburua Izabako udal-mugartean ibilgailuek nola zirkulatu eta aparkatu behar duten arautzea da, bereziki ibilgailu motordunen joan-etorri handieneko eremuetan, ingurumen kutsadura murrizte, bide segurtasuna handitze eta aparkatzeko eremuak behar bezala kudeatze aldera.

3. artikulua. Zirkulazio agenteak.

Agintaritza agente eskudunei –Guardia Zibilari, Foruzaingoari, Ingurumen Departamentuko Basozainei, edo/eta Izabako Udalak izendatutako langileei– dagokie trafikoa ordenantza honen aplikazio eremuan arautzea. Halaber, haien eskumena izanen da ordenantza honetan eta aplikatzeko diren gainerako xedapenetan xedatutakoaren aurkako arau-hausteengatik egin beharreko salaketak egitea.

Agintaritza agenteek trafikoa arautzeko gauzatzen dituzten seinaleak eta oharrak ahalik eta azkarren beteko dira; izan ere, horiek lehentasuna izanen dute zirkulazio arauen eta beste edozein seinale finko edo argitsuren aurretik, nahiz eta kontraesankorrak izan.

II. KAPITULUA

Aplikazio eremuak

4. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremuak Izabako udal-mugarte osoa hartzen du; halere, ordenantza partikular bidez arautzen dela kontuan izanik, hirigunea ez da ordenantza honen eraginpean egonen, ez eta Nafarroako Gobernuaren titulartasuneko errepideak ere.

Eremu hori ordenantzaren eranskinean jasotako planoetan dago adierazita grafikoki.

Ordenantza hau aparkaleku, bide, belardi eta oihanetan aplikatuko da; horrek esan nahi du eremu guztian debekatuta dagoela ibilgailuak bide, belardi eta oihanetan aparkatzea, ordenantza honetan eta behar bezala seinaleztatutako guneetan zehaztutako kasuetan izan ezik.

5. artikulua. Aparkatzeko guneak.

Izabako udalerri osoan aparkatzeko guneak zedarritu eta behar bezala seinaleztatu dira.

III. KAPITULUA

Izabako udal-mugartean aparkatzeko araubidea

6. artikulua. Izabako udalerrian aparkatzea kontrolatzea.

Izabako Udalak kontrolatu nahi du ibilgailuek non aparkatzen duten Izabako udal-mugarte osoan.

Izabako Udalak behar bezala seinaleztatuko ditu aparkatzeko guneak.

Izabako Udalak ahalmena izanen du Izabako udal-mugartean gaitutako aparkaleku guztietan ordaindu beharreko datak, ordutegia eta tasak ezartzeko.

7. artikulua. Aparkatzeko arauak.

Oro har, baimenduta egonen da eguneko ordutegian aparkatzea errepideen eta landa bideen ertz guztietan, betiere ingurumenari kalterik eragiten ez bazaio eta ibilgailua aparkatuta geratzen bada gainerako bide erabiltzaileen joan-etorri normala oztopatu gabe eta finka partikularretarako sarbidea eragotzi gabe.

8. artikulua. Debekuak.

Oro har, ibilgailuek debekatuta izanen dute behar bezala seinaleztatutako bide publiko, errepide eta aparkalekuen ertzetik kanpo zirkulatzea eta aparkatzea Izabako udal-mugarte osoan.

Oro har, debekatuta dago Izabako udalerri osoan ibilgailuak gauez aparkatzea, behar bezala seinaleztatutako aparkalekuetatik kanpo.

Neguan, aparkaleku jakin batzuetan gauez aparkatzea mugatzen edo erabat debekatzen ahalko da, elurra errazago garbitzeko, aparkalekuak antolatzeko, eski pistetan sartzeko eta abarrerako.

Orokor har, jokabide hauek debekatuta egonen dira:

a) Aparkaleku gisa seinaleztatu gabeko eremuetan aparkatzea.

b) Aparkatzeko guneetan ezarritako tasa ordaindu gabe aparkatzea.

c) Ibilgailua aparkatzeko plazaren perimetro markez haraindi aparkatzea.

d) Beste mota bateko ibilgailuetarako erreserbatutako plaza batean aparkatzea.

e) Baimendutako ordutegietatik kanpo aparkatzea.

f) Ibilgailua 72 orduz jarraian leku berean aparkatuta izatea.

g) Aparkatzeko guneetan kanpatzea.

Hau joko da kanpatzetzat: ibilgailuaren barneko jarduera kanpoaldera igarotzen denean, ibilgailuaren perimetroa gainditzen duten elementuak zabalduz, hala nola olanak muntatuz, leiho eraisgarriak irekiz edo ibilgailuaren inguruetan mahaiak eta aulkiak atereaz, egonkortzeko hankak edo mailak erabiliz, ibilgailutik kanpo sorgailuak erabiliz edota musika ekipoak edo antzekoak usatuz, baldin eta ibilgailuaren kanpotik ikusten ahal badira.

9. artikulua. Salbuespenak.

1. Zerbitzuak ematen ari diren ibilgailu ofizialak.

2. Abeltzaintzarekin, nekazaritzarekin, baso ustiapenekin, ehiza eta arrantzarekin, obrekin eta abarrekin lotutako jardueretan erabilitako ibilgailuak.

3. Finka partikularretan aparkatutako ibilgailuak, jabearen berariazko baimena edota lurzati horrekiko lotura egiaztatzen duen errentamendu kontratua edo antzekoa dutenak.

4. Baimenduriko kanpaldiak egitearekin loturiko ibilgailuak.

5. Ordenantza honetan jasotzen ez diren arrazoiak direla-eta Udalak interes orokorrekotzat jotako beste edozein ibilgailu, baldin eta aparteko baimena merezi duela baderitzo Udalak.

IV. KAPITULUA

Arau-hausteak, zehapenak eta zehapen prozedura

10. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honen arau-haustea da ordenantzaren artikuluetan ezarritakoa ez betetzea, egitez edo ez-egitez.

Estatuko legeriak ezartzen duenari jarraituz, arau-hausteak honela sailkatuko dira: oso astunak, astunak eta arinak.

Ordenantza honen edo aplikatzekoak diren bestelako legezko xedapenen kontrako ekintzak edo ez-egiteak arau-hauste administratibotzat joko dira, eta bertan jasotzen diren kasuetan, moduan eta neurrian zigortuko dira, salbu eta zigor legeetan jasota dauden delituak edo faltak badira. Kasu horretan, udal administrazioak jurisdikzio ordena eskudunari pasatuko dio erruduntasun testigantza, eta ez du zigor prozedurarekin jarraituko autoritate judizialak epai irmoa ematen ez duen bitartean.

Ordenantza honetan jasotako arauen kontrako arau-hausteak arintzat joko dira, baldin eta hurrengo apartatuetan espresuki astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez badira.

Arau-hauste astuntzat hartuko dira ordenantza honetan tipifikatutako honako jokabide hauek:

–Leku arriskutsuetan edo trafikoa larriki oztopatzen duten tokietan gelditzea eta aparkatzea.

–Bide eta errepideetatik kanpo zirkulatzeagatik belardi eta oihanetan ingurumen erasanak eragitea.

–Behar bezala seinaleztatutako aparkalekuetatik kanpo gaueko ordutegian aparkatzea.

–Aparkatzeagatik ibilgailuei pasatzea edo finka partikularretara sartzea oztopatzea.

Aurreko apartatuan aipatzen diren arau-hausteak oso astuntzat hartuko dira, baldin eta arrazoi hauetakoren baten ondorioz arrisku inguruabarrak gertatzen badira: zirkulazio handia egotea; eguraldiaren edo ikuspenaren egoera txarra; ibilgailuak eta beste bide erabiltzaile batzuk aldi berean zirkulatzea bidean; edo antzeko beste edozein egoera, baldin eta arau-hauste astunak egiten diren unean horietan aurreikusitako arriskuari beste arrisku jakin bat gehitzen badiote.

11. artikulua. Zehapenak.

Trafikoari eta bide segurtasunari buruz indarrean den legearen aurkako edozein ekintza edo ez-egite lege horretan ezarritakoaren arabera zehatuko da.

Aparkatzeari buruzko ordenantzaren gainerako arau-hauste motak eta horiei dagozkien zenbatekoak ordenantza honen 2. eranskinean zehaztuta daude, eta ordenantzan jasotakoak alkatearen dekretu bidez handitzen ahalko dira.

Aurreko zenbakian aurreikusitako isun zehapenak, egitatea zigor legeen bidez zigortuta ez badago eta gidabaimena etetea eragin ezin badute, salaketa jakinarazi eta hurrengo 10 egunen barruan gauzatzen ahalko dira, eta behin-behinean finkaturiko zenbatekoa % 50 murriztea eraginen du horrek.

Arau-hausleak ohiko egoitza estatu espainiarrean duela frogatu ezean, agente salatzaileak behin-behinean ezarriko du isunaren zenbatekoa, eta arau-hausleak isuna ordaintzen ez badu edo zuzenbidean onartutako beste bideetako edozein erabiliz ordainketa bermatzen ez badu, ibilgailua ezarririko baldintzei jarraikiz ibilgetuko du agenteak. Nolanahi ere, aurreko paragrafoan % 20ko murrizketari buruz aurreikusirikoa hartuko da kontuan.

Zehapenak honako hauen arabera mailakatuko dira: egitatearen larritasuna eta garrantzia, sorturiko arriskua eta, gainera, arau-haustea dagokion bandoan bilduriko zirkulazio azkarreko edo oso trinkoko bideetan –oinarrizkoetan– edo gainerako bideetan –ez-oinarrizkoetan– gauzatzea.

Arau-haustearen arabera, eta baimendutako mugen barruan, udal organo eskudunak ezarriko du, dagokion isun taulan, ordenantza honetan bilduriko arau-hausteengatiko zehapenen zenbatekoa.

12. artikulua. Zehapen esparruaren eskumena.

Alkate udalburuaren eskumena izanen da, edo horretarako eskuordetutako zinegotziarena, ordenantza honetan jasotako aginduak hausteagatiko zehapenak ezartzea. Prozedura ofizioz abiaraziko da.

Guardia Zibilaren, Foruzaingoaren edo Basozainen salaketek, bide zirkulazioa zaintzeko eta kontrolatzeko lanetan ari direnean, frogaren balioa dute, salaketaren egitateen gainean izan litezkeen froga guztiak ekarri beharko badituzte ere. Horrek ez die ezertan galaraziko salatuei beren defentsan frogak ekarri edo izendatzea.

Udal langileen salaketek froga gisa balio dute, baldin eta bide zirkulazioa zaintzeko eta kontrolatzeko lanetan ari direnean egiten badituzte eta horretarako izendatu badituzte, baina salaketaren egitateen gaineko albait froga gehien ekarri beharko dituzte. Horrek ez du ezertan ukatuko salatuek ere beren defentsan frogak ekarri edo izendatzen ahal izatea.

Halaber, edozein pertsonak aurkezten ahalko du ordenantza honetako aginduak haustegatiko salaketa, horrelakorik ikusiz gero. Kasu horretan, salaketak ez du egiazkotasun presuntziorik izanen.

13. artikulua. Isunen taula.

Oro har, ordenantza honetako aginduak urratzen dituzten arau-hausteak, ordenantza honetako 2. eranskinean ageri den isun taularen arabera zehatuko dira.

Nolanahi ere, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.k) artikuluan xedaturikoari jarraikiz, Osoko Bilkuraren eskumena izanen da, ebazpen justifikatuaren bidez, ordenantza honetako aginduen aurkako arau-hausteengatiko isunen taula berri bat ezartzea.

14. artikulua. Arau-hausteen erantzulea.

Arau-haustearen erantzule den gidaria ezezaguna bada, Probintziako Trafiko Buruzagitzaren erregistroan ibilgailuaren titular gisa ageri den pertsonari jakinaraziko zaio salaketa.

Ibilgailuaren titularrak gidari arau-hauslearen datuak eman beharko ditu, eta betebehar hori dagokion prozedura izapidean betetzen ez badu arrazoi justifikaturik gabe, diru zehapena ezarriko zaio falta astunaren egile gisa.

Ezarririko zehapena irmoa izanik ere gidariak ez badu ordaintzen, ibilgailuaren titularrari eskatzen ahalko zaio ordaintzeko.

15. artikulua. Salaketak egitea.

Agintaritza agente eskudunek ordenantza honetan jasotako aginduak urratzen dituzten egitateei dagozkien salaketak eginen dituzte.

Halaber, Izabako Udalak langileak gaitzen ahalko ditu ordenantza honen eremuan sartuta dauden zirkulatzeko eta aparkatzeko espazioak zaindu eta kontrolatzeko, eta espazio horietan egindako arau-hausteengatiko salaketak egiteko.

Azkenik, edozein pertsonak salaketa egiten ahalko du ordenantza honetako aginduak urratzen dituzten egitateengatik.

16. artikulua. Salaketaren datuak.

Egiten diren salaketetan, hala errekerimendukoetan nola ofizioz egindakoetan, datu hauek jaso beharko dira nahitaez:

–Ustezko arau-haustea zer ibilgailutan egin den, ibilgailu horren identifikazioa.

–Gidaria nor den, jakinez gero. Salatutako egitatearen eta haren inguruabarren zerrenda, ustezko arau-haustea non eta zer egun eta ordutan egin den adierazita.

–Salatzailearen izena, lanbidea eta helbidea. Datu horien ordez identifikazio zenbakia jartzen ahalko da, salaketa Guardia Zibileko edo Foruzaingoko agente batek egin badu bere eginkizunak betez.

17. artikulua. Borondatezko salaketak

Borondatez egindako salaketak honako arau hauen arabera izapidetuko dira:

1.–Salaketa trafikoaren zaintzaz arduratzen den agentearekin –gertaeren lekutik gertuen dagoenean– egiten ahalko da, edo nahiago izanez gero, alkateari udalburuari zuzendutako idazki baten bidez, zeina Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko baita.

2.–Salaketan honako hauek adieraziko dira: salatzailearen izena, lanbidea, helbidea eta NANa; salatuaren datu horiek, jakinez gero; egitateen zerrenda laburra; arau-haustea non, zer egunetan eta zer ordutan gertatu zen; eta ibilgailuaren matrikula eta marka.

3.–Salaketa trafikoa zaintzeko ardura duten agenteen aurrean egiten bada, agente horiek dagokion salaketa buletina eginen dute, eta bertan, aurreko paragrafoan aipatutako datuak biltzeaz gain, adierazi eginen da salatutako arau-haustea pertsonalki egiaztatu ahal izan ote den eta salatuari aipatutako buletinaren kopia bat eman ahal izan ote zaion.

4.–Dagokion salaketa jaso ondoren, eta salatuari kopia bat eman bazaio, salatuari salaketa helarazi eta jakinarazi eginen zaio egokiak iruditzen zaizkion alegazioak hamabost eguneko epean idazki bidez egiteko eskubidea duela baina frogak aurkeztu edo proposatu behar dituela horretarako. Prozedurak hurrengo artikuluan aurreikusitako moduan jarraituko du.

18. artikulua. Nahitaezko salaketak.

Nahitaezko salaketak honako izapide hauen arabera eginen dira:

1.–Salaketa jarri duen agenteak hiru aletan emanen du salaketa orria, eta ale bat emanen dio arau-hausleari.

Orri horretan, honako datu hauek jasoko dira: egitateen zerrenda laburra, non, zer egun eta zer ordutan hauteman diren, ibilgailuaren matrikula eta ezaugarriak, hautsitako araua, salatuaren izena, helbidea eta NANa (bertan baldin bazegoen), eta salaketa egin duen agentearen identifikazio zenbakia.

Salaketa orria salatzaileak eta salatuak sinatuko dute; salatzaileak sinatzeak, dena den, ez du esan nahi egitateak onartzen dituenik.

Arau-hausleak sinatzeari uko egiten badio, edo sinatzen ez badaki, salaketa egiten duen agenteak idatziz jasoko du inguruabar hori, eta horrek sinaduraren ondorio berak izanen ditu.

Salatutako gidaria salaketa egiteko unean ez badago, ibilgailuaren haizetako-garbigailuak lotuta jarriko da orria; horrek, dena den, ez du esan nahi arau-haustea jakinarazi denik.

Prozesua azkarragoa eta merkeagoa izan dadin, modu mekanizatuan ematen ahalko dira salaketa orriak; tiketak eta salaketa orriak emateko gailuen bidez, hain zuzen.

2.–Salaketa orria entregatu ondorengo hamabost egun baliodunetan (artikulu honetako 4. apartatuan aurreikusitako kasuetan izan ezik entregatzeak haren jakinarazpen gisa balioko baitu), salatuak deskargu idazkia aurkezten ahalko du, eta egokitzat jotzen dituen frogak aurkeztu edo proposatu.

3.–Egitateak ikertzeko eginbideak amaitu ondoren, dagokion ebazpena emanen da, eta salatuari haren edukia jakinaraziko zaio, eta, hala badagokio, adieraziko zaio zer errekurtso jartzen ahalko dituen.

4.–Justifikatutako arrazoiak direla-eta salatuari salaketa orria eman ez bazaio, haren edukia jakinaraziko zaio, eta jakinaraziko zaio hamabost egun balioduneko epean alegazioak egiteko eskubidea duela.

19. artikulua. Deskargu orria.

Borondatezko salaketaren bidez hasitako prozedura batean deskargu orria aurkezten denean, proposatutako froga egin aurretik edo, halakorik proposatu ez bada, dagokion ebazpena eman aurretik, salatzaileari entzunen zaio hamar eguneko epean, eta hark, egoki baderitzo, egokitzat jotzen duen proba osagarria proposatzen ahalko du.

Agente batek salatuta hasitako prozedura batean deskargu orria aurkezten bada eta bertan salatuaren egitatea edo haren edozein inguruabar aurkaratzen bada, salaketa egin duen agenteari igorriko zaio, hamabost eguneko epean txostena egin dezan; agenteak berresten badu, salatutako egitateak egiaztatuko ditu, kontrako frogarik ezean.

Adierazitako epea iragan ondoren, salatzaileak eta salatuak alegatutakoa eta frogatutakoa ikusita, eta, beharrezkoa izanez gero, froga eginda eta interesdunei entzun eta gero (egitateak ikertzeko eta kalifikatzeko behar-beharrezkoa den kasuetan), dagokion ebazpena emanen da.

20. artikulua. Gidariaren helbidea.

Jakinarazpenen ondorioetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea interesdunek espresuki adierazi dutena izanen da, eta bestela, gidarien eta arau-hausleen erregistroetan eta ibilgailuen erregistroan ageri dena, hurrenez hurren.

21. artikulua. Berraztertzeko errekurtsoa.

Alkate udalburuak zehapen-espedienteetan emandako ebazpenen aurka, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri aurretik, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu beharko zaio Izabako Udalari hilabeteko epean, alegazioen izapidean emandako ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita.

Deskargu idazkirik egin ez bada, jasoriko eta dagokion ebazpenaren oinarri bihurturiko egitateei ez zaie aurka egiten ahalko errekurtsoan, eta egitate horien kalifikazioan errakuntza edo, hala badagokio, ezarritako zehapenaren bidegabeko mailaketaren bidez bakarrik egiten ahalko da hori.

22. artikulua. Isunak ordaintzeko epeak.

Isunak udal kutxan ordainduko dira, irmo bihurtu eta hurrengo hamabost egun balioduneko epearen barruan.

Epe hori igaro baina isuna ordaindu ez bada, premiamendu-prozedura administratiboaren bidez gauzatuko da haren ordainarazpena. Horretarako, udal kontu-hartzailetzak egindako zorpekoaren ziurtagiria izanen da titulu betearazlea.

23. artikulua. Isunaren zenbatekoa murriztea.

Ordenantza honetan jasotako aginduak hausten dituztenek, egindako arau-haustea zigor legeetan tipifikatuta ez badago eta gidabaimena etetea eragiteko modukoa ez bada, isunaren zenbatekoa ordaintzen ahalko dute udalaren bulegoan, zenbatekoaren % 50eko murrizketarekin, horretarako ezarritako epeen barruan.

24. artikulua. Erreklamazioa eta errekurtsoa.

Edozein erreklamazio edo errekurtso aurkezteak ez du kobrantza prozedura etenen, salbu eta bermatzen bada zorraren ordainketa eta zorraren % 25 premiamendu-errekargua eta prozeduraren kostuak estaltzeko, eta dagokion errekurtsoan baino ez du ondoriorik izanen.

25. artikulua. Isunak preskribatzea.

Isunen ordainketa eskatzeko ekintza urtebetera preskribatuko da, administrazioaren ikuspegitik ebazpena irmo denetik kontatzen hasita; soil-soilik etenen da hura betearazteko ekintzen edo edozein motatako erreklamazio edo errekurtso jartzearen ondorioz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Garatzeko gaitzea.

Alkateari ahalmena ematen zaio ordenantza hau betearazteko eta garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Alkatearen dekretu bidez onetsi eta aldatzen ahalko dira ordenantza honen zehapenei, seinaleztapenari, hedadurari eta ordutegiei buruzko eranskinak.

Bigarrena.–Indarra hartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan aurreikusitako 15 eguneko epea iragan ondoren, epe horretan errekerimendu ahalmenak baliatzen ahalko baitituzte Estatuko edo Autonomia Erkidegoko Administrazioek.

ERANSKINAK

1. ERANSKINA

Eranskin grafikoa, gauez aparkatzea, egutegiak, ordutegiak eta tasak

APIRILAREN 1ETIK AZAROAREN 30ERA

ABENDUAREN 1ETIK MARTXOAREN 31RA

Gauez aparkatzeko ordutegiak

22:00etatik 06:00etara

22:00etatik 08:00etara

Tasak

Doan

Doan

TOKIA

APIRILAREN 1ETIK AZAROAREN 30ERA

ABENDUAREN 1ETIK MARTXOAREN 31RA

Los Nogales

Baimendua

Baimendua

Landondoa

Baimendua

Baimendua

Ezkiaga

Baimendua

Baimendua

Mata de Haya

Baimendua

Debekatua

Ángel Olorón aterpea

Baimendua

Debekatua*

El Ferial

Baimendua

Debekatua

La Contienda

Baimendua

Debekatua

Seinaleztaturiko gainerako aparkalekuak

Baimendua

Debekatua

Seinaleztatu gabeko gainerako aparkalekuak

Debekatua

Debekatua

(*) Ángel Olorón aterpean ostatu hartutakoek izan ezik.

Seinaleztatutako aparkaleku nagusiak:

L2205336_0.pdf

2. ERANSKINA

Isunen taula

ARTIKULUA

ARAU-HAUSTEAREN KALIFIKAZIOA

ZENBATEKOA (eurotan)

SALATURIKO EGITATEA

8

L

100

Bide publikoen, errepideen eta behar bezala seinaleztatutako aparkalekuen ertzetik kanpo aparkatzea.

8

L

100

Aparkalekuetan baimenduriko ordutegietatik kanpo aparkatzea.

8

L

100

Aparkatzeko guneetan kanpatzea.

8

L

100

Ibilgailua aparkatzeko plazaren perimetro markez haraindi aparkatzea.

8

L

100

Beste mota bateko ibilgailuetarako erreserbatutako gune batean aparkatzea.

8

L

100

Aparkatzeko eremu arautuetan dagokion tasa ordaindu gabe aparkatzea.

8

L

100

Ibilgailua aparkatzeko plazaren perimetro markez haraindi aparkatzea.

10

G

200

Leku arriskutsuetan edo trafikoa larriki oztopatzen duten tokietan gelditzea eta aparkatzea.

10

G

200

Bide eta errepideetatik kanpo zirkulatzeagatik belardi eta oihanetan erasanak eragitea.

10

G

200

Behar bezala seinaleztatutako aparkalekuetatik kanpo gaueko ordutegian aparkatzea.

Iragarkiaren kodea: L2205336